80. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Eraikinen ebaluazio txostena eta eraikin horien udal erregistroa arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Jendaurreko epean ez denez ez alegaziorik ez erreklamaziorik aurkeztu, behin betiko onetsitzat jotzen da eraikinen ebaluazio txostena eta eraikin horien udal erregistroa arautzen dituen ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatuari jarraikiz. Hona hemen ordenantzaren testu osoa:

HITZAURREA

Eraikinen ebaluazio txostena ekainaren 26ko 8/2013 Legeak (hirien birgaitze, berroneratze eta berritzeari buruzkoa) ezarri zuen gure antolamendu juridikoan. Txosten horri esker, eraikinen kontserbazio eta irisgarritasun unibertsalaren arloan eskatzen ahal diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen da, eta eraikinen energia eraginkortasunari buruzko aipamen bat ere egiten du.

Urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen Testu Bategina onesten duenak, indarrik gabe uzten du ekainaren 26ko 8/2013 Legeak txostenari dagokionez ezarritakoa; halaber, dekretu horren III. tituluan jasotzen da txosten horri buruzko oinarrizko erregulazioa, eta bigarren xedapen iragankorrean, txostena egiteko egutegia.

Hala ere, Konstituzio Auzitegiak, 2016ko urtarrilaren 21ean emandako 5/2016 epaiaren bidez, adierazi du 8/2013 Legea Konstituzioaren aurkakoa dela, eta eraikinen kontserbazio egoerari buruzko zenbait agindu deusezak direla (eraikinen irisgarritasunari eta energia eraginkortasunari buruzkoak ez). Konstituzio kontrakotasuneko adierazpen hori arrazoitzeko, aipatzen da Estatuak ez duela eskumenik arlo hori arautzeko, eta txostena arautu duten geroagoko arauei ere aplikatzen zaie arrazoibide hori.

Nafarroan, gaur egun, arau honek arautzen du eraikinen egoera ikuskatzeko tresna: eraikinen ebaluazio txostena arautzen duen azaroaren 12ko 108/2014 Foru Dekretuak. Zalantzarik ez dago hirigintzako ikuskapen tresna gisa sortu zela txosten hori, eraikinen egoera ikuskatzeko, eta, azken buruan, jabeek abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen (lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzkoa) 87.1.b) artikuluan ezarritako kontserbazio betebeharra betetzen dutela bermatzeko.

Helburu horri bertze bat gehitzen zaio: indarrean diren legeek irisgarritasun unibertsalaren eta energia eraginkortasunaren arloan ezarritako baldintzak eraikin jakin batzuetan betetzen direla bermatzea.

Ordenantza hau lehenagoko araudia osatzeko egiten da, beharrezkoa den neurrian, eta udal agintari eta teknikariei tresna juridiko bat emateko, aipatu den kontserbazio betebeharra betetzen dela bermatzeko. Horretarako, ezinbertzean egin behar da ebaluazio txostena egin behar duten eraikinen udal erregistro bat, eta Nafarroako eraikinen ebaluazioko erregistro orokorrarekin koordinatu behar da (erregistro hori 10/2014 Foru Dekretuaren 12. eta 13. artikuluetan dago araututa).

Aipagarria da udal eraikinen ebaluaziorako araubide espezifiko bat ezartzen dela, ulertu baita udalak jokabide eredugarria izanen duela horrela, bai eraikinen kontserbazioaren hirigintza betebeharra betetzeko bai tokiko higiezinen kudeaketa bikaina egiteko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Eguesibarko udalerriko eraikinen ebaluazio txostenaren araubidea ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Legezko justifikazioa.

Eraikinen ebaluazio txostena gure antolamendu juridikoaren tresna bat da, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87.1.b) artikuluak ezarritzako kontserbazioaren legezko betebeharra betetzeko.

Halaber, tresna horren bidez, eraikinetako irisgarritasun unibertsalaren eta energia eraginkortasunaren arloan dauden arauak betetzen direla bermatu nahi da, batez ere etxebizitza kolektiborako eraikinetan.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Eguesibarko udal mugartearen barruko eraikin guztietan aplikatuko da.

4. artikulua. Kontserbazioari buruzko betebeharra.

Betebehar hori jabe guztiei aplikatzen zaie, eraikinen ebaluazio txostenaren mende dauden kontuan hartu gabe, eta honako hauek hartzen ditu aintzat: eraikinak, erabileraren arabera, zaindu eta kontserbatzeko betebeharra, segurtasunaren, osasungarritasunaren, apaintasunaren eta bizigarritasunaren aldetik, eta baldintza horiek berrezartzeko edo mantentzeko beharrezkoak diren lanak egitea, baita ondasunaren ezaugarrien eta erabileraren araberako zerbitzuak hornitzeko lanak ere, Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87.1.b) artikuluarekin bat. Betebehar hori aldeko txostena izan duten eraikinen jabeei ere aplikatzen zaie.

II. KAPITULUA

Eraikinen ebaluazio txostena

5. artikulua. Eraikinen ebaluazio txostena (EET).

EETaren bidez egiaztatzen da zer egoeratan dauden eraikinak, eraikinaren kontserbazio egoerari dagokionez eta irisgarritasun unibertsalari eta energia eraginkortasunari buruzko arauak betetzeari dagokienez.

6. artikulua. EETa nahitaez lortu behar dutenak.

Ordenantza honen arabera, ebaluazioaren mendean jarri behar diren eraikinen jabeei dagokie EETa izateko betebeharra, kontuan hartu gabe zein den eraikinaren jabetza-, erabilera- eta aprobetxamendu-araubidea.

Udalak, organo eskudunaren bidez, ordenantza onetsi eta hurrengo ekitaldian, EETa izan behar duten eraikinen urteko zerrenda onartzen ahal du, indarrean den araudiaren eta ordenantza honen arabera. Kasu horretan, udal katastroan jasota dauden jabeei jakinaraziko zaie, eta txostena aurkeztu eta erregistratzeko epearen berri emanen zaie.

7. artikulua. EETa behar duten eraikinak.

1.–Bizitegi kolektiboko eraikinek egin behar dute ebaluazio txostena, baldin eta 50 urte edo gehiago badute.

Etxebizitza bat baino gehiago dituen eraikina da bizitegi kolektiboko eraikina, nahiz eta egoitzaz gain bertze erabilera batzuk izan. Era berean, tipologia horretakoak dira pertsona talde bat bizitzeko prestatutako eraikinak; ez da beharrezkoa pertsona horiek familia nukleoa osatzea, baina beharrezkoa izanen da zerbitzuak partekatzea eta araubide komun baten mendean egotea (hotelak, egoitzak...).

2.–Ondorio horietarako, hauen bitartez egiaztatuko da eraikin baten antzinatasuna: etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikazioaren data, katastroko inskripzioa, Jabetza Erregistroko inskripzioa, bizigarritasunaren zedula, obra bukaerako egiaztagiria edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein agiri. Egiaztagiri bat baino gehiago badago eta horietako batzuetan eraikinaren antzinatasunak ez badatoz bat, foru dekretu honen ondorioetarako baliozko antzinatasuna zehazteko, atal honetan emandako hurrenkera ordena izanen da egiaztagiri horien arteko lehentasun ordena.

3.–Bestalde, egiturazko eta eraikuntzazko gabezia nabarmenak dituzten eraikinek EETa izan beharko dute, bai eta instalazioetan gabeziak dituzten eraikinek ere, baldin eta arriskutsuak izaten ahal badira eraikin barruan nahiz bide publikoan daudenentzat.

4.–Familia bakarreko etxebizitzak kanpo geratzen dira, halakotzat ulertuta etxe isolatuak nahiz horizontalean atxikiak, nahiz eta azken kasu horretan sestra azpiko solairuan garajeak edo trastelekuak partekatu.

Bertikalean gainjarritako etxebizitzak ez dira inola ere hartuko familia bakarrekotzat, sarbide bereiziak izan arren.

8. artikulua. EETaren edukia.

1.–Ebaluazioa eraikin osoarena izanen da, bai elementu komunena bai eraikin barruko etxebizitza edo lokalena.

2.–Jabetza horizontaleko araubidearen mendeko eraikinetan, atari bat baino gehiago badute (atari bakoitzean jabekide elkarte bereizia izanik), ebaluazio bat egin ahal izanen da elkarte edo atari bakoitzeko.

3.–Kasu guztietan, solairu guztiak hartuko dira kontuan ebaluaziorako, zimenduetatik teilaturaino, nahiz eta haietako baten bat eraikinaren eremutik kanpora atera, esaterako, garaje mankomunatuak edo bizitegiko erabileraz bertzelakoa duten solairuak.

4.–Ebaluazioak alderdi hauek bilduko ditu:

A) Eraikinaren egoera orokorra. Egiturazko eta eraikuntzazko elementuen egoera, eta araudi sektoriala dela eta, ikuskapen tekniko espezifikorik behar ez duten instalazioen egoera, zentzumenen bidez hautematen ahal diren patologiak edo gabeziak jasota.

Atal honetan, honako hauek sartzen dira:

–Egituraren segurtasuna, eta horretarako aztertuko da ez dagoela, ez eraikinean, ez haren zatietan, zimendu, euskarri, habe, forjatu, karga horma edo egiturazko bertze elementuetan jatorria edo eragina duen kalterik, ezta eraikinaren erresistentzia mekanikoa eta egonkortasuna zuzenean kolokan jartzen duenik ere.

–Higienea, osasuna eta ingurumenaren babesa, hemendik aitzin osasungarritasuna hitzarekin adieraziko dena, alderdi hauek, gutxienez, kontuan harturik:

–Hezetasunetik babestea, hau da, eraikin barruan eta haren itxituretan hezetasuna edo ura egoteko aurreikusten ahal den arriskua mugatzea.

–Ur hornidura, egiaztaturik eraikinetan baliabide egokiak daudela higiene ekipamendua iraunkortasunez horni dadin kontsumoko uraz.

–Urak hustea, azterturik eraikinetan baliabide egokiak dituztela euria edo jariatze ura dela-eta barruan sortzen diren hondakin urak ateratzeko, bereizirik edo guztiak batera.

–Eraikinaren elektrizitate instalazio komunetako segurtasuna.

Ikuskapen tekniko espezifikoa behar duten instalazioetarako, eraikinaren ebaluazioa egiten duen teknikariak mantentze kontratuak, buletinak, txostenak edo instalazioaren eskakizunak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak eskatu beharko dizkie jabekideei edo administratzaileei.

Ebaluazioaren xedea ez da eraikuntzaren ezkutuko akatsak edo kalteak hautematea, ezta hautemandako patologien jatorria zehaztea ere, horien balizko arrazoien aurrediagnostikoa egitea bai, ordea. Hautemandako patologia baten edo batzuen larritasun maila zehazteko, jabeei peritu txosten edo txosten tekniko bat egiteko proposatzen ahal die ebaluatzaileak, beharrezkotzat jotzen badu. Txosten horretan, diagnostiko zehatza egin behar da, kalteei, kalteen jatorriari, kalteak konpontzeko moduari, eta, beharrezkoa bada, birgaitze proiektu bat idatzi beharrari buruz.

B) Eraikinaren irisgarritasun maila. EETak jaso behar du, batetik, eraikinaren irisgarritasun maila, eta bertzetik, eraikuntzaren kode teknikoan, DB-SUAn eta irisgarritasunari eta desgaitasuna duten pertsonak ez diskriminatzeari buruzko araudian xedatutakoa betetzen ez duten elementuen zerrenda.

Eraikina teknikoki iritsiezina bada, zehaztuko da ea eraikinaren irisgarritasun baldintzak hobetzen ahal diren gehiegizko zamarik ekartzen ez duten zentzuzko egokitzapenak eginez. Eraikinean zentzuzko egokitzapenak egiten ahal badira, txostenean jasoko dira.

C) Eraikinaren energia eraginkortasuna. EETak eraikinaren energia eraginkortasunaren egiaztagiria jaso beharko du, indarrean den araudian ezartzen den prozeduraren eta edukiarekin arabera. Eraikinak energia eraginkortasunaren egiaztagiria badu eta ez bada aldatu ez eraikinaren ez haren instalazioen energia ezaugarririk, nahikoa izanen da egiaztagiria aurkeztea; bertzela, bertze egiaztagiri bat egin beharko da.

5.–Ikuskapenean tekniko ebaluatzailea ezin bada etxebizitza edo lokal guztietan sartu, txostenean jaso beharko da gertaera hori, eta orobat adierazi beharko da ondorioz txostenaren eduki teknikoa mugatu duen eta txostena eraikin osorako baliozkoa den.

9. artikulua. Ebaluatu diren eraikinen kalifikazioa.

Txostenean jasotako gabezien kopurua, larritasun maila eta hedadura kontuan hartuta, honela kalifikatuko da eraikin osoa: gai; gai, akats arinekin; ez gai behin-behinean, edo ez gai.

A) Gai. Eraikina gai izanen da txostena aldekoa bada, eta, beraz, gabezia aipagarririk ez badu.

B) Gai, akats arinekin. Eraikinari “Gai, akats arinekin” kalifikazioa emanen zaio baldin eta, era horretako gabeziak izan arren, eta eraikinaren mantentzeari eragiten diotenez soilik, eraikinaren ebaluazio txostena indarrean den bitartean zuzentzen ahal badira.

C) Ez gai, behin-behinean. Eraikina “Ez gai, behin-behinean” izanen da ebaluazio txostenean gabezia larriak badaude eta txostenean urtebete baino gutxiagoko epe luzaezina ezarri bada horiek zuzentzeko, non eta eraikinaren erabiltzaileentzat eta oinezkoentzat arriskutsuak ez diren.

Eraikinak “Gai” edo “Gai akats arinekin” kalifikazioa lortuko du gabeziak ezarritako epean zuzentzen badira eta, hasierako txostenean jasotako gabezien bigarren ebaluazioa egin ondoren, konpondu direla egiaztatzen bada.

D) Ez gai. Oso gabezia larriak dituen eraikina “Ez gai” izanen da. Halaber, “Ez gai” izanen da gabezia larriak izan eta horiek zuzentzeko urtebete baino epe luzeagoa behar duen eraikina. Gabeziak zuzentzeko txostenean ezarritako epea bukatuta, bertze ebaluazio txosten bat egin beharko zaio.

10. artikulua. Hautemandako gabezien kalifikazioa.

Ebaluazioan hautematen diren gabeziak, eta denboraren poderioz edo bertze arrazoi batzuengatik nabari diren eta txostenean jasotzen diren patologiak garrantziaren eta hedaduraren arabera sailkatuko dira, irizpide hauei jarraikiz:

1.–Patologiaren edo gabeziaren garrantzia:

a) Gabezia oso larriak. Larriak izateagatik eraikuntzako elementu horren egonkortasuna arriskuan jarri eta eraikin osoaren ezegonkortasuna eragiten dutenak, edo bertan bizi direnentzat edo oinezkoentzat arriskutsuak direnak. Horrelako gabeziak berehala zuzendu behar dira.

Txostenean jaso beharko dira gabeziak behin betiko zuzentzeko neurriak eta epea, baita, beharrezkoa bada, txostena egiten den bitartean elementuaren egonkortasuna bermatzen ahal duten behin-behineko neurriak nahiz presazkoak, patologiak, horien jatorria, dagokien konponketa proiektua eta beharrezko lanen egikaritza ere.

b) Gabezia larriak. Eraikinaren egonkortasunean ez dute berehalako arriskurik eragiten eta ez dira arriskutsuak bertan bizi direnen edo oinezkoen segurtasunerako. Txostenak ezartzen duen epean zuzendu behar dira. Gabeziaren larritasun mailak aginduko du hura zuzendu beharra, larria izan ez arren, baldin eta aurrez ikusteko modukoa bada urtebetetik beherako epean gabezia oso larri bihurtzen ahal dela, edo eusten dion elementuaren etengabeko narriadura eta ezegonkortasun edo osasungarritasun egoera larria eragiten ahal duela, betiere ebaluazioaren indarraldiaren barruan.

Araudi espezifikoa dela-eta ikuskapena eta/edo mantentze lanak behar dituzten instalazioei dagokienez, gabezia larritzat joko da nahitaezko kontrola araudi sektorialak ezarritako epeen barruan ez egitea.

Halaber, gabezia larritzat joko dira eraikineko elementu komunetan pasatzean erabiltzaileentzat arriskutsuak izaten ahal direnak (desgaitasuna izan zein ez).

c) Gabezia arinak. Garrantziarengatik edo aurreikusten zaien bilakaerarengatik larritzat edo oso larritzat jotzen ez direnak; nolanahi ere, beharrezkoa da halakoak zuzentzea eraikina mantentzeko eta etengabeko narriadura saihesteko.

2.–Patologia edo gabezien hedadurari dagokionez, honela sailkatzen dira:

a) Orokortuak. Larritasuna alde batera utzita, gabezia orokortutzat hartzen dira eraikuntza elementuaren azaleraren %50en baino gehiagoren gainean eragiten duten gabeziak: fatxada, estalkia, eskailera, arotzeriak eta abar, eraikinean elementu berezia eta garrantzi gutxikoa ez bada.

b) Mugatuak. Eraikuntza elementuaren azaleraren %50en baino gutxiagoren gainean eragiten duten gabeziak, edo, portzentaje handiagoa edo eraikuntza elementu osoa izanik ere, eraikin osoan garrantzi handirik ez dutenak.

11. artikulua. EETaren ondorioak.

1.–“Gai” edo “gai gabezia arinekin” kalifikazioa duten eraikinen jabeek ezarritako epean lortzen badute EETa, baliozkoa izanen da indarrean den hirigintza araudiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko; hala ere, gertatzen ahal da EETa indarrean den bitartean bertzelako mantentze lanak egin behar izatea.

2.–Eraikinen ebaluazio txostenak hamar urterako balio du, erregistroan sartzen den egunetik hasita; hala ere, txostena sinatzen denetik erregistratu arte 6 hilabete baino gehiago igarotzen badira, teknikariak txostena sinatzen duenetik hasiko da zenbatzen epea.

Hamar urteko epe hori gutxitu ahal izanen da, txostena ematean zeuden segurtasun, osasungarritasun, irisgarritasun, energia eraginkortasun eta apaintasun baldintzak aldatu eta okerragotzen dituzten gorabeherak gertatzen badira ebaluazioa egin ondoren; kasu horretan, eraikinaren jabeek nahitaez zuzendu beharko dituzte gabezia berriak, edo bertze ebaluazio bat egin.

3.–Udalak, ofizioz nahiz alderdi batek eskatuta, aitzineratu ahal izanen du eraikinaren ebaluazio txostenaren indarraldiaren bukaera, gerora gertatzen diren gorabeherek hala eskatzen badute.

4.–Ebaluazio txostena egin behar duten eraikin guztiek eraikina “gai” edo “gai gabezia arinekin” gisa kalifikatzen duen txosten bat izan beharko dute indarrean.

5.–Txostena berritzen ari bada, aitzinekoaren indarraldia luzatzen dela ulertuko da, hain zuzen, txostena berritzeko behar den denboran, ez bada urtebete baino gehiago pasatu indarraldia bukatu zenetik.

III. KAPITULUA

Teknikari ebaluatzaileak

12. artikulua. Teknikari gaituak.

Eraikinen ebaluazio txostena arkitekto titulazioa duen teknikari batek idatziko du, edo bertzela, arkitekto tekniko lanbidean diharduen tituludun batek, alde batera utzi gabe Estatuko araudiak gaitasun profesionalen arloan eta independentzia, inpartzialtasuna eta objektibotasuna bermatzeko ezarritakoa.

Indarrean den araudiarekin bat etorriz, eraikuntzaren kalitate kontroleko erakundeek edo bertze batzuek idatzi badituzte ebaluazio txostenak, haiei ere eskatuko zaie independentzia, inpartzialtasuna eta objektibotasuna bermatzeko. Halakoetan, idazkari eskudun batek sinatu beharko du EETa.

13.artikulua. Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoen txostenak.

Udalak egoki baderitzo, eta Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoarekiko erlazioaren irismena dela-eta bidezko bada, txosten teknikoak eskatu ahal izanen dizkio bulego horri; txosten horiek balio behar dute, batetik, lurzoruari eta eraikuntzari buruzko estatuko legeetan eta lurralde eta hirigintza antolamenduari buruzko foru legeetan zehaztutako hiri inguruneko jarduketak garatzeko laguntza emateko, eta, bertzetik, ordenantza honetan araututa dauden eraikinen ebaluazio txostenak egiteko.

IV. KAPITULUA

EETa behar duten eraikinen erregistroa

14. artikulua. EETa behar duten Eraikinen Udal Erregistroa sortzea.

EETa behar duten Eguesibarko Eraikinen Udal Erregistroa sortu da, Udaleko Hirigintza arloari atxikia.

EETa egiteko betebeharra betetzeko erraztasunak ematea da erregistroaren helburua.

Erregistroak eraikin hauek erregistratzea izanen du xede:

A) Eguesibarko udal mugartean EETa behar duten eraikinak. Eraikinen zerrenda eguneratu beharko da, araudiak txostena egiteko ezartzen duen gutxieneko antzinatasuna izatera ailegatu diren eraikinak sartuta urtero.

B) Arestiko atalean aipatu diren eraikinetarako egiten diren EETak.

C) Txostenaren edukiak betetze aldera txostena behar duten eraikinetan egiten diren jarduketak, eta kontserbazioaren betebeharrarekin lotutako informazioak ere bai.

Erregistro horren edukia Nafarroako eraikinen ebaluazioko erregistro orokorreko idazpenen arabera zehaztuko da; erregistro horren titulartasuna eta kudeaketa Foru Komunitateko Administrazioari dagokio, eta udal erregistroaren oinarria izanen da.

15. artikulua. Inskribatzeko prozedura.

Teknikariak EETa egin eta eraikinaren jabeari eman ondoren, azken hori joanen da Udalera, eraikina erregistro orokorrean jaso dadila eskatzeko.

Udalak jasoko du EETa erregistroan, Foru Komunitateko Administrazioak horretarako emandako gidalerroei jarraikiz.

16. artikulua. EETa modu subsidiarioan egitea.

EETa aurkeztu behar duenak betebehar hori betetzen ez badu, Udalaren organo eskudunak, interesdunei errekerimendua eginikoan eta entzunaldi izapidea bukaturikoan, EETa modu subsidiarioan egiteko erabakia hartzen ahal du; horretako, erabakia arrazoitu beharko du.

Teknikari eskudun bati eskatuko zaio EETa egiteko. Kanpoko kontratazio baten bidez egiten bada, interesdunei zerbitzuaren aurrekontuaren, edukiaren eta kostu ekonomikoaren berri emanen zaie zerbitzua hasi baino lehen.

EETa modu subsidiarioan egiteko eragiketen kostua interesdunei ordainaraziko zaie.

Eraikin barruan sartu behar bada eta interesdunak horren aurka agertzen badira, baimen judiziala eskatu beharko da, indarrean den legeriak ezarritako moduan.

V. KAPITULUA

Udal eraikinen ebaluazioa

17. artikulua. Udal eraikinen ebaluazioa.

1.–Bizitegi kolektiboaren tipologia duten udal jabetzako eraikinek EETari buruzko arauetan ezarritakoa bete behar dute, baita ordenantza honen aitzineko kapituluetan xedatutakoa ere.

2.–Udal jabetzako gainerako eraikinak hamar urtean behin ebaluatu beharko dira, haien erabilera edozein delarik ere.

Eraikin horiek 50 urteko antzinatasuna izatera ailegatzen direnetik hasiko da zenbatzen epea. Ordenantza honetan bizitegi kolektiboaren tipologia duten udal jabetzako eraikinetarako ezarrita dagoen bezala kalkulatuko da antzinatasuna.

Ebaluazioaren xedea hau izanen da: eraikinen egoera orokorra egiaztatzea, baita indarrean den legeriak ezarritako irisgarritasun unibertsalaren eta energia eraginkortasunaren baldintzen betetze maila ere.

Ebaluazioa egiteko epea une bakoitzean araudiak xedatutakoa izanen da, arestian adierazitako alderdietako edozeinetarako epe laburragoa adierazten badu.

18. artikulua. Ebaluazioen xedea eta irismena.

Ordenantza honen arestiko kapituluetan gainerako eraikinetarako ezarri direnak izanen dira udal eraikinen ebaluazioen xedea eta irismena.

19. artikulua. Ebaluazio txostena egin behar duten udal eraikinen erregistroa.

Udalak berariazko erregistro bat kudeatuko du kapitulu honetan ezarritakoari jarraikiz ebaluazio txostena egin behar duten udal eraikinak inskribatzeko. Gainera, erregistro horretan jaso beharko dira eraikinen txostenak eta haietan ezarritakoa betetzeko sustatu diren jarduketak.

20. artikulua. Teknikari ebaluatzaileak.

Udal teknikariek eginen dute kapitulu honetan aipatzen diren eraikinen ebaluazioa, non eta alkateak edo organo eskudunen batek zerbitzuaren kontratazioa kanpora ateratzea erabakitzen ez duen.

Halaber, kapitulu honetan aipatzen diren ebaluazio txostenak egiteko, Etxebizitza eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoaren laguntza eskatu ahal izanen du Udalak.

VI. KAPITULUA

Zehapen araubidea

21. artikulua. EETa egiteko betebeharra ez betetzea.

EETa egiteko betebeharra ez betetzeak honako ondorio hauek ekarriko ditu:

1.–Urratutzat hartu ahal izanen dira abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87. artikuluak (lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzkoa) eraikinak erabili, kontserbatu eta birgaitzeari buruz ezarritako betebeharrak.

2.–Halaber, hirigintzako arau-hauste larritzat hartu ahal izanen da, eta, horren ondorioz, zehapen araubidea izapidetu ahal izanen da, 35/2002 Foru Legean eta hura osatzen eta garatzen duen araudian jasotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa kontuan hartuta.

3.–Nahitaezko betearazpena, hertsapen isunak ezarriz, 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera bidezko bada.

4.–Udala gaituta dago EETa modu subsidiarioan egiteko, interesdunei errekerimendua egin eta entzunaldi izapidea bukatu ondoren; EETa modu subsidiarioan egiteko kostuak interesdunen kontura geratzen dira.

5.–Etxebizitzak eta, oro har, eraikinak birgaitzeko, berritzeko, egokitzeko edo aldatzeko Udalari eskatu zaizkion edo eskatzen ahal diren laguntzak ukatuko dira, baldin eta EETa egiteko betebeharra betetzen ez bada.

22. artikulua. Eraikinak konpontzeko jarduketak eta obrak egitea ez betetzea.

Ebaluazioan “ez gai” edo “ez gai, behin-behinean” kalifikazioa lortu duten eraikinak konpontzeko jarduketak eta obrak EETak ezarritako epeen barruan ez egiteak ondorio hauek izanen ditu:

1.–Urratutzat hartu ahal izanen dira abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87. artikuluak (lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzkoa) eraikinak erabili, kontserbatu eta birgaitzeari buruz ezarritako betebeharrak.

2.–Halaber, hirigintzako arau-hauste oso larritzat hartu ahal izanen da, eta, horren ondorioz, zehapen araubidea izapidetu ahal izanen da, 35/2002 Foru Legean eta hura osatzen eta garatzen duen araudian jasotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa kontuan hartuta.

3.–Nahitaezko betearazpena interesdunen kargura, eta, are gehiago, hertsapen isunak ezartzea, 35/2002 Foru Legean ezarritakoaren arabera bidezko bada.

4.–Etxebizitzak eta, oro har, eraikinak birgaitzeko, berritzeko, egokitzeko edo aldatzeko Udalari eskatu zaizkion edo eskatzen ahal diren laguntzak ukatuko dira, baldin eta EETa egiteko betebeharra betetzen ez bada.

Lehenengo xedapen gehigarria.–Udal eraikinen errolda bat egitea.

Udal eraikinen ebaluazioaren eta txostenaren kudeaketa eta kontrola egiteko, udal eraikinen errolda eginen du Udalak, eta han jasoko ditu udal jabetzako eraikinak, erakunde publikoenak, merkataritza sozietateenak eta udalarekin lotuta edo udalaren mendean dauden nortasun juridikoko gainerako erakundeenak.

Errolda hori egin eta eguneratzeko, udal inbentarioko ondasun higiezinen atalean oinarrituko da, eta koordinazio etengabe eta ezin hobea izan beharko du atal horrekin. Inbentario horretan legez ezarritakoaren arabera eguneratu, zuzendu eta egiaztatuko da errolda.

Bigarren xedapen gehigarria.–Udal laguntzak aitortzeko bete beharreko eskakizuna.

EETa duten eraikinei soilik emanen zaizkie eraikinak (bizitegi kolektibokoak izan nahiz ez) birgaitzeko jarduketak sustatzeko udal laguntzak, edozein motakoak, eta, horretarako, berrogeita hamar urtetik gorako antzinatasuna izan beharko dute laguntza eskatzean.

Hirugarren xedapen gehigarria.–EETaren eredua.

EETa egiteko zeregina ahal bezainbertze errazteko, haren formalizazioa arautzen da xedapen gehigarri honen bidez:

1.–Horretarako, bete egin beharko dira Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako eraikinen ebaluazioko erregistro orokorraren titular eta kudeatzaile gisa onesten ahal dituen ereduak.

2.–Foru Komunitateko Administrazioak eredurik onetsi ez badu, ordenantza honetan erantsitakoa bete beharko dira.

3.–Dena dela, Nafarroako eraikinen ebaluazioko erregistro orokorraren kudeaketaren ondorioz edukiari eta formari buruz ezarrita dauden eskakizun eta betekizunak bete beharko dira.

4.–Aurreko 2. puntuan aurreikusitako aldaketak edo egokitzapenak egokiak badira edo araudi aplikagarriak eskatzen baditu, ordenantza hau aldatu beharrik gabe onesten ahalko ditu alkateak.

Xedapen iragankorra.–Eraikinen ebaluazio txostenak mailaka ezartzeko egutegia.

1.–Une bakoitzean indarrean dagoen araudi aplikagarriak bertzerik ezarri ezean, eraikinen jabeek edo jabekide elkarteek ebaluazio txostena izan behar dute, egoera eta epe hauetan:

a) 2013ko abenduaren 31n 100 urteko edo gehiagoko antzinatasuna duten bizitegi kolektiboko eraikinek 2017ko lehenengo eguna baino lehen egina izan behar dute ebaluazio txostena.

b) 2013ko abenduaren 31n 50 urteko edo gehiagoko antzinatasuna duten bizitegi kolektiboko eraikinek 2018ko lehenengo eguna baino lehen egina izan behar dute ebaluazio txostena.

c) 2014ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra bitartean 50 urteko antzinatasuna betetzen duten bizitegi kolektiboko eraikinek 2019ko lehenengo eguna baino lehen egina izan behar dute ebaluazio txostena.

d) 2017ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartean 50 urteko antzinatasuna betetzen duten bizitegi kolektiboko eraikinek 2020ko lehenengo eguna baino lehen egina izan behar dute ebaluazio txostena.

e) 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean 50 urteko antzinatasuna betetzen duten bizitegi kolektiboko eraikinek 2021eko lehenengo eguna baino lehen egina izan behar dute ebaluazio txostena.

f) 2020ko urtarrilaren 1etik aitzin 50 urteko antzinatasuna betetzen duten bizitegi kolektiboko eraikinek antzinatasun hori lortzen den egunetik urtebete igaro baino lehen izan behar dute ebaluazio txostena egina.

2.–Aurrekoa gorabehera, Foru Komunitateko Administrazioak bertze baldintza batzuk ezartzen ahal ditu EETari buruz, eraikinekin eta, zehazki, etxebizitzekin lotutako jarduerak sustatzeko edo haiei laguntzeko neurrien aurretiazko betekizun gisa.

3.–Bizitegi kolektiborako ez diren udal eraikinen lehenengo ebaluazio txostena 2018ko abenduaren 31 baino lehen egin eta erregistroan inskribatuko da.

Azken xedapena.–Indarrean jartzea.

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egunera jarriko da indarrean.

Sarrigurenen, 2018ko martxoaren 13an.–Alkatea, Alfonso Etxeberria Goñi.

Iragarkiaren kodea: L1803601