1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
42/2018 FORU AGINDUA, martxoaren 19koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 21eko 218/2009 Foru Agindua (haren bidez autolikidazioaren araubidea ezarri zen zenbait negozio juridikoren likidazio eta ordainketarako prozedura gisa oinordekotzen eta dohaintzen gaineko zergaren esparruan) eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abuztuaren 27ko 345/2012 Foru Agindua (haren bidez autolikidazioaren araubidea ezarri zen “mortis causa” negozio juridikoen likidazio eta ordainketarako prozedura gisa oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren esparruan, eta 650, 651, 652 eta 660 ereduak onetsi ziren) eta Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abuztuaren 28ko 103/2017 Foru Agindua (haren bidez ezarri ziren aurkezpen moduak, aitorpena egiteko betebeharra, aurkezteko epea, ordainketa modua, dokumentazioaren aurkezpena eta baldintza orokorrak eta prozedurak, 652 eredua telematikoki aurkezteko –“Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Bizi-aseguruak. Autolikidazioa”–).
Zerga batzuk aldatu eta tributu arloan beste neurri batzuk ezartzeari buruzko abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legeak aldatu egin du Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko Testu Bategina, zeina onetsi baitzen abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren zergapeko egitateetan izanen ditu ondorioak.
Ordura arte, ezkontideen arteko eskurapenek, edo bikote egonkorreko kideen artekoek eta zuzeneko odolkidetasuna duten aurrekoen edo ondorengoen artekoek, zerga horren pean egonez gero, bai “inter-vivos” bai “mortis-causa” kasuetan, 100eko 0,8ko tasa bakarra zuten. Beste ahaidetasun maila batzuetarako, tarifa proportzional batzuk aplikatzen ziren.
Horrek berekin ekarri du aitorpen ereduak bereiztea tasa 100eko 0,8 denean (651 oinordetzetan eta 661 dohaintzetan) gainerakoetatik (650 oinordetzetan eta 662 dohaintzetan).
Onetsitako aldaketarekin, 100eko 0,8ko tasa bakarra aplikatzekoa da bakar-bakarrik ezkontideen arteko edo bikote egonkor bateko kideen arteko dohaintzetan, eta tarifa progresiboak ezarri dira gainerako negozio juridikoetarako, bereizketa eginez, zuzeneko odolkidetasuna duten aurrekoen edo ondorengoen eta adoptatzaileen edo adoptatuen, eskurapenetan, “mortis-causa” eta “inter-vivos” eskurapenen artean, tarifen koadro desberdinekin.
Hori aitorpen ereduetara eramanez, eta horiek ugaritu daitezela saihesteko, komenigarritzat jo da bategitea, batetik, “mortis-causa”-oinordetzak motako eskurapenei buruzko autolikidazio ereduak eta, bestetik, “inter-vivos”-dohaintzak motako eskurapenei buruzkoak; horrek esan nahi du 650 eta 651 ereduak bategitea 651 eredu bakar batean (Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Oinordetzak. Autolikidazioa), eta 661 eta 662 ereduak bategitea 661 ereduan (Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Dohaintzak. Autolikidazioa).
Halaber, komenigarritzat jo da 652 ereduaren arauketa guztia foru agindu berean multzokatzea. Abuztuaren 27ko 345/2012 Foru Aginduaren bidez onetsi zen eredu hura, eta abuztuaren 28ko 103/2017 Foru Aginduaren bidez onetsi ziren ereduaren aurkezpen telematikoa eta hartarako gainerako baldintzak. Aldatzen da, beraz, azkeneko foru agindu hori, hartan 1. artikulu berri bat sartzeko, non jasoko baita aipatutako ereduaren onespena, eta, horrenbestez, gainerako artikuluen zenbakiak aldatu eginen dira.
Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko Testu Bateginaren 53. artikuluak (abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen) ezartzen du ezen subjektu pasiboak beharturik daudela tributu-aitorpen bat aurkeztera, non jasoko baitira aipatutako zergapeko egitateak, erregelamenduz zehaztutako edukiarekin eta egoki diren epe eta moduetan.
Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren Erregelamendua onetsi zuen urtarrilaren 26ko 16/2004 Foru Dekretuaren 50. artikuluak xedatzen du ezen tributu zorren zenbatekoa autolikidazioa eginez kalkulatzen duten subjektu pasiboek ezinbestean aurkeztu behar dutela Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak onetsitako aitorpen-likidazioaren inprimakiaren eredua.
Horregatik eta aipatutako abenduaren 16ko 16/2004 Foru Dekretuaren azken xedapenaren bigarren paragrafoko aurreikuspenarekin bat,
AGINDU DUT:
Lehenbiziko artikulua.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 21eko 218/2009 Foru Agindua aldatzea (haren bidez autolikidazioaren araubidea ezarri zen zenbait negozio juridikoren likidazio eta ordainketarako prozedura gisa oinordekotzen eta dohaintzen gaineko zergaren esparruan).
Abenduaren 21eko 218/2009 Foru Aginduaren manu hauek honako testu hau izanen dute:
Bat.–2. artikulua.
“2. artikulua. 661 eredua onestea.
661 eredua onesten da (Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Dohaintzak. Autolikidazioa), eta Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es. Eredu horrek lau ale ditu: Administrazioarentzako alea, interesadunarentzako alea, Jabetza Erregistroarentzako alea, eta banku entitatearentzako ordainketa gutunaren 772 eredua.
661 ereduko aitorpen-likidazioa erabiliko da baldin dohaintza-emailearen eta dohaintza-hartzailearen arteko eragiketak egiten badira eta horien arteko ahaidetasun-maila bada Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko Testu Bateginaren 34.1 artikuluko a) letrako 2. eta 4. apartatuetan eta c) letratik g) letretara (biak barne) ezarritakoa.”
Bi.–I eta II. eranskinak kendu egiten dira.
Bigarren artikulua.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abuztuaren 27ko 345/2012 Foru Agindua aldatzea (haren bidez autolikidazioaren araubidea ezarri zen “mortis causa” negozio juridikoen likidazio eta ordainketarako prozedura gisa oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergaren esparruan, eta 650, 651, 652 eta 660 ereduak onetsi ziren).
Ondoren aipatzen diren abuztuaren 27ko 345/2012 Foru Aginduaren manuek honako testu hau izanen dute:
Bat.–2. artikulua.
“2. artikulua. 651 eredua onestea.
651 eredua onesten da (Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Oinordetzak. Autolikidazioa), eta Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es. Eredu horrek lau ale ditu: Administrazioarentzako alea, interesadunarentzako alea, Jabetza Erregistroarentzako alea, eta banku entitatearentzako ordainketa gutunaren 772 eredua.
651 ereduko autolikidazioa erabiliko da baldin “mortis causa” eskualdaketak egiten badira kausatzailearen eta kausadunen artean eta horien arteko ahaidetasun-maila bada Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko Testu Bateginaren 34.1 artikuluko a) letrako 1. eta 3. apartatuetan eta b) letratik g) letretara (biak barne) ezarritakoa.”
Bi.–3. artikulua.
“3. artikulua. 660 eredua onestea.
660 eredua onesten da (Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Oinordetzak. Aitorpena), eta Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es. Eredu honek bi ale ditu: Administrazioarentzako alea eta interesdunarentzako alea.
Nahitaez aurkeztu beharko da 660 eredua, bai autolikidazioaren araubidea hautatzen bada, bai zergaren aitorpena egiten bada Administrazioak likidazioa egin dezan.”
Hiru.–I., II., III. eta IV. eranskinak kendu egiten dira.
Hirugarren artikulua.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abuztuaren 28ko 103/2017 Foru Agindua aldatzea (haren bidez ezarri ziren aurkezpen moduak, aitorpena egiteko betebeharra, aurkezteko epea, ordainketa modua, dokumentazioaren aurkezpena eta baldintza orokorrak eta prozedurak, 652 eredua telematikoki aurkezteko –“Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Bizi-aseguruak. Autolikidazioa”–).
Bat.–Artikulu berri bat gehitzen da, 1. artikulua, testu honekin:
“1. artikulua. 652 eredua onestea.
652 eredua onesten da (Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga. Oinordetzak. Bizi-aseguruak. Autolikidazioa), eta Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es. Eredu horrek lau ale ditu: Administrazioarentzako alea, interesdunarentzako alea, aseguru-entitatearentzako alea, eta banku entitatearentzako ordainketa gutunaren 772 eredua.”
Bi.–Artikuluei zenbakiak aldatzea.
Lehengo 1., 2., 3., 4., 5. eta 6. artikuluak 2., 3., 4., 5., 6. eta 7. artikuluak izanen dira hemendik aurrera.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta data horretatik aurrera likidaziorako aurkezten diren agiriei aplikatuko zaie, baina, 2017ko abenduaren 31 arte sortutako zerga-egitateetarako, zerga kuota kalkulatuko da Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko Testu Bateginaren 34.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), 2017ko abenduaren 31n indarrean zen idazketarekin bat.
Iruñean, 2018ko martxoaren 19an.–Ogasuneko Eta Finantza Politikako Kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.
Iragarkiaren kodea: F1805002