82. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

178/2018 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez berariazko prestakuntzako ikastaro batzuen deialdia egiten baita lan esperientziaren bidez edo bestelako prestakuntza bide ez-formaletan eskuratutako lanbide gaitasunak aitortu eta egiaztatzeko prozeduran (uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren bidez arautuan) aholkulari edo ebaluatzaile gisa aritu nahi dutenek behar den gaikuntza lor dezaten.

Lan esperientziaren bidez eskuratutako lanbide gaitasunak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak ezartzen duenez, aholkularitza eta ebaluazio lanak administrazio eskudunek gaitutako pertsonek beteko dituzte. Errege dekretu horren 22.3 artikuluak zehazten du, orobat, autonomia erkidegoetako administrazio eskudunek gaituko dituztela aholkularitza eta ebaluazio lanak bermatzeko behar diren pertsonak.

Bestalde, eginkizun horietan aritzeko gaikuntza lortzeko, errege dekretu horren 25.1 artikuluak ezartzen du zenbait baldintza bete behar direla esperientziari dagokionez, eta prestakuntza ikastaro berariazko bat gainditu. Era berean, adierazten da administrazio eskudunek antolatu edo gainbegiratu behar dutela ikastaro hori.

Abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren bidez, pertsonek lan esperientziaren bidez edo bestelako prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko arauak eta horretaz arduratuko den antolaketa egitura finkatu ziren. Bere 26. artikuluan zehazten da Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Institutuari dagokiola prozeduraren orientatzaile, aholkulari eta ebaluatzaileak prestatu eta gainbegiratzea.

Ikusita Lanbide Heziketaren Zerbitzuak aurkeztutako txostena, lanbide gaitasuna egiaztatzeko prozedurako aholkulariak eta ebaluatzaileak gaitzeko ikastaroen deialdiari dagokionez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ikastaro baten deialdia egitea lan esperientziaren bidez edo bestelako prestakuntza bide ez-formaletan eskuratutako lanbide gaitasunak aitortu eta egiaztatzeko prozeduran (uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren bidez arautuan) aholkulari edo ebaluatzaile gisa aritu nahi dutenek gaikuntza lor dezaten, ebazpen honen 1. eranskinean biltzen diren oinarriei jarraituz.

2. Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Lanbide Kualifikazioen Atala izendatzea gaikuntza ikastaroak antolatu, eman eta segimendua egiteko organo arduradun.

3. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari baimena ematea behar adina ebazpen emateko deialdi honen garapena egokia izan dadin.

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeatzailetzari, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari eta Lanbide Gaitasunak Egiaztatzeko eta Iturrondo Zentroaren Atalari, eta Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Lanbide Kualifikazioen Atalari eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegoari.

Iruñean, 2018ko apirilaren 20an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

1. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

a) Ebazpen honen xedea da berariazko prestakuntza ikastaro baten deialdia egitea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, horren bidez lanbide kualifikazio batzuen gaitasun unitateen ebaluatzaile eta aholkulari lanetan arituko diren pertsonei gaikuntza emateko. Deialdi honen 2. eranskinean daude jasota kualifikazio horiek.

b) Berariazko ikastaro bat eginen da aholkulariak gaitzeko eta beste bat ebaluatzaileak gaitzeko.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

a) Ikastaro horiek egin ahal izateko, interesdunek frogatu beharko dute deialdi hau argitaratzen den egunean gutxienez 4 urteko esperientzia dutela, deialdiko kualifikazioei lotua, kolektibo hauetakoren batean:

–Hezkuntzako administrazio publikoko irakasleak, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen edo Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan aitortutako espezialitatekoak, kasuan kasuko lanbide arloan irakaslana esleitua dutenak.

–Prestatzaileak, hezkuntza sistemakoak ez direnak eta zehazten diren gaitasun unitateetan espezializatuak.

–Hezkuntzaz kanpoko administrazio publikoetako edo enpresetako profesionalak, zehazten diren gaitasun unitateetan adituak, lanbide heziketako espezialitateetara parekatutako irakasleak barne, funts publikoak dituzten ikastetxeetan lanbide heziketako heziketa ziklo itunduak irakasten badituzte.

b) Profesionaltasun ziurtagiri edo titulu ofizial bat izatea, gaikuntza zer kualifikaziotarako nahi den, horri dagokion maila bera izanen duena bederen. Baldintza hori ez da nahitaezkoa izanen administrazioko funtzionarioentzat.

c) Ez egotea beste edozein ikastaro egiten helburua duena lanbide gaitasunak aitortzeko prozeduretan aholkulari edo ebaluatzaile gisa aritzeko gaikuntza lortzea (uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak arautzen ditu prozedura horiek).

d) Interneteko sarbidea izatea, baita erabiltzaile mailako informatikako oinarrizko ezagutza ere.

3.–Deialdian ekaintzen diren tokiak.

a) Aholkulariak eta ebaluatzaileak gaitzeko berariazko ikastaroan 80 toki eskaintzen dira. Horietatik 40 aholkulari izateko dira, eta beste 40, berriz, ebaluatzaile izateko.

b) Berariazko baldintzarik ez duten tokiak (irakasle funtzionarioentzat edo adituentzat ez direnak) honako hauek eskatzen ahalko dituzte: beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioek eta langileek, hezkuntza sistemako irakasleek, prestatzaileek eta enpresa munduko adituek.

c) Eskaintzen diren tokiak honela banatzen dira:

Aholkulariak:

–4 toki, salerosketaren, merkataritzaren eta kudeaketa komertzialaren jardueren esparruan (Lanbide arloa: Merkataritza eta Marketina).

–3 toki, kudeaketa administratiboko eta finantzarioko jardueren esparruan (Lanbide arloa: Administrazioa eta Kudeaketa).

–4 toki, telekomunikazio instalazioen, ahots eta datu sareen eta telefoniaren esparruan (Lanbide arloa: Elektrizitatea-Elektronika).

–3 toki, behe tentsioko instalazio elektrikoen esparruan (Lanbide arloa: Elektrizitatea-Elektronika).

–4 toki, ekipo elektronikoen esparruan (Lanbide arloa: Elektrizitatea-Elektronika).

–5 toki, bero, hotz, girotze eta gas instalazioen esparruan (Lanbide arloak: Energia eta Ura eta Instalazioa eta Mantentze-lanak).

–3 toki, igogailuen instalazioaren eta mantentze-lanen esparruan (Lanbide arloa: Instalazioa eta Mantentze-lanak).

–4 toki, tanatopraxiaren esparruan (Lanbide arloa: Osasuna).

–2 toki, toki irekietan eta industria instalazioetan garbitzeko esparruan (Lanbide arloa: Segurtasuna eta Ingurumena).

–2 toki, etxebizitzak, eraikinak eta lokalak garbitzeko esparruan (Lanbide arloa: Gizarte eta Kultura Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak).

–3 toki, etxeko lanen esparruan (Lanbide arloa: Gizarte eta Kultura Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak).

–1 toki, fabrikazio mekanikoaren esparruan (Lanbide arloa: Fabrikazio Mekanikoa).

–2 toki, hileta zerbitzuetan bezeroari arreta emateko eta protokolo ekintzak antolatzeko esparruan adituak diren pertsonentzat (Lanbide arloa: Gizarte eta Kultura Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak).

Ebaluatzaileak:

–2 toki, salerosketaren, merkataritzaren eta kudeaketa komertzialaren jardueren esparruan (Lanbide arloa: Merkataritza eta Marketina).

–2 toki, Merkataritzako Antolaketa eta Kudeaketa espezialitateko irakasle funtzionarioentzat (Lanbide arloa: Merkataritza eta Marketina).

–2 toki, Merkataritzako Prozesuak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat (Lanbide arloa: Merkataritza eta Marketina).

–2 toki, Sistema Elektrotekniko eta Automatikoak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat (Lanbide arloa: Elektrizitatea-Elektronika).

–2 toki, Instalazio Elektroteknikoak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat (Lanbide arloa: Elektrizitatea-Elektronika).

–3 toki, Ekipo Elektronikoak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat (Lanbide arloa: Elektrizitatea-Elektronika).

–3 toki, Sistema Elektronikoak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat (Lanbide arloa: Elektrizitatea-Elektronika).

–3 toki, telekomunikazio instalazioen esparruko adituentzat (Lanbide arloa: Elektrizitatea-Elektronika).

–1 toki, Fabrikazio Mekanikoaren Antolaketa eta Proiektuak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat (Lanbide arloa: Fabrikazio Mekanikoa).

–3 toki, bero, hotz, girotze eta gas instalazioen esparruan (Lanbide arloak: Energia eta Ura eta Instalazioa eta Mantentze-lanak).

–2 toki, igogailuen instalazioaren eta mantentze-lanen esparruko adituentzat (Lanbide arloa: Instalazioa eta Mantentze-lanak).

–5 toki, tanatopraxiaren esparruko adituentzat (Lanbide arloa: Osasuna).

–3 toki, toki irekietan eta industria instalazioetan garbitzeko esparruan (Lanbide arloa: Segurtasuna eta Ingurumena).

–2 toki, Komunitatearentzako Zerbitzuak espezialitateko irakasle funtzionarioentzat (Lanbide arloa: Gizarte eta Kultura Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak).

–2 toki, etxebizitzak, eraikinak eta lokalak garbitzeko esparruko adituentzat (Lanbide arloa: Gizarte eta Kultura Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak).

–3 toki, hileta zerbitzuetan bezeroari arreta emateko eta protokolo ekintzak antolatzeko esparruan adituak diren pertsonentzat (Lanbide arloa: Gizarte eta Kultura Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak).

Aurreko ataletan aholkulari edo ebaluatzaileentzat ezarritako toki guztiak betetzen ez badira, hutsik gelditzen direnak aurreko zerrendan agertzen diren gainerako taldeei esleitzen ahalko zaizkie, ezarritako toki guztiak bete arte.

4.–Izena emateko eskaera.

a) Ikastaroan parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete behar dute, zer kualifikaziotan parte hartu nahi duten, horiexek lehenetsita, 3.a) eta 3.b) eranskinetan ezarritako ereduei jarraituz, nork bere kolektiboari dagokiona.

b) Interesdunek bi gaikuntzetako bat hautatu behar dute, edo, kasua bada, adierazi bi ikastaroetako edozeinetan parte hartu nahi dutela. Halakoetan, Hezkuntza Departamentuak modalitate bat esleituko dio, libre dauden tokien arabera eta aurreikusten diren beharren arabera.

c) Eskatzaileek eskabide-orrian zehaztu behar dute zer kolektiboren bidez hartzen duten parte, hiru hauen artetik aukeratuta: hezkuntzako sistema publikoko bigarren hezkuntzako irakasleak eta lanbide heziketako irakasle teknikoak (funtzionarioak izan ala ez), kasu horretan, irakasle espezialitatea zehaztuta; prestatzaile espezializatuak; edo administrazio publikoko edo enpresako profesional adituak.

5.–Izena emateko dokumentazioa.

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek, kasuan kasuko eskabide-orriaz gain, dokumentazio hau ere aurkeztu behar dute:

a) Nortasun agiri nazionala.

b) Enplegatu publikoen kasuan: Zerbitzu orria.

c) Gainerako kolektiboen kasuan:

1. Curriculum vitae-a.

2. Lan bizitzaren ziurtagiria.

3. Jardun duen enpresaren edo enpresen ziurtagiria, datu hauek jasoko dituena berariaz: kontratazio aldiak, egindako lanak eta zenbat denbora egin duen lan horietan, 3.c) eranskineko ereduaren arabera. Agiri horiek aurkeztu ezin badira, eskatzaileak lan kontratuak aurkez ditzake.

4. Prestatzaileen kasuan, irakatsitako ikastaroen ziurtagirien kopia, berariaz adierazita zenbat ordu edo kreditutakoak izan diren eta zer eduki izan duten.

5. Profesionaltasun ziurtagiria edo titulu ofiziala, gaikuntza zer lanbide kualifikaziotarako eskatzen den, horrexen maila berekoa bederen, bidezkoa denean.

6. Baremoko merezimenduak edo eskaeran alegatutakoak justifikatzen dituzten beste agiri batzuk.

6.–Onartzeko irizpideak.

Jasotako eskaeren kopurua deialdiko tokiena baino handiagoa denean, hautapen irizpide hauek aplikatuko dira:

1. Azkeneko lehenespen taldean sartuko dira, aurreko deialdi batean aholkulari edo ebaluatzaile gisa gaituta egonda, beste profil teknikorako gaikuntza lortu nahi duten eskatzaile guztiak.

2. Aditu profilarekin iragartzen diren tokiak eskuratzeko, irakasle ez direnak lehenetsiko dira, salbu eta prestakuntza jardueran parte hartzeko eskatzen diren lanbide esperientziari buruzko baldintzak irakaskuntza esparrutik kanpora ere betetzen badituzte.

3. Kontuan harturik aurreko puntuetako irizpideak, lanbide esperientziarik handiena duten langileak lehenetsiko dira, baremo honi jarraikiz:

a) Zer kualifikaziotan nahi den gaikuntza, esparru horretan eta lanaldi osoan lan egindako urte bakoitzeko: 1 puntu. Denbora zati laburragoak, egun batera bitartekoak, proportzionalki konputatuko dira. Esperientzia konputatzeko, deialdi hau argitaratzen den eguna hartuko da erreferentzia gisa.

b) Hezkuntza sistemakoak ez diren prestatzaileen kasuan, esperientzia adierazten bada irakatsitako ordutan edo kreditutan, ulertuko da 600 eskola-ordu urtebeteko esperientzia dela. Denbora zatikiak ere konputatuko dira: 2,5 ordu, egun bakoitzeko. Kredituen kasuan, ulertzen da kreditu batek 10 orduko balioa duela.

c) Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari dagozkion kualifikazioen garapenean parte hartzeagatik, edo egiaztapen prozedura sostengatzeko tresnetan eta/edo profesionaltasun ziurtagirien garapenean: 1 puntu.

d) Berdinketa kasuetan, zozketaz erabakiko da.

7. Eskaerak aurkeztea.

Parte hartzeko eskaerak, beharrezkoa den dokumentazioarekin batera, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta 2018ko maiatzaren 2tik 9ra bitarte aurkeztuko dira, departamentu horretako Erregistroaren bulegoan, ahal bada, edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez:

(http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/1718/registro-general-electronico). Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako moduan ere aurkezten ahalko dira.

8.–Onartuen zerrendak.

Onartuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Atarian argitaratuko dira 2018ko maiatzaren 11n. Zerrenda horien aurka erreklamazioren bat aurkeztu nahi duten pertsonek hiru egun balioduneko epea izanen dute horretarako, behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Onartuen behin betiko zerrendak 2018ko maiatzaren 17an argitaratuko dira.

9.–Ikastaroaren ezaugarriak.

Lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak aitortzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 4. eta 5. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriko da ikastaroaren edukia.

Ikastaroak 50 prestakuntza ordu izanen ditu; horietatik 20 prestakuntza presentzialekoak izanen dira, eta 30 urrutiko prestakuntzakoak. Saio presentzialak maiatzaren 22an, 24an, 29an, 31n eta ekainaren 4an eginen dira. Urrutiko fasea 2018ko ekainaren 15ean bukatuko da.

10.–Gaikuntza.

a) Aholkulari eta ebaluatzaileen prestakuntza ikastaroa gainditzen duten pertsonek gaikuntza jasoko dute lanbide gaitasunak egiaztatzen dituzten prozeduretan aritzeko, eta kasuan kasuko erregistroetara gehituko dira.

b) Prestakuntza gainditutzat jotzeko, parte-hartzaileek ikastaroa probetxuz bukatu behar dute, saio presentzial guztietara joan, eta ezartzen diren jarduera guztiak egin. Saioren batera huts eginez gero, ez da gaikuntza emanen, justifikatutako arrazoiren bat izan ezean. Honako hauek dira justifikatutako arrazoiak: parte-hartzailea gaixorik egotea eta, horregatik, ezinezkoa izatea ikastaroa egiteko tokira joatea eta bertaratzea, edo nahitaezko eginbehar publiko edo pertsonal bat izatea. Nahitaezko eginbehar publiko edo pertsonaltzat hartzen da pertsona bati, bete ezean, erantzukizun penal, zibil edo administratibo bat sorrarazten dion betebeharra. Kasu horietan, inguruabar hori frogagiri bidez justifikatu beharko da, saio presentziala egin eta hurrengo bost egun balioduneko epean.

c) Hezkuntzako zuzendari nagusiak emanen du gaikuntza, eta Estatuko Administrazio Orokorrak nahiz autonomia erkidegoek lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko egiten dituzten prozeduren deialdietarako ere balioko du.

d) Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen edo Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetakoak diren irakasle funtzionarioen gaikuntzak honako hauetarako balioko du:

–Aholkularien kasuan, irakaslana zein lanbide arlotan duten esleitua, lanbide arlo horretarako guztirako.

–Ebaluatzaileen kasuan, irakaslana zein lanbide modulutan duten esleitua, haiei loturiko gaitasun unitateak dituzten kualifikazio guztietarako.

e) Gainerako kolektiboen gaikuntza lanbide kualifikazio edo gaitasun unitate zehatzetarako izanen da.

f) Deialdi honen bidez gaikuntza jasotzen dutenek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren prozedura deialdietan parte hartzeko, ebaluatzaile gisa edo aholkulari gisa, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoiren bat baldin badago, b) letran adierazitakoari jarraikiz.

g) Deialdi honen bidez aholkularien edo ebaluatzaileen gaikuntza jasotzen duten pertsonak ezin izanen dira hautagai gisa aurkeztu Nafarroan egiten den hurrengo deialdian, gaikuntza zer lanbide kualifikaziotan jasotzen duten, horiexetan.

2. ERANSKINA

Deialdiko lanbide kualifikazioak

–1. Arloa: Merkataritza eta Marketina.

COM085–2 Salmenta jarduerak.

COM631–2 Merkataritza txikiaren kudeaketa jarduerak.

COM086–3 Nazioarteko merkataritzaren kudeaketa administratiboa eta finantzarioa.

COM087–3 Bezeroarentzako, kontsumitzailearentzako edo erabiltzailearentzako arreta.

COM158–3 Merkataritzako espazioen ezarpena eta animazioa.

COM314–3 Salmenten kudeaketa komertziala.

COM315–3 Hornikuntzaren kudeaketa eta kontrola.

2.–Arloa: Behe tentsioko instalazio elektrikoak:

ELE257–2 Behe tentsioko instalazio elektrikoen muntaketa eta mantentze-lanak.

ELE260–3 Behe eta goi tentsioko sare elektrikoen proiektuak garatzea.

ELE385–3 Behe tentsioko eta kanpoko argiteriako sare elektrikoen muntaketa eta mantentze-lanak kudeatzea eta ikuskatzea.

3.–Arloa: Telekomunikazio instalazioak.

ELE043–2 Eraikinetako telekomunikazio azpiegituren muntaketa eta mantentze-lanak.

ELE189–2 Telefonia sistemen eta tokiko datu sareetako azpiegituren muntaketa eta mantentze-lanak.

ELE258–3 Eraikinen ingurunean telekomunikazio azpiegituren eta ahots eta datu sareetako azpiegituren proiektuak garatzea.

ELE383–3 Eraikinen ingurunean telekomunikazio azpiegituren eta ahots eta datu sareetako azpiegituren muntaketa eta mantentze-lanak kudeatu eta gainbegiratzea.

4.–Arloa: Bero, girotze, hotz eta gas instalazioak.

ENA192–2 Gas sareen muntaketa eta mantentze-lanak.

ENA190–2 Eguzki-instalazio termikoen muntaketa eta mantentze-lanak.

ENA264–3 Eguzki-instalazio termikoen antolakuntza eta proiektuak.

ENA359–3 Zentral termoelektrikoetako eragiketak kudeatzea.

ENA472–2 Gas aparatuak eta instalazio hartzaileak muntatzea, zerbitzuan jartzea, mantentzea, ikuskatzea eta aztertzea.

ENA192–2 Gas sareen muntaketa eta mantentze-lanak.

ENA360–3 Gas sareen muntaketaren eta mantentze-lanen kudeaketa.

IMA040–2 Hozteko instalazioen muntaketa eta mantentze-lanak.

IMA372–3 Hozteko instalazioen proiektuak garatzea.

IMA376–3 Hozteko instalazioen muntaketa gainbegiratzea eta haien mantentze-lanak planifikatzea, kudeatzea eta egitea.

IMA369–2 Girotzeko, aireztatzeko eta erauzteko instalazioen muntaketa eta mantentze-lanak.

IMA371–3 Girotzeko, aireztatzeko eta erauzteko instalazioen proiektuak garatzea.

IMA375–3 Girotzeko, aireztatzeko eta erauzteko instalazioen muntaketa gainbegiratzea eta haien mantentze-lanak planifikatzea, kudeatzea eta egitea.

IMA368–2 Berotzeko instalazioen muntaketa eta mantentze-lanak.

IMA370–3 Berotzeko instalazioen proiektuak garatzea.

IMA374–3 Berotzeko instalazioen muntaketa gainbegiratzea eta haien mantentze-lanak planifikatzea, kudeatzea eta egitea.

5.–Arloa: Igogailuen instalazioa eta mantentze-lanak.

IMA568–2 Igogailuen eta igotzeko eta garraiatzeko beste ekipo finko batzuen instalazioa eta mantentze-lanak.

IMA570–3 Mantentze, jasotze eta garraio instalazioen proiektuak garatzea.

6.–Arloa: Hileta zerbitzuak.

SSC608–2 Hileta zerbitzuetan bezeroari arreta ematea eta protokolo ekintzak antolatzea.

SAN491–3 Tanatopraxia.

7.–Arloa: Etxeko lanak.

HOT222–1 Geletako oinarrizko eragiketak ostatuetan.

SSC413–1 Etxeko lanak.

8.–Arloa: Garbiketa.

SSC319–1 Azalerak eta altzariak garbitzea eraikinetan eta lokaletan.

SEA406–1 Garbiketa toki irekietan eta industria instalazioetan.

SSC446–3 Garbiketa taldeen kudeaketa eta antolaketa.

Kualifikazio horien garapena esteka honetan kontsultatu daiteke: http://cualificaciones.educacion.navarra.es/index.php/el-sistema-nacional-de-cualificaciones/catalogo-nacional-de-cualificaciones

3.A) ERANSKINA

Eskabide eredua irakasle funtzionarioentzat.

3.B) ERANSKINA

Eskabide eredua beste kolektibo batzuentzat.

3.C) ERANSKINA

Jarduera profesionalaren ziurtagiria.

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1805311