1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
423/2018 EBAZPENA, apirilaren 11koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez aldatzen dira Gizarte Segurantzako enpresa kuota eta soldatetarako diru-laguntzen 2., 7., 11., 13., 19. eta 20. oinarri arautzaileak, eta baimena ematen da gastua egiteko. Nafarroako laneratze eta gizarteratzeko enpresentzako diru-laguntza horiek abenduaren 30eko 3017/2016 Ebazpenean aurreikusi ziren.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 30ean emandako 3017/2016 Ebazpenaren bidez, eta urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren babesean, Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresentzako diru-laguntzen deialdia onetsi zen, Gizarte Segurantzako enpresa kuota eta soldatetan laguntzeko.
Laguntza horiek kudeatzean 2017an izandako esperientziak garbi erakusten du zenbait aldaketa egin behar direla laguntza horien eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko.
Horregatik guztiagatik, aipatu deialdia egoera berrira egokitzeko asmoz, Orientaziorako, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendariak txosten bat egin du abenduaren 30eko 3017/2016 Ebazpeneko eranskineko 2., 7., 11., 13., 19. eta 20. oinarri arautzaileak alda daitezela proposatzeko.
Horrenbestez, azaldutakoarekin bat eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1.–Baztertuta dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko enpresei emateko diru-laguntzetarako 2018ko gasturako baimena ematea. Diru-laguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 30eko 3017/2016 Ebazpenaren bidez arautu ziren, eta 382038 zenbakia dute Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean. 1.886.000 euro dira, “Gizarteratzeko eta laneratzeko programak, zailtasun handienak dituzten kolektiboentzat. Konferentzia sektoriala eta EGIF” izeneko 950001 96100 4819 241104 partidaren kargura (E-09/000003-07 PEP elementua).
2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak abenduaren 30ean emandako 3017/2016 Ebazpeneko eranskina aldatzea. Ebazpen haren bidez, Gizarte Segurantzako enpresa kuota eta soldatetarako diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onetsi ziren, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuan aurreikusitako Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresei laguntzeko.
–2. oinarria: “Enpresa onuradunak” izeneko 2. oinarria aldatzea, c) letrako 1. apartatua erantsiz. Honelaxe geldituko da:
“2.1. Honako hauek izan daitezke oinarri hauetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun:
a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (hemendik aurrera NL-NEZ) ofizioz eta behin-behinekoz laneratze enpresa gisa sailkatutako gizarteratze eta laneratze zentroak.
b) Behin-behinekoz sailkatu zirenetik gutxienez ere 2 urtez lanean ari diren gizarteratze eta laneratze enpresak.
c) Behin betikoz laneratze eta gizarteratze enpresa gisa kalifikatutakoak.”
–7. oinarria: 7. oinarria aldatzea, “Eskaerak eta haiek aurkezteko epea” izenekoa, 4. eta 5. apartatuak gehituz. Honelaxe geldituko dira:
“7.4. 1. apartatuan aurreikusitako epealdi diruz lagunduan, eta diru-laguntzaren eskaera egin baino lehen, behin-behinekoz laneratze eta gizarteratze enpresa gisa kalifikatutako enpresak enpresa berri bat eratu badu urriaren 16ko 94/2016 Foru Dekretuan xedatutakora egokitzeko, haietako bakoitzak eskaera bat aurkeztu behar du txertatzeko prozesuan den langileren bat plantillan izan duen epealdiari buruz.
7.5. Behin betikoz laneratze eta gizarteratze enpresa gisa kalifikatutako enpresa diru-laguntza onartu eta gero sortzen bada, behin-behinekoz kalifikatutakoak horren berri eman beharko dio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, eta diru-laguntzaren emakida aldatzeko eskatu, dagoen egoera berrira egokitu dezan. Laneratzeko eta gizarteratzeko prozesuan diren langileak behin betikoz halakotzat kalifikatutako enpresan sartu direnetik izanen ditu ondorioak aurreko paragrafoan aipatutako aldaketak.”
–11. Oinarria: 11. oinarria aldatzea, “Balorazio irizpideak” izenekoa. Honelaxe geldituko da:
“11. Balorazio irizpideak.
11.1. Eskaerak baloratzeko irizpide hauek aplikatuko dira:
a) Aurkeztutako memoria - proiektuaren kalitatea: 35 puntura bitarte.
–Metodologia eta koherentzia: 20 puntura bitarte. Apartatu honetako 20 puntuak banatzeko azpiirizpideak:
1. Ibilbideaz arduratzen diren beste pertsona batzuk (5 puntu).
2. Laguntzeko teknikarien eginkizun desberdinak, bai esku-hartzean eta gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuan, bai akonpainamenduan (5 puntu). Teknikari bat bakarra duten enpresen kasuan, puntuazio bera emanen da, betiere bere dituen eginkizunen berri ematen bada.
3. Ibilbidearen osaera (10 puntura bitarte). Apartatu hau honela dago banatua:
3.1. Hautatzeko elkarrizketa (puntu bat).
3.2. Beste baliabide batzuekiko koordinazioa (2 puntu).
3.3. Ibilbidea egin bitartean egiten den segimendua (2 puntu).
3.4. Beste baliabide batzuetarako akonpainamendua - prospekzioa (puntu bat).
3.5. Ibilbidearen ondoko segimendua: (4 puntu).
–Prestakuntza plana. Lan munduan sartu aurreko gaitasunak baloratuko dira, baita jarduketa berritzaileak ere. 10 puntu gehienez.
(Apartatu hau baloratzeko, barneko prestakuntza baizik ez da hartuko kontuan, hots, espresuki laneratzeko eta gizarteratzeko prozesuan diren langileentzat antolatutakoa). Honela dago banatua:
1. Lan munduan sartu aurreko gaitasunak (8 puntu). 2 puntu ekintza bakoitzeko.
2. Ekintza berritzaileak (2 puntu). Laneratze eta gizarteratze enpresan azken hiru urteetan egin ez den ekintza hartuko da berritzailetzat.
–Prestakuntza eta/edo jardunbide egokiak honelako zeharkako ekintzetan: konpromisoa ingurumenarekin eta genero berdintasunarekin. 5 puntu gehienez. (2 puntu emanen dira ekintza bakoitzeko).
b) Berme profesionala, bazterturik daudenak txertatzearen arloan enpresak duen ibilbidea:
–2 urtetik 4ra bitarteko esperientzia: 10 puntu.
–5 urtetik 10era bitarteko esperientzia: 15 puntu.
–10 urtetik gorako esperientzia: 20 puntu.
c) Kalitate sistema estandarra ezarria izatea kudeaketaren arloan: 5 puntu.
d) Txertatze prozesuan diren langileen kopurua: puntu bat lanpostu bakoitzeko (gehienez ere 15 puntu).
Txertatze prozesuan dauden langile kopurua kalkulatzeko, deialdiaren aurreko urteko batezbestekoa hartuko da kontuan: aurreko urteko azarotik hurrengo urteko urrira artekoa.
e) Plantilla osoa kontuan harturik, langileen nolako portzentajea dagoen txertatze prozesuetan:
–%50etik %75era: 5 puntu.
–%76tik %100era: 10 puntu.
Txertatze prozesuan dauden langileen kopurua kalkulatzeko, deialdiaren aurreko urteko batezbestekoa hartuko da kontuan: aurreko urteko azarotik hurrengo urteko urrira artekoa.
f) Enpresa arruntean txertatze prozesuan dauden langileen urteko laneratzearen balantzea:
–Txertatze portzentajea, %15etik %20ra: 5 puntu.
–Txertatze portzentajea, %20tik %30era: 10 puntu.
–%30etik gorako txertatzea: 15 puntu.
Urteko laneratzea kalkulatzeko, diru-laguntzaren azkeneko hiru deialdietako batezbestekoa hartuko da kontuan.
Laguntzak lehenbiziko aldiz eskatzen dituzten enpresen kasuan, azken bi urtean lotutako txertatzeen batezbestekoa:
–Txertatze portzentajea, %10etik %30era: 10 puntu.
–%30etik gorako txertatzea: 15 puntu.
Txertatzetzat hartzen da gutxienez 6 hilabetez lan egin izana, txertatze enpresarekin izandako kontratua bukatu ondoko urtean.
11.2. Bai diruz laguntzeko postuen batezbestekoa kalkulatzeko bai eskatutako plantillaren handitzea zehazteko, ez dira kontuan hartuko aldi horretan judizialki bidegabeak deklaratutako edo onartutako kaleratzeak.
11.3. Diru-laguntzaren onuradun izateko, beharrezkoa izanen da gutxienez ere 35 puntu lortzea lanpostuen batezbestekoarengatik.
11.4. Batezbestekotik gora diruz laguntzeko lanpostu kopurua handitzen ahalko dituzte 35 puntu edo hortik gora lortu dutenek, honako proportzio honetan:
–91tik 100 puntura: 10 lanpostura bitarte.
–81etik 90 puntura: 8 lanpostura bitarte.
–71tik 80 puntura: 6 lanpostura bitarte.
–61etik 70 puntura: 4 lanpostura bitarte.
–35etik 60 puntura: 3 lanpostura bitarte.
Diruz lagundutako postu kopurua inoiz ez da izanen entitateak eskatutakoa baino handiagoa.
11.5. Kreditua balorazioaren ondoriozko lehentasun-ordenari jarraikiz banatuko da. Berdinketa izanez gero, txertatze portzentaje hoberena duen enpresari emanen zaio lehentasuna. Berdinketak bere horretan iraunez gero, plantillan txertatze prozesuan langile gehien duen enpresari emanen zaio lehentasuna. Eta hala ere berdinketak irauten badu, kontuan hartuko da eskaeraren erregistroko sarrera-data.
11.6. Aurreko 7.4 oinarrian aurreikusitako kasua gertatuko balitz, behin-behinekoz eta behin betikoz laneratze eta gizarteratze enpresa gisa kalifikatutakoek egindako eskaerak eskaera bakarra balira bezala aztertuko dira oinarri honen 1. apartatuan aurreikusitako irizpideak aplikatzerakoan.”
–13. oinarria: 13. oinarria aldatzea, “Prozeduraren ebazpena” izenekoa. Honelaxe geldituko da:
13.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, proposamen txostena ikusita, behar den ebazpena eman eta jakinaraziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean gehienez. Epea ebazpena jakinarazi gabe iraganik, diru-laguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.
Ebazpenak alderdi hauek jasoko ditu gutxienez:
–Entitate onuradunen zerrenda.
–Onartutako, baztertutako eta onartu gabe eskaeren zerrenda eta ukatzeko edo ez onartzeko arrazoiak, espres adierazita aurrekontu-izendapenik ez egoteagatik ukatu direnak.
–Lortutako puntuazioa eta eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa.
–Diruz lagundu beharreko lanpostuak.
–Guztira onartutako diru kopurua.
13.2. Aurreko 7.4 oinarrian aurreikusitako kasua gertatzen bada, behin-behinekoz eta behin betikoz laneratze eta gizarteratze enpresa gisa kalifikatutakoek egindako eskaerak ekintza administratibo bakar batean ebatziko dira, eta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, diru-laguntzatik dagokion parte proportzionala emanen zaio enpresa bakoitzari.
13.3. Aurreko 7.5 oinarrian aurreikusitako kasua gertatzen bada, behin betikoz laneratze eta gizarteratze enpresa gisa kalifikatutakoak, laneratzeko eta gizarteratzeko prozesuan diren langileak plantillan sartu diren unetik, bere izanen ditu behin-behinekoz laneratze eta gizarteratze enpresa gisa kalifikatutakoari emandako diru-laguntzaren eskubide eta betebehar guztiak.
13.4. Eskaeraren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.”
–19. Oinarria: 19. oinarria aldatzea, “Diru-laguntzen aldaketa” izenekoa. Honelaxe geldituko da:
“19.1. Diru-laguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, horren berri eman beharko zaio NL-NEZri, haietarako baimena eman dezan. Zehazki, 7.5 oinarrian aipatutako zirkunstantziaren berri eman beharko da, eta horrek diru-laguntzaren emakidaren aldaketa ekarriko du.
–20. Oinarria: 20. oinarria aldatzea, “Betebeharrak ez betetzea eta diru-laguntzak itzultzea” izenekoa. Honelaxe geldituko da:
“20.8. Aurreko 7.4 eta 7.5 oinarrietan aurreikusitako kasuetan, aurreko apartatuetan aipatutako ez-betetzeak laneratze eta gizarteratze enpresari egotziko zaizkio, ez-betetzeen unean diru-laguntza jasotzen ari zen enpresa behin-behinekoz halakotzat kalifikatutakoa izan nahiz behin betikoz kalifikatukoa izan .”
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua.
Iruñean, 2018ko apirilaren 11n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.
Iragarkiaren kodea: F1804895