84. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

107/2018 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, toki entitateei laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena, 2018an naturaguneen erabilera publiko jasangarria sustatzeko.

Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeak, bere printzipio orokorretan, ezartzen du ezen aipatu eremuak kudeatzeaz arduratzen diren administrazioek bermatuko dituztela funtsezko prozesu ekologikoen eta oinarrizko bizi-sistemen mantentzea, aniztasun genetikoaren zaintza, baliabide naturalen erabilera antolatua, eta espezieak eta ekosistemak iraunkorki aprobetxatu, lehengoratu eta hobetzea, eraginpeko populazioaren garapen sozioekonomikoa sustatuz eta natur ekosistemen eta paisaiaren aniztasuna, berezitasuna eta edertasuna babestuz.

Aipatu oinarriak aintzat hartuta, eta betiere eremu horiek eragindako populazioen garapen sozioekonomikoa indartzearen esparru zehatzean, 90eko hamarkadatik Nafarroako Gobernuaren eta naturaguneen jabe diren hainbat toki entitateren artean lankidetza hitzarmenak egin izan dira, erabilera publikoaren kudeaketa zuzena bermatzeko (barne direla antolamendu egokia eta bisitariei begirako ingurumen arloko hezkuntza eta sentsibilizazioa).

Halere, eta aipatu hitzarmenek beren helburuak bete dituzten arren, beharrezkotzat jotzen da diru-laguntzak emateko norgehiagokako araubide bat ezartzea, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitate guztiek aukera izan dezaten naturaguneetan erabilera publikoaren kudeaketa, zaintza eta antolamendua errazten dituzten funtsak eskuratzeko.

Gune horietako asko natur eta aisiarako jarduerak egiteko ingurune paregabeak dira, eta herritarren etengabeko erakargune bilakatu dira, udako oporraldietan bereziki. Nafarroako naturaguneetara joaten diren bisitarien etengabeko fluxuak eremuen erabilera publikoa arautzeko neurriak hartzera behartzen du, gaur egun eta etorkizunean ongi zaindutako naturaz gozatzeko aukera izateko, erabilera publikoaren aprobetxamendua eta lekuen balio naturalen kontserbazioa bateratuz.

Ukitutako toki entitateak jabetzen dira honetaz, turismo espontaneo horren kudeaketa arautzeko dituzten mugez eta tokiko erakundeekin elkarlanean aritzeko beharraz, aipatu eremuen erabilera publikoa ordenatzeko proiektuak apurka-apurka sendotzeko.

Diruz lagungarriak diren jarduketak dira erabilera publikoaren antolamenduan, zaintzan eta ingurumen arloko informazio eta hezkuntza lanetan aritzen diren langileen gastuekin lotura dutenak.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da laguntza lerro bat ezartzea 2018ko urtarrilaren 1etik urte bereko azaroaren 4ra arte naturaguneen erabilera publiko jasangarria sustatzeko, I. eta II. eranskinetan jasota dagoen bezala.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 3ko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Toki entitateei laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko azaroaren 4ra arteko epean naturaguneetan erabilera publikoa zaindu eta kudeatzeko.

2. 260.000 euroko gastua baimentzea 2018ko gastuen aurrekontuko “Toki entitateentzako laguntzak naturaguneetan erabilera publikoa zaindu eta kudeatzeko” izeneko 740002 74200 4609 456309 partidaren kargura.

3. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Diru-laguntzen Datu Basean erregistratuko dira.

Iruñean, 2018ko apirilaren 12an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Toki entitateentzako laguntzen oinarri arautzaileak, naturaguneetan erabilera publikoa sustatzeko eta erabiltzeko 2018. urtean

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da beren mugartean titulartasun publikoko naturagune bat duten toki entitateentzako diru-laguntzak arautzea, honako gastu hauen zati bat ordaintzeko: zaintza lanen kontratazioa, erabilera publikoa kudeatzea, eta bisitariei bideratutako ingurumen arloko hezkuntza eta informazioa.

2. oinarria.–Laguntzen helburua.

Laguntzen helburua naturaguneen erabilera publiko jasangarria eta haien ingurumen balioen zabalkundea sustatzea da, laguntza emanez zaintza lanetarako, bisitariei arreta emateko eta ingurumen arloko hezkuntza eta informazio lanetarako.

3. oinarria.–Onuradunak.

Beren mugartean titulartasun publikoko naturagune bat duten toki entitateak izan daitezke deialdi honetako laguntzen onuradunak, baldin eremu horrek ingurumeneko babesen bat badauka, edo balio natural handia, eta toki entitate horiek jarduketak edo programak gauzatzen badituzte jendearentzako arreta eta aisialdiko erabilerak hobetzeko, hurrengo oinarriko irizpideak beteta, eta oinarri arautzaile hauetako konpromisoei eusteko konpromisoa hartzen badute.

4. oinarria.–Eskaerak onartzeko irizpideak.

Eskaerak tramitera onartuak izateko, onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Neurri hauen onuradun izan daitezke aurreko oinarrian agertzen diren toki entitateak, betiere 7. oinarrian ezarritakoa betetzen badute.

2. Gunearen ingurumen balioak arriskuan jartzen ahal duten jarduketak ez dira onartuko.

3. Espedienteek diru-laguntza jasotzeko, gainera, onartze irizpide hauek bete behar dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

a) Erabilera sozial aitortua izatea.

b) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Diruz lagungarriak dira 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko azaroaren 4ra arte naturaguneetan zaintza eta erabilera publikoaren kudeaketara bideratutako lanak (ingurumen arloko hezkuntza eta informazioa barne) kontratatzearen ondoriozko gastuak.

Honako ekintza eta baldintza tekniko hauen ondoriozko gastuek (BEZik gabe) jaso dezakete diru-laguntza:

1. Gastuak/ langileen kontratazioa, dietak eta beste gastu batzuk: uniformea, telefonoa...

2. Laneko aholkularitzaren eta kudeaketa administratiboaren kontratazioa.

6. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Deialdian ezarritako epeari dagozkion zerbitzuak emateko kontratuan agertzen den zenbatekoaren %90eko (BEZa kanpo) diru-laguntza emanen da.

2. Nolanahi ere, diru-laguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta behar den adinako kreditua aurrekontuetan, eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

3. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa: 35.000 euro. Gutxienez: 10.000 euro.

7. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

7.1. Eskaerak aurkeztea.

1.–Eskaerak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ingurune Naturalaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira, departamentu horretako erregistroan (González Tablas kalea, 9, Iruña).

2.–Proposamenak beste erregistro batzuetan ere aurkezten ahalko dira, edo posta bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan (zehazki, 16.4 artikuluan) adierazitako gainerako tokietan. Dena dela, Departamentu honena ez den beste erregistro batzuetan (edo Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez) aurkeztuz gero, eskatzaileek horren berri eman beharko dute epea bukatu baino lehen, helbide honetara mezu elektroniko bat bidaliz: planificación.estrategica@navarra.es.

Proposamena ez da onartuko baldin eta epea bukatu ondoren sartzen bada Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroan, aldez aurretik abisu hori eman gabe.

3.–Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean agerrarazteko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti); datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

4.–Eskaera harturik, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen (jakinaraziko zaio).

7.2. Eskatzen den dokumentazioa:

1.–Eskaeraren inprimakia (II. eranskina).

2.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (II. eranskina).

3.–Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, diru-laguntza eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala bete eta sinatua.

4.–Egin beharreko lanen deskripzio memoria egin beharko da, besteak beste eduki hauek bilduko dituena: zaintza egiteko aldiak, hura egiteko tokiak eta erabilera publikoarekiko arreta, ordutegi proposamenak, zaintza orduak eta aurreikusita dauden egin beharreko lan guztiak, ingurumen-hezkuntza eta -informazio ekintzak barne. Memorian jarduera bakoitzaren aurrekontu xehatu bat sartuko da, baita aurrekontu oso bat ere.

5.–Memorian honako hauek jasoko dira: bisitarien gutxi gorabeherako bisitari kopurua, zenbatekoa lortzeko erabilitako informazio iturriak (egiaztatzeko modukoak) eta azken bost urteetan erabilera publikoarekin lotuta egin diren lanen zerrenda. Memoriak oinarri arautzaile hauetako 8. oinarrian ezarritako lehentasun irizpideekin bat datozen alderdiak jaso beharko ditu.

8. oinarria.–Diru-laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1. Laguntza norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko denez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, oinarri honetan zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

Eskaeren hurrenkera emandako puntuen baturaren arabera eginen da, honako balorazio irizpide hauen arabera.

ZENBAKIA

IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1

Gune hauxe da edo hau biltzen du: Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean sartutako eremu babestuak (erreserba integralak eta natura-monumentuak izan ezik) edo UNESCOk izendatutako tokiak

25

2

Eremua Kontserbazio Bereziko Eremu bat da edo horrelako eremu bat du toki entitate eskatzaileen mugartean (bat gutxienez, eskaera bateratuaren kasuan)

25

3

Bisitariak urteko (1)

30

4

Eremuaren jabeak hainbat toki entitate dira, eta eskaera eta dokumentazio bateratua aurkezten dute (lankidetzarako pizgarria)

5

5

Erabilera publikoa kudeatu eta zaintzeko lanak egin dira azken bost urteetan (2)

15

6

Badira erabilera publikoarekin loturiko azpiegiturak (3)

10

(1) Irizpide hau baremo honen arabera baloratuko da:

–300 bisitaritik behera = 0 puntu.

–300 eta 3.000 bisitari artean = 5 puntu.

–3.001 eta 15.000 bisitari artean = 15 puntu.

–15.001 baino gehiago: 30 puntu.

Aintzat hartuko den bisitari kopurua laguntza eskaeran adierazten dena da. Egindako kontrolak, antolatutako jarduerak, sarreren salmenta edo aurkeztutako estimazioa egiaztatzeko aukera ematen duen beste edozein formula erabiliz eginen da bisitari kopuruaren kalkulua. Aipatu kalkulua erantzukizunpeko adierazpenerako formatuan aurkeztu beharko da, toki entitate eskatzaileen idazkariak sinatua.

(2) Eskatzaileek azken bost urteetan egindako lan guztiak sartuko dituzte laguntza eskaeran, edozein dela ere horien finantzaketa-iturria.

(3) Erabilera publikoarekin loturiko azpiegituratzat honako hauek hartuko dira: Eremuan edo inguruan kokatuta daudenak, haren kudeaketarekin lotura zuzena badute. Hauek dira, besteak beste: aparkatzeko tokiak, harrera egiteko etxolak edo antzekoak, bisitarientzeko kontrol edo informazio guneak, eremuaren erabilera publikoaren eskaintzan dauden bidezidor seinalizatuak, erabilera publikorako ongi zaindutako atsedenguneak eta eremuaren eskaintza publikoan sartutako beste azpiegitura batzuk.

Ez dira erabilera publikoko azpiegituratzat hartuko erabilera publikoaren eskaintzan ez dauden seinalizatu gabeko bideak eta bidezidorrak, ez eta beste azpiegitura batzuk ere, baldin beren eraikuntza edo xede nagusia erabilera publikoaren kudeaketa ez bada.

2. Eskaera batzuk puntuazio bera baldin badute, lehentasun ordena hau aplikatuko da, irizpideen zenbakiei jarraikiz: 3, 1, 2, 5, 6 eta 4.

3. Lehentasun ordenaren arabera esleituko da aurrekontua, aurrekontuko partida agortu arte.

4. Laguntza eskatua duten ekintzak gauzatzen ez diren kasuan, onuradunak hurrengo oinarri arautzailean aurreikusitako moduan haren berri emanik, laguntzak ematen dituzten ebazpenetan aldaketak egin ondoren askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontuko diru-izendapen eskasagatik laguntza ukatu zaien eskatzaileei emateko. Horretarako, balorazio irizpideak aplikatzearen ondorioz ateratzen den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

5. Oinarri honen 8.4. puntua aplikatzearen ondorioz, deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei diru-laguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

9. oinarria–Ebaluazio organoa.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ingurune Naturalaren Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa.

10. oinarria.–Diru-laguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Ingurune Naturalaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari igorriko.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

11. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Diru-laguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

4. Laguntzak emateko, diruz lagundutako jarduketek ingurumen baimena izan behar dute.

5. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean edo, kasua bada, diru-laguntzei buruzko legerian aurreikusitako gehieneko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta diru-laguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatutakoan berariazko ebazpenik eman ez bada. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

12. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

Ez da aldaketarik onartuko aurkeztutako eskaeretan.

13. oinarria.–Ordainketa eskaera: Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Frogagiriak aurkezteko azken eguna 2018ko azaroaren 15a izanen da. Epe hori igaroz gero, legerian ezarrita dauden penalizazioak aplikatuko dira. Frogagiri horiek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroan (González Tablas, 9; Iruña) aurkeztu beharko dira; bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietako edozeinetan, Nafarroako Gobernuko Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari zuzenduta.

1. Egindako lanen memoria aurkeztu beharko da, besteak beste eduki hauek bilduko dituena: egiazki gauzatutako egutegiak, zaintza lanetan eta ingurumen-hezkuntza eta -informazio ekintzetan emandako orduak eta bisitarien kopurua. Bestalde, erabilera publikoaren kudeaketaren balantze ekonomiko bat aurkeztuko da.

2. 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko azaroaren 4ra bitarteko jatorrizko fakturak edo horien fotokopiak aurkeztu beharko dira. Egindako gastua ordaindu dela frogatzearren, bankuetako frogagiriak erantsi beharko zaizkie ordainagiriei.

14. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

Egiaztagiriak azterturik, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen memoria aurkeztuko da.

Ordainketa bakarrean pagatuko da.

15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak, murrizketak eta ordainketa ez gauzatzeko arrazoiak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza edo laguntza batzuen berri eman beharko zaio organo emaileari.

3. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

16. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna/bateraezintasuna.

1. Deialdi honen diru-laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

2. Kasu horretan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste diru-laguntzaren bat jasotzen baldin badu, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. d) artikuluan xedaturikoarekin bat.

17. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

Diru-laguntzei buruzko 15.2 artikuluari jarraikiz, onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute diru-laguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

II. ERANSKINA

Laguntza eskaera eta erantzukizunpeko adierazpena, toki entitateek naturaguneen erabilera publiko jasangarria sustatzeko (PDFa).

III. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1805170