80. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

102/2018 EBAZPENA, martxoaren 14koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko ikasketak 2017-2018 ikasturtean bukatu dituzten ikasleentzat antolaturiko Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egiten duena.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aurkezturiko txostenean adierazi du komenigarria dela Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia argitaratzea; izan ere, abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuan eta Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 13ko EDU/2058/2010 Aginduan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitatean deialdi hori egitea.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017-2018 ikasturteari dagozkion Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean xedatutakoarekin bat.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Unibertsitateen Zerbitzuko Unibertsitateen Atalera eta Iruñeko “Basoko” BHIra, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2018ko martxoaren 15ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia, 2017-2018 ikasturtea

Hezkuntza Ministerioaren uztailaren 13ko EDU/2058/2010 Aginduan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2017-2018 ikasturteari dagozkion Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egin du Foru Komunitatean. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenbizikoa.–Ebazpenaren xedea.

Nafarroako Foru Komunitatean, norgehiagokako araubidean, 2017-2018 ikasturteari dagozkion Batxilergoko Sari Berezietarako deialdia egitea da ebazpen honen xedea.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.

Betebehar hauek guztiak bete beharko dituzte:

1. Batxilergoko modalitateetako edozeinetako bi kurtsoak egin eta gainditu izana Espainiako ikastetxeetan, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean bukatu izana 2017-2018 ikasturtean.

2. Batxilergoko titulua lortu izana, irakasgai guztiak gainditurik azken ebaluazio arruntean, deialdia egiten den ikasturte berean.

3. Batxilergoko bi kurtsoak aintzat harturik, 8,75eko batez besteko nota edo handiagoa lortu izana. Batez besteko nota kalkulatzeko, Batxilergoko baliozko ibilbidea osatu duten bi kurtsoetan egin eta gainditutako ikasgaietako kalifikazioak hartuko dira aintzat. Nota hori aurreko paragrafoan aipatutako ikasgaien batezbesteko aritmetikoa izanen da, bi dezimalekin adierazia, hurbileneko ehunenera biribildua (ekidistantziarik izanez gero, goiko ehunenera).

Hirugarrena.–Sari kopurua.

Batxilergoko 4 sari berezitarako deia egiten da.

Laugarrena.–Izena emateko prozedura eta epea.

1. Aurreko atalean ezarritako baldintza betetzen duten eta Batxilergoko Sari Berezia eskuratu nahi duten ikasleek eskabidea aurkeztuko dute, Batxilergoko 2. maila zein ikastetxetan ikasi duten, hartantxe, 2018ko ekainaren 1eko 14:00ak baino lehen. Eskabideak II. eranskinekoa bezalakoa izan behar du.

2. Izena emateko epea bukaturik, eta betiere 2018ko ekainaren 5eko 14:00ak baino lehen, ikastetxeetako idazkariek Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri beharko dituzte jaso dituzten eskabideak. Eskabideari ikasketen ziurtagiria erantsiko diote, III. eranskinaren araberakoa, behar bezala betea. Baliozkoak izanen dira EDUCA kudeaketa aplikazioaren bidez jasotako ziurtapen akademikoak, edo ikastetxe itunduen sarean erabiltzen diren aplikazioen bidez jasotakoak, betiere gutxienez III. eranskinean eskatutako informazioa baldin badute, behar bezala sinaturik eta zigilaturik, gainera. Bai eskabideak bai ziurtagiriak telematika bidez igortzen ahalko dira ikastetxetik, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak ezartzen duen moduan.

3. 2018ko ekainaren 12an, onartutako ikasleen behin betiko zerrenda argitaratuko da, baita baztertutakoena eta haiek baztertzeko arrazoia ere, webgune honetan horretarako prestatutako fitxan:

http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/6404/Premios-Extraordinarios-de-Bachillerato2 Zerrenda horretan, ikasle bakoitzak hautatutako ibilbidea eta Batxilergoko modalitatea agertuko dira, baita ikasleak ebazpen honen bosgarren oinarriaren 1. puntuari jarraikiz egindako inskripzio eskabidean hautatutako ikasgaiak ere.

Dokumentazioa zuzentzeko eskaerak ere sartuko dira zerrendan, halako premiarik baldin badago. Dokumentazioa zuzenduz gero, eskaerari uko egiten zaiola ulertuko da.

Orobat, erreklamazioa aurkezten ahalko da onartuen behin-behineko zerrendaren kontra.

4. Izan litezkeen akatsen zuzenketak eta erreklamazioak, ahal dela, Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztu beharko dira, ekainaren 14ko 14:00ak baino lehen betiere. Erreklamazioa urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen beste tokietako batean aurkeztu bada, interesdunak, zuzenketa eta/edo erreklamazioa aurkezturik, posta elektronikoz bidali beharko ditu, sie/hiz@navarra.es helbidera, erreklamazioaren kopia eta dokumentazio guztia, behar bezala zigilaturik eta dataturik.

5. Onartutako ikasleen behin betiko zerrenda ekainaren 15ean argitaratuko da.

Bosgarrena.–Probaren egitura eta kalifikazioa.

1. Probak honako egitura du:

a) Lehenbiziko ariketa: Sarira aurkezten direnek hauen artean aukeratu behar dute:

–Gai bat garatzea, galdera batzuei erantzutea eta/edo “Gaztelania eta Literatura II” edo “Euskal Hizkuntza eta Literatura II” ikasgaiarekin lotura duen testu baten analisia.

–Gai bat garatzea, galdera batzuei erantzutea eta/edo “Espainiako Historia” ikasgaiarekin lotura duen testu baten analisia.

Inskripzioan bertan aukeratuko da hori.

b) Bigarren ariketa: Ikaslea ikasten ari den Atzerriko Lehen Hizkuntzan idatzitako testu bati buruzko galdera kultural, literario edo gramatikalei erantzutea. Ariketa hizkuntza horretan eginen da, hiztegiaren laguntzarik gabe, eta azterketak berak ematen duen informazio hutsarekin. Probak “Atzerriko Lehen Hizkuntza II” ikasgaia izanen du erreferentzia.

c) Hirugarren ariketa: Gai bat garatzea, galdera batzuei erantzutea eta ariketa praktikoak egitea enborreko bi irakasgaiei buruz, inskripzioan adierazitako aukeraren eta ondoko honen arabera:

–Arteen modalitatea:

(a) Arte plastikoen, Diseinuaren eta Irudiaren ibilbidea: “Artearen Oinarriak II” eta “Marrazketa Artistikoa II”.

(b) Arte Eszenikoen, Musikaren eta Dantzaren ibilbidea: “Artearen Oinarriak II eta “Musika Analisia II”.

–Zientzien modalitatea:

(a) Zientzien eta Ingeniaritzaren eta Teknologiaren ibilbidea: “Matematika II” eta “Fisika”.

(b) Osasun Zientzien ibilbidea: “Kimika” eta “Biologia”.

–Giza eta Gizarte Zientzien modalitatea:

(a) Giza Zientzien ibilbidea: “Latina II” eta “Filosofiaren Historia”.

(b) Gizarte Zientzien ibilbidea: “Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II” eta “Filosofiaren Historia”.

Hirugarren ariketan, behar den ikasgaian, kalkulagailua erabiltzen ahalko da (programagarriak edo grafikoak ez direnak). “Latina II” ikasgaian ezin izanen da hiztegia erabili. Ikasleek berek eramanen dute “Marrazketa Artistikoa II” ikasgairako behar den materiala, papera izan ezik, hori epaimahaiak banatuko baitu. Material hori norberarena izanen da, eta ezin zaio beste inori utzi.

2. Ikasleek gaztelaniaz edo euskaraz eginen dituzte probak; Batxilergoan zer hizkuntza eredu izan duten, horrexetan.

3. Ariketa bakoitza 0tik 10era bitarteko kalifikazioa emanen zaio (gehienez bi dezimal). Probaren azken kalifikazioa ikaslearen hiru ariketetan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da, bi dezimalekin adierazia, eta hurbileneko ehunenera biribildua. Ekidistantziarik izanez gero, goiko ehunenera biribilduko da nota.

Seigarrena.–Proba egiteko tokia eta data, eta hura egiteko denboraren banaketa.

1. Probak 2018ko ekainaren 19an eginen dira, Iruñeko “Basoko” BHIan.

2. Ikasleak nortasun agiri nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio zenbakia aldean dutela agertu bhearko dute probara.

3. Ariketen denbora honela banatuko da:

ARIKETAK

IRAUPENA

Lehenbiziko eta bigarren ariketak (biak batera emanen dira)

120 minutu

Atsedenaldia

30 minutu

Hirugarren ariketa (bi ikasgaiak batera emanen dira)

120 minutu

Zazpigarrena.–Epaimahaia.

1. Ebaluazio epaimahaia hezkuntzako ikuskatzaileek eta probetako gaietan adituak diren Bigarren Hezkuntzako irakasleek osatuko dute. Epaimahaiburu lanetan Hezkuntzako ikuskatzaile bat arituko da. Ebaluazio epaimahaiak, orobat, probak prestatzeko ardura izanen du.

2. Hezkuntzako zuzendari nagusiak izendatuko ditu mahaikideak, eta bertan buru eta idazkari gisa nor ariko diren zehaztuko.

Zortzigarrena.–Kalifikazio akten argitalpena.

1. Ebaluazio epaimahaiak, ikasleek egindako probak zuzendu ondoren, emaitzak jendaurrean jarriko ditu horretarako prestatutako web-orrian:

http://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/6404/Premios-Extraordinarios-de-Bachillerato2

2. Ikasleek erreklamazioa aurkez dezakete, kalifikazioak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean.

3. Interesdunek, ahal dela, Hezkuntza Departamentuaren erregistroan aurkeztu behar dituzte erreklamazioak. Erreklamazioa urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aipatzen dituen beste tokietako batean aurkeztu bada, interesdunak, erreklamazioa aurkezturik, posta elektronikoz bidali beharko ditu, sie/hiz@navarra.es helbidera, erreklamazioaren kopia eta dokumentazio guztia, behar bezala zigilaturik eta dataturik.

4. Epaimahaiak 2018ko uztailaren 5erako izan beharko ditu bukatuak bere lan guztiak.

Bederatzigarrena.–Sarien esleipena.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, kontuan harturik ikasleek lortutako kalifikazioak eta ez beste deus, Batxilergoko Sari Bereziak esleitzeko proposamen bat eginen du. Behin betiko kalifikazioak aktetan jasoak izanen ditu epaimahaiak, eta gero Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari igorriak. Batxilergoko Sari Berezia esleitzeko, ikasleek gutxienez 5 puntu lortu behar dute ariketa bakoitzean, eta azken kalifikazioa, berriz, 8 puntu eta hortik gorakoa.

2. Izangaiak azken kalifikazioaren arabera handienetik txikienera ordenaturik eginen da sariak esleitzeko proposamena. Proposatzen den sari kopuruak ez du gainditu behar deialdiko sari kopurua.

3. Berdinketarik izanez gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira, ezarritako ordenan, berdinketa hautsi arte:

a) Ariketa bakoitzean lortutako puntuazio hoberena, ebazpen honen bosgarren oinarriko 1. atalean ezarritako ordenan.

b) Ebazpen honen bigarren oinarriko 3. atalean aipatzen den batez besteko nota.

c) Izangaien ordena alfabetikoa, deituren arabera. Hezkuntzako Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak azken zozketa egin zuen Nafarroako Foru Komunitateko hautapen prozesuetan izangaiak aritzeko, eta zozketa hartan ezarritako letratik hasiko da ordena alfabetikoa.

4. Deialdiko Batxilergoko Sari Bereziak gehiago baldin badira sariak esleitu ahal izateko baldintzak betetzen dituzten izangaiak baino, proposamenean zehatz adieraziko da zenbat sari geldituko diren eman gabe.

5. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposamena eginen dio Hezkuntzako zuzendari nagusiari, onesteko, eta gero behar den ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

6. Batxilergoko Sari Berezia lortu izana ikaslearen espedientean eta historial akademikoan jarriko da, behar den eginbidearen bitartez.

7. Batxilergoko Sari Berezia lortzen duten ikasleek hori adierazten duen diploma bat jasoko dute, eta, izena emanez gero, Batxilergoko Sari Nazionalera aurkezten ahal dira (Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak eginen du horretarako deia, aplikatu beharreko araudiak ezartzen dituen baldintzetan).

8. Tasei eta Prezio Publikoei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legearen 25. artikuluko 2. apartatuan ezarritakoari jarraikiz, Batxilergoko Sari Berezia lortzen duten ikasleek ez dituzte ordaindu beharko Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko batean goi mailako ikasketen lehenbiziko kurtsoa egiteko prezio publikoak. Saria tasak ordaindu eta gero ematen bazaie, unibertsitateak bi aukera izanen ditu: ikasleari tasen zenbatekoa itzultzea edo, bestela, ikasleak saria lortu ondoren kontzeptu hori dela-eta egin behar duen lehen ordainketatik deskontatzea.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen ekintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Izena emateko fitxa (PDFa).

III. ERANSKINA

Ikasketen ziurtagiria, 2017-2018 ikasturtean Batxilergoko Sari Berezietarako deialdian parte hartzeko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1803858