81. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VALTIERRA

Deialdia, Valtierrako Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat, C mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, plantillako lanpostu kopurua handitu gabe

Alkatetzaren 2018ko martxoaren 26ko Ebazpenaren bidez, deialdia onetsi zen, Valtierrako Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko. Honako hauek dira deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizial izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, Valtierrako Udalaren zerbitzuko plantillako langileekin, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatzen dituztenekin, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluan ezarri moduan. Lanpostu horiek 2017ko ekitaldirako identifikatu dira udal honen plantilla organikoan.

1.2. Hautaprobak gainditurik, administrari-ofizialaren lanpostuan aritzeko izendatua gertatzen den hautagaia C maila edo taldean sartuko da, eta plantilla organikoan nahiz aplikatzeko diren gainerako xedapenetan ezarritako kasuan kasuko ordainsari eta osagarriak hartuko ditu. Ordura arte zuen lanpostua besterik gabe amortizatuko da.

1.3. Mailaz igotzeko deialdi honetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko hautagaiak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubide juridikoa. Halaber, gizarte segurantzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Urteko lanaldia Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak edozein unetan aldatzen ahalko du.

1.5. Administrari-ofizialaren lanpostua eskuratzen duen pertsonak maila horri dagozkion eginkizunak beteko ditu eta bestelakorik ere agindu ahalko zaio, bere mailari dagozkion ohiko eginkizunez gain.

Guztiz zehaztuta ez badaude ere eta mugatzeko asmorik gabe, hona hemen zeregin batzuk:

–Oro har, betearazpen eta tramiteko lanak.

–Tramiteko eginbide eta ofizioak prestatzea, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunak adierazten dizkion jarraibidei loturik.

–Bere ardurapeko espedienteen kudeaketa, jarraipena eta kontrola, eta espedienteen izapidetze administratiboak osatzea ailegatzen diren agiriak erantsiz.

–Zailtasun juridikorik gabeko txosten eta ebazpen proposamenak prestatzea Udalaren eskumeneko espedienteen gainean, Udaleko administrazio zerbitzuen arduradunaren zehaztapenei jarraituz.

–Horrela erabakiz gero, manatzen ahal zaizkion lan arloetan, txosten, proposamen, espediente eta mota ezberdinetako lanetan datuak lortzen eta eransten laguntzea.

–Jendeari harrera egitea eta argibideak ematea, gaien tramitazioan parte hartu badu edo espedienteen egoeraren berri badu.

2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Honako oposizio-lehiaketa murriztu honetan onartua izan dadin, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko ditu izangaiak:

a) Valtierrako Udalaren zerbitzuko funtzionario edo lan-kontratudun finko izatea.

b) Abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

c) D mailakoa izatea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan 5 urteko zerbitzuak benetan egin dituela frogatzea.

e) Batxilergoko titulua edo Lanbide Heziketako bigarren gradukoa edo horien baliokidea izatea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan 8 urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

g) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkezterakoan eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta hautapen prozesu osoan horien jabe beharko dute izan, izendatzeko unera arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Valtierrako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean eta azken eguneko 14:00ak arte. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean ezarritako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Behar bezala betetako eskabide horrekin batean, deialdian parte hartzeko 2. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, baita honako hauek ere:

3.2.1. NANaren fotokopia.

3.2.2. Batxilergoko tituluaren, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien baliokide denaren, edo maila handiagoko titulazioaren, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

3.2.3. Deialdiko 7.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz, izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen frogagiri konpultsatuak.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.4. Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Valtierrako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, erreklamazioak aurkezteko eta, deialdiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agirietan akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea bururaturik, eta horiek zein zuzenketak ebatzi ondoan, Valtierrako Udaleko alkateak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Mahaiburua: Victoria Montori Mateo, Valtierrako Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Irene Castillejo Cizaurre, Valtierrako Udaleko lehen alkateordea.

–1. mahaikidea: Carlos Chivite Espuelas, Valtierrako udaltzaina eta udal langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Sonia Cordón Medrano, Valtierrako Udaleko kontu-hartzaile eta udal langileen ordezkaria.

–2. mahaikidea: María Yugo Iñiguez Burgui, Arguedasko Udaleko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Asún Galán Hernández, Arguedasko Udaleko administrari-ofiziala.

–3. mahaikidea: Elena Jiménez Iribarren, Caparrosoko Udaleko administrari-ofiziala.

–Ordezkoa: Ana Isabel Sánchez Hernández, Villafrancako Udaleko administrari-ofiziala.

4. mahaikidea-idazkaria: Leyre Iribarren Gil, Valtierrako Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Carmen Chueca Murillo, Castejongo Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak egin baino lehen eratuko da eta bere eraketak eta bilkuretako jarduketak balio izateko kideen gehiengo osoa beharko da elkartu.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren arazoak.

Halaber, oposizio-lehiaketaren proba guztiak edo horietako bat zuzen egin daitezen, beharrezkotzat jotzen diren barneko jardun-arauak emateko ahalmena izanen du, betiere deialdiaren oinarriei egokituz.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Oposizioaldia: Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

7. oinarria.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik heldu den baremoari jarraikiz. Izangaiek merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak zein datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa.

Lehiaketaldian 20 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

3.2.3 oinarriaren arabera alegatu eta frogaturiko merezimenduak ondoko baremo honi jarraikiz baloratuko dira:

a) Nafarroako administrazio publikoetako administrazio lanetan benetan egindako zerbitzuengatik: 2 puntu/urtea, gehienez 10 puntu atal honetarako. Emandako urteak osoak ez badira, proportzioan kontatuko dira.

b) Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza eta hobekuntza ikastaroetara joateagatik lortutako titulu edo ziurtagiri bakoitzagatik, bereziki udal kudeaketarako aplikazio informatikoei buruzkoak direnean: 0,25 puntu 4 prestakuntza orduko. 4 ordutik aurrera 0,0625 puntu kontatuko dira ordu gehigarri bakoitzeko.

7.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du izangaien zerrenda Valtierrako Udalaren iragarki oholean eta Udalaren www.valtierra.es web-orrian, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu.

8. oinarria.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehenbiziko ariketa. Teorikoa: test motako 40 galderari erantzunen zaie, idatziz, programako II. eranskineko gaiei buruz. Erantzun okerrak ez dira kontuan hartuko.

Ariketa honengatik gehienez ere 20 puntu bil daitezke, eta gutxienez ere 10 puntu eskuratu behar dira gainditzeko.

b) Bigarren ariketa. Praktikoa: informatikako proba. Ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, toki administrazioan erabili ohi diren aplikazio informatikoez baliatuz.

Ariketa honengatik gehienez ere 60 puntu bil daitezke, eta gutxienez ere 30 puntu eskuratu behar dira gainditzeko.

Proba horien gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du, haiek hasi aurretik.

8.2. Oposizioaldian 80 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Oposizioaldiko ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.

9. oinarria.–Izangaien zerrenda eta izendapen proposamena.

9.1. Ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Valtierrako Udaleko iragarki-taulan eta www.valtierra.es web-orrian, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du. Berdinketarik gertatuz gero, lehiaketaldian Administrazio Publikoetan emaniko zerbitzuei buruzko atalean puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde joko da.

9.2. Gutxieneko puntuazioa gainditu eta puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio epaimahaiak Valtierrako Udaleko alkateari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiak zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du Udaleko erregistro orokorrean, eta bertan adieraziko du ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua eta ez dela inoiz baztertua izan inongo administrazio publikotatik. Orobat, 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

9.4. Proposatutako izangaiak aipatu epearen barrenean agiriak aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, ezin izanen da izendatu, eta haren egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, ukatu gabe ere eskabidean egin faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

9.5. Aurreko 9.4 atalean azaldutakoa gertatuz gero, azterketa gainditzen dutenen zerrendan, 9.1 atalekoan, hurrengo datorren izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aitzineko oinarrian aipatu hautapen prozedura buruturik, alkateak, ebazpen baten bidez, Valtierrako Udaleko administrari-ofizial izendatuko du hautapen prozedura gainditurik puntu gehien lortu duen izangaia.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean jabetuko da lanpostuaz izangaia. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Valtierrako Udaleko C mailako funtzionario eta administrari-ofizial bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aitzineko oinarrian aurreikusi bezala jokatuko da.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz haren oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo,

b) Aldez aurretik eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa, Alkatetza honi zuzendua, hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, honako hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Valtierran, 2018ko martxoaren 3an.–Alkate udalburua, Victoria Montori Mateo.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldako tramiteak eta prozedurak.

2. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa. I. titulua: prozedurako interesdunak; II. titulua: administrazio publikoen jarduna; III. titulua: egintza administratiboak; IV. titulua: administrazio prozedura erkidearen xedapenak; V. tituluko II. kapitulua: errekurtso administratiboak.

3. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua, I., III., IV. eta V. kapituluak.

4. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolaketa. V. titulua: toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea.

5. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea. I. tituluko I. kapitulua: Nafarroako toki ogasunen baliabide motak; II. titulua: udal zergak.

6. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea: I. titulua, I. kapitulua: udalerria, Nafarroako toki entitate. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea. VII. titulua: Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileak, I. kapitulua, xedapen komunak. IX. titulua: Nafarroako toki entitateen jarduketa: prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola, I. kapitulua eta II. kapitulua, 1. eta 2. atalak. Bereziki, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, I. eta II. kapituluak).

7. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena. Langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak.

8. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea: I. titulua. Xedapen orokorrak. III. titulua. Adjudikazioa. II. kapitulua.
Adjudikazio prozedurak.

9. Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa. I., II. eta VII. tituluak.

Iragarkiaren kodea: L1804430