80. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Berriobeiti Zendeako Udalaren eta kontzejuen
arteko hitzarmen administratiboa. Onespena

Berriobeiti Zendeako Udalak, 2017ko abenduaren 5ean egindako bilkuran, Berriobeiti Zendeako Udalaren eta kontzejuen arteko hitzarmen administratiboa onetsi zuen, eta alderdi guztiek sinatu zuten 2018ko urtarrilaren 31n.

Argitaratu egin zen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 8.2 artikuluarekin bat, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 27. artikuluarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 30. artikuluarekin bat.

Berriobeitin, 2018ko otsailaren 19an.–Alkatea, Juan María Albizu Andueza.

BERRIOBEITI ZENDEAKO UDALAREN ETA KONTZEJUEN
ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA

Berriobeiti Zendeako Udaletxeko ekitaldi aretoan, 2018ko urtarrilaren 31ko 14:00ak izanik.

Honako hauek bildu dira:

Juan M.ª Albizu Andueza jauna, Jesús M.ª Llorens García jauna Udalbatzako idazkariak lagunduta, egintzaren fede ematen duena.

Eta kontzeju hauen buruak:

–Aitzoain, Koldo Huarte Ros jauna.

–Añezkar, Javier Lumbier Irisarri jauna.

–Ballariain, José Cortizo Gulias jauna.

–Berriobeiti, Francisco Javier Díaz Rodriguez jauna.

–Berriogoiti, Cristina Robles Puyal andrea.

–Elkarte, Francisco Javier Huarte Babace jauna.

–Larrageta, Cruz Oteiza Bustingorri jauna.

–Lotza, Rubén Goñi Viguria jauna.

–Oteitza, Sergio Larraya Guillén jauna.

Honako hauek esku hartuko dute:

Juan M.ª Albizu Andueza jaunak, Berriobeitiko Udalaren izenean eta hura ordezkatuz, 2017ko abenduaren 5eko udal erabakiaren arabera.

Aurretiaz aipatutako buruek, dagokion kontzejuaren izenean eta hura ordezkatuz.

Bi alderdiek honako hau sinatzeko gaitasuna aitortzen diote elkarri:

BERRIOBEITI ZENDEAKO UDALAREN ETA KONTZEJUEN
ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA

Hitzaurrea

Lehenengoa.– Berriobeitiko Udalak osaera konplexua du, hamar kontzejuz eratuta baitago (Aitzoain, Añezkar, Artika, Ballariain, Berriobeiti, Berriogoiti, Elkarte, Larrageta, Lotza eta Oteitza)

Bigarrena.–Aski ezaguna da toki entitateek baliabide ekonomiko eskasak dituztela, bete beharreko hainbat beharri erantzuteko.

Gabezia hori bereziki handia da kontzejuetan. Eskumen sorta zabal samarra izanik, indarreko legeriak egozten dizkien baliabide ekonomikoek ez diete ahalbidetzen eskumen horiek behar den gutxieneko kaudimenez betetzea.

Era berean, udalek ez dute finantzazio nahikorik, legez aitortutako eskumenen arabera herritarrei ziurtatu beharreko zerbitzuak emateko.

Halaber, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak toki entitateen gastu eta kontratazio gaitasunak mugatzen ditu. Ondorioz, are zailagoa da zerbitzuak ematea.

Hirugarrena.–Zendeako toki entitateek giza eta aurrekontu baliabide eskasak dituzte, eta, hortaz, koordinazio eta eraginkortasun handiagoak lortu behar dituzte, herritar guztien mesederako.

Laugarrena.–Hori dela eta, hitzarmen honek xede hauek ditu: herritarren arreta bizkortzea, herritarrei zerbitzu hobea ematea eta giza baliabideetan eta baliabide ekonomikoetan aurrezpen nabarmena lortzea.

Bosgarrena.–Hitzarmen hau sinatzen duten entitate guztien arteko konfiantzan oinarritzen da, baita guztiek hitzarmena fede onez aplikatzeko konpromisoan eta interes orokorraren mesederako irtenbideak lortzeko nahian ere.

Eskumenak Udalaren esku uztea

Nafarroako toki administrazioari buruzko Foru Legearen 39. artikuluaren arabera, kontzejuek eskumen hauek dituzte:

a) Beren ondarea administratu eta zaintzea, baita haien aprobetxamendua eta erabilera arautu eta antolatzea ere.

b) Mugapeko landabideak zaindu, artatu eta begiratzea, baita kontzejuetako interesekoak baino ez diren gainerako erabilera ondasunak eta zerbitzu publikoak ere.

c) Hirigintza lizentziak ematea, plangintzaren arabera eta Udalak dagokion txosten loteslea idatzi ondoren.

d) Bideak garbitzea.

e) Kaleko argiak.

f) Hilerriak artatu eta zaintzea.

g) Kontzejuko artxiboa.

h) Herriko bestak.

Zerbitzu jakinak arrazionalizazio eta arintasun handiagoekin emateko, argibideak eman behar lirateke, desberdintasunezko egoerarik sor ez dadin.

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 6., 7., 22.2 eta 27. artikuluetan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 30.2 eta 70. artikuluetan oinarritzen da eskuordetze hau, eta honako eskuordetze hauek ditu:

Eskuordetzeak eta irismena

Lehenengoa.–Ondarea administratzea eta kontserbatzea.

1a) Kontzejuek Udalaren esku uzten dute administrazio espedienteak izapidetzea, gai bakoitzeko udal teknikariek egin ditzaten.

1b) Kontzejuek Udalaren esku uzten dute kontabilizazio zerbitzua eta kontabilitate aholkularitza, hark egin dezan bere langileen edo kanpo zerbitzuen bitartez.

1c) Kontzejuek Udalaren esku uzten dituzte honako arlo hauen zerga ikuskapenaren zerbitzua esleitzeko izapideak: erabilera pribatiboaren tasak edo udal bide publikoen lurzoruko, lurpeko edo lurgaineko aprobetxamendu bereziak, hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen alde (1,5eko tasa deitu ohi zaiona). Horrela, zerbitzuaren enpresa esleipendunak eginen du ikuskapen zerbitzua. Sortzen diren diruzaintzako fluxuak kontzeju bakoitzaren diruzaintzaren arabera kudeatuko dira, eta zerbitzua kudeatzen duen enpresak kontzeju bakoitzari faktura bat igorriko dio, esleipen kontratuaren arabera. Ikuskapenarekin lotutako datuak (baliabide judizialak edo bertzelakoak) dagokion kontzejuaren kontura izanen dira.

Bigarrena.–Hirigintzako lizentziak ematea.

Kontzeju guztiek, Ballariain eta Elkarte salbu, Udalaren esku uzten dute eskumen oso-osoa.

Hirugarrena.–Eguneroko garbiketa.

3a) Kontzejuek Udalaren esku uzten dute udal mugapeko bideen garbiketa, arlo hauei dagokienez:

a) Paperontziak hustea eta garbitzea.

b) Kaleak eta espaloiak sasiz garbitzea.

c) Zikinkeria metatzen duten gune zehatzak ekortzea. Herri bakoitzean ekortu beharreko guneak zehazteko, kontzejuak eta udalak baterako analisia eginen dute.

3b) Udalak bere gain hartzen du erabat industrialdeetako bideen garbiketaren eskumena.

Laugarrena.–Kaleko argiak.

4a) Kontzejuek Udalaren esku uzten dute kaleko argien mantentze lanak, arlo hauei dagokienez:

a) Eragintza kontrolatzea.

b) Kontrol energetikoa.

c) Ikuskapen zerbitzuak eta anomaliei antzematea.

d) Instalazioa kontserbatzea (aginte zentroak, luminariak, instalazio elektrikoa, kanalizazioak, matxura arinak konpontzea, aldian behin lanparak aldatzea, inbentarioa eguneratzea, instalazio elektrikoko aldizkariak).

4b) Udalak ez du inolaz ere haren kontroletik kanpo, haren argibideei jarraitu gabe edo hark ontzat eman gabe egin diren sareen ardura hartuko.

4c) Udalak bere gain hartzen du industrialdeetako kale argien kontsumo elektrikoaren fakturazioaren ordainketa.

Bosgarrena.–Besta legalak.

Ez dago inolako ordezkaritzarik puntu honetan, baina argitu behar da trafikoari eragiten ez dioten espazio publikoak okupatzeko lizentziak kontzejuaren eskumena direla, bestetan nahiz horietatik kanpo. Beraz, kontzejuen eskumena da dagozkion tasak aplikatzea, beren ordenantzaren arabera.

Trafikoari eragiten badiote, eskumena Udalarena da, eta hark aplikatuko ditu ordenantzan adierazitako tasak.

Seigarrena.–Berriobeiti Zendeako Udalak, kontzejuek jakin gabe, ezin izanen ditu bertze entitate batzuen esku utzi hitzarmen honen bidez eskuordetzen diren eskumenak.

Zazpigarrena.–Kontzejuek noiznahi eskatzen ahal dute egokitzat jotzen duten edozein informazio, honen bidez eskuordetzen diren eskumenak Udalak erabiltzeari buruz, eta dagozkion eskumenak bereganatzen ahalko ditu egokitzat jotzen badu.

Kontzeju batek dagozkion eskumenak bereganatzen dituenean, hitzarmen hau indarrik gabe geldituko da horri dagokionez, eta agiri honen bidez hartutako konpromisoetatik aske geldituko dira bi alderdiak.

Zortzigarrena.–Berriobeiti Zendeako Udalak, eskuordetutako eskumenak erabiliz, egiten edo hartzen dituen ekintza, erabaki eta ebazpenen berri emanen zaie kontzejuei Kontzejuen Batzordearen bidez.

Ekintza, erabaki, ebazpen eta xedapen horien kontra egoki diren errekurtsoak jartzen ahal dira, udal eskumenak erabiliz emanen balira bezala.

Udal langileen lankidetza.

Lehenengoa.–Udaleko idazkariak aholkularitza zuzena ematen die kontzejuburuei, haiek eskatzen dutenean eta haren eskuragarritasunaren arabera.

Bigarrena.–Udalaren plantilla organikoan, kontzejuetako administrazioari eta idazkaritzari gordetako lanpostu bat dago. Pertsona horrek kontzejuetako batzarrei laguntzen die, bilkuretako akta egiten du, eta haren arloetako kudeaketa administratiboa burutzen du.

Zuzenean zerbitzu ematen ez dion kontzeju bakarra Artika da, kontzeju horrek baduelako administrari bat haren plantilla organikoan.

Hirugarrena.–Udalak funtsean udal titulartasuneko espazioak eta zerbitzu publikoak artatzen ditu, zerbitzu anitzeko lantaldea osatzen duten langileen bidez.

3a) Salbuespenez, eta kontzeju batek uste badu Udal lantalde baten laguntza behar duela obra bat egiteko edo kontzejuaren eremuko zerbitzu bat emateko, kontzejuburuak eskaera aurkeztu beharko du, obretako udal arkitektoari zuzendua. Hartan honako hauek adieraziko dira: eskatzen den esku-hartze mota, lanen iraupenaren aurreikuspena, beharrezkotzat jotzen diren giza baliabideak eta bitartekoak, eta aurreikusitako kostuak.

Eskaera behar den denboraz aurkeztuko da, baloratzeko ea bidezkoa den Udaleko langileek gauzatzea, eta, behar denean, lanak planifikatzeko eta behar diren materialen eskaera egiteko. Udalak 15 eguneko epea izanen du eskabideari erantzuteko.

3b) Eskabide horiek baldintza hauek betetzen dituzten obra edo zerbitzuetara mugatuta daude:

a) Kontzejuaren titulartasuneko hiri lurzoruan izatea, edo hortik kanpora bada, ezohiko jarduerak izatea (hondakinak biltzea, hilerriak premiaz sasiz garbitzea...).

b) Proiektu teknikorik edo jarduera lizentziarik behar ez izatea.

c) Lanen kalkulatutako iraupena 4 lanaldi oso baino gutxiagokoa izatea (zehazki, 32 lanordukoa).

3c) Materialaren, instalazioen, hondakin tasen edo bertzelako tasen, alokatu behar diren makinen edo edukiontzien eta abarren kostuak kontzejuaren kontura izanen dira.

Horrez gain, udal langileen laneskuaren kostuaren %30 erantsiko zaio. Langileen orduak kalkulatzeko, Udaleko Kontu-Hartzailetzak erabakitakoari men eginen zaio.

3d) Eginkizun jakinen kasuan, kontzejuko bizilagunek lan egitea onartzen ahal da, auzolanak eginez. Aukera hori burutzeko baimena emanez gero, pertsona horiek zerbitzu anitzetako lantaldearen langileen argibideekin arituko dira beti, eta kontzejuaren kargura aseguratuko dira.

3e) Kontzejuetarako lanak egiteak inola ere ez du ekarriko kalterik Udalaren titulartasuneko toki eta zerbitzu publikoetan. Hala, Udalak aurreko atalean aipatutako lanen gauzatzea aldi baterako edo behin betiko eteten ahal du, egokitzat jotzen badu.

Kontzejuen Batzordea eta bertze batzordeetan parte hartzea

Beharrezkotzat jotzen da kontzejuak Udalaren kudeaketan sartzea, eta, horretarako, Udaleko organoetan duten partaidetza sustatu behar da.

Lehenengoa.–Udaleko informazio batzordeetako batek, gaien artean, kontzejuburuekiko elkarrizketa jorratuko du. Batzorde horren izena Kontzejuen Batzordea izanen da, baina baliteke gehiago eranstea bertze eremu batzuk kudeatu ahala.

Udal taldeetako ordezkariez gain, kontzejuburuak ere bertaratzen ahal dira Informazio Batzordearen aurreko bileretara, eta iritzia ematen ahal dute, baina botorik ez. Ezin badute bertaratu, kontzejuko batzarreko bertze kide batek ordezkatzen ahal ditu. Batzordearen aktan, aurreko bileretan adierazitakoak jasoko dira.

Bigarrena.–Kontzejuen Informazio Batzordeaz aparte, kontzejuen ordezkariei ere gonbidatuko die udaleko bertze Informazio Batzordeen aurretiazko bileretara.

Horretarako, kontzeju bakoitzak Udalari jakinarazi beharko dio zer pertsona nahi duen gonbidatu iraunkor izatea udaleko batzordeetan.

Hitzarmen honen indarraldia

Hurrengo legegintzaldian Udala eta kontzejuak eratu eta urtebete igaro arte egonen da indarrean hitzarmen hau, eta aurreko atalak ukitzen dituen erabaki indarrik gabe gelditzen da.

Egungo legerian toki entitateen eskumenei eta/edo finantzazioari eragiten dion edozein aldaketa eginez gero, hitzarmen hau deuseztatzen da, eta bertze bat sinatu behar da hiru hilabeteko epean gehienez ere.

Adostasunaren adierazgarri, esku hartzen duten alderdiek sinatzen dute, idazkariarekin batera, egintzaren fede ematen baitu, idazpuruan agertzen diren tokian eta egunean.

Izenpetua: Berriobeitiko Udaleko alkate Juan M.ª Albizu Andueza jauna; Berriobeitiko Udaleko idazkari Jesús M.ª Llorens García jauna; Aitzoaingo kontzejuburu Koldo Huarte Ros jauna; Añezkarko kontzejuburu Javier Lumbier Irisarri jauna; Ballariaingo kontzejuburu José Cortizo Gulias jauna; Berriobeitiko kontzejuburu Francisco Javier Díaz Rodriguez jauna; Berriogoitiko kontzejuburu Cristina Robles Puyal andrea; Elkarteko kontzejuburu Francisco Javier Huarte Babace jauna; Larragetako kontzejuburu Cruz Oteiza Bustingorri jauna; Lotzako kontzejuburu Rubén Goñi Viguria jauna; Oteitzako kontzejuburu Sergio Larraya Guillén jauna.

Iragarkiaren kodea: L1802431