76. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

97/2018 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako, lurraldearen zaintzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako laguntzen 2018ko deialdiak.

Ingurumen hezkuntza, sentsibilizazioa eta boluntariotza norbanakoen eta taldeen ardurakidetza garatzeko tresnak dira, ingurumenaren egoerari eta bilakaerari dagokienez, eta jarreren, balioen eta jokabideen aldaketa sustatzen dute jasangarritasunerantz aurrera egiteko. Lurraldearen zaintzak herritarrak eta elkarteak inplikatzen ditu balio naturalak, kulturalak eta paisaiarenak lurraldean kontserbatu eta babesteko. Zientzia herritarra da jendeak oro har (bai zientzia ikasketak dituztenak, bai horrelakorik ez dutenak) bere borondatez parte hartzea antolatutako jarduera zientifikoetan, eta honako hauek dakartza berekin: galderak egitea eta datuak jaso eta interpretatzea eta jendeak oro har ikerketa zientifikoko jardueretan konpromisoa hartzea. Hori gauzatzen da herritarrek zientzian aktiboki parte hartzen dutenean ahalegin intelektuala eginez edo jakintzari euskarria emanez beren tresna edo baliabideekin, betiere biodibertsitatea eta haren kontserbazioa aztertzeari lotuta.

Nafarroako Gobernuak ingurumen hezkuntzaren tratamendua zeharka indartu nahi du maila guztietan, eta ingurumen arloko boluntariotza eta lurraldearen zaintzaren eta zientzia herritarraren arloetako ekimenak babestu. Helburu nagusia da herritarren sentsibilizazioa eta ezagutza handitzea ingurumen arloan, eta balioak eta trebetasunak berenganatzea, ingurumen arloko arazoen konponketan parte hartzeko gai izan daitezen banaka zein taldeka.

Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legearen 4.bis artikuluaren arabera, deialdia Nafarroako Ingurumen Kontseiluari igorri zaio, horren berri izan dezan eta 2018/03/16ko bileran onets dezan.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako, lurraldearen zaintzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako diru-laguntzen 2018ko ekitaldiko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen eranskinetan jasotzen direnak, onestea.

3. 138.753,74 euroko gastua egiteko baimena ematea, ebazpen honetatik sortutako konpromisoetarako, 2018ko Gastuen Aurrekontuko “PFEZaren %0,7ko Funtsa. Ingurumen hezkuntza, boluntariotza, lurraldearen zaintza eta zientzia herritarra” izeneko 740007 74700 4809 456200 partidaren kargura, ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako, lurraldearen zaintzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako diru-laguntzen deialdiari dagokionez.

Gastuaren banaketa honako hau izanen da proiektu motaren arabera:

• 60.000 euro ingurumen hezkuntzako proiektuetarako.

• 22.753,74 euro ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako.

• 28.000 euro lurraldearen zaintzako proiektuetarako.

• 28.000 euro zientzia herritarreko proiektuetarako.

Diru-laguntza ematen den unean multzoetako batean ez bada amaitzen zehaztutako zenbatekoa, beste proiektu motetan gastua ematea baimenduko da hurrengo ordenari jarraikiz:

–Ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioa.

–Ingurumen arloko boluntariotza.

–Zientzia herritarra.

–Lurraldearen zaintza.

4. Deialdi hauek Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera bidaltzea, Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek hilabeteko epean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko apirilaren 4an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINAK

Oinarri arautzaileak, ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako, lurraldearen zaintzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako laguntzen 2018ko deialdienak

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaile orokorrak

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako elkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek ingurumena hobetzeko asmoz garatzen dituzten proiektuetarako laguntza ekonomikoak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea, Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legean ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitatean mota hauetako bateko proiektuetako jarduketen ondoriozko gastuak ordaintzeko:

–Ingurumen hezkuntza.

–Ingurumen arloko boluntariotza.

–Lurraldearen zaintza.

–Zientzia herritarra.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Diru-laguntzaren xede dira ondoko jarduketa esparruetako batean kokatzen diren eta enpresa onuradunek koordinatzen dituzten ekintzak biltzen dituzten proiektuak:

1.–Nafarroako ingurune naturalari, paisaia mantendu eta leheneratzeari eta biodibertsitatearen kontserbazioari lotutako proiektuak.

2.–Natura 2000 Sarea, Naturagune Babestuen Sarea edo interes berezikotzat jotzen diren beste naturagune berezi batzuk (adibidez, Nafarroako Explora sarea), baita aurrekoak ere, eta baliabideak (bidezidorrak, ekipamenduak...) mantentzen laguntzea.

3.–Ekonomia zirkularra, kontsumo arduratsua, hondakinen kudeaketa eta klima-aldaketaren eta ingurumenaren kutsaduraren aurkako borroka indartu, sentsibilizatu eta sustatzea xede duten ekintzak.

4.–Uraren arrazoizko erabilera; energiaren arrazoizko erabilera; ingurune naturalaren kontserbazioarekin bateragarriak diren baliabide naturalen erabilerak eta aprobetxamenduak; eta abar.

5.–Hiri ingurumena: hiriko ingurumen kalitatearen hobekuntza, hiriko eta hiriaren inguruko berdeguneetako ekintzak, hiri jasangarritasunaren sustapena (mugikortasuna, hondakinak, energia, kontsumoa eta esku hartzeko beste edozein eremu), ikerketa lanetarako laguntza, herrietako eta hirietako eraikuntza material tradizionalak.

6.–Ingurumen iraunkortasuna bultzatzen duten proiektuak.

7.–Ikerketa, hezkuntza eta dibulgazioari laguntzeko ingurumen datuak biltzen laguntzea.

8.–Aurrekoetako bat lortzeko zaintza akordioak.

9.–Ikerketa eta dibulgazioa babesteko edo horiei laguntzeko ingurumen datuak biltzen laguntzea (zientzia herritarra).

Jarduketak jende ororentzat edo kolektibo zehatz batzuentzat izanen dira. Nolanahi ere, jarduera pertsona guztiei zabaltzen zaiela bermatu behar da.

Entitate eskatzaileek proiektuaren koordinatzaile teknikoa izendatu beharko dute, proiektua diseinatu, gauzatu eta ebaluatzearen arduraduna izan dadin.

Jarduketa diruz lagungarriak egin behar dira 2018ko urtarrilaren 1etik azaroaren 20ra bitartean (egun horiek barne), Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Jarduera garatzen laguntzen duten gastuak diruz lagungarriak izanen dira, eta, bereziki, hauek:

–Material grafikoen argitalpena, euskarri fisikoan edo elektronikoan.

–Ikastaroetan eta prestakuntzako eta sentsibilizazioko beste jarduera batzuetan, txostengileen, hizlarien, irakasleen eta boluntarioen hezitzaileen kontratazioa, ostatua, mantenua eta garraioa, baita jarduera gauzatzeko eta boluntarioak leku batetik bestera eramateko behar diren monitoreena edo pertsonena ere.

–Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetako boluntarioen mantenu gastuak. Gehienez 5 eurokoa izanen da boluntario eta ekintzako, eta aurkeztutako aurrekontu osoaren %10 (200 euro).

–Jarduera gauzatzeko behar den material suntsikorra eskuratzea.

–Ekintza gauzatzeko behar diren instalazioak edo materiala alokatzea, esaterako hitzaldi aretoa, proiektagailuak, tresnak, etab.

–Proiektuari lotutako informazioaren, gizartearen parte-hartzearen eta publizitatearen ondoriozko gastuak.

–Entitateak istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatua badu boluntariotzako eta zientzia herritarreko jardueretarako, aseguru horren gastuak aukeratzen ahalko dira, hartzen baditu boluntarioak eta monitoreak nahiz proiektuan parte hartzen duten hirugarrenak, baleude.

–Lurraldearen zaintza prozesurako adituen eta erraztaileen kontratazioa.

–Proiektuarekin lotutako beste gastu batzuk, baldin Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak onartzen baditu.

–Entitate onuradunaren ohiko edo egiturazko funtzionamendu gastuak (Nafarroako egoitzako alokairua, argia, ura, telefonoa, langileak...). Gehienez aurkeztutako aurrekontu osoaren %7 izanen da.

Gastu hauek deialditik kanpo gelditzen dira:

a) Inbertsioak.

b) Diru-laguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

c) Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.

d) Lurraldearen zaintzako proiektuetan, ez dira diruz lagungarriak izanen kontserbazio edo leheneratze proiektuak edo jarduketak, neurri zuzentzaile edo konpentsatzaile gisa ezarri den edozein motatako obra edo proiektu gauzatzetik sortuak badira.

e) Beharrezkoak ez direnak edo behar ez bezala justifikatzen direnak. Beharrezkoak ez diren edo behar ez bezala justifikatzen diren gastuak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat ez datozenak, behar-beharrezkoak ez direnak eta agindu honek ezarritako epean egiten ez direnak.

Gastu diruz lagungarrien erosketa-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa, ezta neurrigabea ere, ekonomiaren eta “kostua-eraginkortasuna” erlazioaren printzipioen arabera.

3. Entitateak aurkeztutako eta onartutako gastu guztien portzentaje bat lagunduko da diruz, eta proiektu bakoitzeko gehieneko zenbateko bat emanen da hurrengo taulako proiektu moten arabera:

ZENBATEKOA,
GUZTIRA

GEHIENEKO
DIRU-LAGUNTZA ESKAERAKO

DIRU-LAGUNTZAREN GEHIENEKO %

GUZTIRA

138.753,74

Ingurumen hezkuntza

60.000,00

5.000

%80

Ingurumen arloko boluntariotza

22.753,74

2.000

%100

Lurraldearen zaintza

28.000,00

7.000

%90

Zientzia herritarra

28.000,00

7.000

%90

Lehentasun hurrenkera ezartzeko, 5. oinarrian ezarritako puntuazio-baremoa hartuko da kontuan.

Mota bakoitzean proiektu bat baino ez da onartuko onuradun bakoitzeko, baina entitate batek proiektuak aurkezten ahalko ditu mota batean baino gehiagotan, ingurumen arloko boluntariotzako ekintzetarako izan ezik; izan ere, arlo horretan entitate berak hainbat proiektu aurkezten ahalko ditu, proiektu mota horretarako entitate bakoitzeko eman beharreko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekora heldu arte. Entitate batek mota berean proiektu bat baino gehiago aurkezten baditu, aurrena erregistratu den eskaera onartuko da bakarrik, salbu berariaz uko egiten badio eskaera horri.

Diru-laguntza ematen den unean multzoetako batean ez bada amaitzen zehaztutako zenbatekoa, beste proiektu motetan gastua ematea baimenduko da hurrengo ordenari jarraikiz:

–Ingurumen hezkuntza.

–Ingurumen arloko boluntariotza.

–Zientzia herritarra.

–Lurraldearen zaintza.

Nolanahi ere, diru-laguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta behar den adinako kreditua aurrekontuetan, eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Deialdi honetako laguntzen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako elkarteak eta gobernuz kanpoko erakundeak, ingurumena hobetzeko asmoz lan egiten dutenak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legean ezarritakoaren arabera, baldin eta 2.1 oinarrian azaldutako jarduketak biltzen dituen ingurumen hezkuntzako proiektu bat, ingurumen arloko boluntariotzako proiektu bat, lurraldearen zaintzako proiektu bat edo zientzia herritarreko proiektu bat aurkezten badute.

2. Laguntzen onuradun izateko, entitateak jardunekoak izanen dira, eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek egoki den erregistro publikoan izena emanik egon behar dute.

3. Onuraduna izateko, eskatzaileek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

4. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalera zuzenduko dira, edo departamentu horretako Erregistroan (González Tablas kalea, 9, Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aipatzen diren tokietatik edozeinetan aurkeztuko dira.

Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari (helbidea: eduamb@navarra.es) mezu elektroniko bat igorriko zaio, eta bertan, proiektua aurkeztu dela jakinarazteaz gain, honako datu hauek jasoko dira: proiektua aurkeztu duen entitatearen izena, proiektuaren titulua, erregistro-eguna, eta eskaeraren erregistro-zenbakia.

2. Erantsi den ereduaren araberakoa (VI. eranskina) izanen da aurkeztutako proiektu bakoitzerako eskaera, eta honako dokumentu hauekin batera aurkeztuko da:

a. Proiektuaren edukia azaltzen duen memoria, gutxienez atal hauekin:

1.–Proiektuaren izena.

2.–Egin beharreko jarduera bakoitzaren jardueren eta ekintzen azalpena.

3.–Proiektuaren helburua.

4.–Ekimenaren interesa eta ingurumen arloko onura justifikatzea.

5.–Baliabide materialak.

6.–Proiektua edo jarduera garatzeko ardura duten langileak, adierazita ingurumen hezkuntzan duten prestakuntza eta esperientzia.

7.–Parte hartzen duten entitateak, bakoitzaren ekarpena deskribatuta.

8.–Xedeko publikoa.

9.–Jarduketaren datak.

10.–Proiektuaren aurrekontu orokorra eta ekintza bakoitzaren aurrekontua, BEZa adierazita.

11.–5.2 oinarrian ezarritako balorazio irizpideak frogatzeko behar diren agiriak.

b. 3.2 oinarrian eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

c. Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen direla dioena, 7. eranskineko ereduaren araberakoa.

d. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik.

e. Entitatearen erantzukizunpeko adierazpena, BEZ jasanaraziaren kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten gastuak eta sortzen ez dutenak bereizirik, 9. eranskineko ereduaren araberakoa.

f. Entitatearen erantzukizunpeko adierazpena, deialdi honetan aurkeztu duen proiekturako beste laguntzaren bat eskatu duen, jaso duen edo jasoko duen esaten duena, 10. eranskineko ereduaren araberakoa.

g. Zaintza akordioa, proiektu mota horretarako eskatzen bada.

Zenbait entitateren artean egin beharreko jarduketa baterako eskatzen bada laguntza, eskabide bakarra aurkezten ahalko da, eta ordezkari bat izendatuko da, eskabidea bere izenean eginen duena. Deialdiko betebeharrak entitate guztiek beteko dituzte, baina, onuradunaren ondorioetarako, ordezkaria hartuko da kontuan.

5. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Eskaeren lehentasun hurrenkera ezartzeko, balorazio irizpide hauek eta dagozkien puntuazioak erabiliko dira ingurumen hezkuntzako proiektuak, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuak eta zientzia herritarreko proiektuak baloratzeko:

a. Aurkeztutako ekimenaren interes maila: 0 puntutik 45 puntura.

–Ingurumen arloko onura: 0 puntutik 8 puntura.

–Proiektua deialdiaren xedearekin bat etortzea: 0 puntutik 8 puntura.

–Giza baliabideen edo baliabide materialen egokitasuna: 0 puntutik 7 puntura.

–Ekimenaren izaera berritzailea: 0 puntutik 7 puntura.

–Gizartearen parte-hartzea eta inplikazioa sustatzea: 0 puntutik 8 puntura.

–Bitarteko digitalak erabiltzea, eta hondakinak murrizteko beste neurri batzuk. 0 puntutik 7 puntura.

b. Helburuak eta metodologia: 0 puntutik 15 puntura.

–Helburuen zehaztasuna: 0 puntutik 5 puntura.

–Aplikatu beharreko metodologiaren garapena eta jardueren azalpen zehatza: 0 puntutik 5 puntura.

–Jardueraren ebaluazioa, proposatutako adierazleak, gogobetetasun-inkesta... : 0 puntutik 5 puntura.

c. Ekimenaren planteamendu ekonomikoa: 0 puntutik 15 puntura.

–Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa: 0 puntutik 5 puntura.

–Kostu ekonomikoak egin beharreko lanarekin eta lortu nahi diren helburuekin duen erlazioa: 0 puntutik 5 puntura.

–Zehaztasuna eta koherentzia aurkeztutako aurrekontua xehakatzean: 0 puntutik 5 puntura.

d. Entitatearen esperientzia antzeko jarduera eta proiektuetan: 0 puntutik 10 puntura.

Azken hiru urteetan gauzatutako ekimenak baloratuko dira.

Irabazi-asmorik gabeko entitateek deialdi honetan aurkeztutako proiektuen antzekoetan duten ibilbidea frogatzeko ondorioetarako, entitateak garatu dituen edo gauzatzen ari den ingurumen jardueren edo boluntariotza arloko jardueren laburpena aurkeztu beharko da, eta Departamentuak beharrezko dokumentazio osagarria eskatzen ahalko du, egokitzat jotzen badu.

e. Generoaren perspektiba eta hizkuntzena: 0 puntutik 10 puntura.

–Generoaren perspektiba kontuan hartzea jarduera planifikatu eta gauzatzean: 0 puntutik 5 puntura.

Generoaren perspektiba gehitzea proiektua diseinatu eta gauzatzean. Proiektuaren fase bakoitzean (hau da, helburuetan, jardueretan, metodologian eta ebaluazio adierazleetan) generoaren perspektiba gehitzeko egiten diren jarduketak baloratuko dira, derrigor bete beharrekoak izan ezik.

–Ele bitan (gaztelaniaz eta euskaraz) garatzen diren proiektuak: 0 puntutik 5 puntura.

f. Xedeko publikoa: 0 puntutik 5 puntura.

–Jardueraren xedeko publikoa honako talde hauetako batekoa izatea: gazteak, 60 urtetik gorakoak edo desgaitasuna duten pertsonak.

3. Eskaeren lehentasun hurrenkera ezartzeko, balorazio irizpide hauek eta dagozkien puntuazioak erabiliko dira lurraldearen zaintzako proiektuak baloratzeko:

a) Proposatutako ekintzek ondare naturala kontserbatzen laguntzeko duten ahalmena; gehienez 45 puntu:

–Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasuna, ondare naturala eta paisaia kontserbatu, leheneratu eta hobetzeko egindako ekarpenaren ikuspegitik: gehienez 30 puntu. Honako alderdi hauek baloratuko dira: proposatutako helburuetarako ekarpenaren maila, kalitatea eta koherentzia finantzarioa.

–Jarraipen planaren kalitate teknikoa eta proiekzioa: gehienez 10 puntu.

–Komunikazio eta hedapen jardueren eragin sozialaren ahalmena: gehienez 5 puntu.

b) Jarduera egiteko lekua; gehienez 35 puntu:

–Natura 2000 Sarearen edo RENAren barneko espazioetan dauden lurrak (35 puntu).

–Aurreko epigrafeetan sartu gabeko lurrak, baina mugakideak direnak, ibai-eremukoak edo hezeguneetakoak direnak edo interes berezikotzat jotzen diren beste naturagune berezi batzuk (adibidez, Nafarroako Explora sarea); gehienez 20 puntu.

Jarduketa eremu berean hainbat kalifikazio badaude, puntuazio handienari dagokiona baloratuko da.

c) Lurraldearen zaintza akordioaren denbora-eremua: puntu 1 emanen da akordioaren iraunaldiko urte bakoitzeko; gehienez 20 puntu.

4. Eskaera bakoitzaren puntuazio osoa lortzeko, aipatutako irizpide bakoitzean lortutako puntuak batuko dira. Gutxienez 0 puntu lortuko dira, eta gehienez 100.

5. Gutxienez 40 puntu lortu beharko dira diru-laguntza jaso ahal izateko.

6. Bi eskaeraren edo gehiagoren artean berdinketarik bada, lehentasuna emanen zaio a, b, c, d, e eta f ataletan, hurrenkera horretan, puntuazio handiena lortu duen eskaerari.

7. Puntuazio handiena lortu duen proiektua izanen da abiapuntua, eta puntuazio handienetik txikienerako ordenari jarraituko zaio diru-laguntzak emateko, proiektu mota bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte. Azkeneko proiektuaren guztirako zenbatekoa sartzeko kreditu nahikorik ez badago, hark egoki den zatia jasoko du, aurrekontuko zenbatekoa agortu arte.

8. Deialdi honetako proiektu motetako batean eman gabeko krediturik badago, kreditu hori erabiliko da hurrengo taldeetarako, honako lehentasun ordena honi jarraikiz: Ingurumen hezkuntza, ingurumen arloko boluntariotza, zientzia herritarra eta lurraldearen zaintza.

9. Diru-laguntza duten ekintzak gauzatzen ez diren kasuan, onuradunak 4. oinarrian aurreikusitako edozein bitartekoren bidez haren berri emanik, laguntzak ematen dituzten ebazpenetan aldaketak egin ondoren askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontuan dirurik ez egoteagatik diru-laguntza ukatu zaien proiektuei emateko, betiere unitate kudeatzaileak uste badu hala ahalbidetzen dutela deialdiko justifikazio-epeek eta lortutako puntuazio ordenaren arabera.

6. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Eskaera hartuta, 4. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko du Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak 5. oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia da organo eskuduna, diru-laguntza nori eman ebazteko. Aurrekontuko kreditu eskasiagatik diru-laguntzarik jasotzen ez duten onuradunen zerrenda berariaz agertuko da ebazpenean, lortutako puntuazioa eta eskatutako zenbatekoa adierazita. Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Laguntzaren onuradun diren entitate pribatuek emandako diru-laguntzaren %50 aurretik ordaintzea eskatzen ahalko dute, justifikatuta aurrerakin hori behar dutela diruz lagundutako jarduera egiteko. Horretarako, entitatearen diruzaintzako egoera-orria eta ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen aurreikuspena aurkeztuko ditu diruz lagundutako jarduerari loturik, hilabeteko epean, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denetik aurrera.

7. oinarria.–Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa

1. Diru-laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, eta betiere 2018ko azaroaren 20ra arte, hori barne, onuradunek egindako gastu eta ordainketak justifikatu beharko dituzte, eta, horretarako, ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

–Egindako jardueraren memoria laburra, honako hauek gutxienez jasotzen dituena:

  • Lanen deskribapena.
  • Proiektuari emandako publizitatearen deskribapena.
  • Partaideen kopurua, sexuaren eta adinaren arabera bereizia.
  • Gogobetetasun-inkestaren emaitzak.
  • Erreportaje fotografikoa, gauzatutako ekintza osoaren une garrantzitsuak erakusten dituzten 15 argazki gutxienez biltzen dituena, edo horren bideoa, 3 minutuko gutxieneko iraupena duena.

–Diru-laguntzaren xede izanda argitaratu diren materialen artxibo informatikoak edo fisikoak.

–Erantsitako fakturen eta frogagirien zerrenda, 11. eranskineko ereduaren araberakoa.

–Egindako gastuen fakturak, jatorrizkoak edo fotokopiak izan, betiere onuradunaren izenean, eta gastu horiek egin direla frogatzen dituzten bankuko frogagiriak. 600 eurotik beherako fakturen kasuan, eskudiruzko ordainketa onartzen da, behar bezala frogatzen bada.

Aipatutako agiriak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalera zuzenduko dira, edo departamentu horretako Erregistroan (González Tablas kalea, 9, Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aipatzen diren tokietatik edozeinetan aurkeztuko dira.

Aipatutako informazioa osorik ez badago edo ez baditu baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala, eta adieraziko zaizkio hurrengo atalean aurreikusitako inguruabarrak.

2. Agiri horiek epean aurkezten ez badira, diru-laguntza galduko da.

3. Baldin frogatutako zenbatekoa txikiagoa bada diru-laguntza ematea eragin zuen aurrekontua baino, diru-laguntzaren ordainketa murriztu eginen da, araberan.

8. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

Egiaztagiriak azterturik, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak betetzen dituztela frogatzen duen memoria aurkeztuko da. Aurretik ordaintzen den aurrerakina zenbatekotik deskontatuko da.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Diruz lagundu behar diren lanak egitea, baldintza teknikoei jarraikiz eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko langileek eman ditzaketen jarraibideekin bat, eta Ingurumenari buruzko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalaren egiaztapenaren mende jartzea.

3. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza edo laguntza batzuen berri ematea organo emaileari.

4. Diru-laguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

5. Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan diru-laguntza nork eman duen adieraztea.

Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan. Diru-laguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

Sinbolo ofiziala da Nafarroako armarria eta legenda hauek: “Nafarroako Gobernua” eta “Gobierno de Navarra”. Horretaz gain, armarriaren aurretik hitz hauek agertuko dira: “Diruz laguntzen du” eta “Subvencionado por”.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak aldez aurretik baimendu beharko du Nafarroako Gobernuaren sinboloaren erabilera.

6. Onuradunek behar diren baimen guztiak izan beharko dituzte planteatutako jarduketak gauzatzeko.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasuna bete beharko dute, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak jasotzen dituztenean eta honako bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako diru-laguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako diru-laguntza entitate onuradunaren urteko negozio-zifraren edo aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako diru-laguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren diru-laguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo aurrekontu exekutatua.

b) Hala badagokio, diru-laguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

2. Diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate guztiek oinarri arautzaile hauetako 8. eranskineko gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu behar dute, adierazten den informazioarekin batera.

3. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da dokumentazio hori, eta Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari igorriko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

4. Dokumentazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

5. Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, horiek bete ezean onartutako diru-laguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11. oinarria.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen diru-laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako diru-laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste diru-laguntzaren bat jasotzen baldin badu, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalari jakinarazi beharko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko d) apartatuan xedaturikoarekin bat.

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

13. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurumenari buruzko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.

2. ERANSKINA

Ingurumen hezkuntzako proiektuetarako zehaztapenak

Ingurumen hezkuntzako proiektuak erabiliko dira, pertsonek ingurumenaren zaintza hobeki uler dezaten eta gai horretan kontzientzia handiagoa izan dezaten. Ekimenak ingurumen hezkuntzako tresna hauen bidez gauzatuko dira:

–Informazioa, komunikazioa, interpretazioa eta sentsibilizazioa: informazio, dibulgazio eta gizarte sentsibilizazioko kanpainak egitea; erakusketak, debateak, hitzaldiak eta mahai-inguruak egitea; ingurumen arloko mundu egunak ospatzea; zine edo bideo zikloak eta saioak antolatzea; argitalpenak; antzezpen artistikoak, ikus-entzunezko materiala prestatzea; eta abar.

–Gizarteak ingurumenaren kudeaketan parte hartzea: ingurumena hobetzeko ekimenak antolatu eta gauzatzea, herritar taldeen parte-hartzearekin.

–Arautu gabeko prestakuntza ingurumen arloan: prestakuntza proiektuak, ikastaroen, jardunaldien, mintegien, sinposioen eta biltzarren bidez egin daitezkeenak.

–Baliabide natural jasangarriak kudeatzeko jarduerak: ildo horretan sustatutako ekimenak, esaterako modu jasangarrian kudeatzea baliabide hidrikoak, basoko baliabideak, baliabide mikologikoak, zinegetikoak, arrainei dagozkienak, geologikoak, faunakoak eta florakoak.

–Lehentasunez baloratuko dira jarduketen arreta RENAko eta Natura 2000 Sareko espazioetan edo interes berezikotzat jotzen diren beste naturagune berezi batzuetan (adibidez, Nafarroako Explora sarea) jartzen duten proiektuak, klima-aldaketaren aurkako borrokara bideratzen direnak, ekonomia zirkularraren sustapenean eta hondakinen sorreraren prebentzioan aritzen direnak eta mendialdeko landaguneetan garatzen direnak.

3. ERANSKINA

Boluntariotzako proiektuetarako zehaztapenak

Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuak ekintza zehatzak izanen dira, jasangarritasuna sustatzeko helburua dutenak, hau da, “egungo belaunaldien beharrak asetzea etorkizuneko belaunaldien ahalmenari eragin gabe, eta, zentzu zabalean, aurrerakuntza ekonomiko eta soziala sustatzea natura ekosistemak eta ingurumen kalitatea errespetatuz”.

Deskripzio-memorian honako hauek jasoko dira:

–Boluntarioak gaitzeko modua.

–Proposatzen den prestakuntza, boluntariotzako jardueraren kalitatea hobetzea dakarrena.

–Boluntarioen ekipamendua. Oinarrizko segurtasun arauak betetzeko, ekintza hiritik kanpoko espazioetan egitekoa denean, nahitaezkoa izanen da boluntario eta monitore guztiek jantzita eramatea ikusgarritasun handiko txaleko islatzaileak, UNE-EN-471 arauaren arabera homologatuak. Txaleko horren ordez helburu bereko beste sistema bat erabiltzen ahalko da, betiere modu egokian justifikatzen bada proiektuaren proposamenean eta segurtasun bermeak mantentzen baditu proiektuaren testuingurua zein den kontuan hartuta.

Ikastaroak, mintegiak edo tailerrak egiten ahalko dira, beharrezkoa den informazioa jasotzeko zertarako eta: proiektuaren ardatza den ingurumen arloko arazoa ezagutzeko; boluntario lanerako trebakuntza jasotzeko; boluntariotzako proiektuaren gakoak aztertzeko, bereziki haren xedeak, eta boluntario lanean aritzean behar dituzten segurtasun printzipioak kontuan hartzeko, bai pertsonei bai ondasunei dagokienez.

Ingurumen arloko boluntariotzako ekintza bakoitzak 10 partaide izanen ditu gutxienez.

Ez da boluntariotzako jardueratzat jotzen dibulgazio edo informazio materialen argitalpen hutsa edo prestakuntza jarduerak egite hutsa.

Ingurumen arloko boluntariotzako jarduerak egiteko istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguruari dagokion gasturako baino ez badu laguntza eskatzen, honako dokumentu hauek aurkeztuko dira:

Eskabide-orria (6. eranskina), jardueraren honako memoria sinplifikatu honekin batera:

–Jardueraren deskribapena.

–Jarduera garatzeko egunak.

–Bertaratuak.

–Istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguruaren kopia.

–Gastuak justifikatzeko eta diru-laguntza ordaintzeko, egindako jardueraren memoria sinplifikatua, argazkiak eta gastuen justifikazioa biltzen dituena.

–Eskaera horiek 5. oinarriko irizpideen arabera baloratu, eta besteen aurretik lehenetsiko dira.

4. ERANSKINA

Lurraldearen zaintzako proiektuetarako zehaztapenak

Lurraldearen zaintzak lurren jabeen edo erabiltzaileen eta baliabide naturalen aprobetxamendu edo erabilera eskubideen titularren eta zaintza entitateen arteko borondatezko akordioa dakar. Honako hauek ezarri behar ditu: indarraldia, ondare naturala aktiboki kontserbatzeko egin beharreko jarduketak, jarraipen eta aholkularitza mekanismoak, eta laguntza teknikoa eta finantzarioa.

Zaintza akordio baten xede diren finkak jabetza pribatukoak, toki entitateen herri-lurrak, enpresen jabetzakoak edo, haien titulartasuna edozein dela ere, baliabide naturalen aprobetxamendu eskubideak dituzten lurrak izan daitezke. Zaintza entitateak bai ondare naturala kontserbatzen aritzen diren erakundeak bai auzokideen elkarteak, eragile sozialak, fundazioak eta abar dira, betiere irabazi-asmorik gabeak, eta horien helburuen artean biodibertsitatea eta geodibertsitatea kontserbatzeko jarduerak izanen dituzte.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea eta biodibertsitatearen eta geodibertsitatearen kontserbazioan jardutea xede duten diru-laguntzak emateko deialdia egitea; horretarako, laguntza ekonomikoak emanen dira aktiboki kontserbatzeko jarduerak egin daitezen, helburu horri erantzunez lurraldearen zaintza akordioetan aipatzen direnak.

Halaber, laguntza eska daiteke zaintza akordioak lortzeko partaidetzako eta biodibertsitateko adituak kontratatzeko. Azken kasu horretan, gastuen justifikazioarekin batera, zaintza akordioaren kopia aurkeztuko da.

Entitate eskatzaileak zaintza akordioko sinatzaileetako bat izan behar du.

5. ERANSKINA

Zientzia herritarreko proiektuetarako zehaztapenak

Fauna eta flora espezieak ikertzeko, horien jarraipena egiteko eta kontserbatzeko lanetan laguntzea, klima-aldaketaren, habitaten eta mehatxupeko espezieen jarraipenerako datuak lortzeko aukera egonda.

Ikerketa lanetan laguntzearen eremuan, lankidetza hori ibilbide zientifiko eta ikertzaile ospetsuko entitateekin edo pertsonekin egin behar da.

Ikerketa lanen ondoriozko datuak pertsonen eskura jarri behar dira datu-base zientifiko egokien bidez.

Lan hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

–Programa zabaltzea informazio hitzaldien bidez, parte hartzeko prest dauden boluntarioak aurkitzeko asmoz.

–Trantsektoen sarea diseinatzea boluntarioen kokapenarekin bat etorrita, habitaten ahalik eta ordezkagarritasun handiena bilatuta.

–Trantsektoak bisitatzea horiek aztertu eta beren ezaugarriak emateko.

–Boluntarioentzako prestakuntza ikastaro teoriko-praktikoa.

–Boluntarioak datuak hartzen hastea, eta horien jarraipena egitea.

–Datuak bildu eta antolatzea.

–Datuak bidezko datu-baseetara transferitzea.

–Emaitzen eta ondorioen azken txostena idaztea.

–Boluntarioek datuak hartzeko behar diren materialak.

6. ERANSKINA

Eskabide eredua.

7. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

8. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

9. ERANSKINA

Jasandako BEZaren kenkaria egiteko eskubideari buruzko adierazpena.

10. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, diru-laguntzaren eskaeraren xede den proiektuaren finantzaketari buruzkoa.

11. ERANSKINA

Aurkeztutako fakturen eta frogagirien zerrenda.

Jaitsi beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1804772