80. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NAFARROAKO ERREGE BARDEAKO KOMUNITATEA

Nekazaritzako aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen Batzar Nagusiak, 2017ko martxoaren 8an egindako bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Nafarroako Errege Bardeako Komunitatearen nekazaritzako aprobetxamenduari buruzko ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia 2017ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 30ean, eta epea igarota, inork ez zuen alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi zen eta osorik eman zen argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Tuteran, 2018ko urtarrilaren 8an.–Burua, José María Agramonte Aguirre.

NEKAZARITZAKO APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

2. ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zerga egitatea

2. artikulua.

Zerga egitatea Bardeako lehorreko eta ureztalurretako nekazaritza alorreko finken eta lursailen adjudikazioduna (katastroko erabiltzailea) izateagatik eratuko da, Bardeako Komunitateko ordenantza orokorrek aprobetxamendu tradizional horren kasuan xedatutakoaren arabera.

3. artikulua.

Nekazaritza eta ingurumeneko neurriak borondatez hartzen dituzten erabiltzaileek ez dituzte tasa horiek ordaindu beharko, baldin eta neurriek men egiteko pizgarritzat ezartzen badute salbuespen hori eta Komunitateko Batzorde Iraunkorrak eta/edo Batzar Nagusiak urtero onesten baditu estepako habitata hobetzeko, higadurari aurre egiteko eta hegaztiak suspertzeko formula gisa.

Ordaintzeko salbuespena urterokoa edo urte anitzekoa izanen da, ingurumeneko laguntza jarduerak gauzatzea xede duen neurrirako ezarritako denboraren arabera. Salbuespenak esleitu behar den eta erabiltzailearen katastroko orrian agertzen den azalera osoari eragiten ahal dio edo jarduketa hartuko duten laborantza lursailei, Batzar Nagusiak edo Batzorde Iraunkorrak neurri jakin horren ezarpena nola onetsi den aintzat hartuta.

Salbuespen hori aplikatzeko, katastroko erabiltzaileak eskaera egin behar du lehenbizi. Horretarako, neurriak onartzen dituela adierazteko inprimakia aurkeztuko du, Batzorde Iraunkorrak xede horretarako onartu duena. Halaber, Komunitateko Zerbitzu Teknikoek egiaztatuko dute eremu horretan neurriak eraginkortasunez betetzen direla.

Tasaren sortzapena

4. artikulua.

Tasa (nekazaritzako kanon edo errolda) urte natural bakoitzeko sortuko da, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean adjudikaziodunak diren eta Komunitateko laborantza lurren katastroan ageri diren pertsona fisiko eta juridikoen gainean.

5. artikulua.

Nekazaritzako kanon, tasa edo errolda Batzorde Iraunkorrak ordainarazteko erabakia hartzen duenean sortuko da, urte bakoitzeko azken hiruhilekoan.

Subjektu pasiboa

6. artikulua.

Kasu bakoitzean aplikatzen ahal den araudiaren arabera, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean katastroan alta emanda dagoen pertsona fisikoa edo juridikoa.

Karga oinarria

7. artikulua.

Erabiltzaile bakoitzari adjudikatutako eta haren katastroko orrian jasotako lur azalerak osatuko du karga oinarria, eta nafar erregu lurretan neurtuko da. Azalera horri aplikatu beharreko kuota lurzatiak esleituta duen lur sailkapenaren araberakoa izanen da.

Lurrak honela sailkatuta daude: 1. 2. eta 3. mailako lehorreko nekazaritza lurra, ureztalurrak eta plantazioak.

Salbuespenak

8. artikulua.

Nekazaritzako erroldatik edo kanonetik osorik edo partzialki salbuetsita daude egoera hauetako batean dauden katastroko erabiltzaileak:

1.–Ingurumeneko laguntza neurriak borondatez betetzeari men egin dietenak, Batzar Nagusiak edo Batzorde Iraunkorrak horrela erabaki badu eta neurriak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Salbuespena osoa edo partziala izanen da, neurriaren arabera.

2.–Eguraldi txarraren ondorioz (lehortea, uholdea, suteak, izurriteak, etab.) uzta galtzen bada eta Batzar Nagusiak edo Batzorde Iraunkorrak hala erabaki badu, hark egoki deritzon ehunekoan eta galerak egon direla egiaztatu den lurzatietan.

Tarifak

9. artikulua.

Bardeako Komunitatearen Batzar Nagusiak urtero zehaztuko ditu ezarri beharreko tasak.

Tributuaren kudeaketa

10. artikulua.

Ordainarazpen honen bilketa arau berezi gisa, Batzorde Iraunkorrak nekazaritzako errolda likidatzeko akordioa hartuko du urte bakoitzaren azken hiruhilekoan. Katastro zentsua oinarri hartuta, eta banku helbideratze bidez, dagozkion kuotak kobratuko ditu, eta kobrantza hori kudeatzen duten banku erakundeei emanen zaie (Batzorde Iraunkorrak izendatua). Ordainketa helbideratuta ez duten katastroko erabiltzaileen kasuan, dagokion ordainagiriari buruzko jakinarazpen indibiduala eginen zaie. Egun horretatik aurrera hasiko da zenbatzen ordainketa egiteko epea, ordenantza orokorraren arabera.

Horretarako, Komunitateko Bilketa Zerbitzuek katastroko erabiltzaileen zentsu gaitua eta eguneratua izanen dute, dagozkien helbideekin eta bankuko kontu zenbakiekin.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza honekin kontraesanean dauden edo horren kontrakoak diren ordenantzak indargabetu dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 1318/1990 Foru Legearen (1318/1990 Legea) 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betiko onetsi ondoren, ordenantza fiskal honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara emandakoan.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau aldatzeko, onespenerako bete diren izapide berak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko lehen kapituluko hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, aplikagarri izanen dira ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta araututako arloei aplikatzeko modukoak diren goragoko xedapen guztietan.

2017KO TARIFEN ERANSKINA

Nekazaritzako aprobetxamendurako tasak

Eskatzen ahal diren eskubideetarako, honako zenbateko hauek ezarri dira:

LUR MOTA

ERREGU LUR BAKOITZEKO KANONA

1. mailakoa

0,71 euro

2. mailakoa

0,61 euro

3. mailakoa

0,46 euro

Plantazioak

1,08 euro

Ureztalurretakoa (laborantza intentsiboa)

1,45 euro

Hondarrak behera hainbanatuko dira almutetan, 8 almutetik beherakoak direnean.

Iragarkiaren kodea: L1803805