1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
48E/2018 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, gastua egiteko baimena ematen duena “errenta bermatua edo gizarteratze-errenta jasotzen duten enpresentzako diru-laguntzak” emateko deialdirako.
Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile ekonomiko eta sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, ondoko arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, lana aurkitzea, bitartekaritza eta enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, zenbait diru-laguntzatarako deialdia egin, horiek eman eta kudeatzen ditu enplegua sortu eta lan munduan sartzen laguntzeko. Diru-laguntza horien oinarri arautzaileak 2017. urtea baino lehenago onetsi ziren.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 14ko 11/2005 Foru Legearen 30 artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. 2018rako gastua egiteko baimena ematea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eman eta kudeatzen dituen diru-laguntzetarako. Hona diru-laguntza horiek:
–Errenta Bermatua edo Gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonen kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 2ko 1612/2017 Ebazpenaren bidez arautuak, Diru-laguntzen Datu Base Nazionaleko 381919 zenbakia dutenak. 1.500.000 euro dira, eta “Errenta bermatuaren hartzaileen kontrataziorako pizgarriak” izeneko 950001 96100 4709 241204 partidaren kargura ordainduko dira.
2. Bestetik, 2018ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura atendituko dira 2017ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerak.
3. Ebazpen hau igortzea Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2018ko apirilaren 16an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.
Iragarkiaren kodea: F1805149