82. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

30E/2018 FORU AGINDUA, apirilaren 16koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko diru-laguntzetarako deialdia onesten duena 2018rako.

Gure Foru komunitatearen gizarte kontzientziaz jabeturik, Nafarroako erakundeek funtsak ematen dituzte Garapen Jasangarriaren Helburuak (Nazio Batuek 2015eko irailean hitzartuak) lortzeko. Funts horiek herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrerako ekarpen solidarioak dira, eta garapenerako laguntza ofizial gisa ematen dira.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak, apirilaren 6ko 4/2010 Foru Legeak aldatutakoak, nazioarteko ekintza solidarioaren arlo honen printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. Zehazki, 14. artikuluak xedatzen du, garapenerako lankidetza jarduerak sustatzeko, funts publikoak erabiliko direla, besteak beste.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko 2018ko diru-laguntzen araubidea erregulatuko duten oinarriak ezarri eta deialdi baten bidez argitaratzea, diru-laguntza horietan publizitate, gardentasun, lehia, objektibotasun, berdintasun, kontrol eta bereizkeriarik ezaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko berdintasuna eta eragimena ere.

Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, Eskubide Sozialetako Departamentuari baimena eman zitzaion urte anitzeko gastu konpromisoa hartzeko, garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko diru-laguntzen 2018ko deialdirako.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko diru-laguntzetarako 2018ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Guztira, 8.024.988 euroko urte anitzeko gastua baimentzea, honela banatuta:

2018ko ekitaldirako, guztira 4.824.988 euro. Horietatik 2.540.298 euro “PFEZaren %0,7ko Funtsa. Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143105 partidaren kargura ordainduko dira, eta 2.284.690 euro “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura.

2019ko eta 2020ko ekitaldietarako, 1.600.000 euro bideratuko dira ekitaldi bakoitzean; betiere, 2019. eta 2020. urteetako gastuen aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren partidetan kreditu nahikoa bada.

4. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko apirilaren 16an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Garapen bidean diren herrialdeetan esku-hartze sozial eta ekonomikoak egiteko diru-laguntzetarako 2018ko deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak 2018., 2019. eta 2020. urteetarako diru-laguntzen deialdia egin du garapenerako gobernuz kanpoko Nafarroako erakundeek (hemendik aurrera, GGKE) garapen bidean diren herrialdeetako populazio andeatu eta ahulen alde egiten dituzten esku-hartze sozialak eta ekonomikoak finantzatzeko. Nafarroako entitateek proposatzen dituzten esku-hartze horiek, herrialde horietan dituzten solaskideekin elkarlanean burutzen direnek, pobreziaren aurka borrokatzea eta giza garapena sustatzea dituzte helburu.

2. Esku-hartzeak hiru mota edo modalitatetakoak izaten ahalko dira:

–A) modalitatea. Garapeneko mikroekintzak; ekipamendu ondasunetan edo beste gauza batzuetan inbertsioak egitea helburu duten esku-hartzeak dira garapenerako proiektu batean erabiltzeko edo denboraren eta diruaren aldetik proiektu horiek bezain garrantzitsuak ez diren jarduketak egiteko.

–B) modalitatea. Garapeneko proiektuak; herritarren bizimodua hobetzeko esku-hartzeak dira, urtebeterako diseinatuak, nahiz geroan fase gehiago izaten ahal dituzten.

–C) modalitatea. Garapeneko programak; esku-hartze integralak dira edo jarduketa eremuan edo eskualdean eragin handia dutenak, urtebetetik gorakoak, haien iraupena eta jasangarritasuna lortze aldera.

3. Garapen bidean edo trantsizioan dauden herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

2018an guztira 4.824.988 euro daude xede horietarako, hiru modalitateetan honela banaturik:

–A) modalitatea. Garapeneko mikroekintzak, 284.690 euro, “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura.

–B) modalitatea. Garapeneko proiektuak, 2.940.298 euro. Horietatik 2.540.298 euro “PFEZaren %0,7ko Funtsa” izeneko 900004 91100 4819 43105 partidaren kargura, eta 400.000 euro, “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura.

–C) modalitatea. Garapeneko programak, 1.600.000 euro, “Garapenerako nazioarteko lankidetza” izeneko 900004 91100 4819 143102 (E) partidaren kargura.

2019ko eta 2020ko ekitaldietarako, eta C) modalitaterako (garapeneko programak) soilik, 1.600.000 euro egotziko dira ekitaldi bakoitzean; betiere, 2019. eta 2020. urteetako gastuen aurrekontuetan xede horretarako gaitzen diren partidetan kreditu nahikoa bada.

Modalitateren batean aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: B) modalitatea (garapeneko proiektuak), C) modalitatea (garapeneko programak) eta A) modalitatea (garapeneko mikroekintzak).

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.

b) Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute ordezkaritza iraunkorra, non ez diren nazioarteko erakundeak.

c) Esku-hartzea egin behar den eskualdean tokiko bazkide edo partaide bat izatea, hura gauzatzeko. Tokiko bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du, herrialde onuraduneko legediaren arabera.

d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.

f) Gainera, bi entitate edo gehiagoren batasunek ere hartzen ahalko dute parte, berezko nortasun juridikoa edukita edo ez, eta, hortaz, onuradunak izaten ahalko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoarekin bat. Kasu horretan, batasuneko entitate bakoitzak lehen aipatutako baldintza guztiak bete beharko ditu.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei lotzea.

b) Jarduerak 2018an hastea. Ondorio horretarako, ebazpena ematen den eguna hartuko da jardueren hasiera-eguntzat, salbu eta entitate onuradunak lehenagoko bat adierazten badu berariaz. A) eta B) modalitateetako esku-hartzeak hasten diren egunetik gehienez ere urtebeteko epean egin beharko dira. Garapeneko programen kasuan (C modalitatea) esku-hartzea hasten den egunetik gehienez ere 36 hilabeteko epean egin beharko da. Hori guztia eskatzen ahal diren luzapenak deusetan galarazi gabe.

c) Diruz laguntzen ahal diren zeharkako kostuak diru-laguntzaren %10 izanen dira gehienez ere.

c) Hauek dira esku-hartze bakoitzeko eta urtebeterako, zein den kasua, eskatzen ahal diren gehieneko zenbatekoak:

–A) modalitatea: 30.000 euro.

–B) modalitatea: 90.000 euro.

–C) modalitatea: 200.000 euro urte bakoitzerako.

d) A) eta B) modalitateetako esku-hartzeak garapen bidean edo trantsizioan dauden herrialde edo lurraldeetan egin beharko dira, hau da, ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen onuradunen indarreko zerrendan daudenetan. Deialdi honetan ez dira sartuko sahararrekin egin beharreko esku-hartzeak, horretarako berariazko deialdia baita.

e) C) modalitateko esku-hartzeak gutxienez hurrengo herri edo herrialdeetako batean gauzatu beharko dira, osorik edo partez: Peru, Bolivia, Ekuador, Kolonbia, El Salvador, Guatemala, Haiti, Nikaragua, Kongoko E.D., Tanzania, Kenya, Mali, Mozambike, Ruanda, Uganda eta Palestinar Herria.

Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

A) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe, diru-laguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, betiere esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Multzo honetan, honako hauek sartuko dira:

a.1) Lurrak; higiezinak erostea eta jarduerak egiteko lokalak alokatzea, kudeaketa jarduerak izan ezik (kasu honetan “a.8) Funtzionamendua” atalari egokituko zaio).

a.2) Ondasun higiezinak eraiki edo berritzea, barnean direla eskulana, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta tasak eta eraikuntzako materialak.

a.3) Ekipamendu materialak eta hornidurak, ibilgetuaren osagaiak erostea barne, lurrak eta eraikinak izan ezik, diru-laguntzaren xede den jarduerari atxikiak, hala nola makinak, altzariak, informatikako ekipamenduak, garraiobideak eta bestelako ekipamendua, eta ekipamenduak igortzeko eta martxan jartzeko gastuak, bai eta esku-hartzea gauzatzeko beharrezko materialak eta hornidurak ere. Tokiko bazkidearen ekipamenduen amortizazioek ere jaso dezakete diru-laguntza, baldintza hauek bete badituzte: diru-laguntzaren xedeko aldikoak badira, esku-hartzearen eskura jarri badira eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik gabe eskuratu badira. Amortizazioetan, urtean, gehienez lagun daitekeen portzentajea hauxe da: %25, ibilgailuen eta ekipo informatikoen kasuan; %20, gainerako ondasunen kasuan. Halaber, ekipamenduen konponketak eta mantentze-lanak sartzen dira epigrafe honetan.

a.4) Langileria gastuak, haien barnean egonda soldatak, esku-hartzeari atxikitako langileen entitatearen kargura diren gizarte aseguruak, langileen izenean izenpetzen diren bestelako aseguruak eta tokiko araudiaren arabera nahitaez gordailutu beharreko funts-hornidurak. Bi kategoria bereiziko dira, salbuespenak izan ezik (horiek arrazoituta jakinaraziko zaizkio aldez aurretik organo instruktoreari, eta horrek onartuta egon beharko dute):

a.4.1. Herrialdeko langileak. Diru-laguntzaren xedeko esku-hartzea burutzen deneko eta haiek lanean ari direneko herrialdeko lan arloko legeen mende daudenak, haien eginkizunei dagokien lan araubidearekin bat. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira.

a.4.2. Langile erbesteratuak. Entitate onuradunaren langileak dira, esku-hartzea burutzen deneko herrialdean lanean ari direnak Espainiako legeen mende. Haien eginkizunak zuzenean esku-hartzeari lotuak egonen dira. Kontratu bidezko harremana izan beharko da eta Kooperantearen Estatutua errespetatu behar da.

a.5) Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Langileen eta esku-hartzearen onuradun diren herritarren joan-etorrien gastuak dira, esku-hartzerako behar direnak, hala nola: erregaiak, aseguruak, esku-hartzea zehaztean berariaz identifikaturik eta haiei loturik dauden ibilgailuen mantentze-lana, bidaien gastuak, dietak eta, hala bada, ostatu hartzea.

a.6) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak: esku-hartzearen formulazioan jasotzen diren gaikuntza jarduerak, mintegiak, txostenak, argitalpenak, kudeaketaren kontrola edo beste behar batzuk egiteko behar diren gastuak sartzen dira sail honetan, betiere lan harremanik sorrarazten ez badute eta beste partida batzuetan sartu ezin badira.

a.7) Txandakako funtsak: kreditu osagarri bat duten esku-hartzeen kasuan, txandakako funtsak ezin izanen du gainditu finantzatutako zuzeneko gastuen %10.

a.8) Funtzionamendua: tokiko bazkidearen ohiko gastuak proiektua kudeatzeagatik (lokalen alokairua, argindarra, ura, komunikazioak, mantentze-lana eta segurtasuna, besteak beste), Nafarroako Gobernuari diru-laguntza gisa eskatutako zenbatekoaren %5 arte, gehienez ere.

a.9) Beste batzuk: bankuko gastuak, identifikazioko gastuak, esku-hartzearen zabalkundekoak edo sentsibilizaziokoak, eta ebaluazioko eta auditoriakoak, besteak beste. Identifikazioko gastuen kasuan, harengandik zuzenean datozenak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta deialdi hau argitaratu baino sei hilabete lehenago arte egindakoak aplikatzen ahalko dira; gehienez ere, haren %1 egotziko zaio diru-laguntzari. Diru-laguntza jaso dezakete, orobat, ex post ebaluazioaren ondoriozko gastuak, B) modalitatean 5.000 euro bitarte edo 15.000 euro C) modalitatean, betiere hamazazpigarren oinarriaren q) atalean ezarritako baldintzetan. Frogatzeko, justifikazio kontua eta auditorearen txostena aukeratuz gero, gehienez ere 3.000 euro egotziko zaizkio diru-laguntzari.

B) Zeharkako gastuak.

Esku-hartzearen zeharkako kostu gisa, %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zailak diren gastuak izan ezik. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

2. Gastu finantzarioak, notarioenak eta erregistrokoak eta bankuaren bermearenak diruz lagungarriak izanen dira, jarduerari zuzenean lotuak badaude eta jarduera egoki prestatu edo gauzatzeko ezinbestekoak badira. Gastu horiek zuzeneko gastutzat joko dira.

3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren etekin finantzarioak diru-laguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta diru-laguntzaren xede den jarduerari ere aplikatuko zaizkio.

4. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpen gisa onartuko dira onuradunen lurren, lokalen, ekipamenduen, materialen eta eskulanaren gaineko balorizazioak, baldin eta aurrekontuan ageri diren jarduerei zuzenean lotuta badaude. Balorizazio horiek egiaztatu egin behar dira tokiko bazkidearen edo partaidearen, esku-hartzearen onuradunen edo ondasunak eta/edo zerbitzuak ematen dituen entitatearen ziurtagiriarekin. Ziurtagiri horretan edo horri erantsita, ekarpena deskribatu eta haren zenbatekoa zehaztuko da, eta unitate kopurua, lanorduak, unitateko prezioa (hala badagokio) eta balorizazio osoa adieraziko dira. Balorizazioak tokiko merkatuko prezioen araberakoak izanen dira, eta, ekipamendu edo ondasunen kasuan, antzinatasuna hartu beharko da kontuan. Nolanahi ere, gainerako ekarpenak bezala kontrolatuko dira.

5. Diru-laguntzen xedeko gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitzako edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik gorakoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

6. Diru-laguntzaren xedeko gastuak obrak egiteko badira eta 30.000 eurotik gorakoak, GGKE onuradunak, tokiko bazkidearen bidez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, salbu eta diru-laguntzaren xedeko gastuen eta/edo herrialdearen ezaugarriengatik merkatuan behar adina entitate ez daudenean edo, egonda ere, baldintza egokietan egiten ez badituzte. Betiere, txosten gehigarri bat aurkeztuko da kontratistak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruz.

7. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Zuzeneko gastuen multzoan: egoitzan aritzen diren langileen gastuak.

–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute diru-laguntza.

–Zeharkako zergak, errekuperatu edo konpentsatu daitezkeenean.

–Ondasun inbentariagarriak, esku-hartzea bukatutakoan jabetza eta erabilgarritasuna tokiko bazkidearenak badira. Salbuespenak: oinarri honetako a.3) atalean adierazitako amortizazioa; eta, A) modalitatean (mikroekintzak), ondasun horiek esku-hartzearen xede nagusia badira.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskabidea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean.

2. Entitate eskatzaile bakoitzak hiru esku-hartze egiteko aurkez dezake eskaera, baina hirurak ezin dira izan modalitate berekoak. Bakarka zein entitateen batasunek aurkeztutako esku-hartzeak kontatuko dira eskaeratzat.

3. C) modalitaterako (garapeneko programak) soilik. Aurreko puntuko mugaz gain, honako hauek ezarri dira:

–Ezin izanen dira bi eskaera indibidual aurkeztu.

–2017ko deialdian programa bat egiteko banakako diru-laguntza jaso zuten entitateak (Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiak urriaren 27an emandako 2224E/2017 Ebazpena, “C modalitatea. Garapeneko programak” ebatzi zuena) entitateen batasunean bakarrik aurkezten ahalko dira, eta eskaera bakarra aurkezten ahalko dute.

–Aipatu deialdian programak egiteko emakida bat baino gehiago (banaka edo batasun batean) jaso zuten entitate onuradunek ezin izanen dute eskaerarik aurkeztu modalitate honetan.

4. Eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira. Interesdunek Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan ere (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkezten ahal dituzte eskaerak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan. Gainera, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidaliz servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaerek posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako zehaztapenak bete beharko dituzte. Entitate eskatzaileek servcoopdes@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.

5. Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen agiriak:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada):

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.2) Entitatearen estatutuak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek esku-hartzeko zikloaren faseren batean parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda eta esku-hartzean egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena, beren lana proposatutako jarduerarekin bateragarria dela dioena.

c) Entitateen batasunak izanez gero, erakunde bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

–Entitateen batasuna eratzeko agiria. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldunaren edo ordezkariaren izena, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoa ere.

–Elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, batasunaren kontura eta haren izenean, esku-hartzea gauzatzeko bere gain hartzen dituen eginkizunak eta konpromisoak adierazten dituen agiria. Haietako bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko diru-laguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

e) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, diru-laguntza eskabidearekin batera, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa aurkez dezakete. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzen duten entitateek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Tokiko bazkidearen dokumentazioa, egiaztatzeko hirugarren oinarriaren c) atalean ezarritako baldintzak betetzen dituela:

b.1) Estatutuak.

b.2) Legezko eraketaren frogagiriak, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko legeen araberakoak.

b.3) Legezko ordezkariaren nortasun agiriaren kopia.

Tokiko bazkidea administrazio publiko bat bada, dokumentazio horren guztiaren ordez, administrazio horren legezko ordezkaria nor den eta administrazio horrek esku-hartzean parte hartzen duela frogatzen duen agiria aurkezten ahalko du.

Tokiko bazkidearen dokumentazioa Administrazioak baldin badu, dokumentazio hori erantsita daukan espedientearen zenbakia adierazi beharko da.

b.4) Tokiko bazkideen batasuna izanez gero, entitate bakoitzaren agiriez gain, honako hauek aurkeztuko dituzte:

–Entitateen batasuna eratzeko agiria. Batasunak berezko nortasun juridikorik ez badu, eratze agirian berariaz azaldu beharko da batasunari, onuraduna den aldetik, dagozkion eginbeharrak betetzeko adina ahalmen duen ahaldunaren edo ordezkariaren izena, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean preskribatzeko aipatzen den epea bukatu arte ez desegiteko konpromisoa ere.

–Elkartea edo batasuna osatzen duen entitate bakoitzak, batasunaren kontura eta haren izenean, esku-hartzea gauzatzeko bere gain hartzen dituen eginkizunak eta konpromisoak adierazten dituen agiria. Haietako bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ere azalduko da.

C) Esku-hartzea baloratzeko dokumentazioa:

c.1) Esku-hartzearen memoria teknikoa eta aurrekontua, inprimaki ofizialetan.

c.2) Entitate eskatzailearen eta tokiko bazkidearen azken hiru urteetako urteko kontuak (2015, 2016 eta 2017), kontu horiek ikuskatuak, entitateko zuzendaritza organoek onetsiak, behin-behinekoak edo bestelakoak diren adierazita.

c.3) Esku-hartzea zehazki non kokatzen den azaltzen duen mapa (erregioa, departamentua, probintzia eta udalerria).

c.4) Eranskinak: dokumentazio grafiko, tekniko eta ekonomikoa (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta esku-hartzeaz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa. II. eranskineko (“balorazio irizpideak”) zer atali dagokion adieraziko da, eta aztertu beharreko edukia eranskineko zein tokitan dagoen zehaztu.

c.5) C) modalitaterako soilik: entitate eskatzailearen eta tokiko bazkidearen arteko “akordioa”, programaren aurkezpenari eta, diru-laguntza lortuz gero, bi aldeek sinatuko duten hitzarmen ereduari buruzkoa; hitzarmen horrek arautuko du nola gauzatuko den esku-hartzea.

Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Zortzigarren oinarriaren A eta B ataletan zehaztutako dokumentazioak akatsak izatea.

c) Laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz esku-hartzeetan bete beharreko baldintzetan akats materialak izatea.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozein.

Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari lotutako kasu guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak zein bere modalitatean (bigarren oinarrian adieraziak) baloratuko dira, 0tik 1.000 puntura arteko eskalan, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien haztapena kontuan hartuta.

2. Diru-laguntzaren eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 500 puntu lortu beharko ditu guztira. Horrez gain, B) eta C) modalitateetan aurkeztutako esku-hartzeen kasuan, II. eranskineko C. atalean (“Egokitasuna, Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegien arabera”) gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu aintzat hartua izateko.

3. Diru-laguntza eskatutakoa adinakoa izanen da, betiere modalitate bakoitzerako ezarritako muga gainditu gabe.

4. Esku-hartze modalitate bakoitzean positiboki baloraturiko eskaerei guztira dagokien zenbatekoak aurrekontuetan horretarako dagoen dirua gainditzen badu, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira.

5. Gainera, B modalitatean diru-laguntza kalkulatzeko, portzentaje tarte hauek aplikatuko zaizkio eskatutako zenbatekoari, lortutako puntuazioen arabera: 500,00 puntutik 649,99 puntura bitarte, eskatutakoaren %85; 650 puntu edo gehiago, eskatutakoa. Portzentaje horiek aplikatzetik ateratzen diren kopuruak zehazteko, zenbatekoaren osoko zatia hartuko da, dezimalak kenduta.

6. Bi eskaerak azken puntuazio bera badute, esku-hartzearen kalitate teknikoaren atalean puntuazio handiena lortzen duena lehenetsiko da.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2. Diru-laguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den diru-laguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Berregindako aurrekontuan, diru-laguntzaren gaineko kofinantzaketa portzentajea eskaeran adierazitakoa edo handiagoa izanen da.

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

2. Modalitate bakoitzerako ebazpen bat emanen da, honako hauek jasoko dituena: diru-laguntzak zer eskatzaileri esleitu zaizkion, laguntzen helburua, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko modua eta epea, eta gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak, Diru-laguntzei buruzko arazoaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Modalitate bakoitzaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Gardentasun betebeharra bete ondoren, 2018ko diru-laguntzaren ordainketa aurreratua eginen da. Betebehar hori deialdi honen hemezortzigarren oinarrian eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarrita dago.

2. C) modalitatean, aldez aurretik ordainduko dira 2019ko eta 2020ko diru-laguntzak, aurreko urteko justifikazio txostena, diru-laguntza emateko ebazpenean finkatzen den moduan, aurkeztu ondoren. Instrukzio organoak 2018. eta 2019. urteetako justifikazio dokumentazioa berrikusiko du, eta 2019. eta 2020. urteetan, hurrenez hurren, ordaindu beharreko aurrerakina erregularizatuko du.

Hamabosgarrena.–Diru-laguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzeak bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, www.cooperacion.navarra.es webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak esku-hartzea gauzatzeko epea luzatzea baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.

2. Azken txostenak justifikazio kontuaren forma izanen du, eta gastuen frogagiriekin edo kontu auditore baten txostenarekin batera aurkeztuko da. Elementu hauek jasoko ditu:

a) Aurkeztutako azken txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Tokiko bazkideari funtsak igorri zaizkiola eta zer truke-tasa aplikatu den frogatzeko dokumentazioa, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada; bestelako kasuetan, erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Tokiko bazkideak funtsak jaso izana frogatzen duen dokumentazioa; bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke-tasak erakusten dituzten bankuko dokumentuak.

d) Tokiko monetan ordaindu baldin bada, truke-tasa egiaztatzeko banku-agiriak.

e) Esku-hartzearen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, www.cooperacion.navarra.es Nafarroako Atarian eskuragai dagoen eredu ofizialaren araberakoa, non lorturiko helburuak eta emaitzak eta egindako jarduerak zehaztuko diren gutxienez; horri guztiari egiaztatze-iturriak erantsiko zaizkio.

f) Txosten ekonomikoa, esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txosten bat erantsita, Excel formatuan, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.cooperacion.navarra.es). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen balantzea.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Funtsen igorpenen xehetasuna eta aplikatutako truke-tasak.

–Gastu guztien zerrenda, jarduera eta gastu motaren arabera bereizita, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda barne dela. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.

g) Justifikazio kontua eta gastuen egiaztagiriak aurkeztuz gero, kontrol organoak zilegi izanen du lagin bat hartzea ikuskapena egiteko. Frogagiri gisa fakturak, nominak, kotizazio-buletinak edo zergen aitorpenerako inprimakiak aurkeztuko dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Frogagiri horiekin batera, ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Frogagiriak tokiko partaideak behar bezala frogatutako kopiak izanen dira, edo, Espainian sortutako gastuen kasuan, entitate onuradunak frogatutako kopiak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira osorik.

Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

h) Kontu auditore baten txostena emanez aurkezten den justifikazio kontua hautatuz gero, auditorea Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu auditoreen Erregistro Ofizialean jardunean dagoela agertu beharko da; kontu auditorearen justifikazio kontuari buruzko txostena atzerrian egiten bada, esku-hartzea gauzatzen deneko herrialdean jardunean dauden auditoreek egiten ahalko dute, baldin eta herrialde horretan kontu auditoretzan aritzeko gaikuntza araubiderik bada; halakorik ezean, txostena herrialde horretan finkatutako auditore batek ematen ahalko du, betiere haren izendapena Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak berresten badu, diru-laguntza jasotzen duen entitateak proposaturik, behar den kalitatea bermatzen duten irizpide teknikoekin bat.

Kontu auditoreak maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen du justifikazio kontuaren gaineko txostena. Agindu horren bidez onetsi zen kontu auditoreek diru-laguntzen justifikazio kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa-araua (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 125. zenbakia, 2007ko maiatzaren 25ekoa). Txostenean zehaztapen hauek bete beharko dira:

–Oinarri honen 2. puntuan aurreikusitako egiaztagiriak: justifikazioa osatzen duten dokumentu guztien zerrenda osoa jasoko da, zein dauden egiaztatuta eta ezarritakoari lotzen ote zaizkion adierazita.

–Hamaseigarren oinarriko “Azpikontratazioa” atala: azpikontrataziorik ote den adieraziko da, eta, halakorik bada, oinarri honetan ezarritakoa betetzen ote den.

–Hamazazpigarren oinarriko “Betebeharrak” atala: oinarri horretako betebehar bakoitza betetzen ote den adieraziko da, eta “ez da bidezko” zehaztuko du hala dagokion kasuetan.

–Nafarroako Gobernuak finantzatutako gastuen zerrenda aztertu eta berrikusiko da nagusiki, eta laginketa teknikak erabiltzen ahalko dira kontu-ikuskapenetan onartu ohi diren praktiken arabera. Aipatu EHA/1434 Aginduan ezarritako egiaztapenez gain, honako hauek aztertuko dira berrikuspenean: zerrendan jasotako gastu-ohar bakoitza ordaindu egin dela, eta gastuak diruz laguntzen ahal direla oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera.

–Diruz lagundutako jarduera (guztia edo zati bat) tokiko bazkide batek edo atzerriko partaideak gauzatu badu, ez da beharrezkoa izanen diru-laguntzaren gastuaren frogagiriak onuradunaren kontabilitate erregistroetan jasotzea; halakoetan, auditoreak tokiko bazkidearen edo partaidearen kontuak berrikusiko ditu.

–Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez bestelako finantzaketarik bada, egiaztatuko da beste ekarpen batzuen bidez finantzatutako gastuen zerrendako datuak osorik daudela eta zerrenda hori oinarri honen 3. puntuan ezarritako ziurtapenarekin bat heldu dela.

i) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe diru-laguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa-gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

j) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako esku-hartzearen gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

3. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaz besteko finantzabidea izanez gero, entitateak berak emandako ziurtagiri bat aurkeztuko da, funts pribatuen kasuan, edo aldeko ebazpenaren kopia, zenbatekoa eta proiektua adierazita, bestelako diru-laguntza publikoak badira. Tokiko ekarpen gisa onartutako balorizazioen kasuan, seigarren oinarriaren 4. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.

5. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari berariaz adieraztea esku-hartzearen hasiera-eguna, diru-laguntza emateko ebazpenaren data baino lehenagokoa bada.

b) Eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epea aldatzen duten edo hura betetzea nabarmen zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

c) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatu eta hura eskuratzea, esku-hartzean aldaketak egin ahal izateko, esku-hartzea gauzatu bitartean haren garapena larriki aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak gertatzen direnean entitate onuradunaren egoitzan edo lurralde hartan, baita baliabideak eraginkortasunez erabiltzeagatik gerakinak daudenean ere, aplikatutako truke-tasen ondoriozko finantza errendimenduak edo soberakinak barne; kasu horietan, diruz lagundutako esku-hartzeari dagozkion jarduerak edo antzekoak zabaltzeko eskatu beharko dute. Funtsezko aldaketatzat jotzeko, honako hauetan izan beharko du eragina: helburuetan, emaitzetan, xedeko populazioan, lurralde kokapenean, tokiko bazkidean, diruz lagundutako aurrekontuko kontu-sailetako aldaketa (halakotzat hartuko da aurrekontuko aldaketa, guztira, emandako diru-laguntzaren %20 baino handiagoa bada, edo 20.000 eurotik gorakoa) edo guztirako kostua %10 edo gehiago gutxitzen bada Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzatik kanpoko ekarpena txikiagoa izateagatik. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoi bidez adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

d) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren bidez erosten diren material, ekipamendu eta hornidura guztiak esku-hartzea gauzatzen deneko herrialdean erosiko dira eta bertako produktuak izanen dira. Betebehar hori betetzerik ez bada, idazki baten bidez Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatu beharko da, arrazoiak azaldurik.

e) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren edozein erakunde publiko edo pribaturi helburu bererako eskatutako eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

f) Tokiko bazkideari edo partaideari diru-laguntza nondik datorren aditzera ematea berariaz.

g) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xedeko jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez.

h) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea laguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean.

i) Nafarroako Gobernuari esku-hartzearen zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako herritarrak garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

j) Esku-hartzearen zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

k) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarriko 2. apartatuan aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) apartatuaren kontrako arau-haustea gertatu dela.

l) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

m) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hemeretzigarren oinarrian aipatzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

n) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, “Transferentziaren edo loturaren akta” aurkeztuko da, non agertuko baita beharturik daudela ondasunak diru-laguntzaren helburu zehatzetan erabiltzera gutxienez ere hamabost urtez, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo hiru urtez, bestelako ondasunak izanez gero.

ñ) Diru-laguntzen aurrerakinak ezin badira berehala igorri xedeko herrialdera, entitate adjudikazio-hartzaileak ezin izanen ditu funts horiek utzi kanpoko gorabehera kontrolaezinen mende, eta inbertsioak onartuko dira, bakarrik, baldin eta funtsak ez transferitzeko zergatikorik bada, inbertsioak arriskurik ez badu eta bermaturik badago.

o) Lurrak edo higiezinak erosiz gero, jabetzaren araubidea eta titulartasuna zehaztu beharko dira, eta behar adina frogagiri aurkeztu.

p) Diru-laguntzaren entitate onuradunaren eta haren tokiko bazkidearen arteko hitzarmenaren kopia aurkeztea (zortzigarren oinarriaren c.5) atalean aipatzen da).

q) Kanpoko ex post ebaluazio bat edo ebaluazio misto bat aurkeztea, esku-hartzea bukatu eta 6 hilabeteko epean; esku-hartzearen emaitzak eta helburuak ELGAren Garapenerako Laguntzarako Batzordearen irizpideetatik zenbateraino bete diren baloratuko ditu: eraginkortasuna, efizientzia, eragina, bideragarritasuna, bidezkotasuna; beste irizpide gehigarri batzuk edo beste metodologia osagarri batzuk esparru logikoari gehitzea galarazi gabe: ebaluazio parte-hartzailea, ebaluazioa generoaren ikuspegitik, ebaluazio ekonomikoa, eta abar. Orobat, azken atal batean, gizarteratze mekanismoak sartzeko proposamen bat izanen da ukitutako entitateentzat. Entitate onuradunak, aurkeztu behar duen ebaluazio proposamenean, “erreferentziako baldintzak” eta ebaluazioa egin behar duten pertsonak edo entitateak adieraziko ditu, eta eskatuko du Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak berariaz jakinaraz diezaion ez diola eragozpenik jartzen aurkeztutako ebaluazio proposamenari.

Ebaluazio hau derrigorrezkoa da C) modalitatean, eta borondatezkoa B) modalitatean; ez da beharrezkoa A) modalitatean.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan jasotako entitateak behartuta daude betetzera Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak, baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen baditu eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute diru-laguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, diru-laguntzen onuradun direnek hartutako dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.

2. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamazazpigarren oinarriko c) apartatuan aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat joko da. Orobat, behin esku-hartzea bukaturik eta ezinbesteko kasuetan salbu, alderdi teknikoak eta aurrekontua %50 baino gutxiago gauzatzen badira ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da; gainerako kasuetan, organo emaileak baloratu beharko ditu esku-hartzearen gauzatze maila baxua eragin duten inguruabar eta arrazoiak, ez-betetzea izan den erabakitzeko.

3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio-txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.

4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.

–Azken justifikazio-txostena epetik kanpo aurkezten denean, zenbat egun iragan diren. Kasu horretan, atzeratutako hilabete bakoitzeko edo, hilabete osoak ez badira, horren zatiki bakoitzeko, %0,1 gutxituko da emandako diru-laguntza.

5. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko foru legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.

II. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

A.–Erakundeen bidezkotasuna (200 puntu).

a.1. Entitate eskatzailearena (110 puntu gehienez):

  • Nafarroan duen ezarpena (65 puntu gehienez).
  • Gaitasun finantzarioa (15 puntu gehienez).
  • Gaitasun estrategikoa (15 puntu gehienez).
  • Gaitasun operatiboa (15 puntu gehienez).

Entitateen batasunen kasuan, hori dena batasunaren ordezkariarentzat baloratuko da; batasuna bi entitatek osatzen badute, 1,2rekin biderkatuko da, eta 1,4rekin gainerako kasuetan, 110 puntu arte, gehienez ere.

a.2. Tokiko bazkidearena (90 puntu gehienez):

  • Lan esperientzia esku-hartzearen sektorean edo eremuan (30 puntu gehienez).
  • Gaitasun finantzarioa (20 puntu gehienez).
  • Gaitasun estrategikoa (40 puntu gehienez).

B.–Esku-hartzearen kalitate teknikoa (450 puntu).

b.1. Diagnostikoaren eta parte-hartzearen analisia (50 puntu gehienez).

b.2. Helburuen, emaitzen eta jardueren analisia (100 puntu gehienez).

b.3. Adierazleen eta egiaztatze bideen egokitasuna (50 puntu gehienez).

b.4. Giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak (100 puntu gehienez).

b.5. Bideragarritasunaren analisia; kofinantzaketa eta beste ekarpen batzuk; arriskuak edo kanpoko faktoreak (100 puntu gehienez).

b.6. Ezarpen prozesuaren analisia, jarraipena eta ebaluazioa (50 puntu gehienez).

Nafarroako Gobernuak azken bi urteetako batean finantzatu badu esku-hartzea, jarraitzearen bidezkotasuna baloratuko da, eta, jarraitzearen alde egiten bada, b ataleko puntuazioa 1,1 koefizientearekin biderkatuko da, gehienez ere 450 puntu arte.

C.–Egokitasuna, Nafarroako lankidetzaren zeharkako ikuspegien arabera (100 puntu gehienez).

  • Giza garapenaren ikuspegia (20 puntu gehienez).
  • Genero ikuspegia (20 puntu gehienez).
  • Garapen jasangarriaren ikuspegia (20 puntu gehienez).
  • Eskubideetan oinarritutako ikuspegia (20 puntu arte).
  • Parte-hartze eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia (20 puntu arte).

D.–Egokitasuna, lehentasun sektorialen arabera (150 puntu gehienez):

  • Osasunerako eskubidea (150 puntu gehienez):
  • Osasun zerbitzu publikoak berdintasunez eta kalitatez eskuratzea.
  • Emakumeek sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko zerbitzuak jaso ditzaten sustatzea.
  • Haurren desnutrizioaren aurkako borrokan laguntzea.
  • Prebalentzia berezia duten gaixotasunen aurkako ekimenei laguntza ematea.
  • Edateko ura eta saneamendua izatea.
  • Landa garapen jasangarria (150 puntu gehienez):
  • Elkartasunezko ekonomia, batez ere antolatutako emakumeek gidatutako ekimenak, alternatiba gisa sustatzea.
  • Tokian tokiko kultur praktikak kontuan hartzen dituen nekazaritzako eta abeltzaintzako garapen jasangarriari ekarpena egitea.
  • Nekazari txikiei laguntza ematea, ekoizpen ekologikoko sistemak ezartzeko.
  • Elikadura burujabetzari loturiko ekimenak abiarazteko sostengua ematea.
  • Emakumeen ahalduntzea (150 puntu gehienez):
  • Sexu- eta ugalketa-eskubideak osotara baliatu ditzaten sustatzea, babestea eta bermatzea.
  • Emakumeen aurkako indarkeria eta genero-indarkeria deuseztatzea.
  • Emakumeek baliabideetarako sarbidea eta haien gaineko kontrola izan dezaten sustatzea.
  • Antolatutako emakumeek gidatutako ekimen ekonomikoei laguntza ematea.
  • Ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuetan trebatzeko eta ezagutza-trukerako prozesuei laguntza ematea.
  • Zaintza lana aitortzea.
  • Sustatzea bai emakumeen parte-hartzea erakunde politiko eta sozialetan, bai haien sarbidea erabakiak hartzeko organoetan.
  • Emakumeen gaitasun teknikoak eta politikoak indartzea.
  • Emakumeen erakundeak indartzea.
  • Tokiko gizarte zibila eta gobernantza demokratikoa (150 puntu gehienez):
  • Tokiko erakunde publikoen gaitasun teknikoak indartzea, nazioartean aitortutako giza eskubideen sustapena gauzatu ahal izateko.
  • Giza eskubideak sustatzea eskubideen eta betebeharren titularren artean.
  • Estatua toki mailan indartzea (deszentralizatua), gobernagarritasuna hobetzeko.
  • Tokiko erakunde publikoen gaitasun teknikoak indartzea (prestakuntza eta akonpainamendua) politika publikoak eta tokiko parte-hartzea kudeatzeko.
  • Herrien garapena eta emakumeen eskubideak bermatzea helburu duten gobernuen legegintzako ekimenei laguntza ematea.
  • Gizarte zibileko erakundeen eta mugimenduen gaitasun teknikoak indartzea, nazioartean aitortutako giza eskubideak defendatu eta betearazteko (eragin politikoa sortzeko gaitasunak).
  • Erakunde komunitarioen gaitasun teknikoak (batez ere antolatutako landa emakumeenak) indartzea, indigenen edo nekazarien komunitateak kudeatzeko.
  • Hezkuntza (150 puntu gehienez):
  • Hasierako hezkuntza, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, lanbide heziketa eta beste hezkuntza ofizial batzuk.
  • Etxebizitzen oinarrizko bizigarritasuna (150 puntu gehienez):
  • Oinarrizko bizigarritasun baldintza duinak gizakien bizigune eskasetan.

Balorazioa bi sektoretan edo gehiagotan eginez gero, behin betiko puntuazioa ateratzeko, sektore guztiak batuko dira, eta, zenbat sektoretan egiten den esku-hartzea, haien kopuruaren artean zatituko da.

E.–Osotasuna eta egokitasuna, lehenetsitako geografia eremuen arabera eta jarduketaren eskualdeko (Estatu barrenekoa) ezaugarrien arabera (100 puntu gehienez:

A) eta B) modalitateetarako:

–Herrialdeko garapen txikieneko aldeetan egiten da (25 puntu arte).

–II. plan zuzentzailean lehentasuna duen herrialde hauetako batean egiten da (25 puntu gehienez): Peru, Bolivia, Ekuador, Kolonbia, El Salvador, Guatemala, Haiti, Nikaragua, Kongoko E.D., Tanzania, Kenya, Mali, Mozambike, Ruanda, Uganda eta Palestinar Herria.

–Garapen txikieneko herrialde batean egiten da, Nazio Batuen sailkapenaren arabera (50 puntu).

C) modalitaterako:

–Garapen txikieneko herrialde batean egiten da, Nazio Batuen sailkapenaren arabera (50 puntu).

Esku-hartzearen osotasuna (50 puntu gehienez).

Zeharkako ikuspegiak.

1. Giza garapenaren ikuspegia: gizaki guztien aukera eta hautabideak handitzeko prozesua da giza garapena, bai egungo belaunaldiena bai gerokoena; ikuspegi honen arabera, pobreziaren aurkako borroka da garapenerako lankidetzaren helburu nagusia, gizakia garapenaren erdigunean kokatzen du eta haren beharrak atzematen ditu: biziraupena, babesa, afektua, adimena, sormena, askatasuna, aisia, parte-hartzea, identitatea, etab.

2. Eskubideetan oinarritutako ikuspegia: osagarria da, eta giza garapenaren ikuspegia indartzen du, garapenaren helburuak giza eskubideak erabat lortzeari lotuta egotea adierazten du, haien unibertsaltasuna du abiaburu, baita haien banaezintasuna eta interdependentzia ere.

3. Garapen jasangarriaren ikuspegia: horrek esan nahi du inguruneko baliabide naturalak errespetatuko direla, halako eran non egungo zein etorkizuneko beharrak beteko baitira, gizakiaren bizi kalitatea hobetuz eta aurrerapenak eta garapenak ingurumena andeatzea eta herritarren txirotasun indizeak handitzea saihestuz. Garapen horrek oraingo beharrak asetzea ziurtatzen du, baina etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko izanen duten ahalmena ahuldu gabe, eta, zentzu zabalean, elkar indartu behar duten lau zutabe ditu oinarri: ekonomikoa, soziala, ingurumenarena eta munduaren gobernantzarena.

4. Parte-hartzearen eta antolaketa komunitarioaren ikuspegia: parte-hartzea bultzatzea ezinbesteko elementua da giza garapenean aurrera egiteko, herritartasuna bete-betean erabiltzeko eta giza izaerari dagozkion eskubideak baliatzeko; horretarako, ezinbestekoa da gizarte zibilaren erakundeak indartzea.

5. Genero ikuspegia eta garapena: genero berdintasuna giltzarria da garapenaren helburu nagusiak lortzeko; Nazio Batuen arabera, emakumeak ahalduntzeko eta arlo sozial eta ekonomikoan genero desberdintasunak zuzentzeko helburuak, baita eskubide zibil eta politikoetan ere; eremu eta maila guztietan planifikatzen diren ekintzek gizonentzat eta emakumeentzat dituzten ondorioak baloratu beharra dakar ikuspegi honek.

Iragarkiaren kodea: F1805089