2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TUTERA
Deialdia, erdi mailako teknikari izateko 3 lanpostu huts,
B mailakoak, lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko
Alkatetzaren martxoaren 7ko 309/2018 Ebazpenaren bidez deialdia eta haren oinarriak onetsi ziren erdi mailako teknikari izateko 3 lanpostu huts, B mailakoak, lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko.
Deialdi hau egingo da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta ondoko oinarrietan ezartzen denari jarraikiz:
OINARRIAK
1.–Xedea.
Deialdia iragartzen da erdi mailako teknikari izateko 3 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko, Tuterako Udalaren eta bere menpeko erakunde eta entitateen zerbitzura. Plantillan zenbaki hauek dituzte: 0508B09803 (Langileria), 0510B09802 (Ekonomia eta Ogasun Arloa) eta 0672B09801 (Castel Ruiz TEEPa).
Lekualdatze lehiaketa ondoko arauetan xedaturikoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Lanpostuak betetzeari buruzko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamendua, eta deialdiaren oinarriak.
2.–Lanpostu hutsen kopurua handitzea.
2.1. Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.
2.2. Lehiaketa honetan ondoko lanpostu hauek beteko dira: deialdian bertan hasieratik eskainiak eta, hala badagokio, aitzineko paragrafoak aipatzen duen kopuru handitzearen ondoriozkoak, baita lehiaketan bertze lanpostu bat lortzen duten lehiakideek hutsik uzten dituztenak ere.
2.3. Hala ere, lehiakideek lekualdatze lehiaketan lanpostua aukeratu ondoren uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko lanpostu horiek betetzea beharrezkoa ez denean, dela iraungitzeko lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek bete gabe daudelako.
3.–Betebeharrak.
3.1. Indarra duen araudian xedaturikoaren arabera, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko beharkizunak bete beharko dira, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostu hutsak aukeratu eta esleituriko lanpostuaz jabetu bitartean:
a) Tuterako Udaleko edo haren menpeko erakunde eta entitateetako langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.
b) B maila edo taldekoa izatea.
c) Erdi mailako teknikari lanpostu baterako izendatu izana.
3.2. Lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian daudenek zilegi izanen dute, halaber, deialdian parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte.
Borondatezko edo nahitaezko eszedentzia egoeratik lehiaketan lanpostua hautatzen dutenak berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan, eta lanpostu bat behin betikoz esleituko zaie. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 30. artikuluan ezarritako lehentasun ordena errespetatuko da hautapenean.
3.3. Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aitzin lehiakideek zuten araubide juridikoa aldatzea. Gainera, lehiakideek eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean jarraituko dute.
4.–Ordainsariak.
Lekualdatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten lansariak eta Udalaren plantilla organikoan aurreikusitakoak jasoko dituzte.
5.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
5.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja, 1 edo Escos Catalán kalea, 1) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun naturaleko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aitzinetik, data eta zigilua jar ditzaten.
5.2. Eskabideak deialdi honen I. eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute deialdian eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituztela.
5.3. Eskabidearekin batera, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak aurkeztuko dituzte, jatorrizkoak edo fotokopia behar bezala egiaztatuak, salbu eta administrazio publikoetan egindako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak.
Izangaiek merezimenduak, behar bezala zerrendatuak, alegatu eta frogatuko dituzte baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.
5.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.
6.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
6.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bortz egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.
6.2. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
6.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
6.4. Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman dadila aginduko du.
7.–Epaimahaiko kideak.
7.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketako kalifikazio epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Javier Gómez Vidal, Castel Ruiz TEEPeko burua.
Ordezkoa: Sofía Pardo Huguet, Industria, Enplegua, Merkataritza, Osasuna, KIUB eta Turismoko zinegotzia.
–Epaimahaikidea: Mikel Ciordia Osta, Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria.
Ordezkoa: Ana José Martínez Navarro, Langileen Batzordeak izendaturiko ordezkaria.
–Epaimahaikide-idazkaria: Elena Zubieta Mozaz, Langileriako administrazio unitateko lan-harremanetako graduduna.
Ordezko epaimahaikide idazkaria: Luis Segura Casado, medikuntzako lizentziaduna.
7.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bortz eguneko epean eratuko da epaimahaia.
7.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.
7.4. Administrazio prozeduraren arauetan esku ez hartzeko aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
8.–Merezimenduen kalifikazioa.
8.1. Deialdiaren 5.3 oinarrian xedaturikoaren arabera, merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak erabiliz. Salbuespen bakarra administrazio publikoetan egindako zerbitzuak izanen dira, deialdia egin duen organoak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio horren frogagiriak.
8.2. Alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
8.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.
8.4. Izangaiek lehiaketan lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiakide adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.
8.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu lehiakideek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.
8.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du Tuterako Udaleko iragarki-taulan lehiakide bakoitzak lorturiko puntuazioa, eta bortz eguneko epea ezarriko du merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.
9.–Izangaien zerrenda, lorturiko puntuazioaren araberakoa.
Behin aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoan, epaimahaiak parte hartzaile guztien behin betiko puntuazioak emanen ditu argitara Tuterako Udaleko iragarki-taulan eta webgunean (www.tudela.es), eta lehiakideen zerrenda, lorturiko puntuazioaren arabera ordenaturik, alkateari igorriko dio espediente osoarekin batera, behar den ebazpena eman dezan hasieran deituriko lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.
10.–Lanpostu hutsak aukeratzea.
10.1. Lehiakideek lorturiko puntuazioaren arabera hautatzen ahalko dituzte lanpostu hutsak, alkateak hartarako deituko duen ekitaldian.
Lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia idatziz eginen da, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta Interneteko www.tudela.es webgunean argitaratuko den idazkiaren bidez.
10.2. Behar bezala arrazoituriko ezinbertzekoetan salbu, lanpostua hautatzen ez duten lehiakideek eskubide guztiak galduko dituzte lehiaketaren xedeko lanpostu hutsak betetzeko.
11.–Esleipena eta lanpostuaz jabetzea.
11.1. Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie lehiakideei, eta esleipen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.
11.2. Lehiakideek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non ez duen organo dei-egileak, ebazpen horretan, bertze data bat ezartzen jabetza hartzeko.
12.–Aurkezturiko agiriak.
12.1. Izangaiek aurkezten dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe berariaz eskatuz gero, betiere erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori esleipenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.
12.2. Aitzineko atalean ezarritako epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.
12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkezturiko agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honen oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondorengo errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurrituriko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurrituriko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Tuteran, 2018ko martxoaren 6an.–Alkate udalburua, Eneko Larrarte Huguet.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua (PDFa).
II. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
A) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
a) Administrazio publikoetan erdi mailako teknikari lanpostuetan (B maila edo taldea) egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen da urte bakoitzeko.
b) Administrazio publikoetan bestelako lanpostuetan egindako zerbitzuak baloratzeko, 0,50 puntu emanen da urte bakoitzeko.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3. Honako a) letra honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.
4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.
B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.
1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2. Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emango zaie.
4. Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatuak sartuko dira.
5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.
2) Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera bakarka edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.
3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: puntu bat gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.
Oharrak B) atal osorako:
1. Deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero soilik baloratuko dira apartatu honetan aipaturiko merezimenduak.
2. Baremoaren B) atal honetako puntuazioa 10 puntukoa izanen da gehienez.
Iragarkiaren kodea: L1803652