Iragarkia
89. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
502/2018 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak apirilaren 11n emandako 713/2014 Ebazpenaren bidez, eta apirilaren 21eko 469/2006 Errege Dekretuaren babesean, enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako diru-laguntzen deialdia onetsi zen.
Laguntza horiek kudeatzean bildutako esperientziak garbi erakusten du zenbait aldaketa egin behar direla laguntza horien eraginkortasuna eta eragimena hobetzeko.
Lan Merkatuaren Erreformarako Presako Neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen hamabigarren azken xedapenaren 3. puntuan adierazten da Espainiako Gobernuak enplegurako politika aktiboen estatu-neurrien lege-esparru berri bat arautuko duela, desgaitasunak dituzten pertsonak lan munduan sar daitezen laguntzeko. Araudi horretan ezarriko dira Estatu osoan aplikatu beharreko gutxieneko edukiak. Bitarte batean, autonomia erkidegoek desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-politika aktiboen gainean hartzen dituzten neurrietan eta ekintzetan errespetatu beharko dira desgaitasuna duten pertsonak lan munduan txertatzeko estatu-neurrietan jasotzen diren eduki komunak, hots, urriaren 31ko 1542/2011 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Espainiako Enplegurako 2012-2014 urteetarako Estrategian aurreikusitakoak. Estrategia hori ordeztu egin zen abenduaren 15eko 1032/2017 Errege Dekretuaren bidez, zeinak Espainiako 2017-2020rako Enplegu Estrategia onetsi baitzuen.
Horregatik guztiagatik, eta egoera berri hauetara egokitutako deialdia egiteko asmoz, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 26ko 4602/2017 Ebazpenaren bidez indarrik gabe utzi zen aipatutako apirilaren 11ko 713/2014 Ebazpena.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean.
Gobernuaren 2018ko urtarrilaren 17ko Erabakiaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zaio diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean, enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzat.
Azaldutakoarekin bat eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Ebazpen honetako eranskinean biltzen diren oinarri arautzaileak onestea, baita enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako diru-laguntzen deialdia ere.
2. 1.000.000 euroko gastua baimentzea 2018ko gastuen aurrekontuko “Enplegu-zentro berezietarako laguntzak. EGF” izeneko 950001 96100 4709 241109 partidaren kargura, zeina 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31ra arteko aldiari baitagokio.
3. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea agortzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.
Iruñean, 2018ko apirilaren 25ean.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1.–Xedea.
1. Deialdi honek helburu du enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barruan lanbide jarduerari laguntzeko unitateentzako diru-laguntzak arautzea, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 43. artikuluan aurreikusiak (haren bidez, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haiek gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onetsi zen), egokitzeko zerbitzu horiek modernizatzeko tresna gisa.
2. Lanbide jarduerari laguntzeko unitateak dira enplegu-zentro berezietako egokitze pertsonal eta sozialeko zerbitzuen barneko talde multiprofesionalak. 4. oinarriko eginkizunak eta betebeharrak garatuz laguntzen dute zentro horietan desgaitasuna duten langileek lanpostu batean hastean edo hartan jarraitzean eta aurrera egitean dituzten oztopoak, trabak edo zailtasunak gainditzen. Orobat, horren barnean egonen dira gizarte, lan, kultura eta kirol inklusioa helburu dutenak.
2.–Azkeneko jasotzaileak.
1. Laguntzeko unitateen azken jasotzaileak enplegu-zentro berezietan desgaitasuna duten langileak izanen dira, laneratzean eragozpen bereziak dituztenak. Horretarako, ondotik zehazten diren kasuetako batean egonen dira:
a) Garun-perlesia, eritasun mentala edo adimen desgaitasuna duten pertsonak, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.
b) Desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak, %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.
c) Desgaitasun mota bat baino gehiago elkartzen badira eta desgaitasun maila %33 eta %65 artekoa bada, laneratzean eragozpen bereziak dituzten langiletzat hartuko dira, betiere a) ataleko desgaitasun mota aitortua gutxienez %25ekoa bada.
2. Lanbide jarduerari laguntzeko unitateek oinarri honetako 1. puntuan sartuta egon ez arren enplegu-zentro berezian desgaitasuna duten beste langileei ere eman diezaiekete zerbitzua, baldin eta horrek ez badio kalterik ekartzen aurreko ataleko pertsonen arretari.
3.–Diru-laguntzen entitate onuradunak.
1. Oinarri arautzaileotako diru-laguntzen onuradunak enplegu-zentro berezien entitate titularrak izan daitezke, baita zentro horiek ere, nortasun juridiko propioa dutenean, ondoko baldintzak beteta:
a) Hala inskribaturik egotea Nafarroako Foru Komunitateko Enplegu Zentro Berezien Erregistroan, Enplegu Zentro Bereziei buruzko Erregelamendua onesten duen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatuarekin bat.
b) Irabazi-asmorik ez izatea eta kalifikazioa jasoz geroztik gutxienez 2 urte ematea Nafarroan funtzionatzen.
c) Enplegu-zentro berezietako plantillan 2. oinarriko 1. puntuan ezarritako desgaitasun mota eta maila dituzten langileak egotea.
d) Enplegu-zentro bereziek lanbide jarduerari laguntzeko unitateak edukitzea, 5. oinarrian ezartzen diren baldintzak beteta.
e) Unitate horiek desgaitasuna duten pertsona guztiei laguntzea, 2. oinarriaren 1. atalean ezarri bezala.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren debekuetariko batean ere ez egotea. Hori “erantzukizunpeko adierazpen” baten bidez frogatu beharko du diru-laguntza eskatzen duen entitateak.
4.–Lanbide jarduerari laguntzeko unitateen eginkizunak.
1. oinarrian zehaztutako lanbide jarduerari laguntzeko unitateei atxikitzen zaizkien langileek ondoko eginkizunak izanen dituzte:
a) Desgaitasuna duen pertsonaren ahalmenak baloratu eta lanpostua aztertu ondoren, laguntza beharrak detektatu eta zehaztea, pertsona horrek bere lanbide jarduera bete dezan.
b) Beharrezko harremanak finkatzea desgaitasuna duten langileen familiaren eta gizartearen inguruarekin, horrek sostengua eta adorea eman diezaion, lanpostu batean hasteari eta hartan egonkortasuna izateari dagokienez.
c) Behar adina prestakuntza programa garatzea, pertsonak lanpostura, teknologia berrietara zein produkzio prozesuetara egokitu daitezen.
d) Banan banako laguntzak ematea pertsona bakoitzari bere lanpostuan.
e) Desgaitasuna duten langileen autonomia eta beregaintasuna bultzatu eta sustatzea, beren lanpostuetan batik bat.
f) Langile berriak enplegu-zentro berezira egokitzen laguntzea, horretarako beharrezko sostenguak emanez.
g) Enplegu-zentro bereziko langileei laguntzea lan enklabeetan hasteko prozesuan, baita lan merkatu arruntean eta autoenpleguan ere.
h) Zentroan desgaitasuna duten pertsonen endekapen prozesu posibleak detektatzea eta haietan esku hartzea, haren ondorioak saihestu eta apaltzeko.
5.–Lanbide jarduerari laguntzeko unitateen osaera.
1. Laguntzeko unitateen osaerak ondoko moduluak errespetatu beharko ditu:
a) 2. oinarriko 1. puntuan zehaztutako desgaitasuna duten 15 langile bitarte: erdi edo goi mailako teknikari 1, edo balio bereko ezagutza eta/edo esperientzia duena, gutxienez lanaldiaren %20 badu, eta produkzioaren laguntzarako arduradun 1, lanaldi osoan aritzen bada, edo proportzioan dagozkionak, egozpena lanaldi partzialean egiten bada.
b) 16 langiletik 30era bitarte: erdi edo goi mailako teknikari 1, edo balio bereko ezagutza eta/edo esperientzia duena, gutxienez lanaldiaren %80 badu, eta produkzioaren laguntzarako 2 arduradun, lanaldi osoan aritzen badira, edo proportzioan dagozkienak, egozpena lanaldi partzialean egiten bada.
c) 31 langiletik 45era bitarte: erdi edo goi mailako 2 teknikari, edo balio bereko ezagutza eta/edo esperientzia dutenak, bata lanaldi osoan eta bestea, gutxienez, lanaldiaren %50 izanda, eta produkzioaren laguntzarako 3 arduradun, lanaldi osoan aritzen badira, edo proportzioan dagozkienak, egozpena lanaldi partzialean egiten bada.
d) 46 langiletik 60ra bitarte: erdi edo goi mailako 2 teknikari, edo balio bereko ezagutza eta/edo esperientzia dutenak, lanaldi osoan, eta produkzioaren laguntzarako 4 arduradun, lanaldi osoan aritzen badira, edo proportzioan dagozkienak, egozpena lanaldi partzialean egiten bada.
e) 61 langiletik 75era bitarte: erdi edo goi mailako 3 teknikari, edo balio bereko ezagutza eta/edo esperientzia dutenak, bi lanaldi osoan eta bestea, gutxienez, lanaldiaren %50 izanda, eta produkzioaren laguntzarako 5 arduradun, lanaldi osoan aritzen badira, edo proportzioan dagozkienak, egozpena lanaldi partzialean egiten bada.
f) 75 langiletik gora: lanbide jarduerari laguntzeko unitateko plantilla bat ezarriko da, aurretik adierazitako irizpideen arabera.
Atal honetan xedatuaren ondorioetarako, balio bereko ezagutzak eta/edo esperientzia izanen da laguntzeko unitatean bezalako eginkizunak gutxienez urte batez beteta edukitzea.
2. 2. oinarriko 1. puntuan zehaztutako desgaitasun mota eta maila dituzten langileen (zerbitzuaren onuradunak) kopuruak ez badu bat egiten modulu bakoitzeko mugekin, lanbide jarduerari laguntzeko unitateetako langileen dedikazioa proportzionala izanen da desgaitasuna duten langile kopuruarekin.
3. Unitate hori osatzen duten langileen lanpostuak hutsik gelditzen direnean arrazoi justifikatuengatik, horiek hilabeteko epean bete behar dira kontratu mugagabea eginez balio bereko titulazio eta/edo esperientzia duten langileei, aurretik ezarritako proportzionaltasuna mantentzeko.
4. Baldin eta langile batek beste enpresa batean egiten duen legez ezarritako gehieneko lanaldia erakunde publiko batek diruz laguntzen badu, langile hori ez da lanbide jarduerari laguntzeko unitateetako kidetzat hartuko oinarri hauetan araututako diru-laguntzen ondorioetarako. Ezin izanen zaizkio diru-laguntza honi %50ean baino gehiagoan egotzi langile hauek: erakundearen ordezkaritza duten langileak, gerente edo administrari kargua izanik edota enplegu-zentro berezian erabakitzeko ahalmena duen beste edozein kargu izanik, eta zentroan administrazio zerbitzuak ematen dituzten langileak.
Erabakitzeko ahalmena dute gardentasun betebeharrak betetzeko aurkeztutako dokumentazioan jasotako haiek (gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoetako karguak).
5. Gertatzen bada laguntza unitateko langile batek desgaitasun portzentaje handiagoa izatea azken jasotzaile diren langileetako batzuek baino, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari eskatuko dio lanpostuak egokitzeko txostena egin dezala.
6. Zentroak zer laguntza unitate izan behar duen zehazteko, oinarritzat hartuko da diru-laguntzaren eskaeraren xedeko hiruhilekoaren hilabete bakoitzean desgaitasuna duten langileen kopuru baxuena, zeinek egon beharko baitute 2.1 oinarrian ezarritako egoeraren batean.
6.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak eta zenbatekoa.
1. Oinarri arautzaile hauetako diru-laguntzak erabiliko dira enplegu-zentro berezietan lanbide jarduerari laguntzeko unitateetako langileak mugarik gabe kontratatzearen ondoriozko jarduera finantzatzeko, 4. oinarrian zehaztutako eginkizunak betetzeko.
2. Diru-laguntza horien zenbatekoa 1.200 eurokoa izanen da urtean (aurreko urteko azaroaren 1etik abian den urteko urriaren 31ra) 2. oinarriko 1. puntuan zehaztutako desgaitasun mota eta maila duen langile bakoitzeko, enplegu-zentro bereziak mugarik gabe kontratatzen badu, edo aldi baterako kontratuaren bidez sei hilabete edo handik gora irauten duenean, muga izanik laguntza unitateen lan kostuak eta Gizarte Segurantzarenak.
1.200 euroko diru-laguntza proportzioan murriztuko da lanaldiaren arabera, kontratua lanaldi partzialekoa bada, bai eta pertsona hori kontratatuta dagoen denboraren arabera ere, diruz lagundutako epearen barnean.
3. Diru-laguntzaren kalkuluaren ondorioetarako, zeina 8. oinarrian baitago ezarrita, diru-laguntzaren xedeko aldian 2.1 oinarrian ezarritako egoeraren batean egonik desgaitasuna duten pertsonek benetan lan egindako denbora hartuko da kontuan.
4. Diru-laguntza emanen da baldin eta aurrekontuan horretarako diru erabilgarririk badago.
7.–Eskabideak aurkeztea.
1. Ahal dela, eskabideak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko dira. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da, edo NAN-PINa sistema.
Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietan eta bitartekoak erabiliz aurkez daitezke.
Eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, aipatutako dokumentazioa euskarri informatikoan ere aurkeztu beharko da.
2. Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
3. Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitateari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. apartatuan xedatu bezala.
4. Eskaera aurkezteak berarekin dakar zentro bakoitzak onartzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erakunde eskudunei informazioa eskatzen ahal diela zentroak Ogasun Publikoarekiko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko. Ez bada hala, zentroak eskaera bakoitzarekin batera aurkeztu beharko du dokumentazio hori.
Halaber, baimena ematen dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari diru-laguntzaren xedeko langileen lan bizitzaren gaineko kontsultak egin ditzan.
8.–Diru-laguntza jasotzeko eta ordaintzeko modua, epeak eta justifikazioa.
1. Zentroek hiru hilean behin aurkeztuko dute diru-laguntzaren kontzesio eta ordainketa eskaera aurreko urteko azaroaren 1etik abian den urteko urriaren 31ra arteko aldirako. Honela eginen da eskaera:
–Azaroaren 1etik urtarrilaren 31ra bitarteko aldia martxoan eskatuko da.
–Otsailaren 1etik apirilaren 30era bitarteko aldia ekainean eskatuko da.
–Maiatzaren 1etik uztailaren 31ra bitarteko aldia irailean eskatuko da.
–Abuztuaren 1etik urriaren 31ra bitarteko aldia abian den urteko azaroaren 11 baino lehen eskatuko da.
Baldin eta gastua baimentzeko deialdia otsailaren ondoren argitaratzen bada, erakunde onuradunek lehenengo hiruhilekoari dagokion diru-laguntza emateko eta ordaintzeko eskatu beharko dute argitaratu eta hilabeteko epean.
Ez dira onartuko epez kanpo aurkeztutako hiruhilekoko kontzesio eta ordainketa eskaerak.
2. Diru-laguntzaren hiruhilekoko kontzesio eta ordainketarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute erakunde eskatzaileek:
a) Eskaera, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.
b) I. eranskina, honako eduki hau duena:
–Soldaten kostuen eta Gizarte Segurantzaren kostuen zerrenda, xedeko hiruhilekoko teknikarien eta arduradunen nominekin eta gizarte aseguruekin batera (dagozkien ordainagiriak barne).
Azken hiruhilekoan, gastu gisa hartuko dira teknikarien eta arduradunen soldaten kostuak eta Gizarte Segurantzaren kostuak baldin eta eskaera egiten den egunean ordainduta badaude.
–Azken jasotzaileen zerrenda, kontratu mugagabea dutenak edo sei hilabeteko edo handik gorako kontratu aldi baterakoa dutenak, desgaitasun mota eta maila zehaztuta, diru-laguntzaren xedeko hiruhilekoan kontratatuak badaude.
c) Hiruhilekoan zehar laguntza unitateko teknikarien eta arduradunen plantillan izandako aldaketen jakinarazpena. Kasu horretan, izandako bajen eta alten kopiak aurkeztuko dira, bai eta diruz lagundutako epean egindako lan-kontratuenak ere. Era berean, titulazioari edo esperientziari buruz 5. oinarrian ezarritako betebeharra betetzen dela egiaztatu beharko da.
d) II. eranskina, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzearen aitorpena.
e) III. eranskina, helburu bereko beste laguntza batzuk, deialdi honetan zehazten direnekin bateragarriak, jaso izanaren aitorpena eta hura Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazteko konpromisoa.
3. Lehenengo eskaerarekin batera, hau ere aurkeztu behar da aurrekoaz gainera:
a) Enplegu-zentro bereziak diru-laguntzak dirauen eperako aurreikusitako egokitzapen pertsonalaren eta sozialaren planaren deskripzio-memoria, honako hau jasotzen duena:
–Enplegu-zentro bereziaren titulartasuna.
–Kokalekua.
–Jarduera nagusia eta osagarria.
–Laguntza unitatea osatzen duen plantillaren osaera.
–Diruz lagungarria den epean laguntza unitateko langileek zer zerbitzu emanen dituzten xeheki azaltzen duen txostena, adierazita zer zerbitzu emanen zaizkion jasotzaile bakoitzari (errehabilitazioa eta kirol zerbitzuak, zerbitzu terapeutikoak, gizarteratze zerbitzuak, prestakuntzakoak, kulturalak, etab.).
–Segimendurako eta ebaluaziorako prozedura, programatutako jarduketa eta helburuei dagokienez lortzen den betetze maila zehazteko.
b) Onuradunak gardentasunerako betebeharra bete behar badu, 10 f) oinarrian aipatu dokumentazioa aurkeztu beharko du, edo Foru Komunitateko Administrazioaren zein organotan aurkeztu duen adierazi, organo horrek emandako diru-laguntzaren onuradun izateagatik. Informazio hori eman izana ez da frogatu beharrik izanen, hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuta badago.
4. Entitateak, azaroaren 11 baino lehen, laguntza unitateek diru-laguntzak iraun duen epe osoan zehar egindako jardueren deskripzio-memoria aurkeztuko du, hasierako memoriaren eduki berarekin.
9.–Instrukzioa eta diru-laguntza emateko eta ordaintzeko prozedura.
1. Prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena duen organoa Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.
2. Oinarri hauetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.
Eskaerak erregistroko sarrera-dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.
3. Aurkeztutako eskabideen gaineko ebazpena Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari dagokio, aurrez organo kudeatzaileak proposamen txostena eginda.
4. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea ebazpena jakinarazi gabe iraganik, diru-laguntza eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
5. Prozeduraren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie administrazio prozedurari buruzko legerian adierazitako moduan.
10.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Oro har, onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diru-laguntza ematea eragin duen jarduketa egitea eta egin dela frogatzea, eta diru-laguntza ematean eta horren gaineko ebazpenean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai. Erakundeak laguntza unitatearen osaera mantendu behar du plantillan dauden eta eragozpen bereziak dituzten langile desgaituen arabera, 6.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari idatziz jakinaraztea zer beste laguntza eskatu duen aldi berean helburu bererako, eskatu eta 15 egun balioduneko epean gehienez.
c) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari ezagutzera ematea beste administrazio edo entitate publiko edo pribatuk, Espainiakoek zein atzerrikoek, xede bererako emandako bestelako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso den, bai eta diru-laguntzak emateko kontuan hartutako xedeak edo baldintzak aldatu diren ere. Laguntza lortu edo aldaketa egin eta hilabeteko epean komunikatu beharko da.
d) Laguntzen jarraipena egiteko behar den informazio guztia Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari eta kontrolerako beste edozein organismo eskuduni ematea, behar diren kontrolak onartzea eta auditoreari laguntzea.
e) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako finantzaketaren publizitateari dagokionez, entitate onuradunak dokumentuetan, prentsako iragarkietan eta zabalkunderako edo informaziorako materialean beti adierazi beharko ditu programaren izena eta Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala, “Nafarroako Gobernuak finantzatutako programa” testuarekin batera.
f) Gardentasunari buruzko betebeharrak:
f.1.) Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasunez aritzeko betebeharra izanen dute, bi inguruabar hauek gertatzen badira:
1) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.
2) Emandako zenbatekoa entitate onuradunaren negozio kopuruaren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.
Horretarako, bi inguruabarrak betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ondotik aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.
–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira.
Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura.
f.2.) Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
f.3.) Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
11.–Aurrekontuko zuzkidura.
Oinarri hauetan aurreikusitako diru-laguntzak, urtero, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan programa horiek kudeatzeko onesten den partidaren kargura finantzatuko dira.
12.–Bateragarritasuna.
1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.
2. Diru-laguntzen zenbatekoak ez du inola ere gaindituko, ez bakarrik ez beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batean, 6. oinarrian zehazten diren lanaren eta Gizarte Segurantzaren kostuak.
13.–Betebeharrak ez betetzea eta diru-laguntzak itzultzea.
1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, jarduera gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
2. Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatuz gero, eta aldaketa hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazten ez bazaio, diru-laguntza osoa itzuli beharko da, berandutze-interesak barne, ezar daitekeen zehapena galarazi gabe.
3. Zehazki, enplegu-zentro bereziak ez badu teknikari edo arduradun bat ezarritako epean ordezten, diru-laguntza 50 euro murriztuko da ordezpen horretan atzeratzen den egun bakoitzeko.
4. Emandako diru-laguntza osoa itzuli beharko da, halaber, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira.
5. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen II. tituluan ezarritakoari jarraituko dio itzultze prozedurak.
14.–Zehapen prozedura.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen menpe egonen dira deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
15.–Publizitatea.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako diru-laguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat, eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean.
16.–Aplikatu beharreko araudia.
1. Oinarri arautzaileotan aurreikusten ez den orotan, honakoak aplikatu beharko dira: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea eta hura garatzeko araudia.
2. Ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuko da deialdian, hau da, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu zituena Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
Enplegu-zentro bereziei laguntzeko unitateei diru-laguntza eman eta ordaintzeko eskaera.
I. ERANSKINA
Teknikarien eta arduradunen zerrenda.
II. ERANSKINA
III. ERANSKINA
Bestelako laguntza batzuei buruzko aitorpena.
Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude, I. eranskina izan ezik, Excel bat baita.
Iragarkiaren kodea: F1805611
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
