82. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRIKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza fiskala, San Isidro zahar etxeko eta psikogeriatrikoko zerbitzua emateko prezio publikoak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Irunberriko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2017ko abenduaren 14an egin bilkuran eta erregelamenduzko quoruma zuela, hasiera batean onetsi zuen San Isidro zahar etxeko eta psikogeriatrikoko zerbitzua emateko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala. Iragarkia 2018ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 16an, eta behar bezainbateko publizitatea eman zitzaion Mankomunitatearen ediktuen taulan ere argitaratuta.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Irunberrin, 2018ko otsailaren 27an.–Mankomunitateko burua, Mauro Gogorcena Aoiz.

IRUNBERRIKO “SAN ISIDRO” ZAHAR ETXEKO ETA PSIKOGERIATRIKOKO ZERBITZUAK EMATEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen babespean ezartzen da ordenantza hau.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da zahar etxeko eta egoitza psikogeriatrikoko zerbitzua ematea, zentroaren bi zati horietarako ezarrita dauden arauen arabera.

Ezarritako prezio publikoa
ordaintzeko betebeharra

3. artikulua. Ordaintzeko betebeharra sortzen da “San Isidro” zahar etxeko eta psikogeriatrikoko plaza bat esleitzen denean, ezarritako arauen arabera esleitu ere, eta onartua izaten denetik aurrera sortzen da, plaza erabili ala ez.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Subjektu pasiboak dira “San Isidro” zahar etxeko eta psikogeriatrikoko plaza esleitua dutenak.

Prezio publikoaren sortzapena

5. artikulua. Plaza esleitutakoan, une horretatik aurrera sortuko da prezio publikoa, zentroan sartzen den hilabeteari dagokiona. Hurrengoetarako, hilabete osoak eta naturalak hartuko dira aintzat, subjektu pasiboak (egoiliarra) egoitza utzi arte. Sortzapena (hilabeteko kuota ordaintzeko betebeharra) hilabete natural bakoitzeko lehenbiziko egunean izanen da. Egun horretan (hilaren 1ean) zentroan izena emanda egoteak sortuko dio egoitzari kobratzeko eskubidea.

Sartzeko eguna jarrita, hura hilabete naturalarekin bat heldu ez bada, dagozkion egun naturalen hainbanaketa eginen da hilabetearen likidazioa zehazteko, 30 eguneko hilabetea oinarri hartuta.

Azkeneko eguna hilabete naturalarekin bat heldu ez bada, hilabete osoa likidatuko da, hala ekartzen baitu hilaren 1ean izena emanda egoteak.

Borondatezko baja ematen denean, gutxienez ere bi aste lehenago jakinaraziko da, idatziz, eta hurrengo hilabetearen lehenbiziko eguna baino lehen, egun horretan izena emanda ez egoteko. Bajaren berririk izan ezean edo aipatu bezala jakinarazi ezean, hilaren 1ean egoitzan jarraitzen duela ulertuko da, eta hilabetekoa ordaintzeko betebeharra sortuko da. Paragrafo honetan xedaturiko guztia aplikatuko da, bajaren arrazoia edozein dela ere.

Ospitaleratua egon beharretan, ez da deskonturik aplikatuko esleitutako plazaren prezioan.

Nafarroako Gobernuarekin itundutako plaza bada, horretarako ezarrita dagoenari jarraituko zaio, baita prezioei dagokienez ere.

Tarifak

6. artikulua. Ordenantza honen prezio publikoak eranskinean ageri diren tarifen arabera likidatuko dira.

Tarifen zenbatekoa finkatzerakoan, aintzat hartuko da egoitzako teknikarien balorazioaren arabera esleitutako plaza. Zenbatekoa urtero berrikusiko da, eguneratzeko. Eguneratu ezin bada, Nafarroako Foru Komunitatearen KPIa aplikatuko zaio prezioari.

Erabiltzaileak ezin badu ordaindu plazarako jarritako prezio osoa, zentroaren zerbitzu teknikoek emandako kalifikazioaren araberakoa, ordaindu gabeko zenbatekoa zorretan izanen du egoitzarekin.

Egoitzako teknikariek eginen dituzte plazen balorazioa eta kalifikazioa. Horretarako, egokitzat jotzen dituzten irizpideak erabiliko dituzte, baita Nafarroako Gobernuak emandako balorazioa erreferentzia gisa hartu ere, ezagutzen badute.

Kudeatzeko arauak

7. artikulua. Zerbitzua kudeatzen duen pertsonak edo enpresak kobratuko du prezioa hilean behin, hilabeteko aurrerapenarekin. Dirua egoitzaren kontuan sartuko da zehazten den moduan.

Beharrezkoa jotzen bada, gehienez ere hilabeteko fidantza kobratu ahal da honelako gastuei aurre egiteko: borondatezko bajak direnean aurreabisua gaizki ematea edo ez ematea, ez ordaintzeetan edo kalteak izaten direnean.

8. artikulua. Egoitzako plaza bat eskuratzeko, horretarako den inprimakiaren bidez eskatu behar da, idatziz. Plaza itunduetan, Nafarroako Gobernuak xedatzen duen irizpideari jarraituko zaio.

Hauek erantsiko zaizkio eskabideari:

–Medikuaren txostena.

–Gizarte egoerari buruzko txostena.

–Egiaztagiriak, honako hauetakoak: pentsioa, finantza-kontuak, katastro, ondarei buruzko erregistroa eta errenta aitorpena.

–Erroldatze agiria.

–NANa.

–NOTa.

–Mendekotasunaren balorazioa.

Egoki jotzen bada, beste edozein agiri osagarri edo argigarri ere eskatu ahalko da.

Egoitzak eta egoiliarrak kontratua sinatuko dute plazaren esleipena gauzatzeko.

ERANSKINA, IRUNBERRIKO “SAN ISIDRO” EGOITZAN HIRUGARREN ADINEKOEI ZERBITZUAK EMATEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZARENA

–Laguntza behar duten egoiliarrak: 1.918 euro hilean.

–Beren kabuz baliatzen diren egoiliarrak: 1.400 euro hilean.

Egoitzaren zerbitzu teknikoek egindako balorazioaren arabera.

Balorazioei edo/eta aplikaturiko tarifei buruzko desadostasunik izanez gero, Irunberriko San Isidro egoitzaren irizpidea gailenduko da.

Iragarkiaren kodea: L1803452