82. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

195E/2018 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez, Nafarroako Foru Komunitatean turismoaren arloko 2018. eta 2019. urteetako ikuskapena egiteko plana onesten da.

Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legeak turismoko ikuskapena arautzen du, turismoko kalitatea kontrolatzeko tresnetako bat den aldetik, eta turismoko ikuskatzaileei esleitzen die hura gauzatzea, esleiturik baitituzte, besteak beste, aplikatzekoa den turismoko araudia betetzearen zaintza eta kontrola.

Bestetik, Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoak –berandu gabe onetsiko da–, III. Programa ezartzen du, “Enpresa-sarea indartzea, eta turismoaren kalitatea, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea” izenekoa. Horrek berekin ekarriko du, besteak beste, kudeaketa mekanismoak sendotzea eta kalitatea ziurtatzea, batez ere online bidezko merkatuan, helburu zehatz batekin, alegia, turistari kalitate maila homogeneoak bermatzea maila edo kategoria bereko establezimenduetan.

Aipatutako eginkizunak eta Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoaren helburuak betetzeko, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak uste du komeni dela turismoaren arloko ikuskapen plan bat diseinatzea eta gauzatzea, erraztasunak ematearren hainbat neurri betetzeko, turismoaren kalitatea handitzen eta lehia desleialari aurre egiten laguntzeko neurriak hain zuzen. Hala, Ikuskapen Planak tresna erabilgarria izan nahi du lortu nahi diren helburuak zehazteko, halako moduz non aise zehaztu eta bermatu ahal izanen baitira jarduketen eraginkortasuna eta emaitzen lorpena, eskura dauden baliabideei dagokienez betiere.

Turismoaren arloko ikuskapen planaren helburuen artean hauek daude: begiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen dela eta arlo honetan jarduera eta zerbitzuen funtzionamendua egokiak direla; aztertzea ba ote dagoen jarduera turistiko klandestinorik; turismo zerbitzuen erabiltzaileak errespetatzen direla bermatzea, erreklamazio eta salaketen arrazoi diren gertaerak ikertuz; turismo arloan emandako diru-laguntzak kontrolatzea; beste administrazio publiko batzuekiko elkarlana, baita Nafarroako Foru Komunitateko departamentu eta erakunde autonomoekikoa eta Nafarroako Turismo Bulegoen Sarearekikoa ere; eta, azkenekoz, aurrera egitea ikuskapenak gauzatzen dituzten langileen kualifikazioan eta prestakuntzan.

Ikuskapen jardueren artean, lehentasunezkoa izanen da lo-toki turistikoen eskaintza klandestinoa detektatzea eta kontrolatzea, bai turismo aktiboko eta bitartekaritza turistikoko jardueretan, baita udako eta sanferminetako eskaintzetan ere.

Adierazitako helburuak eraginkortasunez betetzearren, 2019ko abenduaren 31ra bitarteko indarraldia finkatu da, hasitako jarduerei denboran segida emateko eta haiei segimendu hobea egiteko.

Jarduketa zehatzak behar dituzten egoera bereziak gorabehera, Ikuskapen Planak ikuskapen jarduketaren oinarrizko esparrua eratzen du.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikoaren Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 3ko 1/2017 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean turismoaren arloko ikuskapena egiteko plana onestea 2018. eta 2019. urteetarako. Plana ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. 2018. eta 2019. Urteetako Turismoko Ikuskapen Planaren helburuak eta garapen-programak finkatzea:

Jarduketak planifikatu eta programatzeko, oro har, zenbait pauso emanen dira: ekintzak identifikatu, berariazko helburuak definitu, prozedurak zehaztu, iraupena kalkulatu, eta exekuzio epeak finkatu, aurreikusitako helburuak eta egindako ikuskapen jarduketak zenbateraino bete diren ikusteko eta planean ezarritako programak baloratzeko.

3. Turismoko Ikuskapen Plana Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak garatu eta eramanen du aurrera.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko martxoaren 16an.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia. Haren ordez (Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 19ko 95/2015 Foru Agindua), Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio María Nagore Laín.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean turismoaren arloko
2018. eta 2019. urteetako ikuskapena egiteko plana

Turismoko ikuskapen jardueraren urteko plangintza egiteko tresna da Turismoaren arloko Ikuskapen Plana.

Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 47. eta 48. artikuluek esleitutako eginkizunak betez, turismoko ikuskatzailetzak 2018. eta 2019. urteetan ezarri beharreko helburu, jarduketako ildo estrategiko eta programa berariazkoei jarraikiz eratuko da Nafarroako Foru Komunitatean turismoaren arloko ikuskapena egiteko plan hau.

I.–Helburuak.

1.–Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen ote den eta arlo honetako jarduera eta zerbitzuen funtzionamendua egokiak diren.

2.–Aztertzea ba ote dagoen jarduera turistiko klandestinorik.

3.–Erreklamazio eta salaketen arrazoi diren gertaerak ikertuz turismo zerbitzuen erabiltzaileak errespetatzen direla bermatzea.

4.–Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismo arloan emandako diru-laguntzen erabilera.

5.–Beste administrazio publiko batzuekiko elkarlana sustatzea, baita Nafarroako Foru Komunitateko departamentu eta erakunde autonomoekikoa eta Nafarroako Turismo Bulegoen Sarearekikoa ere.

6.–Turismoko ikuskapeneko langileen lanbide kualifikazioa sustatzea.

Helburu horiek gogoan, eta haiek lortzeko, jarraibide hauek ezarri dira:

1.–Ikuskapen jardueren artean, lehentasunezkoa izanen da lo-toki turistikoen eskaintza klandestinoa detektatzea eta kontrolatzea, bai turismo aktiboko eta bitartekaritza turistikoko jardueretan, baita udako eta sanferminetako eskaintzetan ere. Horretarako, beste neurri batzuekin batera, Interneten argitaratutako eskaintzaren kontrol espezifikoa eginen da. Bereziki aztertuko dira turismoari buruzko araudiak baimendu gabeko jardueraren bat egiten ari delako susmoa pizten duten datuak. Kontrol jarduketa koordinatuak ere eginen dira, jakina, jarduera horrek intentsitate handia duela pentsarazten duen informazioa dagoen eskualde eta/edo eremuetan.

2.–Bidaia konbinatu edo erantsien bermeak egiaztatuko eta kontrolatuko dira, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak azaroaren 25ean bidaia konbinatuei eta lotetsitako bidaia-zerbitzuei buruz emandako 2015/2302 Zuzentarauarekin bat, eta Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legeari jarraikiz. Lehentasunezko helburua izanen da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik egon gabe eta bidaia konbinatuak eta lotetsiak antolatzeko bermerik izan gabe bitartekaritza turistikoko jarduera osagarriak egiten dituzten jarduera turistikoetan eragitea.

3.–Indarra duen araudia ez betetzeagatik Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu ez diren jardueren kontrol aktiboa eginen da, behar bezala ziurtatzearren ez dutela inolako jarduerarik egiten haiek garatzeko betebeharrak bete arte. Ofizioz Nafarroako Turismo Erregistroko baja proposatuko da aktibo ez dauden edo lan egiteko betebeharrak betetzen ez dituzten jarduera turistikoentzat.

4.–Jardueraren bati akta egin bazaio indarra duen araudia ez betetzeagatik, horrela ziurtatua egon dadin ez dutela berriz legedia urratuko eta erabiltzaileari behar bezalako zerbitzua ematen zaiola.

5.–Beste administrazio publiko batzuekiko elkarlana sendotuko da, baita Nafarroako Foru Komunitateko departamentu eta erakunde autonomoekikoa eta Nafarroako Turismo Bulegoen Sarearekikoa ere, jarduketen baliabideak hobeki aprobetxatzeko eta eraginkortasuna hobetzeko. Komunikazio bide bat ezarriko da lankidetza hori eta kooperazio hori errazteko.

6.–Prentsa-oharren bidez, eskaintza klandestinoaren kontra egindako jarduketen berri ematea.

7.–Nafarroako Lehia Desleialaren Mahaiak egindako lanari segida ematea. Mahaian honakoak egonen dira: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eta erakundeen ordezkariak –jarduera turistiko klandestinoen intrusismoaren kontra zuzenean aritu diren egituren ordezkariak, alegia–, eta Nafarroako sektore turistikoaren ordezkariak.

II.–Jarduketa ildo estrategikoak.

1.–Turismoko araudia betetzen dela gainbegiratzeko, kontrolatzeko eta egiaztatzeko jarduketak.

2.–Turismoko honako zerbitzu klandestino hauek saihesteko jarduketak: ostatua ematea, bitartekaritza zerbitzuak, turismoko informazio eta turismo aktiboko jarduerak. Arreta berezia emanen zaie Interneteko eta gailu mugikorren bidez egindako jarduerei.

3.–Turismo zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen direla zaintzeko jarduketak; horretarako, kontratatutako turismo zerbitzuetan izandako gabeziengatik aurkeztutako erreklamazio eta zerbitzuak egiaztatuko dira.

4.–Turismo arloan emandako diru-laguntzak behar ez bezala erabiltzea saihesteko jarduketak; horretarako, onartutako helbururako erabili direla egiaztatuko da.

5.–Beste administrazio publiko batzuekiko elkarlana sustatzea, baita Nafarroako Foru Komunitateko departamentu eta erakunde autonomoekikoa eta Turismo Bulegoekikoa ere.

6.–Ikuskapen eginkizuna betetzen duten langileen prestakuntza espezializatuan aurrera egiteko jarduketak.

III.–Programa berariazkoak.

III.1.–Ildo estrategikoari dagozkion programak, jarduera hauetan: “Turismoko araudia betetzen dela gainbegiratzeko, kontrolatzeko eta egiaztatzeko jarduketak”.

  • 1.1. programa:

Jarduerari hasiera edo bukaera ematen dioten ostatu leku turistikoetan, turismoko araudia betetzen dela gainbegiratzeko, kontrolatzeko eta egiaztatzeko jarduketak.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea jarduerari hasiera edo bukaera ematen dioten ostatu leku turistikoetara. Horietan, egoki diren ikuskapen aktak formalizatuko dira, eta, behar denean, bidezko diren txosten teknikoak eginen dira.

Jarduketa esparrua:

Jarduerari hasiera edo bukaera ematen dioten ostatu leku turistikoen establezimenduak.

  • 1.2. programa:

Turismoko araudia betetzen dela gainbegiratzeko, kontrolatzeko eta egiaztatzeko jarduketak, aldaketak komunikatu dituzten ostatu leku turismoko establezimenduetan, bereziki aldaketek establezimenduaren birsailkapena ekarri badute.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea funtsezko aldaketak deklaratu dituzten ostatu turistikoko establezimenduetara, bereziki aldaketek establezimenduaren birsailkapena ekarri badute. Horietan, egoki diren ikuskapen aktak formalizatuko dira, eta, behar denean, bidezko diren txosten teknikoak eginen dira.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroko datuei eragiten dieten aldaketak egiten dituzten ostatu leku turistikoko establezimenduak.

  • 1.3. programa:

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen ote den hotel-establezimenduetan, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden sailkapenaren arabera.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea hotel-establezimenduetara, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden sailkapenaren arabera, egiaztatzeko instalazioen eta ekipamenduen erabilera eta kontserbazio egoera bat datozela sailkaturik dauden kategoriarekin. Egoki diren ikuskapen aktak formalizatuko dira, eta, behar denean, bidezko txosten teknikoak eginen dira.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako hotel-establezimenduak. Bereziki aztertuko dira ikuskapen zerbitzuek detektatutako akatsak zuzendu ez dituzten establezimenduak.

  • 1.4. programa:

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen ote den turismoko kanpalekuetan.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea aire zabaleko ostatuen establezimenduetara, martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretuan aurreikusitakoa betez (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua), instalazioen egoera ikuskatzeko, bereziki honako hauek egiaztatzeko:

–Turismoko kanpaleku bakoitzaren egiazko edukiera.

–Aztertzea zenbateraino betetzen diren 24/2009 Foru Dekretuan zehaztutako betebeharrak.

–Egiaztatzea ea zuzendu diren ikuskapenak egindako zuzenketa-eskaeretako gabeziak.

–Nafarroako Turismo Erregistroko datuak eguneratzea.

Egoki diren ikuskapen aktak formalizatuko dira, eta, behar denean, bidezko txosten teknikoak eginen dira.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismoko kanpalekuak.

  • 1.5. programa:

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen ote den Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako landetxeetan.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea landetxeetara, instalazioen egoera ikuskatzeko, eta bereziki araudia betetzen dela egiaztatzeko:

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako landetxeak.

  • 1.6. programa:

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen ote den Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako apartamentu turistikoetan eta, bereziki, erantzikuzunpeko adierazpenaren bidez alta hartutakoetan.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea apartamentu turistikoetara, egiaztatzeko titularrek egindako baremazioa egokia dela, bat datorrela esleitutako modalitate eta sailkapenarekin eta, behar denean, bidezko diren aktak eta txosten teknikoak egitea.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako apartamentu turistikoak.

  • 1.7. programa:

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen ote den Nafarroako aterpe turistikoetan.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea aterpe turistiko gisa sailkatutako establezimenduetara, bereziki Donejakue bidean daudenetara, abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuan aurreikusitakoa betez (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Turismoko Aterpetxeak Antolatzeko Erregelamendua), instalazioen egoera ikuskatzeko.

Egoki diren ikuskapen aktak formalizatuko dira, eta, behar denean, bidezko txosten teknikoak eginen dira.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako aterpe turistikoak.

  • 1.8. programa:

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen ote den turismo aktibo eta kulturaleko enpresetan.

Ikuskapen jarduketa:

Turismo aktibo eta kulturaleko enpresei idatzizko eskaera egitea, egiaztatzeko betetzen direla abuztuaren 23ko 288/2004 Foru Dekretuko beharkizunak (foru dekretu haren bidez onetsi zen turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen jarduerak arautzen dituen erregelamendua), bereziki honako hauei buruzkoak:

–Erantzukizun zibileko aseguruak.

–Nafarroako Turismo Erregistroko datuak eguneratzea.

Jarduketa esparrua:

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismo aktibo eta kulturaleko enpresak.

  • 1.9. programa:

Gainbegiratzea, kontrolatzea eta egiaztatzea turismoko araudia betetzen ote den bitartekaritza turistikoko jarduerak egiten dituzten enpresetan.

Ikuskapen jarduketa:

Bitartekaritza turistikoko enpresei idatziz eskatzea egiaztatu dezatela betetzen ote dituzten arau hauetan ezarritako betebeharrak: Europako Parlamentuak eta Kontseiluak azaroaren 25ean bidaia konbinatuei eta lotetsitako bidaia-zerbitzuei buruz emandako 2015/2302 (EEE) Zuzentaraua, eta Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta Lege Osagarri batzuen Testu Bategina (azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Jarduketa esparrua:

Bitartekaritza turistikoa egiten duten enpresak, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuak.

Osagarri modura, bidaia konbinatuak eta/edo lotetsiak antolatzen dituzten establezimendu turistikoak.

  • 1.10. programa:

Proiektua turismoko araudiarekin bat ote datorren dioten txostenak.

Ikuskapen jarduketa:

Aholkularitza ematea eta, behar denean, txostenak egitea beharkizunak betetzeari buruz, arlo hauetan: azpiegiturak eta zerbitzuak, irisgarritasuna eta oztopoak kentzea, eta, bidezko denean, establezimenduari dagokion sailkapena.

Jarduketa esparrua:

–Turismoko establezimendu bat eraikitzea edo aldatzea proiektatzen duten enpresa turistikoak, turismoko araudia betetzeari buruzko txosten bat eskatzen dutenak.

Nafarroako tokiko ekintza taldeak, diru-laguntzak ematen dituztenak tokiko garapen parte-hartzailearen estrategietarako, sustatzaile publiko eta pribatuen bidez (Leader 2014-2020).

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, turismoko araudia betetzeari buruzko txosten bat eskatzen dutenak, turismoko establezimenduak irekitzeko lizentziak eman aurretik.

III.2.–Ildo estrategikoari dagozkion programak, jarduera hauetan: “Turismoko honako zerbitzu klandestino hauek saihesteko jarduketak: ostatua ematea, bitartekaritza zerbitzuak, turismoko informazio eta turismo aktibo eta kulturaleko jarduerak. Arreta berezia emanen zaie Interneteko eta gailu mugikorren bidez egindako jarduerei”.

  • 2.1. programa:

Detektatzea ostatu emateko zerbitzu turistikorik eman ote den Nafarroako Turismo Erregistroko nahitaezko inskripziorik gabe.

  • 2.2. programa:

Detektatzea turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuri eman ote den Nafarroako Turismo Erregistroko nahitaezko inskripziorik gabe.

  • 2.3. programa:

Detektatzea bitartekaritza eta informazio turistikoen zerbitzua Nafarroako Turismo Erregistroko nahitaezko inskripzioa egin gabe ematen ote den.

Horiek detektatzeko iturri gisa, bide hauetan emandako informazioa aztertuko da:

–Internet.

–Eskuorriak edo publizitateko beste edozein euskarri.

–Nafarroako Foru Komunitateko turismo bulegoek emandako informazioa.

–Ikuskapen zerbitzuek egokitzat jotzen duten beste edozein zabalpen bitarteko.

Jarduketen eremua:

Nafarroako Foru Komunitatean ostatu turistikoa ematen edo bestelako jarduera batzuk gauzatzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, jarduerari hasiera emateko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ez dutenak.

Lehentasunezko jarduketa eremuak ezarriko dira, kontuan izanik zer eragin eta garrantzi duten Nafarroako Foru Komunitateko sektore turistikoan.

  • 2.4. programa:

Detektatzea kanpatzeko zerbitzurik eman ote den autokarabanak gelditzeko eta aparkatzeko udal eremuetan.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea autokarabanak gelditzeko eta aparkatzeko udal eremuetan, egiaztatzeko eremu horietan zer zerbitzu ematen den, eta erabiltzaileek araudia betetzen ote duten.

Jarduketa esparrua:

Autokarabanak gelditzeko eta aparkatzeko udal eremuak, azaroaren 5eko 103/2014 Foru Dekretuak arautu gabekoak (foru dekretu haren bidez onetsi zen autokarabanak hartzeko eta kanpatzeko antolamendu erregelamendua).

III.3.–Ildo estrategikoari dagozkion programak, jarduera hauetan: “Turismo zerbitzuen erabiltzaileen eskubideak errespetatzen direla zaintzeko jarduketak; horretarako, kontratatutako turismo zerbitzuetan izandako gabeziengatik aurkeztutako erreklamazio eta zerbitzuak egiaztatuko dira”.

  • 3.1. programa:

Egiaztatzea turismoko erabiltzaileek jarritako salaketak, zerbitzu turistikoak ematean izandako gabeziekin loturik.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak egitea, egiaztatzeko zerbitzu turistikoen erabiltzaileek jarritako salaketak, baldin, in situ egiaztatu ondoren, ikusten bada araudi turistikoaren urraketa izan daitekeela.

Jarduketa esparrua:

Turismoko erabiltzaileen salaketa edo erreklamazioaren xede izan diren establezimendu eta jarduera turistikoak.

III.4.–Ildo estrategikoari dagozkion programak, jarduera hauetan: “Turismo arloan emandako funts publikoak behar ez bezala erabiltzea saihesteko jarduketak; horretarako, onartutako helbururako erabili direla egiaztatuko da”.

  • 4.1. programa:

Egiaztatzea Turismo Zuzendaritza Nagusiaren bidez kudeatutako turismoko diru-laguntzak ongi erabili direla.

Ikuskapen jarduketa:

Ikuskapen bisitak, edo beste edozein frogabideren bitartez egiaztatzea benetan gauzatu direla, ongi gauzatu ere, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak kudeatutako diru-laguntzekin finantzatutako azpiegitura edo sustapen turistikoko jarduketak.

Jarduketa esparrua:

Irabazi asmorik gabeko enpresa turistikoak eta elkarteak, 2017ko abenduaren 31rako justifikaturik dauden diru-laguntzen onuradun direnak.

III.5.–Beste administrazio publiko batzuekiko elkarlana, Nafarroako Foru Komunitateko departamentu eta erakunde autonomoekikoa eta Nafarroako Turismo Bulegoen Sarearekikoa sustatzeko jardueren Ildo Estrategikoari dagozkion programak.

5.1. programa: Nafarroako Foru Komunitateko Departamentu eta Erakunde Autonomoekiko elkarlana.

5.2. programa:Nafarroako Turismo Bulegoen Sarearekiko elkarlana.

5.3. programa:Nafarroako toki entitateekiko elkarlana.

III.6.–Ikuskapen eginkizuna betetzen duten langileen prestakuntza espezializatuan aurrera egiteko jarduketen ildo estrategikoari dagozkion programak.

6.1. programa:Irizpideen eta prozeduren homogeneizatzea.

Egin beharreko jarduketak:

Aldian aldiko bilerak, ikuskapen planaren indarraldiaren barnean irizpideak bateratzeko eta antzeko jarduketetan jarrera bera izateko.

6.2. programa:Jarduteko jarraibideak eta/edo protokoloak prestatzea.

Egin beharreko jarduketak:

Jarduteko jarraibideak eta/edo protokoloak prestatzea, jarduteko irizpideak eta araudi turistikoaren aplikazioa homogeneizatzeko.

6.3. programa:Ikuskapeneko langileen prestakuntza.

Ikuskapeneko langileen prestakuntza premiez jabetzea, prestakuntza ekintzak prestatzeko.

IV.–Bi urterako ikuskapen plana gauzatzea eta emaitzak.

2018. eta 2019. urteetan gauzatuko da ikuskapen plana; nolanahi ere, zerbitzu turistikoak ongi ematea galarazten ez duten sasoietan programatuko dira batez ere jarduketak.

Plan honen ondoko hurrengo urte naturalaren bi lehenbiziko hilabeteetan, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak urteko memoria bat prestatuko du, Ikuskapen Planaren gauzatzearen datu guztiekin, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira igorriko da.

Iragarkiaren kodea: F1804252