76. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

212E/2018 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko BF1 lurzatiaren xehetasun azterlanaren aldaketa, Navarra de Suelo y Vivienda SAk sustatua.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak abenduaren 15ean emandako 838E/2017 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko BF1 lurzatiaren xehetasun azterlanaren aldaketa, Navarra de Suelo y Vivienda SAk sustatua.

Ebazpen hori 2018ko 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 8koan, eta egunkarietan 2018ko urtarrilaren 16an, eta hilabeteko epea ireki zen jendaurrean egoteko eta alegazioak egiteko.

2018ko otsailaren 5ean, Iruñeko Udaleko Hirigintzako Kudeatzailetzaren txostena jaso zen, non, formazko akats batzuen berri emateaz gainera, defendatzen baita xehetasun azterlanaren testu bategina egin beharko litzatekeela. Txosten hori alegazio idazkitzat hartzen da.

Hona hemen idazkia, laburturik, eta alegazioari emandako erantzuna:

Edukia: Txosten tekniko bat da, tramitatzen ari den agiria aztertu eta ohartarazpen hauek egiten dituena.

“Dena dela, formazko akatsen bat atzeman da, agiria behin betiko onetsi baino lehen zuzendu beharko litzatekeena:

–Memorian BF-1 lurzatirako indarrean dagoen xehetasun azterlanaren aldaketa baizik ez da aipatzen, 2019an onetsi zena, eta ez lehenbiziko xehetasun azterlana, indarrean segitzen duena, bigarrenarekin kontraesanetan jartzen ez den guztian.

–Barneko sestren aldaketak lurzati osoan du eragina, baita BF-1.1 eta BF-1.2 azpilurzatietan ere.

–Planoetan, BF-1.1 eta BF-1.2 azpilurzatietako erabilera pribatuko espazioen lerrokadura ere aldatu da, baina memorian ez da horri buruzko ezer jaso.

–Horren ondorioz, erakinen atzeko espaloia estuagoa geldituko da, eta hori urbanizazio proiektuan aztertu beharko litzateke. Aldaketa hori erabilera-planoan ere jaso beharko litzateke, argi utziz zein diren erabilera publikoko lurzoruak eta zein erabilera pribatukoak.

Lurzatiari aplikatu beharreko araudia sinplifikatzearren, egokia litzateke xehetasun azterlanaren testu bategina egitea, egin diren aldaketa guztiak eta aplikatu beharreko arau guztiak jasotzen dituena. Horrela, baliorik gabe geldituko lirateke BF-1 lurzatirako egin diren aurreko xehetasun azterlan guztiak.”

Erantzuna: 2018ko martxoaren 8an, sustatzaileak xehetasun azterlanaren aldaketaren testu bategina aurkeztu du, alegazioari erantzun egokia ematen diona.

Proposamena: Alegazioa baietsi da.

Ezarritako epean, ez da beste alegaziorik aurkeztu.

Hasiera batez onetsi zenetik, adierazitako aldaketak baino ez zaizkio egin agiriari. Hirigintza-antolamendu xehatuko determinazioak baizik ez ditu jasotzen, xehetasun azterlan baten xede eta eskumen direnak. Bat dator Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren xedapenekin, baita Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialean biltzen diren determinazioekin ere.

Xehetasun azterketaren aldaketa tramitatu eta onestea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1.d) artikuluarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak espedientea azterturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko BF1 lurzatiaren xehetasun azterlanaren aldaketari buruz aurkeztutako alegazioa baiestea eta tramiterako onestea; ebazpen honen azalpen zatian adierazi bezala ebatzi da.

2. Behin betiko onestea Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko BF1 lurzatiaren xehetasun azterlanaren aldaketa, Navarra de Suelo y Vivienda SAk sustatua.

3. Ebazpen hau eta onetsitako agiria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta espedientearen sustatzaileari, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren eremuak ukitutako lau udalei, Iruñeko Udaleko Hirigintzako Kudeatzailetzari, AR-1 banaketa-eremuko Konpentsazio Batzordeari eta Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Aditzera ematea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen epe horiek.

Iruñean, 2018ko apirilaren 4an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko BF-1 lurzatiaren xehetasun azterlanaren aldaketa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1804602