80. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UNTZUE

Ordenantza, Etxeko animaliak oro har eta arriskutsuak izaten ahal direnak izatea arautzen duena. Behin betiko onespena

Untzueko Udalak, 2017ko abenduaren 28an eginiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Etxeko animaliak oro har eta arriskutsuak izaten ahal direnak izatea arautzen duen udal ordenantza. 16. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2018ko urtarrilaren 23an, baita Untzueko Udalaren iragarki taulan ere.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, zeina maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onesten da, eta haren testu osoa argitaratzeko agintzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan.

Untzuen, 2018ko otsailaren 9an.–Alkatea, Encarna Ducun Izpura.

ERANSKINA

ORDENANTZA, ETXEKO ANIMALIAK ORO HAR ETA ARRISKUTSUAK IZATEN AHAL DIRENAK IZATEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Etxeko animalien inguruan ezarritako Nafarroako Foru Komunitateko araudiak (Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea) ezartzen du udalek arriskutsuak izaten ahal diren animalien inguruko zehapen espedienteak abiarazteko eta ebazteko eskumena dutela. Horrez gain, estatu mailan, Arriskutsuak izaten ahal diren animaliak izateari buruzko Araubide Juridikoa ezartzen duen abenduaren 23ko 50/1999 Legeak eta hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuak udalak behartzen dituzte halako animalientzako lizentziak ematera eta erregistro bat sortzera.

Azaldutakoa ikusita, eta kontuan izanik etxeko animaliekin eta arriskutsuak izaten ahal diren animaliekin bizitzeak, eta animaliok bide publikoa eta erabilera publikoko espazioak erabiltzeak nolabaiteko eragina izaten ahal duela herritarrengan, beharrezkotzat jo da halako animalien jabeen eta/edo halako animaliak dituzten pertsonen jokabideak eta erantzukizunak arautzea. Horretarako, dagokion ordenantza egin da.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek honako hau du helburu: etxeko animaliak oro har eta arriskutsuak izaten ahal diren animaliak izatea arautzea eta legeak ezarritakoa Untzueko udalerrian aplikatzea. Lege hauek dira aplikagarri kasu honetan: 7/1994 Foru Legea, maiatzaren 31koa, Animalien Babesari buruzkoa; 50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskutsuak izaten ahal diren animaliak edukitzeari buruzko Araubide Juridikoa ezartzen duena; eta 287/2002 Errege Dekretua, martxoaren 22koa, abenduaren 23ko 50/1999 Legea garatzen duena.

I. TITULUA

Etxeko animalientzat oro har ezarritako xedapen orokorrak

2. artikulua. Definizioa.

Gizakiak lagun egiteko dituen edo baliabideak lortzeko hazten dituen animaliak dira etxekoak.

3. artikulua. Denetariko etxeko animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak:

a) Administrazio publikoek ezartzen dituzten prebentziozko osasun neurriak eta gainerakoak aplikatu beharko dituzte.

b) Administrazio publikoak nahitaezko gisa ezartzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, udal agintaritzak hala eskatzen dienean.

c) Neurriak hartu beharko dituzte animaliak etxebizitzen edo lokalen kanpoaldera, bide publikora edo erabilera publikoko lekuetara libreki, inork eraman gabe, joan daitezela saihesteko.

d) Behar diren neurriak hartuko dituzte animaliek hirugarrenei edo horien ondasunei ez kalterik ez trabarik ez egiteko.

e) Etxeko animaliak identifikatuta izan beharko dituzte, bereziki zakurrak, administrazio publikoak adierazten duen moduan.

f) Untzueko herrigunean, zakurrek arduradun batek lotuta ibili behar dute beti, gehienez ere 2 metroko hede sendo edo kate batekin.

Artzain zakurrek ez dute betebehar hori izanen artzain lanetan ari direnean, baldin eta animalia ez bada arriskutsua izaten ahal, ordenantza honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoaren arabera.

g) Untzueko herrigunetik kanpo, zakurrak hede edo katerik gabe ibiltzen ahal dira, baldin eta beren arduradunarekin badaude. Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak gehienez 2 metroko hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurra lotzeko jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

h) Ezin dute onartu animaliek, bereziki zakurrek, beren gorozkiak espaloietan, galtzadetan, parterretan, berdeguneetan eta nagusiki jendea igarotzeko eta/edo jolasteko diren bide publikoko edo erabilerako publikoko bide pribatuko elementuetan egitea, ezta herrigunearen inguruko bideetan ere.

i) Animaliek, bereziki zakurrek, aipatutako lekuetan utzitako gorozkiak bildu eta bota behar dituzte. Hain zuzen, bide publikoan dauden edukiontzietan botako dituzte, poltsa edo bilgarri baten barruan, eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratuko dira.

j) Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira aske ibili ahal izanen, baldin eta barruti horiek eremu publikotik bereizteko erabat itxita badaude, zakurrak hesitik kanpora jauzi egiterik izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela jakinaraztera beharturik dago, aise irakurtzen ahal diren plakak ikusgai jarriz zaintzapeko barrutiko sarrera guztietan.

k) Animaliak zaunkak eta iskanbilak sortu ohi badituzte maiz, jabeek berehala isilarazi behar dituzte, eta aurrerantzean auzokideei halako eragozpenik ez sortzeko neurriak hartu, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortzietara bitartean gertatzen bada.

4. artikulua. Etxeko animalia guztientzako debekuak.

Debeku da:

a) Administrazio publikoak nahitaezko gisa ezartzen dituen prebentziozko edo bestelako osasun baldintzak betetzen ez dituzten animaliak kalean ibiltzea.

b) Animaliak sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

c) Animaliak sartu eta egotea elikagaiak saltzeko edo kontsumitzeko establezimenduetan.

d) Animaliak sartzea establezimendu publikoetan edo erabilera publikoko establezimendu pribatuetan, hala nola igerilekuetan, mediku kontsultategietan, ikastetxeetan eta abar.

e) Jendeari ostatu ematen dioten eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduetan, jabeen esku gelditzen da animaliak sartzea eta egotea debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina, kasu horretan, egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea jarri beharko dute.

f) Animaliak izatea beren arduradunek behar bezala kontrolatzen ahal ez dituzten lekuetan.

g) Animaliek erabilera publikoko ur txorrota edo iturrietatik zuzenean edatea.

b), c) eta d) letretan ezarritako debekuek ez diete eraginen behar bereziak dituzten pertsonen ohiko bizitzarako beharrezkoak diren lagun egiteko animaliei, hots, itsu zakurrei eta antzekoei.

5. artikulua. Etxeko animaliak abandonatzea.

Animalia bat abandonatua dagoela uste izanen da inor gabe dabilenean bide edo jabari publiko batean edo erabilera publikoko bide edo jabari pribatu batean, bere jatorriaren edo jabearen identifikaziorik daraman kontuan hartu gabe.

Udal agintaritzak animalia bere gain hartu eta atxiki eginen du, harik eta dagokionak jaso, norbaiti utzi edo heriotza ematen zaion arte.

Untzueko Udalak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin, beste tokiko erakunde batzuekin, animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteekin edo horretan aritzen diren beste pertsona batzuekin adostu ahal izanen du abandonatutzat jo diren animaliak bertan uztea edo zaintzea.

Identifikatuta badaude, jabeari abisu emanen zaio animalia jaso dezan gehienez 10 eguneko epean. Identifikaziorik izan ezean, 8 eguneko epea izanen dute animalia berreskuratzeko.

Jabeak ordainduko ditu animaliak sorrarazitako gastuak, berreskuratu aurretik.

6. artikulua. Etxeko animalien eraso eta gaixotasunen kasuan.

Animalia batek norbaiti hozka egiten badio, pertsona horrek gertatutakoa jakinaraziko die osasun zerbitzuei, eta medikuaren partea aurkeztuko dute.

Edozein herritarrek ikusten badu animalia batek pertsona bati edo beste animalia bati eraso egin diola, udal agintaritzari jakinarazi beharko dio.

Jendeari edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua dutelako susmagarriak direnak ere, albaitariaren kontrolpean egonen dira hamalau egunez. Behaketan eman beharreko denbora hori Udalak edo dagokion osasun agintaritzak esaten duten zentroan eginen da.

Animalia erasotzailea zakur bat bada, haren jabeek eta/edo edukitzaileek inplikatutako animaliaren datuak eman beharko dizkiote erasoa jasan duen pertsonari edo haren legezko ordezkariei eta agintaritza eskudunei, hala eskatuz gero. Gainera, beharturik daude animalia bere ohiko aterpean izatera, osasun zerbitzuek bildu arte, espresuki debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea.

Jabeak eskatzen badu eta albaitari zerbitzuek adostasun txostena emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egiten ahal da, baldin eta animaliak agiri egokiak baditu eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badaude.

Jabeek ordainduko dituzte aipatutako animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastu guztiak.

7. artikulua. Lagun egiteko etxeko animaliak saltzen, zaintzen edo hazten dituzten establezimenduak.

Lagun egiteko etxeko animaliak saltzen, zaintzen edo hazten dituzten establezimenduek une bakoitzean indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak bete behar dituzte, animaliak higiene, osasun, elikadura eta albaitaritza baldintza onetan egon daitezen. Halaber, animalien kontrol egokia egin beharko dute, aipatutako baldintzak jasotzen dituen erregistro espezifiko baten bidez.

Untzueko Udalak, zuzenean edo Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, izanen du establezimendu horiek zaintzeko eta ikuskatzeko eskumena.

II. TITULUA

Arriskutsuak izaten ahal diren animaliak

8. artikulua. Definizioa.

Arriskutsuak izaten ahal diren animaliak:

a) Berez basatiak izanik, etxeko edo lagun egiteko erabiltzen diren animaliak, baldin eta pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza ematen ahal dieten espezie edo arrazatakoak badira, eta ondasunei kalte egiten ahal badiete, erasokorrak izan ala ez.

b) Edozein espezietakoak izanik, eraso eta defentsarako entrenatu edo hezi diren animaliak.

c) Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsonaren bati eraso egin dioten animaliak.

d) Arriskutsuak izaten ahal diren zakurtzat hartuko dira:

–Arraza hauetako zakurrak: pit bull terrier, staffodshire bull terrier, american staffodshire terrier, rottweiler, dogo argentinarra, fila brasildarra, tosa inu, akita inu eta horien arteko gurutzatze guztiak.

–Ezaugarri hauek guztiak edo gehienak dituzten zakurrak: muskulatura sendoa, itxura indartsua, gorpuzkera mardula, forma atletikoa, bizkortasuna, indarra eta erresistentzia, izaera nabarmena eta kemen handia, ile motza, 60 eta 80 zentimetro arteko perimetro torazikoa, 50 eta 70 zentimetro arteko soingurutzeko garaiera eta 20 kg-tik gorako pisua, eta bolumen handiko burua, sendoa, garezur zabal eta handikoa, eta masail gihartsu eta konkortuak dituena. Masailezur handi eta sendoak; aho mardula, zabala eta sakona; lepo zabala, gihartsua eta motza. Bular sendoa, zabala, handia eta sakona; saihets makotuak eta bizkar gihartsu eta laburra. Aurreko gorputz adar paraleloak, zuzenak eta mardulak; atzeko gorputz adarrak, berriz, oso gihartsuak eta hanka luze samarrak, angelu txikia egiten dutenak.

–Ezaugarri horiek betetzen ez badituzte ere izaera erasokor argia duten animaliak edo pertsonei nahiz beste animalia batzuei eraso dietenak, baldin eta eskumeneko agintaritzak arriskutsuak izaten ahal direla hauteman badu, albaitari baten txostena ikusita eta irizpide objektiboak kontuan hartuta.

I. KAPITULUA

Aldez aurreko lizentzia

9. artikulua. Nahitaezkotasuna.

Untzueko udal mugartean animalia arriskutsuak izateko, saltzeko edo hezteko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik udal lizentzia eskuratzea.

Lizentzia hori arriskutsua izaten ahal den animalia eskuratu baino lehen eskatu eta lortu beharko da.

10. artikulua. Lizentzia eskatu behar duten pertsonak.

Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsuak izaten ahal diren animalien jabe eta/edo edukitzaileak, baldin eta Untzuen bizi badira edo animaliak salerosi nahiz trebatzeko jarduera Untzuen egiten bada.

Era berean, lizentzia hori eskatu beharko dute animalia arriskutsuen jabe eta/edo edukitzaileek, animaliak hiru hilabetez gutxienez Untzuen egon behar badu.

11. artikulua. Lizentzia eskuratzeko baldintzak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Ez izatea inoiz kondenatua honako delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, nahitaezkoa da arriskutsuak izaten ahal diren animaliak izateko eskubideaz gabetua ez egotea epaile baten ebazpenarengatik; hori egiaztatzeko, eskumeneko agintaritzak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

c) Arau-hauste larri edo oso larriengatik abenduaren 23ko 50/1999 Legearen (Arriskutsuak izaten ahal diren animalien araubide juridikoari buruzkoa) 13. artikuluko 3. apartatuan ezarritako zehapen osagarririk jaso ez izana, bat etorriz abenduaren 23ko 50/1999 Legea (Arriskutsuak izaten ahal diren animalien araubide juridikoari buruzkoa) garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoarekin. Baldintza hori egiaztatzeko, eskumeneko agintaritzak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

d) Ahalmen fisikoa eta gaitasun psikologikoa izatea arriskutsuak izaten ahal diren animaliak edukitzeko. Hori egiaztatzeko, eskumeneko agintaritzak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

e) Frogatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000 euro).

f) Ildo horretan, indarrean dagoen udal tasa ordaindu izana.

12. artikulua. Prozedura.

Aldez aurreko lizentzia eskatu beharko da udaletxeko erregistroko bulegoetan arriskutsua izaten ahal den animalia eskuratu aurretik, bat etorriz ordenantza honen eranskinetan jasotako eredu normalizatuarekin.

Hasiera batean arriskutsua ez den animalia batek erasoren bat egin badu eta, horregatik, eskuratu ostean arriskutsua izaten ahal den animalia gisa sailkatu bada, jabeak kapitulu honetan zehaztutako lizentzia eskatu beharko du 5 eguneko epean, bat etorriz aipatutako eredu normalizatuarekin.

Eredu normalizatu horiek herritarren eskura egonen dira Untzueko Udalaren webgunean eta udal bulegoetan.

Jabeek aipatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, dagozkien ziurtagiri eta dokumentuen bidez.

Dokumentu guztiak aurkeztu ezean, errekerimendua eginen zaio 10 eguneko epean, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Dokumentazioa aurkeztu ezean, lizentzia ukatu eginen zaio.

Dokumentazioa aurkeztuz gero, dagokion lizentzia emanen zaio.

13. artikulua. Ebazteko eskumena.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, Untzueko Udaleko Alkatetzak izanen du lizentzia emateko eskumena.

14. artikulua. Indarraldia.

Lizentziak 5 urterako balioko du, eta berritzen ahalko da iraupen bereko beste aldi batzuetarako.

Lizentziak indarra galduko du titularrak ordenantza honen 11. artikuluan ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez duen unetik beretik.

15. artikulua. Aldaketak lizentziaren datuetan.

Titularrak lizentzian dauden datuetako edozeinen aldaketa jakinarazi beharko dio Untzueko Udalari, aldaketa hori gertatu eta hamabost eguneko epean egin ere.

Indarra duen administrazio lizentziaren inguruko esku hartzea, etenaldia edo kautela neurria, judizialki edo administratiboki erabakia, beste lizentzia bat ez emateko edo lizentzia ez berritzeko arrazoi izanen da, neurri hori indarrik gabe uzten ez den bitartean.

II. KAPITULUA

Arriskutsuak izaten ahal diren animalien erregistroa

16. artikulua. Sorrera.

Untzueko Udalak arriskutsuak izaten ahal diren animalien erregistro bat sortuko du, animaliak espezieka sailkatuta. Erregistroan, gutxienez, datu hauek jasoko dira: jabeen eta/edo edukitzaileen datu pertsonalak, animalia identifikatzeko aukera ematen duten ezaugarriak eta ohiko helbidea (zehaztu beharko da gizakiekin bizi den edo beste helburu batzuetarako erabiltzen den, hala nola zaintza, babesa edo besteren bat).

Erregistro hori izaera pertsonaleko fitxategi bat izanen da, eta Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz sortu beharko da:

a) Ordenantza honek indarra hartzen duenean datu pertsonalen fitxategi bat izan beharko da, arriskutsuak izaten ahal diren animalien jabeak eta/edo edukitzaileak erregistratzeko.

b) Untzueko Udalak ordenantza honetan adierazten diren betebeharrak betetzea izanen da erregistroaren helburua, eta Untzueko Udalak baino ezin izanen du erabili erregistro hori.

c) Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezkoa da.

d) Ordenantza honetan aipatutako datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezela artikulu honetan zehazten den xedearekin.

e) Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia.

f) Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek badute eskubidea datuak ikusi, zuzendu, deuseztatu eta horiei aurka egiteko Untzueko Udalaren aurrean.

g) Datuak deuseztatzeko eskaera eginez gero, galdu eginen da arriskutsuak izaten ahal diren animalien lizentziari eusteko eskubidea.

17. artikulua. Erregistratzeko betebeharra.

Arriskutsua izaten ahal den animalia bat erregistratzeko betebeharra izanen dute animalia eskuratu eta hurrengo 15 egun baliodunetan II. tituluko I. kapituluan aipatzen den aldez aurreko lizentzia eskuratzen dutenek. Epe hori zenbatuko da lizentzia jakinarazten zaien egunetik aurrera.

Animalia erregistratu ondoren, Udalak ziurtagiri bat eginen du, eta hor adieraziko da arriskutsua izaten ahal den animalia erregistroan inskribatu dela.

18. artikulua. Erregistroko datuak.

Arriskutsuak izaten ahal diren animalien jabeek eta/edo edukitzaileek Untzueko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek, animaliak erregistroan inskribatzeko:

a) Animaliaren espeziea.

b) Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

c) Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

d) Sexua.

e) Jaiotze data.

f) Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera biziko den edo beste helburu batzuk izanen dituen, hala nola zaintza, babesa edo adierazten den besteren bat.

g) Jabearen izena, helbidea eta NANa.

h) Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

i) Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bilakatzen duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

j) Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

k) Eraso kasuak.

l) Mikrotxip identifikagarria jarria duela dioen agiria.

m) Erantzukizun zibileko aseguru bat egin izanaren frogagiria, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, gutxienez ere ehun eta hogei mila euroko estaldura duena (120.000 euro).

Jabeak eta/edo edukitzaileak adierazitako datuetan izaten ahal den edozein aldaketaren berri eman beharko du, aldaketa gertatu eta hurrengo 15 egun balioduneko epean. Erasoren bat gertatzen bada, berriz, horren berri eman beharko da erasoa gertatu den egunean bertan.

III. KAPITULUA

Arriskutsuak izaten ahal diren animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak eta debekuak

19. artikulua. Arriskutsuak izaten ahal diren animalien jabeen eta/edo edukitzaileen betebeharrak.

Ordenantza honen I. tituluko I. kapituluan etxeko animaliak oro har izateko adierazitako betebeharrez gain, arriskutsuak izaten ahal diren animalien jabeek eta/edo edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Arriskutsuak izaten ahal diren animaliak edukitzeko lizentzia eskuratzea, ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatua.

b) Ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatzen diren lizentzia eskuratzeko baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

c) Erregistroan sartzea haiek dituzten eta arriskutsuak izaten ahal diren animalia guztiak, ordenantza honetan ezartzen diren epeen barruan.

d) Udalari animaliaren lapurreta edo galeraren berri ematea, gertatzen denetik 5 egun balioduneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost egun balioduneko epean, animalia identifikatzeko datuak emanda.

e) Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean erregistratua baldin badago, jabe berriak, eskuratu aurretik, arriskutsuak izaten ahal diren animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio animaliaren jabe aldaketa gertatu dela, eskuratzen duenetik hasi eta 5 egun balioduneko epean gehienez.

f) Edonola ere, erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere 15 egun balioduneko epean.

g) Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko da, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintaritzaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

h) Arriskutsuak izaten ahal diren animalien erregistroan aurkeztu beharko dira, urtea bukatu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko primaren kopia konpultsatuak.

i) Arriskutsua izaten ahal den animalia bat Untzuera ekartzen bada, denbora mugarik gabe edo hiru hilabetetik gorako denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izaten ahal diren animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia 3 hilabetetik beherakoa bada, edukitzaileak frogatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izaten ahal diren animaliei buruzko araudia, eta higiene nahiz osasunerako eta herritarren segurtasunerako neurri egokiak hartu beharko ditu.

j) Arriskutsua izaten ahal den animalia bat berarekin darabilen pertsonak berekin izan beharko du beti ordenantza honen II. tituluko I. kapituluan aipatutako lizentzia, baldin eta animaliarekin batera badago espazio publikoetan edo erabilera publikoko espazio pribatuetan. Kasu horietan, berekin izan beharko du, halaber, animalia arriskutsuak izaten ahal diren animalien udal erregistroan inskribatu izanaren ziurtagiria.

k) Arriskutsuak izaten ahal diren animaliak finka, landetxe, txalet, lurzati, terraza, patio eta mugaturiko edozein tokitan daudenean, loturik egon beharko dute –behar bezalako azalera, altuera eta itxitura dituen barnealde batean daudenean izan ezik–, halako tokietara sartzen edo hurbiltzen diren pertsonak nahiz animaliak babestearren.

l) Arriskutsuak izaten ahal diren animalia gisa sailkatutako zakur guztiek muturreko homologatua eta beren arrazarako egokia izan beharko dute espazio publikoan edo erabilera publikoko espazio pribatuan dabiltzanean.

m) Arriskutsuak izaten ahal diren zakur guztiek mikrotxip batekin identifikatuta egon beharko dute.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, 15 egun baliodunekoa izanen da.

20. artikulua. Arriskutsuak izaten ahal diren animalien jabeen eta/edo edukitzaileen debekuak.

Etxeko animaliak oro har edukitzeko debekuez gain, arriskutsuak izaten ahal diren animalien jabe eta/edo edukitzaileek debeku hauek izanen dituzte:

a) Animaliak borroka eta erasoetan oldarkorrago izan daitezen lortzeko xede hutsez heztea.

b) Pertsona bat arriskutsua izaten ahal den zakur bat baino gehiagorekin ibiltzea.

c) Adingabe bat arriskutsua izaten ahal den zakur batekin ibiltzea.

III. TITULUA

Zehapenak

21. artikulua. Arau-hauste oso larriak:

a) Edozein etxeko animalia abandonatzea, arriskutsua izaten ahal den edo ez kontuan izan gabe.

b) Arriskutsuak izaten ahal diren animaliak lizentziarik gabe edukitzea.

c) Animaliak oldarkorrago izateko xedez heztea.

d) Arau-hauste larriak behin baino gehiagotan egitea.

22. artikulua. Arau-hauste larriak:

a) Arriskutsua izaten ahal den animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

b) Animalia identifikatzeko betebeharra ez betetzea.

c) Erregistroan ez inskribatzea.

d) Arriskutsua izaten ahal den zakur bat muturrekorik gabe eta/edo lotu gabe ibiltzea leku publikoetan edo erabilera publikoko leku pribatuetan, eta/edo adingabeko batekin ibiltzea.

e) Udal agintaritzak eskatzen dituen eta ordenantza honetan ezartzen diren nahitaezko datuak ez ematea, edo datu osatu gabeak edo dokumentazio faltsua ematea.

f) Arriskutsua izaten ahal den animaliak pertsonei edo beste animalia batzuei eraso egin diezaiela edota edozein ondasuni kalte egin diezaiela uztea, bide publikoan nahiz espazio pribatuetan, haren jabe edo/eta edukitzaileak esku hartuz edo esku ez hartzeagatik, eta erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

g) Untzueko Udalak egindako eskakizun bat edo ordenantza honetan ezarritako betebehar bat horretarako zehaztutako epetik kanpo betetzea.

h) Arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.

23. artikulua. Arau-hauste arinak:

a) Zakurrekin Untzueko herrigunean ibiltzean, zakurrei hede edo katerik ez jartzea, edo jarritako hedea 2 metro baino luzeagoa izatea.

b) Untzueko herrigunetik kanpo zakurrekin ibiltzean, haiek lotzeko 2 metroko hede edo katerik gainean ez izatea.

c) Espazio publikoak edo erabilera publikoko espazio pribatuak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

d) Zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.

e) Ordenantza honetako edozein betebehar ez betetzea, arau-hauste larriak edo oso larriak ez badira.

24. artikulua. Delitua edo falta dakarten arau-hausteak.

Arau-hausteak delitu edo faltatzat hartzen ahal direnetan, Untzueko Udalak edo hark eskuordetzen duen erakundeak edo dagokionak erabakitzen ahal du animalia konfiskatzea, agintaritza judizialak adierazitakoari jarraikiz, eta berehala organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

25. artikulua. Arau-hausteen erantzulea.

Arau-haustearen erantzuletzat hartuko da animaliaren jabea eta/edo edukitzailea, eta esku hartzeagatik edo esku ez hartzeagatik arau-haustean parte hartu duena.

Artikulu honetan administrazio erantzukizuna ezartzen da; horrek ez du esan nahi bide penal eta zibiletan ere eskatzen ahal ez denik.

26. artikulua. Zehapenak:

a) Arau-hauste oso larriak 90,01 eta 150,00 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.

b) Arau-hauste larriak 60,01 eta 90,00 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.

c) Arau-hauste arinak 30,00 eurotik 60,00 eurora bitarteko isunarekin zehatuko dira.

27. artikulua. Zehapenak mailakatzeko irizpideak.

Honako irizpide hauek hartuko dira kontuan isunen zenbatekoa mailakatzeko eta zehapenak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan duen eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Arau-haustea errepikatu edo berriz egin ote den. Berriz egin dela ulertuko da araudia hausteagatik gutxienez bi zehapen ezarri badira.

28. artikulua. Zehapen prozedura.

Untzueko Udalak izanen du zehapenak jartzeko ahalmena; zehazki, Untzueko Udaleko Alkatetzari dagokio zehapenak jartzeko eskumena.

Zehapen espedientea abiarazi aurretik, Untzueko Udalak kortesiazko abisua emanen du. Hor, ustezko arau-hausleari jakinaraziko dio Untzueko Udalak bere jokabidearen berri izan duela eta arau-hauste gisa sailkatuko dela. Jakinaraziko dio, halaber, zein den arau-haustearen maila eta zer nolako balizko zehapena ekartzen ahal duen berekin, jokabide arau hausle hori bazter dezan.

Untzueko Udalak egiaztatzen badu arau hausleak jokabide bera izaten jarraitzen duela, kasuan-kasuan dagokion zehapen espedientea abiaraziko du, aplikatzekoa den araudiari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Alkatetzak ordenantza honen eranskinak aldatzen ahal ditu, baldin eta aldaketak berekin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua erraztea eta arintzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraitzen badio. Horrenbestez, Alkatetzari ahalmena ematen zaio honetarako:

1. Ordenantza honen eranskinak zabaltzeko eta murrizteko, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horrek berekin ekarriko ditu, besteak beste, eskaera eredu normalizatuak eta hor berariaz adierazitakoaren arabera aurkeztu beharreko dokumentazioa onestea eta aldatzea.

2. Behar diren xedapenak emateko, ordenantza honetan ezarritakoa gara dadin.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Arriskutsua izaten ahal den animalia bat lehendik dutenek 2 hilabeteko epea izanen dute, ordenantza honek indarra hartzen duenetik, aipatzen diren baldintzak bete eta dagokien lizentzia eskuratzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza honetan ezarri gabeko alderdi guztietarako, honako hauetan zehaztutakoa aplikatuko da: 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoa; 4/2005 Foru Legea, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa, eta hori garatzen duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua; 7/1994 Foru Legea, maiatzaren 31koa, Animalien babesari buruzkoa; 50/1999 Legea, abenduaren 23koa, Arriskutsuak izaten ahal diren animalien Araubide Juridikoari buruzkoa, eta hori garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretua; eta ordenantza honen goragoko xedapen guztiak, baldin eta ordenantza honen helburuari eragiten ahal badiote.

Bigarrena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzen dituen eskumena erabiltzeko.

I. ERANSKINA

Arriskutsuak izaten ahal diren animaliak izateko aldez aurreko lizentziaren eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1803462