82. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERIAIN

Deialdia, izangaien zerrenda bat osatzeko, hautaproben bitartez, Beriaingo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua aldi baterako kontratazio bidez betetzeko, sortzen diren
beharrei erantzutearren

Alkatetzaren otsailaren 21eko 24/2018 Ebazpenaren bidez, deialdia onetsi zen izangaien zerrenda bat osatzeko, Beriaingo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua aldi baterako kontratazio bidez betetzeko, sortzen diren beharrei erantzutearren, oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

Lehena.–Arau orokorrak.

Deialdi publiko honen xedea da izangaien zerrenda bat osatzea Beriaingo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua aldi baterako kontratazio bidez betetzeko, Udalean sortzen diren beharrei erantzun beharrez (lanpostu hutsak, eszedentziak, bajak).

1.1. Lanpostuek D mailako ordainsariak izango dituzte, bat etorririk uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan xedatuarekin eta Beriaingo Udalari aplikatzen ahal zaizkion gainerako xedapenekin.

1.2. Lanpostuari dagozkion eginkizunak:

Beriaingo Udaleko kaleko zerbitzuen berezko jarduketekin ikusteko duten zerbitzu anitzetako lanak, bai eta mantentze orokor, obrak, lorezaintza eta bide publikoaren garbiketarekin ikusteko dutenak ere, eta, orobat, udal instalazioak zaindu eta mantentzeko berezko jarduketekin ikusteko dutenak; hona hemen horietariko batzuk, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:

–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta mantentze-lanetakoak.

–Zerbitzuaren berezko makineriaren, lanabesen eta tresnen maneiatu, mantendu eta konpontzea.

–Hiri altzariak paratu eta mantentzea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, etab.

–Altzariak eta tresnak lekuz aldatu eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatu eta desmuntatzea.

–Ibilgailuak gidatzea eta obrako makineria arina eta ertaina maneiatzea (B motako gidabaimena arte, hori barne).

–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan mantentze eta konpontze lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, zangak ireki eta ixtea.

–Lorezaintzako lanak egitea, bere maila eta kategoriaren barnean daudenak, zerbitzuaren tresnak eta makinak erabiliz.

–Bide publikoa garbitzeko lanak egitea, hori agintzen bazaio.

–Eskatzen zaizkien hobekuntzako instalazio berriak eta jarduketak egitea, betiere beren mailakoak badira, eta lanean erabiltzen diren ibilgailuak zaindu eta mantentzeko oinarrizko lanak egitea.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izango dira honako eginkizun orokor hauek:

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak behar bezala baliatuta.

–Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturen berri ematea arduradunari aldiro eta garaiz, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.

–Lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak ezagutu eta aplikatzea.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerari egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea.

–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; betiere, bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

3.2. Lanaldi mota beti ere zerbitzuaren beharretara egokituko da; administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera. Orokorrean, goizeko txandan izango da. Edonola ere, espresuki hartuko da kontuan, antolamendu eta kudeaketa sistemen arabera, zerbitzuak txandaka egiteko aukera, goiz eta arratsaldeko txandatan. Urteko lanorduen kopurua 1.592 da, edo Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileendako urtero ezarritakoa.

Bigarrena.–Betebeharrak.

2.1. Parte hartu nahi dutenek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuen titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako gidabaimena.

Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.2. Oinarri honen 2.1.c) eta f) ataletan eskatzen diren titulazio betebeharrak agiri bidez frogatu beharko dira, deialdi honen 8.4 atalean ezarritakoarekin bat.

2.3. Oinarri honetako betekizun guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira (salbu 2.1.f) atalean adierazitakoa; hori kontratazio egunerako bete beharko da), baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Beriaingo Udaleko Erregistro Orokorrean (Udaletxe plaza, 1) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Beriaingo Udalaren Erregistro Elektroniko Orokorrean. Erregistro hori Beriaingo Udalaren egoitza elektronikoan dago (http://www.beriain.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskaera eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Elektroniko Orokorrean artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

3.2. Eskabideak II. eranskinean argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio. Horiek Udaleko bulego orokorretan eskura daitezke, baita Interneten ere, www.beriain.es helbidean. Eskabideetan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

3.3. Izangaiek honako hau aurkeztu behar dute eskabidearekin batera:

–Nortasun Agiri Nazionalaren kopia. Fotokopia konpultsatua.

–Azterketarako eskubideen tasa ES47 2100 5370 7722 0002 6376 kontuan ordaindu izanaren frogagiria. 5 euro ordaindu behar da.

Azterketarako eskubideen tasa ordaintzen ez bada edo, frogagiria aurkezten ez bada, kasua zein den, izangaia baztertu eginen da.

Arintasuna helburu, kontratua egiteko deitzen zaien pertsonek bakarrik aurkeztu behar dute eskatzen diren titulazio baldintzak eta deialdian eskatzen diren bestelakoak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.

3.4. Desgaitasun aitorturen bat duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, egoera horren frogagiria aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean behar den tokian adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Laugarrena.–Izangaien onarpena.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Beriaingo Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emango du, eta aginduko du Beriaingo Udaleko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian (www.beriain.es) argitara dadila. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko dira onartuen behin betiko zerrendak.

Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 5 egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondotik, alkateak ebazpena emango du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Udalaren web-orrian (www.beriain.es) eta iragarki-taulan bakarrik argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.3. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako betebeharrak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana aztertuta, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

4.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Bosgarrena.–Probak.

Hautapen prozesua bi proben bidez eginen da. Bata teorikoa izanen da, eta bestea praktikoa, eta biak ere baztergarriak izanen dira. Plika sistema erabiliko da.

Probak Beriaingo Udalaren instalazioetan egingo dira.

Proba teorikoaren eta praktikoaren datak behin betiko zerrendarekin batera iragarriko dira.

5.1. Proba teorikoa.

Proba teorikoa, deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 40 galdera erantzun beharko dira, idatziz, gehienez ere ordubetez. Galdera bakoitzak hiru erantzun izango ditu aukeran, baina bat bakarra izango da zuzena.

Aldi hau gehienez ere 40 punturekin baloratuko da, eta okerreko erantzunei 0,20 puntuko zigorra ezarriko zaie. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 lortu behar da gutxienez (20 puntu). 20 puntu lortzen ez dituztenek ezin izango dute hurrengo proba egin.

Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma izan ezik.

Epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du izangaien zerrenda, bakoitzak lortu dituen puntuekin.

5.2. Proba praktikoa.

Eranskineko gaiekin lotuta, proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira proba praktiko honetan.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean edo gehiagotan egingo diren, bai eta zenbat denbora iraungo duten ere, betiere haien edukiaren arabera.

Ariketa honetan gehienez ere 60 puntu lortzen ahal dira, eta ariketa bakoitzaren balorazio proportzionala egingo da, alegia, 60 puntu horien eta egin beharreko proba kopuruaren zatidura izango da. Proba gainditzeko, ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 lortu behar da gutxienez (18 puntu), proba praktiko guztiak kontuan harturik.

5.3. Probetarako dei bakarra egingo da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

5.4. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Epaimahaia.

6.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Jesús Antonio Sanz Astigarraga, Beriaingo Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Vicente Montes Calso, Beriaingo Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Miguel Ángel Serrano Gijón, Beriaingo Udaleko kaleko zerbitzuen arduraduna.

Ordezko epaimahaikidea: Alberto Fernández Ardura, Beriaingo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Epaimahaikidea: Carlos Arizaleta Orrio, Galarko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.

Ordezko epaimahaikidea: José García Ucle, Beriaingo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Epaimahaikidea: Susana Mendo Echeverría, Beriaingo Udaleko langileak ordezkatuz.

Ordezko epaimahaikidea: Jesús Izkue Apesteguía, Beriaingo Udaleko langileak ordezkatuz.

Epaimahaikide idazkaria: César Suescun García, Beriaingo Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Alberto García Pérez, Beriaingo Udaleko kontu-hartzailea.

6.2. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errefusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, aditzera emango da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazio eta aplikazioaren gainean sortzen diren arazoak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emango diete laguntza epaimahaikoei.

Zazpigarrena.–Emaitzak.

7.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik proba praktikoko bigarren zatian zein den puntuaziorik handiena.

7.2. Proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Beriaingo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.beriain.es) jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortzen duten puntuazioaren ordenaren arabera.

Proba teorikoa gainditurik, proba praktikoan proba horretako gehieneko puntuazioaren (60 puntu) %30 (18 puntu) gutxienez lortzen duten izangai guztiak sartuko dira aldi baterako kontrataziorako zerrendetan.

7.3. Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatua, Beriaingo Udaleko Alkatetzari bidaliko zaio eta, horrekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onetsia izan dadin.

Zortzigarrena.–Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

8.1. Gainditu duten izangaiei Beriaingo Udalean gertatzen diren beharren arabera eginen zaie dei, deialdi honetan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

8.2. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera egingo dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horren frogak utziko dira. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, posta elektroniko bat bidaliko da emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada eta, telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Harremanetan jarri, eta kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela:

–Aldi baterako ezintasuna.

–Amatasun edo aitatasun baimena.

–Hiru urtez azpiko haurra zaintzea edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

–Ezkontza edo parekatutako egoera, baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturalean bada.

–Kontratazioren bat indarrean izatea, dela administrazio araubidekoa edo lanekoa.

–Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarriekin.

Aipatu egoeratako batean dauden izangaiek agiri bidez eta egiaztatzeko moduan frogatu beharko dute, zazpi egun naturaleko epean, uko egiten dioten lanpostua eskaini zaien egunaz geroztik. Frogarik aurkeztu ezean, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

8.3. Deialdi honen bidez osatzen den izangaien zerrendaren kudeaketari dagokionez, deialdian ezarrita ez dagoen orotan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru agindu horren bidez onetsi ziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak (2011ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 15ekoa).

Bederatzigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Beriainen, 2018ko otsailaren 21ean.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

I. ERANSKINA

1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.

3. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuarena.

5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak zutitzea.

6. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

7. gaia.–Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

8. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

9. gaia.–Eskema elektrikoen eta iturgintzakoen ezagutza.

10. gaia.–Beraingo errealitatearen ezagutza: kaleak, udal eraikinak, lokalak, erakundeak, udal araudia.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1802603