84. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

199/2018 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da Nafarroako toki entitateei (udal eta kontzejuei) diru-laguntzak emateko deialdia, obra txikiak egiteko 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez ezarri zen, orokorrean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, eta prozeduraren kontrol eta gardentasun hobean aurrera egiteko beharrari erantzuten dio, publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera.

Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretan, 410001-41810-7609-325106 partida sartu da, “Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izenekoa. Partida hori, diru-laguntzaren prozedura erabiliz, arlo horretako inbertsio proiektuak finantzatzeko da. Partidak 250.000 euroko aurrekontua du.

Toki entitateek aukera izan dezaten 0tik 3 urtera bitartekoen haur hezkuntzako ikastetxe publikoak eraiki, handitu eta egokitzeko laguntzak eskuratzeko, nahitaezkoa da ebazpen bat ematea, 2018rako aurrekontuan aurreikusi diren diru-laguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko oinarriak ezar daitezen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako toki entitateetarako (udal eta kontzejuei) diru-laguntzen deialdia onestea, obra txikiak egin ditzaten 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan. Deialdia honako honen kargura finantzatuko da: 2018rako aurrekontuko “Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325106 partida. Gehienez, 250.000 euro.

2. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi berri honen oinarri arautzaileak onestea.

3. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari, Obra Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen honen kontra, administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2018ko apirilaren 16an.–Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Nekane Oroz Bretón.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko udalentzako diru-laguntzak arautzeko oinarriak. Diru-laguntzen xedea da 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, handitzekoak eta berritzeko inbertsioak eta obra txikiak egitea

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, 2018ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xedatutakoa betez, laguntzen gaineko arauak ezartzen ditu oinarri hauen bitartez:

OINARRIAK

1. Helburua.

0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan deskribatutako obrak finantzatzeko erabiliko dira oinarri hauetan aipatutako diru-laguntzak (ikastetxeek aurretik sortuak behar dute, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren arabera –foru dekretu horren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa–):

–0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, eskola berriak sortzeari begira, Nafarroako Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Jada sortuta dauden ikastetxeak handitzeko obrak, Nafarroako Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Berritzeko obrak kanpoko eta barneko eremuetan, erabiltzaileen segurtasunean eragina dutenak, 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan. Beharra egoki arrazoituko da.

–Berritzeko obrak kanpoko (patioak) eta barneko eremuetan, ikastetxearen funtzionamendua hobetzea bermatuko dutenak, eta erabiltzaileen ongizatean zuzenean eragina izanen dutenak.

–Inbertsioak kanpoko eremuetan, babes pasiboko sistemak izanen dituztenak, eraikinen efizientzia energetiko handiagoa lortzera bideratuak.

–Inbertsioak barneko eremuetan jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, beharrezkotzat jotzen badira ikastetxearen funtzionamendu egokirako edo hura hobetzeko.

2018ko ekitaldian hasi beharko dira obrak eta ekitaldi horrexetan gauzatu.

Diruz lagundu beharreko obra guztiek Nafarroako Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.

2. Onuradunak.

Diru-laguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki entitateek (udalek edo kontzejuek) eska ditzakete.

3. Diru-laguntzen portzentajea eta gehieneko zenbatekoak.

Diruz lagunduko den obra motaren araberakoa izanen da ikastetxe bakoitzeko gehienez emanen den diru-laguntza:

–0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obretan, 100.000 euro gehienez.

–Jada sortutako ikastetxeak handitzeko obretan, 75.000 euro gehienez.

–Kanpoko eta barneko eremuetako berritzeko gainerako obrak, eta inbertsioak kanpoko eta barneko eremuetan, jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, gehienez ere 50.000 euro.

Ikastetxe bakoitzeko portzentaje diruz lagungarriak ez du gaindituko eraikitzeko eta urbanizatzeko inbertsioaren kostuaren %65, barnean direla obrako proiektuen eta zuzendaritzen zerbitzu-sariak.

Ikastetxe berriak eraikitzeko obren kasuan, ikastetxe bakoitzeko diruz lagunduko den portzentajea ezarritako moduluaren %65ekoa izanen da gehienez, ikastetxearen unitate kopuruaren arabera:

Modulua: eraikuntza.

Unitate 1: 261.419,04 euro.

2 unitate: 384.288,80 euro.

3 unitate: 565.002,56 euro.

4 unitate: 709.650,68 euro.

5 unitate: 875.459,64 euro.

6 unitate: 999.977,98 euro.

6 unitatetik aurrera, ikastetxeetako modulua unitate bikoitietan baloratuko da.

8 unitate: 1.249.631,52 euro.

10 unitate: 1.475.191,80 euro.

12 unitate: 1.694.537,08 euro.

Jada sortuta dauden ikastetxeak handitzeko obretan, ezarritako modulua honela banatuko da:

Modulua: handitzea.

Unitate 1: 113.915,20 euro.

2 unitate: 234.716,72 euro.

3 unitate: 358.687,28 euro.

4 unitate: 465.106,46 euro.

Ezarritako modulu diruz lagungarria gorantz aldatzen ahalko da, obrako inbertsioa handitu beharra justifikatzen duten inguruabar tekniko bereziak daudenean. Era berean, modulua beherantz aldatzen ahalko da, hori justifikatzen duten inguruabar tekniko bereziak daudenean.

Pirinioen Garapenerako Planari lotuta dauden toki entitateek inbertsioaren %95 arteko diru-laguntza eskuratzen ahalko dute.

Aurrekontu-izendapena izanen da diru-laguntzetarako muga.

Ez da gastu diruz lagungarritzat joko, deialdi honen ondorioetarako, Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

Diru-laguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

4. Xedea.

Oinarri hauen 1. puntuan (“Helburua”) azaldutako obrak egitea aurreikusten duten jarduketak izanen dira diruz lagungarriak.

2018ko ekitaldian gauzatu beharko dira obrak, adierazten den egutegiaren arabera:

–2018ko irailaren 1a baino lehen hasi beharko dira.

–2018ko azaroaren 15a baino lehen bukatu beharko dira.

–Gastuaren frogagiriak 2018ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Diruz lagundu beharreko obra guztiek Nafarroako Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.

Esku-hartzearekin zuzenean lotutako elementu edo lanen kostua izanen da soilik diruz lagungarria.

Ez da diru-laguntza honen xede izanen ekipamendua erostea, ezta eraikina eta bertako instalazioak mantentzeko obrak ere.

Hezkuntza Departamentuko teknikariek gainbegiratu beharko dituzte proiektuak.

Obrek hasita egon beharko dute 2018ko irailaren 1a baino lehen. Data horren aurretik hasi ez badira, toki entitateek kasuan kasuko diru-laguntzei uko egin beharko diete espresuki.

Salbuespenez, obrak 2018ko irailaren 1aren ondoren hastea onartuko da, baldin eta gastuaren justifikazioa ezarritako epean aurkezteko konpromisoa hartzen bada aldez aurretik (2018ko azaroaren 30a baino lehen).

Edonola ere, deialdi honetan emandako diru-laguntzen kasuan kasuko gastuaren frogagiriak 2018ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Jarduketek beste administrazio edo entitate batzuen diru-laguntza jaso badute, edo jaso dezaketela aurreikusten bada, eskabidean horren berri eman beharko da, eta jasotako diru kopurua edo jasotzekoa jakinarazi. Halaber, diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri eman beharko dute, egoera hori jakin bezain laster eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak hogei naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Hezkuntza Departamentuan, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetako edozeinetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri diren lekuetako batean edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan.

Toki entitateen legezko ordezkariek aurkeztu behar dituzte eskaerak, eta eskaerekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Proiektu teknikoaren, memoria baloratuaren edo eskatutako diru-laguntzaren xede diren obren aurrekontuaren ale bat, aurrekontua partidaka xehatuta eta, egoerak hala eskatuz gero, baita lansari teknikoen aurrekontua ere. Diruz lagungarria den jarduketa bat baino gehiago eskatuz gero, proiektu, memoria edo aurrekontu independenteak aurkeztuko dira.

2. Obra gauzatzeko eta oinarri hauek betetzeko konpromisoari buruzko udal erabakia. Adieraziko da ezen azpiegiturak sortu edo egokitzeari buruz aurrerantzean eginen diren jarduketek bete beharko dituztela Nafarroako Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuak ezartzen dituen baldintzak.

3. Lurren jabetzari buruzko frogagiria (soilik finantzaketa eskaera 0tik 3ra bitartekoen ikastetxe berri bat eraikitzeko edo egun dagoen ikastetxe bat handitzeko bada) edo 0tik 3ra bitartekoen ikastetxeak dauden eraikinen jabetzari buruzko frogagiria.

4. Idazkariaren ziurtagiria, non agertuko baita udal edo kontzejuaren aurrekontuetan behar adinako zuzkidura ekonomikoa dagoela diru-laguntzaren xedeko obraren kostua ordaintzeko.

5. Deialdi honen xedea finantzatzeko eskatu edo lortutako diru-laguntzei, laguntzei, diru-sarrerei edo baliabideei buruzko aitorpena, adierazita eskatutako, jasotako edo jasotzekoak diren zenbatekoak.

6. Haur eskolaren sorrera-datari buruzko aitorpena, zeina jasota baitago Hezkuntza Departamentuak emandako ebazpenean, eta 2017-2018 ikasturtean eskolan matrikulatutako haur kopuruari buruzko aitorpena.

7. Erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.

Eskaerak adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio bost egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

Bai proiektuek bai obrek indarra duen araudiari jarraituko diote, eta Hezkuntza Departamentuko teknikarien jarraibideak betez egin beharko dira.

Laguntza jasotzen duen toki entitateak deialdi honetan ezarritako xederako erabili beharko du diru-laguntza, eta kalkulatutako obraren zatia egin eta gastua justifikatuko du ezarritako epeetan; halaber, aipatu xederako mantendu beharko du azpiegitura, haren bizitza baliagarriak iraun bitartean.

6. Lehentasunen hurrenkera.

Deialdia lehentasunen hurrenkera honi jarraituz ebatziko da:

–Lehenik: 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxe berriak eraikitzeko obrak, eskola berriak sortzeari begira, Nafarroako Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Bigarrenik: jada sortuta dauden ikastetxeak handitzeko obrak, Nafarroako Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloa arautzen duen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuarekin bat.

–Hirugarrenik: berritzeko obrak (kanpoko eta barneko eremuak), erabiltzaileen segurtasunean eragin zuzena dutenak, 0tik 3 urtera bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetan. Beharra egoki arrazoituko da.

–Laugarrenik: berritzeko obrak kanpoko (patioak) eta barneko eremuetan, ikastetxearen funtzionamendua hobetzen bermatuko dutenak, eta erabiltzaileen ongizatean eragin zuzena izanen dutenak.

–Bosgarrenik: inbertsioak kanpoko eremuetan, babes pasiboko sistemak izanen dituztenak, eraikinen efizientzia energetiko handiagoa lortzera bideratuak.

–Seigarrenik: inbertsioak barneko eremuetan jada sortuta dauden ikastetxeetan instalazioak berritzeko, ikastetxearen funtzionamendu egokirako edo hura hobetzeko beharrezkotzat jotzen badira.

Aurrekontuko kreditua nahikoa ez bada lehentasunen hurrenkeran (1.tik 6.era) ezarritako taldeetako bateko onuradun guztiei erantzuteko, ordena kronologikoa jarraikiz erantzunen zaie, haur eskolaren sorrera-datari buruzko aitorpenaren arabera (zeina jasota baitago Hezkuntza Departamentuak emandako ebazpenean), aurrekontuko diru erabilgarria agortu arte.

Bi eskaera lehentasun ordena berean badaude eta sorrera-data berekoak badira, 2017-2018 ikasturtean matrikulatutako haur kopuru handiena duten eskolak lehenetsiko dira.

Toki entitateek kasuan kasuko diru-laguntza eskatuko dute, gastua aurkezteko azken eguna baino lehen (2018ko azaroaren 30) gauzatzen ahal duten obra kopuruaren arabera.

Diru-laguntza jaso baina aurreikusi eta eskatutako gastua aurkezten ez duten toki entitateek justifikatu gabeko diferentzia kobratzeko eskubidea galduko dute, salbu justifikatutako arrazoiren bat edo ezinbesteko egoeraren bat baldin badago.

7. Deialdia ebaztea.

Diru-laguntzak emateko eta eskaerak ezesteko ebazpena Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emanen du. Ebazpen hori eskaerak aurkezteko adierazi den epea bukatu eta hurrengo bi hilabetean emanen du. Emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus) argitaratuko dira, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, “Lehentasunen hurrenkera” atalean ezarritako taldeen arabera eta aurrekontu-izendapena agortu arte.

Gertatuko balitz, behin diru-laguntzak onartu eta jakinarazitakoan, ikastetxeren batek uko egitea emandako laguntzei, edo obrak ez egitea edo aurreikusitako gastua ez justifikatzea azaroaren 30a baino lehen, soberakina azken onuradunari onetsitako eskaerarako izanen da (baldin eta behar adinako kreditua egotera legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio). Bigarrenik, erreserban dauden onuradunei jarraikiko zaie, oinarri honetan ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera. Kasu hauetan, beharrezkoa da eskaera onetsita duten udal guztiek (erreserban daudenek barne) aurkeztea obren hasiera eta obren amaiera justifikatzen duen dokumentazioa, egindako gastuaren frogagiriak eta 8. oinarrian (“Diru-laguntzen ordainketa”) ezarritako gainerako dokumentazioa, 2018ko azaroaren 30a baino lehen.

Diru-laguntza toki entitate eskatzaile guztiei eman eta esleitu gabeko diru soberakinik badago, zenbateko lagungarriak handitzen ahalko dira, interesdunen artean hasiera batean emandako kopuruaren proportzioan, eta aurrekontuko dirua agortu arte.

8. Diru-laguntzak ordaintzea.

Diru-laguntza horien ordainketa 2018ko aurrekontuko “Obrak 0-3 urtekoen udal jabetzako ikastetxeetan” izeneko 410001-41810-7609-325106 partidaren kargura eginen da, obrak bukatu ondoko ordainketa bakarraren bidez.

Ematen diren kopuru horiek guztiak jasotzeko nahitaezkoa izanen da obrak bukatu eta frogagiriak aurkeztea 2018ko azaroaren 30a baino lehen.

Diru-laguntza ordaintzeko aurkeztu beharreko agiriak:

1. Egin den esku-hartzearen faktura edo fakturak.

2. Obren ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatuak.

3. Egindako ordainketaren frogagiria.

4. Udaleko idazkariaren ziurtagiria, obrak funts berekien bidez (edo bestelako diru-laguntzen edo baliabideen bidez) finantzatu direla dioena, non agertuko baitira zenbatekoak eta funtsen jatorria eta nola aplikatu diren, eta hala badagokio, horien bateragarritasunari eta kostua edo baimendutako gehieneko intentsitatea ez gainditzeari buruzko erabakia. (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 eta 27.4 artikuluak).

5. Udaleko idazkariaren ziurtagiria, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla egiaztatzen duena, obra gauzatzeagatik izandako gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada, edo emandako aholkularitza 12.000 eurotik gorakoa bada (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1 ñ) eta 28.3 artikuluak).

6. Onuradunak azpikontrataziorik egin duen edo ez azaltzen duen adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan eta deialdi honen 12. oinarriko 2. puntuan ezarritakoaren arabera.

7. Publizitate betebeharrak bete izanaren adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta deialdi honen 12. oinarriko 1. puntuan ezarritakoaren arabera.

8. Harrera-akta, zuzendaritza fakultatiboak sinatua, halakorik badago, baita jabetzak (udalak edo kontzejuak) eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua ere, edo, hala izan ezean, udalak emandako agiria, ziurtatzen duena obrak bukatu direla edo, bestela, aurreikusitako zatia gauzatu dela.

9. Onuradunen betebeharrak.

9.1. Obrak gauzatzea.

2018ko irailaren 1a baino lehen, diru-laguntza jaso duten obretarako, zuinketa-akta aurkeztu beharko da, obrak hasi direla justifikatzeko; bestela, obren hasiera atzeratzeko eskaera aurkeztu beharko da, eta hori organo eskudunak onetsi beharko du. Data horietako batean (2018ko irailaren 1a edo baimendutako atzerapenaren data) obren hasieraren berririk ez badago, eskaera ezetsitzat joko da, eta halaxe jakinaraziko zaie behar diren ondorioetarako.

Kanpoko inguruabarren eraginez obrak ezin badira egin, toki entitateak aipatu zerbitzuari adierazi beharko dio espresuki uko egiten diola diru-laguntzari, edo diruz lagundutako obra epearen barnean egiteko arrazoiak azaldu.

Diru-laguntzaren xedeko inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak toki entitate onuradunak hartuko ditu bere gain.

Obren azken kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murrizketaren arabera gutxituko da.

Oinarrietan xedatuta ez dagoen guztirako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio eta, onuradunaren betebeharrei dagokienez, haren 9. artikuluan xedatutakoari.

9.2. Gardentasun betebeharrak.

Toki entitate onuradunek irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua beteko dute (foru dekretu horren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak), baita abenduaren 9ko 19/2013 Legea ere (lege hori gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa da).

10. Bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek beste administrazio, entitate eta erakunde (publiko edo pribatu) batzuen diru-laguntzak hartzen ahalko dituzte, edonolakoak eta helburu edo xede berekoak izanik ere, baldin eta haiek proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute, BEZa sartu gabe.

11. Ikuskapen bisitak.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikuskapen guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Diru-laguntzen onuradun diren toki entitateak beharturik daude obretan sartzen uztera eta eskatzen zaizkien obrei buruzko agiriak ematera.

12. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.

Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo diru-laguntzaren helburua aldatzeak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzake.

Formazko alderdiak bete ezean, baliteke diru-laguntzaren zati bat itzuli behar izatea. Funtsezko alderdiak bete ezean, berriz, baliteke diru-laguntza osorik itzuli behar izatea, hori guztia Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera.

Iragarkiaren kodea: F1805090