80. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

23E/2018 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, klusterren eta gaikuntza-plataformen elkarlaneko ekintzetarako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategiak (S3) elkarlanerako ereduaren alde egiten du, lehentasunezkotzat jotzen diren arlo ekonomikoak garatzeko. Estrategia horrekin bat egiten duenez, Nafarroako 2020 Industria Planak S3ren apustu tematikoak eta industriako balio-kateak lotu ditu, eta, horren ondorioz, orientazio sektoriala edo bertikala dutenak, batetik, eta bestetik zeharkako edo gaikuntzako izaera dutenak bereizi dira; zeharkakoen jarduera izaera bertikala dutenei funtsezko laguntza ematea da eta gaikuntzako balio-kateak deitzen dira. Nafarroako 2020 Industria Planean deskribatutako industria sarerako eredu berriaren arabera, hauek dira: informazioaren eta komunikazioen teknologiak, makineria aurreratuaren diseinua, ingeniaritza eta fabrikazioa, eta logistika eta garraioa.

Urteen poderioz eskuratzen joan garen ezagutza eta esperientzia gero eta handiagoaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak S3 estrategia sustatzeko xedeaz klusterren eta elkarteen arloan garatu eta sendotu nahi duen politikaren definizioa zehazten ari da.

Horregatik, deialdi honen ondorioetarako, klusterraren kontzeptua nola ulertzen den zehazten da, lana balio-kate sektorialen edo bertikalen gainean betetzen duten elkarteetara mugatzeko, S3ren espezializazio gaien barruan. Jarduera Nafarroako 2020 Industria Planean zehaztutako zeharkako balio-kateen inguruan beetzen duten erakundeek osatutako partzuergoak gaikuntza-plataforma deituko dira aurrerantzean. Elkarte horiek S3ren arlo ekonomiko estrategikoen oinarrizko zutabea dira, IKTen, diseinuaren, ingeniaritzaren edo logistikaren garapenaren bidez, eta laguntza lerro berariazkoa izanen dute.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Klusterren eta gaikuntza-plataformen elkarlaneko ekintzetarako diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001-81100-4819-422200: Klusterrak eta gaikuntza-plataformak bultzatzeko plana

2018

498.359,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko martxoaren 22an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Diru-laguntza honen helburua Nafarroako enpresen elkarlaneko ekintza sustatzea da, bai eta haien lehiakortasuna hobetzeko proiektuetan parte har dezaten sustatzea ere, klusterren edo gaikuntza-plataformen bitartez.

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

–Klusterra: espazio geografiko batean enpresak eta ezagutzaz eta/edo teknologiaz hornitzen duten entitateak konbinatzea, elkarlanerako truke prozesuetan aktiboki sartuak, xedeko merkatu edo merkatu-segmentu objektibo baten inguruan, eta balio-katean oinarritutako ikuspegitik. Klusterrak Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (S3-Nafarroa) lehenetsitako arlo ekonomikoetakoak izan beharko dira.

Kluster bat hasiberria dela ulertuko da 10 urte baino gutxiago baditu (elkarte edo entitate juridiko eskatzailearen eraketa datari begiratuta) eskaera aurkezten duen unean, eta klusterrei laguntzeko programaren bidez (Nafarroako Gobernuarena nahiz estatuko AEIren programaren bidez) laguntzak gehienez ere bi aldiz jaso badu eratu zenetik. Ez dira kontuan hartuko horretarako aurreklusterretarako laguntzak, Nafarroako Gobernuaren 2016ko laguntza deialdikoak (2016ko 118. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 20koa).

–Gaikuntza-plataforma: enpresen berrikuntzarako gaitasuna eta lehiakortasuna sendotzen aritzen diren bi erakunderen edo gehiagoren partzuergoa, Nafarroako 2020 Industria Planean zehaztutako zeharkako hiru balio-katearen garapenaren bidez: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, makineria aurreratuaren diseinua, ingeniaritza eta fabrikazioa, eta logistika eta garraioa.

2. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Jarduketa diruz lagungarriak bi esparru hauetako batekoak izan beharko dira:

a) S3-Nafarroa estrategiak lehenetsitako arlo ekonomikoetan: Automozioa eta mekatronika, Elikakatea, Energia berriztagarriak eta baliabideak, Osasuna, Turismo integrala eta Sorkuntza industriak eta industria digitalak.

b) 4.0 industriaren lan arloan, eta Nafarroako 2020 Industria Planean zehaztutako zeharkako beste bi kateak ezartzen dituzten beste batzuetan: logistika eta garraioa eta makineria aurreratuaren diseinua, ingeniaritza eta fabrikazioa (gaikuntzako balio-kateak), betiere S3-Nafarroa estrategian zehaztutako arlo ekonomikoak garatzeko helburua badute.

2. Jarduketa-ildo diruz lagungarriak honako hauek dira:

2.1. A ildoa. Kluster hasiberriak sendotzea.

Ildo honetan kluster hasiberrien egitura sendotzeko jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

a) Bazkideak erakartzeko lanak, lan mahaiak antolatu eta egitea, taldea kudeatzea, klusterraren ordezkaritza.

b) Plan estrategikoak idaztea. Sostengua emanen da kanpoko aholkularitza espezializatu bat azpikontratatzeko, helburua badu klusterraren azterketa estrategikoa egitea eta lehiakortasun posizioa zehaztea, urte anitzeko jarduketa plan bati begira.

c) Proiektuen dinamizazioa. Elkarlanerako proiektuak detektatzea, proiektuetarako kanpo finantzaketa bilatzea (Europako, Espainiako eta eskualdeko deialdiak), etab.

d) Marketin eta komunikazio jarduketak, hala nola, ekintzak eta kanpainak diseinatzea eta katalogoak, direktorioak, liburuxkak, jardunaldiak eta abar garatzea.

e) Gaikuntza jarduketak, klusterraren kudeatzaileari edo kudeaketa organoei zuzenduak, klusterrak kudeatzeko berariazko gaiei buruz.

f) Merkataritzako diplomaziako ekintzak, bereziki Nafarroako 2017-2020 aldirako Nazioarteko Planak eragindakoak.

2.2. B ildoa. Klusterretan lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.

Jarduketa ildo honen xedea da kluster bateko enpresen lehiakortasuna eta berrikuntzarako gaitasuna sendotzea elkarlanaren bidez. Ildo horretan, jarduketa hauek lagunduko dira diruz:

a) Elkartutako enpresak lankidetzan aritzeko proiektuak, lehiakortasuna hobetzeko eremu hauetan: berrikuntza teknologikoa, berrikuntza ez teknologikoa edo kudeaketakoa, nazioartekotzea, marketina, banaketa eta merkaturatzea, hobekuntza produktiboak, azpiegitura komunak ezartzeko azterketak, estandarren garapena edo aldaketa eta kalitate arauak.

b) Adimen estrategikoari buruzko zerbitzuak eta kanpo kontsulta klusterreko enpresa guztientzat, hala nola, ingurunearen zaintza estrategikorako sistemak ezartzeaz, zaintza teknologikoaz, merkatuez eta lehiakideez.

c) Klusterraren lehiakortasun posizioa zehazten eta urte anitzeko jarduketa plan bati begira egiten diren plan estrategikoak gaurkotzea.

d) Lankidetzarako beste proiektu batzuk, klusterren plan estrategikotik sortzen direnak eta A ildoko laguntzen barnean ez daudenak (2.1 atala).

2.3. C ildoa. Gaikuntza-plataformen proiektuak.

Jarduketa ildo honen xedea da enpresen lehiakortasuna eta berrikuntzarako gaitasuna sendotzea gaikuntza-plataformen bidez.

Ildo honen barruan diruz lagunduko dira 4.0 teknologien aplikaziorako lankidetza proiektuak, Nafarroako 2020 Industria Planaren 3. ardatzean ezarritakoaren esparruan. “Logistika eta garraioa” izeneko zeharkako balio-katearen kasuan, proiektuak plan horren 2. ardatzeko 2.5.6. ekintzaren barrukoak izan beharko dira.

Proiektu guztien helburua S3 estrategiaren arlo ekonomikoen lehiakortasuna sendotzea da, eta baldintza hauek bete beharko dituzte: Nafarroako industriaren sektorearen interes orokorrari erantzutea, interesdun desberdinentzat irekita egotea (bazkideak eta ez bazkideak) eta onuraduna ez izatea banakako bat bakarrik.

3. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Honako baldintza orokorrak betetzen dituzten klusterrak eta gaikuntza-plataformak izaten ahalko dira laguntza hauen onuradunak:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitate elkartu gisa eratuta egotea.

b) Egoitza edo helbide soziala Nafarroan izatea, eta bazkide gehienak Foru Komunitatekoak izatea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar laguntzen organo kudeatzaileari baimena ematea hori frogatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntzaren ebazpen proposamena ematen denean.

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

2. Kluster hasiberriek A eta B ildoetako laguntzak eskatzen ahalko dituzte, eta gainerakoek B ildokoak bakarrik. Horretarako berariazko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kluster bat edo kluster hasiberri bat izatea 1. oinarriko definizioekin bat.

b) Urteko jarduketa plan bat izatea.

c) Klusterreko kide diren enpresak, zuzenean nahiz elkarte baten bidez, ez dira 15 baino gutxiago izanen.

d) Klusterren eta enpresen elkarlaneko jarduketetarako diru-laguntzen programako laguntza jaso izana Nafarroako Gobernuko 2016ko deialdian (2016ko 118 Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 20koa) eta 2017ko deialdian (2017ko 84 Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 3koa).

e) Ezagutzaz edo teknologiaz hornitzen duten enpresak eta entitateak biltzea, eta kide berriak sartzeko aukera ematea, Nafarroan masa kritikoa handitzeko.

3. Gaikuntza-plataformek C ildoko laguntzak eskatzeko aukera baizik ez dute izanen, eta baldintza berariazko hauek bete beharko dituzte:

a) Gaikuntza-plataforma bat izatea, 2. oinarriko definizioarekin bat.

b) Plataforma osatzen duten erakundeek nortasun juridiko berezkoa izanen dute, irabazi-asmorik ez, eta Nafarroako 2020 Industria Planean zehaztutako zeharkako hiru balio-kateetako batean proiektuak sustatzeko gaitasuna izanen dute. Horrez gain, gutxienez ere 40 kidek osatuko dituzte, enpresak izan nahiz ezagutzaz edo teknologiaz hornitzen duten entitateak izan, eta kide berriak sartzeko aukera emanen dute.

c) Plataforma osatzen duten erakundeen ordezkari izateko ahalmena duten pertsonek izenpetutako lankidetza hitzarmena bat izatea, eta bertan adieraztea nor arituko den haren ordezkari gisa, lan sistemaren xehetasunak, arduren banaketa elkartutako erakundeen artean eta proiektu bakoitzean erabiliko diren baliabideak. Plataforman parte hartzen duten erakunde guztien parte-hartzeak proiektuko aurrekontuaren %20tik gorakoa izan beharko du.

d) Plataforma bakoitzeko erakundeak ezin izanen dira A eta B ildoetako onuradunak izan.

4. Klusterra edo gaikuntza-plataforma eta hura osatzen duten enpresak ados daudenean haiek zati batean eginen dezaten diruz lagundutako A, B edo C ildoko jarduketa bat, enpresa horiek ere onuradun bihurtuko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. A eta B ildoetarako, diruz lagungarriak dira 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31 arte fakturatu eta ordaindutako zuzeneko gastuak, kontzeptu hauetakoak:

a) Entitateek diruz lagundutako jarduketa gauzatzeari atxiki dizkion langileen lansari kostuak.

b) Bidaia eta ostatu gastuak. Kilometraje kostuek ezin dute gainditu 0,30 euro kilometroko. Ostatu gau bakoitzeko, gehienez ere 120 euro diruz lagunduko dira.

c) Kontsulta teknikoa, komunikazioa edo ezagutza emateko kanpo zerbitzuen kontratazioa.

d) Kudeatzeko kanpo zerbitzuen kontratazioa (kudeatzailea edo kluster managerra), lan horretarako langile berekirik izan ezean. Bi kasuetan hautaketa 5. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

2. C ildorako aurreko atalean jasotzen diren gastu berdinak onartuko dira, 3.3.c) oinarrian aipatzen den lankidetza hitzarmena izenpetzen denetik 2018ko urriaren 31 arte fakturatu eta ordaindutakoak.

3. 1. ataleko c) letrako gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunek frogatu beharko dute hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dutela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dituzte eta aukeraturiko eskaintza hautatzeko arrazoiak eman “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian, laguntzen fitxan dagoen horretan.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, halakoak frogatu beharko dira aipatu inprimakian.

4. BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduketek ez badute BEZik eta onuradunek ezin badute kenkaria jasotzeko eskubiderik izan. Tratamendu fiskal hori Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.

5. oinarria–Kudeatzailea edo kluster managerraren hautaketa.

Kudeatzailea edo kluster managerra kontratatzen bada, lotura lan arlokoa edo merkataritza arlokoa izan, kontratazioa egiteko irizpide hauei jarraitu behar zaie: inpartzialtasuna, profesionaltasuna eta gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna.

Orobat, egiaztatu beharko da klusterraren batzordeak gutxienez 4 pertsona baloratu dituela (bi gizon eta bi emakume) eta baloratu diren lan profilak edo proposamenak aurkeztuko dira. Frogatuz gero haiek ezin direla aurkeztu eskatzen den profilarekin behar adina hautagai ez izategatik edo kontratazioa eskaera aurkeztu baino lehenago egina izateagatik, nahikoa izanen da hautatutakoaren profila aurkeztea.

Honako hauek izanen dira lehentasunez kontrataziorako baldintzak:

a) Klusterraren jardunaren eremu ekonomikoa aldez aurretik ezagutzea edo graduondoko ikasketak enpresaren kudeaketaren arloan dituen unibertsitateko titulazioa izatea.

b) 5 urteko esperientzia izatea, gutxienez, lanpostu exekutibo batean, lan taldeen arduradun gisa, aholkulari gisa edo enpresa proiektuak dinamizatzeko antzeko profilarekin.

c) Esperientzia izatea proiektuak, politika publikoak eta lehiakortasun estrategia kudeatzen.

d) Hizkuntzak jakitea, batik bat ingelesa.

6. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

Honako hauek izanen dira laguntzak, jarduketa ildo bakoitzaren arabera:

1. A ildoa. Kluster hasiberriak sendotzea.

a) Laguntzen zenbatekoa zehazteko orduan, kontuan hartuko da klusterrak lehenago laguntzak jaso dituen Nafarroako Gobernuak klusterrei sostengua emateko programetan (ez dira aintzat hartuko aurreklusterrei dagozkien laguntzak, 2016koak) edo klusterrei zuzendutako Espainiako edo Europako beste programa batzuen bidez, ondotik zehazten den moduan:

–Diruz lagundutako gastuen %100, aipatutako laguntzak ez badira lehenago jaso.

–%90, laguntza behin jaso baldin bada.

–%80, laguntza bitan jaso baldin bada.

–Bi laguntza baino gehiago jaso badira, eskaera ezetsiko da.

b) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategiak lehenetsitako arlo ekonomikoaren araberakoa izanen da gehieneko laguntza:

–Automozioa, elikakatea eta energia berriztagarriak: 50.000 euro.

–S3 estrategiaren gainerako arlo ekonomikoak: 20.000 euro.

2. B ildoa. Klusterretan lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.

a) Laguntzaren zenbatekoa gastu diruz lagungarrien %80koa izanen da. Proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera kalkulatuko dira, 8. oinarriko irizpideak aplikatuta eta proiekturik onenak lortutako puntuazioarekin konparatuta, ondoko formulari jarraituz:

Laguntzaren zenbatekoa = %80 * P / PMAX

P: proiektuak lortutako puntuazioa.

PMAX: proiektu batek B ildoan lortutako gehieneko puntuazioa.

b) Gehieneko laguntza eskatzaile motaren araberakoa izanen da:

–Automozioaren, elikakatearen eta energia berriztagarrien arloetako klusterretan, A eta B ildoetako proiektuen laguntzen batura metatua ez da 100.000 eurotik gorakoa izanen.

–S3 estrategiaren gainerako arlo ekonomikoetarako, A eta B ildoetako proiektuen laguntzen batura metatua ez da 80.000 eurotik gorakoa izanen.

3. C ildoa. Gaikuntza-plataformen proiektuak.

a) Laguntzaren zenbatekoa gastu diruz lagungarrien %80koa izanen da. Proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera kalkulatuko dira, 8. oinarriko irizpideak aplikatuta eta proiekturik onenak lortutako puntuazioarekin konparatuta, ondoko formulari jarraituz:

Laguntzaren zenbatekoa = %80 * P / PMAX

P: proiektuak lortutako puntuazioa.

PMAX: proiektu batek C ildoan lortutako gehieneko puntuazioa.

b) Gehieneko laguntza 40.000 eurokoa izanen da gaikuntza-plataforma bakoitzean parte hartzen duen erakunde bakoitzeko.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela helbide elektroniko gaitua (DEH) eta Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta dagoela. DEHa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Eskaera bakarra aurkeztuko du kluster edo plataforma bakoitzak, eta bertan adierazi beharko da 2. oinarriko zer jarduketetarako eskatzen den laguntza.

5. Eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztuko da, zer ildotarako den, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira (esaterako,”Estatutuak”):

a) Eskaera-orria, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena Excel formatuan; besteak beste, klusterra edo plataforma sustatzen duten kideen edo entitateen zerrenda sartuko da, adierazita izena, jarduera, tipologia (enpresa txiki eta ertaina, enpresa handia, ezagutza zentroa, etab.), gutxi gorabeherako fakturazioa, langile kopurua eta sarrera urtea.

b) Klusterraren eraketa agiria edo akta, edo plataformen kasuan lankidetza hitzarmena, 3.3.c.) oinarrian adierazitako edukiarekin.

c) Klusterraren estatutuak edo plataforman parte hartzen duten guztienak.

d) Proiektua gauzatzeko akordioa, esku hartzen duten alderdiek sinatu dutena, eskuratutako konpromisoak adierazten dituena eta 3.4 oinarrian aipatutako edukia zehazten duena.

e) A ildoko jarduketen kasuan, klusterraren jarduketa plana aurkeztu beharko da, aurtengoa eta, laguntza zer urtetarako eskatzen den, horretakoa. Barnean, laguntzen fitxan jasotako eduki espezifikoa ere izanen du, zehaztuta egin beharreko jarduerak eta aurrekontua jardueraz jarduera.

f) B eta C ildoetako jarduketen kasuan, memoria bat aurkeztu beharko da laguntzaren xedeko proiektu bakoitzeko. Memoria bakoitzean jaso beharko da laguntzen fitxan adierazitako eduki espezifikoa, zehaztuta egin beharreko jarduerak eta aurrekontua jardueraz jarduera.

6. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Politika Enpresarialaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Zuzenketa nahitaez telematika bidez egin beharko da, 13.1. oinarrian adierazitako moduan.

8. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko dira, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasuna ezartzeko ildo bakoitzerako, oinarri honetan zehaztutako balorazio-irizpideen arabera.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaeren aurrekontu onartuari 6. oinarrian ezarritako laguntza-zenbatekoa aplikatuko zaio, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

2.1. A ildoko jarduketetan, alderdi hauek baloratuko dira 10 punturekin, gehienez ere:

a) Proposatutako jarduketak. Honako hau baloratuko da: proposatutako jarduketen kalitatea eta anbizioa, klusterren lehiakortasun beharretara nola egokitzen den eta plan estrategikoarekin bat egiten duen, eta noraino esku hartzen duten klusterrari lotutako enpresek (3 puntu gehienez).

b) Klusterra sendotzera bideratuta izatea. Baloratuko da jarduketen klusterraren sendotzea sustatzea, alderdi hauei dagokienez: jarduketako egitura, bazkide kopurua gehitzea, klusterraren jarduerak eta klusterra kokatzea eskualdean, Espainian eta nazioartean (gehienez ere 3 puntu).

c) Proposatutako jarduketen aurrekontua. Baloratuko da aurrekontuaren egitura eta zehaztapena koherenteak izatea, erabiltzen diren baliabideen egokitasuna eta efizientzia egin beharreko jardueretarako eta espero den emaitzerako, bai eta finantzaketarako beste funts batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere (gehienez ere 3 puntu).

d) Beste alderdi batzuk. Baloratuko da ekintzen baliagarritasuna klusterreko kideen artean sinergiak ezartzeko, berrikuntza sustatzeko eta sinergiak bilatzeko Nafarroako Gobernuaren beste jarduketa eta programa batzuekin, bai eta Nafarroatik kanpoko beste kluster batzuekin ere (puntu bat gehienez ere).

2.2. B ildoko jarduketetan, alderdi hauek baloratuko dira 10 punturekin gehienez ere:

a) Proiektuaren koherentzia. Baloratuko da proposatutako jarduketen kalitatea eta anbizioa, klusterreko enpresek parte hartzen duten negozioen lehiakortasun beharretarako egokiak diren eta bat datozen plan estrategikoarekin, bai eta proposatutako helburuekin eta aurreikusitako emaitzekin (adierazleak). Baloratuko da proiektuaren gaitasuna klusterreko enpresen lehiakortasuna areagotzeko, zaintza estrategikorako, produktu edo zerbitzuen berrikuntzarako, hobekuntza produktiboetarako, balio-katearen garapenerako, merkataritza edo banaketa arloko hobekuntzetarako eta negozio eredu berrietarako (gehienez ere 4 puntu).

b) Elkarlana. Baloratuko dira proiektuaren parte-hartzaileak (klusterra eta kideak), proiektuko parte-hartzaileen konpromisoa eta osagarritasuna eta beste eragile batzuen parte-hartzea (helize hirukoitzaren parte-hartzea) (3 puntu, gehienez).

c) Proposatutako jarduketen aurrekontua. Baloratuko da aurrekontuaren egitura eta zehaztapena koherenteak izatea, erabiltzen diren baliabideen egokitasuna eta efizientzia egin beharreko jardueretarako, bai eta finantzaketarako beste funts batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere (gehienez ere 3 puntu).

2.3. C ildoko jarduketetan, alderdi hauek baloratuko dira 10 punturekin, gehienez ere:

a) Lehiakortasuna sustatzea. Baloratuko da proiektuaren gaitasuna Nafarroako enpresen lehiakortasuna areagotzeko eta Nafarroako 2020 Industria Planaren ardatzetan eta ekintzetan txertatzeko. 4.0 teknologien arloko jarduketei dagokienez, baloratuko da ekintzetan ahalegina egotea geroago enpresa inbertsiorako jarduketak definitzeko, Nafarroako gobernuaren laguntzak jaso ditzaketen jarduketak, zehazki (gehienez ere 3 puntu).

b) Elkarlana. Baloratuko dira esku hartzen duten parte-hartzaileak, bai plataformako kide diren erakundeak bai proiektuaren hartzaileak, kanpoko beste eragile batzuk barne (gehienez ere 4 puntu).

c) Proposatutako jarduketen aurrekontua. Baloratuko da aurrekontua egokia den jarduketetarako, bai eta finantzaketarako beste funts batzuk, publikoak edo pribatuak, lortzeko gaitasuna ere (gehienez ere 3 puntu).

3. Gutxienez 5 puntu lortzen dituzten eskaerei baino ez zaie emanen diru-laguntza.

Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, jarduketa ildo bakoitzerako ezarritako a) eta b) irizpideetako puntuazioa kontuan hartuz ebatziko da.

9. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Politika Ekonomikoko Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak, SODENAren laguntzaz, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, eta adieraziko dio, eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio, eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Zerbitzu horrek eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baitira dagokion laguntzaren zenbatekoa eta onuradunek diru-laguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Deialdi honetarako, 498.359 euroko gasturako baimena eman da, honela banaturik:

a) 170.000 euro A ildoko jarduketak diruz laguntzeko (“Kluster hasiberriak sendotzea”).

b) 228.359 euro B ildoko jarduketak diruz laguntzeko (“Klusterretan lehiakortasuna hobetzeko proiektuak”).

c) 100.000 euro C ildoko jarduketak diruz laguntzeko (“Gaikuntza-plataformen proiektuak”).

A eta C ildoetako jarduketak diruz laguntzeko kreditua agortzen ez bada, B ildoko jarduketak finantzatzeko erabiltzen ahalko da.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek diruz lagundutako jarduketa justifikatu beharko dute, 2018ko urriaren 31n beranduenez. Horretarako, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 13.1 oinarrian adierazitako moduan:

a) Egindako jarduerak eta lortutako emaitzak justifikatzen dituen memoria, bai eta onuradunari ezarritako betebeharrak bete dituela ere (laguntzen fitxan eredu bat dago).

b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel formatuan; erabili beharreko kalkulu-orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da halaber nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) 4. oinarriko langileria gastuak nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, zehaztapenak eta ordainagiriak aurkeztuz justifikatuko dira. 2018ko azken hiruhilekoko PFEZaren eta 2018ko urriko Gizarte Segurantzaren atxikipenen ordainagiriak 2019ko urtarrilaren 31n aurkezten ahalko dira, beranduenez.

d) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuta aurreko atalean eskatzen den Excel taulako gastuen ordenari jarraikiz. Entitate onuradunen gastuen fakturak eta ordainagiriak onartuko dira, 3 oinarrian ezarritakoarekin bat. Bai fakturek bai ordainagiriek onuradunen izenean eginak beharko dute.

e) “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia laguntzen fitxan eskura daiteke, eta 4.3. oinarrian adierazitako edukia izanen du.

f) Kudeatzailearen edo kluster managerraren lanposturako kontratazioa 5. oinarrian adierazitako moduan justifikatuko da.

g) Egindako proiektuak eta gastuak justifikatzeko onuradunak egokitzat jotzen duen edozein dokumentazio.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako diru-laguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin dela aurreko oinarrian ezarritako moduan eta epean justifikatzea.

c) A ildoko jarduketen kasuan, gastu diruz lagungarrien aldian bazkide kopuruaren igoera garbia eskatuko da, bai eta bazkideei kuotak ezartzea. Era berean, klusterraren plangintza estrategikoa eta egituratzea egiteko prozesuetan gutxienez bazkideen %25ek parte hartzea eskatuko da.

d) Klusterraren esportazio lanak Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusiarekin koordinatu beharko dituzte eta, bereziki, Nafarroako 2017-2020 aldirako Nazioarteko Planean jasotako ekimenekin.

e) Politika Ekonomikoko Zerbitzuari jakinaraztea deialdi honen bidez diruz lagundutako jarduketa eta proiektuetan gertatzen den aldaketa garrantzitsu oro, esate baterako, onetsitako aurrekontuan edo proiektuen gauzatze mailan desbideratzeak gertatzea.

f) SODENAk onuradunentzat antolatutako jarduketetan parte hartzea (jarraipen mahaiak, prestakuntza jarduerak, etab.) eta aldian behin informazioa ematea sozietate horri diruz lagundutako jardueren segimendua egiteko.

g) Nafarroako Gobernua eta SODENA gonbidatzea parte hartzera jasotako laguntzekin finantzatzen diren jarduketetan, eta zuzendaritza batzordeetan edo diruz lagundutako proiektuak koordinatzeko bileretan, klusterrenak izan nahiz plataformenak izan.

h) Diruz lagundutako jarduketei buruz egiten den zabalkunde publikoan eta korporazioaren webgunean adierazi beharko da horien finantzaketa diru publikoaz egina dela.

Diruz lagundutako jarduketen zabalkunderako materialetan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, ez da hizkera sexista erabiliko diru-laguntzaren xedeaz prestatzen den dokumentazio guztian.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, B eta C ildoetako jarduketen kasuan, diruz lagundutako proiektuaren gauzatze maila %70etik beherakoa bada, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

12. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Diruz lagundutako jarduketak behar bezala finantza daitezen, entitate onuradunak honako hauek eskatzen ahalko ditu 13.1 oinarrian adierazten den moduan:

a) Diru-laguntza aurreratuta ordaintzea, diru-laguntza eman zaiela jakinarazi eta biharamunetik 10 egun naturaleko gehieneko epean, aurreikusten diren diruzaintzako beharrak justifikatzeko txosten batekin batera.

Laguntzen organo kudeatzaileak uste badu urritasunak arriskuan jar dezakeela diruz lagundutako jarduketen gauzatzea, emandako diru-laguntzaren %40ra arteko aurrerakina ordainduko da.

Aurrerakinaren eskaera 60.000 eurotik gorakoa bada, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio, bermeak ezarri beharrari dagokionez.

b) Halaber, onuradurak ordainketa bat egiteko eska dezake, epe diruz lagungarriko edozein hilabete amaitu arte gauzatu diren jarduketei dagokien diru-laguntzaren kontura, betiere eskaera hori 2018ko urriaren 31 baino lehen egiten badu.

Horretarako, gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta gastuen zerrenda aurkeztu beharko ditu, bakoitzerako excel formatuan ordenatuta.

a) eta b) letretako aurrerakinaren eta konturako ordainketaren eskaerak bateragarriak dira.

2. 10. oinarriko frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, jasota geldituko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan baldintzak bete dituztela, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela.

Diru-laguntza ordaintzeko ebazpena 6 hilabeteko epean emanen du organo eskudunak, frogagiriak aurkezten direnetik hasita kontatuta.

3. Frogagiriak aztertzerik ez badago, ordainketa ebazpenak 2018an ematen direla ziurtatzearren, 2018ko urriaren 31 arte gauzatu diren jarduketei dagokien diru-laguntzaren konturako ordainketa eginen da, oinarri honen 1. atalean adierazi bezala diru-laguntza osoa ordaindu ez bada.

Horretarako, laguntzak kudeatzen dituen organoak frogagiriak aztertuko ditu, 10. oinarriaren a) eta b) letretan adierazitakoak.

Diru-laguntzaren azken likidazioa egiteko, onuradunak frogagiriak aurkeztu beharko ditu, 10. oinarriaren c) letran adierazitakoak.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.

Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, helbide horretan bertan egin beharko da Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza.

14. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin, eta bateragarriak, berriz, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek emandakoekin.

15. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

16. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Politika Ekonomikoko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Diru-laguntzen Datu-base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

Iragarkiaren kodea: F1804608