76. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

IRAGARKIA Nafarroako Gobernuak Nafarroako sektore eolikoa Indian sustatze aldera, Chennain antolatutako jardunaldietan parte hartzeko eskaera egiteko epea irekitzeari buruzkoa.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako hirugarren Nazioarteko Plana prestatu du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nazioartekotze Planaren barnean, India da energia berriztagarrien sektorearen ahalegina fokalizatzea merezi duten lehentasunezko herrialdeetako bat.

India bete-betean sartua dago eraldaketa energetikoko proiektu handinahi batean, eta bere erronken artean dago, besteak beste, 2030. urterako lurraldearen ekoizpen energetikoaren %40 energia berdeetatik eskuratzea.

2017ko ekitaldian zehar gaitasuna handitzeko abiadura moteldu ondotik, Indiako Gobernuak asmoa du 2018an eta 2019an energia eolikoko 10 gigawatt enkantean ateratzeko urte bakoitzean, xedea izanik 2022ko martxorako instalatutako gaitasun osoa 60 gigawatt-ekoa izatea. Dagoeneko 2 gigawatt adjudikatu dira 2018ko apirilean.

Aurreikuspen hauen arabera, Indiako merkatu eolikoa aukera bat izan daiteke sektoreko enpresa nafarrentzat, haize-sorgailuen balizko hornitzaileak izan litezkeen aldetik. Hori horrela izanik, lehentasunezko merkatuen ardatzen barnean eta Nazioartekotze Plana nazioartekotzen laguntzeko, Nafarroako Gobernuak sektore eolikoko balio-kateko Nafarroako enpresak gonbidatzen ditu Chennain eta IWTMArekin batera (Indian Wind Turbine Manufacturers Association) heldu den ekainaren 12an antolatu dituen jardunaldietan parte hartzera. Chennai Tamil Naduko estatuko hiriburua da eta Indiako industria eolikoaren %50 biltzen du. IWTMA delakoa Indiako bi talde sektorialetako bat da, energia eolikoaren hazkunde iraunkorra sustatu eta bultzatzeko eratua. Elkarteak 18 kide ditu, jatorrizko ekipoen eta osagaien fabrikatzaileak egonda horien artean, eta sektorearen %90 baino gehiago ordezkatzen du.

Hona ekintzaren xedea: Nafarroako sektore eolikoa sustatzea, Nafarroako eta Indiako sektore eolikoko enpresen arteko merkataritza topaketak erraztuz, lehendabizikoen nazioartekotzea sustatzeko, esportazioen edo ezarpenen bidez.

Ekintzaren edukia:

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:

–Ekitaldiaren inaugurazioa, izaera instituzionala duten ponentziekin eta sektorearen aurkezpenarekin.

–B2B meeting-ak: Indiako eta Nafarroako enpresen arteko banakako enpresa topaketak.

–Ponentzia teknikoak.

–Otamena eta Networking-a.

Bidaiak, otorduak, barneko joan-etorriak edo bestelako gastuak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

Enpresa parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak:

Ekintza honetan parte hartzen duten enpresek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira:

–Zentro teknologikoak edo sektore eolikoko balio-kateko faseren bateko enpresak izatea.

–Nafarroan egoitza edo helbide soziala izatea eta bertan garapen eta/edo ekoizpen lanak gauzatzea.

Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogei egun naturaleko epean. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Gehienez parte har dezaketen enpresen kopurua:

Jardunaldian 20 enpresak parte har dezakete, gehienez. Parte-hartzaileak eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira, gehieneko kopurura heldu arte.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskaera onartu dela jakinaraziko die inskripzio-fitxan adierazitako helbide elektronikora mezua bidalita, eta ekintzarako prestatzeko bilera baterako dei eginen die.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

–Enpresaren datuak ematea, ekintzan parte hartzeko eskaeran ageri direnak.

–Misio komertziala egiten denetik hasita eta 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2018ko apirilaren 13an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F1805091