1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
135/2017 FORU AGINDUA, azaroaren 13koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, langile autonomoen lanbide elkarteek Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan parte hartzeko modua zehazteko deialdia onesten duena.
Urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseilua sortu zen eta haren osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautu ziren.
Foru dekretu horren 5. artikuluan langile autonomoen lanbide elkarteek kontseilu horretan parte hartzeko baldintzak eta prozedura ezartzen dira; besteak beste, honako hau: deialdia eginen da lau urtetik behin, lan arloan eskumena duen kontseilariaren foru agindu baten bidez, langile autonomoen lanbide elkarteek parte har dezaten, betiere jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean badute eta sektoreartekoak badira.
Horrela, Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan parte hartzeko, elkarte interesdunek berariaz adierazi behar dute, aipatu deialdian parte hartuz.
Nafarroako Gobernuak 2013ko urriaren 16an hartutako erabakiaren bidez (2013ko 205. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 23koa), Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluko kideak izendatu ziren. Agintaldia lau urtekoa da, izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita, eta ondoren berritzen ahal da. Horrenbestez, urtarrilaren 30eko 9/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat, agintaldiak laster amaituko dira.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Langile autonomoen lanbide elkarteek Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan parte hartzeko modua zehazteko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarriak onestea, foru agindu honen eranskinean jasoak.
3. Foru agindu hau eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea bukatzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2017ko azaroaren 13an.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.
ERANSKINA
Langile autonomoen lanbide elkarteek Nafarroako Lan Autonomoaren Kontseiluan parte hartzeko modua zehazteko deialdiaren oinarriak
1. oinarria. Onartzeko baldintzak:
1. Nafarroako langile autonomoen lanbide elkarteek parte hartzen ahalko dute deialdi publiko honetan, eskaera aurkezten dutenean honako baldintza hauek betetzen dituztela frogatzen badute:
a) Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean izatea.
b) Sektoreartekoa izatea.
c) Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan izena emanik egotea.
2. oinarria. Deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Elkarteko organo eskudunaren ziurtagiria, zenbat langile autonomo diren kideak adierazita, helbidea Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dutela eta Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian alta emana dutela.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, aldi berean Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan izena emandako elkarte batean baino gehiagotan elkarte bakar bat ere ez dagoela adierazita, ordezkaritza zenbatzearen ondorioetarako.
3. oinarria. Eskaerak eta horiek aurkezteko epea:
1. Eskaerak, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira zuzenduak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietan (hor bertan adierazitako eran) aurkeztuko dira.
2. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. oinarria. Prozeduraren instrukzioa eta eskaeren balorazioa:
1. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako agiriak aztertuko ditu eta datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak eginen ditu ofizioz, horiei jarraikiz eginen baita aurkeztutako eskaeren balorazioa.
2. Eskabidea behar bezala bete ez bada edo eskatutako agiriak erantsi ez badira, entitate eskatzaileari eskatuko zaio okerra zuzendu dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala, hamar eguneko epean; ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 20. artikuluak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.
3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak kalifikazioa emanen die aurkeztutako eskaerei. Elkarteen hurrenkera egiteko, bakoitzean zenbat langile autonomo diren kideak begiratuko da, gehienetik gutxienera ordenatzeko. Berdinketarik bada, Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan antzinatasun handiena duen elkartearen alde erabakiko da.
4. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (https://www.navarra.es/home_eu/) argitara emanen du emaitza, eta puntuaziorik handiena lortu duten lau elkarteei titular bat eta ordezko bat izendatzeko eskatuko die. Ondoren, Nafarroako Gobernuari proposatuko dio pertsona horien aldeko izendapena egitea.
Eskaera-orria (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F1713246