9. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1609/2017 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez, osasun eskualde oinarrizkoetan gizarte-langilearen eginkizunean aritzen diren pertsonak gaitzen dira hori eskatzen duten interesdunei baliabide elektronikoak erabiltzen laguntzeko “Aurretiazko Borondateen Erregistroko inskripzioa” izeneko tramitean identifikatu, sinadura elektronikoa egin eta eskaera aurkezte aldera.

Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legearen 55.1 artikuluaren c) letrak, 2017rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 24/2016 Foru Legeak emandako testuaren arabera, Nafarroako herritarrei ahalmena ematen die Aurretiazko Borondateen Erregistroaz arduratzen diren langileen aurrean edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun etxeetako profesionalen aurrean aurretiazko borondateen adierazpen-agiria aurkezteko. Horrela, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, zerbitzua herritarrei hurbilduko zaie, agiri hori osasun etxeetan aurkezteko aukera egonen baita.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.1 artikuluak honako hau ezartzen du: “Pertsona fisikoek noiznahi erabaki dezakete beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko administrazio publikoekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili edo ez, non eta ez dauden behartuak administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera”.

39/2015 Legearen 12. artikulua interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeari buruzkoa da, eta hauxe ezartzen du:

“1. Administrazio publikoek bermatu egin beharko diete interesdunei bitarteko elektronikoen bidez izan dezaketela harremana Administrazioarekin. Horretarako, haien esku jarriko dituzte beharrezko diren irispide-kanalak eta kasu bakoitzerako erabakitzen diren sistema eta aplikazioak.

2. Bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza emango diete administrazio publikoek.

14. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan sartzen ez diren interesdunei, hala eskatzen badute; batez ere, identifikazioari eta sinadura elektronikoari, eskaerak erregistro elektroniko orokorraren bidez aurkezteari eta kopia autentikoak lortzeari dagokionez.

Halaber, interesdun horietakoren batek ez badauzka behar diren bitarteko

elektronikoak, funtzionario publiko batek egin dezake, balio osoz, hura administrazio-prozeduran identifikatzeko edo sinadura elektronikoa emateko izapidea, funtzionarioak berak erabil dezakeen sinadura elektronikoko sistemaren bitartez. Kasu horretan, behar den baliabide elektronikorik ez daukan interesdunak bere burua identifikatu egin beharko du funtzionarioaren aurrean, eta adostasun espresua eman hala jarduteko; hala jasota geratu beharko du desadostasuna edo auzia gertatzen den kasurako.

3. Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta toki-entitateek eguneraturik edukiko dute erregistro bat, edo beste sistema baliokideren bat, artikulu honetan arautzen den identifikazio edo sinadurarako gaitutako funtzionarioak jasoko dituena. Erregistro edo sistema horiek elkarreragingarritasun osoa izan beharko dute, eta elkarrekiko konexioa gainerako administrazio publikoenekin, aipatutako gaikuntza horien baliozkotasuna egiaztatzeko.

Erregistro edo sistema baliokide horretan agertuko dira, gutxienez, erregistro-gaietan

laguntzeko bulegoetan lan egiten duten funtzionarioak”.

Herritarrenganako hurbiltasuna, aurretiazko borondateen adierazpen-agiria osasun etxeetan aurkezteko aukera, eta baliabide elektronikoak erabiltzeko laguntza bateratzeko asmoz, egokia da osasun eskualde oinarrizkoetan gizarte-langilearen eginkizunean aritzen diren pertsonak gaitzea, beren gaikuntzaren bidez laguntza hori gauzatu ahal izan dezaten.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 15.k) artikuluan ezarritakoaren arabera,

EBATZI DUT:

1. Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzari agintzea erregistro bat presta dezala, gaitutako pertsonak agertzen dituena.

2. Osasun eskualde oinarrizkoetan gizarte-langilearen eginkizunean aritzen diren pertsonak gaitzea hori eskatzen duten eta aldez aurretik horretarako idatzizko baimena ematen duten interesdunei baliabide elektronikoak erabiltzen laguntzeko “Aurretiazko Borondateen Erregistroko inskripzioa” izeneko tramitean identifikatu, sinadura elektronikoa egin eta eskaera aurkezte aldera.

3. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta ohartaraztea horren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezaketela, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluko 4. atalari jarraikiz.

Iruñean, 2017ko abenduaren 13an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Óscar Moracho del Río.

Iragarkiaren kodea: F1714602