82. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

29E/2018 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, larrialdietako ekintza humanitario espezializatuaren arloko diru-laguntzen deialdia onesten duena 2018rako.

Krisi egoerei aurre egiteko gaitasun txikia duten populazio ahuletan naturak edo gizakiak eragindako hondamendien kopuruak gora egin izanak nazioartearen erantzun humanitario azkar eta espezializatua eskatzen du. Nafarroako erakundeek, gure Foru Komunitatearen gizarte kontzientziari adi, funtsak bideratzen dituzte giza tragedia horien ondorioak gutxitzeko eta herrialde eta herri pobretuen giza garapen iraunkorrean laguntzeko ekarpen solidario gisa. Funts horiek Garapenerako Laguntza Ofizial gisa ematen dira, eta, zehazki, laguntza humanitariorako eta larrialdietarako bideratzen dira.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren arloko printzipioak, helburuak eta bitartekoak ezartzen ditu, besteak beste. 14. artikuluan adierazten da, garapenerako lankidetzako ekintzak sustatzeko, besteak beste, funts publikoak erabiliko direla, eta, zehazki, 13. artikuluan adierazten da lankidetzaren modalitateetako bat laguntza humanitarioa dela, larrialdi egoeran edo berehalako arriskuan dauden populazioei laguntzeko eta horiek berregokitzeko laguntza ekonomiko gisa.

Nafarroako Lankidetzaren II. Plan Zuzentzaileak bere egiten ditu “Good Humanitarian Donorship - Dohaintza Humanitario Egokiaren” printzipioak. Izan ere, printzipio horiek adierazten dute, besteak beste, eraginkortasun, eragimen eta profesionaltasun handieneko baldintzetan aritzeko moduko esperientzia eta gaitasuna duten entitateak izan behar direla ekintza humanitario hori aurrera eramanen dutenak; eta hori bateragarria da gauzak borondatez edo arrazoi altruistek bultzatuta egitearekin.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da urteko deialdi baten bidez ezarri eta finkatzea ekintza humanitario espezializatuko proiektuak 2018an gauzatzeko diru-laguntzak arautuko dituzten oinarriak, diru-laguntza horietan publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, kontrolaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioak bermatzeko, baita Administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eragimenaren printzipioa, eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko orduan berdintasunaren eta eraginkortasunaren printzipioa ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Larrialdietako ekintza humanitario espezializatuaren arloko diru-laguntzen deialdia onestea 2018. urterako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak, onestea.

3. Guztira 240.000 euroko gastua baimentzea, 2018ko gastuen aurrekontuko “Nazioarteko larrialdietarako laguntzak” izeneko 900004 91100 4819 143103 partidaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko apirilaren 11n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Larrialdietako ekintza humanitario espezializatuaren arloko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak 2018rako

Lehena.–Xedea eta helburua.

1. Eskubide Sozialetako Departamentuak diru-laguntzak banatzeko deialdi bat egin du 2018rako, nazioarteko lankidetzan espezializatuta diren garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE aurrerantzean) ekintza humanitarioaren arloan egindako esku-hartzeak finantzatzeko.

2. Garapen bidean edo trantsizioan dauden herrialde edo lurraldetzat hartuko dira ELGA-Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen mendeko Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

3. Ekintza humanitariotzat hartuko dira populazioen aldeko jarduketa ez-baztertzaileak, bereziki, garapen bidean diren herrialdeetako populazio ahulenen alde egiten direnak. Laguntza hau hondamendi naturalek edo giza jatorria duten gatazkek eragindako mugako egoeretarako da, eta haien oinarrizko helburua da ukitutako pertsonen eta erkidegoen oinarrizko eta berehalako beharrei erantzutea. Honako hauek dira helburuak:

a) Larrialdiko fasean, laguntza eta babesa ematea hondamendien biktimei, izan hondamendi naturalak edo gizakiak sortuak, eta hondamendien zuzeneko ondorioen biktima direnei, oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak ahalik eta azkarren emanez, bizirik jarrai dezaten bermatzeko eta ukitutako pertsonen sufrimendua arintzeko.

b) Krisi humanitario kronikoetan, behar den laguntza eta sorospena ematea ukitutako populazioei, bereziki, populazio horiek ezin dutenean sorospenik jaso beren agintariengandik, edo inongo aginterik ez dagoenean.

4. Jarduketa hauen bidez, ondasun eta zerbitzu hauen hornidura eginen da zuzenean, presaz eta berehala:

a) Osasun zerbitzuak: osasun laguntza herritarrentzat, laguntza psikosoziala barne, hondamendi naturalak, gatazka armatuak eta endemien, pandemien eta epidemien gorakadak daudenean.

b) Elikagaien banaketa eta nutrizioa, elikadura arloko segurtasuna bermatzeko, gaizki elikatutako populazioan bereziki.

c) Ura eta saneamendua, herritarrek edateko ura izan dezaten, behar adina eta behar den kalitatekoa.

d) Elikagaiez bestelako elementuak banatzea, higieneko kit-ak eta herritarrek bizirik irauteko oinarrizko babes egiturak, batez ere herritar desplazatu eta errefuxiatuentzat.

e) Hezkuntza zerbitzuak: larrialdietan edo krisialdi kronikoetan kalitateko hezkuntza ematea, haurrak izanik onuradun nagusiak.

f) Diruzko laguntza (“poltsa ekonomikoak”), oinarrizko beharrei aurre egiteko zuzenean.

5. Esku hartzeko proposamenean, jarduketa-proposamen orokor bat eginen da, lurralde eremu jakin baten mugak gainditu beharko dituena, salbu eta entitate eskatzailearen estatutuetan edo eraketa-agirietan kontrakoa xedatua baldin badago. Proposamen horretan hondamendi egoera baten aurrean erantzuteko estrategiak, akordioak eta erabili beharreko prozedurak jasoko dira; alegia, hondamendi horrek larri kaltetutako jendearen behar humanitarioei erantzuteko erabiliko direnak.

6. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren eta entitate onuradunen artean erabakiko da nola jokatu aurrera eramaten diren misio jakinetan larrialdi edo krisi egoerak gertatzen diren unean, eta bai entitate eskatzaileak bai Administrazioak egin ditzakete proposamenak.

Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horietarako, guztira, 240.000 euro bideratuko dira, 2018ko gastuen aurrekontuko “Nazioarteko larrialdietarako laguntzak” izeneko 900004 91100 4819 143103 partidaren kargura.

Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak bere izaera juridikoaren arabera, eta inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.

b) Ordezkaritza iraunkorra izatea Nafarroako Foru Komunitatean.

c) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

d) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.

e) Ekintza humanitariorako plan estrategiko bat edo antzeko dokumenturen bat edukitzea, eta nazioarteko ekintza humanitarioa izatea erakundearen helburua, estatutuetan berariaz jasoa.

f) Berariazko esperientzia frogatzea laguntza humanitarioko eta larrialdietako ekintzetan, deialdiaren dataren aurreko zortzi urteetatik azkeneko seietan, eta gutxienez 12 ekintzatan parte hartu izana eta gutxienez bi milioi euro kudeatu izana.

g) Xedeko herrialdean bazkide edo partaide bat baldin badago, bazkide hori herrialde onuradunaren legediaren arabera eraturiko pertsona juridiko bat izanen da, eta hura izanen da esku-hartzea gauzatuko duena.

Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten ekintza humanitarioko esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei lotzea.

b) Zeharkako kostuak ez dira izanen esku-hartzearen kostu osoaren %10etik gorakoak.

c) Ekintzak 2018. urtean eginen dira.

d) 120.000 euro eska daitezke gehienez.

Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

2. Emandako diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, esku-hartzearen kostua.

Seigarrena.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

A) Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe, diru-laguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin eta jarduketa-modalitatearekin bat datozenak, betiere deialdian ezarritako epean egiten badira. Xede horretan ikasle talde hauek sartzen dira:

a.1) Azpiegiturak konpontzea larrialdi fasean.

a.2) Larrialdiko laguntza humanitarioarekin lotutako ekipamenduak, materialak eta hornidurak.

a.3) Langileen arloko gastuak.

a.4) Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Esku-hartzea gauzatzeko behar diren langileen joan-etorriekin eta esku-hartzearen onura hartzen duen populazioaren joan-etorriekin lotutako gastuak dira.

B) Zeharkako gastuak: %10eko edo hortik beherako zenbatekoa aplikatzen ahalko zaio diru-laguntzari. Zeharkako kostuak dira entitate onuradunaren gastu administratiboak (langileen gastuak, egoitzetakoak, bulegoko materialenak eta bestelako ohiko gastuak) eta esku-hartzeari jarraipena egitearen ondoriozkoak, helburu hori duten bidaiak barne. Zeharkako gastuen %75 gutxienez Nafarroan egindako gastuak izanen dira.

Gastuak justifikatzeko, hamabosgarren oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio, frogatzeko zailak diren gastuak izan ezik. Izan ere, horrelakoetan, GGKEaren legezko ordezkariak gastu horien gaineko ziurtagiria egin beharko du. Ziurtagirian honako hauek agertuko dira: zenbatekoa, gastu motaren aipamena, diruz lagundutako esku-hartzearekin duen lotura eta zergatik den ezinezkoa arau orokorren arabera justifikatzea. Gainera, gastuaren frogagiriak aurkeztuko dira: fakturak, kontabilitatearen egoera-orri ikuskatuak edo gastua egiazki egin dela frogatzen duten bestelako agiriak. Ziurtagiri horren bitartez justifikatuko den diru kopuruak ez du zeharkako gastuen %30 edo diru-laguntzaren %3 gaindituko.

2. Diruz lagundutako gastuak berrerabil daitezkeen ekipamendu eta materialen hornidura egiteko baldin badira, horien erosketa finantzatuko da, bakar-bakarrik, baldin eta proiektua bukatutakoan onuradunen esku gelditzen badira. Bestela, ekipamendua edo materiala erabili behar den denborari dagokion amortizazioa baizik ez da diruz lagunduko.

3. Diru-laguntzen xedeko gastuak ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitzako edo laguntzako enpresek zerbitzuak emateko erabiltzen direnean, 12.000 eurotik gorakoak izanez gero eta Europar Batasunaren barnean kontratatuz gero, txosten gehigarri bat aurkeztuko da, hornitzaileak hautatzeko prozedurari eta irizpideei buruzkoa, gutxienez haietako hiruri eskatutako aurrekontuekin batera.

4. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

–Zuzeneko gastuen multzoan: egoitzan aritzen diren langileen gastuak.

–Protokoloko eta luxuzko gastuak (otorduak, harrera ekitaldiak, opariak, loreak, ikuskizunetarako sarrerak, etab.); hegazkin edo tren gastuen kasuan, turista-klasean edo antzekoan egiten direnek soilik izanen dute diru-laguntza.

–Zeharkako zergak, errekuperatu edo konpentsatu daitezkeenean.

Zazpigarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1.–Entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da eskabidea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 20 egun naturaleko epean.

2.–Eskaeren muga: entitate bakoitzak eskaera bat aurkezten ahalko du gehienez.

3.–Eskaerak, ahal dela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira. Interesdunek Eskubide Sozialetako Departamentuaren Erregistroetan ere (González Tablas, 7, 31005 Iruña) aurkezten ahal dituzte eskaerak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietan. Gainera, eskaerak Nafarroako Gobernuarenak ez diren beste erregistro ofizial batzuetan aurkezten badira, aurkezpen horren berri eman beharko diote unitate kudeatzaileari, mezu elektronikoa bidaliz servcoopdes@navarra.es helbidera, aurkezpenaren egunean berean.

Posta bulegoen bitartez aurkezten diren eskaerek posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aurreikusitako zehaztapenak bete beharko dituzte. Entitate eskatzaileek servcoopdes@navarra.es helbidera egun berean mezu elektroniko bat bidaliz iragarriko dute eskaera bidali dela.

4.–Eskaera adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez da onartuko.

Zortzigarrena.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Entitate eskatzaileek inprimaki ofizial batean eginen dute eskaera, eta dokumentazio hau gehituko diote:

A) Entitate eskatzailearen agiriak:

a) Hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko agiriak (horiek Foru Komunitateko Administrazioak ez badauzka edo haien edukia aldatu bada).

a.1) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren GGKEen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria; bereziki adieraziko da ordezkaritza bat zabalik dutela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean. Aipamen horren ordez beste erregistro administratibo batek emandako ziurtagiri osagarria aurkezten ahalko da, ordezkaritza hori badela egiaztatzen duena, edo notarioaren agiria, fundazioen kasuan. Ziurtagiri horrek/horiek urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna izan beharko du/dute, deialdi hau argitaratzen den egunean.

a.2) Hirugarren oinarriaren c) eta d) atalen arabera onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

a.3) Plan estrategikoa edo antzeko dokumentua, ekintza humanitarioari buruzkoa.

a.4) Entitatearen estatutuak.

a.5) Ekintza humanitarioko eta larrialdietako esku-hartzeen zerrenda, azken zortzi urteetakoa, ekintza bakoitzaren zenbateko ekonomikoa zehaztuta.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileek ekintza humanitarioan parte hartuz gero, langile horien izenen zerrenda eta programan egin beharreko eginkizunak eta eman beharreko denbora aurkeztu beharko dira; horrekin batera, pertsona horietako bakoitzak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, beren lana proposatutako jarduerarekin bateragarria dela dioena.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko diru-laguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

d) Nahi izanez gero, entitate eskatzaileek, diru-laguntza eskabidearekin batera, deialdi honen hemezortzigarren oinarrian araututa dagoen gardentasun betebeharra betetzeko behar den informazioa aurkez dezakete. Informazio hori eskaerarekin batera aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzen duten entitateek oinarri hartan ezarritakoa bete beharko dute, eta hilabeteko epea izanen dute informazio hori aurkezteko, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

B) Baloraziorako dokumentazioa:

b.1) Jarduketaren proposamena inprimaki ofizialean.

b.2) Entitatearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena entitateak segurtasun protokoloak dituela, kontingentzia eta ebakuazio planak barne, eta protokolo horiek bere langileei aplikatzen zaizkiela, bai atzerriratuei bai bertakoei.

b.3) Azken hiru urteotako urteko kontuak (2015, 2016 eta 2017), kontu horiek ikuskatuak, entitateko zuzendaritza organoek onetsiak, behin-behinekoak edo bestelakoak diren adierazita.

b.4) Eskaeraz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa. Dagokion balorazio atala adieraziko da, eta analizatu beharreko edukia eranskineko zein tokitan dagoen zehaztuko da.

C) Diru-laguntza emanez gero, esku-hartzearen gaineko dokumentazioa:

c.1) Esku-hartzearen memoria tekniko eta ekonomikoa, inprimaki ofizialean.

c.2) Esku-hartzearen kokapenaren mapa zehatz bat.

c.3) Dokumentazio grafiko, tekniko eta ekonomikoa (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak, lurren peritazioa eta abar), eta esku-hartzeaz ongi jabetzeko beharrezkotzat jotzen den bestelako dokumentazioa. Dagokion balorazio atala adieraziko da, eta analizatu beharreko edukia eranskineko zein tokitan dagoen zehaztuko da.

c.4) Ekintza tokiko bazkide batek gauzatuz gero, eta hirugarren oinarriko e) atalean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko:

–Estatutuak.

–Legezko eraketaren frogagiriak, proiektuaren onura hartzen duen herrialdeko legeen araberakoak.

–Legezko ordezkariaren egiaztaguna.

Tokiko bazkidea administrazio publiko bat bada, dokumentazio horren guztiaren ordez, administrazio horren legezko ordezkaria nor den eta administrazio horrek esku-hartzean parte hartzen duela frogatzen duen agiria aurkezten ahalko du.

Tokiko bazkidearen dokumentazioa Administrazioak baldin badu, dokumentazio hori erantsita daukan espedientearen zenbakia adierazi beharko da.

Bederatzigarrena.–Diru-laguntza emateko prozedura eta prozeduraren instrukzioa.

1. Diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu eskaerak, eta, instrukzio organo gisa, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzua arituko da. Horrexek egiaztatuko du diru-laguntzak hartzeko betebeharrak betetzen diren, eta eskaerak baloratuko ditu ofizioz, oinarri hauen arabera.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, ondotik aipatzen diren kasuetan interesdunari eskatuko zaio hamar egun naturaleko epean hutsegiteak zuzendu edo aginduzko agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren:

a) Eskaeran identifikazio daturik ez agertzea, dela eskatutako diru-laguntzari dagozkionak, dela entitate eskatzaileari buruzkoak.

b) Atal hauetan zehaztutako dokumentazioak akatsak izatea: zortzigarren oinarriaren A, B.b.2 eta B.b.3.

c) Laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz esku-hartzeetan bete beharreko baldintzetan akats materialak izatea.

d) Aurrekontua aldatu beharra dakarten arazoak (akats aritmetikoak, okerreko datuak, oso errealistak ez diren kostuak edo hautagarriak ez diren beste kostu batzuk). Horren ondorioz, gauzak argitzeko eskatzen ahalko da, eta instrukzio organoak aldaketak edo murrizketak ezartzen ahalko ditu akats edo datu zehaztugabe horiei aurre egiteko.

e) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetako edozein.

Gainerako kasu guztietan, eta, bereziki, baloratzeko aurkezten den dokumentazioari lotutako kasu guztietan, ez da zuzentzeko aukerarik izanen.

Hamargarrena.–Eskaeren balorazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa nola finkatuko den.

1. Eskaerak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, II. eranskinean adierazitako irizpide objektiboak eta haien ponderazioa kontuan hartuta.

2. Diru-laguntzaren eskaera aintzat hartua izateko, esku-hartzeak gutxienez ere 60 puntu lortu beharko ditu.

3. Diru-laguntza eskatutakoa adinakoa izanen da, betiere laugarren oinarrian ezarritako muga gainditu gabe.

4. Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren zenbateko guztiek aurrekontuetan horretarako dagoen kreditua gainditzen badute, lehentasun hurrenkera bat ezarriko da, balorazioan lorturiko puntuazioaren arabera, eta diru-laguntzak muga horretaraino banatuko dira.

5. Bi eskaerak azken puntuazio bera badute, proposamenaren kalitate teknikoaren atalean puntuazio handiena lortzen duena lehenetsiko da.

Hamaikagarrena.–Alegazioen tramitea.

1. Instrukzio organoak proposamen-txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egin daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluari jarraikiz.

2. Diru-laguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak, laguntza ematea bidezkoa bada, eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, konpromisoak eta baldintzak egokitu daitezen ematen ahal den diru-laguntzaren arabera, betiere hasierako xedea eta ezaugarriak errespetaturik. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino (eskaeran ageri den kofinantzaketa portzentaje bera mantenduko da).

Hamabigarrena.–Prozeduraren ebazpena.

1. Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiari dagokio aurkeztutako eskaerak ebaztea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenen ondorioz.

2. Deialdiaren gaineko ebazpenean honako hauek agertuko dira: diru-laguntzak hartzen dituzten eskatzaileak, diru-laguntzen helburua, zenbatekoa, pagatzeko modua eta epea, eta justifikatzeko modua eta epea; horrez gainera, gainerako eskaerak ezetsi direla aipatuko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.

3. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta 6 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Hamahirugarrena.–Jakinarazpena eta argitalpena.

Deialdiaren ebazpena administrazio prozedura arautzen duten legeetan ezarri bezala jakinaraziko zaie interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da.

Hamalaugarrena.–Diru-laguntzen aurrerakinak.

Gardentasun betebeharra bete ondoren, diru-laguntzaren ordainketa aurreratua eginen da. Betebehar hori deialdi honen hemezortzigarren oinarrian eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarrita dago.

Hamabosgarrena.–Diru-laguntzaren justifikazioa.

1. Esku-hartzeak bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez, entitate onuradunek esku-hartzearen gauzatzeari buruzko azken txostena aurkeztuko dute, www.cooperacion.navarra.es webgunean eskura dagoen eredu ofizialaren araberakoa. Diru-laguntzak ematen dituen administrazioak esku-hartzea gauzatzeko epea luzatzea baimenduz gero, kasuan kasuko baimenean xedatutakoak aginduko du.

2. Azken txostenak justifikazio kontuaren forma izanen du, eta gastuen frogagiriekin edo kontu auditore baten txostenarekin batera aurkeztuko da. Elementu hauek jasoko ditu:

a) Aurkeztutako azken txosteneko dokumentazioan ageri diren datu guztiak egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatua.

b) Funtsak igorri direla eta zer truke-tasa aplikatu den frogatzeko dokumentazioa, igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada; bestelako kasuetan, erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzaren onuraduna den GGKEaren legezko ordezkariak sinatua.

c) Funtsak jaso izana frogatzen duen dokumentazioa, eta igorpena bankuko transferentzia bidez egiten bada, aplikatutako truke-tasak erakusten dituzten banku-agiriak.

d) Tokiko monetan ordaindu baldin bada, truke-tasa egiaztatzeko banku-agiriak.

e) Esku-hartzearen exekuzioari buruzko txosten teknikoa, www.cooperacion.navarra.es Nafarroako Atarian eskuragai dagoen eredu ofizialaren araberakoa, non lorturiko helburuak eta emaitzak eta egindako jarduerak zehaztuko diren gutxienez; horri guztiari egiaztatze-iturriak erantsiko zaizkio.

f) Txosten ekonomikoa, esku-hartzearen aurrekontuaren exekuzioari buruzko azalpen txosten bat erantsita, Excel formatuan, Nafarroako Atarian eskura dagoen eredu ofizialaren arabera prestatua (www.cooperacion.navarra.es). Txosten horretan honako hauek jasoko dira:

–Esku-hartzearen gastuen balantzea.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko jaso diren bestelako diru-sarrera, diru-laguntza edo laguntzak, publikoak edo pribatuak, baita haien zenbatekoa eta jatorria ere.

–Funtsen igorpenen xehetasuna eta aplikatutako truke-tasak.

–Gastu guztien zerrenda, jarduera eta gastu motaren arabera bereizita, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez beste ekarpen batzuekin finantzatutako gastuen zerrenda barne dela. Gastu bakoitzean honako hauek agertuko dira: zerrendan zer dokumentu zenbaki duen, egiaztagiriaren zenbakia eta data, igorlearen izena edo helbidea eta haren identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, kontzeptua, egiaztagiriaren testua (luzea izanez gero, laburtzen ahalko da), ordaintzeko modua, zenbat ordaindu den tokiko monetan eta hori zenbat den eurotan. Gastuen zerrendekin batera, frogagiriak aurkeztuko dira, kasuan kasuko kontrol organoak egiaztatu ahal izateko.

g) Justifikazio kontua eta gastuen egiaztagiriak aurkeztuz gero, kontrol organoak zilegi izanen du lagin bat hartzea ikuskapena egiteko. Frogagiri gisa fakturak, nominak, kotizazio-buletinak edo zergen aitorpenerako inprimakiak aurkeztuko dira, eta, halakorik ezean, banku laburpenak, gordekinak, kaxako erregistroak, gastuen oharrak edo bestelako agiriak. Betiere, zerrendan aipatzen diren datuak adierazi beharko dituzte. Frogagiri horiekin batera, ordainketa egin dela justifikatzeko agiriak aurkeztuko dira. Frogagiriak tokiko partaideak behar bezala frogatutako kopiak izanen dira, edo, Espainian sortutako gastuen kasuan, entitate onuradunak frogatutako kopiak. Frogagiriak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez ez badaude, gaztelaniara itzuli beharko dira osorik.

Frogagiri guztiek eginbide-zigilua eraman beharko dute, Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituela adierazteko. Eginbidean, gutxienez, honako hauek jasoko dira: espediente zenbakia; “Nafarroako Gobernuak finantzatua” testua; eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaren kargura finantzatutako diru kopurua edo portzentajea.

h) Kontu auditore baten txostena emanez aurkezten den justifikazio kontua hautatuz gero, auditorea Kontabilitatearen eta Kontu Auditoriaren Institutuaren mendeko Kontu auditoreen Erregistro Ofizialean jardunean dagoela agertu beharko da; kontu auditorearen justifikazio kontuari buruzko txostena atzerrian egiten bada, proiektua gauzatzen deneko herrialdean jardunean dauden auditoreek egiten ahalko dute, baldin eta herrialde horretan kontu auditoretzan aritzeko gaikuntza araubiderik bada; halakorik ezean, txostena herrialde horretan finkatutako auditore batek ematen ahalko du, betiere haren izendapena Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak berresten badu, diru-laguntza jasotzen duen entitateak proposaturik, behar den kalitatea bermatzen duten irizpide teknikoekin bat.

Kontu auditoreak maiatzaren 17ko EHA/1434/2007 Aginduan ezarritakoari jarraikiz eginen du justifikazio kontuaren gaineko txostena. Agindu horren bidez onetsi zen kontu auditoreek diru-laguntzen justifikazio kontuak berrikusteko jarraitu beharreko jarduketa-araua (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 125. zenbakia, 2007ko maiatzaren 25ekoa). Txostenean zehaztapen hauek bete beharko dira:

–Oinarri honen 2. puntuan aurreikusitako egiaztagiriak: justifikazioa osatzen duten dokumentu guztien zerrenda osoa jasoko da, zein dauden egiaztatuta eta ezarritakoari lotzen ote zaizkion adierazita.

–Hamaseigarren oinarriko “Azpikontratazioa” atala: azpikontrataziorik ote den adieraziko da, eta, halakorik bada, oinarri honetan ezarritakoa betetzen ote den.

–Hamazazpigarren oinarriko “Betebeharrak” atala: oinarri horretako betebehar bakoitza betetzen ote den adieraziko da, eta “ez da bidezko” zehaztuko du hala dagokion kasuetan.

–Nafarroako Gobernuak finantzatutako gastuen zerrenda aztertu eta berrikusiko da nagusiki, eta laginketa teknikak erabiltzen ahalko dira kontu-ikuskapenetan onartu ohi diren praktiken arabera. Aipatu EHA/1434 Aginduan ezarritako egiaztapenez gain, honako hauek aztertuko dira berrikuspenean: zerrendan jasotako gastu-ohar bakoitza ordaindu egin dela, eta gastuak diruz laguntzen ahal direla oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera.

–Diruz lagundutako jarduera (guztia edo zati bat) tokiko bazkide batek edo atzerriko partaideak gauzatu badu, ez da beharrezkoa izanen diru-laguntzaren gastuaren frogagiriak onuradunaren kontabilitate erregistroetan jasotzea; halakoetan, auditoreak tokiko bazkidearen edo partaidearen kontuak berrikusiko ditu.

–Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza ez bestelako finantzaketarik bada, egiaztatuko da beste ekarpen batzuen bidez finantzatutako gastuen zerrendako datuak osorik daudela eta zerrenda hori oinarri honen 3. puntuan ezarritako ziurtapenarekin bat heldu dela.

i) Justifikatzen den gastua ez bada iristen aurreratutako edo kontura ordaindutako guztizko zenbatekora, frogagiri bat aurkeztu beharko da erakusteko diru-sarrera bat egin dela Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo kontura ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa, deusetan galarazi gabe diru-laguntzaren espedientea ixten duen ebazpenean ezartzen dena. Diru-sarrera hori ordainketa-gutun baten bidez eginen da, entitate onuradunak kudeaketa organoari eskatu beharko diona, eta horren bidez ulertuko da entitateak uko egiten diola itzultzen duen diru zenbatekoari.

j) Beste edozein dokumentazio grafiko nahiz idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren gauzatzearen edo martxa onaren berri emateko.

3. Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.

4. Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, diruz lagundutako jarduera behar bezala justifikatu dela egiaztatu ondoren, diru-laguntzari buruz dagokion administrazio espedientea itxiko du, eta horren berri emanen zaio entitate onuradunari.

Hamaseigarrena.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak edo tokiko bazkideak esku-hartzearen zati bat gauzatzeko azpikontratazioa egiten ahal du hirugarrenekin, diruz lagundutako aurrekontuaren %15era arte gehienez, eta betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamazazpigarrena.–Betebeharrak.

Esku-hartze jakin baterako diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran eta diru-laguntza emateko baldintzetan zehaztutako moduan gauzatzea esku-hartzea. Gauzatzeko epea aldatzen duten edo hura betetzea nabarmen zailtzen duten inguruabarrak gertatuz gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 16.1.c) artikuluan ezarritako moduan jokatuko da.

b) Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiaren baimena eskatzea eta hura lortzea diru-laguntzaren xede den ekintzan aldaketak egiteko, ekintza hori burutzen ari den bitartean herrialdean edo entitate onuradunaren egoitzan ekintza garatzea eragozten edo zailtzen duten gorabeherak gertatzen direnean; funtsezko aldaketatzat joko dira helburuak, emaitzak, xedeko populazioa, kokagunea eta tokian tokiko bazkidea ukitzen dituztenak, baita diru-laguntza jaso duten kontu-sailen arteko aldaketak ere, orotara emandako diru-laguntzaren %20 baino gehiago egiten dutenak. Esku-hartzea gauzatu bitartean gertatzen diren gainerako gorabehera eta aldaketak arrazoi bidez adieraziko zaizkio Nafarroako Gobernuari azken txostenean, barnean dela Nafarroako Gobernutik kanpoko finantzabideak handitzeagatik guztirako kostua handitzea.

c) Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza hartu ondoren edozein erakunde publiko edo pribaturi helburu bererako eskatutako eta horrek emandako diru-laguntzen zenbatekoa jakinaraztea. Jakinarazpen hori azken justifikazio txostenean egin beharko da.

d) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diru-laguntzaren xedeko jarduera egin dela eta diru-laguntza hartzeko helburua lortu dela, deialdi honen hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken txostenaren bidez. Justifikatutako zenbatekoa diru-laguntzaren zenbateko aurreratua baino txikiagoa izatera, erabili ez diren funtsak itzuliko dira, organo kudeatzaileak emandako ordainketa-gutunaren bidez.

e) Diru-laguntzak emateko ebazpenaren proposamena egiten denean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergen arlokoak eguneratuak izatea.

f) Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 25., 27. eta 28. artikuluetan lankidetzako langileei eta boluntarioei buruz jasotako betebeharrak betetzea.

g) Nafarroako Gobernuari proiektuaren zabalkundea egiten laguntzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

h) Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

i) Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea. Bereziki, hamabosgarren oinarriko 2. apartatuan aipatzen diren gastuen egiaztagiriak organo emailearen esku uztea, eskatuz gero. Horrela egin ezik, ulertuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluko 1.1.f) apartatuaren kontrako arau-haustea gertatu dela.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea azken txostena aurkeztu eta lau urtez, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

k) Hartutako funtsak itzultzea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honen hamazazpigarren eta hemezortzigarren oinarrietan jasotako kasuetan, eta Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiak baimendutako esku-hartzeetarako aurreratutako funtsak agortzen ez diren kasuetan.

l) Ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, zaharberritu eta hobetuz gero, “Transferentziaren edo loturaren akta” aurkeztuko da, non agertuko baita beharturik daudela ondasunak diru-laguntzaren helburu zehatzetan erabiltzera gutxienez ere hamabost urtez, erregistro publikoan inskribatu beharreko ondasunak izanez gero, edo hiru urtez, bestelako ondasunak izanez gero.

m) Diru-laguntzen aurrerakinak ezin badira berehala igorri xedeko herrialdera, entitate esleipen-hartzaileak ezin izanen ditu funts horiek utzi kanpoko gorabehera kontrolaezinen mende, eta inbertsioak onartuko dira, bakarrik, baldin eta funtsak ez transferitzeko zergatikorik bada, inbertsioak arriskurik ez badu eta bermaturik badago.

Hemezortzigarrena.–Gardentasun betebeharra.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan jasotako entitateak behartuta daude betetzera Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak, baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen baditu eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute diru-laguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da.

d) Kargudun bakoitzaren lanaldi mota gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta diru-laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da, diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, kasua bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko diru-laguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hemeretzigarrena.–Ez-betetzeak.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan, diru-laguntzen onuradun direnek hartutako dirua itzuli beharko dute, bertan ezartzen diren baldintzetan.

2. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako inguruabar, betebehar eta baldintzak hamazazpigarren oinarrian aipatzen den baimen administratiboa izan gabe aldatuz gero, ez-betetzetzat joko da.

3. Hamabosgarren oinarrian aipatzen den azken justifikazio-txostena epe barrenean aurkezten ez bada, ez-betetzea izanen da.

4. Ez-betetzeetan maila desberdinak egonen dira, honako hauen arabera:

–Esku-hartzea noraino bete den, arlo teknikoari eta aurrekontuari dagokienez.

–Zenbat aldaketa egin diren, eta nolakoak, aurretik baimen administratiboa izan gabe.

–Zenbat aldaketa ez-funtsezko egin diren, eta nolakoak, bidezko arrazoirik izan gabe.

–Azken justifikazio-txostena epetik kanpo aurkezten denean, zenbat egun iragan diren. Kasu horretan, atzeratutako hilabete bakoitzeko edo, hilabete osoak ez badira, horren zatiki bakoitzeko, %0,1 gutxituko da emandako diru-laguntza.

5. Aurreko atalean ezarritakoa galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluak eta hurrengoek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hogeigarrena.–Bidezko diren administrazio errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Aplikazio egintzen aurka eta ebazpenaren aurka (berariazkoa edo ustezkoa) gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

Hogeita batgarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.

II. ERANSKINA

Larrialdietako ekintza humanitario espezializatuaren arloko proiektuetarako balorazio irizpideak 2018rako

1.1. Entitate eskatzaileak erakunde gisa duen gaitasuna (50 puntu gehienez):

A) Gaitasun estrategikoa: (25 puntu gehienez):

–Ekintza humanitarioaren plan estrategikoaren edo antzekoaren agiriaren analisia (10 puntu gehienez).

–Proposamena Plan Estrategikoan sartzearen justifikazioa (5 puntu gehienez).

–Segurtasun arazoak edo arazo medikoak sortzen diren kasuetarako segurtasun protokoloak eta ebakuazio planak izatea (5 puntu gehienez).

–Xedeko lurraldean tokiko agintari eta eragileekin koordinatzeko prozedurak; nazioarteko erakundeak; kluster edo sareren batean sarturik egotea (5 puntu gehienez).

B) Jarduteko gaitasuna eta finantza-gaitasuna (25 puntu gehienez):

–Larrialdietarako ekipamendu teknikoa eta beste baliabide batzuk (5 puntu gehienez).

–Larrialdietan erreakzionatzeko batez besteko denbora eta larrialdiari erantzuteko baliabideak (5 puntu gehienez).

–Azkeneko 8 urteotan ekintza humanitarioaren arloan izandako esku-hartzeak (5 puntu gehienez).

–Ekintza humanitarioaren arloan, entitate eskatzaileak azken 8 urteotan kudeatu dituen funtsen bolumena (5 puntu gehienez).

–Nafarroan duen ezarpena (5 puntu gehienez).

1.2. Proposamen orokorraren kalitate teknikoa (50 puntu gehienez):

–Dohaintza Humanitario Egokiaren printzipioetara nola egokitzen den eta laguntza humanitarioaren arloan dauden jokabide-kodeei atxikita dagoen (5 puntu gehienez).

–Nola txertatu diren proposamenean Nafarroako Lankidetzaren II. Plan Zuzentzailearen zeharkako ikuspegiak (5 puntu gehienez).

–Esku-hartzearen eremua aukeratzeko erabilitako irizpide orokorrak (10 puntu gehienez).

–Testuinguruaren azalpena, beharrak identifikatzea, tokiko gaitasunak indartzeko baliabideak (10 puntu gehienez).

–Ahultasun egoeran dauden kolektiboak lehenestea; onuradun izanen den populazioa hautatzeko irizpideak (5 puntu gehienez).

–Populazioaren parte-hartzea, eta ekintza nola egokitzen zaion errealitate sozio-kulturalari (parte hartzea bultzatzeko eta tokiko idiosinkrasia errespetatzen dela bermatzeko hartzen diren neurriak) (5 puntu gehienez).

–Arriskuen analisia (5 gehienez).

–Ebaluazio eta jarraipen sistemak (5 puntu gehienez).

Iragarkiaren kodea: F1805088