2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BORTZIRIETAKO HIRI-HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA
Deialdia, Bortzirietako Hiri-Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko hondakinak kudeatzeko teknikari lanpostu bat hartzeko, oposizio-lehiaketaren bidez, lanaldi osoan, eta aldi baterako kontratuarekin
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea Bortzirietako Hiri-Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko hondakinak kudeatzeko teknikari lanpostu bat betetzea da, oposizio-lehiaketaren bidez eta aldi baterako kontratuarekin.
1.2. Oposizio-lehiaketa hau eginen da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarritakoari jarraituz, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen.
1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko B mailari dagokiona izanen da urteko lansaria gordina. Horretaz gain, bereak izanen ditu Mankomunitateak erabakitako osagarriak.
1.4. Lan araubidea lanaldi osokoa izanen da eta ordutegia zerbitzuko beharretara egokituko da. Ordutegi hori edozein unetan alda lezake Mankomunitateak.
1.5. Beteko dituen eginkizunak bere maila eta kategoriari dagozkionak izanen dira, hala nola: Ingurumen-inpaktuak identifikatzea eta hiri hondakinen kudeaketaren kostuen analisia egitea, horretarako hondakinen sailkapen eta karakterizazio egokia eginez; hondakinetan dauden errekurtsoak berreskuratzeko ikuspegiak bilatzea eta balioztatzea; hiri hondakin mota ezberdinak ezagutzea, baita haiek tratatzeko aukerak ere; aukerak bilatzea birziklatzeko, energia berreskuratzeko, konpostajerako edo egoera bakoitzari hobekien egokitzen zaiona aukeratzea; prozesuak optimizatzea eta kostuak murriztea hondakinen kudeaketaren bitartez (hondakinei aplikatzen zaizkien lege betebeharrak, kudeaketa integratuko sistemetan parte hartzeko aukera, hondakinak gutxitzeko azterlanak eta planak egitea eta abar). Horietaz gain, Mankomunitateak hondakinen kudeaketarako egoki juzgatzen duen beste edozein eginkizun ere bete beharko du.
1.6. Hizkuntza eskakizuna C1 da, Bortzirietako toki entitateen plantilla organikoetako lanpostuetan ezarri beharreko hizkuntza eskakizunari buruzko txostenaren arabera, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 2012ko martxoaren 12an egina.
1.7. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, izangaietatik bakar batek ere lanpostuan aritzeko gutxieneko jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik ez duela iritziz gero.
1.8. Kontratuak hilabeteko probaldia izanen du.
2.–Izangaien betebeharrak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.
Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baldin haien kontura bizi badira.
b) Adin nagusikoa izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko diplomadun titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
d) B1 mailako gida baimena eta ibilgailua edukitzea.
e) Nafarroako bi hizkuntza ofizialen ezagutza (gaztelania eta euskara). Azken kasu honetan, EGA titulua edo Hizkuntza Eskola Ofizialeko Gaitasun-Agiri baliokidearen bidez akreditatuta, edo deialdi honen 1.6 oinarrian eskatutako hizkuntza-eskakizunari dagokion azterketa espezifikoa gaindituz.
f) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
g) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mankomunitatearen idazkaritzan aurkeztu beharko dira, Etxalarren, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusten diren bideetatik edozein erabilita. Horretarako hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko hamabostak arte. Egun hori baliogabea edo larunbata bada, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten ziurtatu aurretik.
Eskabideak postaz igortzen badira, interesdunak zer egun eta ordutan egiten den frogatu beharko du, eta kontratazio organoari hori bera jakinarazi, faxez (948635036) edo posta elektronikoz (bulegoa@bortziriakzabor.com); betiere, aurkezteko epearen egun eta orduen barrenean.
Baldintza horiek bete ezean ez da iragarki honetako epetik kanpo iristen den proposamenik onartuko.
Eskabideak deialdi honetan III. eranskinean argitaratzen den ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitzen den egunean eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela adierazi beharko dute.
3.2. Behar bezela betetako eskabidearekin batera, deialdian eskatu eta ondoren zehazten diren baldintza nahiz beharkizun hauek betetzen direla fogatzen duten agiriak erantsiko dira:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.
b) 2. oinarrian galdetzen diren baldintzen ziurtagiriak.
c) I. eranskinean azaltzen den merezimenduaren baremoaren arabera, alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak (jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak).
3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, lehendakariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.
4.2. Behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioak egin ahalko dira, zerrenda hori argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barrenean.
4.3. Lehendakariak ebatziko ditu erreklamazioak, eta onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du. Ebazpen berean zehaztuko du oposizio-lehiaketaren probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
5.–Epaimahaia.
5.1. Oposizio-lehiaketa honen epaihamaia honako hauek osatuko dute:
–Mahaiburua: Bortzirietako Hiri-Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko Lehendakaria.
Ordezkoa: Lehendakariordea.
–Mahaikidea: Txomin Elgorriaga, Nafarroako Partzuergoko hondakin teknikaria.
Ordezkoa: Victor Mur, Nafarroako Partzuergoko hondakin teknikaria.
–Mahaikidea: Oscar Rubio, Izarbeibarko Mankomunitateko ingurumen teknikaria.
Ordezkoa: Silvia Ruiz de Larramendi, Izarbeibarko Mankomunitateko ingurumen teknikaria.
–Mahaikidea: Miren Meoki, Baztango Udaleko hondakin teknikaria.
Ordezkoa: Miguel Angel Arrastio, Erriberagoineneko hiri hondakin solidoak kudeatzeko Mankomunitateko kudeatzailea.
–Idazkari lanetan: Mankomunitateko idazkaria arituko da.
Ordezkoa: Bortzirietako udal idazkarietatik edozein.
5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi aitzin eratu beharko da. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa agertu gabe.
Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.
5.3. Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoan, urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstenitzeko eta errefusatzeko arauak aplikatuko dira.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazo guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek laguntza emanen diete epaimahaikoei, nork bere espezialitate teknikoan.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa hiru fasetan garatuko da: euskara-proba lehenik, lehiaketaldia bigarren eta, oposizioaldia ondotik, oinarri hauetan aipatzen den moduan.
6.2. Oposizio-lehiaketa, onartu eta baztertuen behin betiko zerrendan zehaztuko diren egun, ordu eta tokian hasiko da.
Behin ariketa bakoitza amaituta Epaimahaiak ikusgai paratuko ditu, Mankomunitatearen iragarki-taulan, hurrengo ariketako lekua, data eta ordua eta, baita, lortutako puntuak ere.
Epaimahaiak egun berean ariketa batzuk edo guztiak egiteko erabakia hartu ahal izanen du.
Agertzen ez diren izangaiak kanporatuta geratuko dira.
6.3. Euskara proba.
Oposizio-lehiaketa faseen aurretik, euskara-proba eginen da oinarri hauetako 1.6 zenbakian eskatutako ezaguera dokumentalki akreditatu ez dutenen artean. Aipaturiko proba ahozkoa eta idatzizkoa izanen da eta baztertuak geldituko dira gai kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.
6.4. Lehiaketa.
Izangaiek alegaturiko merezimendu guztiak baloratuko dira, I. eranskineko baremoaren arabera.
Lehiaketan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ez da inor baztertuko.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai paratuko du oposizioaldirako onartutako izangaien zerrenda Bortzirietako Hiri-Hondakin solikoak kudeatzeko Mankomunitateko iragarki-taulan, eta bakoitzak lortutako puntuak zehaztuko ditu.
6.5. Oposizioaldia: ariketa hauek izanen ditu:
–Lehen ariketa: Epamahaiak II. eranskineko gaien inguruan egiten dituen galderak erantzun beharko dira, idatziz. Test motakoa izan ahalko da.
–Bigarren ariketa: ariketa praktikoak, epaimahaiak erabakiko dituenak; II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Oposizioko balorazioa guztira 70 puntukoa izan daiteke gehienez ere, honela banaturik:
–Lehen ariketa: 40 puntu lortu ahalko dira gehienez, eta ariketa gainditzeko, gutxienez, 20 puntu lortu beharko dira.
–Bigarren ariketa: 30 puntu lortu ahalko dira gehienez, eta ariketa gainditzeko, gutxienez, 15 puntu lortu beharko dira.
Oposizio-lehiaketan 100 puntu emanen dira gehienez.
6.6. Probak plika itxien sistema erabiliz eginen dira eta bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute probetara. Probetara agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira.
7.–Gainditu duten izangaien zerrenda.
Azken ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak Mankomunitatearen iragarki-taulan ikusgai paratuko du azterketa gainditu dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenaturik, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldiko ariketetan ateratako puntuazioak batu ondoren.
Probak gainditu dituzten pertsonekin izangaien zerrenda bat osatuko da mankomunitatearen aldi baterako lan beharretarako edota ordezkapenetarako.
8.–Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.
b) Hautara, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratzen edo jakinarazten denetik aitzina.
c) Aukeran, berraztertzeko errekurtsoa, Mankomunitate honi zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Etxalarren, 2018ko apirilaren 23an.–Lehendakaria, Miguel María Irigoien Sanzberro.
I. ERANSKINA
Merezimenduen baremoa: gehienez 30 puntu.
a) Deialdian eskatutakoa baino gehiagoko titulua: 3 puntu.
b) Formakuntza: gehienez 12 puntu.
Postuaren funtzioekiko erlazionatutako materietan hobetzeko ikastaroen asistentzia-ziurtagiri edo titulu bakoitzagatik:
–15 ordu bitarteko ikastaroak: puntu 1 ikastaro bakoitzeko.
–15 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 2 puntu ikastaro bakoitzeko.
–30 ordu baino gahiahoko ikastaroak: 3 puntu ikastaro bakoitzeko.
c) Laneko experientzia: Gehienez 15 puntu.
–Arlo publikoan bete beharreko lanpostuaren gisako lanpostuan aritutako urte bakoitzeko, 3 puntu. Gehienez 15 puntu.
–Arlo pribatuan bete beharreko lanpostuaren gisako lanpostuan aritutako urte bakoitzeko, 2,5 puntu. Gehienez 15 puntu.
Urtebetetik beherako aldiak proportzionalki puntuatuko dira.
II. ERANSKINA
Gaiak
1.–Etxeko Hondakinen kudeaketa Bortzirietako Mankomunitatean: bilketa-sistemak eta antolaketa.
2.–Bortzirietako hiri-hondakin solidoak kudeatzeko Mankomunitateko estatutuak eta ordenantzak.
3.–Nafarroako Toki-Administrazioa: toki-erakunde motak, konpetentziak eta funtzionamendu-erregimena.
4.–Nafarroaren Hondakinen Plana 2017-2027: etxeko hondakinak eta materia organikoa.
5.–Hondakinei eta Lurzoru kutsatuei buruzko 22/2011 Legea.
6.–Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 11/1997 Legea.
7.–Hondakinei buruzko Europako zuzentaraua.
8.–Prozedura Administratiboa: hastapena, izapidea eta instrukzioa, amaiera.
III. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L1806028