80. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Ordenantza ez-fiskala, komunikazio ez-sexista erabili eta sustatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Jendaurreko epean ez denez ez alegaziorik ez erreklamaziorik aurkeztu, behin betiko onetsitzat jotzen da komunikazio ez-sexista erabili eta sustatzeari buruzko ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatuari jarraikiz. Hona hemen ordenantzaren testua:

ORDENANTZA, EGUESIBARKO UDAL ESPARRUAN KOMUNIKAZIO EZ-SEXISTA ERABILI ETA SUSTATZEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Egungo gizartean, emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna aitortzen duen araudi garapen zabala dugu. Nolanahi ere, berdintasun hori berdintasun erreala eta efikaza izatetik oso urrun gaude. Desberdintasun horren markarik agerikoenetako bat da emakumea hizkuntzan eta komunikazioan ikusezin egotea, baita hura irudi sexistak eta baztertzaileak erabiliz irudikatzea ere.

Hizkuntza, gizarte ororen kultur oinarria, tresna bat da, eta, tresna horren bitartez, pertsonok pentsamenduak transmititzen ditugu; hortaz, komunikazioa da prestakuntzan eta balio, jokaera, tradizio eta abarren transmisioan eragin handiena duen elementua. Berdintasunik gabeko esparru soziokulturalean gizonek eta emakumeek erabili eta ikasitako hizkuntza erabilerek desberdintasunari eusten diote, eta hura elikatzen. Erabilera horrek gizarteak barneratu dituen androzentrismoa eta sexismoa islatzen ditu. Hala, gure komunikazio tresnak (idatzizkoak, ahozkoak, ikus-entzunezkoak eta/edo ikonikoak) erabiltzeko moduak emakumeak ikusezin bihurtzen jarraitzen duen bitartean, menpeko gisa aurkeztuz edo emakume eta gizonen kontzeptualizazio sexistak erreproduzituz, ez dugu lortuko benetako emakume eta gizonen eskubide eta aukera berdintasuna duen gizarte bat osatzea eta horren parte izatea. Beraz, hizkuntza eta komunikazio ez-sexista erabiliz, errealitate sozial parekideagoa sortzen lagunduko dugu. Eta, horrenbestez, hizkuntza eta komunikazio ez-sexistaren erabilera bultzatzea funtsezko zeregina da berdintasunezko gizartea lortzeko konpromisoa duten erakunde eta pertsonentzat.

Gogoan izan behar da, zalantza izpirik egon ez dadin, hizkuntza sistema ez dela neutroa. Hizkuntza ez da sortu hiztunak baino lehen. Gaur egun erabiltzen dugun zeinu sistema gizon eta emakumeok joan gara landuz, sortuz eta birsortuz, komunikaziorako eta pentsamendurako. Horregatik guztiagatik, ordenantza hau onestearekin, Udalak zenbait mezuren anbiguotasuna eragotzi eta emakumearen presentzia azaleratu nahi du administrazio hizkuntzaren diskurtsoan, betiere arau gramatikalak behartu gabe, eta, horren bidez, Eguesibarko Udaleko administrazioko langileak gaztelaniak eta euskarak dituzten estrategia ez-sexistak erabiltzera ohitzeko ekimenari erantzun nahi zaio, eta egungo gizarteak eskatzen dituen aldaketekin sentsibilizatu.

Izan ere, biztanlerian duen eragin ukaezina dela eta, nahitaezkoak dira administrazio publikoaren lehia eta ahalegina kontzientzia hartze kolektibo honetan, haren eragina nabarmena baita norbanakoaren nahiz gizarte taldeen garapenean eragiten duten sektore guztietan. Horrenbestez, aise ondorioztatzen da zein garrantzitsua den administrazioak duen hizkera berezitik hizkuntza sexismoa desagerraraztea, bai bere barne harremanetan bai herritarrekiko harremanetan.

Nafarroako zenbait udalen gogo eta ahaleginaren isla nabaria da hainbat udaletan (Altsasu, Burlata, Uharte, Atarrabia eta Zizur Nagusia) hizkuntza eta komunikazio ez-sexistaren erabilera eta sustapena arautzen duten ordenantzak onetsi izana.

Bestalde, Gizonen eta emakumeen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 14. artikuluko 11. apartatuak xedatzen du hizkuntza ez-sexista ezartzea administrazio eremuan, botere publikoen jarduketarako irizpide nagusi gisa, eta hura sustatzea harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan. Halaber, Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legeak ezarri zuen beharrezkoa dela administrazioan sortutako dokumentuak berrikustea, haietan hizkuntza ez-sexista erabiltzen dela bermatzeko.

Eguesibarko Udalak, emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konpromisoa duen toki administrazioa denez, aintzat hartu du bere betebeharretako bat dela sexismoa kanporatzea hizkuntzatik eta komunikaziotik, eta mezuetako sexismoa kentzea. Horrenbestez, pertsona guztien presentzia eta balioa era berean ikusarazten duen hizkuntza eta komunikazioa erabiltzen dela bermatzeko erantzukizuna hartu du bere gain, emakumeen eta gizonen berdintasun oinarriaren aurkakoak diren erabilera sexista eta androzentrikoak saihestuz.

Horrekin bat etorriz, Eguesibarko emakume eta gizonen arteko I. Berdintasun Planak (2015-2018) –Eguesibarko Udalaren osoko bilkurak 2015eko apirilaren 16an egindako saioan onetsia–, Eguesibarko Udalean berdintasuna sustatzeko betebehar eta ekintzen barruan, “Berdintasunezko gobernamendua” arloan, jaso du administrazio agirietan eta ahozko komunikazioan hizkuntzaren erabilera sexista murriztu behar dela, ezabatu arte.

Ildo beretik doa Genero Berdintasuna Nafarroako Toki Entitateetan dokumentu estrategikoa ere. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroako toki entitateetako genero berdintasuneko teknikariekin koordinatuta eginiko “Udaletako berdintasun alorretako lana planifikatzeko, kudeatzeko eta ebaluatzeko ibilbidea” agiriak “Tokiko Gobernamendua eta Genero Zeharkakotasuna” izeneko esku hartze arlo bat jasotzen du. Arlo horren ildo estrategikoetako batek (hirugarrena) “udaletako lan prozedurak” lantzen ditu “emakumeen eta gizonen tratu eta aukera berdintasunerako printzipioaren arabera”, eta, besteak beste, programa hau jasotzen du: “Informazioaren kudeaketa eta komunikazio politika”. Programa horren helburuak hauek dira:

–Udal jardueran hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiltzea.

–Herritarrekiko komunikazioan hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabil daitezen sustatzea.

–Baldintza egokiak sortzea berdintasunaren arloko informazioa udal langileengana eta herritarrengana irits dadin.

Berdintasun Planak ezartzen du berau abian jartzeko urteko lan planak onetsi behar direla. Berdintasun Plan horrekin eta arestian aipatutako ibilbidearekin bat etorrita, Tokiko Gobernu Batzordeak 2017ko otsailaren 27an eginiko bileran onetsi zuen berdintasunaren arloko 2017ko Udal Plangintza. Agiri horretan, “toki entitatean hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiltzeko araudia eta prozedura egitea” jasotzen da. Horixe da, hain zuzen, ordenantza honen esparrua.

Horregatik, honako hauei jarraituz, ordenantza hau idatzi dugu: UNESCOren Konferentzia Orokorraren 14.1 eta 109. ebazpenen xedapen eta komunitate araudiak, Europako Ministro Batzordeak 1990ean eta 2007an onetsitako Gomendioak, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren 1995eko martxoaren 22ko Agindua, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa eta azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legea; eta argi utzi nahi dugu agiri honetan gomendatutako prozedurek ez dituztela urratzen gaztelaniaren eta euskararen gramatika arauak.

Hortaz, ordenantza honi esker, Eguesibarko herritarrei emakumeen irudi sexistarik edo baztertzailerik ez duten komunikazioak, arreta eta udal zerbitzua emanen zaizkie progresiboki, administrazioan estereotipo sexistarik gabeko hizkuntza eta komunikazio askea erabiliz, eta, Udalaren barruan erreferente izateaz gain, kontzeju, herritar eta Eguesibarko gainerako erakunde eta entitateetarako erreferente izateko helburuarekin.

Modu horretan bermatuko da Udalak berdintasunaren arloan bete beharreko indarreko araudi osoa betetzea, eta, era berean, legez dituzten eskubideak erabilita, herritarrek Udalari eskatzen ahalko diote sexuagatik bereizten ez duten zerbitzuak emateko, eta Udalak, legea betetzeko eta berdintasunarekiko bere konpromisoarekin bat etorrita, ezinbestean aintzat hartu beharko du eskaera hori.

Aurretik adierazitako guztiarekin eta aipatu den araudiarekin bat etorriz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da.

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio eremua

1. artikulua. Eguesibarko Udalean eta haren mendeko erakunde eta entitateetan aplikatuko da ordenantza hau.

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa erabiliz hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da, haiei dagokien neurrian.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

3. artikulua. Oro har, Eguesibarko Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien agiriak, jakinarazpenak eta adierazpenak hizkuntza ez-sexista eta ez-baztertzailea erabiliz idatziko dira.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

4. artikulua. Herritarrek eskubidea izanen dute Eguesibarko Udalari hizkuntza ez-baztertzailea erabil dezala eskatzeko, gaztelaniaz nahiz euskaraz.

5. artikulua. Administrazioarekin ahoz komunikatzen diren herritarrei hizkuntza ez-baztertzailearekin eginen zaie harrera. Horretarako, Udalak prestakuntza emanen du, jendeari harrera egiteko tokietan hizkuntza ez-sexistaren eta komunikazio barneratzailearen erabileran prestakuntza hartu duten udal langileak daudela bermatzeko, ordenantza honetako IV. kapituluan aipatzen den ildotik.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpoko irudia

6. artikulua. Eguesibarko Udalak eta haren mendeko erakunde autonomoek estereotipo sexistarik gabeko hizkuntza erabiliko dute herritarrekin komunikatzen direnean, bai gaztelaniaz bai euskaraz:

Hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiliko dira dokumentu hauetan:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta antzeko elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udal egoitza eta bulegoetako errotuluak, udal langileen arropak eta uniformeak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan nahiz zutikakoak.

f) Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak emateko herritarren esku jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Udal jardueren informazio eta propaganda eskuorriak, jaietako egitarauak, iragarkiak eta kartelak.

h) Dibulgazioko idazkiak eta aldizkariak.

i) Udalaren webgunea eta intraneta.

j) Kontratuak, hitzarmenak, fakturazioa, etab.

k) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

7. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Eguesibarko Udalak eskatuko du egunkarietan argitaratzen diren udal iragarkietan eta ikus-entzunezko baliabideetako (irratia eta telebista) publizitatean mezuek hizkuntza ez-sexista eta ez-baztertzailea izan dezatela.

8. artikulua. Argitalpenak.

Hizkuntza ez-sexistan idatziko dira Eguesibarko Udalak eta bere erakunde eta enpresek sortzen dituzten argitalpenak, administrazio agiriak, ordenantzak, zirkularrak, eskabide orriak, inprimakiak, etab., baita Udaleko langileen akordio edo hitzarmen kolektiboa ere.

9. artikulua. Eguesibarko Udalaren kontura ariko diren enpresa esleipendunek eta emakidadunek, bai eta ustiapen mistokoek eta Eguesibarko Udalaren diru laguntzak jasotzen dituzten erakundeek edo Eguesibarko Udalarekin lankidetza hitzarmenak sinatzen dituztenek ere ordenantza honen irizpideen araberako hizkuntza eta irudia erabiliko dituzte dagokion kontratua, diruz lagundutako jarduera eta/edo hitzarmenaren xede den jarduna gauzatzerakoan, eta hori jasota geratu beharko da berariaz kontratu, diru laguntza edo hitzarmenaren agirietan.

10. artikulua. Erakunde iragarleei jakinaraziko zaie udal euskarrietan (hala nola mupiak, jaietako egitarauak...) jartzen dituzten iragarkietan hizkuntza ez-sexista eta ez-baztertzailea erabili behar dutela, eta, Berdintasun Alorraren bidez, iragarkiak eta agiriak zuzen egokitzeko materialak eta/edo eskuliburuak eskainiko zaizkie.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

11. artikulua. Urteroko plantilla organikoan, lanpostuak izendatuko dira lanpostu horretan ari den pertsonaren sexua adieraziz edo forma bikoitza erabiliz (maskulinoa eta femeninoa).

12. artikulua. Sail, bulego nagusi eta zerbitzuetako errotulu guztiak modu generikoan izendatuko dira edo femeninora edo maskulinora egokituko dira, horietan lan egiten duten pertsonen arabera.

13. artikulua. Lanpostuen deialdietan:

–Lanpostuaren izendapena bitara eginen da: maskulinoan eta femeninoan.

–Udalak eginen dituen lanpostuen deialdi publiko guztietan nahitaez erabili beharko da hizkuntza ez-sexista, baita proben jakinarazpenetan ere, eta hori bete ezean, deialdien oinarrietan ezarritako moduan zigortuko da.

14. artikulua. Zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketarako Eguesibarko Udalak egiten dituen kontratazio espedienteetan, klausula bat sartuko da emakumeentzako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa bilduko duena, eta baloratu eginen da proiektu teknikoa idaztean hizkuntza ez-baztertzailea erabiltzea.

VI. KAPITULUA

Hizkuntza ez-sexistaren erabilera eta komunikazio barneratzailearen sustapena

15. artikulua. Eguesibarko Udalak antolatuko dituen prestakuntza planetan, tresnak egin edo abian jarriko dira, ordenantza honetan ezarritako helburuak lortzeko. Berdintasun Alorrak, gainerako udal alorrekin elkarlanean, jarduera programak eginen ditu, administrazio hizkuntzaren erabilera ez-sexistarekin zerikusia duten gaien gaineko informazio eta prestakuntza maila handitzeko eta estereotipo baztertzailerik gabeko komunikazio moduen gaineko ezagutza eta erabilera gizarte alor guztietan sustatzeko.

16. artikulua. Eguesibarko Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, beste toki entitate batzuekin koordinatuta, hizkuntza eta komunikazio ez-sexistak erabiltzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Bigarrena.–Berdintasun Alorrak segimendua eginen du ordenantza hau betetzen ote den ikusteko, eta edozein gairen gainean proposamenak eginen ditu, hura bermatzeko.

Sarrigurenen, 2018ko martxoaren 19an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria.

Iragarkiaren kodea: L1803844