76. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25E/2018 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.

Nafarroako Lan Osasunaren III. Planean (2015-2020), funtsezko helburua da langileen lan osasuna hobetzea eta laneko ezbeharrak murriztea. Horretarako, enpresetako laneko ekipoen eta lantokien baldintza materialak hobetu behar dira, besteak beste.

Horregatik, helburu hori lortzeko 2018an diru-laguntzak emateko deia egiten da Nafarroan lantokiak dituzten 150 langiletik beherako enpresek inbertsioak egin ditzaten laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko.

Nafarroako Gobernuak, 2018ko otsailaren 28an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zuen diru-laguntza horiek ematea banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako 2018ko diru-laguntzen deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 250.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik sortutako konpromisoetarako, 2018ko Gastuen Aurrekontuko “Laneko Osasunaren Plana gauzatzeko inbertsioak” izeneko 810012 81500 7709 494100 partidaren kargura.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko apirilaren 4an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Diru-laguntza honen xedea langileen segurtasuna eta osasuna sustatzea da, laneko ezbeharrak murrizteko. Hartara, beharrezkoa da enpresetako laneko ekipoen eta lantokien baldintza materialak hobetzea.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Diru-laguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituzten enpresa pribatuak izaten ahalko dira onuradunak:

a) Inbertsio diruz lagungarriak eginak edo egitekoak izatea enpresak Nafarroan dituen lantokietan.

b) 150 langiletik behera izatea. Horretarako, lan unitateen (UTA) kopurua hartuko da kontuan, hau da, enpresan lan egiten duten edo haren kontura lanaldi osoan eta urte guztian ari direnen kopurua. Urte osoan lan egiten ez dutenen edo lanaldi partzialean ari direnen lana UTAren zatiki gisa kontatuko da, eta deialdia argitaratu aurreko urtea hartuko da kontuan.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso astun bat edo bi falta astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

d) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, diru-laguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena eginen du eskatzaileak eskabide-orrian. Halere, Administrazioak ahalmena izanen du jaso dituen aitorpen edo adierazpenen egiazkotasuna ikertzeko.

3. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira 2018ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte egindako ondoko inbertsioak.

Kapital finkoko inbertsioetara mugatuko dira, betiere enpresak berak erabiltzeko badira, saldu edo errentan emateko eskuratutakoak bazter utzita, eta haien behar prebentiboa enpresaren arriskuen ebaluazioan adierazten bada eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak aipatzen duen jarduera prebentiboaren plangintzan jasotzen bada.

Inbertsioak hiru motatakoak izaten ahalko dira:

1.1. Laneko ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzeko inbertsioak.

1.2. Inbertsioak lantokietan.

1.3. Lanpostuak egokitzea.

1.1. Laneko ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzeko inbertsioak:

a) Segurtasun gabeziak dituzten laneko ekipoak edo makinak erabat egokitzea uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusitako xedapenetara. Errege dekretu horretan segurtasun eta osasun xedapen gutxienekoak ezartzen dira langileek laneko ekipoak erabiltzeko.

b) Segurtasun gabeziak dituzten makinen ordez CE marka duten beste baliokide batzuk jartzea, betiere egokitzapenaren kostua makina berria eskuratzearen %40 baino handiagoa bada. Aukera horrek nahitaez makina kentzea ekarriko du.

c) Normalizatuta ez dauden obrako aldi baterako lanak egiteko aldamioak, koadro elektrikoak (obretarako multzoak (CO)) eta ertzetako aldeak babesteko behin-behineko sistemak ordeztea UNE arau zehatzak betetzen dituzten beste batzuekin. Aukera horrek ordeztutako ekipoak nahitaez kentzea ekarriko du.

d) Pertsonentzako igogailuak edo plataforma igotzaile mugikorrak (PEMP) eskuratzea, makinak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituen urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinaren 17. atalean aipaturikoak badira.

e) Laneko makinak edo ekipoak egokitu edo eskuratzea, irizpide ergonomikoak kontuan harturik, gihar-hezurretako arazoen prebentziorako. Ez dira diru-laguntzaren xedea bulegoko altzariak eta osagarriak.

f) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, osasunerako arriskutsuak diren eragile kimikoen esposizioko arriskua murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna agente kimikoekin lan egiteak dituen arriskuen kontra babesteari buruzko apirilaren 6ko 374/2001 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluaren a) eta b) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: eragile kimikoak girora irten edo hedatzea galarazten duten ekipoak erabiltzea, baita aireztapena eta erauzketa lokalizatua errazten dituztenak ere.

g) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei zarataren esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna zaratarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzko martxoaren 10eko 286/2006 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluaren a), b), c) eta e) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: ekipo zaharrak ordeztea zarata maila apalagoko beste batzuekin, lantokien eta lanpostuen antolamendua eta kontzepzioa, baita zarataren murrizte teknikoa ere.

Ez dira diru-laguntzaren xedea lan metodoen antolaketa aldaketak.

h) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei bibrazioen esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna bibrazio mekanikoen esposizioarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzko azaroaren 4ko 1311/2005 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluaren a), b), c) eta e) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako kasu hauek sartzen dira: ekipo zaharrak ordeztea bibrazio maila apalagoko beste batzuekin, ekipo lagungarriez hornitzea, hala nola bibrazioaren kontrako aulkiak edo kirtenak, lantokien eta lanpostuen antolamendua eta kontzepzioa, baita bibrazioen murrizketa teknikoa ere.

Ez dira diru-laguntzaren xedea lan metodoen antolaketa aldaketak.

i) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei eragile biologikoen esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Lanean agente biologikoen eraginpean egotearekin zerikusia duten arriskuen aurka langileak babesteari buruzko maiatzaren 12ko 664/1997 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluaren a) eta d) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: bioerreaktoreak eta III motako segurtasun biologikorako kabinak eskuratzea; erauzketa lokalizatuak edo aireztapen orokorrerako neurriak jartzea.

Ez dira diru-laguntzaren xedea lan metodoen antolaketa aldaketak eta norbera babesteko neurriak.

1.2. Inbertsioak lantokietan:

a) Lantokietan dauden arriskuen aurrean segurtasuna emateko esku-hartzeak, Lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituen apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 2.etik 8.era arteko apartatuekin eta 13.arekin bat.

Ondoko hauek ez dira diru-laguntzaren xedea: egiturazko segurtasuna, esku-eskailerak, ebakuazio bide eta irteerak, suteen kontrako babes neurriak eta instalazio elektrikoa (I. eranskinaren 1. apartatua eta 9.etik 12.era artekoak), ordena, garbiketa eta mantentze-lanak (II. eranskina), ingurumen baldintza (III. eranskina), argiteria (IV. eranskina), zerbitzu higienikoak eta atseden-lokalak (V. eranskina).

Eskala finkoak jartzea diru-laguntzaren xedea izanen da, betiere horiek erabili bitartean altueran erorikoen arriskua kontrolatuta badago ainguratze lerroaren gainean (zurruna eta malgua) erorikoen aurkako gailu lerrakorra jarriz.

b) Estalki hauskorren ordez estalki ez-hauskorrak jartzea, baldin azalera eta bolumena handitzen ez badira. Inbertsio horrek diru-laguntza jaso ahal izateko, RERAn inskribatuta dagoen enpresa batek gauzatu beharko du, amiantoa (MCA) duten estalkien kasuan.

c) Ainguratze lerroa zurrunaren gaineko erorikoen aurkako gailu lerrakorrak jartzea, UNE-EN 353-1:2014 arauaren arabera, edo ainguratze lerroa malguaren gainean, UNE-EN 353-2:2002 arauaren arabera, eskala finkoei lotuta.

Honako hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:

–Eskala finkoetan jarritako gailuak, osotasunean, 16 metrotik gorako altuera diferentziak gainditzen badituzte.

–Erorikoen aurkako sistemen gainerako osagaiak (arnesak, lotzeko elementuak eta abar).

d) Lantokietako esku-hartzeak, kanpoko bortizkeriaren (eraso fisikoak) arriskuaren aurrean, langileei segurtasuna emateko.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: alarmak eta komunikazio bizkorreko beste sistema batzuk paratzea; pantailak edo bideo-babeserako sistemak paratzea; sarrerak blokeatzea; sarrera murriztuko eremuak zedarritzea; ate-uhateak, manparak eta mostradoreak paratzea; irteera bikoitza eranstea areto, bulego eta arriskuko beste toki batzuetan; pultsadoreak eta erasoaren kontrako beste bitarteko pertsonal batzuk (izu-botoia, eta abar) paratzea; eta argiztapena hobetzea sarbide eta aparkalekuetan (eremu ilunak kentzea).

e) Lantokietako esku-hartzeak, laneko bide-segurtasunaren irizpideak kontuan harturik, ibilgailuek langileak kolpekatu edo harrapatzearen arriskua murrizteko.

Ez dira diru-laguntzaren xedea garraiobideen barnean egindako esku-hartzeak.

1.3. Lanpostuen egokitzapenak, amatasunerako arriskurik ez duten lanpostuak izateko, haurdunaldia eta edoskitze naturala babesteko irizpide prebentiboekin eginak, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 26. artikuluaren arabera.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Banakako babes ekipamenduak.

b) Mantentze-lanak ez egitearen ondoriozko jarduketak.

c) Eraso fisikoen arriskuak, arintzat eta onargarritzat (edo baliokideak) baloratu direnak, desagerrarazi, murriztu eta/edo kontrolatzeko erabiltzen diren jarduketak (eraso fisikoei buruzko 1.2.d) gastu diruz lagungarria izan ezik).

3. Inbertsio diruz lagungarritzat hartuko dira leasing kontratuaren bidez eskuratzen diren makinak edo laneko ekipoak, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik pagatzen bada eta kontratuan hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada.

4. oinarria.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarriaren %25 emanen da, BEZa kanpo, eta diru-laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz 30.000 eurotik gorakoa izanen onuradun bakoitzeko.

2. Diru-laguntza %30ekoa izanen da, aurreko ataleko muga errespetatuta, honako kasu hauetan:

a) Enpresak hartu badu emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat onestea, eskabidearekin batera aurkeztuko dena.

–Bizitza pertsonala, familiarra eta lanekoa bateratzen lagunduko duten neurriak onestea, langileen legezko ordezkaritzarekin negoziatuak, edo, halakorik ez badago, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluaren arabera gehienez ere hiru kiderekin izendatutako batzorde batekin. Zilegitasuna duten subjektuek sinatutako akta edo agiri baten bidez justifikatuko da.

–Genero berdintasunaren arloan eskuduna den entitate batek emandako aitortza edo bereizgarria eskuratzea, tratu eta aukera berdintasunaren aldeko politikak aplikatzeagatik (Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” edo Amedna-ren “Reconcilia zigilua”, eta abar). Aitortza edo bereizgarri hori aurkeztuta justifikatuko da.

b) Onuraduna lehentasunezko elkartea dela edo lehentasunezko elkarte baten barnean dagoela aitorturik dagoenean, Nekazaritzaren eta elikaduraren arloetako kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legea aplikatuz.

c) Lantokietako esku-hartzeak egiten badira 3.1.2.d) oinarriko kanpoko bortizkeriaren (eraso fisikoak) arriskuaren aurrean langileei segurtasuna emateko, laguntzen fitxan ezarritako dokumentazioa aurkeztuko dute.

d) Lantokietako esku-hartzeak egiten badira, laneko bide-segurtasunaren irizpideak kontuan harturik, ibilgailuek langileak kolpekatu edo harrapatzearen arriskua murrizteko (3.1.2.e) oinarria), laguntzen fitxan ezarritako dokumentazioa aurkeztuko dute.

3. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, gehienez ere 250.000 euro gehituz. Handitze hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta argitaratu beharko da, beste deialdi batzuetan izandako gastua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan delako.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta zer egunetan argitaratzen den, hurrengo hilabetean bukatuko da, egun berean.

2. Enpresek inbertsioak egiten hasi aurretik aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Salbuespen gisa, 2018. urtean deialdia argitaratu aurretik egiten diren inbertsioetarako, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia argitaratzen denetik hasita.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 11. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

4. Laguntzen fitxan eskuratu daitezkeen ereduen araberakoak izanen dira eskabidearekin batera (eskaneatuta, bereizita eta zein bere izenarekin identifikatuta, deialdi honetan erabilitako terminologiaren arabera; esate baterako: “justifikazio-memoria”, “aurrekontuak”, eta abar) aurkeztu behar diren agiriak. Hain zuzen ere, agiri hauek:

a) Justifikazio-memoria:

Inbertsio proiektuaren justifikazio-memoria. Bertan honako datu hauek agertu behar dira: enpresaren identifikazioa, jardueraren deskribapena, eskatutako diru-laguntza kudeatzeko erreferentziako pertsonaren izena eta harremanetarako helbidea.

Laguntzen fitxan memoriak izan beharko dituen atal beharrezkoak zehaztuko dira.

b) Inbertsio mota bakoitzerako aurkeztu beharreko berariazko dokumentazio beharrezkoa laguntzen fitxan adierazitakoa izanen da.

c) Dokumentu bat, langileen ordezkariak diru-laguntzaren xede diren prebentziozko neurriak hartzearekin ados daudela (horrela bada) egiaztatzen duena.

d) Proiektuaren kostuaren aurrekontu zehaztua (edo proformako faktura). Laneko ekipoak eskuratzen badira, aurrekontuan agertu beharko dira erosiko den objektua eta aplikatu beharreko araudia (marka, eredua, UNEa, elementu bakoitzaren mota, CE marka...).

e) Inbertsio baten gastu diruz lagungarriak (BEZa kanpo) 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, obraren exekuzioaren gastuaren kasuan, edo 12.000 euroko zenbatekoa, ekipo ondasunen horniduraren kasuan, eskatzaileak hornitzailea eragimen eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu duela frogatu beharko du, horretarako hiru eskaintza aurkeztuz eta aukeratutako eskaintza justifikatuz laguntzen fitxan eskuragarri dagoen “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakian.

Enpresak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza horiek aurkeztera, baldin eta inbertsio diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo inbertsioa diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, halakoak frogatu beharko dira aipatu inprimakian.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu. Horrenbestez, oinarri honen 4. atalean eta laguntzen fitxan eskatzen den dokumentazio bereizia eta identifikatua gehitzen ez duten eskaerak ukatu eginen dira.

6. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

Diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidean emanen dira. Hori dela-eta, oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira eskabideak eta ebaluazio horren emaitzaren araberakoa izanen da diru-laguntza.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txostena eman ondoren, Lan Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute 2018ko urriaren 31ra arte, hori barne; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, 5. oinarrian adierazitako moduan:

a) Egindako inbertsioa azaltzen duen memoria, gastua eta ordainketa frogatzen dituzten dokumentuak aipaturik.

b) Egindako gastuaren eta ordainketen frogagiriak.

c) Inbertsio mota bakoitzerako berariazko frogagiriak, laguntzen fitxan adierazten direnak.

d) Errentamendu finantzarioaren kontratu baten bidez (leasing) egindako inbertsioaren kasuan, leasing kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, eta bertan agertu behar da hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri dela, errentamendu finantzarioaren amortizazio-taula eta eragiketaren BEZ osoa ordaindu dela justifikatzen duen agiria.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako diru-laguntza.

b) Diruz lagundutako inbertsioa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Errentamendu finantzarioaren kontratu baten bidez (leasing) egindako inbertsioaren kasuan, 10.2 oinarrian adierazitako betebeharra.

d) Diru-laguntzaren xedeko ekipoak eta inbertsioak enpresaren jabetzan izatea bi urtez, gutxienez ere, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren datatik hasita.

e) Inbertsiorako jasotako laguntzari publizitatea ematea, ondoko esaldia korporazioaren webgunean sartuz, edo enpresan ikusteko moduko toki batean, gutxienez bi urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza bat jaso du, laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioen 2018ko deialdian”.

f) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

10. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, jasota geldituko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubideak dakartzan baldintzak bete dituztela, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu dutela.

Ordainketaren ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da gehienez, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

2. Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan (leasing), onuradunak enpresa errentatzaileari ordaindutakoa diru-laguntza baino txikiagoa bada, diferentzia hori ordaindu beharko dio errentatzaileari, eta diru kopuru hori errentamendu finantzarioaren kuotak aldez aurretik amortizatzeko erabiliko da.

Onuradunak ordainketa horren frogagiria eta amortizazio-taula berria aurkeztu beharko ditu laguntzak kudeatzen dituen organoaren aurrean, ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

12. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.

13. oinarria.–’’De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (http://www.nafarroa.eus).

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

Iragarkiaren kodea: F1804697