9. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

1124C/2017 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana. Honen bidez erabakitzen da Nafarroako metalaren merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioaren akordioa erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aztertu da Nafarroako metalaren merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioaren akordioa (kode zenbakia: 31002005011982), erregistro honetan sartu zena 2017ko azaroaren 9an, enpresaburuen ordezkariek (Asociación de Empresarios de Ferretería de Navarra eta Asociación de Distribuidores de Material Eléctrico de Navarra) eta sindikatuetako batzuek (UGT eta CCOO) sinatua 2017ko urriaren 26an, honako hauetan ezarritakoarekin bat: Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuak eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua. Horrenbestez,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 7an.–Izaskun Goñi Razquin, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia.

NAFARROAKO METALAREN MERKATARITZAREN
HITZARMENA ZUZENTZEKO AKTA

Iruñean (Nafarroa), 2017ko urriaren 26an, Nafarroako metalaren merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioa bildu ziren. Ondoko ordezkari hauek bertaratu dira:

Asociación de Empresarios de Ferretería de Navarra elkartearen aldetik:

  • Juan Ramón Doral Brun jauna.

Asociación de Distribuidores de Material Eléctrico de Navarra elkartearen aldetik:

  • Javier Adiago Reta jauna.

Hitzarmen kolektiboaren batzorde paritarioko kide diren sindikatuen aldetik:

–Unión General de Trabajadores (UGT) sindikatuaren aldetik:

  • Gorka Martínez Hurtado de Saracho jauna.

–Langile Komisioak (CCOO) sindikatuaren aldetik:

  • Rubén Belzunegui Ollo jauna.

Nafarroako metalaren merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, sinatzaileak ohartu dira akatsak daudela azken idazketan. Hartara, haiek zuzentzea erabaki da. Zehazki, akatsak atzeman dira 9. artikuluaren idazketan (6. paragrafoa), zeinean adierazten baita antzinatasuna sorraraziko dela indarrean dagoen seiurteko baten eta hiru hirurtekoen sustapen ekonomikoaren araubidearen arabera, eta adierazi beharko litzateke, aipatu artikuluaren lehendabiziko paragrafoan behar bezala jaso den moduan, sustapen ekonomikoaren araubide berria seiurteko baten eta hiru laurtekoena dela; 18. artikuluan (e letra), zeinean adierazten baita ezkontidearen, seme-alaben eta gurasoen eritasun larriagatiko baimena, ospitaleratu beharra badago, lau egunekoa dela, baina akats baten ondorioz “hiru” aipatzen da; eta, azkenik, 27. artikuluan (lehendabiziko paragrafoa), zeinean adierazten baita urteko osasun azterketa lan istripuetako ugazaben mutualitateek eginen dutela, eta horren ordez adierazi beharko litzateke, 35/2014 Legean xedatutakoari jarraikiz, azterketa prebentzio sozietateek eginen dutela. Hala, aipatu hitzarmena sinatu duten alderdiek behar bezala zuzendu dituzte aipatu artikuluak, honako testua izanen dutena:

Nafarroako metalaren merkataritzaren hitzarmena –zuzendutako dokumentu osoa– (PDFa).

Halaber, alderdiek adostu dute Hitzarmenaren testuan egindako zuzenketen ale bat Nafarroako Gobernuari igortzea, hark ikus dezan, eta espresuki eskatuko da behar dena xedatu dezala Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Aztertzeko beste gairik ez izanik, bilerari bukaera eman zaio eta honako akta hau sinatu dute bertaratutakoek, goian aipatu tokian eta egunean.

CCOO.

Asociación de Empresarios de Ferretería de Navarra.

UGT.

Asociación de Distribuidores de Material Eléctrico de Navarra (ADEN).

Iragarkiaren kodea: F1800044