9. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZANGOZA

Deialdia, Luis Gil ikastetxe publikoko eskolazain lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzekoZangozako Udalak, 2017ko urriaren 27an egin osoko bilkuran, Zangozako Luis Gil ikastetxe publikoko eskolazain lanpostu bat, lan-araubide finkoan, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa onetsi du

Horren ondorioz, ondoko deialdi hau ematen da argitara:

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Zangozako Udalaren zerbitzuko eskolazain izateko lanpostu bat, Luis Gil ikastetxe publikoan jardun dezan.

1.2. Besteak beste, lanpostu horretan aritzekoa denak betebehar hauek izanen ditu:

–Eskolazaintzari dagozkion egitekoak betetzea, ikastetxean jarduna dagoen orduetan eta eskolaz kanpoko jarduerak egiten direnean.

–Zangozako udalerrian bizi behar du, zerbitzuaz behar bezala arduratzeko.

–Ikastetxe publikoko altzari, makina, instalazio eta lokalak zaintzea.

–Eraikineko, bulegoetako eta geletako giltzak zaintzea.

–Ikastetxearen kanpoko ateak eta, halaber, geletakoak eta instalazioetakoak irekitzea eta ixtea, garaiz egin ere, bertan egin beharreko jarduerak egin ahal daitezen.

–Ate nagusian atezaintzako zerbitzuaren arreta orokorra izatea, eskolazaintzako lokalean egonik sarrera-irteerak kontrolatu eta ikastetxera doazenei arreta emateko; berandu etortzen diren ikasleak eta hainbat arrazoirengatik ikastetxera joaten den kanpoko jendea hartzea, haien eskaerak jasotzea, eskaera horiei erantzuteko ardura dutenei abisatzea eta informazioa ematea ordutegi orokorraz eta ikastetxearen funtzionamenduari buruzko gainerako kontu guztiez.

–Ikastetxea itxita edukitzeaz arduratzea, zuzendaritzaren arauei jarraikiz, ikasleak, behar ez denean eta inor ohartu gabe, kanpora joan ez daitezen eta sartu beharreko pertsonak sar daitezen.

–Bere esku utzitako dokumentu, gauza eta gutunak hartu, zaindu eta banatzea.

–Ikastetxeko telefonoa hartzea eta faxaz arduratzea; abisuak jaso eta haien berri ematea. Iristen diren erosgaiak eta mezuak kontrolatzea, jasotzea eta banatzea.

–Ikastetxe barruan, behar diren materialak, altzariak eta tresnak garraiatzea, gelak prestatzea bilera edo bestelako jardueretarako, eskola edo kiroleko materiala edo bestelakoa kontrolatu eta banatzea, eta abar.

–Zerbitzuari loturiko enkarguak egitea, bai eraikinaren barrenean bai kanpoan.

–Erreprodukzioko makinak, fotokopiagailuak, koadernagailuak eta antzeko beste batzuk erabiltzea, ikastetxeko zuzendaritzak horretarako baimena emandakoan.

–Fotokopiak egitea, errepografiako enkarguak eta azaleztapen txikiak, bai zuzendaritza-taldeak bai irakasleek eskatuta.

–Administrazioko eremuaren eta liburutegiaren mantentze-lanak egitea sistematikoki, ordenari eta eraginkortasunari dagokienez (alarmak, ordutegiaren programatzailea, botika-kutxa, fotokopiagatiluak, orriak, kartulinak, gillotina, plastifikagailua, paperontziak, erremintak, eta abar).

–Ikastetxeko instalazioak sistematikoki berraztertzea eta kalte edo anomalien berri ematea zuzendaritza-taldeari eta horiek Mantentze-lanen Liburuan idaztea (entxufeak, etengailuak, lanparak eta ekipamendu elektrikoa oro har, patioetako hiri altzariak, jolaserakoak, iturriak, komunak, eta abar).

–Alarmaren eta ordutegiaren programazioaren sistema kontrolatzea.

–Berokuntza sistemaren programazioa kontrolatzea.

–Eraikineko eta eskola barrutiko sarrera eta irteera ateen funtzionamendu egokia egiaztatzea sistematikoki. Haien mantentze-lanak (giltzarrapoak, bandak, sarrailak eta izu-barrak). Doitu eta koipeztatzea.

–Atzemandako matxura edo gabeziak konpontzea, hala behar denean, edo irtenbidea ematea eta horien berri ematea zuzendaritza-taldeari, bai eta Mantentze-lanen Liburuan dagokien oharra idaztea.

–Ikastetxean informatika, elektrizitate, igeltserotza eta beste lan batzuetan aritzen diren gremioetako langileei kasu egin eta laguntzea.

–Zaintzea higiene zerbitzuek egokiro funtzionatzen dutela eta zuzen erabiltzen direla; behar denean garbiketa puntualak egitea, eta paperak eta behin erabiltzeko beste gai batzuk ipintzea, gastatzen direnean.

–Eskolako patioen, haur jokoen eta iturriaren ohiko garbiketa egitea, paperontziak, eta abar garbitzea eta zaborra edukiontzietara eramatea, beharra dagoenean.

–Ikastetxe barruko eta eraikinaren kanpoaldeko landareak zaindu eta ureztatzea; lorategiak ureztatzea eta zaintzea, eskola barrutian diren heskaiak kimatzea eta belarra moztea barne.

–Eskolako altzariak eta lokalak garbitzea, edozein arrazoirengatik zikintzen direnean eta berehala garbitzea premiazkoa denean.

–Botika-kutxaz arduratzea eta istripua izandako haurrei laguntzea, osasun zerbitzuei, tutoreei, familiei eta abarri istripuaren berri emanez, beharra badago.

–Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak edo, kasua bada, udal zerbitzuek ikastetxea oro har zaintzeko eta mantentzeko egiten dizkioten oharrei kasu egitea, bai eta eginkizunen banaketari dagokionez agindutakoa ere, kontuan izanik haien egokitasuna, ordutegia eta baldintzak eta, orobat, ikastetxeko zuzendaritzak ezartzen dituen eguneroko errutinak gauzatzea, aurreko betebehar guztiak hobeki burutzeko.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia Zangozako Udaleko nomina eta plantillako lan-kontratudun bilakatuko da. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio, araubide horren babespean.

1.4. Izendatzen den izangaiak Zangozako udal mugapean bizi beharko du eta, horretarako, Zangozan finkatuko du bizilekua.

1.5. Urteko lanaldia izanen da Nafarroako administrazio publikoetako langileei oro har dagokiena, urteko 1592 ordukoa baita gaur egun.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta urte bakoitzerako onesten den egutegian jasoko da, nahiz organo administratibo eskudunek aldatu ahalko duten, zerbitzuaren funtzionamenduan sortutako beharrei erantzuteko. Oporraldia beti izanen da eskola-egutegitik kanpo.

1.6. Deialdiko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarrita dauden oinarrizko lansarietatik D mailari dagozkionak izanen ditu, eta, halakorik bada, Zangozako udal plantilla organikoan ikastetxe publikoko eskolazain lanposturako finkatzen diren osagarriak ere bai.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondotik ematen diren baldintzak bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B1 gidabaimena izatea.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko administrazio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Zangozako Udaleko erregistro orokorrean (Kale Nagusia, 35-behea, Zangoza), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epearen azken eguna jaieguna bada, Udalaren bulegoak jendearentzat irekita dauden hurrengo eguna arte luzatuko da. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Desgaitasunen bat aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera elbarriak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NANaren fotokopia.

b) Deialdi honetan eskatzen den titulazioaren fotokopia.

c) Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak frogatzeko agiriak.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Zangozako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Zangozako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan, oposizioa noiz, non eta zer ordutan hasiko den adieraziko da.

4.4. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtu ahalko da berehala, izangai bat ere ez bada baztertzen.

5.–Epaimahaia.

5.1. Hauexek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Angel Navallas Echarte, Zangozako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Santiago Guallar Tiebas, Zangozako Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Zangozako Luis Gil ikastetxe publikoko zuzendaria.

Ordezkoa: ikastetxe publikoko irakasle bat.

–Epaimahaikidea: Zangozako Udaleko zinegotzi bat, AISS udal taldeak proposatua.

Ordezkoa: Zangozako Udaleko zinegotzi bat, AISS udal taldeak proposatua.

–Epaimahaikidea: Zangozako Udaleko zinegotzi bat, EH Bildu udal taldeak proposatua.

Ordezkoa: Zangozako Udaleko zinegotzi bat, EH Bildu udal taldeak proposatua.

–Epaimahaikidea: Zangozako Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Zangozako Udaleko langileen ordezkari bat.

–Epaimahaikidea: Fermín Iso Belzuz, Zangozako Udaleko lantaldeko arduraduna.

Ordezkoa: Miguel A. Aldunate Garro, Oibarko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

–Epaimahaikide-idazkaria: José Gabriel Ayesa Aristu, Zangozako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Raquel García Areso, Ledeako Udaleko idazkaria.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan iragarriko da oposizio-lehiaketa zein egun, ordu eta tokitan hasiko den; probak 2018ko martxotik aitzina hastea dago aurreikusita.

6.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztergarria izanen.

3.3 atalean ezarritakoari jarraituz, alegatutako merezimenduak honela puntuatu eta frogatuko dira:

–Esperientzia: Ikastetxeetan eskolazain lanean emandako zerbitzuengatik: puntu 1 urte bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.

Eskolazaintzako zerbitzutzat hartuko dira bai lan araubide administratiboan bai funtzionarioen lan araubidean egindakoak.

–Hizkuntzak jakitea: Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B1 mailaren pareko edo goragoko euskarako edo ingeleseko titulua izateagatik: 3 puntu, bi hizkuntzetako bakoitzagatik; gehienez ere, 6 puntu.

Ezagutza horiek frogatzeko titulu ofizialak aurkeztu beharko dira.

Lehiaketaldia bururatutakoan, Zangozako Herriko Etxeko iragarki oholean argitara emanen da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa. Oposizio-lehiaketako puntuazio osoa, lehiaketaldian lortutako puntuazioaren eta oposizioaldian lortutakoaren batura izanen da.

6.2. Oposizioaldia.

Hauek izanen dira oposizioko probak eta ariketak:

6.2.1. Lehen ariketa. Teorikoa.

Test moduko galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz: erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da zuzena. II. eranskinean aipatzen diren gaiei buruzko galderak izanen dira. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun oker bakoitza galderaren balioaren laurden bat kenduta zigortuko da.

Ariketan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geratuko dira gutxienez 20 puntu ateratzen ez dituztenak.

Proba honetan izangaiek ezin dute ez hiztegirik ez kalkulagailurik erabili.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, ariketa horren gehieneko iraupena finkatuko du.

6.2.2. Bigarren ariketa. Teorikoa.

Test moduko galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz: erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da zuzena. Deialdiko lanpostuarekin erlazionatutako eginkizun, lan eta aferei buruzko galderak izanen dira. Erantzun oker bakoitza galderaren balioaren laurden bat kenduta zigortuko da.

Ariketan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geratuko dira gutxienez 10 puntu ateratzen ez dituztenak.

Epaimahaiak proba hasi baino lehen finkatuko du ariketa honen gehieneko iraupena.

6.2.3. Hirugarren ariketa.–Proba psikoteknikoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak prestatutako hainbat proba psikotekniko eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Oposizioko epaimahaiak onartu egin beharko du zerbitzu horrek izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa.

Ariketan 30 puntu lortzen ahal dira gehienez. Ez da gutxieneko puntuaziorik lortu beharko, ez baita baztergarria izanen.

6.3. Oposizioko ariketak egiteko, egokitzapenak jarriko dira denbora eta baliabide aldetik urritasunen bat dutenentzat, eskabidean eskatutakoaren arabera.

6.4. Ariketen balorazioa.

Oposizioko ariketen balorazioan 90 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuta:

–Lehenengo ariketa: gehienez 40 puntu.

–Bigarren ariketa: gehienez 20 puntu.

–Hirugarren ariketa: gehienez 30 puntu.

6.4.1. Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Azterketan azaltzen ez direnak edo haien nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.4.2. Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Zangozako Udalaren iragarki oholean eta web-orrian (www.sanguesa.es), gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Zangozako Udalaren iragarki oholean eta proba egin den tokian argitaratuko du hura gainditzen dutenen zerrenda, lortutako kalifikazioak barne, eta espediente osoa igorriko dio Zangozako Udaleko Alkatetzari, oposizioa gainditzen dutenen zerrenda eta puntuazio handieneko izangaia izendatzeko proposamena ere. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Oposizioaren azken emaitzan diren berdinketetan, bigarren proban, praktikoa baita, puntu gehien lortzen dituztenen alde joko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiriok aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Udalak izendatzen dituen osasun zerbitzuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Izangaiak desgaitasunen bat alegatu badu, gainera, aurkeztu beharko du desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Zinpeko edo zinezko deklarazio bat, adierazteko ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere estatuko administrazio publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

e) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra aparte utzirik.

7.4. Aitzineko atalean aurreikusitako kasuan, Zangozako Udalak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko du.

8.–Izendapena, esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Aitzineko oinarrietan xedatutakoa bete ondotik, Zangozako Udalak eskolazain lanpostuan aritzeko proposatzen zaion izangaia izendatuko du eta lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza.

8.4. Epe horretan jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, deialdiaren xede den lanpostuari loturiko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatuz gero, Zangozako Udalak oposizioa gainditzen dutenen zerrendan, 7.1 atalekoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea.

9.–Aldi baterako kontratazioen zerrenda.

9.1.–Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuko 42.2 artikuluan xedatuari jarraikiz, gainditu bai baina lanpostua eskuratzen ez duten izangaiak zerrenda batean sartuko dira; zerrenda hori erabiliko da eskolazain gisa aritzeko aldi baterako kontratuak egiteko, Zangozako Udalen sortzen diren kontratazio beharrak asetzeko Lortutako puntuazioak zehaztuko du zerrendako lehentasuna.

Zerrendak gehienez ere 4 urteko indarraldia izanen du.

10.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra, honako errekurtso hauetako bat jartzen ahal da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Zangozako Udalaren alkate udalburuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten edo argitaratzen denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Zangozan, 2017ko urriaren 20an.–Alkatea,Ángel Navallas Etxarte.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Eskatutako ikasketa mailari buruzko galderak (DBHko 4. mailako eskola graduatua).

A.–Komunikazio arloa:

1.–Kultura orokorra

2.–Ortografia

3.–Hiztegia

B.–Matematika arloa:

1.–Matematikako zenbait ariketa eta problema ebaztea.

2.–Zenbaki natural eta hamartarrak idatzi eta ordenatzea.

3.–Luzera, azalera, masa, kapazitate eta denbora neurriak. Multiplo eta azpimultiplo erabilienak. Unitateen konbertsioa.

4.–Irudi lau eta gorputz geometriko ezagunenak bereiztea. Oinarrizko osagaiak (aldea, angelua, erpina, aurpegia, oinarria eta altuera) zein diren jakitea.

C.–Alor juridiko-soziala:

1.–Zangozako Udalaren egitura administratiboa eta gobernu organoak. Oinarrizko antolakuntza eta antolakuntza osagarria

2.–Zangozako geografia: deskribapen orokorra. Alderdiak. Kale-izendegia. Zangoza eta bere ingurua. Biztanleria: bilakaera.

Iragarkiaren kodea: L1714814