75. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

21E/2018 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Errezu-Ziraukiko hodi nagusiaren berrikuntza partziala egiteko proiekturako, Ziraukiko udal-mugartean. Sustatzailea Izarbeibarko Mankomunitatea da.

2017ko irailaren 6an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi-hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuaren “Uraren goi hornidurarako Plan Zuzentzailea” delakoaren barnean dago proiektu hau.

Obrak Ziraukiko udal-mugartearen barnean eginen dira oso-osorik. Aldez aurretik berritu dira eroanbide guztiak, Errezuko iturbegitik Ziraukiko sektorizatze-kutxatilaraino.

Proiektuaren xedea da hodi bat instalatzea, gutxi gorabehera 3,5 kilometro luze eta burdinurtu nodularrekoa izanen dena, 400 mm-ko diametroarekin. Gaur egun dauden zuntz-zementuzko eroanbideak ordeztuko ditu. Abiaburua Ziraukiko sektorizatze-kutxatilan izanen du (STA-N2.0) eta bukaera, berriz, “Ziraukiko ponpaketa lotunea” izenaz ezaguna den eraikinean, edateko uren araztegiaren inguruetan kokatzen dena. Malda %20koa baino handiagoa den tarteetan, sarrailaz itxitako hodi bat instalatuko da.

Eroanbide osoan zehar zazpi bentosa eta sei hustubide aurreikusten dira, hormigoi armatuzko kutxatila zirkular prefabrikatuetan kokatuak, Ø170 cm-ko taparekin. Landa eremuetan kokatutako kutxatilak 0,70 m aterako dira lurraren gainetik. Hustubideak hodiaren beheko guneetan kokatuko dira, ibilgurako irteera librearekin burdinurtu nodularreko Ø100 mm-ko diametroko hodiaren bidez eta bokale hegaldunarekin.

Trazaduraren diseinua baldintzatzen duten alderdi teknikoei dagokienez, ahalegina egin da 90º-ko ukondoak saihesteko eta 500 metroko kotara hurbiltzeko (Errezuko iturburuaren bilketaren kota baxuena). Gainera, gaur egungo hornidura saretik urrundu nahi izan da, izan ere, zuntz-zementuzko hodiak manipulatzeak obra-hondakinen kudeaketaren kostua asko handitzea ekarriko luke.

Trazadura zati hauetan banatzen da:

–Zirauki-“La llanada” gasolindegiko ebakitze kutxatila (0+000-1+150 k.p.):

Ziraukiko 7. poligonoko 828. lurzatian kokatutako sektorizatze-kutxatilaren eta gasolindegiaren artean, eroanbidea NA-1110 errepidearen eta Salado ibaiaren artean doa.

Ibaira isuriko duten bi hustubide-kutxatila aurreikusten dira (D1: 0+000 k.p.; D2: 1+030,77 k.p.).

Gasolindegitik aurrera errepidearekiko paralelo doan tarte bat dago, dagoeneko berritua dagoena 1+150 k.p.tik 1+381 k.p.ra, eta badu egina dagoen hustubidea (D3: 1+303,95 k.p.).

–Berritutako tartearen bukaera-Donejakue bidea (1+381-3+090 k.p.):

Eroanbidea errepidetik urruntzen hasten da eta pista bat eta ondoan dagoen “Dorrondoa” erreka gurutzatzen ditu; muino baten behealdea inguratzen du hegoaldetik eta, azkenik, ezpondatik igotzen da laborantzako lurzati bateraino, eta “Erroiabieta” alderdiko erreka gurutzatzen du. Trazadurak 45.º-ko biraketa egiten du eta ipar-ekialderantz jarraitzen du, errekarekiko paralelo eta laborantzako lurretatik, “Konketa” bidea gurutzatu arte NA-1110 errepidearen inguruetan. Handik aurrera, zuntz optikozko eroanbide batekiko paralelo jarraitzen du Donejakue bidearen gaineko pasabideraino A-12 autobian.

Hiru hustubide daude tarte horretan (D4: 1+520 k.p.; D5: 1+784,82; D6: 1+920).

–Donejakue bidea-Edateko uren araztegiko ponpaketa (3+090-3+564 k.p.).

Donejakue bidea pasatuta, eroanbideak NA-1110 errepidea gurutzatzen du eta 200 metro egiten ditu bide horren eta A-12 autobiaren artean, eta jarraian, horren azpian dagoen zeharkako drainadura batetik gurutzatzen du, mahasti batetik igarotzen da eta, azkenik, edateko uraren araztegiko ponpaketa-etxolara iristen da. Gainera, ezinezkoa denez gaur egungo hodia ez ukitzea, eta hornidura ez etetearren, behin-behineko tarte bat proiektatu da 450 metro luze eta Ø250 mm-ko polietilenozko hodia izanen dituena. Abiaburua 3+145 k.p.an izanen du eta bukaera, berriz, gaur egungo zuntz zementuzko hodian, ponpaketa-etxolatik 62 metrora.

Proiektuarekin batera, 2017ko ekaineko data duen Ingurumen ukipenen azterlana aurkeztu da. Hartan, ingurune fisikoa, biologikoa eta sozioekonomikoa deskribatzen dira eta balizko inpaktuak identifikatu eta baloratzen dira, eta horietarako prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzen, baita ingurumen zaintza eta jarraipenerako plan bat ere.

Ingurumenaren ikuspuntutik, nabarmentzekoa da eroanbidearen trazaduraren puska handi bat Salado ibaitik oso hurbil igarotzen dela. Ibai ertz hori bisoi europarraren (Mustela lutreola) habitata da. Lehentasunezko espezie hori Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan sartua dago eta “galzorian” bezala katalogatua dago Espainiako espezie mehatxatuen katalogoan eta “kaltebera” gisa Nafarroakoan.

Ingurumenaren gaineko kalte nagusiak tarte hauetan aurkitzen dira:

–0+000-0+140 k.p.aren tartean, eroanbidea errepidearen eta Salado ibaiaren artetik doa. Hezegune bat da, erreka batek eta ibaira isurtzen duten zenbait drainadurek ureztatzen dutena. Askotariko landareak daude bertan: sasiak, elorriak, lezkak eta zuhaitzak ere bai (zumar hostotxikiak, lizar hostotxikiak, bananondoak eta sasiakaziak). Aurreikusia dago errepidearen ondoan dagoen akazien landare hesia kentzea (Robinia pseudoacia) eta eremu hori 20 lizar hostotxiki landatuz lehengoratzea (Fraxinus angustifolia). D1 hustubideak Salado ibaira isurtzen du ibai ertzeko landaredia ukitu gabe.

–1+030 k.p.an, D2 hustubideak Salado ibaira isurtzen du kontserbazio egoera oso onean dagoen landaretza daukan tarte batean, non, besteak beste, zumar hostotxikiak (Ulmus minor), makal beltzak (Populus nigra), zurzuriak (Populus alba), lizar hostotxikiak (Fraxinus angustifolia), haltzak (Alnus glutinosa) eta sahatsak (Salix neotricha) dauden. Zuhaitzak ukitzekotan, lizar hostotxikiak landatzea aurreikusten da.

–1+520 k.p.an, eroanbideak “Dorrondoa” erreka gurutzatzen du eta D4 hustubidearen hodia ere hortik joatea aurreikusi da. Errekan lezkadi bat da nagusi, eta dagoeneko badira kulmo batzuk ere (Arundo donax).

–1+795-1+840 k.p.aren tartean, eroanbideak muinoa inguratzeari utzi, eta ezponda batetik igotzen da, nahiko igatua dagoena eta Brachipodium retusum eta Dorycnium pentaphyllum espezieen larre xerofilo bat daukana. Aurreikusten da elorri zuriekin (Crataegus monogyna) eta basaranekin (Prunus spinosa) lehengoratzea. Igo baino lehen, aurreikusia dago D5 hustubideak ibaira isurtzea makal beltzak eta lizar hostotxikiak dauden eremuan. Zuhaitzak ukitzen badira, lizar hostotxikiak landatuko dira.

–1+905-1+950 k.p.aren tartean, trazadurak “Erroiabieta” alderdiko erreka gurutzatzen du, non ibai ertzeko landareen artean ihiak (Scirpus holoschoenus), lezkak eta larre hidrofiloak dauden. D6 hustubideari dagokionez, hodi bat proiektatu da errekan behera, lezkak, Scirpus holoschoenus espezieko ihiak eta sasiak ukituz.

–2+895-3+095 k.p.aren tartean, eroanbidea zuntz optikozko eroanbide batekiko paralelo doa eta sasi mediterraneo batek eratutako mosaikoa eta zuhaixka-orla bat ukitzen ditu. Aurreikusten da elorriekin eta basaranekin lehengoratzea.

–3+100 k.p.an, Donejakue bidearen ertzeetan dauden landareak nitrofiloak eta erruderalak dira. Era berean, elorriak eta basaranak landatuz lehengoratzea aurreikusten da.

–3+200-3+400 k.p.aren tartean, NA-1110 eta A-12 errepideen arteko zumar hostotxikien orla kenduko da. Astigar arrunten (Acer campestre) landare hesia landatzea aurreikusten da.

–Azkenik, behin-behineko tartea elorri-triskek (Genista scorpius) eta ezkaiek (Thymus vulgaris) nagusiki osatutako sastrakadi batetik doa. Aurreikusten da elorriekin eta basaranekin lehengoratzea.

Gainera, proiektuak Donejakue bidea gurutzatzen du eta oso hurbil igarotzen da Ziraukiko erromatar bidetik. Natura 2000 Sarean eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ez da eraginik sortuko.

Proiektua egitean sortuko den ingurumen-inpaktua, oro har, bateragarritzat jo da baldin eta neurri prebentibo eta zuzentzaileak betetzen badira.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, obrek ingurumenean eragin ditzaketen kalteen ondorioetarako, neurri prebentibo eta zuzentzaileak betetzeko baldintzapean. Ebazpen honen ebazpen zatian eta ingurumen ukipenen azterlanean jaso dira.

Espedientean dago Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2018ko otsailaren 8an emandako aldeko txosten baldintzatua eta Ziraukiko Udalak 2017ko urriaren 23an emandako txostena. Ondorioa da obrak bateragarriak direla indarrean dagoen hirigintza-araubidearekin. Ondare Arkitektonikoaren Atalak adostasun txostena eman zuen 2018ko irailaren 7an, Donejakue bidearen eta Ziraukiko galtzada eta zubiaren gaineko ukipenei zegokienez.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Errezu-Ziraukiko hodi nagusiaren berrikuntza partziala egiteko proiekturako, Ziraukiko udal-mugartean. Sustatzailea Izarbeibarko Mankomunitatea da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Proiektua gauzatzeko, ingurumen arloko teknikari batek bertan agertu beharko du, behintzat zuinketa lanak egin eta landaredi naturalak hartutako azaleretan lanerako eremua ireki bitartean eta amaierako lehengoratze lanek iraun bitartean.

–Landaredi naturalean barna doazen tarteetan, lan eremua obretako zintarekin balizatuko da, eta makinak eta metatuko materiala ezin izanen dira balizatutako zonetatik kanpo egon. Lan eremuaren zabalera 12 metrotik 6ra murriztu beharko da eta makinek lerroan lan egin beharko dute, ez paraleloan.

–Hondeamakinak sartu baino lehen, eskuz kendu behako da sastraka. Adarrak modu garbian ebakiko dira, urratu gabe.

–Belar-sastrakak garbitzea eta lur mugimenduak bisoi europarraren aldi kritikotik kanpo eginen dira, hots, apirilaren 1etik abuztuaren 30a arte, eroanbidearen lehenengo tartean (0+000-0+140 k.p.), hustubideetatik ibilgurako isurketak egiten direnean, D4 eta D6 hustubideen hodiak instalatzean eta bi errekak gurutzatzen direnean. Gainera, belar-sastrakak garbitzen direnetik, gutxienez ere 48 ordu pasatu beharko dira lur-mugimenduekin hasi baino lehen, uretako faunaren desplazamenduak ahalbidetzeko.

–Isurketak eta bokale hegaldunak gauzatzean, ibai ertzeko landareen soilguneak bilatuko dira, eta zuhaitzak moztu baino, adarrak moztea lehenetsiko da. Eraikuntzako elementu horiek ezartzeko, kalkulatu da nahikoa dela 50 m²-ko azalera okupatzea.

–Abalatzen duen justifikazio teknikorik izan ezean, D4 eta D6 hustubideen hodiak ibilgutik kanpo joanen dira, ukipen hori ikerketetarako eta kasuan kasuko hegaletarako soilik utziz.

–“Erroiabieta” alderdiko muinoko ezpondaren behealdetik doan tartea urak hartzen ahal duen eremu batean dago, beraz gomendatzen da indusketa eta zangen bete-lanak ur gutxi dagoen garaian egitea.

–Zuhaitzak moztu baino lehen, Lizarrako hegoaldeko barrutiko Basozaintzari deitu beharko zaio (948 556 031 edo 686 504 339; ogfoeste11@cfnavarra.es), markatu ditzan.

–Zanga egitean, landare lurra kendu eta behar den moduan bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko bete-lanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko orduan.

–Obrak bukatutakoan, ukitutako azalera guztiak lehengoratuko dira. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatu eta findu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez, eta gerora, proiektuan aurreikusitako landaketekin landareztatuko dira. Malda ertain-handia duten azaleretan, bereziki “Erroiabieta” alderdiko muinoaren ezpondan, eta proiektatutako landaketek arrakastarik ez badute, hidroereintzaren teknikaren bidez landareztatuko dira. Neguko hilabeteetan eginen dira landaketak, geldialdi begetatiboan, eta gutxienez bi urteko bermealdia izanen dute.

–Lehengoratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

–Hoditeriak gurutzatu behar dituen ibaia eta errekaren ibilguak lehengoratzeko, ibilgu naturalaren morfologia eta ohantzearen granulometria leheneratzeko lanak egin beharko dira. Ukitutako ibai bazterrak, ahal den neurrian, ibilguan bertan dauden sahatsen adar-aldaxkekin landareztatuko dira.

–Donejakue bidea ukitzen duten lanek ezin izanen dute erromesak pasatzea galarazi. Bidearen bidegurutzea gauzatuta, zoladura jatorrizko egoerara lehengoratuko da.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Indusketatik soberan geratutako lurrak eta eraikuntza- eta eraispen-lanen gainerako hodakinak, bai eta espezie aloktono inbaditzaileenak ere (Arundo donax eta Robinia pseudoacacia) hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak hasi aurretik, sustatzaileak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena eskuratu beharko du.

–Obra amaierako ingurumen txosten bat aurkeztuko da, han adierazita ukitutako espazio osoa zenbateraino lehengoratu den, eta argazkiak erantsiko dira.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako:

–Jarduketa gauzatzerakoan, men eginen zaie ingurumen arloko tramitazioaz arduratzen den organoak, ukitutako ibai aldearen ingurumen balioen babesari dagokionez, ezartzen dituen neurriei eta baldintzei, urak eremua hartzeko dagoen arriskuaren balorazioari eta espedientean ingurumenari eta paisaiari buruz jasotako gainerako oharrei.

–Bideei dagokienez, azpiegiturarekin lotutako elementuren bat lurraren sestra baino gorago ateratzen bada, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko da bide publikoen kanpo bazterretik neurtuta (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110.2 art.).

–Obrak udal planaren araudiari jarraikiz eginen dira (5.6.8 atala), arreta berezia jarriz ingurumen eragina gutxitzeari buruz aipatutakoa.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

–Herri-lurrak ukitzeari dagokionez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritakoa beteko da, aintzat hartuz Herri-lurren Atalaren txostenean adierazitakoa (2017-11-27):

Eroanbideak herri-lurretako lurzatiei eragiten dienez eta sustatzailea ez denez toki entitatea bera, ukitutako ondasunen artean sartu behar dira desjabetu ahal izateko, aipatu zortasuna eratzeko edo aginduzko desafektazioa tramitatzeko, herri-lurretako ondasunen gaineko karga eratzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Zehatzago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena ukitutako errepideei dagokienez, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta Ebroko Ur Konfederazioaren baimena, Urei buruzko lege indardunean ezarritakoarekin bat.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Baimendutako jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ziraukiko Udalari, Basozaintzari (Lizarrako hegoaldeko barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko otsailaren 13an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1802459