89. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

58E/2018 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 16ko 6E/2017 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Lizarrerrian BTT espazio bat sortzeko proiektuari, Lizarrerriko Turismo Partzuergoak sustatuta. Proiektua Allo, Arellano, Arroitz, Lizarra, Deikaztelu, Elizagorria, Lerín, Los Arcos eta Sesmako udal-mugarteera zabaltzeak ekarri du aipatu ebazpena aldatzeko beharra.

2017ko abenduaren 18an sustatzaileak baimen berria eskatu zuen Lizarrerriko BTT espaziorako trazadura handitzeko, Allotz alderdian zenbait baliza kendu baitziren; hortaz, baliza horiek birkokatzearen ondorioz, hasierako trazadura orekatu da. Trazadura berria Elizagorritik, Lerinetik eta Deikaztelutik igaroko da, alderantzizko Y bat marraztuz. Ezarriko den trazadura berriak 35.400 metro eta 73 baliza berri izanen ditu osotara.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta eta kontuan izanik emandako argudioak eta informazioa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aldeko txostena egiten dio urtarrilaren 16ko 6E/2017 Ebazpena aldatzeko eskaerari, ikusi baita BTT espazioko tarte berrien trazadurarako proposatzen diren aldaketek ez dutela ukipen nabarmenik edo osagarririk sortzen ingurumenaren aldetik, hasierako proiektuan ebaluatutakoen aldean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat, txostena eskatu zaie trazaduraren handitzeak ukitutako udalei (Allo, Arellano, Arroitz, Lizarra, Deikaztelu, Elizagorria, Lerín, Los Arcos eta Sesma). Elizagorriko Udalak aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak urtarrilaren 16an emandako 6E/2017 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, Ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion Lizarrerrian BTT espazio bat sortzeko proiektuari, Lizarrerriko Turismo Partzuergoak sustatuta. Proiektua Allo, Arellano, Arroitz, Lizarra, Deikaztelu, Elizagorria, Lerín, Los Arcos eta Sesmako udal-mugarteera zabaltzeak ekarri du aipatu ebazpena aldatzeko beharra.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Basozaintzari (Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta Allo, Arellano, Arroitz, Lizarra, Deikaztelu, Elizagorria, Lerín, Los Arcos eta Sesmako udalei eta interesdunari.

Iruñean, 2018ko martxoaren 16an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1803831