Iragarkia
89. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
NAFARROAKO ERREGE BARDEAKO KOMUNITATEA
Araubide organikoaren eta barne araubidearen erregelamendua. Behin betiko onespena
Nafarroako Errege Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak, 2017ko martxoaren 8ko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen araubide organikoaren eta barne araubidearen erregelamendua.
Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 30ean, eta epearen barnean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Tuteran, 2018ko urtarrilaren 8an.–Komunitateko burua, José María Agramonte Aguirre.
Nafarroako Errege Bardeako araubide organikoaren eta barne araubidearen erregelamendua
ATARIKO TITULUA
Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen araubide organikoaren eta barne araubidearen erregelamenduaren helburua
1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.
Erregelamendu honek honako helburu hau du: Nafarroako Errege Bardeako Komunitateko oinarrizko organoen eta organo osagarrien funtzionamenduaren araubidea erregulatzea. Konstituzioak bermatzen dion autonomiaz baliatuz onesten da, Nafarroako Toki Administrazioaren araubideari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak aitortutako erregelamendu ahalmen eta autoantolatzeko boterea erabiliz.
LEHEN TITULUA
Bardeako gobernua eta administrazioa
2. artikulua. Organo hauei dagozkie Bardeako gobernua eta administrazioa.
1. Legez eratutako udalerri, ibar eta Olibako monasterio partzuerren ordezkarien Batzar Nagusiari (Ordenantza orokorretako 107. artikulua).
2. Batzar Nagusiak hautatutako lehendakari batez eta sei batzordekidez osatutako Batzorde Iraunkorrari.
3. Batzorde Iraunkorreko kideen artetik Batzar Nagusiak hautatutako lehendakari bati.
3. artikulua. Organo horietako bakoitza eskuduna izanen da honako hauek esleitzen dizkioten gai eta edukiak ezagutzeko eta ebazteko: Komunitateko Ordenantza Orokorrak eta Erregelamenduak, Nafarroako Errege Bardeako Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana, Parkea eta Biosfera Erreserba Erabiltzeko eta Kudeatzeko Plana, naturaguneak babesteko figurak erregulatzen dituzten foru arauak eta nazio mailako arauak, eta tokiko erakundeak erregulatzen dituzten foru arauak eta nazio mailako arauak.
4. artikulua. Ordenantza orokorrei jarraikiz, batzordekide eta lehendakari karguak lau urtekoak izanen dira. Batzar Nagusiari dagokio kargudun horiek hautatzea, boto eskubide osoa duten udalerri eta ibar partzuerretako bizilagunen artetik.
Hautaketa sekretupeko bozketa bidez eginen du Batzar Nagusiak, haietako bakoitzaren kargu aldia bukatu eta lehen bilkuran.
Batzorde Iraunkorreko lehendakariak eta batzordekideek agintaldia betetakoan utziko dituzte karguak, baina funtzioak osotasunean betetzen jarraitu beharko dute lau urtetako epea betetzen den egun horretatik Batzar Nagusia biltzen den arte.
Dena den, borondatez ere uzten ahalko dituzte karguak, Komunitatearen Egoitza Elektronikoaren Erregistro Orokorrean idatzi bat aurkeztuz. Kasu horretan, Batzar Nagusiak kargu hutsa betetzen duen arte jarraitu beharko du funtzioan. Kargua utzi duenari kargu aldia bukatzeko falta zitzaion denbora bete beharko du batzordekide edo lehendakari berriak.
5. artikulua. Batzorde Iraunkorreko lehendakariaren edo batzordekideen hutsunea, absentzia edo gaixotasuna.
Lehendakaria falta bada edo gaixo badago, Batzorde Iraunkorreko kideen artean libreki hautatuko da nork ordeztuko duen.
Lehendakaria hil egiten bada, eta ordezkorik izendatuta ez badago, Batzorde Iraunkorreko zaharrenak hartuko du automatikoki haren kargua, Batzar Nagusira deitu ondoren gertaeraren ondoko hamar eguneko epean, bilkura berezian bilduta, batzordekide berri bat hauta dadin eta batzordekideen artetik lehendakari izanen den pertsona izenda dadin, hala, kargu hutsa beteta Batzorde Iraunkorra berrosatzeko, ordenantzekin eta erregelamendu honekin bat eginda. Batzordekide berriak lehendakariari agintaldian gelditzen zaion denboran iraunen du.
Kargua betetzeko ezintasuna eragin dion gaixotasun larriren bat badu, eta bideraezintzat jotzen bada sendagai bidez sendatzea, medikuaren txostena jaso ondoren, hura ordezteko izendatutako batzordekideak (ordezkaritza zehaztuta balego) edo Batzorde Iraunkorreko kide zaharrenak hartuko du lehendakari kargua, eta aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraituko zaio.
Ezintasuna dakarren gaixotasunak batzordekide bati eragiten badio, Batzorde Iraunkorrak modu arruntean funtzionatzen jarraituko du gainerako kideekin. Baina batzordekide kopuru bikoiti batek osatzen badu batzordea, bozketarik egonez gero, lehendakariak ebatziko ditu berdinketa egoerak, kalitate botoaren bidez. Gaixotasuna medikuntzaren bitartez sendatu ezin dela ikusten bada eta ez badio uzten kargua betetzen, Batzar Nagusian eztabaidatuko dira batzordekidearen kargu uztea eta hari falta zitzaion denboran zehar kargua beteko duen batzordekide berriaren hautaketa.
BIGARREN TITULUA
Batzorde Orokorraren ordezkarien, Batzorde Iraunkorreko kideen
eta lehendakariaren estatutuari buruz
6. artikulua. Batzar Nagusiaren ordezkarien, Batzorde Iraunkorreko kideen eta lehendakariaren eskubideei eta betebeharrei buruz.
Ordezkariek, batzordekideek eta lehendakariak indarrean dagoen legerian ezarritako eskubideak eta betebeharrak dituzte, erregelamendu honetan arautzen diren berezitasunak ere kontuan hartuta.
LEHENENGO KAPITULUA
Batzar Nagusiaren ordezkariek eta Batzorde Iraunkorreko kideek informazioa eskuratzeko duten eskubidea
7. artikulua. Komunitatearen zerbitzuen informazioa eta datuak eskuratzeko prozedura.
1. Erakunde partzuerrek haiek ordezteko espresuki izendatutako ordezkari guztiek eskubidea dute Komunitatearen zerbitzuen esku dauden eta beren funtzioak garatzeko beharrezko dituzten aurrekariak, datuak edota informazioak eskuratzeko, lehendakaritzaren eta Batzorde Iraunkorraren bitartez. Eskaera egoitza elektronikoaren bitartez egin beharko da, baita dokumentuen transferentzia ere, nahitaez, dokumentu horiek euskarri digitalean badaude behintzat.
2. Aurreko paragrafoan jasotzen den eskubidea erabiltzeko eskaerari lehendakaritzak erantzunen dio, ongi arrazoituta, egoitza elektronikoan aurkeztu eta ondorengo bost egun baliodunen barruan. Epe hori berariazko ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera onartutzat joko da isiltasun administratiboarengatik.
3. Aurreko apartatuetan xedatutakoaz harago, ondoren zehazten diren kasuetan zerbitzu administratiboak informazioa ematera behartuta egonen dira, Batzar Nagusiaren ordezkariak horretarako baimena duela frogatu beharrik izan gabe:
a) Komunitateko kontsultarako lan mahaietan parte hartzeagatik kudeaketa eskudantziak edo ardurak dituzten Batzar Nagusiko ordezkariek eskatzen dutenean, eta eskaerak mahai horietako edukiei egiten dionean erreferentzia.
b) Batzar Nagusiaren edozein ordezkarik parte hartzen duen kide anitzeko organoetan landuko diren gaiei buruzko informazioa eta agiriak eskuratu nahi dituenean, baita Komunitateko edozein organok harturiko erabaki edo ebazpenak eskuratu nahi dituenean ere. Azken kasu horretan, ebazpena edo erabakia jasotzen duten espedienteak eskatzen ahalko dizkiote ordezkariek Komunitateko idazkariari, tramitazio organoa zein den.
c) Batzar Nagusiaren ordezkariek herritarren eskura dauden Komunitatearen informazioa edo agiriak eskuratu nahi dituztenean.
4. Eskatutako informazioa eskatzailearen eskura egonen da, eskaerari espresuki edo isilbidez erantzundakoan, edo dagokion zerbitzu administratiboak eskaera jasotzen duen unetik, aurrez baimenik behar ez den kasuan. Epe hori luzatu egiten ahalko da, bost egun natural gehienez ere, arrazoi praktiko nahiz teknikoengatik edo informazioaren beraren ezaugarriek hala eskatzen dutelako. Justifikazioa idatziz eta arrazoituz aurkeztu beharko da.
Dokumentuak kontsultarako agerian jarriko dira, bi egunez, baldin eta eskaeran dokumentuen kopiak bidaltzea ere eskatuko balitz eta dokumentu horiek ez baleude digitalizatuta edo euskarri informatikoetan, eta, dokumentuen bolumena handiegia izateagatik, entregarako unitate arduradunaren funtzionamendu arrunta oztopatuko balu bitarteko mekanikoen bidez zabaltzeak. Kasu horretan, eskuratu nahi den informazioari buruzko dokumentu zehatzen kopiak soilik izanen ditu, eta ezin izanen da hogei egun balioduneko epea gainditu bidaltzeko, zehaztapen hori egiten den unetik hasita.
5. Informaziorako eskubidea erabiltzerakoan, behar bezala akreditatutako aholkulariek ordezkatzen ahal dituzte Batzar Nagusiaren ordezkariak, bai notario ahalordeaz bai apud acta ahalordeaz, Komunitateko idazkariaren presentzian aitortuak.
6. Batzorde Iraunkorreko kideek eskubidea dute Komunitatearen esku dauden informazioa, aurrekariak eta datuak eskuratzeko, aurreko ataletan azaldutako baldintza beretan, beren karguak betetzean.
BIGARREN KAPITULUA
Komunitateko batzordekideen eta lehendakariaren betebeharrak
8. artikulua. Batzordekideen eta lehendakariaren betebeharrak.
1. Komunitateko lehendakari eta Batzorde Iraunkorreko kide kargua dutenek adierazpena eginen dute bateraezintasuna sortzen ahal duten arrazoiei buruz eta diru sarrerak ematen dizkien edo ematen ahal dizkien edozein jarduerari buruz.
Horrez gain, beren ondare ondasunen adierazpena ere prestatuko dute. Erregelamendu hau indarrean jartzen den egunean kargu horietan dauden pertsonek hilabeteko epea izanen dute adierazpena egiteko, erregelamendua indarrean jartzen den egunetik zenbatzen hasita. Batzorde Iraunkorreko kideak berritzen direnean edo lehendakari berria izendatzen denean, berriz, hautatu ziren datatik hasi eta hilabeteko epean. Adierazpen horiek bakoitzari dagokion Interesen Erregistroan jasoko dira.
2. Gainera, urtero, dagozkien zerga adierazpenak aurkezteko legez ezarritako epearen barruan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari eta Ondarearen gaineko Ezohizko Zergari dagozkien azken zerga adierazpenen kopiak bidaliko zaizkio Interesen Erregistroari.
3. Batzordekide guztiek parte hartzen duten Komunitateko organoetara joateko betebeharra dute, justifikatutako kausarik ez badute behintzat. Urtebetean, parte hartzen duten kide anitzeko organoetako edozeinen ondoz ondoko bi bilera edo hiru txandaka galdu dituzten eta absentzia nahikoa justifikatu ez duten batzordekideei eskubidetzat dituzten ordainsariak murriztuko dizkie dagokien lehendakaritzak, Batzorde Iraunkorrak onartuta, zenbateko hauetan oinarrituta:
a) Batzordekideak bileretara joategatik soilik jasotzen badu dirua, %20 murriztuko zaio ordainsaria, lehendakariak ebazpena onartzen duenetik aurrera, eta urte horretan jasotzeko gelditzen zaizkion kalte ordainetatik.
b) Dedikazio esklusiboagatik edo partzialagatik jasotzen badu dirua, urtea bukatzeko gelditzen den denboran, hileko ordainsari gordinaren %20 murriztuko da.
4. Ezinezkoa den kasuetan salbu, batzordekideek idatziz justifikatu beharko dute joateko ezintasuna, parte hartzen duten organo horietako lehendakarien aurrean, bilkurak egin baino lehen.
5. Batzordekideek idatziz jakinarazi beharko diote lehendakaritzari opor edota bidaiengatik nahiz bestelako egoerengatik kanpoan egonen direla, baldin eta 20 egun natural baino gehiago eman behar badituzte kanpoan.
6. Legedi aplikagarrian aurreikusitako abstentzio kausak daudenean, batzordekideak eta lehendakaria abstenitu eginen dira deliberazioetan, irizpenetan, txostenetan, bozketetan eta beste edonolako jarduketetan.
7. Batzorde Iraunkorreko kideek isilpean gorde behar dituzte beren eginkizunetan jardun ahal izateko ematen zaien informazioa, bereziki oraindik hartu gabe dauden erabakien aurrekari diren horiek. Halaber, ez dute zabalduko aztertzeko ematen ahal zaien dokumentazioa, ez jatorrizko agirian ez kopian, ezta egoitza elektronikoz ere.
HIRUGARREN TITULUA
Lehendakaritza
9. artikulua. Lehendakaria.
Lehendakaria Komunitatearen ordezkaria da, eta honako eskudantziak hauek ditu: batetik, indarrean dagoen foru araudiak eta Estatuko araudiak udalerrietako alkate guztiei ematen dizkietenak, eta bestetik, naturagune babestuen foru erregulazioari eta Estatu erregulazioari buruzko araudiak babes figura horien lehendakariei ematen dizkienak. Horrez gain, Nafarroako Errege Bardeako Natur Baliabideak Antolatzeko Planak, Errege Bardeako Natur Parkea Erabiltzeko eta Kudeatzeko Planek, eta Komunitateak onetsitako ordenantzek eta erregelamenduek berariaz aitortzen dizkioten ahalmenak eta eskumenak ere baditu.
Honako hauek zehazten dira, modu ez erabatekoan:
1.–Ganaduaren mugimenduak baimentzea, debekualdian. 6 egun lehenago eskatuko da baimena, eta mugimenduak ez du 4 egun baino gehiago iraunen (8.artikulua).
2.–Baimendutako ganaduaren itzulera zehaztea, abiatzen direnetik 8 egunera arte (9. artikulua).
3.–Ganaduen gaixotasunen kontrako neurriak hartzea (13. artikulua).
4.–Simaurra ateratzeko baimena ematea (58. artikulua).
5.–Zehapen espedienteak tramitatzea eta ebaztea (102. artikulua).
6.–Batzar Nagusira dei egitea (114. artikulua).
7.–Presa egoeretan Batzorde Iraunkorrari dagozkionak egitea (117. artikulua).
8.–Filmatzeko eta argazkiak ateratzeko baimena ematea, ingurumenari kalterik egin gabe (NBAP, 6.1.5 artikulua).
9.–Ehiza larriko uxalditarako baimenak ematea.
10.–Ganadu taldeak handitzeko baimena ematea, 750 abelburutik 1.500 bitartera (Abeltzaintza Ordenantza, 2. artikulua).
11.–Ganaduak putzuetatik edateko baimena ematea, obra askak daudenean (Abeltzaintza Ordenantza, 6. artikulua).
12.–Barrutiko adjudikazioduna ez den beste abeltzain bati artzaintza jardueretarako baimena ematea (Abeltzaintza Ordenantza, 16.i artikulua).
13.–Jurisdikzio eskudunari edo Komunitatearen eskubideen defentsarako edozein jurisdikziori salaketa aurkeztea, Bardean artzaintza jardueretarako baimenik ez duen abeltzain bat hor sartzeagatik (Abeltzaintza Ordenantza, 18. artikulua).
14.–Lanak zuzentzea.
10. artikulua. Eskudantziak eskuordetzea.
1. Indarrean dagoen legedian aurreikusitakoari jarraikiz, lehendakariak Batzorde Iraunkorrean eskuordetzen ahalko ditu haren funtzioak, Batzorde Iraunkorreko edozein kiderengan, hain zuzen ere.
2. Eskuordetzeak dekretu bidez egin beharko dira. Dekretu horrek eskuordetzea zertan datzan eta zer eremuri egiten dion erreferentzia jasoko du; eta eskuordetzen diren ahalmenak eta ahalmen horiek praktikan jartzeko baldintza espezifikoak ere jasoko ditu. Edo, hala baderitzo, Batzorde Iraunkorrari proposatzen ahalko dizkio, onets ditzan.
3. Lehendakariak, edozein momentutan, eskuordetu diren eskudantzia guztiak edo batzuk aldatzen, ezeztatzen edo bereganatzen ahalko ditu.
4. Eskudantzien eskuordetzeei, aldaketei, ezeztatzeei eta bereganatzeei buruzko lehendakariaren dekretuak Egoitza Elektronikoan edo Gardentasun Atarian argitaratuko dira.
LAUGARREN TITULUA
Batzorde Iraunkorra
11. artikulua. Osaera eta eskudantziak.
Ordenantzek Komunitatearen gobernu ardura arrunta ematen diote Batzorde Iraunkorrari (107. artikulua), Komunitateko kide anitzeko organo gisa, eta, horregatik, haiek esleitutako eskudantziak nahiz eskumenak erabiltzen ditu, baita lehendakaritzak eskuordetutakoak eta Nafarroako Errege Bardeako Natur Baliabideak Antolatzeko Planak zein Errege Bardeako Natur Parkea eta Biosfera Erreserba Erabiltzeko eta Kudeatzeko Planak esleitutakoak ere.
Honako hauek zehazten dira:
1.–Zalkea ereiteko baimena ematea (50 erregu lur, gehienez ere) (7. artikulua).
2.–Zainzuri landareak landatzeko baimena ematea (50 erregu lur, erabiltzaileko, gehienez ere) (7. artikulua).
3.–Mahastiak landatzeko baimena ematea (42. artikulua).
4.–Arbendolondoak landatzeko baimena ematea (44. artikulua).
5.–Ganaduaren atsedenaldirako eremuak eta abelbideak hautatzea (8. artikulua).
6.–Ganadua labore lurretatik igarotzeko eta larreetara sartzeko baimena ematea, aurrez teknikarien txostenean jasota, eta laboreetan eragindako kalteengatik Komunitateak ordaintzea (29. artikulua).
7.–Labore finkak berreskuratzea, Batzorde Iraunkorraren adjudikaziorik gabe norbaitek lantzen baditu, uzta konfiskatuz (30. artikulua).
8.–Labore lursailak adjudikatzea (31. artikulua).
9.–Uzta faltagatik kanon igoerak ez ordaintzeko baimena ematea.
10.–Uzta ezagatiko onurak (32. artikulua).
11.–Uztondo lanetarako eskariak egitea (34. artikulua eta Abeltzaintza Ordenantzako 16.m artikulua).
12.–Laborantza adjudikazioa kentzea, lantzeko lursailaren erabiltzaile adjudikaziodunak landu gabe uzten dituenean ondoz ondoko 3 urtarriletan (35. artikulua).
13.–Desegoki luberrituta dauden lursailak berreskuratzea (39. artikulua).
14.–Uzta hondarrak eta lastoa erretzeko baimena ematea, araudi orokorra betez (40. artikulua).
15.–Mahastiak landatzeko debekualdiak luzatzea (50. artikulua).
16.–Hesiak, eskortak... jartzeko baimenak ematea (74. artikulua).
17.–Etxolen eta etxetxoen titulartasunak aldatzea (78. artikulua).
18.–Komunitateko langileak izendatzea (82. artikulua).
19.–Batzar Nagusira dei egitea (114. eta 116. artikuluak).
20.–Komunitatearen eskubideak defendatzea (116. artikulua).
21.–Abokatuei eta prokuradoreei ahalordeak ematea (116. artikulua).
22.–Berankorrei premiamenduak jaulkitzea.
23.–Komunitatearen eskubideei buruzko Batzorde Nagusiaren erabakiak betetzea.
24.–Bideetako, bidegurutzeetako... seinaleak eta seinalizazioak jartzeko eta errotuluak nahiz oroitzapenezko plakak ezartzeko baimenak ematea (NBAP, 6.1.5 eta 6.1.8 artikuluak).
25.–Zirkulazio turistikorako baimendu gabeko bideak baimentzea, Turismo Planean ezartzen denaren arabera (NBAP, 6.1.5 artikulua).
26.–Bideak erabiltzeko debekuak ezartzea (NBAP, 6.1.5 artikulua).
27.–Zirkulazio Askeko Ibilbide Turistikoen Sarea zabaltzea (NBAP, 6.1.8 artikulua).
28.–Kirol probak egitea.
29.–Bide berriak irekitzea (NBAP, 6.1.8 artikulua).
30.–Filmatzeko baimen bereziak ematea (NBAP, 6.1.5 artikulua).
31.–Kanpatzeko debeku orokorraren arauaren gainean baimen bereziak ematea (NBAP, 6.1.5 artikulua).
32.–Parapentea eta delta hegala erabiltzeko edo motorrik gabeko hegaldia egiteko baimen bereziak ematea (NBAP, 6.1.5 artikulua).
33.–Ekosistemen garapen egokia hondatzen duen aisialdiko jarduera oro debekatzea (NBAP, 6.1.5 artikulua).
34.–Zientzia azterketak eta ikerketak egiteko baimena ematea (NBAP, 6.1.6 artikulua).
35.–Hirugarrenek eskatutako hezkuntza instalazioak baimentzea (NBAP, 6.1.6 artikulua).
36.–Energia elektrikoko lineak, energia fosilaren banaketarako azpiegiturak, telefono eta telebista lineak, telebista errepikagailuak, irratizko hedapena eta ur hoditeriak instalatzeko baimena ematea. (NBAP, 6.1.8 artikulua).
37.–Eskortak, etxolak eta hesiak eraikitzeko lizentzia berriak ematea, Azpiegiturak Antolatzeko Plan Orokorraren arabera (NBAP, 6.1.8 artikulua).
38.–Jada eraikita dauden eskortetan, hesietan eta etxoletan jarduketak egiteko lizentziak ematea (NBAP, 6.1.8 artikulua).
39.–Jada eraikita dauden edo eraikitzear diren eskorten eta etxolen erabilera turistikorako edo aisiarako baimen bereziak ematea, Turismo Jarduketetarako Planaren barruan (NBAP, 6.1.8 artikulua).
40.–Erabilera Berezirako Guneen barruan instalazio eolikoak egiteko baimenak ematea (NBAP, 6.1.8 artikulua).
41.–Instalazio hidroelektrikoak egiteko baimenak ematea (NBAP, 6.1.8 artikulua).
42.–Gainerako instalazio eta azpiegiturak ezartzeko baimenak ematea (NBAP, 6.1.8 artikulua).
43.–Nekazaritza jardueratik eratorritako harri solteak aprobetxatzeko baimena ematea (NBAP, 6.1.9 artikulua).
44.–Cantar parajeko harrobiko ezkila harria erauzteko baimena ematea (NBAP, 6.1.9 artikulua).
45.–Lurrak erauztea. (NBAP, 6.1.9 artikulua).
46.–Lurzoruaren erabilera aldaketa eraldatzea (NBAP, 6.1.9 eta 6.2.1 artikuluak).
47.–Lurrak mugitzea dakarren edozein lanetarako baimena ematea, nekazaritza jardueretarako eta erabilerarako salbu (NBAP, 6.2.1 artikulua).
48.–Edozein landare espezie ateratzeko, kentzeko edo suntsitzeko baimen bereziak ematea (NBAP, 6.2.1 artikulua).
49.–Autokontsumorako onddoak, barraskiloak edo landare espezieak biltzeko baimena ematea, onetsitako plan espezifikoaren arabera (NBAP, 6.2.1 artikulua).
50.–Basoko animalia espezie berriak sartzea Bardean (NBAP, 6.1.2 artikulua).
51.–Bardean ez dauden landare eta animalia espezieak sartzea edo berriro sartzea, aurrez plan tekniko bat diseinatuta (NBAP, 6.1.2 artikulua).
52.–Animalia populazioa kontrolatzea, ekosistemen egonkortasunerako kaltegarria denean (NBAP, 6.2.2 artikulua).
53.–Arroiletan eta hezeguneetan ateratzen diten jatorri naturaleko edo artifizialeko landareetan edozein jarduketa egitea (NBAP, 6.2.2 artikulua).
54.–Itsas salsola erretzea (NBAP, 6.2.2 artikulua).
55.–Lursailen kontzentrazio proiektuak egitea (NBAP, 6.2.2 artikulua).
56.–Ibilguak eta arroilak garbitzeko eta dragatzeko baimen bereziak ematea (NBAP, 6.2.4 artikulua).
57.–Eskortetako, etxoletako eta instalazioetako garbiketa sistemak eta hondakin urak isurtzeko sistemak instalatzea.
58.–Lur azpiko urak ateratzea, Las Cortinas eta Zapata urmaelen 200 metroko erradioan (NBAP, 6.2.4 artikulua).
59.–Ikerketa kanpainei lotutako behin-behineko eta aldi baterako instalazioei buruzko baimenak ematea (NBAP, 6.2.5 artikulua).
60.–Kultura eta historia ondareen elementuekin lotura duten materialak berreskuratzeko eta biltzeko baimenak ematea (NBAP, 6.2.5 artikulua).
61.–El Ferial aisiarako eremuan kanpatzeko eta karabana nahiz autokarabanak jartzeko baimenak ematea, plan bereziaren arabera (NBAP, 6.3.8 artikulua).
62.–Motorrik gabeko ontziak El Ferial eremuan jartzeko baimenak ematea.
63.–Guztion erabilerarako barrutiak mugatzea eta deklaratzea (Abeltzaintza Ordenantza, 1. artikulua).
64.–Ganadu barruti bakoitzeko larre eremuak, bazkatzen ahal diren zuhaixken eremuak eta bazkarako debekatutako eremuak mugatzea (Abeltzaintza Ordenantza, 1. eta 3. artikuluak).
65.–Barrutietan, lehentasunez basoko larre eremuetan, artzaintzarako datak zehaztea eta seinalatzea (Abeltzaintza Ordenantza, 4., 5. eta 8. artikuluak).
66.–Ardi aziendarako bakarrik erabiltzen diren barrutiak adjudikatzea, adjudikazio denbora ezarrita (Abeltzaintza Ordenantza, 7. artikulua).
67.–Barrutiak guraso eta seme-alaben edota anai-arreben artean uztea (Abeltzaintza Ordenantza, 10.1 e artikulua).
68.–Adjudikatzailearen oinordekoak barrutien oinordeko izatea (Abeltzaintza Ordenantza, 10.1. f artikulua).
69.–Guztion erabilerarako barrutietako lurrak artzaintzarako adjudikatzea (Abeltzaintza Ordenantza, 10.2.2 artikulua)
70.–Hesiak, eskortak eta askak esleitzea guztion erabilerarako barrutietako abeltzain adjudikaziodunei (Abeltzaintza Ordenantza, 10.2.4 artikulua)
71.–Laboreen txandaketa lursail erdietan (Abeltzaintza Ordenantza, 12. eta 13. artikuluak).
72.–Garaitik edo ezarritako datetatik kanpo artzaintzarako baimenak ematea (Abeltzaintza Ordenantza, 10.c artikulua).
73.–Barrutiko adjudikazioduna ez den beste abeltzain bati artzaintza jardueretarako baimena ematea (Abeltzaintza Ordenantza, 16.i artikulua).
74.–Jurisdikzio eskudunari salaketa aurkeztea, Bardean artzaintza jardueretarako baimenik ez duen abeltzain bat hor sartzeagatik (Abeltzaintza Ordenantza, 18. artikulua).
75.–Bere eskumeneko abeltzaintza eremuko zehapen espedienteak ebaztea (Abeltzaintza Ordenantza, 19. artikulua).
76.–Tokiak adjudikatzeko prozedurari ekitea.
12. artikulua. Bilkuren aldizkakotasuna.
1. Batzorde Iraunkorrak, hilero, bilkura arrunt bat eginen du.
Lehendakaritza agintaldi bakoitzaren hasieran eta Batzorde Iraunkorrak deitzen duen lehen bilkuran zehaztuko da bilkurak asteko zer egunetan eta zer ordutan eginen diren. Lehendakaritzak aurreratu edo atzeratu egiten ahalko ditu, baita bertan behera utzi ere, arrazoi justifikatu batengatik eta hori hala jasotzen den dekretu bidez.
2. Bilkura bereziak eta presakoak lehendakariak deitzen dituenean eginen dira.
3. Lehendakariak edozein unetan biltzen ahal du Batzorde Iraunkorra, beharrezkoa iruditzen bazaio batzorde horren iritzia jasotzea edo ebazpenak eman aurretik haren parte-hartzea eskatzea, dagozkion eskudantziak erabiliz.
13. artikulua. Deialdia.
Deialdiaren eta bilkuraren artean, gutxienez, bi egun baliodun utzi beharko dira, bilkura berezi eta presakoen kasuan izan ezik. Deialdiak egoitza elektronikoaren bitartez eginen dira.
14. artikulua. Gai zerrenda.
Gai zerrenda batzordekideei bidaliko zaie, bilkuretan bildu aurretik.
15. artikulua. Publikotasuna.
1. Batzorde Iraunkorraren bilkurak ez dira jendaurrekoak.
2. Bilkuran, eztabaidatu beharreko gaiez hitz egindakoan, hartutako erabakien aktaren zirriborroa jasoko da.
3. Bilkura bakoitzaren akta onesten denean, erabakien laburpena Gardentasun Atarian argitaratuko da. Dena den, diskrezioz gorde beharko da, eta, datu pertsonalen babeserako araudiari jarraikiz, kendu beharreko datu pertsonalak ezabatu beharko dira.
4. Era berean, txosten horietatik kanpo geldituko dira Batzorde Iraunkorrari soilik jakitea dagozkion zenbait ikerketa zientifiko eta tekniko, hain zuzen ere, ingurumenaren edota espezieen babeserako delikatuak izaten ahal diren datuak dituztenak eta horiek idatzi dituzten teknikarien eta Komunitateko langileen iritziz diskrezioa eskatzen dutenak haien biziraupena eta kontserbazioa bermatzeko. Beraz, zati bat argitaratuko da Komunitatearen webgunean, edo, bestela, erabat gordeta geldituko dira txosten horiek, argitaratu gabe, Batzorde Iraunkorrak hala erabakitzen badu teknikari eskudunekin egiaztatutakoan.
BOSGARREN TITULUA
Batzar Nagusiaren araubidea
LEHENENGO KAPITULUA
Bilkuretako xedapen orokorrak
16. artikulua. Ordezkaritzak.
Ordenantza Orokorraren 109. artikuluaren arabera, ordezkaritza pertsona batekoa edo bikoa izaten ahal da. Kasu horretan, erakundeak jakinarazi egin beharko du bi ordezkarietako zeinek emanen duen botoa. Hala, bigarrenak aholkulari funtzioa hartuko du.
17. artikulua. Ordezkaritzak aurkeztu beharreko egiaztagiriak.
1. Batzar Nagusiko bileratara joaten diren ordezkariek akreditazio txartel bat (erakundeak igorritako dokumentu ofiziala) aurkeztu beharko dute, Komunitatean formalki deitutako bilkuretara eta bileretara joateko ordezkaria dela egiaztatzeko. Ordezkaritzat pertsona bat baino gehiago izendatuta daudenean, Batzar Nagusian baloratzekoak diren gaietan botoa emateko ahalmena duen pertsonaren izenak agertu behar du akreditazio txartel horretan. Ordezkari titularra ez bada joatekoa, haren ordez nork emanen duen botoa adieraziko da.
2. Ordezkaritzarako akreditazio txartel horiek bilkura hasi arteko unera arte aurkezten ahalko dira, baita, lehenago, Egoitza Elektronikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztuta ere. Azken kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen bilkura hasieran aurkeztea, baina bere identitatearen akreditazio agiria eraman beharko du
3. Erakunde bereko akreditazioa duten pertsona bat baino gehiago joaten badira, lehendakariak bilkura hasi aurretik erabakiko du horri buruz, erabakirako kontuan izanda erakunde bakoitzaren barruko maila altueneko organoak esleitutako akreditazioa. Bi akreditazioak maila bereko organo batek eman badizkie, bilkura eginen den egunetik gertuen dagoen data duenari erreparatuko zaio.
4. Bilkura hastean, udalerri partzuerren bateko alkateak, ibarretako batzordeetako lehendakariek edo Olibako monasterioko abadeak dagokien kargu hori dutela aitortuko da, dagozkien akreditazioak eraman behar izanik gabe, beste ordezkaririk ez bada agertzen akreditazioarekin.
5. Gobernuko organoek legealdi hasieran dagozkien ordezkariak izendatzen badituzte, eta izendatze horrek ez badu aldaketarik izan, Komunitatearen Egoitza Elektronikoaren Erregistro Orokorrean onetsitako erabakia aurkeztuz eta igorriz gero, ez dute beharko deitutako bilkuretara joateko ordezkaritzarik.
Aldaketa edo eraldaketa oro modu berean aurkeztu beharko da ondorioak izan ditzan.
18. artikulua. Bilkurak egiteko tokia.
1. Batzar Nagusiaren bilkurak Tuterako Komunitatearen Egoitzan horretarako prestatutako aretoan izanen dira.
2. Horrez gain, Komunitateak Bardeako lurretan duen eraikinen batean edota Arguedasko udal mugartean (Aguilares finkako informazio gunean) bere titulartasunekoak diren eraikinetan egiten ahalko dira bilkurak, lehendakariak hala erabakitzen badu deialdian, eta Komunitatea osatzen duten erakundeetako ordezkari guztiei jakinarazi beharko zaie.
19. artikulua. Bilkura motak.
Batzar Nagusiak bilkura arruntak, bereziak eta presakoak egiten ahalko ditu. Lehendakaritzak edota Batzorde Iraunkorrak eginen ditu bilkuraren deialdia eta gai zerrenda.
20. artikulua. Bilkura arruntak.
1. Batzar Nagusiak bi bilkura eginen ditu urtean, abuztuan izan ezik, horretarako hilabete baliogabetzat jotzen baita. Bilkura horietako lehena maiatzaren azken eguna baino lehen eginen da, aurreko urteko kontuak eta deialdian eta gai zerrendan eztabaidarako dauden gaiak onesteko. Bigarren bilkura, berriz, urtea bukatu baino lehen, hurrengo urteko aurrekontuen onespena proposatzeko eta erabaki beharreko gainerako gaiak eztabaidatzeko.
21. artikulua. Bilkura bereziak.
1. Batzar Nagusiak bilkura berezia eginen du Lehendakaritzak edo Batzorde Iraunkorrak hala erabakitzen duenean, edo Batzar Nagusiko kideen legezko kopuruaren herenak (7 ordezkaritzak) eskatzen dutenean. Azken kasu horretan, lehendakariak hogei egun balioduneko epea izanen du bilkura berezia deitzeko, Komunitatearen Egoitza Elektronikoko Erregistro Orokorrean eskaria aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta bilkura, gehienez ere, deialdia egiten den egunetik hamar egun baliodunera arte egiten ahalko da.
2. Deialdi berezia Lehendakaritzak edota Batzorde Iraunkorrak egiten duenean, bilkuraren deialdia eta bilkura bera egiteko epea, gutxienez, hamar egun baliodunekoa izanen da. Deialdi horretan, gai zerrendan ezarritako gaiak soilik adieraziko dira.
3. Ordezkaritzen bilkura berezirako eskaera, nolanahi ere, ordezkari eskatzaile guztiek sinatu beharko dute, eta honako hauek adierazi beharko dituzte: landu nahi dituzten gaiak, eskaera sostengatzen duten dokumentuak eta arrazoiketak, eta Batzar Nagusian eztabaidatu beharreko erabakirako proposamenak. Baldintza horiek bete gabe lehendakariak ez du zertan egin deialdia, eta ordezkari eskatzaileek hutsuneak zuzentzeko hamar eguneko epea izanen dute, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Ordezkaritzek ez badituzte hutsune horiek zuzentzen beste hamar egun balioduneko epean, eskaera alde batera utzi dela ulertuko da. Baina, hutsuneak zuzenduz gero, espedientearen zuzenketa aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, bost egun balioduneko epean eginen du deialdia lehendakariak.
4. Bilkura horretan, eskatzaileek adierazitako gai zerrendako gaiak eta puntuak soilik eztabaidatuko dira.
5. Aipatutako ordezkariek eskatutako bilkura berezirako deia dagokion epean egiten ez badu lehendakariak, eta ez badie hutsuneak zuzentzeko esaten, automatikoki dei eginen da epe hori bukatu eta hamargarren egun baliodunerako, goizeko hamabietarako, Tuterako Komunitatearen egoitzan; Komunitateko idazkariak horixe jakinaraziko die kide guztiei, aipaturiko epea bukatu eta biharamunean. Lehendakaria edo legez haren ordezko izan behar duena ez badago, Batzar Nagusia balio osoz eratuta egonen da, baldin eta batzordekideen legezko kopuruaren erdia gehi bat, gutxienez, baldin badago (13 ordezkaritza); kasu horretan, bertaratuen artean Batzar Nagusiko kide zaharrena dena arituko da bilkurako lehendakari.
6. Lehendakariak edo Batzorde Iraunkorrak bilkura berezira deitzen dutenean edo ordezkaritzek hala eskatzen dutenean, eta bilkuran bildu baino bost egun baliodunen aurretik, erakundeen ordezkaritzek, Batzorde Iraunkorrak eta Lehendakaritzak erabakirako proposamenak aurkezten ahalko dituzte, behar bezala arrazoituta eta deialdiko gai zerrendarekin lotuta. Gero, Batzar Nagusian onesteko eztabaidagai izanen dira. Epe horretatik kanpo aurkeztutako proposamenak ez dira ez jorratuko ez eztabaidatuko.
7. Ezarritako gai zerrendako gaiekin zerikusia duten proposamenak aurkezteko, Egoitza Elektronikoko Erregistro Orokorra erabiliko da, eta proposamen horiek egiten dituen edo dituzten ordezkaritzak edo ordezkaritzek sinatu beharko dute edo, hala behar denetan, Lehendakaritzak edo Batzorde Iraunkorrak, horretarako egindako bilkurako kideen gehiengoak hartutako erabakiaren bitartez.
8. Epeak kalkulatzeko, baliogabeko eguntzat hartuko dira Komunitatearen egoitza elektronikoan urtero argitaratzen direnak.
22. artikulua. Bilkura berezi eta presakoak.
1. Bilkura berezi eta presakoak dira baldin eta gaiaren edo gaien presa dela-eta ezin bada bilkura berezirako deia egin gutxienez aurreko artikuluan ezarritako egun kopurua baino lehen, Legeak eskatzen duen moduan. Bilkura mota horiek lehendakariak deitzen ditu.
2. Kasu horretan, gai zerrendako lehen puntua izanen da Batzar Nagusiaren irizpena presa dela-eta. Batzar Nagusiak ez badu presakotzat hartzen, segituan bukatuko da bilkura, gai zerrendako gai guztien inguruan analisirik, eztabaidarik eta erabakirik izan gabe.
23. artikulua. Deialdia.
Batzar Nagusiaren ohiko bilkurak, gutxienez, hogei egun lehenago deitu behar dira; Batzorde Iraunkorrak edo Lehendakaritzak deitutako bilkura bereziak, berriz, hamar egin baliodun lehenago, gutxienez; ordezkaritzek eskatutako bilkura bereziak, erregelamendu honetako 20. artikuluak xedatzen duenaren arabera; eta bereziak eta presakoak direnak (lehenik Batzar Nagusiak berretsi beharko ditu), ahalik eta epe laburrenean, deialdia egiten denetik hiru egunera arte, gehienez.
24. artikulua. Iraupena.
1. Bilkura guztiek men eginen diote egintza batasunaren printzipioari, eta ahaleginak eginen dira hasten diren egun berean buka daitezen.
2. Lehendakariak, bilkuran zehar, egoki deritzon etenaldiak erabakitzen ahalko ditu, ordezkaritzen deliberazioei bide emateko edo atsedenaldi bat hartzeko, bilkuren iraupenak hala gomendatzen duenean. Horretarako, etenaldia iragartzean jakinarazi beharko du egun horretan bertan zer ordutan jarraituko duen bilkurak.
25. artikulua. Publikotasuna.
1. Batzar Nagusiaren bilkurak jendaurrekoak dira. Hala ere, isilpean gordetzen ahalko dira zenbait eztabaida eta bozketa, hala nola Konstituzioaren 18.1 artikuluan jasotako herritarren oinarrizko eskubideei eragin diezaieketen gaien ingurukoak, edota Lehendakaritzak hala irizten badio, Batzar Nagusiari galdetuta eta gehiengo osoz hala erabakita.
Bilkuraren erritmoari eragin ez diezaioten, gai horiek gai zerrendaren hasieran jarriko dira, aurreko bilkurako akta onesteko puntuaren ondoren.
Hori hala denean, Batzar Nagusiko kide ez direnak ezin izanen dira bilkura aretora sartu, eta botoa aitortua duten ordezkariak eta aholkulariak, Batzorde Iraunkorreko kideak eta Komunitateko idazkaria soilik joaten ahalko dira. Bilkurak jendaurrekoa izaten jarraituko du gai zerrendako puntu horiek ixten direnean.
2. Bilkurara joaten den jendeak ezin izanen du parte hartu edo eten, ezta adostasun edo desadostasun adierazpenik egin ere. Muturreko kasuetan, edozein arrazoirengatik bilkuraren garapena oztopatzen duen pertsona bat kanporatzen ahalko du lehendakariak, eta bilkura jarraitu ala ez erabakitzen ahalko du, ordezkaritzei kontsultatu ondoren.
3. Lehendakariak bilkura etetea erabakiz gero, hurrengo bilkurako gai zerrendan jasoko dira eztabaidatzeko falta direnak.
BIGARREN KAPITULUA
Gai zerrenda
26. artikulua. Zerrendaren osaera.
1. Bilkuren gai zerrenda Lehendakaritzak ezarriko du, hark eginen baitu aurrez Batzar Nagusian eztabaidatzeko beharrezko baldintzak biltzen dituzten gaien zerrenda.
2. Lehendakariari dagokio, Batzorde Iraunkorrak proposatuta, gai jakin bat gai zerrendan gehitu ala ez erabakitzea eta zer epigrafe behar duen bakoitzak ebaztea.
3. Deialdia Batzorde Iraunkorrak edo Batzar Nagusiko ordezkariek sustatzen dutenean, haiek zehaztuko dituzte gai zerrendako gaiak.
27. artikulua. Zabaltzea.
1. Deialdiaren eta gai zerrendaren berri izateko eta eztabaidagai diren espedienteak lortzeko, egoitza elektronikoa erabiliko da, horretarako ezarritako sarbide baldintzekin.
Horrez gain, deialdiaren egun berean, dokumentu guztiak Batzar Nagusiko kide guztien eskuragarri egonen dira Komunitateko idazkaritzan.
2. Gai zerrenda Komunitateko iragarki taulan eta webgunean egonen da.
28. artikulua. Batzar Nagusiaren eskumenak.
Honako hauek dira Batzar Nagusiaren eskudantziak eta eskumenak: batetik, foru araudiak eta Estatuko araudiak udaletako osoko bilkurei ematen dizkietenak, bestetik, naturagune babestuei buruzko araudiak organo gorenei ematen dizkienak, gune horiek kudeatu ditzaten, eta, bereziki, Errege Bardeako Natur Baliabideak Antolatzeko Planak, Natur Parkea Erabiltzeko eta Kudeatzeko Planak eta Komunitatearen ordenantzek kide anitzeko organo horri ezartzen dizkiotenak.
Honako hauek zehazten dira, modu ez erabatekoan:
1.–Batzorde Iraunkorreko kideak hautatzea eta Komunitateko lehendakaria izendatzea.
2.–Komunitatearen jarduera bakoitzerako gastu eta diru sarrera orokorren aurrekontuak, aurrekontuak betearazteko oinarriak eta Komunitateari aplikagarri zaion kontabilitate publikoari buruzko araudi espezifikoak zehazten dituen aurrekontu eraldaketak onestea.
3.–Itxitako jardueren kontuak onestea.
4.–Parke Naturalaren eta haren inguruen erabilerari buruzko ordenantzak eta erregelamenduak onestea.
5.–Lurraldearen erabilera publikoaren desafektazio espedienteak egitea.
6.–Parke Naturala Antolatzeko, Erabiltzeko eta Kudeatzeko Planak eta haiei egiten ahal zaizkien aldaketak onestea, Nafarroako Gobernuak tramita ditzan, araudi aplikagarriaren arabera.
7.–Plantilla organikoa onestea.
8.–Lurraldea eta hango espezieak kontserbatzeko neurri bereziak onestea.
9.–Tasa eta prezio publikoak onestea.
HIRUGARREN KAPITULUA
Eztabaidak
29. artikulua. Printzipio orokorrak.
1. Lehendakariari dagokio bilkuren erritmo ona ziurtatzea eta komenigarritzat jotzen dituen etenaldiak egitea, eztabaidak zuzentzea, eztabaidetan ordenari eustea eta parte hartzeko denborak adieraztea, erregelamendu honetan adierazitakoaren arabera.
2. Erakundeen ordezkaritzek hitza hartzen ahalko dute, lehendakariari aurrez baimena eskatuta. Hitza hartu eta gero, lehendakariak bakarrik mozten ahalko die denbora agortu zaiela esateko, gaiari edota hurrenkerari lot daitezen agintzeko edo hitza kentzeko; azken hori bidezkoa izanen da ezarritako denbora igaro eta buka dezaten bi aldiz esan eta gero.
3. Ordezkaritzek noiznahi eskatzen ahalko dute hitza ordena arazo bat mahaigaineratzeko, zer arau aplikatzea nahi den eskatuta. Lehendakaritzak ebatziko du zer den bidezkoa, eta beraz, ezin izanen da, hori dela-eta, ezein eztabaidarik egin.
30. artikulua. Gaien hurrenkera.
1. Gai guztiak gai zerrendan ageri diren hurrenkerari jarraituz eztabaidatuko eta bozkatuko dira, edo bilkuran bertan ezartzen den hurrenkerari jarraituz, presako arrazoiengatik Batzar Nagusian eztabaidagai gisa sartuta ez zeuden kasuetan.
2. Aurreko puntukoa hala izanik ere, lehendakariak gaien hurrenkera aldatzen ahal du, edo gai bat kendu, onespenerako gehiengo berezia behar baldin bada eta gehiengo hori ezin bada lortu gai zerrendan hasiera batean aurreikusitako unean.
Edozein ordezkaritzak eztabaida aldian eskatzen ahal du gai zerrendako espedienteren bat kentzeko, dokumentuak edo txostenak gehi dakizkion, bai eta espedientea mahai gainean geldi dadila ere, horren gaineko eztabaida hurrengo bilkuran egiteko. Bi kasuetan, eskaerari buruzko bozketa eginen da, eztabaida bukatu eta gaiaren funtsari buruzko bozketa egin aurretik. Gehiengo soilak eskaeraren aldeko botoa ematen badu, ez da erabaki proposamenaren gaineko bozketa egin beharko.
3. Hainbat gaik eduki antzekoa dutenean, batera eztabaidatzen ahalko dira, lehendakariak hala adierazten badu. Baina, bereizita bozkatu beharko da haietan egiten den proposamen bakoitza. Gainera, proposamen baten puntu edo zati bakoitza bereizita bozkatzen ahalko da, autonomoki jorratzeko bada eta ez badu eraginik gainerakoetan.
31. artikulua. Eztabaidarik gabeko erabakiak hartzea.
1. Komunitateko idazkariak espedienteko erabaki irizpenak edo proposamenak irakurriko ditu, osorik edo zatika.
2. Irakurri ondoren inork hitza eskatzen ez badu, bertaratuen aho bateko adostasunez onetsiko da gaia, eta lehendakariak espresuki adieraziko du.
3. Gainera, eztabaidarik egon gabe ere, ordezkaritzek, hala nahi badute, botoaren azalpena adierazi beharko dute proposamenaren aurka bozkatu behar dutenean edo abstenitu behar dutenean, eztabaidagai duten erabakia hartzeko.
32. artikulua. Eztabaiden garapena.
1. Eztabaida sustatzen bada, proposamena egin duenaren azalpen eta justifikazio batekin hasten ahalko da.
2. Gehienez ere hamar minutu izanen dira azalpen hori egiteko.
33. artikulua. Hitz hartzeen lehen txanda.
1. Jarraian, hala eskatzen duten ordezkaritzetako bakoitzak erantzuteko txanda bat izanen du, bost minutu baino gehiago iraunen ez duena.
2. Erantzuteko txanda horretan, lehendakariak zehaztuko du ordezkaritzek zein hurrenkeratan hartu duten hitza.
34. artikulua. Hitz hartzeen bigarren txanda.
1. Ordezkaritzaren batek hala eskatzen badu, bigarren txanda irekiko da, aurreko artikuluan adierazitako hurrenkera berean. Berriro hartzen ahalko dute hitza, beren posizioa defendatzeko eta botoa azaltzeko. Bigarren txanda horretan, ordezkaritzak edo proposamena egin duenak bere hautua berretsi edo aldatu beharko du, hala nahi izanez gero.
2. Bigarren txanda horretako hitz hartzeek ez dute iraunen hiru minutu baino gehiago.
35. artikulua. Hitz hartzeak norbaiten aipamenarengatik.
1. Eztabaidan zehar, ordezkaritzaren bateko pertsona bati edo jarrera bati buruzko aipamenen bat egiten bada, ordezkari horrek hitza hartzeko eskatzen ahalko dio lehendakariari, hiru minutuz, eztabaidagaiaren sakonean sartu gabe, zehazki aipamen horri erantzuteko.
2. Aipamenak ordezkariren baten duintasunari edo ohoreari eragiten badio, lehendakariak hitza ematen ahal dio, aurreko paragrafoan ezarritako iraupenean eta baldintza beretan.
36. artikulua. Agerraldietako hitz hartzeak.
1. Lehendakariak eskuordetutako eskudantziak dituen Batzorde Iraunkorreko kideren batek bere jarduerari buruzko gaiei erantzuteko agerraldi bat egin behar duela erabakitzen bada Batzar Nagusian, eta kide hori ez badago bilkura horretan, lehendakariak hurrengo bilkura arruntean edo berezian gehituko du gaia, eta interesatuari hartutako erabakia jakinaraziko dio, baita agerraldia egin beharko duen bilkuraren data ere. Jakinarazpen horren eta bilkuraren artean, gutxienez ere, hiru egun egonen dira. Dena den, interpelatuak, han baldin badago, unean bertan erantzuten ahalko du, eta hortaz, ez da agerraldirik egonen.
2. Agerraldietan, erregelamendu honetan eztabaidetarako ezarritako hitz hartzeen hurrenkerari jarraituko zaio, eta informatzaileak hitza hartuko du, galderei erantzuteko, hamabost minutu gainditu gabe.
37. artikulua. Hitz hartzeak luzatzea.
Lehendakariak, eztabaidatzeko irekitzen diren gaien garrantzia kontuan hartuta, proposatzen ahalko du, bilkuraren aurretik, hitz hartzeak luzatzea, erregelamendu honetan aurreikusitako denboraren bikoitza, gehienez. Kasu bakoitzean, hitz hartze horien iraupena adierazi beharko du.
38. artikulua. Bozketak.
Hitz hartzeak bukatutakoan, lehendakariak itxitzat emanen du eztabaida, eta, jarraian, eztabaidatutako gaiak bozkatuko dira. Dena den, ez da egonen boto bakoitzaren azalpena emateko aukerarik.
39. artikulua. Emendakinetatik erabaki proposamenetara.
1. Emendakina, hain zuzen ere, Batzar Nagusian parte hartzeko eta bozkatzeko akreditazioa duen ordezkari ororen irizpen edo proposamen bat aldatzeko proposamena da. Idatziz zuzentzen zaio lehendakariari, eta Egoitza Elektronikoko Erregistro Orokorrean aurkezten da, bilkura izan baino bost egun baliodun lehenago, gutxienez.
Lehendakariak emendakina jasotzen duenean, ordezkaritza guztiei bidaliko zaie, egoitza elektronikoaren bitartez, ordezkaritza guztiek jakin eta balora dezaten.
2. Emendakina ezabatzailea izanen da, baldin eta proposamenaren edo mozioaren erabaki proposameneko edo hasierako testuko punturen bat edo zatiren batzuk ezabatzera bideratuta badago.
3. Emendakina aldatzailea izanen da, baldin eta proposamenaren edo mozioaren erabaki proposameneko edo hasierako testuko punturen bat edo batzuk aldatu nahi badira.
4. Emendakina gehitzailea izanen da, baldin eta, proposamenaren edo mozioaren erabaki proposamena edo hasierako testua osoki errespetatuz, hobetzera edo ekarpenak egitera bideratuta badago.
5. Emendakina transakziozkoa izanen da, baldin eta, bi ordezkaritza edo gehiagoren arteko aurre akordio batez, bakoitzak bere emendakinak bertan behera uzten baditu, guztien artean adostutako beste emendakin batek aurrera egin dezan.
6. In voce emendakinak onesteko, errore materialak, akats tekniko edo semantikoak edo ezabapen sinpleak zuzentzea izan behar dute helburutzat.
7. Emendakinen eztabaidan, egileak bost minutuz hartzen ahalko du hitza eta, beste bost minutuz, hala eskatzen duten ordezkarietako bakoitzak.
8. Emendakinak arbuiatzen badira, hasierako proposamenaren edo mozioaren erabaki edo testu proposamena bozkatuko da, eztabaidarik gabe.
40. artikulua. Proposamenak.
1. Proposamena, hain zuzen ere, Batzar Nagusirako lehendakariak gai zerrendan sartu ez duen gai bati buruz egiten den planteamendua da, behar bezala justifikatutako presazko arrazoiengatik aurkezten dena, iniziatiba propioz egina edo ordezkaritzek hala eskatuta.
2. Proposamenak azalpen zati bat edo justifikazioa eta hartu beharreko erabakia adieraziko ditu.
3. Ez da proposamen bati buruzko eztabaidarik edo bozketarik eginen, aldez aurretik Batzar Nagusiak gehiengo osoz berretsi ez badu hura gai zerrendara gehitzea.
41. artikulua. Presako mozioak.
1. Mozioa, berriz, presako arrazoiengatik Batzar Nagusian eztabaidatzeko eta baloratzeko egiten den proposamena da, behar bezala akreditatuta dagoen (legegintzaldi hasieran edo haren aurkezpen ekitaldian akreditazioa aurkezteagatik, aurrez, eskariari atxikiz) eta Batzorde Nagusia osatzen duten erakundeen ordezkarietako edozeinek Egoitza Elektronikoko Erregistro Orokorrean aurkezten duena. Mozioa lehendakariari zuzentzen zaio, eta, idatzian, adierazitako presa behar bezala justifikatu behar da, bilkura egunaren aurreko eguneko hamabiak arte, ezinbestekoa den kasuetan salbu (egoitza elektronikora sartzeko arazoak edo webgunearen blokeo teknikoa kontuan hartuko dira), horietan bilkuraren hasieran onartuko baita mozioak aurkeztea.
2. Gai zerrendako gaien eztabaida eta bozketa bukatutakoan, eta galderak eta eskaerak aztertu aurretik, presako zer mozio dauden ikusiko da, Batzar Nagusiak haiek onetsi ondoren, gehiengo osoz.
3. Mozioaren eztabaida eta bozketa erregelamendu honetan ezarritako arau orokorrek zuzenduko dute. Mozioaren egilearen eta lehen txandaren denbora lau minutukoa izanen da, eta bigarren txandarena, bi minutukoa.
42. artikulua. Galderak eta eskaerak.
1. Eskaera lehendakariari edo funtzioak eskuordetuak dituen Batzorde Iraunkorreko kideei zuzendutako jarduketa proposamena adieraztea da.
Eskaerak ahoz edo idatziz egiten ahal dira, eta normalean ondorengo bilkuran eztabaidatuko dira, nahiz eta aurkezten diren bilkura berean ere eztabaidatzen ahalko diren lehendakariak hala komeni dela uste badu eta erantzun behar dutenak, aurrez, ados agertzen badira. Kasu horretan, eskaerak planteatu dituen ordezkaritzaren hitz hartze bat egonen da, eta beste bat, erantzuteko. Jarraian, proposamena egin duen ordezkaritzak berriro hartzen ahal du hitza, eta erantzuteko beste hitz hartze bati tartea eman ondoren, eztabaida bukatutzat joko da. Hitz hartzeek ezin izanen dute bi minutu baino gehiago iraun.
2. Galdera Komunitateko Gobernuko organoei egindako edozein galdekizun da.
Idatziz edo bilkura batean ahoz egindako galderei haien jasotzaileak erantzunen die, normalean hurrengo bilkuran. Dena den, galdetua bertan bada eta erantzun egiten badio bilkuran bertan, erantzunak ezin izanen du bi minutu baino iraun.
3. Galderak eta eskaerak ezin izanen dira bozkatu, inongo kasutan.
SEIGARREN TITULUA
Informaziorako, Lanerako eta Kontrolerako Mahaiak
eta Batzorde Teknikoak
LEHENENGO KAPITULUA
Informazio, lan eta kontrol mahaiak
43. artikulua. Mahaiak eta beren funtzioak.
Mahaiak Batzar Nagusiak, Batzorde Iraunkorrak edo lehendakariak sortutako organoak dira, eta ez dute ebazpenerako eskudantziarik. Honako funtzio hau dute mahaiek: aurrez aipatutako hiruretako batek berariaz hartutako erabakia dela-eta jakin beharreko gaien ikerketak, txostenak edo kontsultak egitea, Batzar Nagusiari dagozkion kontrol eskumenei eragin gabe.
44. artikulua. Osaera.
1. Honako hauek osatzen ahal dituzte mahaiak: Batzar Nagusiko ordezkariak, Batzorde Iraunkorreko kideak, lehendakaria, Komunitateko enplegatuak eta langileak, aholkularitzarako izendatutako teknikariak, eta elkarteetako ordezkariak, mahaiak sortzen dituzten organoek hala erabakitzen badute eztabaidatu beharreko gaiekiko duten zerikusiarengatik.
2. Sorrera akordioan zehaztuko da haien osaera zehatza, honako arau hauek kontuan harturik:
a) Mahaiko Lehendakaritzaren funtzioak beteko dituen pertsona izendatu beharko du akordioak, baita haren ordezkaria ere, hura ez dagoen kasuetarako, gaixo dagoenerako edo karguari uko egiten dionerako.
b) Mahai bakoitza sorrera akordioan zehazten diren administrazio publikoetako, elkarteetako eta taldeetako pertsonez eta ordezkariez osatuta egonen da. Administrazio publiko eta elkarteen kasuan, haien izenean mahaian parte hartuko duen pertsona izendatuko dute.
c) Mahaiko idazkari lanak sorrera akordioan izendatutako pertsonak beteko ditu, edo, hori ezean, lehen bilkuran kide guztien artean gehiengoz hautatutakoak.
d) Baloratu beharreko gai jakina zehaztuko du, baita zer iraupen izanen duen, zein izanen den bilkuren araudia eta zer bitarteko erabiliko diren bilkuraren garapenerako.
3. Sorrera akordioak edo dekretuak funtzionamendu kontuak zehazten ez baditu, mahaiak ezarriko ditu, lehen bileran, gehiengo osoz, deialdien araudia, funtzionamendua, ordutegia eta idazkari funtzioak beteko dituen pertsonen hautapena.
4. Lan mahaiak aldi baterakoak izanen dira, eta, horregatik, agindutako lanak bukatutakoan itxiko dira, sortu zuen organoak hala erabakita, edo mahaiak berak erabakita, hura osatzen duten kide guztien gehiengo osoz. Azken kasu horretan, erabakitakoa organo eskudunari jakinarazi beharko diote, hark jakin eta balora dezan.
45. artikulua. Publikotasuna.
Informazio, lan eta kontrol mahaien bilkurak ez dira jendaurrekoak.
46. artikulua. Bilkuren garapena.
Lan mahaien bilkurak lehendakariak zuzenduko ditu, eta gai zerrenda irakurriz hasiko dira. Jarraian, mahaikide bakoitzak bere iritzia adieraziko du irizpena eskatzen duen gaiari buruz, modu labur eta zehatzean; eta beharrezkoa bada, azalpen teknikoa eskatuko da irizpena behar duten gaien inguruan. Azkenik, batzordekide orok indarrean dagoen araudian aurreikusitako moduren batean emanen du botoa.
47. artikulua. Bozketak.
Irizpenak eta erabakiak beti gehiengoz onetsiko dira.
48. artikulua. Irizpenak eta boto partikularrak.
1. Lan mahaien irizpenak eta erabakiak ez dira lotesleak Komunitateko organo eskudunentzat.
2. Mahaiaren irizpena administrazio zerbitzu eskudunek edo horretarako kanpotik kontratatutako teknikariek haren esku jartzen duten proposamenari adostasuna ematera mugatzen ahal da, edo, hala ez bada, beste aukera bat azaltzen ahal du.
3. Mahaiaren proposamena espedientean agertzen dena ordezkatzeko aukera bat bada, edo espedienteari eragiten dioten txosten teknikoak badira, proposamen berriak ez du ordezkatuko espedientekoa, eta, mahaiak prestatu eta igorritakoarekin batera, Batzar Nagusiari, Batzorde Iraunkorrari edo lehendakariari helaraziko zaizkio, dagozkien eskumenen arabera, guztiz edo zatiren bat onetsi ez direnak organo eskudunak eztabaida eta erabaki ditzan.
4. Mahaiak onetsitako irizpenarekin ados ez dauden mahaikideek beren kontrako botoa eta botoaren arrazoia jaso daitezela eskatzen ahalko dute. Hori guztia idatziz jasota geratuko da.
5. Lan mahaiaren bilera bakoitzean, akta bat jasoko da eta, gutxienez ere, eguna, ordua, iraupena, lekua, bertaratuak eta landutako gaien laburpen txiki bat adieraziko dira.
BIGARREN KAPITULUA
Batzorde Teknikoak
49. artikulua. Ikerketarako batzorde teknikoak.
1. Lehendakariak ikerketarako batzorde teknikoak eratzen ahalko ditu, eta haien buru izanen da sortutako lan eremu bakoitzeko funtzioak eskuordetuak dituen Batzorde Iraunkorreko kidea. Harez gain, beste batzordekide batzuez, funtzionarioez eta Komunitateko enplegatuez osatuta ere egoten ahalko da, baita beste administrazio publiko batzuetako kideez eta aditu edo perituez ere. Batzorde horrek honako helburu hau izanen du: Natur Parkea eta Biosfera Erreserba ezagutzeari, erabiltzeari eta babesteari dagokionez Komunitatearentzat interesgarriak izaten ahal diren gaiak ikertzea. Horrek, era berean, lehendakariari aholkulari tekniko funtzioa ere ematen dio.
2. Dagozkion lan guztien artean, arreta bereziki honako hauetan jarriko du: Natur Parkearen eta Biosfera Erreserbaren erabileren balorazio teknikoak egiten, ingurumen adierazleak aztertzen eta jarduketa proposamenak egiten. Ondorioak prest daudenean, lehendakariari jakinaraziko zaizkio, eta hala dagokionean, Batzar Nagusiari edota Batzorde Iraunkorrari bideratuko zaizkie.
3. Eraketa dekretuan, bete beharreko lana egiteko izan behar dituen osaera, helburua, bitartekoak eta epeak zehaztuko dira.
4. Bilkurak egiteko, irizpenak igortzeko eta abar, lan mahaietarako zehaztutakoa aplikatuko da.
ZAZPIGARREN TITULUA
Erakunde partzuerretako bizilagunen sozietate, elkarte eta taldeak
50. artikulua. Elkarteen izen ematea.
Erakunde partzuerretako bizilagunen irabazi asmorik gabeko sozietateen, elkarteen eta sozietate taldeen izen ematerako erregistro bat sortuko da. Aipatutako horiez gain, Bardeako erakunde partzuerren lurralde eremuan garatzen diren jarduera pribatuen sozietate ordezkagarriek ere ematen ahalko dute izena erregistro horretan, hain zuzen ere, helburu sozialetako bat bezala Nafarroako Errege Bardea Natur Parkearen eta Biosfera Erreserbaren lur eremuaren erabilerarekiko, tradizioarekiko, garapenarekiko eta kontserbazioarekiko interesa dutenak.
Izena emateko, ordezkariak Egoitza Elektronikoko Erregistro Orokorrean honako hauek aurkeztu beharko ditu: izen emate eskaera, eguneratutako estatutuen kopia, eskaeraren arduradunak edo ordezkariak, jakinarazpenak helarazteko helbidea edo egoitza soziala eta helbide elektronikoa, eta bazkide kopurua.
Erregistroan izena eman ondoren, eratutako lan mahaietan elkarte horiek izaten ahal duten parte hartzea baloratuko dute Komunitateko organoek, baita haien proiektuak sustatzea, baloratzea eta, beharrezko denean, garatzea (batera edo zuzenean) ere, Batzar Nagusiak erabakitako ekarpen ekonomikoekin, baldin eta Errege Bardeako Natur Parkearen eta Biosfera Erreserbaren lurralde eremuan egiteko proiektuak badira.
ZORTZIGARREN TITULUA
Antolaketa administratiboa
51. artikulua. Antolaketa administratiboa.
1. Nafarroako Errege Bardeako Natur Parkea eta Biosfera Erreserba kudeatzeko Komunitateko administrazioan, bere egiturari eta antolaketa administratiboari dagokionez, lehendakariari dagokio funtzionamendu egokirako irizten dituen adar, eremu eta zerbitzuak ezartzea, eta hura arduratuko da izendapenez, eskuordetzeez edo kargu uzteez, gero Batzorde Iraunkorrari aurkeztuko dion dekretu bitartez.
BEDERATZIGARREN TITULUA
Lehendakariak eta Batzorde Iraunkorreko kideek ordainsariak,
kalte ordainak eta bilkuretara joateagatiko lansariak jasotzeko dituzten eskubideak
52. artikulua. Ordainsariak, kalte ordainak eta bilkuretara joateagatiko lansariak jasotzeko eskubidea.
1. Komunitateko lehendakariak eta Batzorde Iraunkorreko kideek eskubidea izanen dute beren funtzioak duin eta eraginkortasunez betetzeko beharrezko diren ordainsariak, kalte ordainak eta bilkuretara joateagatiko lansariak jasotzeko, erregelamendu honetan ezarritako arauen arabera, eta aurrekontuen eta aurrekontuak betearazteko oinarrien bitartez Batzar Nagusiak urtero onesten dituen izendapenei jarraikiz.
2. Komunitateko Batzar Nagusiko ordezkari kideek kalte ordainak jasoko dituzte Komunitateko kide anitzeko organoen bilkuretara joateagatik, formalki deitutako bilkuretara joateagatik, eta erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera formalki eratzen diren lan mahaietan edo informazio eta kontsulta batzordeetan parte hartzeagatik, baita langileak hautatzeko frogak egiteaz arduratzen diren tribunaletako edo kontratazio mahaietako kide izateagatik ere, salbu eta dagozkien erakunde partzuerretan dedikazio esklusiboa edo partziala badute, edo jada legez onetsita dituzten kalte ordainak jasotzen badituzte.
53. artikulua. Batzorde Iraunkorreko kideen eta lehendakariaren ordainsariak, kalte ordainak eta bilkuretara joateagatiko lansariak zehazteko irizpideak.
1) Batzordekideen eta lehendakariaren ordainsariak ezartzeko, bakoitzaren dedikazioaren erregimena eta kudeaketan duten ardura hartuko dira kontuan.
2) Batzordekideen eta lehendakariaren egoera honako hiru kategoria hauetan sailkatzen da:
a) Dedikazio esklusiboa: lehendakaritza kargua duen edo Batzorde Iraunkorreko kidea den pertsona kargu horri dagozkion funtzioak betetzeaz arduratzen da, ordaindutako beste jarduera publiko edo pribaturik egin ahal izan gabe, bateraezintasunei buruzko legeria aplikagarrian ezarritakoaren arabera.
b) Dedikazio partziala: lehendakaritza kargua duen edo Batzorde Iraunkorreko kidea den pertsonak beste lanbide batzuk ere baditu, baina lan horiek Komunitatearekiko dedikazioan kalterik egin ahal izan gabe, eta baldin eta bateragarriak badira ordezkari funtzio karguarekin. Egoera horretan daudenek Batzar Nagusian eskuratu beharko dute bateragarritasun adierazpena, eta aldaketak jakinarazi beharko dituzte, indarrean dagoen legerian eta erregelamendu honetan aurreikusitako interesei buruzko adierazpenei kalterik eragin gabe.
c) Bertaratze soila: Komunitateak formalki deitutako kide anitzeko organoetara, lan mahaietara, kontratazio mahaietara eta bilkuretara joaten direnen kasua.
3) Dedikazio esklusiboa edo partziala duten batzordekideek edota lehendakariak Batzar Nagusiak zehaztutako ordainsariak jasoko dituzte, funtzioak betetzeagatik, urteko ordainsari gisa, eta Gizarte Segurantzako erregimenean alta emanez. Bi egoera horietako batean ere ez dauden pertsonek, kide anitzeko organoetara, lan mahaietara, kontratazio mahaietara edo formalki deitutako bilkuretara joateagatiko lansariak jasoko dituzte, bertaratze bakoitzarengatik Batzar Nagusiak zehazten duen zenbatekoan. Kasu horietan, urteko gehieneko bat ezartzen ahalko da.
4) Batzar Nagusiko ordezkari guztiek, batzordekideek eta lehendakariak eskubidea dute kalte ordainak jasotzeko, kargua betetzeagatik sortutako lekualdatzeetan egin dituzten gastuengatik:
–Norbere ibilgailua erabiltzeagatiko kilometrajea. Lekualdatzeetan egindako kilometro bakoitzeko mota horretako gastuetarako Batzar Nagusiak onetsitako zenbatekoa izanen da.
–Gaua hotelean igarotzea eta garraiobide publikoetako joan-etorriak: posible denetan, lehentasunez, garraiobide publikoetako turista klasean eginen dira bidaiak. Gauak hiru izarreko hoteletan edo antzekoetan erreserbatuko dira. Gastu horiek Komunitateak erreserbatuko eta ordainduko ditu, edo, bestela, hark kontratatutako agentziaren bitartez.
–Otorduetako gastuak eta bestelakoak, hala nola taxiak...: urtero, Batzar Nagusiak onetsitako aurrekontuetan edota aurrekontuak betearazteko oinarrietan, eguneko zenbateko bat ezarriko da, eta egindako gastua Espainiatik kanpo edo Espainia barnean egiten den bereizten ahalko da. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen kontzeptu horiengatiko gastuen benetako zenbatekoa justifikatzea. Lehendakariak, batzordekideak edo erakundearen ordezkariak benetako gastua adierazi behar badu, justifikatu egin beharko da, eta Batzar Nagusiak ezartzen ahalko du gehieneko bat, justifikatutako zenbatekoa edozein izanda ere.
54. artikulua. Lehendakariaren eta Batzorde Iraunkorreko kideen dedikazio erregimena.
1. Batzorde Iraunkorreko kide guztiek eta lehendakariak eskubidea dute kargua betetzeko zer dedikazio erregimen nahi duten hautatzeko: dedikazio partziala edo kide anitzeko organoen, lan mahaien... bilkuretara joateagatiko kalte ordain soila. Erregimen esklusiboko dedikazioa Batzar Nagusiari aurkeztu beharko zaio, eta hark erabakiko du horren inguruan.
2. Batzar Nagusiak onetsitako urteko aurrekontuei dagokienez, lehendakariak eta Batzorde Iraunkorreko kideek hari jakinaraziko diote bakoitzak hautatutako dedikazio egoera, eta Batzar Nagusiak egoera horietako bakoitzari dagokion esleipen ekonomikoa ezarriko du.
3. Hasieran hautatutako dedikazio erregimena aldatzea erabakitzen bada, erabakia hartu ondorengo hilabetetik aurrera jarriko da praktikan, eta Batzar Nagusiari jakinarazi beharko zaio lehen bilkuran.
55. artikulua. Bitartekoen esleipena.
1. Lehendakariak, Batzorde Iraunkorrak jakinaraziko duen dekretuaren bitartez, giza baliabideak nahiz bitarteko material eta teknikoak esleituko dizkie bai Komunitateko Gobernu Organoei (Batzar Nagusia eta Batzorde Iraunkorra) bai eratutako lan mahaiei eta batzorde teknikoei, beren helburuak eta funtzioak behar bezala bete ditzaten.
2. Lehendakariak, horiez gain, bitarteko teknikoak (mugikorrak, ordenagailu finkoak eta eramangarriak, komunikabideak eta informaziorako bitartekoak, loturak eta Interneterako konexioak...), ibilgailuak eta makinak esleituko dizkie Batzorde Iraunkorreko kideei, funtzionarioei eta Komunitateko langileei, beren funtzioak behar bezala bete ditzaten.
3. Lehendakariak ibilgailua izanen du bere funtzioak betetzen ari denean lekualdatzeko, bai eta interneterako konexioa duten mugikorra eta ordenagailua.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu eginen dira erregelamendu honen edukiei osoki edo partzialki aurka egiten dioten Komunitateko arauak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Erregelamendu honek aurreikusten ez duen guztian, Tokiko Erakundeen Antolaketa, Jarduera eta Araubide Juridikoaren Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuan edo hura ordezkatzen duen araudian xedatutakoa aplikatuko da; baita Nafarroako naturaguneei dagokienez aplikagarri den foru araudia eta tokiko administrazioaren foru araudia ere.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Modu honetara interpretatuko da erregelamendu organiko honetako artikuludun testua:
Gaztelaniaz, honako hitz hauen forma maskulinoa (singularrean edo pluralean) erabiltzen denean, ulertuko da maskulinoa eta femeninoa biltzen direla: lehendakaria, alkatea, batzordekidea, batzordekide delegatua, ordezkaria, herritarra, kidea, funtzionarioa, enplegatua, idazkaria, bizilaguna.
AZKEN XEDAPENA
Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: L1803808
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
