76. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

12/2018 FORU DEKRETUA, martxoaren 28koa, LURSAREA Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzia izeneko unitate teknikoa sortu, eta Nafarroako Lurralde Behatokia haren barruan txertatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 2. artikuluan adierazitakoaren arabera, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari loturiko jarduera funtzio publiko bat da, lurzoruaren okupazioa eta erabilera planifikatu, antolatu, gidatu eta kontrolatzea xede duena.

Agindu horrek xedatzen du, orobat, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko jarduketa administratiboen helburua dela Nafarroan lurraldearen garapen jasangarria lortzea, horren bidez bermatuz, Konstituzioaren printzipioek hala agintzen baitute, pertsonaren garapenerako ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea, natura-baliabideen arrazoizko erabilera, etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubidea eta Nafarroaren ondare historiko, artistiko eta kulturala kontserbatu, sustatu eta aberastea, bai eta komunitatearen parte-hartzea ere ente publikoen ekimen urbanistikoak sortutako gainbalioetan.

Horrez gainera, adierazten du ezen lurraldearen inguruko jarduketa publiko guztietan printzipio hauek hartuko direla aintzat:

a) Lurraldearen gaineko jardueren garapen arrazoizkoa eta orekatua; horren bidez betiere bermatu beharko da lurraldearen aniztasuna eta osagarritasuna, eta lurzoruaren aprobetxamendurik onena ziurtatu beharko da, berriztatzen ez den natura-baliabidea den aldetik.

b) Nafarroako udalerrien garapena jasangarria eta kohesiozkoa izatea gizartearen, kulturaren, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik, azken helburua izanik nafar guztien bizi-kalitatearen baldintzak mantendu eta hobetzea.

Horrenbestez, lurralde garapen jasangarria faboratzeko eta lurralde lehiakor eta kohesionatua lortzeko, beharrezkoa litzateke toki administrazio guztien, erakundeen, enpresa publikoen, toki eragileen, toki entitateen eta abarren politikak koordinatzea, toki garapen jasangarria lortzeko ekimenak abiaraztea dinamizatuz, part-hartze prozesuen bidez eta lurralde inplikazioa bultzatuz.

Hori helburu, NASUVINSA-Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluak, 2016ko maiatzaren 31n egindako bilkuran, erabaki zuen LURSAREA-Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzia izeneko lan arlo bat txertatzea bere antolaketa-egituran. Agentzia horren helburua izanen da garapen jasangarri eta parte-hartzailea bultzatzea, enplegua sortzea, hiri eta landa eremuen arteko harremanak sustatzea eta lurralde kohesioa eta oreka lortzea, hori guztia lurralde lehiakorra, kohesionatua eta kulturaren aldetik jasangarria lortzeko asmoz, eta, aldi berean, erronka demografikoei eta despopulazioari aurre eginez.

Hortaz, Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzia izeneko jarduera arloa sortuz NASUVINSAk lortu nahi duen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean, hala toki mailan nola eskualde mailan, lurralde garapenerako dauden politikak bultzatu, koordinatu eta dinamizatzeko lana indartzea, eta, horrekin batera, lurraldearen eta jasangarritasunaren arloko eskumenak bere gain dituen Nafarroako Gobernuaren departamentuak arlo honetan dituen lan-ildo eta eskakizunei kasu egin eta erantzutea.

Gaur egun Nafarroako Lurralde Behatokia, zeina Nafarroako Gizarte Politikarako Kontseilua arautzen duen apirilaren 5eko 166/2004 Foru Dekretuaren bidez sortu baitzen, NASUVINSAri atxikita dago, unitate tekniko gisa. Figura hori Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 15. artikuluaren bidez ezarri zen.

Nafarroako Lurralde Behatokiaren eginkizun zehatzak Nafarroako Gizarte Politikarako Kontseilua arautzen duen apirilaren 5ko 166/2004 Foru Dekretuaren 11. artikuluan ezarrita daude.

Gainera, Nafarroako Gizarte Politikarako Kontseiluaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erregelamenduan, zeina Kontseiluak berak onetsi baitzuen 2006ko martxoaren 22an egindako bilkuran, zati handi bat eskaintzen zaie Nafarroako Lurralde Behatokiaren funtzionamenduari eta eginkizunei.

Hori horrela, LURSAREA Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziaren asmoa da Nafarroako Lurralde Behatokiaren eginkizunak bateratzea, eta, horrez gainera, Nafarroako lurralde garapen jasangarria lortzeko estrategia eta politika publikoak formulatu, ezarri eta kudeatzen laguntzea, Lurralde Garapen Jasangarria izeneko atalaren bidez, non arlo horri lotutako jarduketa-ildo guztiak txertatu beharko baitira poliki-poliki, konparazio batera, aldaketa klimatikoaren ingurukoak, ekonomia zirkularrari eta lurraldeari lotuak, natura-espazioei buruzkoak,...e.a. Horregatik, egoki ikusi da jarduera arlo honi unitate tekniko izaera ematea, NASUVINSA sozietate publikoari atxikitzea, eta, bere barrenean, Nafarroako Lurralde Behatokia atxikitzea.

Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko martxoaren 28an egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.–LURSAREA Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzia unitate teknikoa sortzea.

LURSAREA Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzia sortzen da, NASUVINSA sozietate publikoari atxikitako unitate tekniko gisa. LURSAREAren helburua izanen da honako hauek bultzatzea Nafarroako lurralde eremu osoan: garapen jasangarri eta parte-hartzailea, enpleguaren sorrera, hiri eta landa eremuen arteko harremanak bultzatzea, lurralde kohesioa eta oreka, toki baliabideei balioa ematea, lurralde mailako dinamizazioa, sareen bitartez parte hartu eta harremanak izatea, administrazioen arteko koordinazioa eta lurraldea sustatzea.

Bigarren artikulua.–LURSAREA Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzia unitate teknikoaren eragin eremua.

1. Deusetan galarazi gabe NASUVINSA unitate teknikoak bere helburu sozialaren barruan esleitzen ahal dizkion eginkizunak, gutxienez jarduketa-eremu hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Lurralde Behatokia: Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluari sostengua emateko unitatea da.

b) Lurralde Garapen Jasangarria: Nafarroan lurralde garapen jasangarria eta lurralde dinamizazioa lortzeko estrategia eta politika publikoak formulatu, ezarri eta kudeatzeko ardura duen arloa da.

c) Mugikortasuna, Logistika eta Garraioa: arlo horiek sustatu eta garatzeko ardura duen arloa da. Horren barrenean sartzen dira: erregioetako, estatuko eta nazioarteko sareetan parte hartzea, sektoreko adierazleak lortu eta horien jarraipena egitea eta Nafarroako Gobernuari aholkularitza teknikoa ematea arlo horretan.

d) Lurralde plangintza: lurraldea antolatzeko tresnak garatzeko ardura duen arloa da. Horretarako, Nafarroako Gobernuari aholkularitza teknikoa emanen dio, eta toki entitateei hirigintza arlokoa, lurralde eremu guztietan parte hartuz eskualdeko bulegoen bitartez.

2. Bere helburuak lortzeko, LURSAREA Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziak jarduketa hauek eginen ditu besteak beste:

a) Nafarroako Lurralde Behatokia:

a.1) Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluaren funtzionamenduari sostengua emateko unitatea.

a.2) Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluaren jarduerari lotutako kudeaketa eta kontabilitate lanak, gastuak baimentzekoak eta kontratazioaren ingurukoak.

a.3) Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluaren eginkizunei sostengua emateko, honako lan hauek egiten ahalko ditu:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde istrumentalen organoen sostengua eskatzea.

–Nafarroako Foru Komunitateko Admnistrazioak eta haren erakunde instrumentalek dituzten datuak eta informazioa kontsultatzea, alde batera utzita datu pertsonalak babesteari buruzko araudia urratzen ahal duten datuak.

–Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluak bere jarrera erakutsi baino lehen, txostenak eta irizpenak ematea Nafarroako lurralde antolamenduarekin zerikusia duten xedapen orokorrei buruz, eta, orobat, Nafarroako lurraldea zuzenean edo zeharka ukitzen ahal duten Estatuko edo Europako arauei, planei eta proiektuei buruz.

–Nafarroako Lurralde Estrategiaren etengabeko ebaluazioa egitea eta hura berritzeko proposamenak prestatzea.

–Nafarroako Lurralde Estrategia 2030 Agendaren helburuetara egokitzea eta Garapen Jasangarriaren Helburuen Departamentuarteko Batzordeari sostengu ematea.

–Lurralde eta erregio mailako garapenari eta Nafarroako jasangarritasunari buruzko adierazleak, datu baseak eta ikerketa metolodologikoak garatzea.

a.4) Politika publikoen gaineko datuak biltzea eta haien lurralde analisia, jarraipena eta ebaluazioa egitea lurraldearen ikuspuntutik eta Nafarroaren jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumen arlokoaren ikuspegitik, eta horiek guztiak jakinarazi eta zabaltzea.

a.5) Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluak esleitzen dizkion eginkizun administratibo eta teknikoak gauzatzea.

a.6) Zabalkunde eta hedapen lanak, materialak argitaratzea, jardunaldiak antolatzea.

b) Lurralde Garapen Jasangarria.

b.1) Helburu orokorrak.

–Zeharkako ekintza planak eta politikak lurralde mailan dinamizatzea, txertatzea eta sustatzea, besteak beste, Nafarroako Gobernuak sustatutako estrategiei lotuak.

–Lurralde eta ingurumen arloetako politika publikoak zeharka txertatzea, eta gogoeta egiteko politika publikoak aplikatzea.

–Nafarroako lurralde oreka eta jasangarritasunaren printzipioak sustatzea, garapen sozial eta ekonomikoa eta ingurumen garapena abiapuntu izanik.

–Ekintzailetza, ekonomia soziala eta enplegu berdea bultzatzea herrietan eta eskualdeetan.

–Ekonomia zirkularra sustatzea.

–Ezagutza-trukea bultzatzea, baita erregioetako, erregioz gaindiko eta estatuz gaindiko sareetan parte hartzea ere.

–Lurraldea ikuspegi jasangarri batetik antolatzeko proposamen eta alternatibak proposatzea eta horren gaineko analisi eta diagnostikoak egitea, diagnostikoa eta jarraipena egiteko adierazle multzo batetik lortutako informazioaren bitartez.

–Nafarroako lurralde eta erregio mailako garapenerako interesgarriak diren gaiei buruzko azterketak eta proiektu tematikoak egitea.

–Erregioetako, estatuko eta estatuz gaindiko politika sektorialen lurralde eraginari buruzko azterketak eta proposamenak egitea.

–Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko sare eta proiektu nazional eta nazioartekoetan parte hartzea.

–Inplikaturik dauden eragile sozialen eta erakundeen arteko jasangarritasun-itunak abian jartzea sustatzea.

–Nazioarteko eta Europako estrategia, jarraibide eta hitzarmenak, 2030 Agenda eta behar diren gainerako guztiak txertatzea lurralde dinamizaziorako prozesuetan, horri esker Nafarroa lurralde kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta jasangarriagoa izan dadin.

–Zabalkunde eta hedapen lanak, materialak argitaratzea, jardunaldiak antolatzea.

–Nafarroako Gobernuko enpresa publikoen eta departamentuen jarduera koordinatzea, sinergiak ahalik eta hobekien aprobetxatzeko eta estrategiak modu arin eta eraginkorrean inplementatzeko.

b.2) Lurralde dinamizazioaren arloko helburuak.

–Ekintza Lokaleko taldeekin, toki entitateekin eta enpresa publikoekin koordinatzea, baita solaskidetza, lankidetza, bistaratze, prestakuntza, zabalkunde eta sustapen lanetan aritzen diren beste kolektibo publiko batzuekin ere.

–Ekintza lokaleko taldeen eta administrazioaren arteko harremanak, koordinazioa eta sare-lana bultzatzea garapen jasangarria sutatzeko.

–Nafarroako Gobernuaren estrategiak lurraldeei helarazteko estrategiak sortzea, eta alderantzizko harremanetarakoak ere bai, lurraldeetatik abiatzen diren ekimenak Gobernura igortzeko bideak sortuz.

–Hiriko eta landa eremuetako harremanak errazteko dinamikak sortzea.

–Tokiko eta eskualdeko entitate publiko, pribatu eta sozialen arteko lankidetza bultzatzea, baita “lurralde mailako kontratuak” izeneko figura ere, toki garapena sustatzeko eta haren estrategiak definitzeko esparru eta metodo gisa.

–Proiektuak, planak eta estrategiak tramitatzeko legez eskatzen diren parte-hartze prozesuak toki eta eskualde mailan ezartzen laguntzea.

–Lurraldeen eta eskualdeen garapen jasangarrian aurrera egiteko egoki ikusten diren parte-hartze prozesuak toki eta eskualde mailan ezartzen laguntzea.

Zabalkunde eta hedapen lanak, materialak argitaratzea, jardunaldiak antolatzea.

b.3) Jasangarritasunaren arloko helburuak.

–Jasangarritasunerako ardurakidetza sustatzea.

–Sostengu teknikoa ematea jasangarritasunaren 21 Tokiko Agendak erredaktatu, eguneratu eta txertatzeko lanari, eta elkarlanean aritzea Nafarroako Toki Entitateen Jasangarritasunerako Sarearekin –Nels Sarea– eta, orobat, tokian-tokian jasangarritasuna hobetu nahi duten toki entitateekin.

–Nafarroan aldaketa klimatikoa arintzeko eta hartara egokitzeko prozesuetan inplikaturik dauden erakunde eta eragile guztiekin elkarlanean aritzea, besteak beste, prestakuntza, komunikazio eta herritarren parte-hartzerako ekintzak antolatuz.

–Produkzio eredu ekonomiko berri bateranzko trantsizioa sustatzea toki mailan, eredu jasangarriagoa eta karbono gutxiago sortuko duena helburu.

–Lurralde okupazioari dagokionez, jasangarritasun irizpideak erabiltzea, eta honako lan hauekin jarraitzea: aholkularitza, parte-hartzea, sostengu teknikoa, ikerkuntza, jarraipena eta lurralde ebaluazioa.

Hirugarren artikulua.–Aurrekontua.

LURSAREA Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentziak bere aurrekontu atala izanen du NASUVINSA sozietate publikoaren aurrekontuaren barruan. Atal hori horretarako gaitzen diren partidek osatuko dute, eta aurrekontua onesten denean ezartzen den moduan hornituko dira.

Laugarren artikulua.–Nafarroako Lurralde Behatokia Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzia unitate teknikoari atxikitzea.

Nafarroako Lurralde Behatokia, egitura organikoari dagokionez, Nafarroako Lurraldearen eta Jasangarritasunaren Agentzia unitate teknikoari atxikitzen zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari gaikuntza ematea.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarren xedapen gehigarria.–Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluaren funtzionamendurako erregelamenduaren 11. artikulua egokitzea, zeina apirilaren 5eko 166/2004 Foru Dekretuaren 11. artikuluan jasota baitago.

Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluak foru dekretu honetan xedatutakora egokituko du bere antolaketa eta funtzionamendurako erregelamendua, zehazki, Nafarroako Lurralde Behatokiaren inguruko guztia, gaur egun Lurralde Politikarako Gizarte Kontseilua arautzen duen apirilaren 5eko 166/2004 Foru Dekretuaren 11. artikuluan jasota dagoena.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko martxoaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1804414