2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TAFALLA
Alkatetzaren dekretua.
Eskudantziak Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluak eta azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 41. artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, Alkatetzaren eskudantziak beste organo batzuen esku uzteko espedienteari dagokionez.
Kontuan harturik Alkatetza honek, 2015eko ekainaren 25ean eman dekretuaren bidez (2015ko uztailaren 27ko eta 2017ko azaroaren 29ko dekretuek aldatua), Tokiko Gobernu Batzarrean eskuordetzeak egin zituela.
Ikusirik legegintzaldiaren erdia iraganda lortu den esperientzia eta udal zerbitzuek proposatu dituzten aldaketak.
Alkatetzaren nahia izanik prozedura eta gaietan lortzea koordinazio, eraginkortasun eta adostasun handiagoa, eta horrenbestez, eskumenen eskuordetzea mantentzea ondorio horiek gertatzen diren alderdietan, eta ez aipatu ondorioak eragiten ez dituztenetan.
Kontuan harturik Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen 2568/1986 Errege Dekretuaren 114.etik 118.era bitarteko artikuluek eta haiekin bat egiten duten aplikatzeko arau orokorrek xedatutakoa, eta Idazkaritza Nagusiaren aurretiko txostena.
Honako hau ebatzi dut:
Lehenbizikoa.–Gobernu Batzarraren esku uztea gai hauei dagozkien erabakiak:
1. Kudeaketa ekonomikoa garatzea, onetsitako aurrekontuaren arabera, eta gastuak xedatzea, betiere bere eskumenen mugen barnean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko araudian ezarritakoarekin bat. Eskuordetzetik kanpora gelditzen dira Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legean jasotzen diren kasuak, baldin eta faktura eta/edo kredituaren erreserba baizik eskatzen ez bada (laguntza teknikoa eta hornidurak 6.000 euro bitarte, BEZa kanpo), eta obren kontratuei dagokienez, eskuordetzetik kanpora gelditzen dira 12.000 eurora (BEZa kanpo) iristen ez diren kontratuak. Zenbateko horiek aldatuko balira edo kontratu publikoei buruzko ondorengo foru legeetan handiagoak izanen balira, oraingoan zehaztutako zenbatekoak muga berrietara egokituko dira.
2. Mota guztietako kontratazio eta kontzesioak egitea, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, eta urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu. Eskuordetzetik kanpora gelditzen dira Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legean jasotzen diren kasuak, baldin eta faktura eta/edo kredituaren erreserba baizik eskatzen ez bada (laguntza teknikoa eta hornidurak 6.000 euro bitarte, BEZa kanpo), eta obren kontratuei dagokienez, eskuordetzetik kanpora gelditzen dira 12.000 eurora (BEZa kanpo) iristen ez diren kontratuak. Zenbateko horiek aldatuko balira edo kontratu publikoei buruzko ondorengo foru legeetan handiagoak izanen balira, oraingoan zehaztutako zenbatekoak muga berrietara egokituko dira.
3. Obren eta zerbitzuen proiektuak onestea.
4. Lan eskaintza publikoa onestea osoko bilkuran onetsitako aurrekontuaren eta plantillaren arabera; langileak hautatzeko proben oinarriak onestea, bai eta lanpostuak betetzekoak ere.
5. Honako udal lizentzia hauek ematea, araudi sektorialak ez badio eskumen hori espresuki ematen Osoko Bilkurari edo Tokiko Gobernu Batzarrari:
–Obra lizentziak, 35/2002 Foru Legearen 189.ter artikuluan xedatuaren arabera erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa behar duten egintzak izan ezik, eta zehatz-mehatz:
a) Merkataritzako jarduerak egiteko lokalak egokitzeko obrak, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.
b) Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, Tafallako udal ordenantzetan zehazten direnak.
c) Itxiturak eta hesiak.
d) Bide publikotik ikusgarriak diren publizitate afixak.
e) Obra txikiak.
f) Eraikitzen hasi aurretiko lanak: zundaketak, prospekzioak, laginak, entseguak, etab.
–Lur banantzeak egiteko lizentziak.
–Eraispen obretako lizentziak.
–Txostenak, 4/2005 Foru Legean zehaztuaren arabera ingurumena babesteko esku-hartzeko araubideari lotutako jardueren espedienteei buruzkoak.
–Jarduera-lizentziak, 448/2014 Foru Aginduaren 27.2 artikuluan zehaztuaren arabera erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduerak izan ezik, hau da, foru agindu horren II. eranskinean daudenak eta III. eranskinean ez daudenak.
–Planeamendu orokorra garatzeko tresnen onespena, Osoko Bilkurari espresuki ez dagokionean, baita hirigintzaren kudeaketarako proiektuena eta urbanizazio proiektuena ere.
–Ondare erantzukizuneko espedienteen ebazpena.
–Berraztertzeko errekurtsoen ebazpena, Alkateak eskuordetuta Gobernu Batzarrak hartu dituen erabakien aurka aurkeztutakoak.
–Zakur arriskutsuak edukitzeko lizentzia.
Bigarrena.–Gobernu Batzarrak bere esku utzitako eskudantziak erabiliz emandako egintzak organo eskuordetzailearen egintzat hartuko dira, Alkatearenak alegia. Nolanahi ere, dekretu honetan espresuki aurreikusita ez dagoen orotan, hondarreko irizpideari jarraikiz interpretatuko da; horrenbestez, Alkatetzaren eskumenaren alde ulertuko da, eskuordetu gabe alegia.
Hirugarrena.–Abuztuko herriko jaien ondoren Gobernu Batzarraren bilkuren ezagatik gerta daitekeen edozein arazo saihestu nahian, eskuordetze hau, bere osotasunean, azken bilkura arruntetik aurrera Alkateak bereganatzen duela ulertuko da, berariazko beste ebazpenik eman beharrik gabe.
Laugarrena.–Erabaki honek ondorioak izanen ditu hartu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko bada ere, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 44. artikuluaren 2. apartatuaren arabera.
Bosgarrena.–Ebazpen honen berri ematea Osoko Bilkurari eta Gobernu Batzarrari, bi organoek egiten dituzten hurrengo bilkuretan.
Tafallan, 2018ko martxoaren 16an.–Alkatea, Arturo Goldaracena Asa.
Iragarkiaren kodea: L1803813