82. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Laburpena, 2018 ikasturteko euskarazko udako
kanpaldietarako diru-laguntzen deialdiarena

Oharra: testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index) kontsulta daiteke. DDBN (identifikazioa): 393788.

1.1. Deialdi honek arautzen dituen diru-laguntzen xedea da hein batean finantzatzea D ereduko ikasleentzat antolatzen diren euskarazko kanpaldietan parte hartzearen gastuak; horietan edukiak ludikoak, kirol arlokoak eta/edo natura arlokoak izanen dira. Laguntza horiek partida honen kargura ordainduko dira: 1-33500-4820003, 2018an udako euskarazko kanpaldietara joateko diru-laguntzak. Xede horretarako, 7.000 euro izanen dira gehienez.

1.2. Deialdi honetatik kanpo daude:

a) Zuzenean nahiz zeharka Antsoaingo Udalaren bitartez kudeatzean direnak, edo horrek diruz laguntzen dituenak, diru-laguntzaren ondorioz kuota jadanik murriztua izan behar baita.

b) Txangoak edo bidaiak.

c) Herrian edo herritik hurbil egiten diren beste jarduera batzuk, barnetegirik behar ez dutenak.

d) Salbuespenez, eta baldintza bat edo gehiago ezinbestean betetzen ez badira, konparaziorako, adingabearen eritasun kronikoaren edo desgaitasunaren ondorioz, Tokiko Gobernu Batzarrak erabakitzen ahalko du diru-laguntzarako proposamena onartzea edo ezestea.

Bigarrena.–Diru-laguntza eskatzeko baldintzak.

Udako kanpaldietara joan diren D ereduko LHko edo DBHko ikasleen guraso edo legezko tutoreek eskatzen ahalko dute deialdi honetan arautzen den diru-laguntza, baldintza hauek betetzen dituztelarik:

a) Eguneratuak izatea Antsoaingo Udalarekiko betebeharrak, zerga arlokoak nahiz zergaz kanpokoak.

b) Kanpaleku horietara joan direnek Antsoaingo udalerrian erroldaturik egon behar dute, gutxienez ere urtebeteko antzinatasun jarraituarekin, laguntza eskaera egiten den egunetik hasita.

Hirugarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

3.1. Diruz lagunduko dira D ereduko ikasleendako antolatzen diren euskarazko kanpaldiak, hau da, kanpoan egiten diren egonaldiak.

3.2. Parte-hartzaile bakoitzeko kanpaldi bat baizik ez da diruz lagunduko.

3.3. Kanpaldiak 5 egun iraun behar du gutxienez eta 15 egun gehienez, eta udako oporraldian eginen da, hau da, ekainaren 20tik irailaren 10a bitarte.

Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Eskaerak irailean aurkeztuko dira, eskabide sinatu baten bitartez; horrek bat etorri beharko du deialdiarekin batera argitaratzen den eredu normalizatuarekin. Deialdiaren bosgarren oinarrian zehazten diren agiri eta argibideak aurkeztuko dira eskabidearekin batera.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.3. Aurkeztutako eskaerak ez baditu betetzen deialdi honetan ezartzen diren betekizun eta agiriak, erakunde interesdunari eskatuko zaio akatsa gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela; betiere aurretik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.

4.4. Eskaerak Antsoaingo Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira.

Bosgarrena.–Eskabideari erantsi beharreko agiri eta argibideak.

5.1. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Kanpaldia antolatzen duen entitatearen ziurtagiria, non kanpaldiaren baldintzak zehaztuko baitira -euskarari emandako tratamendua eta hizkuntza helburuak, iraupen datak, jardueren programa edo liburuxka-, bai eta bertan egon izanari buruzko ziurtagiria ere (parte-hartzailearen izen-abizenekin).

b) Matrikularen ordainagiria (banketxeak luzatua), matrikularen %100 ordaindua dagoela dioena.

Seigarrena.–Eskaeren balorazioa.

6.1. Diru-laguntzaren zenbatekoa ordaindu den kuotaren %40 izanen da gehienez; ez da 125 euro baino gehiago izanen. Ehuneko hori txikiagoa izanen da aurrekontuan dagoen diruak edo eskatzaile kopuruak horretara behartzen badu.

6.2. Eskaerak urte baterako izanen dira, eta laguntzak emateko baldintza izanen da eskaera egiten den ekitaldi ekonomikoan Udalaren aurrekontuetan dirua izatea.

Zazpigarrena.–Eskaerak aztertu eta ebaztea.

7.1. Deialdi honetan aurkezten diren eskaerak Euskara Zerbitzuaren bidez baloratuko dira; honek, hain zuzen, ofizioz gauzatuko ditu ebazpen proposamena egiteko kontuan hartzen diren datuak zehaztu, eskuratu eta egiaztatzeko behar diren jarduketak.

7.2. Diru-laguntzak emateko erabakia Tokiko Gobernu Batzarrak hartuko du.

Zortzigarrena.–Ebazteko epea.

8.1. Ebazteko epea gehienez ere bi hilabete izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

8.2. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko du eskatzaileak.

Bederatzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

9.1. Onartutako zenbatekoaren ordainketa gehienez ere hilabeteko epean eginen da, diru-laguntza ebatzi eta biharamunetik hasita.

Hamargarrena.–Jakinarazteko edo argitaratzeko bideak.

10.1. Diru-laguntzak emateko ebazpena onuradunei jakinaraziko zaie.

10.2. Laguntza emateko ebazpena parte-hartzaile guztiei jakinaraziko zaie, honako hauek adierazita: deialdia, dagozkion aurrekontuaren kreditua eta programa, erakunde onuraduna, ematen den diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea. Hori guztia Antsoaingo Herriko Etxeko iragarki-taulan jarriko da ikusgai.

10.3. Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren kontra, hautara, errekurtso hauetakoren bat para daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita”.

Antsoainen, 2018ko apirilaren 12an.–Alkatea, Ander Oroz Casimiro.

Iragarkiaren kodea: L1805055