8. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

637/2017 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzen deialdia onesten duena 2017/2018 ikasturterako.

Deialdi honen helburua da aukera berdintasunaren printzipioa sustatzen laguntzea, honelako bekak eta laguntzak ematea bitartekorik eraginkorrenetako bat baita printzipio hori gauzatzeko.

Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu da 2017/2018 ikasturterako hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzen deialdia onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzen deialdia onestea 2017/2018 ikasturterako, 1. eranskinaren oinarriekin bat.

2. Gehienez ere 185.000 euroko gastua baimentzea: 170.000 euro Haur Hezkuntzarako, Lehenengo Hezkuntzarako eta Bigarren Hezkuntzarako, eta 15.000 euro derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzarako, 2018ko gastuen aurrekontuetan “Hezkuntza bereziko bekak eta laguntzak” izeneko 420002-42190-4809-322400 partidaren baliokidea den partidaren kargura, betiere kreditu nahikoa eta egokia badago.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eskolatze Bulegora, Beka Bulegora eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 27an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzen 2017/2018 ikasturteko deialdia ondorengo oinarriek erregulatuko dute, eta horiek nahitaez bete beharko dira.

I.–Hezkuntza bereziko bekak

Lehenengo oinarria.–Onuradunak.

Hezkuntza bereziko bekak: xedea da behar duten eskatzaileei laguntzea Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, herrietako Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatiboetan (AA), erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan (UT/TGD), Curriculum Bereziko Unitateetan (UCE), Hasierako Lanbide Kualifikazio Bereziko programetan (PCPIE), Oinarrizko Lanbide Heziketa Berezia (FPBE) eta entzuteko nahiz mugitzeko desgaitasuna duten ikasleendako Lehentasunezko Integrazio Zentroetan edozein maila edo gradutako ikasketak egiteagatik sortutako gastua finantzatzen, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko (CREENA) taldeek proposaturik.

Beka hauek kontzeptu hauengatik eskatzen ahal dira:

–Jantokia.

–Garraioa.

–Bizitokia.

Bigarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

1. Horretarako baldintzak betetzen badira, Hezkuntza Ministerioaren beka eskatua izatea 2017/2018 ikasturterako. Baldintza horiek betetzen ez badira, edo beka horien epean salbuespenezko inguruabarrengatik betetzen ez badira, eskatzaileak arrazoi hori behar bezala frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta batzorde teknikoak baloratu beharko du.

Beka ukatu bazaio, arrazoia hauetako bat ez izatea:

a) Deialdian agiriak aurkezteko epeak ez betetzea.

b) Eskaerako oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa diren agiriak, eskatu bazaio ere, ez aurkeztea.

Bestela, beka automatikoki ukatuko da.

2. Beka horiek eskatzeko lehendabiziko oinarrian kasu bakoitzerako aipatutako hezkuntza premia bereziak aurkeztu beharko dira eta eskaera egiten denean helbidea Nafarroan izan beharko da.

3. Adinari buruzko baldintza: ikasleek hirutik hogeita bat urte bitarteko adina izanen dute 2017ko abenduaren 31n (biak barne).

4. Ezinbesteko baldintza da 2016/2017 ikasturteko deialdian eskatu ziren egiaztagiriak aurkeztu izana, deialdi horretako bekarik edo laguntzarik jaso bada, eta aurreko ikasturteetako beketatik deus ere itzultzekorik ez izatea.

5. Diru-laguntza jaso ahal izateko, atal honetan adierazitako kontzeptuetarako gastuak 2017ko irailetik 2018ko ekainera bitarte egin beharko dira.

Hirugarren oinarria.–Onuradun izateko betebehar ekonomikoak.

1. Beka jasotzen ahalko dute 2016. urtean 10.000 euroko per capita errenta familiarra gainditu ez duten familia unitateetako kideek, edo 2016. urtean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu beharrik izan ez duten familia unitateko kideek. Per capita errenta lortuko da familia unitateko kideen errentaren aitorpenetako zerga-oinarri guztien batuketari kenduz ezkontidearen alde ordaindutako konpentsazio pentsioak –epaileak agindu dituenak–, horrelakorik badago, eta gero, diru-kopuru hori familia unitatea osatzen duten kideen kopuruarekin zatituz. Familia unitateko kide ez izanda ere, aitorpenean kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten kideen kasuan, haien errenta aitorpenaren zerga-oinarriaren %50 baino ez da gehituko.

2. Betebehar hori ez da eskatuko Hezkuntza Bereziko zentroetarako eskolako garraioaren beken kasuan.

3. Salbuespen gisa, 1. puntuko baldintza ekonomiko hori ez da aintzat hartuko, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroak (CREENA) proposatuta, herrietako Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatiboetan (AA) eta erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan (UT/TGD) eskolatuta dauden ikasleendako jantokiko beken kasuan.

4. Aitortu beharrari dagokionez eta aurreko atalek aipatzen dituzten gainerako kontzeptuetarako, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

5. Eskaera aurkezten den egunerako, 2016. urteko diru-sarrera aitortuak asko murriztu baldin badira, familia unitatean errentak jasotzen dituzten kideetako bat hil delako edo lanerako ezintasun nahiz langabezia egoeran dagoelako, eskatzaileak hori espresuki adieraziko du eskaerari erantsitako orri batean eta, horrekin batera, egoera berria frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, deialdia ebazteko izendatutako batzordeak baloratu ahal izateko.

6. Onuradun izateko, eskatzailearen familia unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.

7. Bekarako eskaera aurkezteak berekin dakar Hezkuntza Departamentuari baimena ematea ondareari eta errentei buruz behar dituen datuak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren bidez lortzeko.

Laugarren oinarria.–Bekak. Gehieneko zenbatekoak.

1. Aurreko baldintzak betez gero, Hezkuntza Bereziko bekak kontzeptu hauengatik ematen ahalko dira, gehieneko diru kopuru hauek gainditu gabe:

a) Jantokia (mantenu erdian): 300 euro gehienez. Herrietako Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatiboetan (AA) eta erdibideko unitateetan/garapenaren nahaste orokorreko unitateetan (UT/TGD) ez da kontuan hartuko muga hori.

b) Garraioa: zerbitzu honen erabileraren ondorioz sortutako gastuaren arabera zehaztuko da:

Garraiobidea ibilgailu partikularra bada eta eskatzaile batzuek konpartitzen badute, gasturako beka eskatzaile horien artean banatuko da.

c) Egoitza: 1.800 euro gehienez, baldin familiaren etxetik ikastetxera 30 kilometrotik gora badago. Laguntza hau eta jantokiko beka edo laguntza bateraezinak dira.

2. Bekak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Beken kasuan, diruz lagundu daitekeen aurrekontu aurkeztuaren %100ekoa izanen da diru-laguntza, betiere aurreko puntuetan modalitate bakoitzerako zehazten diren mugak izanik. Onartutako eskaerek gainditzen badute deialdi honetarako baimendutako gehieneko gastua, salbuespen gisa, bekak emateko proposamenak onuradunen artean hainbanatuko du diru-laguntzari esleitutako gehieneko zenbatekoa.

Bosgarren oinarria.–Aurkeztu beharreko eskaera eta agiriak.

1. 2017/2018 ikasturterako bekak eskatzeko, www.navarra.es web-orrian dagoen eskaera eredua bete beharko da (online eskaera). Kredentzial hauen identifikazioak ematen du hartarako sarbidea: NANa + Nafarroako Ogasuneko PINa edo, bestela, erabiltzaile-ziurtagiria (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

Bekarako eskaera aurkezteak berekin dakar hezkuntza administrazioei baimena ematea beste administrazio publiko batzuei edo edozein erakunderi (INE, IMSERSO, INSS...) informazioa eskatzeko, beka eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datuak, inguruabar pertsonal, akademiko eta familia inguruko guztiak eta, orobat, errenta eta ondareari buruzko datuak ezarri, ezagutu eta egiazta ditzaten.

Inprimaki horietan jarritako datu pertsonalak, eta bekak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartuko dira.

Aipatu unitate organikoak aukera izanen du, edozein unetan, fitxategi horretan jasotako datuak eskuratzeko, benetakoak direla egiaztatze aldera.

Hezkuntza Departamentuak familia unitatean kontuan hartzen ahal diren kideen datu ekonomiko-finantzarioak eskura ditzake Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentutik, transmisio elektronikoz, paperean edo euskarri informatikoan, betebehar ekonomiko hauek osatzeko:

Hezkuntza Departamentuak onuradunei buruzko identifikazio datuak eta haien ikasketei, beken zenbatekoei eta bekak eman edo ukatzeko kontzeptuei buruzkoak ematen ahalko dizkie Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari, udalei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eta ikastetxeei.

Behin beterik eta igorririk ezarritako prozedura telematikoaren bidez, beka eskaera aurkezturik eta sinaturik geldituko da, ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskaera eredu (pdf fitxategia) papereratzea, ezta inon ere fisikoki aurkeztea ere.

Ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua osatzen ez duten eskaerak, bide telematikoaz beterik egonda ere.

Eskaerarekin batera, jatorrizko dokumentuak aurkeztu behar dira, kalitate egokian eskaneatuta, ongi irakurtzeko moduan.

Beka aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, paperean. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jarri diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzaileari baino ez dagokio eskaera behar bezala betetzea eta epearen barnean aurkeztea.

Nolanahi ere, eskaera aurkezteko 20 egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

2. Beken eskaerei agiri hauek erantsi behar zaizkie:

a) Aitaren, amaren edo tutorearen NANaren fotokopia, behar adinako kalitatearekin egina.

b) Familia Liburu osoaren fotokopia, behar adinako kalitatearekin egina. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen familia unitateko kideek 2016an aurkeztutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen osoaren fotokopia, behar adinako kalitatearekin egina. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia, behar adinako kalitatearekin egina.

d) Beka zer kontzeptutarako eskatzen den, horiengatik familiak hilabetero eta 2017ko irailetik 2018ko ekainera bitarte pagatzen duen zenbatekoa berariaz agertzen duen egiaztagiria.

e) Familiaren bizilekuaren ziurtagiria (errolda).

f) Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik, 2016. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badu, honako hau erantsi beharko zaio eskaerari:

f.1) Besteren konturako lanean ari direnen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2016. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak luzatua.

f.2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2016. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

g) Ikastetxeko orientatzailearen txostena, adierazten duena zer modutan dagoen eskolatuta beka eskatzen duen ikaslea.

3. Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

II.–Laguntzak, hezkuntza laguntzako berariazko
premiak dituzten ikasleendako

Lehenengo oinarria.–Onuradunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Hezkuntzan eskolatuta dauden honako hezkuntza laguntzako berariazko premia hauek dituzten ikasleendako laguntzak:

–Desgaitasun psikiko, fisiko, zentzumenezko edo mugitzeko nabarmenari lotutako hezkuntza premia bereziak.

–Portaeraren nahaste larriak

–Bere ikastetxeko prestakuntza osatzeko jarduerak behar dituzten adimen gaitasun handiak.

–Logopediako arreta behar duen mintzamenaren berariazko nahastea edo arlo horretako atzerapen larria.

AFN-H (arreta faltagatiko nahasmendua eta hiperaktibitatea) curriculumean bi ikasturteko edo gehiagoko atzerapenarekin.

–Curriculumean bi kurtsoko edo gehiagoko atzerapena ekarri duten ikasteko berariazko zailtasunak.

Kasu horietan guztietan, txosten psikopedagogikoa eta, kasua bada, txosten medikoa beharko da.

Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Lehen Hezkuntzako lehen zikloan teknika instrumentalak ikasteko laguntzak.

–Ospitaleetan edo etxean berean arreta emateko programetan laguntzen zaien ikasleendako laguntzak.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako logopediako laguntzak.

–Logopediako arreta ahotsaren eta erritmoaren nahasteetarako (disfoniak, disfemiak...).

–Psikoterapiako tratamenduak, psikomotrizitateko tratamenduak, fisioterapiako tratamenduak edo optometriako tratamenduak. Eskolatik kanpoko bestelako tratamenduak.

Kasu guztietan, laguntzatik kanpo geratzen dira curriculuma egokituz edo aniztasunarekiko arretarako ohiko edo ohiz kanpoko baliabide pertsonalen bidez ikastetxean bertan jorratzen ahal diren arazoak.

Ezin izanen da laguntza eskatu, orobat, deialdi honetan beka eskatu bada.

2. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan ari diren ikasleendako laguntza: Zentzumenezko edo mugitzeko desgaitasuna edo nahaste psikiatriko larriak dituztenen ikasleak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean eskolatuta badaude, laguntza pedagogiko berezia edo garraio egokitua behar dutenean. Honako hauek osatzen dute derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntza: Batxilergoa, Oinarrizko Lanbide Heziketa, maila ertaineko eta goi mailako Lanbide Heziketa, maila ertaineko eta goi mailako Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide ikasketak eta maila ertaineko eta goi mailako Kirol Ikasketak.

Bigarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Horretarako baldintzak betetzen badira, Hezkuntza Ministerioaren laguntza eskatua izatea 2017/2018 ikasturterako. Baldintza horiek betetzen ez badira, edo laguntza horien epean salbuespenezko inguruabarrengatik betetzen ez badira, eskatzaileak arrazoi hori behar bezala frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta batzorde teknikoak baloratu beharko du.

Laguntza ukatu bazaio, arrazoia hauetako bat ez izatea:

a) Deialdian agiriak aurkezteko epeak ez betetzea.

b) Eskaerako oinarrizko datuak ez betetzea edo lehiaketa erabaki ahal izateko beharrezkoa diren agiriak, eskatu bazaio ere, ez aurkeztea.

Bestela, laguntza automatikoki ukatuko da.

2. Laguntza horiek eskatzeko, ezinbestekoa da lehenengo oinarrian kasu bakoitzerako jasotzen diren hezkuntza premia bereziak izatea eta eskaera egiten denean helbidea Nafarroan izatea.

3. Adinaren baldintzak:

a) Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituztenendako laguntzak jasotzeko, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn matrikulatuta dauden ikasleek 3tik 18 urte bitarteko adina izanen dute 2017ko abenduaren 31n (biak barne).

b) Derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzarako laguntzak jasotzeko, ikasleek 16tik 21 urte bitarteko adina izanen dute 2017ko abenduaren 31n (biak barne).

4. Ezinbesteko baldintza da 2016/2017 ikasturteko deialdian eskatu ziren egiaztagiriak aurkeztu izana, deialdi horretako bekarik edo laguntzarik jaso bada, eta aurreko ikasturteetako beketatik edo laguntzetatik deus ere itzultzekorik ez izatea.

5. Diru-laguntza jaso ahal izateko, oinarri honetan adierazitako kontzeptuetarako gastuak 2017ko irailetik 2018ko ekainera bitarte egin beharko dira.

Hirugarren oinarria.–Onuradun izateko baldintza ekonomikoak.

1. Laguntza jasotzen ahalko dute 2016. urtean 10.000 euroko per capita errenta familiarra gainditu ez duten familia unitateetako kideek, edo 2016. urtean pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztu beharrik izan ez duten familia unitateko kideek. Per capita errenta lortuko da familia unitateko kideen errentaren aitorpenetako zerga-oinarri guztien batuketari kenduz ezkontidearen alde ordaindutako konpentsazio pentsioak –epaileak agindu dituenak–, horrelakorik badago, eta gero, diru-kopuru hori familia unitatea osatzen duten kideen kopuruarekin zatituz. Familia unitateko kide ez izanda ere, aitorpenean kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten kideen kasuan, haien errenta aitorpenaren zerga-oinarriaren %50 baino ez da gehituko.

2. Aitortu beharrari dagokionez eta aurreko atalek aipatzen dituzten gainerako kontzeptuetarako, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

3. Eskaera aurkezten den egunerako, 2016. urteko diru-sarrera aitortuak asko murriztu baldin badira, familia unitatean errentak jasotzen dituzten kideetako bat hil delako edo lanerako ezintasun nahiz langabezia egoeran dagoelako, eskatzaileak hori espresuki adieraziko du eskaerari erantsitako orri batean eta, horrekin batera, egoera berria frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, deialdia ebazteko izendatutako batzordeak baloratu ahal izateko.

4. Onuradun izateko, eskatzailearen familia unitateko kide guztiek zerga arloko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan eskatzen diren baldintza guztiak bete.

5. Laguntza eskaera aurkezteak berekin dakar Hezkuntza Departamentuari baimena ematea ondareari eta errentei buruz behar dituen datuak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren bidez lortzeko.

Laugarren oinarria.–Laguntzak. Gehieneko zenbatekoak.

1. Aurreko baldintzak betez gero, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzak kontzeptu hauengatik ematen ahalko dira, gehieneko diru kopuru hauek gainditu gabe:

1.1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo DBHko ikasleendako laguntzak:

a) Hezkuntza premietarako laguntza: 1.300 euro gehienez.

b) Gaitasun handia dutenendako laguntza: 700 euro gehienez.

c) Garraioa: 500 euro gehienez, laguntza zentroa bizilekutik 8 km-ra baino gehiagora dagoenean.

1.2. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan ari diren ikasleendako laguntzak:

a) Laguntza lana: 1.500 euro gehienez.

b) Garraioa: 500 euro gehienez, laguntza zentroa bizilekutik 8 km-ra baino gehiagora dagoenean.

2. Laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Diruz lagundu daitekeen aurrekontu aurkeztuaren %100ekoa izanen da diru-laguntza, betiere aurreko puntuetan modalitate bakoitzerako zehazten diren mugak izanik. Onartutako eskaerek gainditzen badute deialdi honetarako baimendutako gehieneko gastua, salbuespen gisa, laguntzak emateko proposamenak onuradunen artean hainbanatuko du diru-laguntzari esleitutako gehieneko zenbatekoa.

Bosgarren oinarria.–Eskaerak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. 2017/2018 ikasturterako laguntzak eskatzeko, www.navarra.es web-orrian dagoen eskaera eredua bete beharko da (online eskaera). Kredentzial hauen identifikazioak ematen du hartarako sarbidea: NANa + Nafarroako Ogasuneko PINa edo, bestela, erabiltzaile-ziurtagiria (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

Laguntza eskaera aurkezteak berekin dakar hezkuntza administrazioei baimena ematea beste administrazio publiko batzuei edo edozein erakunderi (INE, IMSERSO, INSS...) informazioa eskatzeko, beka eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datuak, inguruabar pertsonal, akademiko eta familia inguruko guztiak eta, orobat, errenta eta ondareari buruzko datuak ezarri, ezagutu eta egiazta ditzaten.

Inprimaki horietan jarritako datu pertsonalak, eta laguntzak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartuko dira.

Aipatu unitate organikoak aukera izanen du, edozein unetan, fitxategi horretan jasotako datuak eskuratzeko, benetakoak direla egiaztatze aldera.

Hezkuntza Departamentuak familia unitatean kontuan hartzen ahal diren kideen datu ekonomiko-finantzarioak eskura ditzake Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentutik, transmisio elektronikoz, paperean edo euskarri informatikoan, betebehar ekonomiko hauek osatzeko:

Hezkuntza Departamentuak onuradunei buruzko identifikazio datuak eta haien ikasketei, laguntzen zenbatekoei eta laguntzak eman edo ukatzeko kontzeptuei buruzkoak ematen ahalko dizkie Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari, udalei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eta ikastetxeei.

Behin beterik eta igorririk ezarritako prozedura telematikoaren bidez, laguntza eskaera aurkezturik eta sinaturik geldituko da, ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskaera eredu (pdf fitxategia) papereratzea, ezta inon ere fisikoki aurkeztea ere.

Ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua osatzen ez duten eskaerak, bide telematikoaz beterik egonda ere.

Eskaerarekin batera, jatorrizko dokumentuak aurkeztu behar dira, kalitate egokian eskaneatuta, ongi irakurtzeko moduan.

Laguntza aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, paperean. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jarri diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzaileari baino ez dagokio eskaera behar bezala betetzea eta epearen barnean aurkeztea.

Nolanahi ere, eskaera aurkezteko 20 egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

2. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleendako eta desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan ari diren ikasleendako laguntzen kasuan, laguntza eskaerei honako agiri hauek erantsi beharko zaizkie:

a) Aitaren, amaren edo tutorearen NANaren fotokopia, behar adinako kalitatearekin egina.

b) Familia Liburu osoaren fotokopia, behar adinako kalitatearekin egina. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen familia unitateko kideek 2016an aurkeztutako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen osoaren fotokopia, behar adinako kalitatearekin egina. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia, behar adinako kalitatearekin egina.

d) Beka zer kontzeptutarako eskatzen den, horiengatik familiak saio batean, hilean eta urtean pagatzen duen zenbatekoa berariaz agertzen duen egiaztagiria.

e) Familiaren bizilekuaren ziurtagiria (errolda).

f) Eskatzailearen familia unitateak, legez beharturik ez egoteagatik, 2016. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badu, honako hau erantsi beharko zaio eskaerari:

f.1) Besteren konturako lanean ari direnen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2016. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak luzatua.

f.2) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2016. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

3. Hezkuntza laguntzako premia bereziak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo DBHko ikasleendako laguntzen eskaerei honako agiri hauek ere erantsi beharko zaizkie:

a) Ikastetxeko orientatzailearen txostena. Bertan adierazi behar da ikasleak nolako hezkuntza premia berezia duen, laguntzaren helburuak zeintzuk diren eta zergatik behar duen ikastetxetik kanpoko laguntza.

b) Laguntza eman behar duen entitatearen txostena, programaren laburpena eta dagokion ikastetxearekiko koordinazioa aipatuta, eta laguntzaren kostuaren aurrekontua ziurtatzen duen agiria.

c) Garraioaren hileroko kostuaren aurrekontua, laugarren oinarrian, 2. puntuan, c atalean, aipatzen den garraiorako laguntza eskatzen denean.

4. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan aritzen diren ikasleendako laguntza jasotzeko eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak laguntza pedagogikoaren alde emandako txostena.

b) Minusbaliotasuna kalifikatzeko ziurtagiria, ikusmeneko, entzumeneko edo mugimenduko desgaitasunaren gradua %33koa edo handiagoa dela adierazteko.

c) Osasun ziurtagiria, nahaste psikiatriko larriak dituzten ikasleen kasuan.

5. Edonola ere, eskatzen diren betebeharrak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

III.–Oinarri amankomunak bai hezkuntza bereziko beketarako bai hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzetarako

Lehenengo oinarria.–Eskatutako agiriak eta eskaera aurkezteko tokia eta epea.

1. Ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, parte hartze eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.nafarroa.eus). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskaera eta beharrezkoak diren gainerako agiriak aurkezteko, Erregistro Elektroniko Orokorrean artxiboak eransteko aurreikusita dauden formatuetatik edozein erabil daiteke.

Laguntza aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, paperean. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jarri diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

2. Hezkuntza bereziko bekak eta laguntzak emateko deialdi honetako eskaerak eta betebeharren egiaztagiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Eskaerak zuzentzeko epea. Eskaerak aurreko ataletan adierazitako baldintzak betetzen ez baditu, batzordeak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakorekin bat.

Bigarren oinarria.–Organo eskudunak.

1. Hezkuntzako zuzendari nagusiak emanen ditu Hezkuntza bereziko bekak eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleendako laguntzak, ebazpen baten bidez, ebaluazio batzordeak egindako txostenaren arabera, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen proposamena egin ondoren.

2. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

a) Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

b) Orientazio Bulegoko burua.

c) Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

e) Komunitaterako Zerbitzuetako irakasle bat, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroari atxikia.

f) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT bat (arlo juridikoa).

3. Hezkuntza Departamentuak, espedienteak ikusi eta horietan agertzen diren datuak egiaztatu ondoren, dokumentazioa, txostenak edo argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, beharrezkoak badira.

Hirugarren oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako bekak eta laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu beretarako emandako beka eta laguntzekin.

2. Hala ere, emandako laguntzak, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Laugarren oinarria.–Prozedura eta erreklamazioak.

1. Eskaerak baloratu ondoren, batzordeak emanen diren laguntzen behin-behineko proposamena prestatuko du. Proposamen hori Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, eta eskatzaileei eta interesdunak eskolatuta dauden ikastetxeei jakinaraziko zaie. Gainera, emandako beka eta laguntzen zerrenda hori ikastetxean berean eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan kontsultatzen ahalko da.

2. Behin-behineko balorazioarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Hezkuntza Departamentuko Aniztasunarekiko Arretaren eta Hezkuntza Premia Berezien Atalari. Horretarako 10 egun balioduneko epea izanen da, ebazpena Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

3. Ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen baten bidez onetsiko du onartutako eta baztertutako beka eta laguntzen behin betiko zerrenda, bai eta aurkeztutako eta baietsitako erreklamazioen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuko zerbitzuen katalogoan emanen da argitara. Beka eta laguntzen behin betiko zerrenda interesdunei eta eskatzaileak eskolatuta dauden ikastetxeei jakinaraziko zaie, eta Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuan jarriko da ikusgai.

4. Onartutako eta baztertutako beka eta laguntzen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Bosgarren oinarria.–Beken eta laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1. Bekak eta laguntzak kobratzeko, onuradunek 2018ko ekainaren 30a baino lehen justifikatu beharko dituzte egindako gastuak eta ordainketak. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztuko dituzte, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan ezarritako bideak baliatuz:

a) Garraio, jantoki eta egoitzako beken kasuan, ordainketa eskatu den egunera arte ikastetxera joan izanaren ziurtagiria, eta behar diren zenbatekoen ordainketan egunean izatearen ziurtagiria.

Garraioaren kasuan, honela eginen da:

–Eskola autobusa: ordainketaren ziurtagiria, ikastetxeak egina, pagatutako zenbatekoa zehaztuta.

–Garraio publiko edo familiarra: bertaratutako egunen gaineko ziurtagiria, ikastetxeak egina.

–Taxia: zerbitzu horrengatik ordaindutako fakturak.

b) Laguntzen kasuan, hura non eman zaion, ikastetxe horrexek edo behar bezala kreditatutako profesionalak luzatutako ziurtagiria, ondoko hau jasota: zer laguntza eman zaion, guztira zenbat saiotan, saio bakoitzaren iraupena, zer hilabetetan egin den eta guztira zenbat ordaindu den horregatik.

2. Bekak eta laguntzak ordaintzeko baimena Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen da, Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak proposaturik. Eskaera aurkezten denean ikaslea zein ikastetxetan eskolatua dagoen, hari ordainduko zaio zuzenean, eta hori arduratuko da onuradunen aitari, amari edo legezko tutoreei ordaintzeaz.

3. Nolanahi ere, beken eta laguntzen azken ordainketa egiteko, oinarri honetan zehazten diren frogagiriak aurkeztu behar dira.

Seigarren oinarria.–Laguntzak itzultzea.

1. Onuradunek edozein unetan galtzen ahal dituzte emandako laguntzak, aurrez espedientea ireki eta eskaeran adierazitako datuak ea benetakoak diren aztertu eta gero, datu horietan oinarrituta eman baita laguntza. Espediente hori Hezkuntza Departamentuak irekiko eta ebatziko du, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz.

2. Espedientearen ondorioz laguntza itzuli behar dela erabakiz gero, hartutako diru-kopuruak itzuli beharko dira, galarazi gabe eskatzaileak izan litzakeen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak.

Zazpigarren oinarria.–Baliabideak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena

Eskaera aurkezteak berekin dakar honako hau:

1. Onartzen dituela deialdi honen oinarriak, hartarako eskatzen baitu beka edo laguntza.

2. Jakin badakiela deialdi hau Hezkuntza Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren deialdien osagarri dela, eta, edozein administrazio edo entitate publiko nahiz pribatutatik beste beka bat eskuratuz gero, horren berri eman beharko diola Nafarroako Gobernuko Antolamenduaren, Orientazioaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuari.

3. Betebeharrak betetzea dela eta: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren egoeretatik bakar batean ez egotea, hots:

–Epai irmo baten bidez ezarritako kondenaren ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukeraz gabetua ez egotea.

–Konkurtso baten deklarazioa eskatu ez izana eta/edo prozeduraren batean kaudimengabea deklaratua ez izatea eta/edo konkurtso batean partaide gisa deklaratua ez izatea eta/edo esku-hartze judizialaren mende ez egotea eta/edo desgaitua ez izatea Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, non eta konkurtsoa kalifikatu duen epaian finkatutako desgaikuntzaldia bukatu ez den.

–Administrazioarekin egindako edozein kontratu behin betiko ebazteko bide eman ez izana, ebazpenaren kausaren errudun deklaratu badute.

–Ez egotea indarreko araudian ezarritako bateraezintasuneko kasuetan.

–Egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean ez izatea.

–Ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan edo tributuei buruzko lege orokorretan ezarritakoaren arabera diru-laguntzak lortzeko aukeraz gabeturik ez egotea.

–Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

4. Datuak gaurkotzea dela eta: hitzematen duela adierazpen honetan zehazten diren laguntzen gainean gertatzen den edozein aldaketa departamentu honi adieraziko diola idatziz, jakinarazten denetik 15 egun naturaleko epean gehienez ere, eta helburu bererako laguntza eskatu dien gainerako entitate publikoei ere adieraziko diela.

5. Eskaera honetan jarritako datuen egiazkotasuna dela eta: aitortzen du eskaera honetan emandako datuak benetakoak direla, eta, faltsuak edo desegokiak izanez gero, etor daitezkeen erantzukizun guztiak onartzen dituela.

6. Informazioa eskuratzea dela eta:

–Deialdia egin duen administrazio unitateak ahalmena du zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak baliabide telematikoen bitartez eskatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 6. artikuluan (298. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 14koa) ezarritakoari jarraiki eta otsailaren 21eko 209/2003 Errege Dekretuan (51. Estatuko Aldizkari Ofiziala, otsailaren 28koa) jasotakoarekin bat (209/2003 Errege Dekretuak erregistro eta jakinarazpen telematikoak eta, ziurtagiriak aurkeztu ordez, herritarrek egiten duten baliabide telematikoen erabilera arautzen ditu).

Inprimaki honetatik ateratzen diren datuak fitxategi automatizatu batean erregistratzen ahal dira, horien kudeaketa eta tratamendu estatistikoa hobeki egiteko asmoz.

Nahi izanez gero, datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabil daitezke legedian aitortutakoaren arabera, Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Teknikora Nagusira joz (San Domingo kalea, zk.g. 31001 Iruña).

7. Ez dagoela sartuta Nafarroako Foru Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste diru-laguntza edo laguntza bat dela kausa irekitako diru-itzulketa edo zehapen prozedura batean.

8. Badituela eskaerarekin batera aurkeztutako datu guztiak egiaztatzen dituzten jatorrizko frogagiriak, eta horiek ere aurkeztuko dituela horretarako errekerimendua egiten bazaio.

9. Onespena ematen diola komunikazioak modu telematikoan eskuratzeari, horretarako eskaeran adierazi duen posta elektronikoaren bidez.

Iragarkiaren kodea: F1715244