9. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, 2017ko abenduaren 27koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez ezartzen dira farmazia prestazioak emateko gutxieneko baldintzak eta 2002ko esparru-akordioan ezarritakoak indarrean mantentzen dira aldi baterako.

Farmazia Laguntzari buruzko azaroaren 16ko 12/2000 Foru Legeak, 30. eta 32. artikuluen artean araututakoaren arabera, ituntzeko baldintzak ezartzeko erabiltzen ahalko den prozedura ezarri, eta 28. artikuluak aipatzen duen Farmazia Laguntzarako Batzordean hori prestatzeko tramiteak finkatzen ditu.

Nafarroako Gobernuaren 2002ko maiatzaren 13ko erabakiaren bidez, farmazia bulegoak ituntzeko baldintzen esparru-akordioa onetsi zen.

Osasun Departamentua eta Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofiziala bat datoz: esparru-akordio berria onetsi behar da, eremu horretan 2002tik egon diren bilakaera eta aldaketak ikusita.

2002ko esparru-akordioaren 9. puntuak horren indarraldia finkatzen zuen: Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen zen egunean hasi, eta hori automatikoki luzatuko zen urte natural bakoitzean, indarra hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera, urtea amaitu baino hiru hilabete lehenago, gutxienez, hori denuntziatu ezean.

Esparru-akordio berria lehenbailehen onetsi behar denez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak 2002ko esparru-akordioa denuntziatu zuen garaiz eta behar bezala.

Nafarroako Farmazia Laguntzarako Batzordeak, 2017ko abenduaren 19an egindako bilkuran, erabaki du aipatutako araudian aurreikusi den Negoziazio Azpibatzordea deitzea, 2018ko apirilean esparru-akordio berriaren proposamena egin dezan. Halaber, esparru-akordio berria onetsi arte gaur egun indarrean dauden baldintzekin jarraitzeko asmoa dagoela egiaztatu zen.

30. artikuluaren 5. atalak honako hau ezartzen du: “Ez bada ezertan ere akordiorik lortzen edo esparru akordiorik ezean, Nafarroako Gobernuak, Osasun Departamentuak proposaturik, farmazia prestazioak emateko gutxieneko baldintzak ezarriko ditu behin-behinekoz eta aurreko idatz-zatian ezarritako ondorioak izanen dituzte”.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera esparru-akordiorik egonen ez denez, Nafarroako Gobernuak farmazia prestazioak emateko gutxieneko baldintzak ezartzea eta 2002ko esparru-akordioan ezarritakoak indarrean mantentzea aldi baterako.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Osasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Farmazia prestazioak emateko gutxieneko baldintzak ezartzea eta 2002ko esparru-akordioan ezarritakoak indarrean mantentzea aldi baterako.

2. Baldintza horien indarraldia farmazia prestazioak emateko baldintza berriak indarrean sartzearekin batera amaituko da.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1715167