76. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1653/2018 EBAZPENA, martxoaren 13koa, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emana, salbuespenezko gaikuntza eta behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedurak onesten dituena Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuetako gerokultoreen, zaintzaileen eta etxez etxeko laguntzako laguntzaileen eta laguntzaile pertsonalen lanbide kategorietarako.

Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak 34. artikuluan ezarritakoarekin bat, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluari dagokio zentroak, zerbitzuak eta entitateak egiaztatzeko irizpide komunak ezartzeko eskumena, deusetan galarazi gabe autonomia erkidego bakoitzak eta Estatuko Administrazio Orokorrak dituen eskumenak.

Horrenbestez, Lurralde Kontseilu horrek, 2015eko urriaren 7an egindako blikuran, erabaki zuen Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuak egiaztatzeari buruzko 2008ko azaroaren 27ko Erabakia partez aldatzea.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak uztailaren 6an emandako 4223/2016 Ebazpenaren bidez, salbuespenezko gaikuntza prozedura bat onetsi zen Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuetako gerokultoreen, zaintzaileen eta etxez etxeko laguntzako laguntzaileen kategorietarako.

2015eko urriaren 7ko Erabaki hori onetsi zenetik aurrerapausoak eman dira profesionalak egiaztatzeko prozeduran, baina, Administrazioek ahalegin handia egin badute ere, ezin izan da lortu profesional guztien kualifikazioa 2017ko abenduaren 31rako.

Horregatik, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko asmoz, 2017ko urriaren 19ko Erabakiaren bidez partez aldatu zen Pertsonen Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluaren 2008ko azaroaren 27ko Erabakia, eta indarrik gabe utzi zen hura aldatzen duen 2015eko urriaren 7ko Erabakia. Hala, salbuespenezko gaikuntza lortzeko prozedura bat ezarri zen lan esperientzia frogatua duten pertsonentzat, eta, orobat, behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedura bat, lan egin badute ere, esperientziaren betebeharra betetzen ez dutenentzat, baldin eta hitz ematen badute autonomia erkidegoek edo estatuek ebaluatzeko eta lana egiaztatzeko antolatzen dituzten prozesuetan parte hartuko dutela edo kasuan kasuko profesional-ziurtagiriei edo lanbide heziketako tituluei lotutako prestakuntza eginen dutela.

Horrenbestez, Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluak 2017ko urriaren 19ko Erabakian ezarritakoarekin bat, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 172/2015 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuetako gerokultoreen, zaintzaileen eta etxez etxeko laguntzako laguntzaileen eta laguntzaile pertsonalen lanbide kategorietarako salbuespenezko gaikuntza eta behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedurak onestea, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Estatu Idazkaritzaren 2017ko abenduaren 11ko Ebazpenean aurreikusitako moduan; ebazpen horren bidez Gizarte Zerbitzuen eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemaren Lurralde Kontseiluak 2008ko azaroaren 27an hartutako Erabakia argitaratu zen, hots, egiaztapen irizpide komunak ezarri zituena Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuen kalitatea bermatzeko.

Bigarrena.–Salbuespenezko gaikuntza. Eskatzaileak eta betebeharrak.

Zaintzaileen, gerokultoreen, etxez etxeko laguntzako laguntzaileen edo laguntzaile pertsonalen lanbide kategoriarako salbuespenezko gaikuntza eskatzen ahalko dute, 2017ko abenduaren 31rako, honako betebehar hauek egiaztatzen dituzten pertsonek:

–Hiru urteko lan esperientzia izatea eta gutxienez 2.000 ordu lan egin izana azken hamabi urteotan kasuan kasuko lanbide kategorian.

–Eskatutako gutxieneko lan esperientzia horretara iritsi gabe ere, azken 12 urteotan lanbide horretan lan egin dutenak, baldin eta egiaztatu nahi diren lanbide gaitasunei lotutako prestakuntza jaso badute, 300 ordukoa edo gehiagokoa.

Hirugarrena.–Behin-behineko gaikuntza. Eskatzaileak eta betebeharrak.

Zaintzaileen, gerokultoreen, etxez etxeko laguntzako laguntzaileen edo laguntzaile pertsonalen lanbide kategoriarako behin-behineko gaikuntza eskatzen ahalko dute, 2017ko abenduaren 31rako, honako betebehar hauek egiaztatzen dituzten pertsonek:

–Data hori baino lehen lan egin dutenak salbuespenezko gaikuntza lortzeko behar den esperientzia guztia bildu gabe.

–Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez hitz ematen dutenak parte hartuko dutela autonomia erkidegoek edo estatuak lan esperientzia egiaztatzeko eta ebaluatzeko antolatzen dituzten prozesuetan, edo kasuan kasuko profesional-ziurtagiriei edo lanbide heziketako tituluei lotutako prestakuntza eginen dutela 2018ko urtarrilaren 1etik eta 2022ko abenduaren 31ra bitarte.

Laugarrena.–Gaikuntza eskatzeko prozedura.

Salbuespenezko eta behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedurak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak tramitatu eta ebatziko ditu baldin eta eskatzaileak lan egin duen azken enpresa Nafarroan errotuta baldin badago.

Gaikuntza prozedurak interesdunak eskatuta hasiko dira. Horretarako, eskabide bat aurkeztu beharko dute Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari zuzendua.

Eskabide hori helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa izanen da:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7473/Acreditacion-de-la-cualificacion-profesional-para-trabajar-en-el-area-de-atencion-a-la-Dependencia

Eskabidea, eskatzen diren betebeharren ziurtagiriekin batera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Erregistroan aurkeztuko da (González Tablas kaleko 7an, 31005 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Bosgarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Salbuespenezko gaikuntza.

a.–Nortasun Agiri Nazionala edo agiri baliokidea, eskatzailea identifikatu ahal izateko.

b.–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatutako lan bizitzaren txostena.

c.–Lan egin duen enpresak edo enplegatzaileak luzatutako ziurtagiria, non adieraziko baitira lan egindako aldiak, lanaldi mota, zein lanbide kategoriatan aritu den eta esleitutako eginkizunak.

d.–Prestakuntza eman duen entitateak luzatutako prestakuntza ziurtagiria, honako hauek adieraziko dituena: prestakuntza-ekintzaren edukia edo emandako arloak, prestakuntza orduak eta egin zeneko data; orobat, adierazi beharko da, modu formalean, eskatzaileak prestakuntza-ekintza gainditu edo ebaluazio positiboa jaso duela edo probetxuz bukatu duela.

b) Behin-behineko gaikuntza.

a.–Nortasun Agiri Nazionala edo agiri baliokidea, eskatzailea identifikatu ahal izateko.

b.–Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatutako lan bizitzaren txostena.

c.–Lan egin duen enpresak edo enplegatzaileak luzatutako ziurtagiria, non adieraziko baitira lan egindako aldiak, lanaldi mota, zein lanbide kategoriatan aritu den eta esleitutako eginkizunak.

d.–Konpromiso idazki bat adierazteko parte hartuko duela lan esperientzia egiaztatzeko eta ebaluatzeko autonomia erkidegoek edo estatuak antolatzen dituzten prozesuetan, edo kasuan kasuko profesional-ziurtagiriei edo lanbide heziketako tituluei lotutako prestakuntza eginen duela.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa kaltetu gabe, eskabidearen eredu ofizialari erantsita, eskatzaileak organo kudeatzaileari ematen dion berariazko baimena aurkeztuko da, zeinaren bidez organo horrek nortasun datuak eta lan bizitzari buruzkoak egiaztatzen ahalko baititu Gizarte Segurantzaren datu sistemetan eta nortasun datuak egiaztatzeko sistemetan sartuz.

Seigarrena.–Akatsak konpontzea.

Eskaerak betetzen ez baditu tramitaziorako aipatu diren baldintzak, edo eskatutako dokumentazioa erantsirik ez badu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerrak zuzentzeko edo eskatutako agiriak aurkezteko; adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, ulertuko dela prozeduran atzera egiten duela, behar den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak ezarritako moduan.

Zazpigarrena.–Prozeduraren bukaera.

a) Salbuespenezko gaikuntza.

Salbuespenezko gaikuntza lortzeko prozedura bukatuko da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak lanbide gaikuntzaren ziurtagiri bat emanez; bestela, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du eskaera ezesteko. Ziurtagiria edo, hala badagokio, gaikuntza ezesteko ebazpena eman beharko da eskaera Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren erregistroan sartu eta gehienez ere hilabeteko epean.

Aipatutako epe horretan ziurtagiririk ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Salbuespenezko gaikuntzari buruzko ziurtagiriek Estatuko lurralde osoan izanen dute balioa.

b) Behin-behineko gaikuntza.

Behin-behineko gaikuntza lortzeko prozedura bukatuko da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak lanbide gaikuntzaren behin-behineko ziurtagiri bat emanez; bestela, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du eskaera ezesteko. Ziurtagiria edo, hala badagokio, gaikuntza ezesteko ebazpena eman beharko da eskaera Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren erregistroan sartu eta gehienez ere hilabeteko epean.

Aipatutako epe horretan ziurtagiririk ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Behin-behineko gaikuntzaren ziurtagiriek Estatuko lurralde osoan izanen dute balioa, 2022ko abenduaren 31ra arte.

Lan esperientzia egiaztatzeko eta ebaluatzeko prozesuetan parte hartu ezean, edo profesionaltasun ziurtagiriei edo lanbide heziketako tituluei lotutako prestakuntza egiten ez bada ezarritako epean, behin-behineko gaikuntzak indarra galduko du.

Zortzigarrena.–Eman diren salbuespenezko gaikuntzak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak, Lurralde Kontseiluaren 2015eko urriaren 7ko Erabakian ezarritakoari jarraikiz eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailearen uztailaren 6ko 4223/2016 Ebazpenean araututako prozedurarekin bat, eman dituen salbuespenezko gaikuntzek Estatuko lurralde osoan izanen dute balioa, eta ez da beharrezkoa izanen beste salbuespenezko gaikuntza bat tramitatzea.

Bederatzigarrena.–Behin-behineko gaikuntzen komunikazioa.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak behin-behineko gaikuntza eskatu duten pertsona guztien zerrenda prestatuko du, bakoitzaren izena, IFZ eta lanbide kategoria adierazita.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak hiru hilean behin igorriko dio Imsersori behin-behineko gaikuntza eskatzen duten pertsona guztien zerrenda, profesionaltasun-ziurtagiria duten langileen ziurtagiriak jasotzeko behar diren jarduketak koordinatu eta sustatzearren administrazio eskudunen aurrean.

Xedapen iragankorra.–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zaintzaileen aldi baterako kontratazioa.

Zaintzaile lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda onesten duen Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 4ko 14/2016 Ebazpenaren bidez onetsitako zerrendak indarrean segitzen duen bitartean, hauxe izanen da San José zentrorako zaintzaileak aldi baterako kontratatzeko zerrendetako lehentasun ordena:

Lehenik, kontratazio zerrendan egonik, egiaztatzen dutenak badutela instituzio sozialetan mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa emateko zaintzaileen lanbide kualifikazioa, edo lanbide kategoria horretako gaikuntza dutenak.

Bigarrenik, kontratazio zerrendan egonik, lanbide kualifikazio hori lortzeko prestakuntza prozesu batean edo esperientzia bidez egiaztatzeko prozesu batean parte hartzen ari direnak (salbuespenezko edo behin-behineko gaikuntza).

Horrelako kasuetan, kontratatzeko orduan duten lehentasuna erabili ahal izateko, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Langileria Atalari jakinarazi beharko diote prestakuntza edo gaikuntza prozesu horietan sartuta daudela.

Hirugarrenik, kontratazio zerrendan egonik, instituzio sozialetan mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa emateko sektorean aritu diren izangaiak.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe uzten da Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak uztailaren 6an emandako 4223/2016 Ebazpena, zeinaren bidez salbuespenezko gaikuntza prozedura bat onetsi baitzen Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuetako gerokultoreen, zaintzaileen eta etxez etxeko laguntzako laguntzaileen kategorietarako.

Azken xedapena.–Ondorioak sortzeko data.

Ebazpen honen edukiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik sortuko ditu ondorioak.

Iruñean, 2018ko martxoaren 13an.–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea, Inés Francés Román.

Iragarkiaren kodea: F1803867