2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
NAFARROAKO ERREGE BARDEAKO KOMUNITATEA
Abeltzaintzako aprobetxamenduari buruzko ordenantza fiskala. Behin betiko onespena
Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen Batzar Nagusiak, 2017ko martxoaren 8an egindako bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen abeltzaintzako aprobetxamenduari buruzko ordenantza fiskala.
Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 1ean, eta, epea igarota, inork ez zuen alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi zen, eta osorik eman zen argitara, Nafarroako Aldizkari Ofizialean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Tuteran, 2018ko urtarrilaren 8an.–Burua, José María Agramonte Aguirre.
ABELTZAINTZAKO APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA
3. ORDENANTZA
Oinarria
1. artikulua.
Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatukoaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.
Zerga egitatea
2. artikulua.
Zerga egitatea Bardeako abeltzaintzako erabilera indibiduala, banatua edo komuna duen barruti baten adjudikazioduna izateagatik sortuko da, Bardeako Komunitateko ordenantza orokorrak aprobetxamendu tradizional horren kasuan ezarritakoaren arabera.
3. artikulua.
Salbuespena aplikatzeko, abeltzain adjudikaziodunak, haren alargunak eta/edo oinordekoek esleipenean baja ematea edo esleipena ezeztatzea eskatu behar dute, arrazoi hauengatik:
1. Jarduneko abeltzaina izateari uztea (erretiroa hartzea, ustiapena saltzea).
2. Herri partzuerretan auzokide izateari uztea.
3. Heriotza, edo sozietate zibila edo merkataritza sozietatea desagertzea.
Kasu horietan, Batzorde Iraunkorrak, interesdunak aurrez hala eskatuta, urteko kanonetik eta horri lotutako gastuen zati batetik salbuestea erabakitzen ahal du, eta, hala, kanona eta gastuak adjudikaziodun izan den egunen artean hainbanatuko dira. Batzorde Iraunkorrak erabakia eman duen egunetik zenbatzen hasiko dira egun horiek.
Zehapen espediente baten ondorioz adjudikaziodunak hala izateari uzten badio, ez da ordaintzetik salbuetsita geldituko inolako kasutan.
Kanona sortzea
4. artikulua.
Abeltzaintzako kanona edo errolda urte natural bakoitzeko sortuko da. Urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean abeltzaintzako barrutien adjudikaziodun izan diren eta esleitutako barrutien zentsuan agertzen diren pertsona fisikoei eta juridikoei ezarriko zaie.
Batzorde Iraunkorrak erabilera indibidualeko edo komuneko barruti hutsak esleitzen dituenean, esleipena urteko lehen seihilekoan egin bada, abeltzaintzako kanona eta horri lotutako gastuak urte natural osokotzat hartuko dira.
Batzorde Iraunkorrak erabilera indibidualeko edo komuneko barruti hutsak esleitzen dituenean, esleipena urteko bigarren seihilekoan egin bada, kanonaren %50 eta horri lotutako gastuak kobratuko dira.
5. artikulua.
Abeltzaintzako kanona edo errolda Batzorde Iraunkorrak ordainarazteko akordioa hartzen duenean sortuko da, urte bakoitzeko azken hiruhilekoan eta ureztatzaileen elkarteek alderdi hauen berri eman ondoren: ur hornikuntzarako sare orokorraren mantentze gastuak, aska bakoitzak kontsumitutako ura (m³) eta bulkatzeko energia kontsumoak m³ bakoitzeko.
Subjektu pasiboa
6. artikulua.
Kasu bakoitzean aplikatzen ahal den araudiaren arabera, irizpide orokor gisa, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean abeltzaintzako barrutietako adjudikaziodunen zentsuan ageri den dagoen pertsona fisikoa edo juridikoa.
Esleipen berriei dagokienez, urtean zehar hutsik dagoen edo erabilera komuna duen barruti baten adjudikaziodun izan diren pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, Batzorde Iraunkorrak esleipena eman duen eguna hartuko da aintzat, aurreko artikuluei jarraikiz.
Karga oinarria
7. artikulua.
Esleitu den abeltzaintzako barruti motak eta askan ur hornikuntza duten barrutiei lotutako gastuek osatuko dute karga oinarria.
Abeltzaintzako barruti motak:
1. Erabilera indibidualeko ardi barrutia, 750 abelbururentzat, 1.500 abelbururekin gehienez ere bazka ugari badago.
2. Ardi barruti partekatua edo txikia, 450 abelburu baino gutxiago dituzten adjudikaziodunentzat.
3. Behi barrutia (zuhaixkak).
4. Erabilera komuneko barrutia.
5. Abeltzainen arteko laguntza barrutia.
Salbuespenak
8. artikulua.
Ardi barruti indibidualen edo komunen adjudikaziodun berriei abeltzaintzako kanonaren %50 murriztuko zaie, Batzorde Iraunkorrak urteko bigarren seihilekoan egin badu esleipena.
Batzorde Iraunkorrak kanona eta horri lotutako gastuak hainbanatuko ditu, ordenantza hauen 3. artikuluaren arabera egiten diren bajen kasuan.
Kuota
9. artikulua.
Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak urtero zehaztuko du barruti mota bakoitzari zer abeltzaintzako kanon edo errolda aplikatuko zaion. Jasanarazi behar diren lotutako gastuei dagokionez, bete egin beharko da Batzorde Iraunkorrak gastu horien berri izan ondoren hartutako akordioa.
Tributuaren kudeaketa
10. artikulua.
Ordainarazpen horren bilketa arau berezi gisa, Batzorde Iraunkorrak urte bakoitzaren azken hiruhilekoan abeltzaintzako errolda likidatzeko akordioa hartuko du. Abeltzaintzako zentsua oinarri hartuta, eta banku helbideratze bidez, dagozkion kuotak kobratuko ditu, eta kobrantza hori kudeatzen duten banku erakundeei emanen zaie (Batzorde Iraunkorrak izendatua). Ordainketa helbideratua ez duten erabiltzaileen kasuan, dagokion ordainagiriari buruzko jakinarazpen indibiduala eginen zaie. Egun horretatik aurrera hasiko da zenbatzen ordainketa egiteko epea, ordenantza orokorraren arabera.
Horretarako, Komunitateko Bilketa Zerbitzuek abeltzaintzako erabiltzaileen zentsu gaitua eta eguneratua izanen dute, dagozkien helbideekin eta bankuko kontu zenbakiekin.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.–Ordenantza honekin kontraesanean dauden edo horren kontrakoak diren ordenantzak indargabetu dira.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 1318/1990 Foru Legearen (1318/1990 Legea) 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsi ondoren, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.
Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau aldatzeko, onespenerako bete diren izapide berak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen (2751/1990 Legea) IX. tituluko lehen kapituluko hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.
Hirugarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, aplikagarri izanen da ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (2682/1995 Legea) eta araututako arloei aplikatzeko modukoak diren goragoko xedapen guztietan xedatutakoa.
2017KO ABELTZAINTZAKO KANONAREN ERANSKINA
Abeltzaintzako aprobetxamendurako tasak
Honako zenbateko hauek ezarri dira abeltzaintzako barrutien adjudikaziodunei galdatzen ahal zaizkien zergetarako:
1) Erabilera indibidualeko ardi barrutia askarekin, 750 abelbururentzat. Hargune orokorra: El Ferial Ureztatzaileen Elkartea:
–Aprobetxamendu kanona: 750 euro.
–El Ferial Ureztatzaileen Elkartearen egitura gastu orokorrak: 260 euro.
–Ur kontsumoa eta energia gastua: Aintzat hartuko dira kontagailuak neurtutako kontsumoa (m³-tan adierazita), El Ferial Ureztatzaileen Elkarteak urtegia betetzeagatik jasanarazitako energia kostua, barrutia dagoen guneko energia gastuak eta motorren matxurek eragindako gastuak.
2) Erabilera indibidualeko ardi barrutia askarekin, 750 abelbururentzat. El Plano eta Bardea Zuri Goiena gunea:
–Aprobetxamendu kanona: 750 euro.
–El Ferial Ureztatzaileen Elkartearen egitura gastu orokorrak: 260 euro.
–Ur kontsumoa eta energia gastua: Aintzat hartuko dira kontagailuak neurtutako kontsumoa (m³-tan adierazita), El Ferial Ureztatzaileen Elkarteak urtegia betetzeagatik jasanarazitako energia kostua, El Plano eta Bardea Zuri Goiena guneko energia gastuak. Azken zenbateko horiei egotziko zaizkie hoditeria nagusiaren, berezko hodien eta asken matxurek eragindako gastuak. Ur hornikuntzak gastuak sortzen baditu eta Bardeako Kanalaren Komunitate Nagusiak eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak kitatzen badituzte gastu horiek, zenbatekoak guneko barruti guztien artean hainbanatuko dira.
3) Ardi barruti partekatua edo txikiagoa aska partekatuarekin, 450 abelburu baino gutxiagorentzat:
–Aprobetxamendu kanona: 450 euro.
–Sare nagusiaren mantentze gastuak. 130 euro.
–Ur kontsumoa eta energia gastuak: Kontagailuak neurtutako kontsumoaren %50 (m³-tan adierazita), El Ferial Ureztatzaileen Elkarteak urtegia betetzeagatik jasanarazitako energia kostua, barrutia dagoen guneko energia gastuak eta motorren matxurek eragindako gastuak.
4) Erabilera indibidualeko ardi barrutia askarik gabe, 750 abelbururentzat:
–Aprobetxamendu kanona: 750 euro.
5) Ardi barruti partekatua edo txikiagoa askarik gabe, 450 abelburu baino gutxiago dituzten artaldeentzat.
–Aprobetxamendu kanona: 450 euro.
6) Behi barrutia (zuhaixkak):
–Kanona: 1.000 euro.
7) Abeltzainen arteko laguntza barrutia:
–Kanona: 300 euro.
Iragarkiaren kodea: L1803806