82. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

109/2018 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako zuzendarien jarduna ebaluatzeko prozesua arautzen duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 136. artikuluan ezartzen du ikastetxe publikoetako zuzendariak lau urterako izendatuko direla. Era berean, ezartzen du zuzendarien izendapena iraupen bereko aldietarako berritzen ahalko dela, betiere epe bakoitzaren amaieran lanaren ebaluazio positiboa egin ondoren. Azkenik, legearen 139. artikuluak xedatzen du ikastetxe publikoetako zuzendariei ebaluazioa eginen zaiela haien kargualdiaren bukaeran.

Lege organikoa garatze aldera, ikastetxe publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak ematen dituen otsailaren 2ko 7/2017 Foru Aginduak 14. artikuluan ezarri zuen zuzendaritza-lanaren ebaluazioa zuzendariaren kargualdi osoan eginen dela eta zuzendaritza-lana ebaluatzeko deialdiaren ebazpenean ezartzen diren irizpideak eta prozedurak hartuko direla.

Neurri berean, aipatu legean xedatutakoa garatzeko, martxoaren 29ko 42/2017 Foru Agindua aldarrikatu zen, ikastetxe bateratu publikoetako zuzendariak hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko arauak emateko. Aipatu aginduaren 15. artikuluan ezartzen da, ezen, zuzendaritza-lana ebaluatzeko, deialdiaren ebazpenean ezartzen diren irizpideak eta prozedurak hartuko direla kontuan.

Horrenbestez, beharrezkoa da araudia garatzea, hartara zuzendaritza-lana ebaluatzeko prozedura bat ezartzeko.

Ebazpen honek ebaluazioa egiteko esparrua errazten du, irizpideak ezartzen ditu eta ikastetxe publikoetako zuzendarien jarduna ebaluatzeko prozedura agintzen du, otsailaren 2ko 7/2017 Foru Aginduan eta martxoaren 29ko 42/2017 Foru Aginduan ezarritakoa aplikatuz.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak eskuordetzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarriak onestea Hezkuntza Departamentuaren menpeko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako zuzendarien jarduna ebaluatzeko prozesua arautzeko. I. eranskinean jaso dira.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko martxoaren 15ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako zuzendarien jarduna ebaluatzeko prozesua arautzeko

Lehena.–Ebaluazio eremua

Ebaluazio prozesu hau aplikatuko zaie lau urterako unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetan zuzendaritza-lanetan aritzeko izendatu direnei, otsailaren 2ko 7/2017 Foru Agindua (hautatzearen edo berritzearen ondorioz) eta martxoaren 29ko 42/2017 Foru Agindua (izendapen librearen edo berritzearen ondorioz) aplikatuz.

Bigarrena.–Ebaluazioaren xedea.

Zuzendaritza-lanaren ebaluazioak xedetzat du zuzendariek beren kargualdian erakutsitako gaitasun-maila zehaztea kargualdi hori berritzeko, eta era berean, praktika eta garapen profesionala sustatzea eta bultzatzea.

Hirugarrena.–Ebaluazioaren ezaugarriak.

Hona zuzendaritza-lanaren ebaluazioaren ezaugarriak:

–Diagnostikoak egiten ditu zuzendariek beren eginkizunak betetzeko garatutako jardunari buruz.

–Karguan erakutsitako gaitasun-maila zehaztea ahalbidetzen du izendapena berritzeko: “gai” edo “ez-gai”.

–Zuzendari jardunean hobetu beharreko alderdiak identifikatzen ditu.

–Praktika eta garapen profesionala sustatzen eta bultzatzen ditu.

Laugarrena.–Ebaluazio esparrua.

Zuzendaritza-lanaren ebaluazioa zortzi kudeaketa esparrutan ardazten da: 1. Zuzendaritza-lana; 2. Plangintza; 3. Irakasleak eta irakasle taldea; 4. Ikaskuntza-irakaskuntza prozesua; 5. Elkarbizitza; 6. Inguruneak eta testuingurua; 7. Hezkuntza komunitatea eta laguntzaileak; 8. Emaitzak.

Ebaluazio esparruetako bakoitza estandar jakin batzuetan egituratzen da eta horiek adierazleetan banatzen dira, gerora erreferente gisa balioko dutenak ebaluazioa egiteko.

Lehentasunezko erreferentziako estandarra da, bere garrantzia dela-eta, gaitasun-maila ebaluatzean aintzat hartzen den oro.

II. eranskinean zehaztu dira esparruen multzoa, estandarrak (lehentasunezkoak barne) eta adierazleak.

Bosgarrena.–Ebaluatzeko prozedura.

Jarraian deskribatzen den ebaluazio prozedurak erraztu egiten du zuzendarien jarduna ezagutze aldera beharrezkoa den garrantzizko informazioa bildu eta aztertzeko zeregina.

Ebaluazio prozedurak honako fase hauek izanen ditu:

1. Kargualdiaren lehenengo ikasturtearen hasieran, eta iraila bukatu baino lehen, zuzendariek erreferentziako ikuskatzaileari igorriko diote hautaketa/izendapenaren (lehenbizikoa) xede izandako zuzendaritza-proiektua edo, kasua bada, kargualdia berritu ondotik prestatutako zuzendaritza-proiektu berria.

Ikastetxearen Urteko Plangintza Orokorra edo Urteko Jarduketa Plana gainbegiratzeko esparruaren barnean, ikuskatzaileak zuzendaritza-proiektuaren urteko hedapena aztertu eta baloratuko du plangintza instituzionaleko agiri honen bidez, eta arreta berezia jarriko zaio inklusioari eta hura osatzen duten elementuen zehaztasunari: helburuak, adierazleak, jomugak, ekintzak, egutegia...

UPOaren karietara egiten den bisitan, ikuskatutako dokumentuen emaitzak ezagutaraziko dira.

Bestalde, ikuskatzaileak zuzendari karguaren etengabeko jarraipena eginen du lehenbiziko ikasturtean zehar.

2. Kargualdiaren bigarren ikasturtearen bukaeran, zuzendariak karguan aritu bitartean garatutako jardunaren autoebaluazioaren memoria bat prestatu, eta Ikuskapen Zerbitzura igorriko du, ebazpen honetan (II. eranskina) ezarritako ebaluazio esparruarekin bat eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan eskuragarri egonen den ereduaren laguntzaz. Txosten-memoria horretan estandarrak baloratuko dira, kargualdiko azken bi ikasturteetarako hobetu beharreko alderdiak zehaztuko dira eta kargualdirako prestatutako zuzendaritza-proiektuan aurreikusitako helburuak zenbateraino bete diren adieraziko da.

Ikastetxeko azken memoria ikuskatzearekin batera, ikuskatzaileak autoebaluazioaren memoria hori ere aztertu eta baloratuko du, zehaztasun, errealismo eta eraginkortasun irizpideak aintzat hartuta.

Bigarren ikasturte honetan zehar eta hurrengo bietan, ikuskatzaileak zuzendariaren jardunaren etengabeko jarraipena eginen du.

3. Kargualdiaren hirugarren ikasturtean zehar, ikuskatzaileak ebaluazio ikerketa eta azterketa zehatza eginen du ebaluazio esparruaren barnean aurreikusitako eremu, estandar eta adierazle guztiak aintzat hartuta. Ikastetxea bisitatuko du, informazioa bildu eta aztertzeko.

Ebaluazio bisitak baino lehen, zuzendariak ikuskatzaileari igorriko dio honek bere ebaluazioa egiteko eskatzen dion plangintza instituzionaleko eta irakaslana antolatzeko dokumentazio guztia.

Bisita horietan, elkarrizketak eginen zaizkie zuzendariari, zuzendaritza taldeko kideei, irakasleei, gurasoei eta, kasua bada, ikasleei. Halaber, ikuskatzaileak egokitzat jotzen badu, kide anitzeko organoek eta/edo koordinaziokoek egindako bilkuretara ere joaten ahalko da.

Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuetako zuzendarien ebaluazioari dagokionez, zuzendaritza-lanaren balorazio txostena eskatuko zaio Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuari.

Ebaluazio lana egin ahal izateko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikuskapen prozesurako aurreikusten diren teknikak, tresnak eta irizpideak baliatuko ditu.

Ikuskatzaileak, ezarritakoari jarraikiz, dagokion jarraipen txostena luzatuko du eta bertan jasoko zein diren zuzendaritza-lanaren jardunean zuzendu beharrekoak, zuzendariak bere kargualdiko azken ikasturtean gauzatuko duen jardunean aplikatu behar dituen hobekuntzak eta aldaketak adierazita.

4. Kargualdiko azken ikasturtean, ikuskatzaileak, behin ebaluazio prozesu osoan zehar bildutako informazioa aztertu eta baloratuta, amaierako ebaluazio txostena emanen du.

Ikuskatzaileak, ebaluazio prozesuan zehar egindako jarraipenean, hautematen badu zuzendariaren jardunean hobekuntzak eta aldaketak egiteko beharra dagoela, kargualdiaren ikasturte bakoitzaren bukaeran emanen dio horren berri interesdunari, beharrezkoak diren aldaketak eta/edo egokitzapenak egin ditzan.

Seigarrena.–Estandarren balorazioa.

Ebaluazio estandar bakoitzaren balorazioa lau mailaren arabera eginen da: 4. Bikaina, 3. Ona, 2. Nahikoa eta 1. Desegokia.

Estandarraren maila deskribatzaile hauei jarraikiz bat neurtuko da:

–4. maila. Bikaina: agerikoa bada estandarra modu irmoan eta egituratuan betetzen dela, sistematika kontsolidatuarekin.

–3. maila. Ona: nabarmena denean estandarra nahikotasunez betetzen dela.

–2. maila. Nahikoa: estandarraren gutxienekoak betetzen direla egiaztatzen bada.

–1. maila. Desegokia: estandarra betetzen ez dela egiaztatzen bada.

Zazpigarrena.–Jardunaren kalifikazioa.

Zuzendarien jarduna oro har kalifikatzeko, maila hauek egonen dira: 4. Bikaina, 3. Ona, 2. Nahikoa eta 1. Desegokia.

Jarduna oro har kalifikatzeko maila horiek deskribatzaile hauei jarraikiz neurtuko dira:

–4. maila. Zuzendari jarduna bikain betetzen du eta bere jardunbidea zuzendaritzako beste kargu batzuekin parteka daiteke. Gai.

–3. maila. Zuzendari jarduna ongi betetzen du eta kargualdiak iraun bitartean mantendu eta hobetu beharko du. Gai.

–2. maila. Zuzendari jarduna modu egokian betetzen du, baina bere eraginkortasuna hobetu beharra du epe luzean. Gai.

–1. maila. Zuzendari jarduna desegokia da eta ez ditu biltzen kargualdia berritzeko beharrezkoak diren baldintzak. Ez gai.

Zortzigarrena.–Gaitasun-maila.

Zuzendari jardunean erakutsitako gaitasun-mailaren kalifikazioa Gai edo Ez gai izanen da.

“Gai” kalifikazioa lortzen bada, ebaluazioa positibotzat hartuko da, eta, “Ez gai” kalifikazioa lortzen bada, berriz, negatibotzat.

Gaitasun-mailan “Gai” kalifikazioa ateratzeko, gutxienez ere 2. maila lortu beharko da ebaluazio esparruaren barnean lehentasunezkotzat adierazitako estandar guzti-guztietan (II. eranskina).

Bederatzigarrena.–Erantzukizunak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak izanen du, indarra duten arauetan ezartzen zaizkion eginkizunekin bat, zuzendarien jarduna ebaluatzeko erantzukizuna.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendariak horretarako izendatzen duen ikuskatzaileak eginen du zuzendarien jardunaren ebaluazioa, ahal dela, ikastetxeko ikuskatzaileak.

Hamargarrena.–Informazio iturriak.

Zuzendarien jarduna ebaluatzeko, honako informazio iturri hauek erabiliko dira:

–Plangintza instituzionaleko eta irakaslana antolatzeko dokumentazioa: Misioa, ikuspegia eta balioak; zuzendaritza-proiektua; hezkuntza-jardueren proiektuak eta planak; Urteko Plangintza Orokorra eta azken memoria, organoen aktak...

–Kanpoko ebaluazio estandarizatuen emaitzen txostenak eta barneko emaitza akademikoen txostenak.

–Ikastetxearen jardunaren autoebaluazioen eta kanpoko ebaluazioen txostenak.

–Ikastetxeko jardunaren hobekuntza planak.

–Zuzendaria.

–Zuzendaritza taldeko beste kide batzuk.

–Eskola/Gizarte Kontseilua ordezkatzen duten irakasleak.

–Eskola/Gizarte Kontseilua ordezkatzen duten gurasoak/beste batzuk (ikastetxe bateratuetan).

–Eskola/Gizarte Kontseilua ordezkatzen duten ikasleak (hala erabakitzen bada).

–Ikuskatzaileak egokitzat jotzen duen beste edonor.

Hamaikagarrena.–Ebaluazio txostenak.

Kargualdiko hirugarren ikasturtea bukatu baino lehen, ikuskatzaileak jarraipen txosten bat idatziko du ebaluazio estandar bakoitzaren kalifikazioa izanen duena, bai eta zuzendu beharreko jardunbideak eta hobetu beharreko beste batzuk ere. Ebaluatu den zuzendariari emanen zaio txostenaren edukiaren berri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Kargualdiko laugarren ikasturteko martxoaren 31 baino lehen, ikuskatzaileak amaierako ebaluazio txostena luzatuko du, zuzendariaren jarduna oro har baloratuko duena seigarren oinarrian adierazitako mailak aintzat hartuz. Gainera, gaitasun-mailaren kalifikazioa ere jasoko du, “Gai” edo “Ez gai” izanen dena.

Ikuskatzailearen amaierako balorazio txostenaren arabera “Ez Gai” bada, eman baino lehen, entzunaldia emanen zaio ebaluazioaren xedeko zuzendariari. Bertan, kalifikazioaren aurka dagoela argudiatzeko behar diren dokumentuak aurkezteko eta egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko aukera emanen zaio.

Ebaluazio prozesua bukatuta, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak emaitzen berri emanen dio zuzendari nagusiari, Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari.

Hamabigarrena.–Ebaluazioaren plangintza.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak zehaztuko du, Urteko Plangintza Orokorraren esparruan, ikasturte bakoitzean ebaluazioaren xede izanen diren zuzendarien zerrenda, bai eta zenbatgarren ikasturtean dagoen haien kargualdia ere.

Hamahirugarrena.–Lehenago izendatutako zuzendariak.

1. Abenduaren 2ko 202/2010 Foru Aginduari jarraikiz 2017ko ekainaren 30a baino lehen izendatutako zuzendarien kasuan (hautaketa bidez nahiz kargua berritzeagatik), ez badute lau urteko kargualdia bukatu, abenduaren 27ko 2870/2012 Ebazpenaren bidez ebaluatuko dira. Ebazpen horren bidez onetsi zen zuzendariak ebaluatzeko prozedura. Modu berean jardunen da ekainaren 24ko 57/2013 Foru Aginduari jarraikiz izendatutako Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuetako zuzendariekin (izendapen bidez nahiz kargualdia berritzeagatik), 2017ko ekainaren 30a baino lehen izendatu baziren eta ez badute lau urteko kargualdia bukatu.

2. Abenduaren 2ko 202/2010 Foru Aginduari jarraikiz izendatutako zuzendariei dagokienez (hautaketa bidez nahiz kargua berritzeagatik) edo, kasua bada, ekainaren 24ko 57/2013 Foru Aginduari jarraikiz izendatutakoei dagokienez (izendapen bidez nahiz kargualdia berritzeagatik), lau urteko kargualdia bukatzean (2016-2017 ikasturtean eta hurrengoetan), ebazpen honetan araututako oinarrien arabera ebaluatuko dira izendapena berritu ondotik hasten den lau urteko kargualdi berrian.

II. ERANSKINA

Zuzendaritza-lana ebaluatzeko esparrua

ESPARRUA

EBALUAZIO ESTANDARRAK

ADIERAZLEAK

1. ZUZENDARITZA-LANA

ZER-NOLAKO ERAGINKORTASUNEZ EGITEN DITUEN ZUZENDARIAK HONAKO HAUEK

1.1. Zuzendariak lidergoa partekatzen du

Irakasleei autonomia ematen die erabakiak har ditzaten.

Autoritatea eta erantzukizuna partekatzen ditu, zuzendaritzaren eta irakasleen arteko banaketa administratiboa gaindituz eta lidergorako trebetasun propioak gara ditzatela lortuz.

Aukerak ematen dizkie egituretan eta organoetan inplikatutako pertsonei erabakiak hartzean benetako parte-hartzea izan dezaten.

Elkarlana eta talde-lana sustatzen ditu.

1.2. Lidergo pedagogikoa praktikatzen du argi eta garbi

Argi dauka zer-nolako irakaskuntza mota (ildo pedagogiko-didaktikoa) sustatu nahi duen ikastetxean.

Ekimena hartzen du eta pertsonalki inplikatzen da, ikastetxeko proiektuen eta hezkuntza-jardueren planen garapena eta ezarpena zuzenduz eta koordinatuz.

Irakasleen kidea da, pertsonak eta lantaldeak adoretzen, animatzen eta motibatzen dituena, eta horiek hezkuntza helburuak erdiesteko mobilizatzea eta inplikatzea lortzen du. Pertsonak proiektu bereko partaide sentiarazten ditu.

1.3. Lortu beharreko jomugak eta helburuak transmititzen ditu (*)

Gehienek partekatzen dute ikastetxeaz duen ikuspuntua eta ikastetxeak erdietsi beharreko helburuak gogo handiz komunikatzen ditu.

Bere ikuspegia helburu zehatz eta garrantzitsuetan irudikatzen du, lehentasuna emanez hezkuntzara eta ikasleen ikaskuntzara bideratuta daudenei.

Curriculumari dagokionez garrantzizkoa eta pedagogikoa dena identifikatzen du beste pertsonentzat eta orientabideak eta jarraibideak ematen dizkie maila operatiboan.

1.4. Ebazteko gaitasuna badu (*)

Ongi ezagutzen ditu hezkuntza prozesuak eta eraginkortasunez heltzen die horien gaineko eginkizunei eta erantzukizunei.

Aginduak betearazten ditu eta erabakiak hartzen dituenean beti hartzen ditu aintzat horrek ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan izan ditzakeen inplikazioak.

Trebetasuna badu ikuspegi analitiko batetik hezkuntza arloko arazoei eta arazo pedagogikoei aurre egiteko, kausa-ondorio erlazioak bilatuz konponbideak emateko.

1.5. Aldaketen aurrean jarrera irekia eta malgua erakusten du

Ingurunearen egoera berrietara egokitzen da, eta badaki hezkuntza arloko nobedadeei aurre egiten.Hezkuntza hobetzeko eta berritzeko ekimenak sustatzen eta abiarazten ditu, bai eta antolaketa garatzekoak ere.

1.6. Interakzio positiboa du pertsonekin eta haien garapen profesionala bultzatzen du.

Gehiago kezkatzen da pertsonez errutina administratiboaz baino.

Erraza da berarengana hurbiltzea, abegikorra da, beti dago prest hitz egiteko eta harreman onak sustatzen ditu.

Pertsona bakoitzaren berezitasunak, interesak eta beharrak ulertzen ditu, eta horiek aintzat hartuta, profesionalki garatzen eta handitzen laguntzen die.Pertsonen lana eta ahalegina aitortzen ditu.

1.7. Kudeaketa hezkuntza prozesuen hobekuntzara eta ikaskuntzaren emaitzetara bideratzen du

Hezkuntza prozesuen kudeaketa sistema aurreratuak sustatzen ditu (SGCC, ISO, EFQM…).

Etengabeko feedbacka sustatzen du ikasleen ikaskuntzaren aurrerapenari dagokionez, barneko eta kanpoko ebaluazioen emaitzetatik abiatuz.

2. PLANGINTZA

ZER-NOLAKO ERAGINKORTASUNEZ EGITEN DITUEN ZUZENDARIAK HONAKO HAUEK

2.1. Zuzendaritza-proiektua hedatzen du (*)

Zuzendaritza-proiektua proiektuan berean aurreikusitako terminoetan hedatzen da: helburuak, jarduketak, erantzukizunak, denbora tarteak...

Aldian behin ebaluatzen da zuzendaritza-proiektua dokumentuan ageri diren adierazle edo helburuak aintzat hartuz, eta urtero erregistratzen dira hura zuzendu eta hobetzeko proposamenak.

2.2. Urteko hezkuntza plangintza egiten du Urteko Plangintza Orokorraren bidez (*)

Urteko Plangintza Orokorrak abiaburutzat ditu hezkuntza arloko beharrak eta hobetzeko proposamenak, ondoko hauetan hauteman eta jaso direnak: aurreko ikasturteko azken memoria, zuzendaritza-proiektua, plan estrategikoa, ikastetxearen autoebaluazioa, ikasleen ikaskuntzaren emaitzak… bai eta Hezkuntza Departamentuaren planak eta proiektuak ere.Urteko Plangintza Orokorra ongi egituratua dago (helburuak, egin beharreko jarduerak, arduradunak, eskura dauden baliabideak, jarraipen mekanismoen denboren banaketa), arauz ezarritako atalak dauzka eta planak modu zehatzean eta neurgarrian deskribatuak daude.

Urteko hezkuntza helburuak modu zehatzean eta neurgarrian formulatuak daude.

Zuzendaritza-proiektuan aurreikusitako urteko helburu eta jarduketak behar bezala hedatuak daude Urteko Plangintza Orokorraren bidez.

2.3. Urteko Plangintza Orokorraren hezkuntza plangintzaren garapenaren ebaluazioa eta jarraipena egiten du (*)

Jarduketak aurreikusten dira Urteko Plangintza Orokorra aldian behin gainbegiratzeko.

Jarduketak aurreikusten dira Urteko Plangintza Orokorraren azken ebaluazioa egiteko.

Urteko Plangintza Orokorraren azken ebaluazioan lortutako emaitzak aztertzen dira eta hobetzeko proposamenak egiten dira hurrengo ikasturterako amaierako memoriaren bidez.

3. IRAKASLEAK ETA IRAKASLE TALDEA

ZER-NOLAKO ERAGINKORTASUNEZ EGITEN DITUEN ZUZENDARIAK HONAKO HAUEK

3.1. Irakasleek ikastetxean beren jarduna eraginkortasunez egitea sustatzen du

Beren jardunean hoberenak diren irakasleen ezagutzak eta gaitasunak baliatzen ditu ikastetxeko kudeaketan eta hobekuntzan parte hartzea antolatzean.

Irakasleen artean inplikazioa eta erantzukizunak eta konpromiso profesionalak onartzea sustatzen du.

3.2. Lantaldeen eta ekipoen jarduna eraginkorra izan dadin saiatzen da programak, planak eta proiektuak garatzeko.

Lantaldeak eta ekipoak abian jartzen ditu (prozesuko ekipoak, hobekuntza-taldeak, proiektuetarako ekipoak, batzordeak, mintegiak…) ikastetxeko hezkuntzarekin lotutako gaiak edo alderdiak garatu eta lantzeko.

Irakasleak ezarritako lantaldeetan eta ekipoetan inplikatzea eta parte-hartzea sustatzen du, ideia eta proposamen konstruktiboak emanez.

Irakasleak jarduera pedagogikoetan eta ikastetxeak aurreikusitako programetan, proiektuetan eta planetan inplikatzea eta parte hartzea sustatzen du.

3.3. Irakasleen prestakuntza kudeatzen du (*)

Instituzioaren (ikastetxea) prestakuntza beharrak hautematen ditu, ondoko hauetatik ondorioztatutakoak: hezkuntza proiektuak, hizkuntza proiektuak, zuzendaritza-proiektuak, plan estrategikoak, Urteko Plangintza Orokorra eta azken memoriak, auditoretzak, autoebaluazioak…

Prestakuntza ekintzak ikastetxeko helburuekin bateratzen saiatzen da.

Instituzioaren prestakuntza ekintzak gai pedagogiko-didaktikoei buruzkoak izan daitezela saiatzen da, ikaskuntza emaitzekin koherentzia gordez.

Irakasleak ikastetxetik beretik antolatzen diren instituzioaren prestakuntza ekintzetan parte hartzera animatzen ditu.

Prestakuntza ekintzen eraginkortasunaren jarraipena eta azken ebaluazioa egitea sustatzen du.

3.4. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak eraginkortasunez jardun dezala zaintzen du

Erraztasunak ematen ditu Koordinazio Pedagogikorako Batzordearentzako plan bat prestatzeko, ikastetxeko Urteko Plangintza Orokorraren helburuekin bat.

Ikaskuntzaren alderdi pedagogiko-didaktikoen arteko koordinazioa sustatzen du ikastetxean Koordinazio Pedagogikorako Batzordetik.

Ikastetxeko ildo pedagogiko-didaktikoa sustatzen du Koordinazio Pedagogikorako Batzordetik.Departamentuen/zikloen arteko koordinazioa errazten du.

Programazio didaktikoak prestatzeko ildo orokorrak ematen ditu.

4. IRAKASKUNTZA-IKASKUNTZA PROZESUA

ZER-NOLAKO ERAGINKORTASUNEZ EGITEN DITUEN ZUZENDARIAK HONAKO HAUEK

4.1. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren hobekuntzan inplikatzen da (*)

Irakaskuntza-programazio erabilgarri eta praktikoak garatzea sustatzen du.

Gelako irakaskuntza-prozesua gainbegiratu eta egokitzeko inplikatzen da.

Ebaluazio prozesua hobetzea bultzatzen du.

Jardunbide egokien garapena errazten du.

4.2. Tutoretzaren prozesua eta ikasleen garapen pertsonalerako arreta hobetzea sustatzen du (*)

Tutoretzako plan eraginkorren hedapena bultzatzen du maila ezberdinetarako PATaren (tutoretza-planaren) esparruan.

Tutoreen arteko koordinazioa sustatzen du haien zereginen garapenean.

Ikasleenganako arreta eta laguntza pertsonala sustatzen du arlo akademikoan, emozionalean eta sozialean.

4.3. Hezkuntza laguntzako premia berariazkoak dituzten ikasleei arreta emateko prozesua hobetzea bultzatzen du (*)

Ikasleek izan ditzaketen hezkuntza laguntzako premia berariazkoak hautemateko mekanismoak abian jartzen ditu.

Antolaketaren, giza baliabideen eta baliabide materialen arloko konponbideak izaten ditu ikasleen premia bereziei erantzuteko.

Hezkuntzako neurri eta programak dauzka arreta espezifikorako.

Irakaskuntza- eta ebaluazio-prozesuak ikasleen behar espezifikoetara egokitzea bultzatzen du.

5. ELKARBIZITZA

ZER-NOLAKO ERAGINKORTASUNEZ EGITEN DITUEN ZUZENDARIAK HONAKO HAUEK

5.1. Hezkuntza komunitatearen kohesioa sustatzen du

Hezkuntza komunitatearen batasuna eta kohesioa bultzatzen ditu: konfiantzazko giroa, komunikazioa eta lankidetza irakasleen, ikasleen, gurasoen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen artean.

Ikastetxeko elkarbizitzan pertsonalki inplikatzen da.

Prestakuntza ekintzak sustatzen ditu irakasleen eta familien elkarbizitza hobetzera zuzenduak (prestakuntza, azken memoria, prebentzio planen proposamenak, jardunaldiak, hitzaldiak, kartelak…).

5.2. Ekimenak abiarazten ditu elkarbizitzarekin lotutako arazoak prebenitu, hauteman eta ebazteko mekanismoak aplikatzeko (*)

Elkarbizitzako arazoak prebenitzeko eta garaiz hautemateko sistemen antolaketa sustatzen du: PATaren (tutoretza-planaren) eta PADaren (aniztasunari erantzuteko planaren) helburuak, protokoloak, elkarbizitzari buruzko informazioa helarazteko bideak eta bitartekoak…

Elkarbizitzako arazoak ebazteko mekanismoak aplikatzea errazten du honako kasu hauetan: elkarbizitzaren kontrako jarrerak, elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaerak, tratu txarrak eskolan, jazarpena, indarkeria, adingabeen babesgabetasuna, adingabeak ez eskolatzea edo antzekoak.

6. INGURUNEAK ETA TESTUINGURUA

ZER-NOLAKO ERAGINKORTASUNEZ EGITEN DITUEN ZUZENDARIAK HONAKO HAUEK

6.1. Instalazio orokorrak kudeatzen ditu

Ikastetxeko instalazioak egokiak izan daitezela eta behar bezala ekipatuak eta zainduak egon daitezela zaintzen du.

6.2. Materialak eta baliabideak kudeatzen ditu

Materialak eta baliabideak hezkuntza jarduerarako erabilgarriak eta askotarikoak izan daitezela zaintzen du.

6.3. Informazioaren eta ezagutzaren sistemak ezartzea sustatzen du

Ikastetxeak Internet, intranet, software berariazkoa eta abar izan ditzala zaintzen du.Irakaskuntza-prozesuan teknologia digitalak erabiltzea sustatzen du.

7. HEZKUNTZA KOMUNITATEA ETA LAGUNTZAILEAK

ZER-NOLAKO ERAGINKORTASUNEZ EGITEN DITUEN ZUZENDARIAK HONAKO HAUEK

7.1. Gurasoek ikastetxean parte hartzea sustatzen du (*)

Gurasoak ikastetxean aktiboki parte hartzera bultzatzen ditu: parte-hartzearen portzentajea jardueretan.

7.2. Zuzendaritzaren eta familien arteko harremana sustatzen du

Harreman zuzena du ikastetxeko familiekin: guraso elkartearen batzordearekin eta familien parte-hartzerako beste organo batzuekin izandako bilera kopurua.

Familien kexei eta erreklamazioei arreta eta erantzuna ematen zaiela bermatzen du.

7.3. Familien pertzepzioa neurtzen du (ikasleena, kasua bada)

Familiek ikastetxearekiko duten pertzepzioari buruzko informazioaren bilketa kudeatzen du, baliabide egoki eta nahikoak erabiliz horretarako.

Familien pertzepzioa aztertzen du eta hobekuntzak abiarazten ditu: familiek planteatutako gaien aurrean azterketa egiten da eta hobetzeko neurriak hartzen dira.

Ikasleek (Bigarren Hezkuntza) ikastetxearekiko duten pertzepzioari buruzko informazioa biltzen du, baliabide egoki eta nahikoak erabiliz horretarako. Emaitzak aztertzen ditu eta erabakiak hartzen.

7.4. Elkarlanak eta aliantzak sustatzen ditu beste instituzio eta erakunde batzuekin informazioa, esperientziak eta baliabideak trukatzeko

Elkarlanak eta aliantzak abian jartzen ditu beste instituzio, erakunde eta ikastetxe batzuekin informazioa, esperientziak eta baliabideak trukatzeko, garapen pedagogiko eta didaktikoari balioa ematen baitiote.

8. EMAITZAK

ZER-NOLAKO ERAGINKORTASUNEZ EGITEN DITUEN ZUZENDARIAK HONAKO HAUEK

8.1. Sistematikoki aztertzen ditu barneko errendimendu-proben emaitzak (*)

Barneko emaitza akademikoen tratamendua sustatzen du.

Honako hauen emaitza akademikoei buruzko txostenen azterketan eta prestaketan parte hartzen du: titulazioa, ikasturtez igotzea, ikasturtez igotzea dena gaindituta.

8.2. Kanpoko errendimendu-proba estandarizatuen emaitzak kudeatzen ditu (*)

Kanpoko proba estandarizatuen emaitzen azterketan inplikatzen da: batez besteko puntuazioa, ekitate-tasa, bikaintasun-tasa.

8.3. Ikastetxean gakoak diren beste emaitza batzuk kudeatzen ditu

Ikastetxeak berak ezarritako eta neurtutako beste emaitza gako batzuen ikerketan parte hartzen du (amaierakoak): unibertsitatera sartzeko ebaluazioa gainditu dutenen indizea, eskola-uztearen indizea, enplegagarritasun indizea…

8.4. Ikastetxearen autoebaluazioa egiten du (*)

Jardunaren autoebaluazioan inplikatzen da: zuzendaritza eta departamentuak/zikloak.

Zortzi esparru funtzionalen ebaluazio orokorra bermatzen du, bai eta departamentuenak/zikloenak diren horien ebaluazioa ere.

Ikastetxearen jardun orokorraren autoebaluazioari buruzko txostenaren kalitatea: egoeraren diagnostikoa ebaluazioko zortzi esparruei dagokienez. Ikastetxearen egoera zehaztea indarguneetan eta hobetzeko guneetan oinarrituz.

Identifikatutako eta lehenetsitako hobetzeko guneen kalitatea ikastetxearen autoebaluazio orokorretik abiatuz: garrantzitsuak direnak eta errealitatearekin bat datozenak.

8.5. Hobekuntza ebaluaziotik (barnekoa eta kanpokoa) abiatuz planifikatzen du (*)

Ikastetxearen jardunaren autoebaluaziotik ondorioztatutako hobekuntza planaren kalitatea: errealista, erraza, eraginkorra eta ongi egituratua.

Ikastetxearen jarduna hobetzeko planean aurreikusitako helburuen eta jarduketen kalitatea: egiazta daitezkeen emaitzetara zuzenduak eta neurri garrantzitsua.

Hobekuntza planean aurreikusitako helburuen eta ekintzen ezarpen maila.

Ezarritako hobekuntza jarduketen eta neurrien jarraipen eta ebaluazio maila. Txostenaren analisia (bidezko balorazioak, zehatzak eta informazio eta datu objetiboetan oinarrituak) eta prestaketa.

Jarraipeneko emaitzak gerora erabiltzea kudeaketan hartutako erabakietan.

8.6. Zuzendaritza-proiektuan aurreikusitako helburuen betetze maila (*)

Zuzendaritza-proiektuan sartutako helburuen betetze maila bertan definitutako adierazleak aintzat hartuta.

Oharra (*): Lehentasunezko estandar gisa definitzen dira ebaluazio esparruan adierazitakoak.

Iragarkiaren kodea: F1803957