84. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

47E/2018 EBAZPENA, apirilaren 16koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez baimena ematen da 30 urtetik beherako langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko diru-laguntzen deialdiaren gastua egiteko, eta aldatzen dira haren oinarri arautzaileak.

Abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile ekonomiko eta sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, ondoko arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, lana aurkitzea, bitartekaritza eta enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, zenbait diru-laguntzatarako deialdia egin, horiek eman eta kudeatzen ditu enplegua sortu eta lan munduan sartzen laguntzeko. Diru-laguntza horien oinarri arautzaileak 2018. urtea baino lehenago onetsi ziren.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, diru-laguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Azaldutakoarekin bat, proposamen-txostena ikusirik, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 700.000 euroko gastua egiteko baimena ematea, 30 urtetik beherako langabeen praktiketako kontratazioa sustatzeko diru-laguntzetarako. Deialdiaren oinarri arautzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 23an emandako 1496/2017 Ebazpenaren bidez onetsi ziren. Diru-laguntzak 2018ko gastuen aurrekontuko “Enpresek gazteak kontratatzeko pizgarriak. Konferentzia sektoriala” izeneko 950001 96100 4709 241205 partidaren kargura emanen dira.

2. 2017ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei erantzutea, 2018ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura.

3. 4.1. oinarria aldatzea, honela erredaktatzeko:

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratu harremana hasi eta biharamunetik hasita, baldin eta dagokion gastuaren baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Urte bakoitzeko azaroaren 1etik aurrera egindako kontratazioei dagozkien eskaerak hurrengo urtean aurkeztuko dira, hilabeteko epean, gastuaren baimena ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. 2018. urtean aurkeztutako eskaerak tramitera onartu eta ebatziko dira, oinarri arautzaileetan xedatutakoa ezarritakoari jarraikiz, eta ez da beharrekoa izanen interesdunek beste eskaera bat aurkezterik.

5. Ebazpen hau Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko apirilaren 16an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1805148