Iragarkia
84. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 3a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OLORITZ
Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Olorizko Udalak, 2017ko abenduaren 28an egin osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batean onestea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2018ko 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 23an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da, eta haren testu osoa argitaratzeko agintzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.
Oloritzen, 2018ko martxoaren 9an.–Alkate udalburua, José Francisco Aoiz Aranguren.
ERANSKINA
OLORIZKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
AURKIBIDEA.
I. TITULUA.–Xedapen orokorrak.
II. TITULUA.–Administrazioa eta xedapen egintzak.
III. TITULUA.–Herri-lurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea.
IV. TITULUA.–Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua.
I. kapitulua.–Xedapen orokorrak.
II. kapitulua.–Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.
1. atala.–Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.
2. atala.–Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
3. atala.–Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa.
4. atala.–Adjudikazio-prozedura.
5. atala.–Laborantzarako eremua.
III. kapitulua.–Herri-larreen aprobetxamendua.
IV. kapitulua.–Etxerako egurraren aprobetxamendua.
V. kapitulua.–Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.
1. atala.–Herri-lurren okupazioa erlategietarako.
VI. kapitulua.–Adjudikazio-hartzaileak aprobetxamenduari uko egitea.
VII. kapitulua.–Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan.
V. TITULUA.–Arau-hausteak eta zehapenak.
1. ERANSKINA.–Larreak.
2. ERANSKINA.–Olorizko Udalari herritarrendako lotea eskatzea.
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honek arauak ezartzea du xede, Olorizko Udaleko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzeko.
2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izango.
Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izango, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Olorizko herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Udalari dagozkio, arau hauetan azaltzen den eran: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Ondasunen erregelamendua (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua deusetan galarazi gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta erabilera
5. artikulua. Herri-lurretako ondasunak xedatu, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Olorizko Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri-lurretako ondasunei buruz Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Olorizko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ez dela beste bide batzuen bitartez lortzen ahal, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiek lehentasunezko aukerak baitira.
Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatzen bada, lur horiek Udalaren ondarera itzuliko dira herri-lurretako ondasun gisa.
6/1990 Foru Legean eta haren erregelamenduzko xedapenetan, eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren II. tituluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herri-lurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea
7. artikulua. Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra egingo dio horiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.
8. artikulua. Udalak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-lurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik dagokion prozedura abiarazita, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta udal idazkariak edo legelariak txostena idatzita, non agertuko baitira usurpatu den ondasuna egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia Toki Administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari jarraikiz.
Era berean, Udalak egintza zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-lurretako ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emango dio Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.
10. artikulua. Olorizko Udalak, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero, Nafarroako Gobernuaren aurretiazko baimen berariazkoa beharko du, aplikatu beharreko araudiak hori ezartzen duenean.
11. artikulua. Udalak, baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-lurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, administrazio bidea erabiliko du beti eta ahalmen hertsatzaileez baliatuko da. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izango da.
12. artikulua. Olorizko Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratuak interpretatuko ditu, eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Olorizko Udalak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izango da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritako eran. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Udalak.
IV. TITULUA
Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:
a) Laborantzako herri-lurretako aprobetxamendua.
b) Herri-larreen aprobetxamendua.
c) Zuraren eta egurraren aprobetxamenduak.
d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri egingo du.
16. artikulua. 1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusi izatea edo adingabeko emantzipatu edo judizialki gaitua.
b) Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez 2 urte lehenagotik.
c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.
d) Olorizko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.
2. Familia unitateko kideak izango dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.
3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.
II. KAPITULUA
Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua
17. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan egingo dira, lehentasun ordena honen arabera:
a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.
b) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
c) Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa.
Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.
1. ATALA
Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak
18. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzarengatik, diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira, soldata eta erdiaren azpitik egon.
2. Familia unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60aren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.
3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.
19. artikulua. 1. Modalitate honetan, 20 erreguko azalera hau ezarri da lote tipoarentzat.
2. 18. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emango zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio loteari:
a) 3 kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea.
b) 4 kidetik 6ra bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea.
c) 7 kidetik 9ra bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea.
d) 9 kide baino gehiagoko familia unitateak, 5 koefizientea.
20. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Udalak ordenantza honen 18. eta 19. artikuluetan adierazitako faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz. Halakoetan, Udalak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.
21. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izango da. Urte anitzeko laboreen kasuan, Udalak horretarako baimena eman ondoren, 25 urte bitarte luzatzen ahalko dira, edo laboreak dauden bitartean, eta hura iraganik, hondar-balorea Udalaren jabetzakoa bilakatuko da, inolako kalte-ordainik gabe. Kasu honetan, lau urtean behin egiaztatzen ahalko da lurzati horien onuradunek emakidarako baldintzak betetzen ote dituzten. Betetzen ez badituzte, Udalak beste onuradun bati adjudikatzen ahalko dizkio.
Dena dela, ohiz kanpoko inguruabarrek, hala nola lurzati berrantolamenduak edo ezinbesteko edozein arrazoik, horrela eskatzen badute, aprobetxamendua bertan behera uzten ahalko da.
22. artikulua. Aprobetxamendu modu horretan, herri-lurretako lurzatien onuradunek urtean 5 euro ordaindu beharko dituzte lur erregu bakoitzeko.
Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere KPIaren arabera. Nolanahi ere, kanonak Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.
23. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurretako lurzatiak, eta ezin izango dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
24. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikazio-hartzaileak edo bere familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izango dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza pertsonalki egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoi batengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Olorizko Udalari, behar den baimena eman dezan.
Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 25. artikuluan xedatua aplikatuko da.
25. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak adjudikatu egingo ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Udalak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondoren.
Olorizko Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.
Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.
Onuradunei, herri-lurrak kentzen bazaizkie, apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.
Lurra kentzeko, aurretik Udalak espedientea irekiko du eta interesdunari entzutea emango zaio.
26. artikulua. Ezintasun fisikoa edo materiala dela eta, adjudikazio-hartzaileak ezin badira herri-lurretako lurzatiez zuzenean arduratu, baliabiderik ez izateagatik (alargunak, umezurtzak, langabetuak eta abar), Udalak adjudikatuko ditu horiek kapitulu honen bigarren atalean ezarri den moduan eta, kasu batzuetan, hirugarrenean, egoera hori egiaztatzen badute eta haien banakako diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldataren %60a baino gutxiagokoak badira edo familia unitatearen diru-sarrerak guztira soldata eta erdiaren azpitik badaude. Udalak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, dagokion kanona kendu ondotik.
27. artikulua. Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.
Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:
a) Nekazaritzako makineria izanik, berari adjudikatutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez duenean.
b) Adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honen 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatzen denaren arabera, norberak zuzenean lantzen ez baditu.
c) Honako alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu, eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.
d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.
e) Adjudikaturiko lurzatiaren %80 gutxienez lantzen ez denean.
f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak badituzte.
2. ATALA
Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa
28. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean.
29. artikulua. Udalak erabakiko du zein den herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, lehentasuna dutenendako adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.
30. artikulua. Adjudikazioaren epea 21. artikuluan adierazitako berbera da.
31. artikulua. Aprobetxamendu modu horretan, herri-lurretako lurzatien onuradunek urtean 9 euro ordaindu beharko dituzte lur erregu bakoitzeko.
Zenbateko hori proposaturiko kanonari dagokio eta urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.
32. artikulua. Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean egingo du laborantza eta, horretarako, 23., 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.
33. artikulua. Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5 baino gehiago izango ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko. Erreserba hori behin-behinekoz adjudikatzen ahalko du Udalak enkantean, uzta baterako. Adjudikazio hori bertan behera utziko da adjudikazio-hartzaile berriak daudenean eta uztak jasota daudenean.
34. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarren arteko lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren, diru-sarrera handiagoak dituzten familia unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.
Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 18.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.
3. ATALA
Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa
35. artikulua. Olorizko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lur sobera baldin badago, enkante publikoan egingo du adjudikazioa, hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko eperako, 6/1990 Foru Legean ezarritakoarekin bat.
Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izango da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira.
Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik soberan bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.
4. ATALA
Adjudikatzeko prozedura
36. artikulua. Olorizko Udalaren Osoko Bilkuraren erabakiaren bidez, 7 egun balioduneko epea irekiko da, Udalaren iragarki oholean argitaratzen denetik aurrera, eskubidea dutela uste duten pertsonek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten.
37. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, edo beharrezkoak diren frogagiriak, honako hauei buruzkoak:
a) Udalarekin zerga betebeharrak eguneratuak izatea.
b) Familia unitatea osatzen duten kideen aitorpena. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.
c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena, aitortutako azken urteari dagokiona.
d) Europar Batasunaren Nekazaritza Politikari dagokion aitorpena.
e) Eskabidean adieraztea zer lurzatiren adjudikazioa lehenesten den.
Olorizko Udalak beretzat gordetzen du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, errenta mailak, agiri eta datu objektiboetan oinarrituak, egiaztatzearren; era berean, eskatzaileen edo adjudikazio-hartzaileen lan egoera –jardunean edo erretiratuta– erakusten duen dokumentazio guztia ere eska dezake.
Proposamenak ikusita, Olorizko Udalak adjudikazio modu bakoitzean, lehentasuna duten herritarren artekoan nahiz zuzenekoan, onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izango da.
Instalazioetan elementuak falta izateagatik edo plastikorik edo bestelako hondakinik ez kentzeagatik lurzatiak ereiteko moduan utzi ez dituzten adjudikazio-hartzaileak zerrendetan sartuko dira hasieran, baina horietatik baztertuko dira, adierazitako epean antzeman diren arazoak konpontzen ez badituzte.
Aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki oholean jarriko da hamar egun naturaleko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.
Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emango du, eta mota bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.
Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako eskubidea duten familia unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusten duenean Olorizko Udalak, loteak adjudikatuko dira.
Laborantzarako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak laborantzarako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako zuzeneko adjudikazioren aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitatearen titularrei.
Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 7 egunean, iragarki oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu.
Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, ebatzi eta akatsak zuzenduta, Udalak behin betikotzat joko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.
Lurzatien adjudikazioa zozketa bidez egingo da; horretarako, horien onuradun izateko eskubidea duten eskatzaile guztiekin zerrenda bat osatuko da, agiri honetan ezarritakoaren arabera.
Aurkezten diren eskabideak adjudikatu beharreko lurrak baino gehiago badira, zerrenda bat osatuko da, eta diru-sarrera zenbatetsien edo agiri honetan ezartzen diren bestelako irizpideen arabera puntuaziorik handiena izandako eskaerak baztertuko dira.
Adjudikazioa zozketaz egingo da, lehentasuna duten aprobetxamenduetarako lehendabizi, eta, horren ondotik, herritarrendako zuzeneko adjudikazioetarako, gisa honetan:
a) Modu batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan zenbakiak jarriko dira.
b) Herri-lurretako lurzati bakoitzari dagokion zenbakia jarriko zaio.
c) Eta ondoren eta betiko moduan, poltsatik aterako da zenbaki bat, herritarrei dagokiena, eta beste bat lurzatiei dagokiena; horrela, behin eta berriro.
38. artikulua. Zozketa egin ondoren soberako lurzatiak badaude, horiek enkantearen bidez adjudikatuko dira. Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izango da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.
Enkantea egin ondoren laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Olorizko Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.
39. artikulua. Herri-lurretako lurzatien emakida berrirako zozketa orokorra egin ondoren, beste adjudikazio batzuk egingo dira urtero; izan ere, adjudikatu gabeko lurzatiak horietarako izango dira. Horiek, egindako eskaera guztiei erantzuteko aski ez badira, lehenbizi erantzungo zaie onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenei; gainerakoentzat, behar den zozketa baztergarria egingo da eta baztertuek lehentasunezko txanda bat izango dute hurrengoan egingo den urteko emakidara arte.
Aurreko artikuluan aipatzen diren emakidak direla-eta herri-lurretako lurzatiak adjudikatzeko urtero egingo den zozketa urteko azken hiru hilabeteetan egingo da, Udaleko Batzarrak finkatuko duen egunean, eskaerak onartu ondoren, eta udalaren iragarki oholean ikusgai jarriko den ediktuaren edukiarekin bat.
40. artikulua. Atal hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak Olorizko Udalaren osoko bilkurak banan-banan ebatziko ditu, ordenantza honen I. eranskinari jarraituz.
5. ATALA
Laborantzarako eremua
41. artikulua. “Aprobetxatzen ahal den lurzati bakoitzeko laborantzarako eremuak horretarako egokiak diren lurrak baizik ez ditu hartuko, eta lurzati horien barnean errespetatu egin beharko dira laborantzari lotutako kategoriaren batekoak ez diren landa azpilurzatiak, eremuak edo esparruak; fruta-arbolak, fruitu lehorrak, olibadiak, mahastiak, lur goldagarria, etab. Hala bada, errespetatu egin beharko dira landare espezie edo komunitatez osatutako eremuak, baldin eta nekazaritzari lotuak edo haren xedekoak ez badira, eremu horiek baso eremutzat jotzen baitira, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 4.a artikuluan ezartzen den moduan”.
Errespetatu beharreko elementu horietakoren bat aldatu behar izanez gero (baso eremuak, larre arboladunak, zuhaixkak dituzten larreak edo belardiak) nekazaritza lanak errazteko edo finketan hobekuntzak egiteko, beharrezkoa izango da Baso arloko Administrazioak emandako baimena izatea, 13/1990 Foru Legearen 25. artikuluan eta hurrengoetan eta ondorengo aldaketetan xedatutakoarekin bat.
Era berean, eta aipatu eremuak dagokien baimen araubideari lotuta daudela jakinik, oroitarazten da nahitaez errespetatu behar direla lurzati berrantolamenduetan “nahitaez kontserbatu beharreko elementutzat” jotzen diren eremuak, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko 1/2002 Foru Legeak ezartzen duen moduan; jarduketa hori “arau-hauste oso larritzat” jotzen da eta, beraz, “nahitaez kontserbatu beharreko eremu” horietan jarduketak egiteko eskaerei ezetza emango zaie automatikoki.
III. KAPITULUA
Herri-larreen aprobetxamendua
42. artikulua. Herri-larreen aprobetxamenduari dagokionez, Baso arloko administrazioaren baimena lortu behar da, baldin eta beharrezkoa bada landare espezie edo komunitatez osatutako lurrak ukitzen dituzten hobekuntza jarduketak egitea, eremu horiek baso lurtzat jotzen baitira, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 4.a artikuluan ezartzen den moduan. Hala, belar-sastrakak kentzeko jarduketak, erein aurreko lanak, luberritzeak, etab. Baso arloko administrazioaren baimena beharko da lur horien gainean.
Era berean, abelburu kopurua baso eremu horiek kontserbatzearekin bateraezina dela ikusten bada, Baso arloko administrazioak mugatu ahalko du mendian larratzea, baita debekatu ere, edozein kalifikazio duela ere, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 24. artikuluan ezartzen den moduan.
43. artikulua. Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean egingo da, lehentasun ordena honetan:
a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Antzinako ohiturari jarraikiz.
c) Enkante publikoaren bidez adjudikatuz.
44. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak izango dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
45. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.
46. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izango da.
47. artikulua. Adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.
48. artikulua. Kontuan hartuz azienda kopurua, larreen kalitatea eta abeltzaintzak pairatzen duen krisialdi gogorra; kontuan hartuz, halaber, aziendak larratzean egiten duen lana landarediko eremuak kontrolatuz, eremu horiek abandonatuta utziz gero suteetarako arriskutsuak bilakatzen baitira. Horiek horrela, Udalak ondoko aprobetxamendu kanon hau ezarri du artegiak edo eskortak, laborantzako herri-lurrek, horietatik banandutako lurzati txikiek eta larre naturalek, zuhaixka larreek eta zuhaitz eremuek osatzen duten multzo osoagatik: 600 euro/urtea.
49. artikulua. Onuradunak, adjudikazioaren egunetik 10 eguneko epean, adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %4a utzi beharko du fidantzatako.
50. artikulua. Udalak larre guztien bostena gordeko du urtero adjudikatu ahal izateko, onuradun berriak agertzen ote diren.
51. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzko azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta Foru Lege horretako nahiz bere erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.
52. artikulua. Herriko ohiturekin bat, eta nekazari nahiz abeltzainendako kalteak eragozteko, Udalak baldintza hauek ezarri ditu:
a) Abeltzainak bere kabuz erabakitzen badu azienda gordetzeko estalpeak eta abar eraikitzea, Udalari instalatzeko baimena eskatzen ahalko dio eta adjudikazioaldia bukatutakoan instalazio horretan erabilitako materialak eramateko eskubidea izango du. Ordenantza honetan jaso gabeko salbuespenezko kasuetan, nekazariaren eta abeltzainaren arteko komunikazioa idatziz bideratzen ahalko da Udaletik.
b) Herri-lurretako adjudikazio-hartzaileek eta, halaber, abeltzainek nahiz lurren jabeek, laboreei dagokienez, larre aprobetxamenduaren erabilera eta ohiturak errespetatu beharko dituzte. Bestela, egintza behar bezala ikertuko da, eta burutzak dagokion isuna ezarriko du.
c) Adjudikazio-hartzaileak ezin izango du sartu bere azienda ereinda dagoen edo mahastiak, olibondoak, zuhaitzak, etab. landatuak dituen inongo sailetan, finkaren jabearen berariazko baimena izan gabe, eta aziendak, sartuz gero, halako finketan sortzen dituen kalteen erantzulea izango da eta kalte horiek aipatu finketako jabeari ordainduko dizkio.
d) Debeku da bideetan, lur larre utzietan, altxonbideetan eta abarretan belar-hilkariak erabiltzea, eta orobat, laborantzako herri-lurretako eta ondareko alorretako uztondoetan, luberritzearen ordez. Zuzeneko ereintza izango da salbuespena; kasu horretan, erein baino hamar egun lehenago, gehienez ere, botako dira produktuak. Nekazariak horren berri emango dio abeltzainari, belar-hilkaria bota baino bost egun lehenago.
e) Belar txar anitz dagoenean (uda hezeetan, kasurako), aipatutako belar-hilkariak erabiltzeko baimena ematen ahalko du Udalak, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, lurra landu daitekeen datetatik aurrera.
f) Artoari edo baratzeko laborantzari, gariari edo garagarrari, dagokienez, zurtoinak edo lastoa jabea ez den beste batek aprobetxatu ahal izateko, jabeak emandako baimen idatzia beharko du, eta baimen hori aldean izan beharko du fardoak egitean. Zurtoinak edo lastoa hamar eguneko epean izango dituzte nekazariek eskura, uztak bildu eta biharamunetik aurrera. Hamar egun horiek iragandakoan, lastoak edo zurtoinek fardotan bildurik segitzen badute lursailean, abeltzainak ez du oztoporik izango aziendak sartzeko.
g) Olo, gari edo garagarrari dagokionez, uzta bildu eta hamar egunetan, nekazariek uzta biltzeko makina erabili ondoren gelditzen den lastoa fardotan biltzen ahalko dute, baina ez dute sega makinarik sartuko, ezta beste edozein tresna mekanikorik ere.
h) Oroitarazi behar da nahitaezkoa dela Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduaren 13. artikuluan xedatutakoa betetzea (agindu horren bidez, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen da, oihaneko suteak prebenitzeko) eta, unean unean horri dagokionez, indarrean den arautegian ezarritakoa:
“13. artikulua. 2. ‘Ezin izango da lasto metarik jarri arboladietatik 200 metrora edo hurbilago. Lasto meten jabeek metak kokatzen diren udalean identifikatuko dira, ondoko hauek adieraziz: jabearen izena, harremanetarako telefonoa eta lasto meta bakoitzaren kokalekua’.
13. artikulua. 3. ‘Landutako lurzatietan dauden lasto meten kasuan, zerrenda bat goldatuko da haien inguruan, lasto metaren altuera halako bi zabal, gutxienez, lurzatiko uzta bildu eta 10 eguneko epean. Lasto metak uzta bildu ondoren egiten badira, inguruko zerrenda hori fardoak pilatzen hasi eta 10 eguneko epean goldatuko da’ ”.
i) Aziendak edateko putzu eta/edo iturriak oker erabiltzen dituztenek, azienda pozoitzeagatik edo bestelako kalteengatik legokiekeen erantzukizun zibilaz gainera, zehapena jasoko dute.
Adjudikazioaren arriskua eta mentura adjudikazio-hartzaileen gain egongo dira erabat, eta ez da murrizketarik izango adjudikatzen zaien kopuruan.
Adjudikazio-hartzaileek ez dute izango eskubiderik larreen edo uraren erreklamazio osoa edo partziala egiteko, idorteagatik edo naturako beste fenomeno batzuengatik, epizootiengatik, azienda hil zaielako edo aprobetxamendua eskasten duen beste edozein ustekabe txar gertatu zaielako. Udala ez da, ezta ere, haien mendeko langileen lan istripuek eragindako erantzukizunen erantzule izango.
Udalak, dena den, konpromisoa hartzen du administrazio kontratatzailea den aldetik, bere eskumenekoa den laguntza egokia emateko adjudikazio-hartzaileari.
53. artikulua. Prozedura. Udalak aldez aurretik erabakia hartuta, epea irekiko da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten, Udalaren iragarki oholean ediktua agertu ondotik.
54. artikulua. Eskabideak aztertu ondoren, Udalak, 10 egun naturaleko epean, behin-behineko adjudikazioa egingo du, honako inguruabar hauek kontuan izanda:
a) Lehentasuna emango zaie egoera ekonomikorik okerrena duten familia unitateei.
b) Bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean.
c) Bazkaleku bat bera abeltzain bati baino gehiagori adjudikatzen ahal zaio, baldin eta guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.
55. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 egun naturaleko epea emango da erreklamazioak aurkezteko. Hori igaro eta halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan. Aldiz, halakoak izanez gero, Udalak osoko bilkuran ebatziko ditu, gehienez ere hilabeteko epean, eta adjudikazioa jada behin betikoa izango da, eta inguruabar hori Udalaren iragarki oholean argitaratuko da.
56. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira, herritarren arteko zuzeneko banaketaren epea bete arte adjudikatu ere, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.
57. artikulua. Ezin izango dira erre udal bazkalekuetan sartuta dauden finketako eta herri-lurretako uztondoak, mugak, lur landugabeak, erretenak, etab., behar handiko kasuetan izan ezik, behar hori frogatu eta Udalak baimena ematen badu, alde batera utzi gabe bidezkoak diren beste baimen batzuk.
IV. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua
58. artikulua. Toki entitateak, etxerako egurra eskatzen duten familia unitateetako bakoitzaren berariazko eta justifikatutako eskaerak ikusirik, egur kopuru zehatz bat mozteko baimena eskatuko dio Baso arloko administrazioari, herritarrek etxerako egurra lortzeko egin dituzten eskaerei erantzun ahal izateko. Baso arloko administrazioak zehaztuko du ea kopuru hori oihanetik modu jasangarrian ateratzerik baden. Hala ez bada, horren berri emango zaio toki entitateari, eta aprobetxamendu hori eten ere egiten ahalko da denbora baterako.
59. artikulua. Aipatu dena betetzearren, baita Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 164. artikuluan eta aipatu ordenantzaren 60. artikuluan (prozedura horren bidez lortutako egurra saldu ezinari buruzkoan) xedatutakoa betetzearren ere, familia unitate bakoitzak etxerako egurra eskatzeko aurkezten duen eskabide orrian sartu beharko dira alderdi horiek eta, hala, dokumentu horretan, bakoitzak eskatzen duen kopuruaz gain, honako hauen gaineko erantzukizunpeko adierazpenak jasoko dira:
–Egurra ez dela salduko.
–Egurra menditik ateratzeko lanak familia unitateko titularraren ordez beste norbaitek egin behar baditu, pertsona horrek jakin behar duela debekatuta dagoela egur hori saltzea.
60. artikulua. Toki entitateak egurra mozteko lanak eta/edo egurra menditik ateratzekoak kontratatzen baditu, horretarako mugatutako eremuan soilik egingo dira, Baso arloko administrazioak baimendutako egur kopuruarekin bat. Arboladia eremu handiago batean hobetzeko lan osagarriak egin nahi badira, Baso arloko administrazioak baimendu beharko ditu lan horiek, etxerako egurrari eta besterenduei buruz Toki Administrazioak urtero egiten duen espedienteaz aparte, indarra duen legediarekin bat.
61. artikulua. Lanetan istripuei aurrea hartzeari dagokionez, komenigarria litzateke azpimarratzea halako lanak adjudikazio-hartzaile bakoitzaren erantzukizunpean egiten direla, eta hark bere gain hartu behar dituela istripuei aurrea hartzeko beharrezkoak diren neurriak, besteak beste, egitekoa den lanetan norbanakoa babesteko beharrezkoak diren elementuez hornitzeko betebeharra.
62. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Olorizko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.
63. artikulua. Udalak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko etxerako epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten egingo da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.
64. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izango ditu saldu.
65. artikulua. Egurra banatzerakoan Udala irizpide sozialetan oinarrituko da eta diru aldetik apalenak diren familia unitateei lehentasuna emango die.
66. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren familia unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 18. artikuluan azaltzen den bezala.
67. artikulua. Udalak, osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez, urtero finkatuko du etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.
68. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izango dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Nolanahi, Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu egingo zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.
69. artikulua. Adjudikazio prozedurari dagokionez, ordenantza honen 36., 37., 38., 39., 40., 41., 42., 55., 56. eta 57. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.
V. KAPITULUA
Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak
70. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua dagokion araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.
71. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Udalak prestatzen dituen baldintza agirien arabera egingo da. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
1. ATALA
Herri-lurren okupazioa erlauntza-ustiategietarako
72. artikulua. Erlauntzak herri-lurretan jartzeko baimena eman ahalko zaie autokontsumorakoak diren erlategiak ustiatu nahi dituztenei; nolanahi, erlauntz kopurua inolaz ere ez da 15 baino handiagoa izango.
73. artikulua. Erlauntza-ustiategiak arautzen dituen 209/2002 Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoa betez, hona hemen zaindu beharreko tarteari dagokionez, eta irizpide orokor gisa:
a) Establezimendu kolektibo publikoak, eta hirigune eta biziguneak: 400 metro.
b) Bizilekuak diren landa eremuko etxebizitzak eta abeltzaintzako instalazioak: 100 metro.
c) Errepide nazionalak: 200 metro.
d) Eskualdeko errepideak: 50 metro.
e) Auzobideak: 25 metro.
f) Mendiko pistak: erlauntzak alboetan, pasabidea oztopatu gabe eta 5 metrora jarriko dira.
d) eta e) apartatuetan ezarritako tartea %50 murriztu ahalko da, erlauntza malda batean eta haien horizontaletik 2 metroko garaieran edo desnibelean badago.
Erlauntzek baldin badute gutxienez bi metro garai den hesia, eta erleek haren gainetik atera behar badute aipatu errepide, bide edo establezimenduaren aldera jotzen duen aurrealdean, ezarritako tarteak %75 murriztu ahalko dira kasu guztietan.
74. artikulua. Erlauntz multzoa dagoela azaltzen duen seinalea jarri behar da ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko moduan; han azalduko da zer ustiategitakoa den, eta erleak dabiltzala ohartaraziko da.
75. artikulua. Prozedura.
1. Interesdunak herri-lurra okupatzeko eskabidea aurkeztu behar du. Harekin batera aurkeztu behar ditu krokis bat, ustiategiaren kokapen zehatza azaltzen duena, ustiategiaren erregistroaren ziurtagiria, bai eta dagokion Osasun Dokumentazioa ere. Ustiatia abian ez badago, lursailaren lagapenari lotuta dagoela dioen zinpeko aitorpena, eta adierazitako dokumentazioa 3 hilabeteko epean aurkeztuko duela, Udalak adostutako okupazioari Nafarroako Gobernuak baimena ematen dionetik hasita.
Hala ere, Udalak xedatuko du kokapena eta okupazioak hartuko dituen metro kopurua, kontuan hartuta aurretik adjudikatu dituen aprobetxamenduak, inor kaltetu gabe edo inorekin gatazkarik sortu gabe.
2. Dokumentazio hori aurkeztu ondoren, Udalaren osoko bilkurak erabaki ahalko du okupazioa arautzen duen agiria hasiera batez onestea, eta espedientea jendaurrean jarriko da 15 egunez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu ondoren.
3. Jendaurrean egoteko aldia iraganik, espedientea Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, baimena eman dezan.
76. artikulua. Udalak urtero finkatuko du aprobetxamendu horrengatik ordaindu beharreko kanona.
77. artikulua. Erlategiek ezinbestean bete beharko dute indarreko legeria, eta, zehazki, Erlategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan edo haren ordez edo haren osagarri etortzen diren xedapenetan ezarritakoa.
Ordenantza honetan edo aplikatzekoa den legerian jasotako arauak betetzen ez dituenak, erlauntzak berehala kendu beharko ditu, eta/edo zigorra jasoko du.
VI. KAPITULUA
Adjudikazio-hartzaileak aprobetxamenduari uko egitea
78. artikulua. Egokitu zaion herri-lurretako lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da. Halaber, Udalari kalte-ordaina ordaindu beharko zaio sortu zaizkion kalteengatik, baita uko egin den urteko kanona ere.
Hala ere, Udalaren organo eskudunaren ustean arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabeziako sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako arrazoiren bat), eta eskatzaileak agiri honetan ezarritako baldintzak betetzen baditu, beste adjudikazio baterako aukera izango du.
Herri-lurretako lurzatiak erabiltzeko aukera, nolanahi ere, hurrengo arrazoi hauengatik galduko da: herriko biztanlea izateari uzteagatik, herrian urtean 9 hilabetetan benetan bizi ez izateagatik, Udalarekin zerga arloko betebeharrak egunean ez izateagatik eta lurzatiak zuzenean eta pertsonalki ez lantzeagatik, edo Udalak zehazten dituen beste baldintza batzuk ez betetzeagatik.
VII. KAPITULUA
Hobekuntzak herri-lurretako ondasunetan
79. artikulua. Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hauek baldin badituzte:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herri-lurra hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
80. artikulua. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izango dute.
81. artikulua. Hona hemen halako kasuetan jarraitu beharreko bidea:
a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.
b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta, Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
82. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu egingo zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
83. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak onetsiko ditu toki entitateak; aldez aurretik, 15 egunean egongo dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
84. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Herritarren arteko aprobetxamendua nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.
d) Herri-lurra zertarako adjudikatzen den, beste zerbaitetarako erabiltzea.
e) Lurrak lantzea udal adjudikaziorik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.
f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak eta abar) Udalaren baimenik gabe landatzea.
g) Adjudikazioetan adierazitako epeak ez errespetatzea.
h) Herri-larreetan Bazkatzen duen Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.
i) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.
k) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.
85. artikulua. Arau-hauste horiek zehapen hauek izango dituzte:
–a), b), c), d), f) eta h) apartatuetako arau-hausteengatik emakida kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunen zehapenak.
–g) apartatuko arau-haustearengatik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikazio-hartzailea izateko eskubidea galduko da.
–Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.–Ordenantza honetan ezarri gabeko alderdi guztietarako, honako hauetan zehaztutakoa aplikatuko da: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, eta ordenantza honen goragoko xedapen guztiak, ordenantza honen helburuari eragiten badiote.
Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izango harik eta testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost eguneko epea iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzen dituen ahalmena erabiltzeko.
1. ERANSKINA
Larreak
Udalak, ahal duen heinean, bere larreak hobetzeko konpromisoa hartzen du.
Hobekuntza horrek honako hauek jaso ditzake: garbiketak, bakantzeak, sastrakak eskuz edo makinen bidez kentzea, azienda larria sartzea, hesiak egitea, askak eta abar.
Azienda larria sartzeak ez du inoiz azienda xehearen elikaduran eragingo. Soilik erabiliko da, argi eta garbi ikusten denean haren lan osagarria beharrezkoa dela eta larreak hobetzen dituela.
Larreen hobekuntza ez da aldebakarreko neurria izango.
Hobekuntza lan horiek bat etorriko dira aisia, josteta eta paseorako eremuak sortzearekin, paisaia edertzearekin eta basa faunaren, ehiza xeheko espezieen eta abarren bizikidetzarekin.
Aziendak, bestelako transformazio elementuekin batera, gizarte ongizateari zerbitzu egingo dio, natur aberastasuna sustatuz eta hobetuz.
2. ERANSKINA
Olorizko Kontzejuari herritarrendako lotea eskatzea (PDFa).
Iragarkiaren kodea: L1803461
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
