Iragarkia
80. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 26a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
170/2018 EBAZPENA, Apirilaren 18koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena Nafarroako udalei diru-laguntzak emateko, uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana egin dezaten.
1994ko abenduaren 9an egindako bilkuran Ministroen Kontseiluak hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen uholde arriskuaren aurkako babes zibileko plangintzarako oinarrizko jarraibidea; 3.4.4 artikuluan xedatzen duenez, autonomia erkidegoko planak jarraibideak ezarriko ditu bere lurralde esparruan toki esparruko jarduketa planak egiteko, eta antolaketarako esparru orokorra zedarrituko du, toki mailako planek autonomia erkidegoko planean integrazio operatibo erabatekoa izatea ahalbidetuko duena.
Horretarako, Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako larrialdi plan berezian egindako azken aldaketan (Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 7an hartutako Erabakiaren bidez onetsia) jasotzen da ezen, Nafarroako Foru Komunitateko uholdeen arriskuari aurre egiteko larrialdi plan bereziak ukitutako udalerrietako edo toki entitateetan, organo eskudunek egin eta onetsi beharko dituztela uholde arriskuaren aukako udal jarduketa planak, eta baliabide eta zerbitzu berekien antolaketa eta jarduketak ezarriko dituztela, uholdeek eragindako larrialdiei zeinek bere lurralde esparruan aurre egiteko.
Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako larrialdi plan bereziaren “Uholdeen analisia” izeneko eranskinean ageri da zein diren Nafarroako Foru Komunitatean uholde arriskua duten udalerriak; eranskin horretan aipatzen diren udalerrietan kasuan kasuko udal jarduketa plana egin behar da, baina horrek ez du eragotziko uholdeen kontrako defentsari buruz geroago egiten diren azterketek edo aldaketek plan horretan ere aldaketak ekartzea, eta beste udalerri batzuek horrelako planak prestatu eta izateko ahalmena ezertan ukatu gabe.
“Uholdeen analisia” izeneko eranskinean ageri diren udalerriek, udal jarduketa planak egin eta onesteko betebeharra dutenek, urtebeteko epea izanen dute Nafarroako Foru Komunitateko uholdeen arriskuari aurre egiteko larrialdi plan bereziaren aldaketak indarra hartzen duenetik, hau da, 2018ko martxoaren 3tik aurrera, uholdeen aurkako udal jarduketa plana egiteko edo egun onetsita dutena aldatu eta egokitzeko Foru Komunitateko uholdeen kontrako larrialdi plan bereziaren aldaketa berriaren zehaztapenetara. Plana onetsi aurretik Nafarroako Gobernuko Babes Zibilerako Zerbitzuak emandako aldeko txostena beharko da, planari egokiro eransteko eta ondoren Nafarroako Babes Zibileko Batzordeak homologatzen laguntzeko. Epeen ondorioei dagokienez, udal jarduketa plana Babes Zibilerako Zerbitzuari aurkezten zaion unean bertan etenda geldituko dira, zerbitzu horrek bere txostena udalari igorri arte. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak ere txostena emanen du egoera zehatz batzuetan.
Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako larrialdi planean zehaztuta dago zein diren udal jarduketa planetan aurreikusi beharreko gutxieneko edukia eta jarraibideak, besteak beste politika sektorial hauek koordinatzeko behar direnak barne: lurraldearen antolamendua, babes zibila, nekazaritza, basogintza, meatzaritza, hirigintza edo ingurumena, uholdeen ebaluazioari, prebentzioari eta kudeaketari dagokien guztian.
Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako larrialdi planean Nafarroako toki entitateei dagokienez eskatzen den guztia betetzeko, bidezkoa da entitate horiei aukera ematea Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, uholde arriskuaren aurkako udal jarduketaren plana gauzatzeko arrisku handiagoa dutenei lehentasuna ematen, planaren beharra.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako udalek uholdeen arriskuaren aurrean udal jarduketaren plana egin edo gaurkotzeko diru-laguntzen deialdia onestea arrisku handiagoa dutenei lehentasuna ematen, planaren beharra haundiagoa dutenak dira eta.
2. Deialdi honen oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinean jasoak, onestea.
3. 25.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Gobernuaren 2018ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Udalentzako diru-laguntzak herriguneetan uholdeen prebentzio planak egiteko” izeneko 780001-78200-7609-942300 partidaren kargura, deialdi honen ondoriozko betebeharrei aurre egiteko.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdiaren eta bere oinarri eta egintzen aurka toki entitateek, espedientean interesa izanik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
6. Ebazpen hau igortzea Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzura, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzura.
Iruñean, 2018ko apirilaren 18an.–Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.
OINARRIAK, NAFARROAKO UDALEI UHOLDE ARRISKUAREN AURKAKO UDAL JARDUKETA PLANA EGIN EDO GAURKOTU DEZATEN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIARENAK
1.–Deialdiaren xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea oinarri arautzaileak ezartzea da, Nafarroako udalek 2018an uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana egin edo gaurkotzeko gastuengatik emanen zaizkien laguntzenak.
Diruz lagundutako jarduerak onura publikoaren xedea du, uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa planek garrantzia dutelako, zalantzarik gabe, herrietan halako larrialdien aurrean informazio, alerta eta jarduketarako tresna iraunkorra eta eguneratua ezartzen duten bitartekoak direlako, mehatxatutako populazioa babesteko gaitasunarekin eta gerta daitezkeen kalteak saihestu eta, bederen, gutxitzen lagundu dezakeena.
2.–Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen bidez ematen diren diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren 2018ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuko “Udalentzako diru-laguntzak, herriguneetan uholdeen prebentziorako planak egiteko” izeneko 780001-78200-4609-942300 partidaren kargura finantzatuko dira, aurrekontuan dagoen kontsignazioa agortu arte.
3.–Onuradunak eta betebeharrak:
Honako betebehar hauek betetzen dituzten Nafarroako udalak izan daitezke onuradunak:
a) Uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana izatera behartuta dauden udalerrien zerrendan sartuta egotea, “Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako Larrialdietako Plan Berezian”, 2.5 eta 5.2 eranskinetan ezarritakoarekin bat. Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 7an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zuen plan hori.
b) Europako LIFE-Nadapta proiektuan oinarritutako ekintzen onuraduna ez izatea, Uholde Arriskuaren aurkako Udal Jarduketa Planak prestatzeari dagokionez. Proiektu hori Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak kudeatzen du.
c) Uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa planik ez izatea edo, baldin badu, hura egokitu beharra izatea Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako Babes Zibileko Plan Berezian egindako aldaketara (Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 7an hartutako Erabakiaren bidez onetsia).
d) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 242. artikuluan ezarritakoaren arabera, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bidalia izan behar zuen kontu orokorra bidalia izatea Nafarroako Gobernuari.
e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.
4.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzaren zenbatekoa uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana egin edo gaurkotzearen kostuaren %80 (BEZa barne) finantzatzeko behar adinakoa izanen da. Aplikatu beharreko BEZa deialdia argitaratzen den egunean indarra duena izanen da. Onuradun bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko laguntza 4.000 eurokoa izanen da.
5.–Gastu diruz lagungarriak eta egin beharreko lanean bete beharrekoak.
Diruz lagungarriak dira 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko azaroaren 20ra bitarte, biak barne, egiten diren gastuak, Nafarroako udaletan uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa planak egin edo gaurkotzeko, baldin eta justifikazio epea amaitu aurretik ordaindu badira. Ondorio horietarako, fakturazio-eguna izanen da gastua egin den eguna.
Uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana egin edo gaurkotzeko moduak bat etorri beharko du Nafarroako Foru Komunitateko uholde arriskuaren aurkako Babes Zibileko Plan Bereziaren aldaketan ezarritakoarekin. Aldaketa hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2018ko otsailaren 7an hartutako Erabakiaren bidez (2018ko 44. NAO, martxoaren 2koa).
Emandako diru-laguntza ordaintzeko, uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa planek, egin nahiz gaurkotzen direnek, Nafarroako Gobernuaren Babes Zibilerako Zerbitzuak emandako aldeko txostena jaso beharko dute, bai eta, beharrezkoa bada, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak emandako aldeko txostena ere. Horretarako prozedura deialdi honen 10. oinarrian ezarritakoa izanen da.
6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.
Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu horretaz ari dela.
Laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena Toki Administrazioko zuzendari nagusiari dagokio.
7.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak, eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.
7.1. Epea:
Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.2. Aurkezteko modua:
Laguntzen eskaerak nahitaez aurkeztuko dira telematika bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/1718/Registro-General-Electronico helbidean zuzenean edo Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoan deialdi honen fitxan dagoen estekaren bidez.
Eskaerak Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzura zuzenduta aurkeztuko dira.
Interesdunen batek bertaratuta aurkezten badu eskaera, modu telematikoan aurkeztuz zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.
7.3. Aurkeztu beharreko agiriak:
Laguntza eskaerak aurkeztuko dira oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.
Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.
7.4. Zuzenketa:
Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, interesdunari errekerimendua eginen zaio, errekerimendua egin eta hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8.–Diru-laguntzak emateko prozedura, irizpideak eta eskaeren balorazioa.
8.1. Diru-laguntzak emateko prozedura:
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura arrunta izanen da, norgehiagokakoa alegia, hurrengo atalean adierazten diren balorazio irizpideak aplikatuz lortzen den puntuazioaren ondoriozko lehentasun ordenari jarraikiz, aurrekontuko kontsignazioa agortu arte.
8.2. Eskaerak baloratzeko irizpideak:
Puntuazio altuenetik txikienera arteko lehentasun hurrenkera bat ezartzearen ondorioetarako, eskaerak irizpide hauen arabera baloratuko dira:
1. Udalerria zeharkatzen duen ibai-tartean uholdeak izateko arrisku maila: 10 puntu gehienez ere. Aipatutako irizpidea erabiliz puntu kopuru bat emanen zaio udal bakoitzari, honela:
ARRISKU MAILA | PUNTU KOP. |
Arrisku handi nabarmena | 10 |
Arrisku handi larria | 3 |
Arrisku handi ez hain larria | 2 |
Arrisku arina | 1 |
2. Udalerri bakoitzean, herrigunearen eta azpiegituren gaineko ukipen maila (soziala, hidraulikoa eta sanitarioa eta errepideak): 18 puntu gehienez ere. Udal bakoitzari puntu kopuru bat emanen zaio, aipatutako elementuen gaineko ukipena nolakoa den, 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborei dagozkien eta urak hartzen ahal dituen eremuetarako, taula hauei jarraikiz:
URAK HARTUTAKO AZALERA | PUNTU KOP. | URAK HARTUTAKO AZALERA | PUNTU KOP. | URAK HARTUTAKO AZALERA | PUNTU KOP. | ||
>7 ha | 9 | >20 ha | 6 | >30 ha | 3 | ||
3-7 ha | 6 | 9-20 ha | 4 | 12-30 ha | 2 | ||
0-3 ha | 3 | 0-9 ha | 2 | 0-12 ha | 1 | ||
0 ha | 0 | 0 ha | 0 | 0 ha | 0 |
3. Udalerri bakoitzean urak hartzen ahal duen eremuaren arabera ukipenak izan ditzakeen biztanle kopurua: gehienez ere 18 puntu. Udal bakoitzari puntu kopuru bat emanen zaio, ukipena nolakoa den, taula hauei jarraikiz:
BIZTANLE KOP. URAK HARTZEN AHAL DUEN EREMUAN T=10 | PUNTU KOP. | BIZTANLE KOP. URAK HARTZEN AHAL DUEN EREMUAN T=100 | PUNTU KOP. | BIZTANLE KOP. URAK HARTZEN AHAL DUEN EREMUAN T=500 | PUNTU KOP. | ||
>200 biztanle | 9 | >400 biztanle | 6 | >500 biztanle | 3 | ||
40-200 biztanle | 6 | 70-400 biztanle | 4 | 90-500 biztanle | 2 | ||
0-40 biztanle | 3 | 0-70 biztanle | 2 | 0-90 biztanle | 1 | ||
0 biztanle | 0 | 0 biztanle | 0 | 0 biztanle | 0 |
4. Udalerriko ekarpen arroak duen erantzun denboraren edo kontzentrazio denboraren arabera, udal bakoitzari puntu kopuru bat emanen zaio irizpide hau kontuan hartuta:
KONTZENTRAZIO DENBORA | PUNTU KOP. |
Tc< 6 ordu | 12 |
Tc 6 ordutik 10 ordura | 6 |
8.3. Eskaeren balorazioa:
Instrukzio organoak aurkeztutako eskaerak tramitatu, aztertu eta ebaluatuko ditu, oinarri hauetan ezarritako irizpide eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Eskaerak modu egokian baloratzeko, instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen dituen datu guztiak eskatuko dizkie erakunde ofizialei, erreferentzia gisa hartuta Uholde arriskuen ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 903/2010 Errege Dekretuan xedatutakoaz baliatuz egindako azterketak.
Udal guztiek aurkeztutako eskaerak sailkatuko ditu instrukzio organoak, eta hurrenkera ordena ezarriko du.
Balorazio irizpide guztiak aplikatu ondoren eskatzaile batzuk (bi edo gehiago) berdindurik badaude, oinarri hauen aurreko ataleko 4. balorazio irizpidean puntuazio handiena duen eskatzailearen alde ebatziko da; berdinketak badirau, berriz, 2017ko urtarrilaren 1ean biztanle gehien dituen eskatzailearen alde, Estatistikako Institutu Nazionalak 2017rako argitaratutako populazio zifra ofizialarekin bat. Aurreko irizpideak aplikatu ondoren ere berdinketak badirau, zozketa bidez ebatziko da.
9.–Diru-laguntza ematea.
Eskaerak ebaluatu ondoren, eta instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak ebatziko du diru-laguntzak ematea aurreko oinarrian ezarritako irizpideen arabera puntuazio handiena jaso duten eskatzaileen alde, aurrekontuko kontsignazioa agortu arte.
Ebazpen arrazoituan diru-laguntza hartuko dituzten eskatzaileen zerrenda jasoko da, helburua eta emandako zenbatekoa adierazita, baita ezesten diren gainerako eskaerak ere, halakorik bada, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluan xedatu bezala.
Laguntzak emateko ebazpena 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
Aurrekoa ukatu gabe, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, www.navarra.es helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.
Berariazko edo presuntziozko ebazpenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute; horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
10.–Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa.
10.1. Deialdi honen 5. oinarrian ezartzen denez, emandako diru-laguntza ordaintzeko, uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa planek, berritik egin nahiz gaurkotzen direnek, Nafarroako Gobernuaren Babes Zibilerako Zerbitzuak emandako aldeko txostena izan beharko dute, bai eta, beharrezkoa bada, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak emandako aldeko txostena ere.
Horretarako, 2018 urriaren 1a baino lehen, entitate onuradunek berritik egindako edo gaurkotutako planaren kopia digitala aurkeztuko dute modu telematikoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Elektroniko Orokorrean, Nafarroako Gobernuko babes Zibilerako Zerbitzuari zuzenduta.
10.2. Oro har, laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira. Aurretik, 2018ko azaroaren 20a arte, honako dokumentazio hau igorri beharko da Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalera:
1.–Egindako gastuaren faktura osoa edo horren kopia konpultsatua.
2.–Faktura hori ordaindu izanaren egiaztagiria.
3.–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren arabera.
Instrukzio organoak erantsiko ditu ofizioz Nafarroako Gobernuaren Babes Zibilerako Zerbitzuak emandako aldeko txostenaren frogagiria eta, beharrezkoa denean, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak emandako aldeko txostena ere.
10.3. Diruz lagundutako gastutik egin eta justifikatzen dena diruz lagundutako gastuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, laguntzaren zenbatekoa benetan egindako gastura egokituko da. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.
11.–Onuradunek bete beharrekoak.
Diru-laguntzen onuradun gertatzen diren udalek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
b) Laguntza erabiltzea soilik uholde arriskuaren aurkako udal jarduketa plana egin edo gaurkotzeko. Laguntza emateko ebazpenean aintzat hartutako baldintzak nola edo hala aldatuz gero, Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.
c) Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalaren aurrean justifikatzea eskatutako betebehar eta baldintzak bete direla.
d) Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.
e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea laguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean.
f) Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari ematea diru-laguntzaren xedeko jarduerari buruz behar duen informazio guztia.
g) Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea uneoro.
h) Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen entitate onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, III. eranskineko ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.
i) Diruz lagundutako jarduerak Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin direla aipatzea egiten diren edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.
12.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honen xedeko diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein diru-laguntzarekin, beste administrazio publiko batzuenak izan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak edo nazioko nahiz nazioarteko partikularrenak.
Deialdi honetako diru-laguntzen xedeko jarduerak egiteko ematen diren diru-laguntzen zenbateko osoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horietarako beste diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.
13.–Onuradunaren betebeharrak ez betetzea eta itzulketa.
Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da osorik, diruz lagundutako jarduketa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.
Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.
Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze-interesak barne.
14.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Entitate onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatuari jarraikiz.
15.–Errekurtsoak.
Diru-laguntzaren oinarri arautzaileen eta haien aplikazioan ematen diren egintzen kontra, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
16.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.
ERANSKINA I
II. ERANSKINA
III. ERANSKINA
Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua.
Deskargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.
Iragarkiaren kodea: F1805169
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
