2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
EGUESIBAR
Ordenantza ez-fiskala, udal liburutegia erabiltzeko araubideari buruzkoa. Behin betiko onespena
Jendaurreko epean ez denez ez alegaziorik ez erreklamaziorik aurkeztu, behin betiko onetsitzat jotzen da udal honetako udal liburutegia erabiltzeko araudiari buruzko ordenantza ez-fiskala, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatuari jarraikiz. Hona hemen ordenantzaren testua:
ORDENANTZA, EGUESIBARKO UDAL LIBURUTEGIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
Zioen azalpena
Eguesibarko udal liburutegia udal titulartasunekoa da. Zerbitzu hori arautzea Eguesibarko Udal txit gorenari dagokio, eta hark mantendu beharko du erabilera baldintza ezin hobeetan, jarraibide orokorrekin eta araudi honen ondoriozkoekin bat etorrita. Udala arduratuko da instalazioen funtzionamendu, hobekuntza, antolamendu eta administrazioaz, liburutegiko zerbitzu teknikoen bitartez.
Eguesibarko udal liburutegi publikoa osatzen duten bi instalazioak helbide hauetan daude:
–Olatz, Uharteko errepidea, 5. km.
–Sarriguren, Errege Bardea kalea, 76. eta 78. zk.
Liburutegi publikoa pertsona guztien erakundea da. Liburutegian lan egiten dutenak komunitatearen zerbitzura daude eta herritar guztien baliabideen administrari izateko zeregina dute. Horregatik, konpromisoa dute zerbitzuak antolatzeko ahalik eta jende gehienarengana iristeko moduan, eta herritarrek egin nahi dituzten iradokizun guztiak aintzat hartzeko.
Liburutegia leku publikoa da, eta errespetuzko jokabidea izan behar da han, herritar guztientzat topo egiteko, irakurtzeko eta ikasteko giro atsegina egon dadin.
Liburutegiak eskainitako zerbitzua ahalik eta eraginkorrena izan dadin, bizikidetza arau batzuei jarraitu behar zaie; horiek direla eta, araudi hau onestea eta aplikatzea beharrezkoa eta bidezkoa da.
Ondotik aipatzen diren konpromiso orokor, eskubide eta betebeharrak Estatuko hainbat liburutegi publikotan eta Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarean bildurik daude.
I. Jarraibide orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honek honako hauek arautzen ditu: Eguesibarko udal liburutegira sartzearekin eta hura erabiltzearekin lotutako alderdi garrantzitsuenak eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak.
2. artikulua. Eskuragarritasuna.
Liburutegian, herritar guztiek dute sartzeko aukera, dohainik, berezitasun honekin:
–8 urtetik beherako haurrek eta haurtxoek heldu batekin egon beharko dute beti.
3. artikulua. Ordutegia.
Udal liburutegiak urte osoan irekiko ditu instalazioak jendearentzat, zinegotzigo ordezkariak urtero onartutako egutegi baten arabera. Oro har, ordutegia osatzeko, erabiltzaileak zer ordutan joaten diren gehien hartuko da aintzat, baita aldian behin jasotako iradokizunak eta onetsia izateko langile publikoek urtero aurkeztutako lan egutegia ere. Ordutegia jendaurrean egonen da beti.
4. artikulua. Liburutegiko txartela.
Erabiltzaile txartelaren bidez, identifikazioa behar duten liburutegiko zerbitzuak erabiltzen ahal dira: mailegu zerbitzua, ordenagailuetarako sarbidea edo liburutegiko langileek adierazitako beste batzuk. Edonork eskatu eta erabiltzen ahal du.
Txartela doakoa, pertsonala eta besterenezina da: ezin zaio beste inori utzi liburutegiko zerbitzuak erabiltzeko. Dena dela, bada salbuespenik: gurasoek haurrentzako materiala, ez helduentzakoa, hartzen ahal dute beren seme-alabentzat.
Txartela eskuratzeko, eskabidea bete behar da (liburutegian bertan emanen da). Han, datu pertsonalak idatzi (izen-deiturak, NANa, helbidea, jaioteguna eta abar), NANa/AIZ edo pasaportea erakutsi, eta txartel neurriko argazki bat, berriki ateratakoa, aurkeztu behar da.
Aurkeztutako identifikazio agirian jasotzen den helbidea erabiltzaileak emandakoarekin bat ez badator, herriarekiko lotura frogatzen duen agiriren bat eskatzen ahalko da (lana, ikasketak, errolda, ordainagiriak, etab.).
14 urtez azpitikoen eskabidea aitak, amak edo tutoreak sinatu beharko du. Horrez gain, adingabekoak NANa badu, hori ere aurkeztu beharko du.
Halaber, txartela Internet bidez eskatzen ahalko da:
Liburutegiko erabiltzaileen txartelaren eskaera (navarra.es).
Irakurle txartelean jasotzen diren datuak aldatuz gero (helbidea, telefono zenbakia, etab.), erabiltzaileak horren berri eman beharko dio liburutegiari, erreserbatutako agiriei buruzko jakinarazpenak, mailegatutako dokumentuen gaineko erreklamazioak eta abar egin ahal izateko; bestela, erabiltzailea izanen da gertatzen ahal diren kalteen erantzule bakarra.
Erabiltzaile txartela eskatzeak berarekin dakar liburutegiaren funtzionamendua arautzen duten arauak eta jarraibide hauek onartu beharra.
Txartela galdu edo lapurtuz gero, horren berri eman beharko zaio berehala liburutegiari, haren erabilera okerrak saiheste aldera. Liburutegiari galeraren berri eman arte, erabiltzaileak erantzun beharko du txartelaren bidez egindako eragiketengatik. Txartel berria edo kopia egiteko, ezarritako tarifak aplikatuko dira (I. eranskina); galera frogatzen duen lapurreta salaketa aurkezten bada, ordea, ez da ordaindu beharrik izanen.
Txartela erabiliaren erabiliaz hondatzen bada, dohainik emanen da berria. Dagokion tarifa aplikatuko da arduragabekeria dela-eta txartelaren kopia egin behar bada.
Mailegu kolektiboa erabili nahi duten erakunde publiko edo pribatuek (ikastetxeak, institutuak, ospitaleak, elkarteak, toki entitateak, kolektiboak, etab.) maileguaren ardura hartuko duen pertsona ofizialki izendatu beharko dute, idazki bidez.
Izendapena erakundeko arduradunak sinatu beharko du. Erabiltzaile kolektiboentzako txartelak urtebeterako edo ikasturte baterako balioko du; epe hori iraganda, hura berritu edo iraungi eginen da.
Erabiltzaile txartela eskuratzeko lagatako datuak Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren apirilaren 25eko 122/2002 Foru Aginduak (70. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 10ekoa) arautu eta babesten ditu; agindu horren bidez, “Nafarroako Liburutegi Publikoetako bazkideen erregistroa” izenarekin fitxategi informatizatu bat sortu zen, eta, ondotik, bi foru agindu hauek aldatu zuten hura: Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren urtarrilaren 13ko 3/2003 Foru Agindua (54. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 30ekoa) eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariaren urtarrilaren 27ko 4/2010 Foru Agindua.
Erabiltzaileek datuak sartu, zuzendu eta ezeztatzeko eskubideak erabiltzen ahalko dituzte, betiere indarreko legerian ezarritakoari jarraikiz, idazkia aurkeztuz Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Liburutegi Zerbitzuan.
5. artikulua. Zerbitzuak.
Liburutegiak, funtsean, 6 zerbitzu mota eskainiko ditu:
a) Aretoan irakurtzea.
b) Mailegu zerbitzuak.
b1) Sareko maileguak.
b2) Liburutegi arteko maileguak.
c) Interneterako sarbidea.
d) Kopiak egiteko zerbitzua.
e) Kultur jarduerak.
a) Aretoan irakurtzea.
Liburutegiko funtsak denen esku daude; hortaz, zuzenean eskuratzen ahalko dira, eskatu behar izan gabe. Langileak erabiltzaileen esku daude, bilduma errazago erabili ahal izateko.
Liburutegiak eguneroko prentsa eta aldizkariak izanez gero, erabiltzaileek kontsultatzen ahalko dituzte.
b) Mailegu zerbitzuak.
Ezinbestekoa da txartela aurkeztea mailegu zerbitzuak erabiltzeko.
Ez dira mailegatuko erreferentziazko obra guztiak (entziklopediak, hiztegiak, katalogoak eta, oro har, aretoan kontsultatu beharreko obra guztiak).
b1) Sareko maileguak.
Txartelak aukera emanen du Nafarroako Liburutegien Sareko liburutegi guztietan mailegatzeko.
b2) Liburutegi arteko maileguak.
Oinarrizko zerbitzua da, azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legeari jarraikiz; eta, hartan ezartzen denez, liburutegiak zerbitzu horren kostua ordaintzeko eskatzen ahalko die erabiltzaileei.
Zerbitzu horri esker, liburutegiak erabiltzaileek egindako eskaerei erantzuten die, beste liburutegi batzuetan eskuragarri dauden dokumentuen eskaerei dagozkienak, hain zuzen ere. Liburutegi eskatzaileak eskaerak aztertuko ditu, eta horiek onartzen edo ukatzen dituen erabakiko.
Erreferentzia ofiziala Nafarroako Gobernuaren Liburutegien atarian argitaratutakoa da; hor jasotzen da Nafarroako liburutegi publikoen sistemako liburutegien arteko mailegu zerbitzuaren araudia.
c) Liburutegiko ordenagailuak erabiltzea.
Zerbitzu hori baliatzeko, helduek irakurle txartela edo NANa aurkeztu beharko dute. 12-14 urteko haurrek guraso edo tutoreekin batera egon beharko dute, edo, bestela, baimen sinatua izan beharko dute. 12 urtetik beherako adingabeak ezin dira helduentzako eremuetan sartu liburutegiko arduradunen baimenik gabe.
Liburutegiko langileek eskubidea izanen dute edukiak iragazteko.
Eskaera informazio mostradorean egin beharko da, eta, Interneten sartzeko ordenagailuak libre egonen direla ziurtatzeko, erabiltzaileek aldez aurretik egiten ahalko dute erreserba liburutegian bertan, telefonoz edo posta elektronikoz.
Eskatzaileak, erreserbatutako ordua hasi eta 10 minuturen buruan agertzen ez bada, bere saiorako eskubidea galduko du.
PC librerik bada, erabiltzaile bakoitzak 30 minutu erreserbatzen ahalko ditu gutxienez egunero, eta 2 ordu gehienez astero. Saioak ordu-orduan bukatuko dira, hurrengo erabiltzaileak erreserbatutako orduan hasi ahal izateko.
Erabiltzaileak hitz eman beharko du Jabetza Intelektualari buruzko indarreko legeria une oro errespetatu eta Internet zerbitzua modu egokian erabiliko duela, betiere liburutegi publikoaren jarduna arautzen duten oinarriak aintzat hartuta.
Ekipamenduak behar bezala erabiliko dira. Ezin izanen da programarik instalatu, ezta ezarpenak aldatu ere.
Liburutegiak ez du bere gain hartzen sarea erortzearen, deskonexioen eta abarren ondorioz sortzen ahal diren datu kalteen, galeren edo hondatzeen gaineko erantzukizunik.
Internet zerbitzuaren ordutegia liburutegia itxi baino 15 minutu lehenago bukatuko da.
Liburutegiak haririk gabeko estaldura ere badu (WI-FI).
d) Kopiak egiteko zerbitzua.
Liburutegiak zerbitzu hori eskainiz gero, agirien kopiak egiterakoan, kontuan izanen da Jabetza Intelektualaren arloan indarrean dagoen legeria.
Liburutegiko funts bibliografikoa soilik kopiatzen ahalko da.
Zenbaitetan, berariazko funtsari dagozkion dokumentuak kopiatzeko eskaeretan murrizketak izaten ahal dira, irizpide hauek, besteak beste, aintzat hartuta: jatorrizko euskarriaren antzinatasuna, kalitatea eta egoera; formatu edo manipulazio zaila.
Zerbitzu hori erabiltzeko eta ordenagailuetatik inprimaketak egiteko, dagokion ordenantzan ezarritako tarifak ordaindu beharko dira.
e) Kultur jarduerak.
Liburutegiak, bere kabuz eta Eguesibarko Udaleko udal arloekin, liburutegiekin edo erakundeekin elkarlanean, kultur jarduerak egiten ahal ditu (erakusketak, bisitak...), betiere liburuen munduarekin eta liburutegiko funtsekin lotuta.
Liburutegiko arduradunek, beharrezkoa bada, parte hartzaileen adina mugatzen ahalko dute, bai eta parte hartzaileen gehieneko kopurua ere.
II. Mailegu zerbitzua
1. artikulua. Mailegu motak.
Mailegu zerbitzua banakakoa edo kolektiboa izaten ahal da. Erakunde publikoek eta herritarren kolektiboek mailegu kolektiboa (txartel instituzionala) egiten ahal dute eta, ziurtatutako ordezkari baten bitartez, sortak eskuratu maileguan, baldintza orokorren edo kasu jakin bakoitzerako hitzartutako baldintzen arabera. Ordezkari horren ardura izanen da bere kargu utzitako materialak ongi erabiltzea, eta garaiz eta egoera onaren itzultzea.
Honako hauek ez dira mailegatuko: Erreferentziazko obrak (entziklopediak, hiztegiak...) eta aldizkako argitalpenak (kopiak eta salbuespenezko kasuak izan ezik).
2. artikulua. Epeak.
Erabiltzaile bakoitzak aldi berean 7 dokumentu izaten ahal ditu maileguan, gehienez. Agiri mota desberdinen maileguak muga hauek izanen ditu:
–3 liburu gehienez, 21 egunez. Birritan berritzen ahalko da mailegua epe bererako, beste erabiltzaile batek erreserbatu ez baditu bederen.
–2 aldizkari gehienez, 7 egunez (inoiz ez aldizkari bakoitzetik jasotako azken zenbakia), eta beste bitan berritzen ahalko da denbora bererako, beste erabiltzaile batek erreserbatu ez baditu.
–2 bideo, CD-ROM, DVD, CD, etab. gehienez, 7 egunez.
Eguesibarko liburutegi publikoak maileguan ematen dituen dokumentuak liburutegian bertan itzuli beharko dira beti, egoera onean eta horretarako emandako epean itzuli ere.
Dokumentuak itzultzeko epeak betetzen ez badira, zehapena jarriko da: egun bat mailegu txartela erabili gabe, atzeratutako egun eta dokumentu bakoitzeko. Dokumenturen bat galdu edo hondatuz gero, berria ekarri beharko da.
3. artikulua. Eskaerak.
Norbaitek iradokizunak edo desideratak egin nahi baditu, liburutegiko langileek horretarako behar diren inprimakiak jarriko dituzte haren esku (erabiltzaileari eskaeraren emaitzaren berri emanen zaio 15 egun naturaleko epean, gehienez).
III. Jokabide arauak
1. artikulua. Segurtasun eta higiene kontuak direla eta, instalazioak zaintzeko eta bilduma bibliografikoak begiratzen direla bermatzeko, honako hauek debeku dira liburutegiko espazio publikoetan:
–Janaria sartzea eta jatea.
–Erretzea.
–Altzariak lekuz aldatzea.
–Adierazpen zaratatsuak egitea.
–Liburutegi barruan telefono mugikorrak isilik eduki beharko dira.
–Irakurketa postuak erreserbatzea, edozein prozeduraren bitartez.
–Animaliekin sartzea.
–Bizikleta, patin eta abarrekin sartzea.
–Eta, oro har, funtzionamendu egokia nahastea.
2. artikulua. Liburutegiak ez du norberaren gauzen galeren edo lapurreten gaineko erantzukizunik hartuko.
3. artikulua. Erabiltzaileek zaindu egin beharko dute liburutegiko instalazio, ekipamendu eta funts bibliografiko eta dokumentalen osotasuna eta egoera.
Zehapen araubidea
1. artikulua. Arau-hausteak.
Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak erabat edo hein batean ez betetzea da arau-haustea.
–Arau-hauste arinak dira:
- Instalazioak eta materiala behar bezalako arretaz ez erabiltzea.
- Zerbitzuaren ardura dutenek emandako ohar eta aginduei kasu ez egitea.
–Arau-hauste larriak dira:
- Liburutegiko instalazioetan edo materialean, nahita, kalte egitea.
- Behar bezalako begirunea ez izatea beste erabiltzaileekiko eta zerbitzuko arduradunekiko.
- Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.
–Arau-hauste oso larriak dira:
- Instalazioez balia daitezen galaraztea gainerako erabiltzaileei.
- Urtebeteko epean, hiru arau-hauste larri egitea.
13. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinak eginez gero, kargu hartzea izanen da berehalako zehapena. Kargu hartzea nahikoa ez bada, erantzulea liburutegitik kanporatzen ahalko da astebetez gehienez; gainera, denbora tarte horretan, liburutegiko txartela kentzen ahal zaio.
Liburutegiko instalazioak eta txartela hilabetez erabiltzeko eskubidea kenduta zehatuko dira arau-hauste larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, haien kostuaren adinako isuna jarrita.
Instalazioak erabiltzeko eskubidea erabat kenduta eta txartela denbora mugagabean kenduta zehatuko dira arau-hauste oso larriak eta, materiala edo instalazioak hondatuz gero, haien kostuaren adinako isuna jarrita.
Zehapen batek inor hilabete bat baino gehiagorako kanporatzea ekarriz gero, idatziz jakinarazi beharko zaio zehatuari edo haren legezko erantzuleei, adin txikikoa bada, baita Eguesibarko Udalari ere, jakin dezan. Nolanahi ere, interesdunari entzunaldia emanen zaio hamar eguneko epean.
Zehatua 14 urtetik beherakoa izanez gero, legezko tutoreei jakinaraziko zaie.
Azken xedapena.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denean, eta Estatuko Administrazioak eta Nafarroako Foru Komunitatekoak toki entitateen egintzak eta erabakiak aurkaratzeko duten epea iragandakoan.
Sarrigurenen, 2018ko martxoaren 1ean.–Alkatea, Alfonso Etxeberria.
Iragarkiaren kodea: L1803474