82. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

242/2018 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Zergen Kontrolerako 2018ko Plana onesten duena.

Nafarroako Zerga Ogasuna Nafarroako Gobernuaren oinarrizko tresna da, zerga-sistema modu eraginkorrean aplikatzeaz arduratzen dena. Funtsezko helburuak ditu batetik Foru Komunitatean zergak ordaindu behar dituzten pertsona eta entitate guztiek betebehar fiskalak borondatez bete ditzaten sustatzea, eta bestetik zerga arloko ordenamendu juridikoaren aurkako jokabideak kontrolatu eta erreprimitzea, zergadunen beharrei egokituz eta baliabideen erabileraren efizientzia bermatuz.

Horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunak zergak kontrolatzeko jarduketak planifikatu behar ditu, zertarako eta hura osatzen duten administrazio organoen lehentasunak ezarri eta koordinatu, helburuak finkatu eta lortzen diren emaitzen adierazleak ezarri ahal izateko. Prozesu horretan funtsezkoa da zergen kontrolerako plana, urtero zehaztu eta ezartzen baititu Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduketarako ildo nagusiak.

Ebazpen honen bidez, aditzera ematen da Zergen Kontrolerako 2018ko Plana, eta zergak kudeatu, ikuskatu eta biltzeko faseetan egiten diren jarduketak koordinatzeko jarraibide orokorrak ezartzen dira; hori guztia, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan eta Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduaren 10.4 artikuluan xedatutakoari jarraituz (aipatu erregelamendua ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Zergen Kontrolerako 2018ko Plana Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2016-2019 aldirako Planaren barrenean kokatzen da, Nafarroako Gobernuak 2016ko urriaren 26an onetsia. Urte anitzeko plan horrek Nafarroako Zerga Ogasunak etorkizunean jarraitu beharreko estrategia finkatu zuen eta horretarako 220 neurri zehaztu zituen; horiek arian-arian ezartzen ari dira, urtero sortu eta zergen kontrolerako urteroko planetan jasotzen diren neurri berriekin batera.

Gardentasunaren aldeko konpromisoan sakonduz, eta bere jarduera osorik ezagutarazteko helburu nagusiarekin, Nafarroako Zerga Ogasunak 2016ko eta 2017ko memoriak argitaratu ditu berriki; horietan, jardueraren datuak zehatz-mehatz, aurreko urtearekin konparazioa eginez adierazten dira, eta horri esker emaitzen bilakaera begiratu daiteke, ezinbestekoa etorkizuneko helburuak markatzeko eta hurrengo pausoak zehazteko.

Gurea bezalako gizarte aurreratu batean, gizarte politikak hobetzea eta areagotzea helburu duena, denok egin behar dugu gure ekarpena gastu eta inbertsio publikoari eusteko, gure ahalmen ekonomikoaren arabera. Iruzur fiskala elkartasun ezaren agerpen bat da, eta, gaur egun, ezin da inola ere ez justifikatu ezta zuritu ere. Botere publikoen ardura da hori jazartzea, baina gizarte osoaren kolaborazioa ere oinarrizkoa da, hasteko, betebehar orokorrak modu aktiboan beteta, eta, ondoren, denok kaltetzen gaituen gizalegerik gabeko jokaerak salatuta eta mugatuta.

Horiek horrela, eta aipatu xedapenetan ezarritako betebeharrak betetzeko asmoz, argitara ematen dira zergen kontrolerako arlo bakoitza gidatuko duten jarduketa ildoak.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Zergen Kontrolerako 2018ko Plan hau onestea, jarraian adierazten diren jarduketa ildoak dituena.

1.–Iruzurraren gaineko informazioa, laguntza eta prebentzioa.

Nafarroako Zerga Ogasunarentzat oinarrizko helburua da iruzur fiskalaren prebentzioa; horretarako, zerga betebeharrak borondatez bete daitezen errazten du eta zergadunek jasaten dituzten karga administratiboak ahal den neurrian murrizten ditu.

Azken urteetan, Foru Komunitateko Administrazioak oro har pauso handiak eman ditu benetako administrazio elektroniko bat ezartzeko, administrazio osotua eta norabide anitzekoa izan dadin. Osotua, herritarrarentzat erabilgarria den informazio guztia sarean eskura izanen delako, eta norabide anitzekoa, informazioaren jarioa administraziotik herritarrengana eta alderantziz ere joanen delako.

2018an asmoa da zergadunei emandako laguntza eta informazio zerbitzuak indartzea, teknologia berriei eta sistema prebentiboei lehentasuna emanda, honako jarduketa ildo hauen bidez:

1.1. Zergadunari laguntza baliabide elektronikoen bidez emateko bideak zabaltzea eta sustatzea, Nafarroako Zerga Ogasunean egin beharreko tramiteak errazteko; pixkanaka murriztu eginen da autolikidazioen eta informazio-aitorpenen papereko aurkezpena, eta BEZaren autolikidazioak aurkezteko bide berri bat indartuko da, Nafarroako Zerga Ogasunaren webgunearen bidezko sistema (aurre-aitorpena) bakarrik erabiltzen duena.

1.2. Nafarroako Zerga Ogasunaren webgunea etengabe berrikusten eta hobetzen jarraituko da, benetako bulego birtuala baita gaur egun, webgune horretan herritarrek, enpresaburuek, profesionalek eta entitate laguntzaileek tributuen arloko informazio orokorra edo pertsonalizatua eskuragarri izan dezaten, kontsultak egin, salaketak aurkeztu edo bestelako izapide asko telematika bidez modu erraz eta seguruan egin ditzaten.

1.3. Nafarroako Zerga Ogasunean jakinarazpen elektronikoa ezartzeko prozesua bukatuko da eta horri esker zergadunen eta zerga administrazioaren arteko harremanen forma eta edukia aldatuko dira.

1.4. Informazioa Berehala Emateko Sistemari (aurrerantzean IBE) atxikitako zergadunei laguntza emanen zaie. BEZa kudeatzeko sistema da IBE, erregistro-liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren egoitza elektronikoaren bidez eramateko ekimena, fakturazio-erregistroak berehala emanda egiten dena. Zergadunen eta administrazioaren arteko komunikazioaren hobekuntza nabarmena dakar, bi noranzkoko harremanean oinarritzen baita, automatizatua eta bat-batekoa, eta, gainera, zergadunari laguntza emateko eta zergen kontrola hobetzeko tresna berritzailea da.

1.5. 2017ko Errenta Kanpainan, Nafarroako Zerga Ogasunaren webguneko programaren bidez aurkeztutako aitorpenak gero eta gehiago izan daitezen sustatzen jarraituko da, ohiko programen bidez aurkezteko aukera ere mantenduta. Aitorpena egiteko laguntza ematen jarraituko da; aurten berritasuna izanen da aitorpen sinpleak telefono bidez egiteko aukera, aurretik hitzordua zergadunarekin adostuta.

1.6. Nafarroako Zerga Ogasunak Hezkuntza Departamentuarekin elkarlana indartuko du hainbat ekimenetan, gure haur eta gazteen zerga arloko heziketa sustatzeko; zerga administrazioak iruzurraren kontrako borrokan egiten duen lana ezagutzera emanen du eta helburu komun horretarako herritarren kolaborazioak duen garrantzia azpimarratuko du. 2018an asmoa da material bat prestatzea; Ogasunaren webgunean eskuragarri egonen da eta zerga arloko heziketa zibikoa zabaltzeko balioko du.

2.–Zerga iruzurra egiaztatu eta ikertzeko jarduketak.

2.1. Zerga arloan eragina duten informazio-iturri berriak eskuratzearekin eta horiek aurrerapen teknologikoen arabera ustiatzearekin lotutako jarduketa ildoak.

Zerga administrazioak askotariko informazio-iturriak erabiltzen ditu, bai zergadunei laguntza emateko, bai eta arrisku fiskalak aztertu eta detektatzeko mekanismoak ezartzeko ere (mekanismo horiek garatu beharreko kontrol jarduketen plangintzaren oinarria dira).

Iturri horien artean nabarmentzekoak dira zergadunek aurkeztutako aitorpenetatik lortutako informazioa, hirugarrenek egindako aitorpen informatiboetatik eskuratutakoa, eta beste bide batzuetatik ateratakoa; horien artean aipatzekoak dira zerga administrazioaren organoek egindako informazioa eskuratzeko berariazko jarduketak.

Zergarako garrantzia duen informazioa eskuratzera, normalizatzera eta aztertzera zuzendutako jarduketak funtsezkoak dira Nafarroako Zerga Ogasunak lehen aipatutako helburu bikoitza lor dezan: zergadunari emandako laguntza hobetzea eta kontrolerako mekanismoak indartzea, arrisku fiskalak zuzen identifikatu ahal izateko eta bere baliabideak ahalik eta hobekien erabili ahal izateko, egiaztatu beharreko zergadunen aukeraketa egokiaren bidez.

2018an Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko urteetan baino askoz ere informazio gehiago jasoko du, arrazoi hauengatik batez ere:

a) IBE abian jarri izana; lurralde erkidean 2017ko uztailaren 1ean jarri zen abian eta foru lurraldeetan 2018ko urtarrilaren 1ean. Horri esker, Nafarroako Zerga Ogasunak, gainerako zerga administrazioekin koordinatuta, bere datu baseetan informazio asko sartuko du, informazioa berehala emateko sistema horretan sartutako entitateek jaulki eta jasotako fakturazio guztiari buruzkoa. Gainera, fakturak jaulki orduko horren gaineko informazioa jasotzea hobekuntza nabarmena da BEZaren kudeaketan, bai zergadunari eman beharreko laguntzari dagokionez, autolikidazioak aurkeztea errazten baitio eta aitorpen informatibo jakin batzuk kendu, bai eta zergen kontrolaren ikuspuntutik ere; izan ere IBEren bidez informazio gehiago, kalitate hobekoa eta azkarrago jasotzen baita, eta horrekin arriskuaren gaineko azterketa prozesuak hobetuko dira, IBE sistemari atxikitako zergadunena nahiz horri atxikiak egon ez baina informazio hori emateko betebeharra duten zergadunekin fakturazioa egiten dutenena.

b) Atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruz Nafarroako Zerga Ogasunean jasotako informazio berriak erabiltzeko aukera, akordio hauei esker: Espainiako Erresumaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko Akordioa (FATCA) eta beste jurisdikzio batzuekin ELGAren eta EBren esparruan egindako akordioak (DAC 1 eta DAC 2 - CRS). Iturri berri horiei esker, jada zerga administrazioaren esku dauden beste batzuekin batera, indar handiagoz ikertuko dira zergadun deslokalizatuak, bai eta atzerrian gordetako ondareak detektatu ere.

Gainera, 2018an honako jarduketak eginen dira zerga arloan eragina duen informazioa eskuratzeko eta erabiltzeko:

–ZAEArekin 2006an sinaturiko hitzarmenen aplikazioan sakontzea helbide aldaketez, eskudun ez den administrazioan egindako diru-sarrerez, zergen kontrolaz, akta bakarrez, BEZaren inguruko tramez eta itzulketen enbargoaz, eta zerga kontuetarako informazioa trukatzeko 2011n sinaturiko lankidetza hitzarmeneko akordioaz, baita horien eguneratzea bultzatzea ere. Erakundeen arteko leialtasun eta lankidetza esparru baten barrenean, bi administrazioak saiatuko dira jarrera adiskidetsua hartuta konpontzen testu horien interpretazioan eta aplikazioan sor litezkeen desadostasunak, eta ahal den neurrian saihestu Arbitraje Batzordearen aurreko liskarrak.

–2018an sakonki berrikusiko da Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren idazketa, beste helburuen artean, enpresa txikien tributazioa sinplifikatzeaz gain, testua prozedura berrietara egokitzeko, eta bi administrazioen arteko asimetriak ezabatu eta argitzeko norena den informazioa eskuratzeko eskumena beste administrazioaren lurraldean dauden finantza entitateen edo bestelako zergapekoen kasuan.

–Foru Diputazioekin informazioa trukatzeko prozesuak indartzea, informazioa zerga kontuetarako trukatzeko azken urteetan Bizkaiarekin, Gipuzkoarekin eta Arabarekin sinaturiko lankidetza hitzarmenak bete beharrez. Hitzarmen horiek bete beharrez, Nafarroako Zerga Ogasunak informazio truke masiboak egiten ditu aldian behin Foru Diputazioekin, baliabide elektronikoak erabiliz, eta lau zerga administrazioek bestelako informazio gehigarriak eskuratzeko elkarrekiko sarbidea ematen dute, bakoitzaren atari telematikoetan eskuragarri dauden web zerbitzuen bidez.

–Foru Diputazioekin lankidetza hitzarmen berri bat sinatzea 2018an bakoitzari dagozkigun eskumenak gauzatze aldera, zerga administrazio bakoitzaren ahalen artikulaziorako prozedurak adostasunez arautzeko xedearekin, ahal horien artean nolabaiteko lehia gertatzen den kasuetan. Aipatu hitzarmena sinatzeak, besteak beste, Foru Diputazioekiko finantza-konpentsazioak bultzatuko ditu, azken horiek hainbat administraziotan izandako eragiketen bolumenaren arabera tributatzen duten zergadunei buruzko akta bakarren ondoriozkoak badira.

–ZAEArekin eta Foru Diputazioekin informazio truke espontaneoak biziagotzea, bai plangintzaren eta ikerketaren fasean, bai jarduketa ildoetako emaitzen ebaluazioari dagokionez. Zehazki, zerga administrazioek partekatu eginen dituzte, haien Zerga Kontrolerako Planak beteaz, informazioa eskuratze aldera finantza entitateei eta beste erakunde publiko eta pribatuei helarazitako eskakizunak.

–Foru Komunitateko udalerriekin informazioa partekatzeari dagokionez, udaletatik jasotako honako informazioa aztertuko da, informazio garrantzitsua ematen baitute zergapekoen ahalmen ekonomikoaz eta hirugarrenekin egiten dituzten eragiketez: irekitzeko lizentziak, obretarako lizentziak, eremu publikoan jarritako edukiontziak, hesiak eta aldamioak. Aisialdirako etxabeei buruz udalek duten informazioa ere jasoko da, egiaztatzeko errentatzaileek zuzen ordaintzen dituztela zergak.

–Nafarroako Zerga Ogasunak erakunde publiko ezberdinengandik eskuratutako informazio berria gainerako informazio-iturrietatik jasotakoarekin erkatuko da. Alde horretatik, 2017an Nafarroako Gobernuko Justizia Zuzendaritza Nagusitik jaso zen, aurretik eskumena duten organo judizialek baimena emanda, abokatu eta prokuradoreei buruzko zerga arloko informazioa, eta informazio sistemetan sartu dira Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak ezarritako zehapenak.

–Jendaurreko kanpo informazioaren tratamendua hobetzeari dagokionez, 2018an Nafarroako Zerga Ogasunak tresna informatiko berri bat izanen du; horren bidez posible da modu sistematikoan ateratzea eta iragaztea urteko kontuetan dauden datu eta magnitude guztiak eta Espainia osoko merkataritza-erregistroetan utzitako gainerako dokumentu ofizialak.

–Zerga arloan eragina duen informazioa eskuratzeko jarduketak, kredituko finantza entitateei zuzenduak, egiten jarraitzea, pertsona juridikoenak diren kontuen kargura kreditu edo zordunketa txartelen bitartez kontsumo pribatu handiak ote diren atzemateko.

–Informazioa eskuratzeko finantza entitateei zuzendutako jarduketa gehiago egitea, Interneteko operadore handiek eta ordainketa plataforma elektronikoek Nafarroako zergadunen kontuetan erregistratutako kargu eta ordainketei buruz.

–Informazioa eskuratzeko tokian bertan jarduketak bultzatzea, Foruzaingoarekin koordinaturik, arrisku fiskal berezia duten sektoreetan.

–Beken eta diru-laguntzen arloan eskumena duten Nafarroako Gobernuko departamentuekin informazio trukeak areagotzea, pertsona fisiko edo juridikoek egindako iruzurrezko eskaerak antzemateko, euren ahalmen ekonomiko erreala administrazioaren aurrean aitortutako datuekin bat ez datorren kasuetan.

–Internetetik eta sare sozialetatik zuzenean hartzea zerga arloan eragina duen bestelako informazioa, informazio eredu tradizionaletan agertzen ez dena, eta Interneteko operadore handien finantza arloko informazioa biltzea, zuzen aitortu gabe sarean egiten diren jarduera ekonomikoak azaleratzeko, eta azken boladan ekonomia digitalaren mundu mailako testuinguruan sortutako negozio eredu berrietan egin litezkeen iruzurrak antzemateko.

–2018an Nafarroako Zerga Ogasunak beste pauso bat emanen du zergen kontrolerako eta auditoretza informatikoak egiteko berrikuntza teknologikoaren alde egin duen apustuan; horretarako aplikazio informatiko berri bat zabaldu eta abian jarri du. Aplikazio hori administrazioaren sistema korporatiboetan integratu da eta informazio-bolumen handiak prozesatzeko erronkari aurre egiteko plataforma teknologiko gisa balio du. Tresna berri honek funtzionaltasun berriak dakartza datuak inportatzeko, arriskuak ebaluatzeko, bai eta gure administrazio elektronikoaren eredua hobetzeko analisi eta hartu-eman etengabea ere.

2.2. Ezkutuko ekonomiaren kontrako jarduketa ildoak.

Urtero bezala, ezkutuko ekonomiaren kontrako borroka lehentasunezkoa izanen da Nafarroako Zerga Ogasunerako, horren jarduerek, Administrazioari nahita ezkutaturik, zerga eta lan arloko araudia betetzeari itzuri egiteko xedea baitute. Iruzur mota hau bereziki kaltegarria da, eta, zergak eta Gizarte Segurantzaren kotizazioak ez ordaintzearen ondorioz diru-sarrera publikoak gutxitzeaz gain, araudia betetzen duten enpresaburuak eta profesionalak kaltetzen eta gogogabetzen ditu, lehia desleiala delako. Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2016-2019 Planean aurreikusitakoarekin bat, Nafarroako ezkutuko ekonomiari buruzko azterlan bat egitea eskatuko da 2018an, 2014ko ekainean egindakoa eguneratuko duena, Foru Komunitatearen berezko ezaugarrietan indar berezia eginez.

Horrez gain, 2018an jarduketa ildo hauek indartuko dira:

–Gizartean ezkutuko ekonomiakotzat hartzen diren sektoreen eta negozio ereduen gaineko presentzia eta kontrolak areagotzea, higiezinen ustiapen turistikoaren kasuan, adibidez. Arlo honetan pertsona fisikoen eta operadoreen gaineko egiaztapenak eginen dira, haiei buruz informazioa ezkutatu dutelako zantzuak daudenean; egiaztapen lan hori Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean eginen da, Nafarroako Zerga Ogasunak informazioa partekatzen duelako harekin, bai eta etengabe batera lan egin ere biak partaide diren “lehia desleialaren mahaia” delakoaren bitartez.

–Ezkutuko beste errentamendu batzuk eta aitortu gabeko jarduera profesionala detektatzea, Nafarroako Zerga Ogasunak gai hauen inguruan eskura duen informazioaren analisi konbinatuaz: erroldak, etxebizitzak, aseguruak, ur eta argi kontsumoak, ibilgailuak, erosketen eta salmenten egozpenak, banku txartelen bidezko ordainketak, eskudiruaren mugimenduak, txekeak edo aitortutako kopuru ekonomikoekin bat heldu ez den edozein finantza mugimendu.

–Azken urteotan informazio kanpainak egin dira zenbait jarduera ekonomikori buruz, noizbehinkakoak izanik ere zerga betebeharrak dituzten batzuei buruz alegia, esate baterako herrietako festetan espazioak alokatzea. 2018an Nafarroako Zerga Ogasunak betebehar horiek ustez betetzen ez dituzten zenbait subjekturen gaineko egiaztapen jarduketak eginen ditu, eta jarduera horiek erregistratzeko betebeharra sustatuko du, hobeki kontrolatzeko.

–Sarean emandako zerbitzuetan agerian uztea ezkutuko ekonomiaren tributazioa, eta, horretarako sare sozialetan, atarietan eta web espezializatuetan informazioa biltzen lan eginen da, eta biltzeko eskaerak helaraziko zaizkie sareko zabalkunde zerbitzuengatik eta “online” kontratazioagatik komisioak kobratzen dituzten finantza entitateei eta operadoreei.

–Auditoria informatikoaren arloan, Nafarroako Zerga Ogasunak tokian bertan egin beharreko zenbait jarduketa dauzka programatuta, aurrez ohartarazi gabe eginen direnak, Foruzaingoko Delitu Ekonomikoen eta Ondarearen kontrako Delituen Brigadarekin eta Nafarroako Gobernuko Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean. Frogatuta dago negozioen fitxategi informatikoak atzeman eta zuzenean aztertzea dela biderik onena osorik edo zati batean ezkutaturik egon daitekeen jarduera ekonomikoa detektatzeko, eta, kasurik larrienetan, zerga iruzurra sistematizatu eta automatizatzeko aukera ematen duen softwarea manipulatzea ere.

–2017an egin zen moduan, sektore batzuetan auditoria informatikoko jarduketak aldi berean eginen dira negozio lokal desberdinetan, ZAEArekin eta foru aldundiekin koordinatuta, baliabideak hobekien erabiltzeko, sinergiak baliatzeko eta jarduketa hauetan beharrezkoa den sorpresa faktorea babesteko.

–Auditoria informatiko hutsez gain, Nafarroako Zerga Ogasunak aurrez aurreko beste jarduketa batzuk eginen ditu 2018an, Lan Ikuskaritzarekin elkarlanean beharrezkoa denean, informazioa atzemateko eta zerga betebehar materialak eta formalak betetzen ote diren egiaztatzeko, ezkutuko ekonomiaren adierazleak handiak diren sektoreetan.

–2016tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien ordezkariekin batera, Nafarroako Zerga Ogasunak ere parte hartzen du lantalde batean, azken urteotan gure inguruko zerga administrazioetan ezarri diren salmenta-puntuko terminalen eta kutxa erregistratzaileen gaineko kontrolerako soluzio teknologikoak aztertzeko; helburua iruzurraren prebentzioa da esku-diru ugari erabiltzen duten txikizkako sektore batzuetan bereziki. Taldeko arduradun teknikoen lana, kanpoko adituen eta sektoreko ordezkarien laguntzaz, oso aurreraturik dago, eta 2018an hartuko dira behar diren erabakiak taldean, soluziorik egokiena aukeratzeko eta hori ezartzeko egutegiari dagokionez, ZAEArekin koordinatuta.

2.3. Ondasunak eta eskubideak kanpoan ezkutatzea (haien titulartasuna, batzuetan, helbidea paradisu fiskaletan duten bitarteko sozietateen bidez edukitzen da) oztopo handia da zerga administrazioaren lanerako, eta baliabide publikoen murrizketa nabaria ekartzen du, haien gaitasun ekonomiko altua dela eta gastu publikoetan gehien lagundu beharko luketenek eragindakoa, hain zuzen ere.

ELGAren esparruan, BEPS (Base Erosion and Profit Shifting) proiektuaren barruan, “Tributu arloko finantza-kontuen gaineko informazio truke automatikorako estandarra” izeneko sistema garatu da, Common Reporting Standard edo CRS (aitorpenaren estandar komuna) delakoan definitzen diren aitorpenaren eta behar adinako arretaren prozeduretan oinarrituta. Informazio trukerako betebehar berri horri esker (Europar Batasunean DAC2 izenaz ezaguna, betebeharra ezarri duen zuzentarauaren izenagatik), 2017az geroztik zerga administrazioak 49 lurralde eta jurisdikzio fiskaletan irekitako kontuei buruzko informazioa du, eta 2018tik aurrera halako bi izanen dira.

Estandar berri horren ezarpenerako, Nafarroan 289 eredu berria onetsi da: “Elkarrekiko laguntzaren esparruko finantza kontuen urteko aitorpen informatiboa”; eredu honek ordezten du aurreko 299 eredua, “Europar Batasuneko beste estatu batzuetan eta informazio trukea ezarria duten beste herrialde edo lurralde batzuetan bizi diren pertsona fisikoek lorturiko errenta batzuen urteko aitorpena”. 289 eredu berri horren bidez, finantza entitateek finantza kontuen titularrak identifikatu beharko dituzte, bai eta haien saldoak eta sarrera- eta irteera-mugimenduak ere.

CRS - DAC 2 sistemak (289 eredua) tributu arloan nazioarteko informazioa automatikoki trukatzeko sistema hedatu du, 2014an hasitakoa DAC 1 sistemarekin (Europar Batasunaren esparruko lan etekinei, pentsioei, transakzioei eta ondasun higiezinei dagokiena) eta FATCA (Foreign Accout Tax Compliance) sietemarekin Ameriketako Estatu Batuetarako, 290 ereduan jasota dagoena: “Zenbait estatubatuarren finantza-kontuei buruzko urteko aitorpen informatiboa” izenekoan.

Informazio iturri horiek gehitu zaizkie dagoeneko Nafarroako Zerga Ogasunean dauden beste hauei: dibisa trafikoa, “Atzerrian dauden ondasun eta eskubideei buruzko aitorpen informatiboa” izeneko 720 eredua, ondarearen gaineko zergaren aitorpenak eta nazioarteko eskaeren bidez lortutako informazioa. Informazio hauek guztiak aztertuz eta gurutzatuz, eta Zerga Agentziarekin alor honetako etengabeko informazioa trukatuz bilatzen diren iturri berrien bidez, Nafarroako Zerga Ogasunak egiaztatuko du tributudunek atzerrian dituzten ondasun eta eskubideen aitorpena zuzen egin ote duten, eta ikerketa abiatuko du zantzuak daudelarik zerbait guztiz edo partez ezkutatu ote den. Araurik bete ez bada, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 18. xedapen gehigarrian aurreikusten den zehapen araubidea aplikatuko da, eta aitortu gabeko ondasun eta eskubideak erregularizatuko dira justifikatu gabeko ondare-gehikuntza gisa, Sozietateen gaineko zergari buruzko eta Pertsona fisikoen gaineko errentaren zergari buruzko foru legeetan aurreikusitako kasuetan.

Eta informazio iturri ofizial eta normalizatuei gehitu behar zaizkie nazioartean gerta daitezkeen filtrazioak, azken garaiotan “Panamako paperak” eta “Paradisuko paperak” deitutakoekin gertatu direnak, adibidez, edo duela zenbait urte “Falciani zerrenda” izenekoarekin; dudarik gabe, informazio horiek lagundu dute aldatzen zenbait ondareren jardueraren inguruan zegoen zigorgabetasun irudia.

Halaber, egiaztapen lanak eginen dira detektatzeko Europar Batasunaren esparruan dibidenduak banatzeko ez-egoiliarrei buruzko araudian aurreikusitako salbuespenaren aplikazio gehiegizkoa egiten ote duten Nafarroan establezimendua duten multinazionalek, bai eta transferentzia prezio orokorren arloan tributazioa saihestea ebitatzeko ere, bereziki zainduz talde barreneko zerbitzuen eta finantzaketaren tributazioa egokia izatea eta balio handiko ukiezinekin egindako eragiketak. Alde horretatik, Foru Komunitatean dagoeneko ezarri dira nazioarteko informazio trukea egiteko beste bide batzuk: Tax Rulings direlakoak, mugaz haraindiko eragina daukatenak, DAC3 Zuzentarauarekin bat, eta “Herrialdez herrialdeko informazioaren aitorpena” izeneko 231 eredua, DAC4 Zuzentarauarekin bat, zerga administrazioari aukera ematen diona etekinen balizko deslokalizazioak ebaluatzeko, etekinak errenten sorleku ez diren eta tributazio txikiagoa duten lurraldeetara eramateko asmoz eginak.

2.4. Azken urteetan aldaketa batzuk egin dira araudian, Nafarroako Zerga Ogasunak iruzurraren aurka betetzen duen lana indartzeko lagungarriak izan direnak; nabarmenena da Ogasun publikoaren kontrako delituak tramitatzeko prozedura berria, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarritakoa 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako prozeduretarako, zeinak Nafarroako Zerga Ogasunari bide emanen baitio ikertutako zerga egitateei dagozkien tributu likidazioak egin eta likidazio horien zenbatekoak kobratzeko diru-bilketako jarduketak egiteko, delitu fiskalaren zantzuak egoteagatik zigor prozedura bati hasiera eman zaionean ere.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legeak aldaketa garrantzitsuak egin zituen Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean zehapen araubideari dagokionez: batetik, zenbait jokabideren kontrako zehapenak gogortzen ditu, eta, bestetik, murrizketa berri bat ezartzen du, adostasuna eta berehalako ordainketa sustatzeko, bai eta kudeaketa eta diru-bilketa ahalik eta gehien errazteko ere, geroratzeko eskaeren kopurua jaistea bultzatzeko.

Tributu arloko arau-hauste soilei dagokienez, 2018ko urtarriletik aurrera hasitako zergaldietan ondorioak izateko egin diren aldaketen artean nabarmendu behar da oro har aplikatzekoa den gutxieneko zehapena gogortu egin dela, zehazki zerga administrazioari laguntzeko betebeharra, herritarrek eta pertsona juridikoek dutena, ez betetzeagatik ezartzen den zehapena; horrez gain, 100eko 30eko murrizketa berri bat ezarri da, adostasunarekin sarrera osoa borondatezko epean ordaintzen den kasurako.

Tributu arloko arau-hauste larriei dagokienez, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren aldietarako handitzen dira bi zehapen mota hauek: oinarrian eta kuotan konpentsatu beharreko partidak gaizki frogatzeagatik ezarritakoak eta jokabide bereziki larriengatik ezarritakoak. Beste alde batetik, lehen aipatutako arrazoiengatik, 100eko 20ko murrizketa gehigarri bat ezartzen da, ados egoteagatik onartzen diren likidazio eta zehapen proposamen guztien sarrera osoa borondatezko aldian ordaintzen den kasurako.

2018an aurreikusirik dago eguneratzea zehapen eta ikuskapen erregelamenduak, aldaketa horietara eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean azken urteotan izandako aldaketetara egokitzeko, eta, ikuskapen prozedurari dagokionez, tramiteak erraztu eta prozedura bera arintzeko helburuekin, egiaztapenaren xede diren zergadunen eskubideak eta bermeak arreta handiz errespetatuz betiere.

2.5. Identifikazio fiskaleko zenbakia esleitzeko eskarietan jakinarazitako datuen egiazkotasuna egiaztatuko da, Nafarroako Zerga Ogasunean horretarako ezarritako protokoloari jarraituz, eta berariazko arrisku fiskala duten subjektuen kasuan hasierako iragazkiak ondoko jarraipen baten bidez osatuko dira. Iruzurraren aurkako borrokan, prebentzio neurri gisa, IFZ esleitzea ukatuko da edo esleitutakoa baliogabetuko da, IFZ arautzen duen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuan aurreikusitako edozein eskakizun betetzen ez bada.

Era berean, BEZaren inguruko balizko sareak, nazionalak eta nazioartekoak, lehenbailehen detektatzeko kontrol prozedurak areagotuko dira, eta beharrezkoa denean epaitegietara berehala eramatea eskatuko da. Alde horretatik, Batasunaren barruko Operadoreen Erregistroaren gaineko kontrola zorroztuko da, jarduera ekonomiko erreala duten eta jardubide irregularrik ez duten operadoreak baizik sar ez daitezen, eta operadore kaltegarriak detektatu eta erregistrotik baztertzeko, azkar eta irmo jarduteko gainerako zerga administrazioekin koordinatuta. Ondorio horietarako, Batasunaren barruko eragiketak, VIESen erregistratutakoak, Nafarroako zergapekoek aitortutakoekin alderatuko dira, eta desadostasunak ZAEArekin elkarlanean aztertuko dira, eta nazioarteko informazio eskaerak tramitatuko dira beharrezkoa denean.

2.6. Gainera, ondoko kontrolak eginen dira eragiketen, zergetako araubideen, zergapekoen eta jarduera sektore berariazkoen gainean:

a) Kanpaina berriak egitea tokian berean egiaztatzeko fakturazio betebeharrak modu egokian betetzen ote diren Foru Komunitateko sektore desberdinetan, eta behar den zehapen espedientea irekitzea, kasua denean. 2017an farmazietan eta ostalaritzako lokaletan egindako kanpainetan egiaztatu da ez-betetze ugari daudela, eta ohikoa dela bezeroari erosketa-tiketa ez ematea edo are ez egitea ere. Nafarroako Zerga Ogasunaren iritziz beharrezkoa da kontzientziazio sozial handiagoa gai honetan, kontsumitzaileen aldetik ere bai, tiketa exijitzeko eskubidea dutelako, horrela eraginkortasunez laguntzen baitute iruzurraren prebentzioan.

b) Ezkutuko ekonomiaren kontrako borrokaren atalean arestian azaldu denez, egiaztapen ekintzak eginen dira apartamentu turistikoen operadore eta errentatzaileen artean, bai eta oporretarako edo aldi baterako alokatze jardueren gainean ere, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean.

c) Ibilgailuen salerosketaren sektorearen gaineko kontrol jarduketak, ZAEArekin, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin eta Foruzaingoarekin elkarlanean, aitortu gabeko balizko salmentak edo egiazko transakzioan esku hartzen ez duten bitarteko pertsonei egotzitako eragiketak detektatzeko.

d) Nekazarien gaineko kontrol jarduketak, bat ez datozenean aitortutako magnitudeak eta Nafarroako Zerga Ogasunak, landa finken errentamenduagatik atxikipena egiteko betebehar berria dela-eta, eskura dituen informazioak; kontrolatuko dira, halaber, jasotzen diren diru-laguntzak edo bezeroek eta hornitzaileek aitortutako egozpenak.

e) Nekazariak, ostalaritzako negozioak eta txikizkako beste merkatari batzuk PFEZaren zenbatespen objektiboaren araubidetik eta BEZaren araubide erraztutik baztertuko dira, egiaztatzen bada moduluetako tributazio okerra egiten dutela zergapekoak eta bere lotura-ingurune konputagarriak araudian aurreikusitako sarreren gehieneko kopuruak gainditzegatik.

f) Zuzenbidearen arloko profesionalen gaineko egiaztapen jarduketak egiten jarraituko dugu, organo judizial eskudunek baimenduta; jarduketa horiek bultzada izan dute azken garaiotan Nafarroako Zerga Ogasunak informazio iturri berriak eskuratu dituelako.

g) Balio handiko zerbitzu pertsonalen gaineko kontrola, bereziki osasunaren sektorean; aberastasunaren kanpoko seinaleak aztertuko dira, informazioa eskatuko zaie azkeneko bezeroei, gastuen eta sarreren arteko korrelazioa egiaztatuko da, hirugarrenen egozpenak eta Nafarroako Zerga Ogasunak dituen beste informazio batzuk erabiliz. Pertsona fisikoen errentak bideratzeko eta tributazioa gutxitzeko xede hutsez bitarteko pertsona juridikoak bidegabeki erabiltzen ote diren zainduko da.

h) Higiezinen eta higiezinen sozietateen eskualdaketen gaineko egiaztapeneko jarduketak, eragiketa horien zeharkako tributazioa egokia dela, bai eta sortutako ondasunen eta errenten titularitate erreala ere, Zerga Administrazioaren aurrean opakutasuna lortu nahian erabil daitezkeen gezurrezko egiturak desegiteko.

i) Foru Komunitatean jarduten duten zenbait multinazionalek izenpetutako kontratuak eta zuzenean nahiz zeharka dituzten bitartekoak egiaztatzea, establezimendu iraunkorren tributazioa, BEZaren eta sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako, egokia dela egiaztatzeko, zerga-oinarrien deslokalizazioa saihestu beharrez.

2.7. Kenkari eta itzulketa bidegabeak eta bestelako irregulartasunak galarazi beharrez, jarraipen berezia eginen zaie hurrengo eragiketei balio erantsiaren gaineko zergan:

–IBEk emandako informazioaren eta aitorpenetan jasotakoaren artean alde nabarmenak dituzten zergadunen gaineko kontrola.

–Subjektu pasiboak inbertsioko arauak betetzen ote dituen egiaztatzeko jarduketak, zerga aplikatzen den lurraldean egoiliar ez direnek edo eragiketan parte hartu ez duten establezimendu iraunkorrek egindako ondasun entregetan eta zerbitzu prestazioetan.

–Subjektu pasiboak higiezinen sektoreko inbertsio arauak betetzen ote dituen egiaztatzeko jarduketak, iruzurrak saihestu beharrez.

–Zergadun hauen kontrola: itxuraz jardunean ez direnak, edo BEZ kuota kengarriak bakarrik aitortzen dituztenak, edo sorrarazitako BEZ kuotak baino handiagoak diren BEZ oinarri kengarriak (edo etengabe irabazi-marjin oso txikiekin) aitortzen dituztenak.

–Beren alde konpentsatu beharreko BEZaren saldoak zenbait urtetan sistematikoki handitzen dituzten eta itzulketarik eskatzen ez duten zergadunen gaineko kontrola.

–Europar Batasunaren barreneko eragiketen aitorpen zuzenaren kontrola, araubide berezi erraztuan, nekazaritzakoan eta baliokidetasun-errekarguarenean.

–Aitortu gabeko errentamendu eta eskualdatzeen kontrola, BEZaren aitorpenak Nafarroako Zerga Ogasuneko datu-baseetan ageri den informazioekin gurutzatuz.

–Enpresa edo lanbide jarduerari lotu gabeko ondasun eta zerbitzuen erosketan jasandako BEZaren kenkaria kontrolatzea.

–Faktura-hartzailearen zerga ordainketa iruzur bidez murrizteko asmoz zenbatespen objektiboko araubideetan eginiko erabilera neurrigabea atzematera bideratutako jarduketak.

–Arrisku fiskaleko eragiketa jakin batzuei jarraipena egitea, aitorpena egin gabeko tributudunak edo faktura faltsuak atzeman beharrez.

–Kenkaria izateko eskubidearen egiaztapena, hura denean automobilak erosteagatik edo beste erosketa batzuk egiteagatik, etxebizitzarena kasu, baina enpresa jardueran osoki erabiltzen ez direnean.

–Aduanetan izandako inportazio eta esportazio eragiketei buruz ZAEAk emandako informazioaren eta BEZ aitorpenetan jasotakoaren arteko inkoherentzia nabarmenen gaineko kontrola. BEZaren itzulketen arloan, aurrekoan adierazitakoaz gain, jarduketak indartuko dira Hilabeteko Itzulketen Erregistroan inskribatutako zergadunak kontrolatzeko.

2.8. Sozietateen gaineko zergan kontrol hauek indartuko dira:

–Finantza gastuengatik kenkaria izateko baldintzak eta mugak betetzen ote diren kontrolatzea.

–Kontabilitatetik kanpoko doikuntza negatiboak eta likidazio-oinarriko murrizketak zuzen aplikatu ote diren egiaztatzea, berariazko arreta emanez batetik, onura bereziak berriz inbertitzeagatik zerga-oinarrian sartu ez izateari, eta, bestetik, inbertsioetarako erreserba berezia hornitzeagatiko murrizketari.

–Pizgarrien ondoriozko kenkariak zuzen frogatu eta aplikatu ote diren egiaztatzea; besteak beste arreta berezia emanen zaio ikerketa eta garapen edo berrikuntza teknologikoaren jarduerak egitearen ondoriozko kenkariari, produkzio zinematografikoetan eta ikus-entzunezko serieetan egindako inbertsioengatiko kenkariari eta enplegua sortzeagatiko kenkariari.

–Zenbait aktibo ukiezinetatik ateratzen diren errenten zerga ordainketa zuzena kontrolatzea.

–Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean bat-egiteen, zatiketen, aktiboen ekarpenen eta baloreen trukearen gainean aurreikusitako araubide bereziari loturik, enpresak birmoldatzeko egiten diren eragiketak kontrolatzea, Merkataritza Erregistrotik jasotako eta tributudunek emandako informazioaren bitartez, erositako ondasunen balorazio fiskala eta geroko eskualdatzeetan aitortutako gainbalioen zenbatekoa egiaztatuz.

2.9. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kontrol hauek indartuko dira, likidazioen zuzentasuna egiaztatzeko eta itzulketa edo konpentsazio bidegabeen eskaera eta lorpena galarazteko:

–PFEZaren subjektu pasiboei egozten ahal zaizkien diru-laguntzak kontrolatzea eta aitortu gabeko beste errenta batzuk kontrolatzea.

–Higiezinen sektorean, ondasun higiezinen errentamenduen ondoriozko etekinen eta egindako eskualdaketen zerga ordainketa behar bezala egin dela berraztertzen jarraituko da; orobat, ohiko etxebizitzan eta enpresa edo lanbide jarduera bati lotutako elementuetan berriz inbertitzearen ondoriozko salbuespenetan baldintza subjektibo, objektibo eta denborazkoak betetzen ote diren egiaztatuko da.

–Lan etekinei, kapital higigarriari eta higiezinari dagozkien konturako atxikipen eta konturako sarreren zerga ordainketa behar bezala egin ote den egiaztatzen jarraituko da, betiere Nafarroako Zerga Ogasunean sartu badira. Bereziki, atxikitzaileak eta atxikitakoak aitortutako zenbatekoen arteko koherentzia aztertuko da.

–Oro har, jarduera enpresarial eta profesionaletan kendutako gastuak aztertuko dira eta, bereziki, Ogasunak ikusten dituen zantzuen arabera egokiak ez direnak, hala nola, turismoko ibilgailuen erabilera edo etxebizitzak.

–Jarduera enpresarial edo profesionalei atxikitako ondasunen eskualdaketan sortzen diren ondare gehikuntzak modu egokian deklaratu ote diren kontrolatuko da. Bereziki aztertuko da osorik edo zati handienean amortizatuta egon daitezkeen plaka fotovoltaikoen besterentzea.

2.10. Ondarearen gaineko zergari dagokionez kontrol hauek indartuko dira:

–Zergaren autolikidazioa egiteko betebeharraren ez betetzeen azterketa.

–Jarduera enpresarialetan aritzen diren entitateetan partaidetzak edukitzeagatik kenkaria aplikatzeko baldintzak betetzen ote diren aztertzea.

2.11. Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergari eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergari dagokienez, aitortu gabeko zergapeko egintzen gaineko iruzurra kontrolatzeko jarduketak egiten jarraituko da, aitortzeko errekerimenduak eginez eta dagozkien zehapenak ezarriz. 2018an kontrol jarduketa bat hasiko da emakida administratiboaren araubidean ustiatutako higiezinen gaineko eskubide eskualdaketen tributazio egokia egiaztatzeko, adibidez aparkalekuen kasua.

2.12. Zerga berezien eta bestelako tributuen arloan.

–Jarraipena emanen zaie ohiko jarduketa eta kontrolei, zuzen bete daitezen, bai zentsuen eguneratzeari dagokionez bai izaera formaleko zerga betebeharrak betetzeari dagokionez. Arreta berezia emanen zaio operadore berriak kontrolatzeari, zerga berezi desberdinetan Nafarroan izaten diren sortzapenak zuzen aitortzen ez badituzte. Orobat, kontrol jarduketak eginen dira legez aurreikusitako zerga onuren aplikazio zuzenaren gainean.

–Fabrikazioaren gaineko zerga bereziei buruzko kontu-hartzailetza lanak indartuko dira, fabriketan, gordailu fiskaletan eta biltegi fiskaletan dauden produktuen mugimenduaren eta izakinen kontrol berariazkorako.

–Zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziari dagokionez, zerga-oinarrien aitorpen egokiaren eta salbuespenen eta zergaren menpe ez dauden kasuen gaineko kontrol jarduketak egiten jarraituko da.

–Hidrokarburoen sektorean kontrolak eginen dira gordailu fiskalen araubidearen gehiegizko erabilera izan ez dadin BEZean iruzurra egiteko asmoz.

–Elektrizitatearen gaineko zergan, jarduketak eginen dira errolda arazteko, eta zerga-oinarriaren gaineko murrizketak kontrolatzeko jarduketak ere eginen dira.

–Aseguru primen gaineko zergan, aitortu beharreko zergapekoak kontrolatzeko eta aurkeztutako aitorpenak berrikusteko jarduketak egiten jarraituko da.

–Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergan jarduketak eginen dira hari atxikitako produktuen salmentak eta entregak kontrolatzeko, baita eragiketa horien tributazioa zuzen egiten ote den egiaztatzeko ere.

–Energia elektrikoaren ekoizpen balioaren gaineko zergan kontrol jarduketak eginen dira Nafarroako Zerga Ogasunarekin dituzten zerga betebeharrak betetzen ez dituzten zergadunak detektatzeko, horretarako behartuta egonda ere tributatzen ez dutenak edo gaizki egiten dutenak.

2.13. Gainerako zerga administrazioekin koordinatuta, zergapekoek aitortutako zerga helbidea egiazkoa ote den egiaztatuko da, batez ere itxuraz arrazoi fiskal hutsengatik gezurrezko helbide aldaketak erregistratu dituztenen kasuan, ohiko bizilekua eta hitzarmenean ezarritako gainerako elementu objektiboak ezkutatzeko. Era berean, enpresa-sorlekuetan eta guneetan sozietate bat baino gehiago helbideratuta ageri direnean, horien gaineko jarduketak eginen dira tokian bertan, aitortutako zerga helbidea egiazkoa ote den egiaztatzeko.

2.14. Sozietateen gaineko zergan eta BEZean aitortutako zifra erlatiboko portzentajeen gaineko kontrola areagotuko da, lurralde bakoitzean egiten diren eragiketa bolumenaren proportzioan tributatzen duten enpresa handien kasuan; Hitzarmenean ezarritako lotura puntuak aplikatuko dira Arbitraje Batzordearen ebazpenekin eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziarekin bat.

3.–Kontrol jarduketak diru-bilketaren fasean.

Diru-bilketa kontrolatzeko jarduketek jarraituko dute azken urteetan izan duten areagotze bidean, kontuan hartuta baliagarritasun handikoak direlako Nafarroako Zerga Ogasunaren helburu eta emaitzak lortzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak kudeatzeko aginduta dituen zorrak egiaz kobratzea izan behar baita haren helburu nagusia.

Alde horretatik, Zergen Kontrolerako 2018ko Planak, aurreko ekitaldietako planetan markatutako ildoei jarraitzeaz gain, baditu hobekuntzak, dirua biltzeko kudeaketaren eraginkortasuna handitu behar dutenak.

Zehazki, 2018an jarduketa ildo hauek garatuko dira:

3.1. Diru-bilketaren kontrola eta kudeaketa hobetzeko berariazko programa informatikoen garapenari jarraipena emango zaio, bai borondatezko diru-bilketaren ikuspuntutik, bai nahitaezko diru-bilketarenetik, eta diru-bilketaren prozedurako jarduketak lehenbailehen abia daitezen bultzatuko da. Arreta bereziz aztertuko dira erantzukizuna deribatzeko espedienteen kudeaketan eraginkortasuna bilatzeko beharrezko diren tresnak.

3.2. Ordainketa zatikatzea:

a) Zerga zorrak zatikatzeko baimenak bizkortzen jarraituko da, eta ordainketak eskaera bakoitzerako ezarritako baldintzen arabera egiten ote diren kontrolatuko da. 2018. urtean 2018ko urtarrilaren 1etik indarrean dauden zatikatzeko aukerak ebaluatzen jarraituko da, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren gaineko Erregelamenduaren baldintza orokorretan, zenbait kasutan, salbuespenak ezarri dituzten baldintza bereziak kentzeko, behar izanez gero.

b) Lehentasunezko arreta izanen du zerga zorren ordainketa modu bidegabean geroratzea helburu duten zatikatze eskaeren kontrolak. Zergak zatikatzeko eskaerak sistematikoki ukatuko dira, baldin eta eskatzaileen likidezia eskasiaren egoera iragankorrekin bat heldu ez badira eta, zerga zorren ordainketa zatikatuta, horrekin ohiko jarduera finantzatzen bada. Alde horretatik, arreta berezia ematen jarraituko zaie balio erantsiaren gaineko zergako kuotak zatikatzeko obren sustatzaileak aurkezten dituen eskaerei, obra horietan gauzatu bada subjektu pasiboaren inbertsioa, hau da, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legearen 31.1.f artikuluan aipatzen den inbertsioa.

c) Administrazio-baimenaren mende dauden jardueren ondoriozko zatikatze eskaerak ukatuko dira, hala nola, fabrikazioaren gaineko zerga bereziak, zozketa, tonbola, apustu eta ausazko konbinazioen gaineko zerga tasa eta beste batzuk, eta beharrezko kautela-neurriak hartuko dira kontzeptu horien bidez zerga zorrik sor ez dadin, jarduera horietan aritzeari loturiko bermeak betearaziz, are jardueran aritzeko administrazio-baimenak baliogabetuz ere.

3.3. Lankidetza handituko da Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunekin, baita Nafarroako toki entitateekin ere, ondare egoerari buruzko informazioa trukatzeko eta Nafarroako Foru Komunitatearekin tributu-kredituak dituzten zordunak daudela adierazteko, baita nahitaezko diru-bilketan laguntzeko ere; horretarako, eraginkorrago eta bizkorrago jokatzeko modua ematen duten teknologiak erabiliko dira, eta izenpetzen ahal diren trukerako hitzarmenetan sartutako diru-bilketaren alderdiak garatuko dira. Bereziki, Europar Batasuneko kide diren estatuen elkarrenganako laguntza mekanismoetan sartzea bilatuko da diru-bilketaren arloan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren bidez.

Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitatea enbargoko puntu neutroan sartzea bilatuko da lurralde administrazioen arteko diru-bilketa kudeatzeko jarduketetan, hark laster hartuko baitu indarra, aurreikuspenen arabera; puntu neutroa Sektore publikoan faktura elektronikoa bultzatu eta fakturen kontabilitateko erregistroa sortzeko abenduaren 27ko 25/2013 Legearen laugarren xedapen gehigarrian araututa dago.

3.4. Informazioa Berehala Emateko (IBE) sistemak jasotako informazioa ustiatuko da kreditu eskubideen enbargoak kudeatzean, eta hura emateko unea aurreratuko da zordunentzat kreditu eskubideak sortzen direnekiko. Horrekin batera, bide horretatik jasotako informazio goiztiar eta zabalari esker, zordunen jokabideak aztertzen ahalko dira erantzukizuna deribatzeko jarduketak aurerratzeko.

3.5. Kudeaketa eta ikuskapen organoekiko koordinazio handiagoa sendotuko da, egiaztatzeko jarduketa hasten denetik, diru-bilketarako arriskua goiz atzemanez gero, kautela-neurriak eta erantzukizuna deribatzeko prozedurak aurreratzeko, tributu zorren kobrantza bermatzearren.

3.6. Diru-bilketaren fasea kontrolatzeko jarduketa kualifikatuenak indartuko dira, konplexutasun eta larritasun handieneko kasuetan bereziki:

a) Aplikatzen diren kautela-neurri guztiak hartzea, Nafarroako Zerga Ogasunak likidatutako zorren kobrantza segurtatzeko.

b) Ondasun higiezinez baliatzea debekatzen duten akordioak, partaidetzak edo akzioak enbargatzen direnean eta 14/2013 Foru Legean sartutako neurriaren baldintzak betetzen direnean.

c) Erantzukizuna deribatzeko prozedurak, ikerketa jarduketak bultzatuz beloa altxatu behar bada edo egitatezko administratzaileak eta erantzule solidario eta subsidiarioak aurkitu behar badira ondasunak ezkutatzeagatik edo jardueretan eta arduretan aritzean axolagabe jokatzeagatik; halakoetan, bidezko akzio judizialak erabiliko dira, hala behar badu. Helburu horretara bideratutako aurrekontuko baliabideak sendotzeak aukera eman behar du jarduketak eta, ondorioz, haien emaitza ekonomikoak handitzeko.

d) Zerga betebeharrak sistematikoki betetzen ez dituzten zordunak kontrolatzeko jarduketak, haien egoitzetako ondasunak eta ahal bezainbat kreditu enbargatuta, jarduketa horietan biltzen ahal den kontabilitate-informazioaren arabera. Hori guztia bi helburu lortze aldera: zorra kobratzea eta merkatuan jardun dezaten zailtzea, eta Ogasun Publikoari egiten zaion kaltea galaraztea, eta orobat galaraztea sortzen duten bidegabeko lehia ere. Zordunen lokaletan aurrez aurreko jarduketak eginen dira, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 123.4 artikuluan Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 23/2015 Foru Legeak ekarri duen aldaketaren babespean. Ondorio horietarako, 2018an gauzatuko da abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legearen xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitakoa, bertatik bertara egin beharreko jarduketa horiek normalizatzeko xedeaz.

e) Ondarea ikertzen duten jarduketak, gezurrezko kaudimengabeziak atzemateko.

f) Akzio penalak bultzatzea kaudimengabeziagatik, jokabide horien salaketa Ogasun Publikoaren eskubideen defentsarik onena denez gero.

3.7. Diru-bilketaren kudeaketa areagotuko da zordunen oinordekoen aurrean, eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 36.4 artikuluak pertsona fisikoen ezkutuko oinordekoekin prozedura jarraitzeko eskaintzen dituen aukerak baliatuko dira.

3.8. Konkurtsoen arloan, konkurtsopekoa eta administratzaileak kontrolatzeko jarduketak indartuko dira, irekita dauden prozedura judizialetan Nafarroako Zerga Ogasunaren eskubideak kaltetzen ahal dituzten portaerak aurreikusi eta erreprimitzearren. Posible den guztietan, konkurtsopekoen bideragarritasuna bilatuko da, ordaindu gabeko kredituak kobratzeko baliabide egokiena denez gero.

3.9. Ogasun Publikoaren aurkako delituetan, diru-bilketako organoen jarduketak indartuko dira prozesuaren faseetan: lehen fasean, kautela-neurriak hartuta; tarteko fasean, prozesu penalean harrapatutakoen ondarea zaintzapean edukirik, eta hirugarren fasean, erantzukizun zibila eta ezartzen diren zigor penalak kobratzen direla segurtatzeko jarduketen bidez. Ondorio horietarako, esan beharra dago 2018an Ogasun Publikoaren kontrako delituak tramitatzeko prozedura berria aplikatuko dela; prozedura hori Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarri zen 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako prozeduretarako, eta aukera eman behar du prozedura penala instruitzea eragin duten zorren diru-bilketaren kudeaketa aurreratzeko eta, ustez, kobratzeko aukerak hobetzeko ere.

3.10. Diru-bilketa Zerbitzuko langileentzako prestakuntza jarduketak mantenduko dira bereziki konplexuak diren gaietan.

3.11. Gizartearen kontzientzia fiskala indartzeaz den bezainbatean, 2018an 120.000 euro baino gehiagoko zorra duten zordunen zerrenda argitaratuko da, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 105. bis artikuluan berriki egindako aldaketa betetzeko.

4.–Beste zerga administrazio batzuekiko eta beste entitate publiko eta pribatu batzuekiko elkarlana.

Beste zerga administrazio batzuekiko elkarlana, bai eta esparru judizial eta polizialarekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin egiten dena ere, funtsezkoak dira iruzur fiskalaren kontrako borrokan.

4.1. Zerga administrazio guztien arteko koordinazioa eta lankidetza ezinbestekoa da deslokalizazio formulak eta gehiegizko planifikazio fiskalak ebitatzeko, zergak kentzeko zirrikituak aurkitzeko asmoz eginak. Horregatik, Nafarroako Zerga Ogasunaren apustu irmoa da lankidetza estuagoan aritzea Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin (ZAEA) eta EAEko hiru foru aldundiekin, izenpetutako lankidetza hitzarmenak betearaziz eta eguneratuz, eta haiekin guztiekin komunikazio bide iraunkorrak eta berehalakoak mantenduz ikuskapen, kudeaketa eta diru-bilketaren arloetan.

4.2. Beharrezkoa da, halaber, Nafarroako Zerga Ogasunaren eta orgno judizialen arteko lankidetza bultzatzen jarraitzea, maila penalean indartu egin baita Ogasun Publikoaren kontrako delituak tramitatzeko prozedura berriari esker (Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean ezarria 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako prozeduretarako). Arlo honetan berebiziko garrantzia du Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoarekin koordinatuta aritzeak; izan ere, Aholkularitzak du bere gain Administrazioaren interesen defentsa egitea auzitegietan, Ogasunaren aurkako delituen kasuetan ez ezik, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratibotik iragan ondoren administrazioarekiko auzien mailako organo judizialetan errekurritzen diren espedienteen kasuan ere.

4.3. Orobat, Nafarroako Zerga Ogasunaren eta Foru Komunitateko eragile ekonomiko eta sozialen arteko harreman zuzena ere mantendu behar da, alde biko nahiz alde anitzeko foroetan, hala nola Irizur Fisialaren eta Ezkutuko Ekonomiaren kontrako Borrokarako Batzordean, 2016an sortuan, Nafarroako errealitate ekonomikoa eta haren beharrak, perspektibak eta arriskuak gertutik ezagutzeko.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta orok ezagutzeko egokia diren bide guztiak erabiliz zabal dadin.

Iruñean, 2018ko apirilaren 9an.–Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Luis Esain Equiza.

Iragarkiaren kodea: F1804817