84. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52E/2018 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 4ko 2188/2017 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez diru-laguntzen deialdi bat onetsi zen espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoko enpresetan 30 urtetik beherako gazte langabeen kontratazioa sustatzeko.

Espezializazio adimentsuaren estrategian finkatutako lehentasunezko arlo ekonomikoko enpresetan 30 urtetik beherako gazte langabeen enplegagarritasuna hobetzeko asmoz, bidezkoa da 4., 9., 10., 11., 12. eta 14. oinarrien testua aldatzea.

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Deialdiaren 4.1. oinarria aldatzea, honela erredaktatzeko:

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta biharamunetik hasita, betiere dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Urte bakoitzeko azaroaren 1etik aurrera egindako kontratazioei dagozkien eskaerak hurrengo urtean aurkeztuko dira, hilabeteko epean, gastuaren baimena ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Deialdiaren 9.2. oinarria aldatzea, honela erredaktatzeko:

9.2. Enpresa onuradunek sustatu eta zabaltzeko jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela. Lan kontratuan berean jasoko da diru-laguntzaren xedea.

3. Deialdiaren 10.3. oinarria aldatzea, honela erredaktatzeko:

10.3. Kontratua bukatzen bada, 13.2 oinarrian adierazi bezala, eta entitateak ez badu kontratatutako pertsona ordezten, edo ordezten badu oinarrietan ezarritako baldintzak bete gabe, bidezkoa izanen da egindako ordainketaren hein bateko itzulketa eskatzea, oinarri hauetan kontratuari eskatzen zaion hilabete kopurua betetzeko falta den denboraren proportzioan.

Nolanahi ere, bidegabekotzat aitortu edo deklaratutako kaleratzearen ondorioz kontratua bertan behera uzten bada, emandako diru-laguntza osorik itzuliko da, gehi berandutze-interesak.

4. Deialdiaren 11. oinarria aldatzea, honela erredaktatzeko:

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

Era berean, ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuko da deialdian, hau da, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu zituena Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

5. Deialdiaren 12.3 eta 12.4 oinarriak aldatzea, honela erredaktatzeko:

12.3. Kontratazio egunaren aurreko sei hilabeteko epean enpresa, enpresa-talde edo entitate berean lan egin duten langile berekin egindako kontratazioak ez dira diruz lagunduko (langile horien zerbitzu prestazioa muga gabeko edo aldi baterako kontratu baten bidez izan ala aldi baterako enpresa batekin langileak lagatzeko sinatutako kontratu baten bidez izan), ez eta kontratatzen den langileak lehendik lan-harremana izan badu eskatzailea oinordetzen duen enpresaren batekin, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hori hala izanik ere, diruz laguntzen ahalko dira kontratu mugagabearen egunaren aurreko sei hilabeteko epean enpresa eskatzailean aldi baterako kontratuekin lan egin duten langileei kontratu mugagabeak egiteko.

12.4. Diruz lagungarriak izaten ahalko dira hasiera batean diruz lagundu diren eta iraupena 12 hilabetekoa baino gutxiagokoa zuten kontratuei egindako luzapenak.

Gutxienez ere 3 hilabetez luzatuko da kontratua.

Luzapen horretarako eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratua hasi eta biharamunetik hasita.

Aurreko 12.3 oinarrian ezarritako baldintzak betetzeagatik diruz lagundu ezin ziren luzapen eta kontratu mugagabeen kasuan, kontratua 2018ko urtarrilaren 1etik ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu bitarte sinatu bada, hilabeteko epea egonen da haientzako diru-laguntza eskatzeko, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Deialdiaren 14. oinarria aldatzea, honela erredaktatzeko:

14.1. Gehienez ere 12 hilabeterako diru-laguntza ematen ahalko da.

a) Errenta bermatua jasotzen ari diren pertsonekin, edo emakumeekin, sinatzen diren kontratuen kasuan, kontratua 12 hilabetekoa edo luzeagoa bada, 1.100 euro hilero.

b) Errenta bermatua jasotzen ari diren pertsonekin, edo emakumeekin, sinatzen diren kontratuen kasuan, kontratua 6 hilabetetik 12 hilabete bitartekoa bada, 1.045 euro hilero.

c) Errenta bermatua jasotzen ez duten gizonezkoekin sinatzen diren kontratuen kasuan, kontratua 12 hilabetekoa edo luzeagoa bada, 990 euro hilero.

d) Errenta bermatua jasotzen ez duten gizonezkoekin sinatzen diren kontratuen kasuan, kontratua 6 hilabetetik 12 hilabete bitartekoa bada, 935 euro hilero.

e) Hasiera batean diruz lagundutako kontratuen luzapenetarako diru-laguntza hau izanen da:

–Emakumeei egindako kontruen luzapenen kasuan, 1.045 euro hilero.

–Gizonezkoei egindako kontruen luzapenen kasuan, 935 euro hilero.

Diru zenbateko horiek lanaldi osoko kontratuetarako dira. Lanaldia laburragoa izanez gero, proportzioan murriztuko da eman beharreko diru-laguntza.

Zenbateko horiek kostu unitarioko baremo estandar gisa ezarri dira, lan arloan eta Gizarte Segurantzaren arloan indarra duen legediari jarraikiz enpresak egin behar dituen gutxieneko kontratazio kostuen arabera (lanbidearteko gutxieneko soldata eta Gizarte Segurantzako enpresa-kuota).

14.2. Diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hilabete osoak bakarrik kontatuko dira, hilabete batek 30 egun hartzen dituela ulertuta.

7. Aldaketa hauek 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako kontratuei eta luzapenei aplikatuko zaizkie.

8. Ebazpen honen bidez aldatzen diren oinarri arautzaileek gobernatzen duten deialdirako eskaera 2018. urtean aurkeztu badute, interesdunek ez dute beste eskaera bat aurkeztu beharrik izanen, eta oinarri haietan ezarritakoari jarraikiz tramitera onartu eta ebatziko dira.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko apirilaren 17an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1805152