80. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen
udal ordenantzaren behin betiko onespena

Orkoiengo Udalak, 2018ko otsailaren 15ean egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen: Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantzaren aurreproiektua ikusita. Kontuan hartuta Udalaren osoko bilkurak 2017ko azaroaren 16an egindako bileran eman ziola hasierako onespena ordenantzari. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2017ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2017ko abenduaren 14an, baita Orkoiengo Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunez egon da jendaurrean.Beraz, hau ERABAKI da:

1. Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza behin betiko onestea.

2. Ordenantzaren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Erabaki honen aurka –xedapen administratibo orokorra baita– ezin da administrazio bidean errekurtsorik aurkeztu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka bide hauetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Orkoienen, 2018ko otsailaren 26an.–Alkatea, Carlos Arroniz Loyola.

ERANSKINA

ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN
DUEN ORDENANTZA FISKALA

Xedapen orokorra

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan eta Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean oinarrituta dago.

Zerbitzuaren funtsa

1. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzua (hemendik aitzin, ELZ) zerbitzu publiko eta soziala da, bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko arazoak dituzten pertsona eta bizikidetza unitateentzat, eta erabiltzaileek izaten ahal dituzten beharrizan jakin batzuei haien etxean bertan erantzutea du asmo, betiere familiak ematen duen laguntzaren osagarri gisa.

Zerbitzuaren erabiltzaileak

2. artikulua. Eguneroko jarduerak egiteko beren kabuz moldatzeko gai ez diren pertsonak edo familiak (udal teknikariak balorazioa eginda), etxean ahalik eta bizi kalitate handienarekin bizitzen jarraitzeko laguntza behar dutenak.

Honako kasu hauek dute lehentasuna:

–Norbaiten laguntza behar izateagatik ELZ eskatzen duten pertsonak, indarrean diren legeen arabera bermatuta baitute zerbitzu hori.

–Familia laguntzarik gabeko familiak edo norbanakoak, gizarte larrialdiko premia egoeran daudenak.

–Guraso bakarreko familiak.

–Minusbaliodunak eta beren kabuz moldatzeko zailtasunak dituztenak.

–Bakarrik bizi diren adinekoak, edo adingabeak beren kargura dituzten ezgaituak.

ELZaren onuradunak bere familiako kide baliodunen laguntza badu, onuradunaren senide horien lanaren osagarri izanen da udal zerbitzua, eta, batez ere, erabiltzailearen arreta pertsonaleko premiak asetzeko emanen da.

Zerbitzu prestazioaren edukia

3. artikulua. Etxeko Laguntza Zerbitzua gizarte zerbitzu publikoa da. Esku-hartzea pertsonalizatua da, eta profesionalek egiten dute lan hori, erabiltzaile edo familia bakoitzaren beharrizanen arabera, laguntza motari eta laguntza orduei dagokienez. Etxeko laguntza programak bere gain hartuko ditu onuraduna eguneroko bizitzan normaltasunez moldatzeko egin behar diren lanak, erabiltzaileak berak edo haren ahaide edo hurbilekoek gauzatu ezin dituztenak. Betiere lehentasuna emanen zaie erabiltzailearen premia pertsonalei, bertze kontuen aitzinetik, hala nola etxekoen aitzinetik.

ELZak zerbitzu hauek hartzen ditu barne:

a) Laguntza pertsonaleko lanak.

1.–Garbiketa pertsonala.

2.–Ohean egon behar duten pertsonen higienea.

3.–Gorputz jarreren aldaketak.

4.–Altxatzeko eta oheratzeko laguntza.

5.- Janzteko edo arropak eranzteko laguntza.

6.–Bainuak emateko laguntza.

7.–Inkontinentziak artatzeko laguntza.

8.–Ilearen garbiketa.

9.–Esku-oinen zaintza.

10.–Jantzien garbiketan eta janzkeran arreta ematea.

11.–Botikak kontrolatzea eta ematea, muskulu edo zain barnetik ematen diren botika edo tratamenduak eta antzekoak izan ezik, eta ezagutza espezializatuak eskatzen dituzten zainketak izan ezik.

12.–Etxetik kanpora joan behar dutenean eta gestioak egitera joaten direnean laguntzea, salbu eta familia langileen ibilgailu partikularretan egindako joan-etorrietan.

b) Etxeko zereginetan laguntzea.

1.–Erabiltzaileen etxebizitzaren garbiketa, erabiltzen ez diren parteak (logelak, etxabeak, trastelekuak eta abar) eta aparteko garbiketa orokorrak salbu.

2.–Erabiltzailearen ohearen eta logelaren garbiketa.

3.–Erosketak egitea edo erosketak etxera eramatea.

4.–Janaria prestatzen eta harrikoa egiten laguntzea.

5.–Arropa garbitu eta lisatzea.

c) Laguntza psikosozialeko zerbitzuak.

1.–Hezkuntza prozesuan eta ohitura pertsonal eta sozial osasungarrien sustapenean esku hartzea.

2.–Borondatezko kultura eta aisialdi jardueretan parte hartzeko motibatzea.

3.–Ingurunearekiko komunikazio bideak erraztea, gizartean parte hartzea sustatuz.

4.–Oinarrizko gaiei buruzko laguntza (jantzi, jan neurri eta altzari egokiak, etxearen egoera ikuskatzea...).

5.–Harremanetarako trebetasunak mantentzen eta sustatzen laguntzea.

Gizarte laguntzailearen gaitasun mailako lanak egiten dira, eta espezializazioa edo bertze profesional batzuen prestakuntza behar dutenak kanpo geratzen dira.

Zerbitzua erabiltzailearen beharrizanaren arabera emanen da, eta aldaketaren bat gertatzen bada, zerbitzua aldatzen ahalko da.

Halaber, laguntza aldi baterakoa izanen da, erabiltzailearen zailtasuna gainditu arte, familiaren autonomia errazteko.

Zerbitzuaren funtzionamendu eta kudeaketa arauak

4. artikulua. Etxeko laguntza zerbitzuak pertsonak eta familiak artatzen ditu etxeetan, ohiko jarduerak egiteko arazoak dituztenean (gaixorik daudelako, urte asko dituztelako edo gabezia ekonomikoak eta soziofamiliarrak dituztelako). Haien autonomia eta independentzia ahalik eta gehien bultzatzea da helburua, gizarte zerbitzuaren ahalmenaren neurrian betiere.

1.–Gizarte langileak beharrizanak baloratzeko eta dagokion tasa aplikatzeko eskatzen dituen agiri eta datu guztiak emateko konpromisoa hartuko dute etxeko laguntza zerbitzua jasotzen dutenek.

2.–Etxeko laguntza zerbitzuak erabakiko du, beharrizanak aztertu ondoren, nolako laguntza emanen den eta noiz.

3.–Etxeko laguntza zerbitzuak ez ditu arduraz gabetzen etxe berean bizi ez diren senideak. Beraz, jakinarazi beharko dute artatzen den pertsonaren etxebizitzan noiz egonen diren eta noiz arte, eta gizarte langileak aztertuko du zerbitzua mantendu edo aldi baterako eten behar den.

4.–Erabiltzaileek jakinarazi behar dute noiz egonen diren etxebizitzatik kanpo. Borondatezko kausa bada, tasa osorik ordaintzen jarraituko da hiru hilabetera arte gehienez, eta hortik aitzin itxaron zerrendara pasatuko da. Familia langilea ez bada joaten erabiltzailearen etxera aste batean hiru egunean baino gehiagoan, direla jarraian, direla solte (oporrak dituelako edo medikuarengana joan behar duelako, adibidez), orduan, dagokion epean ez da ordainduko tasa.

5.–Etxeko laguntza zerbitzua kudeatzen duten profesionalek familia langilea aldatzen ahalko dute, zerbitzuak hobeto funtzionatzeko beharrezko iruditzen bazaie, eta ezarritako denbora tartea ere aldatzen ahalko dute unean uneko beharrizanen arabera.

6.–Programa kudeatzen duen udalak ebatziko ditu espedienteak, eta zerbitzuaren eskaera onartu edo ukatu den adieraziko du, gizarte langileak balorazioa egin ondoren. Gizarte langileak dagokion proposamena eginen du, erabiltzaileak ordaindu beharreko prezioa barne.

7.–Programa kudeatzen duten langileek arreta programa ezarriko dute, erabiltzailearekin eta familiarekin adostuta, ahal den neurrian. Arreta programa ebaluatu diren beharrizanetan oinarrituko da, eta zerbitzuaren ordutegiaren arabera eginen da, kontuan hartuta zerbitzua noiz dagoen erabilgarri.

Hala ere, arretarako gehieneko denbora hau izanen da:

Inoren laguntza behar duen pertsona bat bizi bada etxean: egunean 2 ordu gehienez, astelehenetik ostiralera.

Inoren laguntza behar duten bi pertsona edo gehiago bizi dira etxean: 2 ordu eta 30 minutu gehienez, astelehenetik ostiralera.

8.–Etxeko laguntza zerbitzuaren funtzionamendua ona izateko, beharrezkoa da profesional guztiak taldean lan egitea. Horretarako, aldian-aldian bilerak eginen dira informazioa trukatzeko, irizpideak ezartzeko eta kudeatzen diren kasuen eta haien beharrizanen jarraipena egiteko.

–Hauek dira gizarte langilearen eginkizunak:

a) Kasuak detektatzea, aztertzea eta ebaluatzea eta taldeko profesionalekin koordinatuta egotea.

b) Arreta emateko proposamena (edukiak, ordutegiak, maiztasunak, tasak eta zerbitzuaren iraupena).

c) Arreta emateko proposamena berrikustea.

d) Kasu bakoitzaren jarraipena egitea, erabiltzailearekin eta haren familiarekin bilerak eginez.

e) Zuzeneko koordinazioa familia langileekin, kontaktuen bidez eta lan bileren bitartez.

f) Aurkezten diren erreklamazioak jaso, aztertu eta erantzutea.

g) Urteko memoria egitea eta funtzionamenduaren eboluzioa.

h) ELZak ematen dituen zerbitzuetako gizarte funtzio guztiak (baliabide eta eskubide sozialei buruzko informazioa ematea erabiltzaileari eta/edo familiari eta horiek eskuratzeko erraztasunak jartzea, aholkuak ematea etxebizitza premien arabera egokitzeari buruz, erabiltzailearen zaintzan familiak duen erantzukizuna sustatzea eta erraztea...).

–Hauek dira familia langileen eginkizunak:

a) Onuradunei zuzenean laguntzea.

b) Asteko laguntza programa idatziz egitea.

c) Erabiltzaile bakoitzaren egoeraren eta izandako aldaketen berri ematea taldeko kideei.

d) Gizarte langilearekin koordinatzea.

e) Erabiltzaileari emandako laguntza aldatzeko proposamenak.

f) ELZak ematen dituen zerbitzuetako funtzioak betetzea, arlo hauetan guztietan: osasuna, etxea, arlo pertsonala, gizartea, hezkuntza eta kultura.

–Administrarien eginkizunak hauek dira:

a) Dokumentazioaren kontrola eta jarraipena.

b) Artatutako kasuen administrazio lana.

c) Bankuan helbideratuta dauden tasen kobrantza kontrolatzea.

Etxeko laguntza zerbitzuaren
eskaera egiteko jarraibideak

5. artikulua. Oinarrizko gizarte zerbitzuan eginen da etxeko laguntza zerbitzua jasotzeko eskaera, oinarrizko eremuko herrietako edozeinetan, horretarako prestatuta dagoen eredua erabiliz. Agiri hauek ere aurkeztuko dira:

–Familia unitateko kide guztien NANaren fotokopia.

–Osasun txostenak.

–Egungo diru-sarreren aitorpena eta hori justifikatzeko agiriak: nominak, pentsioen ziurtagiriak eta abar.

–Eskatzailearen eta familia unitateko kide guztien errenta aitorpenaren fotokopia.

–Diru-sarreren gaineko zinpeko aitorpena (errenta aitorpenik egin ezean).

–Lurralde Aberastasunaren Departamenduak egindako ondasun egiaztagiriak.

–Ordainketak helbideratzeko baimena.

Zerbitzua eskatzen dutenean, familia unitateak aitzineko urtean izandako diru-sarrera guztien egiaztagiria aurkeztu behar dute erabiltzaileek.

Eskatzaileek eskualde oinarrizkoko udalerriren batean erroldatuta egon eta bizi behar dute. Hala ere, bertzela jokatzea eskatzen duten inguruabar bereziak badaude, ez da beharrezkoa izanen arestian xedatutakoa aintzat hartzea.

Ziurtagiri horietako batzuk norberaren Udalean lortzen ahal badira, oinarrizko gizarte zerbitzuak zuzenean eskatzen ahalko ditu, eskatzaileak aitzinetik baimena emanda.

Mendetasuna duten pertsonei arau orokorrak ezarritako epeetan emanen zaie laguntza. Gertatzen ahal da baldintza hori betetzen ez duten pertsonak itxaron zerrendan geratzea, zerbitzuak ezin baitu berehalakoan eman arreta zerbitzua. Itxaron zerrenda hori osatzeko irizpideak hauek dira:

–Norberaren kabuz moldatzeko gaitasun maila.

–Zaintzailerik duen, eta zer-nolako arreta ematen duten.

–Ondasunak eta baliabide ekonomikoak edukitzea.

–Eskaeren aurkezpenaren hurrenkera.

Tasak

6. artikulua. Udal bakoitzak onartuko ditu bere tasak, ordenantza honetako baremoan oinarrituta, eta urtero eguneratu beharko dira, organo eskudun ofizialak Nafarroarako onartzen duen KPI igoeraren arabera.

Tasen sortzapena

7. artikulua. Zerbitzuan alta ezartzen den egunetik aitzin kobratuko dira tasak; eta, hortik aitzin, hilero kobratuko dira, zerbitzuak zein hilabetetan eman, hurrengo hilabeteko lehenengo hamar egunetan.

Borondatezko behin betiko bajak idatziz komunikatuko zaizkio oinarrizko gizarte zerbitzuari eta hurrengo hilabetetik aitzina sortuko dituzte ondorio ekonomikoak.

Erabiltzailearen ekarpen
ekonomikoaren erregulazioa

8. artikulua. Tarifak kalkulatzeko, familia unitateak eskaeraren aitzineko urtean izandako diru-sarrerak hartuko dira kontuan. Lana, langabezia, pentsioak, errentak, landa eta hiri ondasunak, salmentak eta kapitalaren etekinak direla-eta lortutako diru-sarrerak hartuko dira kontuan, eta, oro har, familia unitateari diru-sarrerak ekartzen dizkiotenak. Horretarako, inoren laguntza behar duten pertsonei dagokienez, Gizarte Politiketako Departamentuak egindako balorazioa hartuko da kontuan.

Honako hau da familia unitatea: etxebizitza berean bizi diren pertsonak, bigarren mailara arteko ahaidetasunak (zuzena eta albokoa), ezkontza ahaidetasunak eta/edo harreman afektiboak lotzen baditu elkarrekin.

Honela aterako da hilabeteko errenta, haren gainean tasa aplikatzeko:

Familia unitatearen kontzeptu guztietako urteko diru-sarrerak zenbatuko dira. Landa-lurreko eta hiri-lurreko ondasunetatik, haien katastroko balioaren %3 zenbatuko da (ohiko etxebizitza salbuetsita).

Gastu kengarriak: Mendekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bertzelakoak.

Ahalmen ekonomikoaren balorazioaren helburu diren pertsonak edozein testamentutan beren alde dauden xedapenak aitortzera beharturik daude, baita azken 5 urteetan egindako ondare eskualdaketak ere.

Deskribatutako diru-sarrera guztien batura hamabi hilabete artean eta familia unitateko kideen kopuruaren artean zatitzen da.

Familia unitatea seme-alabez, suhi-errainez, ilobaz eta abarrez osatzen bada, haien diru-sarreren %50 kontatuko da. Deskribatutako diru-sarrera guztien batura hamabi hilabete artean eta familia unitateko kideen kopuruaren artean zatitzen da.

Hileko tasak aplikatzeko, honela eginen da: arreta orduen kopurua bider arreta orduaren prezioa (taula honen arabera):

Orduaren kostua: 29,51 euro (orduko prezio hori Nafarroako Gobernuak ezarri zuen 2016. urterako, eta Nafarroako Gobernuak urtero eguneratuko du).

Karga eskala familia unitatearen per capita errenta garbiari egotziko zaio, eta errenta horrek urteko OAEAParekiko (ondorio askotarako errentaren adierazle publikoa) duen proportzioan oinarrituko da. Errenta horren zenbatekoa 2016rako 532,51 euro da hilean, eta 621,26 euro 14 hileko badira.

OAEAP baino diru-sarrera txikiagoak: 8 euro hilean.

OAEAParen %105era arteko diru-sarrerak: 12 euro hilean.

OAEAParen %120ra arteko diru-sarrerak: 2,21 euro orduko.

OAEAParen %135era arteko diru-sarrerak: 4,42 euro orduko.

OAEAParen %150era arteko diru-sarrerak: 6,63 euro orduko.

OAEAParen %165era arteko diru-sarrerak: 8,85 euro orduko.

OAEAParen %180ra arteko diru-sarrerak: 11,06 euro orduko.

OAEAParen %195era arteko diru-sarrerak: 13,27 euro orduko.

OAEAParen %200era arteko diru-sarrerak: 14,75 euro orduko.

OAEAParen %250era arteko diru-sarrerak: 17,20 euro orduko.

OAEAParen %250etik gorako diru-sarrerak: Nafarroako Gobernuak ezarritako kostua orduko.

Arau-hauste eta zehapenak

9. artikulua. Honako hauek hartuko dira arau-haustetzat:

a) Programaren funtzionamendu egokirako zerbitzuak ezartzen dituen jarraibideak ez betetzea: ez egotea beharrezko diren laguntza teknikoak (garabiak, ohe artikulatua, eskaren aurkako koltxoiak...), jantziak, altzariak, garbiketa pertsonalerako gauzak...

b) Etxeko laguntza zerbitzuaren profesionalenganako begirune eza eta haien aurkako eraso edo indarkeria egoerak.

c) Beharrezko dokumentazioa ezarritako epean ez aurkeztea.

d) Erabiltzailearen egoeraren aldaketak ez jakinaraztea, aldaketa horiek zerbitzuaren tasaren kalkuluan eragina badute.

e) Arau-hausteak alkatearen ohartarazpenarekin zigortuko dira. Arau-hausteak behin baino gehiagotan gertatuz gero, zerbitzua kenduko da.

Zerbitzua gehiago ez ematea

10. artikulua. Honako egoera hauengatik gertatuko da:

a) Prestazioa ematea eragin zuen arrazoia desagertzea.

b) Zerbitzurako kontratatu duen aldia bukatzea, zerbitzua berritu edo luzatu gabe.

c) Erabiltzailea hiltzea.

d) Zerbitzua emateagatiko tasak ez ordaintzea.

e) Erabiltzailea lekualdatzea zentro espezializatu batera edo oinarrizko lurralde eremutik kanpo dagoen bizileku batera.

f) Onuradunaren borondatezko baja.

g) Zehapena.

11. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1802733