76. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

79E/2018 FORU AGINDUA, martxoaren 7koa, Osasuneko kontseilariak emana. Honen bidez, Osasuneko kontseilariak urtarrilaren 20an emandako 7/2010 Foru Agindua aldatzen da, hots, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan arrisku biologikoa duten istripuen aurkako segurtasun gailuak zehaztu eta ezartzen dituena.

Urtarrilaren 20ko 7/2010 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan arrisku biologikoa duen istripuaren aurkako segurtasun gailuak zein diren zehaztu eta haien ezarpena arautu zen.

Arau horretan, I. eranskinean ageri diren biosegurtasun gailu zenbait pixkana-pixkana ezartzeko epeak finkatzen dira. Bestetik, Biosegurtasun Talde Teknikoa sortzen da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari arlo horretako erabakiak hartzen laguntzeko eta aholku emateko.

7/2010 Foru Agindua argitaratu zenetik abiatutako prozesuan, biosegurtasun gailuak ezartzerakoan, zenbaitetan, arrazoi tekniko-asistentzialak direla-eta, ezin izan dira ezarri aipatu gailuak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuako Biosegurtasun Talde Teknikoak, egoera azterturik, 7/2010 Foru Agindua aldatzea proposatu du, arautua geldi dadin biosegurtasun gailuak ezartzerakoan salbuespenak egiteko aukera. Halakoetan, arrazoi tekniko-asistentzialengatik halakorik erabiltzerik ez dagoenean, langileak babesteko neurri alternatiboak hartuko dira indarra duen prebentzio-legeriari jarraikiz.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Urtarrilaren 20ko 7/2010 Foru Agindua aldatzea, hots, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan arrisku biologikoa duen istripuaren aurkako segurtasun gailuak zein diren zehaztu eta ezartzen dituena.

9. artikulua gehitzen zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan arrisku biologikoa duen istripuaren aurkako segurtasun gailuak sortu eta ezartzen dituen urtarrilaren 7/2010 Foru Aginduari.

“9. artikulua. Segurtasun gailuak erabiltzeko salbuespenak.

1. Arrazoi tekniko-asistentzialak direla-eta arrisku biologikoa duten istripuetarako segurtasun gailuak erabiltzerik ez dagoenetan, babes mota hori ez duten gailuak erabiltzen ahalko dira, betiere salbuespena justifikatu eta gero, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileak ebazpen bidez ezartzen duen prozedurari jarraikiz.

2. Arrisku biologikoaren kontrako segurtasunik gabeko gailuak erabiltzeko baimena dakarten lanpostuetan ari diren langileek Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak erabakitzen dituen prebentzio-neurriak bete beharko dituzte, eta, betiere, infekzioei aurrea hartzeko neurri arruntak, baldin eta odol bidez agente biologikoren bat transmititzeko arriskua duten lanetan infekziorik ez harrapatzeko.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko martxoaren 7an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1803278