9. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

141/2017 FORU AGINDUA, abenduaren 29koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, María García Unciti andrea Nafarroako Administrazio Auzitegiko idazkari izendatzen duena bitarte baterako.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuaren 119. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Administrazio Auzitegiak zerbitzuaren maila organikoa du, hiru atal eta idazkaritza bat ditu, eta Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari atxikia dago.

Azaroaren 2ko 317/1998 Foru Dekretuaren 1. Artikuluak Nafarroako Administrazio Auzitegiaren egitura ezartzen du, eta, organigraman, atalaren maila duela dio.

Azaroaren 2ko 317/1998ko Foru Dekretuaren 4. artikuluak adierazten duenez, Administrazio Auzitegiko idazkari lanpostua merezimendu lehiaketa bidez beteko da, Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz. Dena dela, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioek edo hari atxikiek aldi baterako betetzen ahalko dute postua, organo eskudunak izendatu eta gero.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriak ezartzen du kasuan kasuko unitate organikoa atxikita duen departamentuko titularrak eginen duela atalburuen bitarte baterako izendapena, beharrezkoak diren txostenak eman ondoren. Horri dagokionez, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostenak jaso dira espedientean.

Hori horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. María García Unciti andrea Nafarroako Administrazio Auzitegiko idazkari izendatzea bitarte baterako. Izendapenak 2018ko urtarrilaren 3az geroztik izanen ditu ondorioak.

2. Foru agindu hau interesdunari, Nafarroako Administrazio Auzitegiari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 29an.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1800048